www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN BURUA
Jenobeba otso baten bidez
bere gorputzaren estalgarri
baten jabe egiten da

 

        Atsegin-kontentu garbi askoren artean Jenobebarekin bere semeak udaberria eta uda igaro, eta eldu zan udazkena, eta eguzkiak kemen gutxiago idukitzeaz gañera, bere irteera beranduago eta sarrera goizago egiten zituen. Zerua geienean goibeldua zegoan, eta lurrak gauza berririk etzekarren. Egaztiak mututu, eta urrutietara aienatu ziran. Lore guziak igartu ziran, eta zuhaitz eta landareen ostoak oritu, eta berenez erortzen etziranak, aize otz gogorrak dantzatuaz botatzen zituen. Neguaren kezkarekin estuturik, Jenobeba leizearen atakan jarri, eta malkoak zerizkiola, inguruko basoai begira zegoan. Orduan Desditxadok esan zion: Ama, orañ Jainkoak ezgaitu maite, eta guzi guzia kentzen dijoakigu; edo ta mundua aitzera dijoa... Ez, ez ene seme kutuna, eranzun zion Amak, onak geran bitartean Jaungoikoak beti naiko digu: au ez da beste gauzarik ezpada emen lurrean gauza guziak aldakor eta aitzen diranak izatea; baña Jainko ona guretzat beti lena bera, eta betikoa da. Oraiñ negua dator; baña neguaren ondoren udaberria etorriko da, eta onela urte oro izaten da. Negua alderatuaz datorren eran poztu zaite bada udaberriaren begira. Jenobeba egun aietan basoko udare, gaztañ, intxaur, sustrai eta neguan bearko zituen janariak bere semetxoarekin batera billtzen guziz arazotua zebillen. Basauntzarentzat bearko zuen belarra lendanaz bildu, eta txukuñkiro gorde eta ondu edo umotua zeukan. Janariak baño kezka eta pensabide geiago bere gorputzaren estalgarriak ematen zion. Urte guzi aietan gorputzetik kendu gabe gau eta egun zerabillen bere soñeko bakarra, guzia zatitu, eta ezertako etzala zeukan. Leizearen atakan negarrez jarrita, jostorratzat arantzak, eta aritzat zurmintz, eta aien izpiak artuaz, arropa-zati aiek al zuen eran alkarri algañtzera saiatzen zan; baña alaere, alkarri eutsi ezin zioten. Ah, ixilltxorik, berekiko suspirio bat egiñaz, esan zuen: zenbat baño naiago nituzkean nik orañ jostorratz bat ariarekin eta oial-puska batzuek! Desditxadok Amari nola zegoan igerrita, esan zion: Gogoratzen zatzu zer esan ziñidan arako zergatik basauntzari illea erortzen zitzaion galdetu nizunean? Orduan zuk esaten ziñidan, Jaungoikoak udaoro jantzi lasai gorri bat, eta gero neguan beste arre beroago bat ematen diozkala. Beragatik alai zaite; Jaungoikoak zuri ere emango dizu, ez etsi. Nere usteetan Jaungoikoak zu basauntza baño maiteago zaitu. Jenobebak farra-uxian aurrari laztan gozo bat emanaz, esan zion: Egia diozu seme maitea, alerik kezkagabe egongo naiz: gure kontua jaungoikoak izango du: abere eta loreak jazten dituenak, ni ere jantziko nau.

        Andik bi egunen burura mutilltxoari leizetik irtengabe egon zedilla, agindu, egur bat esku makillatzat artu, eta fruta geiagoren billan mortuan barrena joan zan. Igotzera zijoan mendi andi baten egatsean zerbait atsedeteko eserita zegoala, ikusi zuen nola goitik bera otsotzar izugarri bat aoan ardiarekin bereganonz zetorkion. Otsoa, Jenobeba ikusi zuenean, bere begi suzkoakin oni begira jarrita geratu zan: Hura ikusita, Jenobeba laborriak artu zuen; baña laster beregandu, bere egurra artu, eta aoan zekarren ardi gaxoa kendu nairik, bere arekin otsoari eraso, eta bere indar guziaz kolpe portitz bat buruan eman zion. Otsoa ardia utzita, burua zorabiaturik, aldapak bera amilka joan, eta gero mendiak barrena orroaz aienatu zan. Jenobebak ardiari, bere ondoan ipiñi, eta bere onera erakarri naiez bere kalabazako esnetik aoan sartu zion, baña alperrik: alabañan ordurako hilla zegoan.

