www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharilaren 3an

SANTA JENEBIEBA BIRJINA

Hila 499an

 

        Behin batez san Sermein edo Germein apezpikua, Angletarrerat zohalarik bertze apezpiku saindu batekin, gelditu zen Nanterreko herrian, han behar zuela gaba iragan. Bi apezpiku horiek saindu handi batzu ziren, eta, urrunean ere, jendea horietaz mintzo zen. Hortakotz Nanterreko populu guzia bildu zen horien ingurura lehiarik handienean.

        San Sermein ezin zagoken hakiei zenbeit solhas on erran gabe. Mintzatu zitzaioten beraz. Eta erran-gogoak jadanik erranak, ixiltzera zohan begiek eman ziotenean hamar urtheko nexka bat.

        Hurbilarazirik haur hura, eta hari eginik gurutze bat kopetan, galdetu zuen: «Nola du haur honek izena? Non dire hunen burasoak?».

        Haur hori, ihardetsi zioten, haur hori Jenebieba da; eta huna horren aita eta ama. Ezen buraso dohatsu hek ere jarraiki zitzaizkon beren haurrari.

        Apezpiku sainduak erran zioten orduan: «Zuen haur benedizionezko huni aingeruak egotu zaizko begira atseginekin eta amodiorekin, bere sor-egunean. Ezen handiak dire eta miresgarriak Jainkoaren izenean egin behar dituen gauzak».

        Gero, haurrari buruz ematen zelarik, erran zion: «Nahi nuke jakin, haurra, ian eztuzun behin-ere ezagutu, zure baithan, Jesus Jaunari zere buruaren emateko eta Nagusi dibino harren espos bilhakatzeko zerbeit gutizia».

        «Nere Aita on eta saindua, ihardetsi zion haur gazteak, Jainkoa izan dadiela laudatua, zeren ezagutarazi darotzun zer amets edo zer nahikunde sumatzen nuen aspaldion nere bihotzean. Hori zen nik Jainkoari galdetzen nion gauza bakharra».

        «Ongi da, haurra, erran zion apezpiku sainduak, zohazi aintzina; Jesus Jaunak beretzat nahi zaitu, galde zotzu beraz nahi tutzun graziak, emanen darozkitzu».

        Biharamun goizean, Sainduak nahi izatu zuen jakin, ian haur hura orhoit zen bere bezperako agintzez. Gero, gomendaturik ongi, etzezala beraz bilha Jesus maiteaz kanpo bertzerik nihori atsegin egitea, eman zion gurutze ttiki bat, lephotik ekhar zezala, eta joan zan bere bidean.

        San Sermeinek horrela mintzatu zuen haurra, Nanterreko familiarik errumesenekoa zen; eta, haren adineko bertze nexkek bezala, azienda zaintzea zuen bere lan egun guzietakoa. Handik aintzina ere lan bera izatu zuen, oraino zenbeit urthez. Ordean egiten zituen bere othoitzak eta lanak artha gehiagorekin, eta hobeki kontu emanez zer hari zen.

        Bertzalde, handik goiti, goizean bere aziendetarat gabe, arratsean aziendetarik ethorri-eta, bethi lanari lotua zen. Eta izan zadiela azienden ondotik edo etxeko lanetan; haren izpiritua bethi Jainkoaz hartua zagon; eta, bere egitekoek zerbeit hutsarte uzten ziotela iduritzen zitzaionean, egiten zuen elizarainoko bat, ahalik denborarik guttiena hartzen zuelarik.

        Hargatik haren othoitz hek, eta elizan hain maiz ibiltze hek hainitz gaitzi zitzaizkoten haren burasoei. Eta etzioten bakerik ematen: «Zergatik behar zuen egin hainbertze othoitz, zer zuen hain maiz Elizan ibiltzeko».

        Eta nola, erasia horien gatik ere, Jenebieba, aintzina baitzohan bere bideari, bazuen buraso hekien ganik jasaiteko asko beltzuri eta asko egitate txar.

        Ordean huna zer gerthatu zitzaion amari igande egun batez:

        Igande hartan beraz, amak nahi izatu zion sentiarazi bere hasarregoa, eta erran zion: «Bederen egun hartan beharko zuela etxean egon, elizarat joan gabe».

        Haurrak othoiztu zuen, nigarrez zagolarik, etzezala erran halako solhasik; lehenagorik ere orhoit zadiela, zer botu egin zuen san Sermeinen aintzinean, eta utz zezala meza sainduaren entzutera.

        Bainan ama dohakabe hura etzen hartan.

        Utzi orde haur gaixo hura elizarat joaitera, eman zion mazelako bat, noizpeit ixil zadiela.

        Bai! jo zuen haurra, zeren galdetzen zion mezaren entzutera joaitera; eta jo zueneko, lanho batek hartu ziozkan begiak; itsutua zen osoki.

