www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN BURUA
Jenobeba itxian

 

        Jenobebarentzat autu zuten ziega guziz izugarria eta gaitzkillerik andienentzat zegoana zan: ziega onen urretik igarotzen zanean, Jenobebak ezurretarañoko izua, eta an zeuden gajoakganako errukirik andiena senti oi zituen, eta guziaz ere bera antxe sartu zuten. Leku hura obi bat bezañ otz, eta illuna zan. Bere pareteak beltzak eta betiko busti eta ezeantzaren indarrez oroldioz estaliak zeuden. Sotargaña adrillu otzezkoa zan. Saietera estu batetik egunaz sartzen zitzaion argi-anzak, toki hura zeñ izugarria zan ezagutzeko ezpada serbitzen etzion. Antxe lasto pixka baten gañean eserita egon oi zan. Leku nazkagarri artan zeduzkan gauza eta tresna guziak lurrezko txarro zar batean ura, eta ogi-puska leor beltza ziran: au zan bere jateko eta jaki guzia. Betiko negarraren indarrez kolore guziak galdu eta erkitua zegoan. Lenengo izualdi eta zukurutzak zerbait aldegin zionean, eskuak tolestu, begiak zerurontz jaso, eta asi zan jaierarik andienaz orazio egiten, era onetan: Oh zu zeruko Aita, lurpeko toki illun onetatik begira nagokizu: orañ alde guzietatik desanparatua arkitzen naiz, eta zu beste iñor eztaukat. Nere ezbear eta desditxari iñork begiratzen eztio; nere negarra iñorgana iristen ezda; nere antsia larriak emen itotzen dira; ordea zuk ikusten dituzu nere malkoak, aditzen nere suspirioak: zu leku nazkagarri onetan ere ementxe zaude. Ez nere Aitak, ez Amak dakite ni nola nagoan, eta nere senarra urruti dago; iñongo adiskidek ezin lagun legiket; ordea zure besoaren indarra galdu ez da; presondegi onetako atea zuk idiki zentzake, Aita zerukoa, urrikal nazazu.

        Berriz estura larri-gorriak artu, eta negar malko gori ugariak ixuriaz, Ai! deadar egiten zuen, nere aldean zeñ doatsu diran gizonik beartsuenak ere! Berak nola nai ere ikusi lezakee goiko zeru orien urdintasun zoragarria eta lurraren berdetasun ederra! Ay Kondesa naizen bezela baserritar neskatxatxo bat banitz! zein ondo eta naierara orduan biziko nitzakean! guziai argi egiten dien eguzkirañoko guzia falta zat! Baña oraindik, oh Jaungoikoa, zu nerea zaitut, negarrez itotzen ziotsan. Izan zaite bada zu nere eguzki. Bai, zuzaz oroitzen naizen guzian bertatik argitzen da berriro nere anima, eta naigabe-penaz zatiturik dagoen nere biotza berriro negarretan desegiten da.

        Orduan gogoratu zitzaiozkan Obispo zar beneragarriaren hitzak. Beraz au da, bere inguru maira begiratuaz, zion, au da o gizon santua, zuk aditzera eman ziñidazun ditxa? Lore arteko lengo bizieraren ondoren onetxek itxedoten ziran nonbait! Baña ni presondegi onetara jaxtea zuk nai izan dezun ezkero onela konbeniko zitzadan, Jauna. Bai, zuk neke-trabaju oek amorez bialtzen dizkidatzu, eta ala mesede ezkutuak dira; fruta askoren azal samiñaren barrunbean mami gozatsua egon oi dan bezela, zorion eta bedeinkazioa ezegoki eta nekepenen barrunbean gordeak daude. Ala zure esku ongilletik datozkidan pena oen artean konsolatuko naiz. Bakarrik zugan pensatuko det nere etsaiai errurik egotzi gabe. Zuk, onela nai dezu, ementxe naukazu, bada, Jauna, nizaz nai dezuna egin dezazun: guziak zure eskuerakutsiak dira, eta zuk nai ez dezula, illetxo bat bera ere aterako ez didate.

        Onela erregututa bereala beregan alaitasun andi bat barrundatu zuen: iruditzen zitzaion aditzen zituela bere barrunbean hitz oek: Alai zaite, Jenobeba, zuk oraindik asko eraman bear dezu noaski; baña eramankizun eta tormentu orietatik Jainkoak aterako zaitu. Egia da, orañ gizonen begietan pekataritzat zaudela; baña egunen batean zure garbitasuna eguzkia bera baño argiago eta garbiago agertuko da. Eta onen ondoren lo gozo batek artu zuen.

 

aurrekoa hurrengoa