        Abere gaxoa ala ikusteak biziro miñ eman zion. O abere gaxo gaitzgabea! ziotsan, zu ere nere etxealdeko toki zorioneko artatik irtena zera noski. Urte luze oetan ango berririk ez det. Ai bizirik bazeunde! Nola begiratu eta jaten emango nizukean! Nola nere Desditxado zurekin poztuko litzakean! Bearbada zu nere senarraren artalderen batekoa zera. O Jaungoikoa! deadar egin zuan, bai, alaxe zera, gure siñalea daukazu. Ai zu bizirik bazeunde eta gure hitzketa aditzen bazendu! galdetuko nizuke, ea nere senarra gerratik etorri zan; bere Jenobebaz oraindik oroitzen dan, oraindik nizaz aserre dagoan, edo kulpagabe naizela konturatu dan. Ah! hura ondasunetan igeri, eta ni emen miseriaz hilltzen!

        Burutazio triste oek beñgoan utzi, eta bestera pensatzen abiatu zan. Ni ezin geiago joango naiz, zion, nere erri maitera, eta ementxe biziko naiz, bai, Jaunak nai dezaneraño, bada juramentu agiriko batek arako bideak isten dizkit. Juramentu hura heriotzeko estura-larrian eragin zidatela, allega nezake; baña juramentua onela austea, on eta bidezko ez litzake. Nork daki nik arako buruzpidea artuta, ara joatea niri bizia utzi zidaten gizon biai berena kostako balitzaie ere? Jainkoak mortu onetatik atera nai banau, egunen batean gizon urrikaltsuren baten pausoak onaraño zuzenduko ditu. Gañera zer nai ez egoki eraman obe da, konzienzia galdu baño. Orduan, mendiak bera zetorren errekatxoan arri zorrotz bat topatu, eta bere arekin ardi gajoari narrua ideki, urtan garbitu, eguzkitan leortu, eta onekin bere gorputza estali zuen. Berandu eta illunduta bederi, onela leizera itzuli zan.

        Desditxado or salto, emen brinko, urrutira bidera irten, eta amari, ikusi zuenean, deadarka asi zitzaion, esanaz: Ai amatxo! Noizbait emen zeranean! Oh zenbat kezka eman didazun! Non izan zera? Baña arako len ez bezelako soñeko arekiñ ikusi zuenean, nola illun baitzegoan, bere ama etzuelakoan izutu, eta beñgoan sasartean gorde zan. Baña aditu zuenean amaren hitza, esanaz: ez izutu, ene seme, ni naiz; bere gorde-lekutik irten, lasterka beragana joan, eta esan zion: Jaunari eskerrak zu zeranean. Ai zer poza! baña esadazu, Ama, zer da soñean dakarzun ori? zu orañ ni bezela jantzia zatoz. Nola zereganatu dezu soñeko ori? Jainko maiteak eman dit, esan zion Amak. Ikusten dezu orañ nola nik esan nizuna ala gertatu dan? Mutilltxoak narru hura eskuaz igortziaz, ziotsan: Zeñ ederra, zeñ zuri eta beroa dan...! Bai, bai, ezagun da zeruaren eskuerakutsia dala. Biak leizera sartu, eta ekarri ziozkan Amari Desditxadok kalabazan esnea eta zenbait fruta; eta soñeko hura nola beretu zuen, Amak kontatu zion.

        Jenobeba eta bere semea negu gogorrak berriz ere zulo artan sartuta utzi zituen. Bakarrik eguraldi ona zanean irten bat edo beste zelaitxora egiten zuten Desditxadok lo galanki egiñaz, gau guzia lo batean oi zeraman; baña Jenobebak bakarrik eta esna zulo illun artan ordu oso luzeak igaro bear izaten zituen. Ah esan oi zuen, nik orañ argitxo bat baneuka, zulo triste au alaitzeko! Eta baldin gañera baneuka liburu on bat edo liñoa eta linaia, zeñ ederki, zeñ nai erara denbora emango nukean! Nere erriko neskame eta serbitzaririk beartsuenak ere nik baño aisago daramate denbora. Aiek, orduak ordu suaren epelean jarrita ardatzean diardute; eta hitzket atsegiñean denbora erraz daramate. Baña bereala bere biotza Jaungoikoagana itzuli, eta esan zuen: O nere Jaungoiko maitea! zu ezpazinduzket, norekin hitzegiñ ez neukake; eta zu gabe leize illun onetan tristezak aspaldi hill ninduen, baña zuk zernai leku eta bizieretan zere konsueloaz laguntzen diguzu. Bedeikatua izan zaite, bada, orañ eta beti zure ontasunagatik.

 

aurrekoa hurrengoa