        Eta erran diteke egiazko izpirituko itsumenduan ere eroria zela; ezen ezagutu eta aitortu orde berehala, Jainkoaren gaztigu bat zuela itsumendu hura, egotu zen itsu hemezortzi hilabethez.

        Hemezortzi hilabethe hekien buruan, Jainkoaren graziak argitua, eta urrikitan zeren eman zion bere haur sainduari gaztigu handi bat, laudoriorik baizen behar etzuen denboran, ekharrarazi ziuen bere besoetarat haur hura, ongi besarkatu zuen, eta erran zion, ekhar zezola ithurriko ur xorta bat.

        Gero, berari benedikarazirik ura, eta Jainko Jaunari ongi barkhamendu galdeturik bere gaizkiaz, garbitu zituen begiak ur hartaz, eta ordu berean argitu zitzaizkon.

        Burasoek ezagutu zuten halaxet, hekien haurra saindu bat zela. Eta utzi zuten bizi zadiela berari zohakon bezala. Bainan mirakuilu hortaz geroz, denbora guti zuten bizitzeko. Jenebiebari hil zitzaizkon aita eta ama, biak, hamabortz urthe baizik etzituelarik.

        Eta nola aita eta ama galduz geroz, ezpaitzuen gehiago ahiderik Nanterreko herrian, Jenebiebak egin zuen nigar eta othoitz, zenbeit denboraz, bere burasoen hobiaren gainean, eta gero, baitzuen Pariseko hirian izeba bat, joan zen haren etxerat.

        Izeba hura emakume Jainkotiar bat zen, eta hortakotz eman zen, haren etxean sartu zeneko bizitzerik sainduenaz bizitzen.

        Erran diteke Jenebiebaren othoitza, Pariserat joanez geroz, bethierekoa zela. Haren izpirituak etzezaken gal Jainkoa begien aintzinetik. Eta bera balin bazen bakharrik bere ganbaran, halako su saindua pizten zitzaion Jesus Jaunarentzat, non nigarra jausten baitzitzaion, eta baitzarion asko aldiz gau guzia eta taulak berak ere bustiak izaten baitziren belhauniko egotu zen tokian.

        Bertzalde jakinki, ez balinbagare Jesusen iduriko mundu huntan, Jainko Aitak ezkaituela ezagutzen ahal bere haurtzat; eta oraino, beldur, ekhartzen bazuen bere gorphutza sobra ongi, hauts zetzan Jainkoari egin ziozkan agintzak, etzuen gehiago jaten astean bi aldiz baizik, igandetan eta ortzegunetan. Eta orduan ere janharitzat garagarrezko ogi pixka bat zuen eta zenbeit baba bihi.

        Gabaz etzuen loik egiten hainitz guti baizik. Eta biharamunean komuniatu behar bazuen, hala nola igandetan, orduan othoitzean hari zen gau guzia, begirik hetsi ere gabe.

        Bazituen oraino denbora batzu bertzeak baino bildura handiagoan zaramazkanak.

        Trufaniatik eta ortzegun Sainduraino etzen atheratzen ere bere gelatik.

        Denbora hura guzia bakhar bakharra zagon, eta izpirituko bildurarik handienean. Jainkoak berak daki nolakoak ziren orduan haren othoitzak, penitentziak, eta Jesus Jaunari egiten ziozkan amodiozko aktak.

        Hargatik emakume batek ere egin zuen bere baithan behar zuela ikusi Jenebieba zer hari zen hala bere ganbaran bakharrik zagon hartan.

        Bai, hurbildu zuen begia athe xilora, bainan bere kaltetan. Ezen itsutu zen ordu berean, eta egotu osoki itsutua Bazko arteraino.

        Orduan Jenebiebek berak sendarazi zuen, egiten ziolarik gurutzearen seinalea begien gainera.

        Eta nola Birjina saindu harrek egiten baitzioten ongi handia arimei, bere bizitze ederraz, eta oraino bere solhas Jainkozkoez, gure arimen etsaia etzagoken luzez egin gabe bere egin-ahal guzia, hari bere omen-onaren galarazteko.

        Erranarazi zuen beraz norbeiti Jenebiebaren berthuteak etzirela berthute-orde batzu baizik, eta, itxura eder hekien itzalean, bizitzerik itzusiena zaramala.

        Batetik bertzera, bertzetik bertzera, solhas horrek egin zuen bide, eta azkenekotz hainitzak eta hainitzak ziren nardatuak ere zirenak entzuteaz Jenebieba saindu bat zela.

        Horrela bazen hainitz erasia jenden artean, Jenebiebaz goiti beheiti, eta haren izena herrestan zabilaten, san Sermeini gerthatu zitzaionean berriz ere Parisetik iragaitea.

        Etzuen ahantzia lehenago Nanterreko herrian benedikatu zuen haur ttiki hura. Galdegin zituen beraz haren berriak. Bainan etzion nihork eman berri onik.

