www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN BURUA
Jenobeba hilltzera

 

        Neskatx onek Jenobebagandik aldegiñ ez alzuen, sartu ziran presondegi artara gizon armatu bi; bata eskuan argi batekin, eta bestea ezpatarekin, Jenobeba belauniko topatu zuten. Jaiki zaite, Jenobeba, esan zioten, eta garraiguzu; eta oraindik gozakaitzkiroago esan zioten: zere umea zerekin artu eta goazemazu. Jaungoikoari eskerrak, esan zuen Jenobebak, bere eskuetan arkitzen naizenean. Jaiki zan, eta belaunetako ikarak pausorik ematen ozta utziaz, gizon-azkar aien ondoren joan zan. Argia zeraman gizona aurretik, eta ezpata zuena atzetik zijoazkion, eta gañera, zakur andi bat ere berakin zuten. Lurpeko bide batetik luzaro joan ta, geroenean irten ziran mortu batera. Udazkeneko gau eder izarratu bat zan, eta illargia orduantxe irteten zan. Aize otza zebillen, eta gizon aiek hitzik ateratzen etzuten. Jenobeba mortuaren biotzera sartuta, alde guzietatik sastraka, sasi eta zuhaitzez ingurutako toki illun izugarri batera eldu ziran. Ara ziranean, ezpata zeraman gizonak gogorkeri guziaz esan zion: Gera zaite or, Jenobeba, eta jarri zaite belauniko. Ume ori utzi zazu, eta ik, Enrike estal akizkio begiak. Gizon au bere ezpata jasoaz, aurra besoetatik kentzera joan zitzaion, baña Jenobebak bere hura besartean geiago ta geiago estutuaz, esan zion: O Jaungoikoa! utzi nazazu ni hilltzen, baña gorde zaiozu bizia nere seme biotzekoari. Ez gogorrik egiñ, esan zion gizon zatarrak, egin bear deguna egingo degu eta hitz gutxi. Baña Jenobebak negarrez eta suspirioz esan zien: Oh! izango dezute zuek aur triste au hiltzeko biotza? Zer gaitz egin dizute onek? Nori txarkeririk egin dio? Hill nazazute ni ordu onean, pozik hilko naiz; ona emen nere lepoa agirian; baña utzaiozute arren aur errukarri oni bizirik: eraman zaiezute nere gurasoai, edota zuek au egiteko biotzik ezpadezute, utzadazute bizia, ez nigatik, ezpada nere seme gaxoaren errukiz. Mortu onetatik sekula irtengo ez naiz; sekula gizonen begietaratuko ez naiz. Ah! begira zadazute niri, zuen Kondesari, zuen aurrean belauniko eta zuen belaunai negarrez elduaz! Noizbait gaitzen bat egin badizuet, hill nazazute; gaiztakeriren bat egin badet, ken zadazute bizia;baña zuek ondo dakizute nik eztedala kulparik. Ai! baldiñ orañ nere negarrak ezertan artzen ezpadituzute, zeron konzienziak berak zulotuko zaituzte. Erruki zaitezte nizaz, eta Jaungoikoa errukituko da zuezaz. Etzaitezte amildu mundu onetako irabaziakgatik gauza gaiztoak egitera, zeren zuen gañera eternidade guziko kastigu izugarria eroriko dan. Izan zaitezte gizonen baño Jaungoikoaren beldurrago; edota, naiago dezute Golo orri obeditu Jaungoikoari baño? Ez arren ixuri kulpagabearen odola, bada, odol au zeruari benganz ezke dagokio; eta kulpa gabe norbait hiltzen duenak, sosegu eta onik sekulan arkituko eztu.

        Nik, eranzun zion ezpata zuen gizonak, agindu didatena baizik egiten ez det: ona ote edo gaiztoa dan, Golorekin Kondeak jakingo dute. Ordea Jenobebak negarrez esan zion: Ah! begirozute zeruronz: ikusten dezute illargi ori? Begira nola zuek egin nai dezuten gauza ez ikusteagatik bezela, odei-artean gordetzen dan. Begira nola odol-kolorea artzen dijoan. Ah! orrela jartzen dakusuten bakoitzean eta beti emango dizute arpegira, egitera zoazten gaiztakeria. Bai, beste guziai argi eta eder ager dakienean ere, zuei gorri eta odoldua bezela agertuko zatzue. Oh! adi zazute; begira, begira nolako aize-kolpea sartzen dan: Ez dezute ikusten zeñ izugarri zuhaitzak ikaratu eta ostoak danzatzen diran? Inozente baten heriotzaz gauza guziak izutzen dira. Oh! aurreronzean edozeñ ostoren ibilliak izutuko zaituzte. Begira an goiko izarrai: begira zenbat milla begirekin zerua begira dagokizuten. Jaungoikoaren zerupean onelako gaiztakeri bat egiteko ausardia izango dezute? Gogora ekarzute nola an izarrak goitik Jaungoiko bat dagoan, eta nola egunen batean beraren aurrera agertuko geran. Oh zu, alargun eta umezurtzen Aita, bigun itzatzu arren goi orretatik gizon oen biotzak; berak ere emazte eta aurrak dituzten gizon oenak; eta gera egieztetzu beren besoak, ama gajo eta seme errukarri oei barka diezaien, eta barkatuaz, gaiztakeri izugarri onen karga pisua beren geñeratzetik libra ditezen.

