www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN BURUA
Jenobeba errugabe salatua

 

        Kondea joan zanez geroz Jenobeba bere jauregian bakardaderik andienean bizi zan. Egun sentia agertzen ez al zan, bere leiaurrean jarrita bordatzen zituen loreen gañera malko goriak ixurtzen zituen. Mezako ezkilla aditu orduko bere oratoriora lasterka joan, eta biotz guziz irazekiaz bere senarraren osasunagatik erregutzen zuen. Eliz-gauzak zirauten bitartean bere jarlekua iñoiz ere utsik ikusi etzan; eta leku artan bertan, gauerdi-aldean ere, ordu osoak igaro oi zituen. Ingurumaiko baserrietako neskatx guziak bereganatu, eta ardatzean, josten eta gañerako gauzak egiten trebatzen zituen bitartean, erakutsi on eta kondaira miragarriak kontatzen zizten. Nola aurtxo zanetik gaxo eta beartsuen añ adiskidea baitzan, onelako guziai ama egiazkotzat serbitzen zien. Jenobebak lana, eta lanarekin irabazia ematen etzion beartsurik inguru artan etzan; eta norbait gaizkitu orduko, hura ikustera bereala an zan; eta bere hizketa gozatsu, eta eskuerakutsi ugariakin oien neke-trabajuak arintzen zituen. Gauetako bere arazoa liñoa irutea oi zan; eta iñoiz edo berriz bere gelako leiaurrean illargitan eseri, biolintxo bat artu, eta kanta onen bat kantatzea. Gauza guzietan zuzen eta garbi, esamesa-biderik iñori ere eman gabe, eta iñor ofenditu gabe bizi zan.

        Kondeak bere ondasun guzien kontua utzi zion maiordomoari zeritzaion Golo. Gizon aun guziz ondo-hitzegiña, ondo azia, fiñ-usaikoa eta bere hitz leun eta losentxakin mundu guzia engañatzen zekiena zan; baña denbora berean konzienziarik eta Jaungoikoaren beldurrik-gabea; berekoia eta gauza guziak bakarrik bere onagatik egiten zituena. Etzuen begiratzen egitera zijoan gauza ona ote, edo gaiztoa zan; baizik irabazi edo atsegiñen bat emango ote zion ala ez. Kondea irten ez al zan, bertatik abiatu zan guzien Jaun eta nagusi izaten. Kondea bera baño areago apainduta, jan-edan ase bete eta jateketa andiak ematen abiatu zan; egunean jostaketa berriren bat somatzen zuen, eta nagusiaren izanak onela ondatzen zituen. Bestera berriz nagusiaren lengo serbitzari guziak guziz gogorki artzen zituen, langilleetarañoko guziai beren alogerak murrituaz, eta iñongo beartsuri limosna bat egiten ez utziaz Arteraño bakarrik Jenobebari begiramentu andia agertzen zion eta oni gogoko zitzaiona egiteko zer egin etzekien. Jenobebak beti itzal eta anditasunarekin hitzegiten zion, eta hitz-ase bat egiteko lekurik beñere ematen etzion; eta onela beti bere neurri eta mugaan zedukan. Golok lenengotik Jenobebari obeditzen ziolakoa egiten zuen, eta bere argaltasuna ezagutu etzekion, egiñal guziaz saiatzen zan. Golo ezarian lotsa austen abiatu, eta geroenean añ lotsagabetu zan, non emakume prestu bati egin al litzaiokean pretensiorik lotsagarrienak Jenobebari egiteko ausardia izan zuen. Jenobebak aserre bizian sartuta, arentzat ordu gaiztoan beregandik bota zuen; baña Golok, bere etxekoandrea gorrotatzen ordutik abiatu, eta au galtzeko asmo eta bideak artu zituen.

        Jenobebak Gologan gauz onik etzekusanak bezela, Kondearentzat karta bat eskribatu zuen, Golo nolakoa zan, eta onek zeñ aldi gaiztoa eman zion agertuaz, eta azkenean erregutuaz, gizon galgarri hura andik urrutira aiena zezala. Kondearen koziñari gizon guziz on eta prestuak Goloren txatarkeriak galerazteko egiñal guziak egiten zituen. Koziñari onek, zeña baitari zeritzaion Drako, kart hura bere konfianzako persona baten bidez Kondeari bialtzea, bere kontura artu zuen. Ordea au ere Golo askojakiñak jakin zuen. Jenobebak Drakori karta eman zion unean bertan Golok, ezpata bat eskuan zuela Jenobebaren gelara sartu, eta onen aurrean bertan Drako tristea bere arekin josi eta hillotzik utzi eta deadartzar bat egin zuen. Deadar artara etxeko guziak itsumustuan etorri, ta Kondesa izuaren izuz hilla zirudiela, hitzgabe, silla batean jarrita, drako berriz guzia odolez bustita, Jenobebaren oñetan hillozturik; eta Golo asma al guziak Kondesaren kontra esaten arkitu zituzten. Golok bereala gezurrezko asmazioz betetako karta batzuekin Kondeari mandatari bat bialdu zion; Jenobeba emazte desleial, gaizto, infame deshonragarritzat salatuaz; eta gañera etxekoandre au gaztelu artako ziegarik izugarrienean sar zezatela, berak berez agindu zuen.

        Golok bere nagusiaren berri ondo zekienak bezela, ezagutzen zuen, Kondea zuzen, errukitsu eta prestua zala baña prenda eder oien artean zakar-aldi eta supitoko aserreari leku ematen ziona; eta ala, karta ayek ikusita bere esposa berealaxe hill zedilla aginduko zuela, seguru zegoan.

 

aurrekoa hurrengoa