        Halarik ere apezpiku saindu harrek galdetu zioten non zagon, eta joan zen haren etxera, bere inguruan zituen jende guziekin. Jendeak etzezaken asma, apezpiku batek zer egiteko izaten ahal zuen Jenebieba bezalako neskatxa batekin.

        Eta nolakoa etzen izatu jende hekien estonimendua. ikusi zutenean, san Sermein mintzo zitzaiola Jenebiebari aingeru bati mintzatu ziteken bezala, eta harren aintzinean zagola, tabernakle baten aintzinean egon ziteken bezala?

        Bai, jende hek harrituak zauden apezpiku saindu hari begira. Eta gero, oraino are gehiago harritu ziren, san Sermeinek erran ziotenean: «Jende onak, huna bada nori esker dukezuen bizia denbora laburrik barnean».

        Horra nola xutik ezarria izatu zen, eta saindutzat ezagutua, mihi pozoinatu batek ixtilean eta lohian ezarri zuen Jesusen espos garbia.

        Bertze aldi batez ere, hainitz gauza guttiak egin zuen ezpaitzuten erre bizi-bizia, sorgin gaixto bat zela.

        Huna zer gerthatu zitzaion:

        Hura zen denbora, armada ikharagarri bat Pariserat buruz hari baitzen, ezartzen zituelarik sutan eta odoletan bere bidean aurkhitzen zituen hiri guziak.

        Armada harren aintzindariak deitzen zuen bere burua Jainkoaren azotea, eta hura zen Atila, errege bat guziz oiesa eta gaixtoa.

        Errege harren beldurrez beraz, Paristarrak jadanik ihesi abiatuak ziren. Eta aldiz Jenebiebak erraten zioten, etzitezela athera hiritik, ezpaziren hirian egoten galduak zirela, zagozila han berean eta egin zezatela othoitz.

        Ordean hainitz gaizki hartua izatu zen solhas hori. «Baizik-eta, hekien guzien galaraztea gatik mintzatu zela». Eta erretzera zaramaten, Jainkoak adiarazi ziotenean, mirakuilu baten bidez, gaizki hari zirela.

        Gauzak ere joan ziren harrek erran bezala. Hiritik athera zirenak erori ziren etsaien eskuetarat; eta aldiz hirian etzen sartu Atilaren soldaduetarik bakhar bat ere. Eta, oraino gehiago dena, mundu guzia ikharan zaukan armada hura urrundu zen Parisetik, nihork etzakielarik zergatik.

        Bainan Jenebieba ezagutzen zutenek bazakiten haren othoitzei esker zutela grazia bat hain handia.

        Orai erranen dudan mirakuiluak oraino hobeki ezagutarazi zuen nolakoak ziren haren bothereak.

        Behin, lau urtheko haur bat erori zen putzu baterat eta han itho; hain ongi itho, non, uretik athera zutenean, beltz-beltza baitzen eta osoki hoztua.

        Nor da eztakienik buraso batzuk zer atsekabea duten holako orduetan?

        Orai aipatzen dugun haurraren amak, burutik joana zela iduri, hartu zuen besoetan gorphutz maite hura, eta ereman zion Jenebiebari, erraten ziolarik othoi urrikal zakiola; etzela oraino bathaiatua ere.

        Ama gaixo harren bihotz-mina ikusi zuenean, Jenebieba eman zen belhauniko gorphutzaren alde-aldean, hedatu zuen kapa hegal bat harren gainerat, eta galdetu zion Jainkoari , eman zezola ama dohakabe hari hain fede biziarekin bilhatzen zuen grazia.

        Eta ordu berean haurra piztu zen.

        Gaixtaginek bazuten aski, ixilik egoteko. Eta aldiz bertze jende guziek hainbertze ezagutza eta halako amodioa ekhartzen zioten, non ezpaitzitzaioten iduritzen ematen ahal ziotela aski laudorio hain ongi handiak egin ziozkaten sainduari.

        Bertzalde ordukotz santa Jenebieba bere biziko azken egunetarat heldua zen. Eta bere berthute ederren saria behar zuen, ez lurrean, bainan bai zeruan. Hil zen beraz sainduen heriotzeaz larogoi urthe zituelarik; eta hil ondoan, Pariseko hiriak hartu zuen bere Patrointzat.

        .

 

Irakaspena

 

        Mundu huntako bidexketan, zenbat-nahi xuxen ibilirik ere, gerthatzen ahal zaikuna hau da: apalduak eta gaizki ibiliak izatea gaixtaginen mihi izurritsuek.

        Bainan nahi bagare jarraiki santa Jenebiebaren etsenpluei, nahi bagare bizi umilitatea eta karitatea pratikatuz, Jainko maiteak berak artha atxikiko du gure izenaz eta ohoreaz.

        Eta ezpagaitu ere altxatu nahi mundu huntan, bederen emanen daroku pazientzia. Eta gero, zenbatenaz ere apalduago baikaituzkete mundu huntan, eta hainbertzenaz ere gorago izanen gare zeruan.

 

aurrekoa hurrengoa