www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa  

OGEIGARREN BURUA
Bukaera

Basauntzaren gañean hitz bi

 

        Mutill-txikiak Jenobeba, Desdichado eta Golo ikusi ondoan, basauntza ere ikusi nai oi zuten; gaurko eguneko mutillak naiko luteken bezela. Kondeak agindu zuen, basauntzari ukullu eder bat egin zegiotela. Au jauregi guzitik libre, eta bere nai-erara zebillen, eta Jenobebaren gelara egun oro joan, eta aldi luze batean bertan egon gabe irten nai ez oi zuen. Persona guziakin guziz otzan eta mantxoa zan; nori-nai eskutik jaten zion, eta jauregiko txakurrak ere ezer egiten etzioten. Mutil-txikiak abere eder onekin nai bezela jostatzen ziran, eta ogia eman, eskuaz bizkarra igortzi, eta beren amai esaten zien: Nere Jaungoikoa! abere au izan ezpalitz, gure Kondesa eta Kondetxo maiteak mortuan goseak hill-bearrak ziran. Orregatik abereri gaitzik egin bear etzaio, eranzuten zien basauntza zaitzeko ipiñia zegoan neskatxak: baldin ezpageneuzka arean, bostortzean... egiteko idiak, esnea emateko beiak, karga erabilltzeko asto, zaldi eta mandoak... Kondesa maitea mortuan basauntz au gabe bezañ gaizki izango giñake gu ere. Soro gutxi landuko lirake, eta belar-zelairik ederrenak ezer gutxi balioko ligukee. Beragatik ez abererik gaizki tratatu; eta oek emateaz ere egin dizkigun mesedeak-gatik Jainkoari eskerrak diozkagun.

        Jenobeba noiz arteraño, bizi izan zan, seguru ez dakigu; baña gauza jakiña da, arrezkero bere bizi guzian guziz naierara eta kontentuz bizi izan zala: on andiak eta asko egiñ zituela, eta bere heriotza guzizkoa izan zala. Geroztik bere bizi guzia neguko ekaitz gogorrak igaro ondoan, datorren udaberriko arratsalde eder baten gisakoa izan zan; eta bere heriotza berriz bazter guzietara bere argitasun eta ondasunak zabalduta, itzali gabe, eta beste munduan oraindik ederrago agertzeko ezkutatzen dan eguzkiaren sarrera bezelakoa.

        Beraren elizkizunetara ezin konta ala jende etorri ziran, eta guziak malko gori ugariak ixuri zituzten; baña beste iñork baño biziagoak Sigifredorekin Desdichadok. Basauntz leiala Jenobebaren obi-gañean jarri, eta geiagoren geiago andik kendu etzan. Ematen zioten janariari begiratzen ere etzion, eta alaxe egon zan arik eta goiz batean obiaren gañean hillotzik topatu zuteneraño. Kondeak Jenobeba zanari arri zuri fiñezko tunba andi eder bat, bere oñean basauntzaren itxura ipiñiaz, egin zekiola, agindu zuen. Jenobebaren erreguz orobat agindu zuen, egin zedilla mortuan ermita bat. Jenobeba egon zan leizearen eskui-aldetik ermita egin, ermit au Hildorfo Obispoak bedeikatu, eta jendeak Etxekoandrearen elizaren izenaz deitzen zioten. Leizearen beste aldetik ermit-zaiaren etxetxoa egin zuten. Ermit hura ikustera jendetza andia joan oi zan, eta ermita-zai onak an zeuden gauza guziak guziai pozik erakusten zizten. Oek ziran, egurrezko gurutze hura; Jenobebaren gertaerak adierazten zituzten pintura edo estanpak; bera egondako leize-zuloa, belauniko egon oi zan arria, ura ematen zion iturria... eta oek erakutsiaz Jenobebari gertatu zitzaion guzia kontatu, eta geroenean guziai ematen zien konsejua izan oi zan: aren ejenploari zerraikiotela.

        Erri guziak Jenobeba Santa anditzat iduki zuen, eta orañ mundu guziak añtzakotzat honratzen du. Geroago bere izeneko eliz asko eta andiak egin dira, eta berari zaion jaieraren ziñalez emakume prestu askok Santa onen izena izan dute eta orañ ere dute

aurrekoa