        Arteraño beti ixillik egon zan gizonak bere begietatik malkoak zerizkiola, besteari esan zion: Onek biotza erdiratzen zidak, utzi zaiogun bizia. Odola ixuri-zale baaiz, egotzi akio ezpat orren kolpea Golori, eta ez emakume triste oni. Hura dek kulpaduna, eta onek bere bizian ona besterik egiñ ez dik. Gogora ekark zenbat mesede ire azkenengo gaitzaldian egin zian... Erremedio gabe hill-bearra dek, esan zion Konradok; ik diokana ezin gentzakek, Enrike: au hilltzea neroni ere aldapa egiten zadak; baña bizirik uzten badiogu, Golok hi eta ni hillko gatxetik, eta guk uzten diogun biziak oni utsa serbituko ziok, alabañan laster-asko Golok topatu eta hillko dik. Gañera nai edo ez eraman bear ziozkagu onen begiak, hill degula, sinisterazitzeko. Orregatik ere utzi zaiogun bizia, esan zion Enrikek. Guk egin gentzakeana dek orañ esango diatana. Gu salatuak eta galduak izan ez gaitean, agindu erazi degiogun hitz ziñeztuaren bean, eztala sekulan irtengo mortu onetatik; eta eraman zaizkiogun ire zakurraren begiak. Seguru natxeagok Golori bere konzientzia galduak engañu au ezagutzeko lekurik emango ez diola. Baña ta zakurra hilltzeak orren min ematen dik? Ezderitzak, Konrado, gure Kondesa maitagarria eta Kondetxoa, ama errukarri au eta bere seme gaitzgabea maiteago bear ditugula ire zakurra baño? Konrado ez adi orren biotz-gogor izan...

        Ez nauk, eranzun zion Konradok, ik uste bezelakoa: egundaño etziatak iruditu nere beargaia gaur bezañ penagarri; baña Golo biziro aserretua zeagok, bai, eta... Asko dek Goloren konturik, eranzun zion Enrikek; bizia gordetzea gauz ona dek noski, eta gizonak gauz ona egiteko beldur bear ez dik. Guk orañ autsi-oso bat galerazitzeko modua egiten baldin badegu, zer etorriko zaguk? Gauz on onek goiz edo berandu bere frutuak emango zizkiguk. Ala izan dedilla, esan zuen Konradok, arriska gaitean.

        Bereala agindu erazo zioten Jenobebari juramentuaren bean, basa-mortu artatik sekula irtengo etzala. Konradok, oraindik seguruago jokatzeko, Kondesa eta bere semetxoa eremuaren biotzera, basa-piztiak besterik egundaño iritxi etzan toki izugarri batera sartu, eta an, indar guziak aituta, zutik egoteko kemen gabe zuhaitz baten ondoan utzi zituen. Enrike oraindik ama-seme triste aiezaz kupiturik, berakganonz begiratuta, esan zuen: Jaungoikoak erruki ditzala, gajo oek, eta aurrerontzean oien kontua berak iduki dezala; bada Jaungoikoa gizonak baño errukitsuago ezpalitz, galduak lirake.

        Gizon aiek jauregira itzuli ziranean, Golo amorratu baten gisa silla batean etzanta, bere buruaren karga eskuakin irozoaz zegoan. Emen dakaizkitzugu, Jauna, Jenobebaren begiak, esan zion Konradok, atean jarrita, zakurraren begiak, eskuetan agertuaz. Etzetiat ikusi ere nai, deadar egin zion Golok, amorratzeko zorian, eta zutik altxa, bere ezpatari eldu, eta esan zien: Baldiñ geiagoren geiago iñork aipatzen ere badit Kondesarik, ezpat onekin bertan josiko diat. Ken akizkit ordu gaiztoan eta laster nere begietatik, eta ez geiago agertu nere aurrera. Kontu polita dek auxe, esan zuen Konradok berekiko; len Kondesa hilltzeko añ poz, estu eta larri uan, eta orañ hill degulakoan amorratzen zeagok, alatan non bere ustean egiña daukaguna egin gabe idukitzeagatik, eskuko beatz bat emango likek. Ah! bere griña makurrai darraikiena, azkenean beti engañatua arkitzen dek.

 

aurrekoa hurrengoa