www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN BURUA
Jenobebaren neke-penak
erri guziari erakartzen dioten zoriona

 

        Jenobeba bere gaitzalditik oso sendatu zala, jakiñ ez al zan, bera ikusi nai zukeen jendeak egun oro zetozkion. Wolfiok eman bear izan zion Jenobebari, bera ikustera zetozen guziai, zanik beartsuenak izanarren, iñori ere galerazi gabe beragana iristen utziko zielakoa. Eta beragatik, nola jende asko baizetorren, Jenobebaren bizi-lekua beti laguntsu zegoan. Ala ere jende on hura añ ixill eta begiramentuz egon oi zan, non eta hitzik ateratzen eta ateaz aurrera sartzen etziran. Gizonak elizan bezela oi zeuden, eta emakumeak besoetan zeramazkiten aurrak ere beren eskutxoak gora jasotzen zituzten. Jenobeba arpegi añ alai gozatsuarekin agertzen zitzaien, non eta guziak zeruko argitasunez betea zegoalakoan zeuden. Jenobebak guziai beren bizian astuko etzitzaizten hitzak esaten zizten. O nere jende on maiteak, hitz gozo eta amorezko batekin zirautseen; atsegin det zuek ni ikustera etortzeaz, eta nere pena eta konsueloetan orrela parte artzen dezutelako, esker milla guzioi. Ah! zuek ere zenbat eraman bear izaten dezuten, orañ konturatzen naiz! Eta geienok mundu onetan eramankizunik asko izan dezutela, badakit; baña maita zazute beti Jainkoa, ipiñi zazute beragan zuen uste eta konfianza, eta ez iñoiz ere beldur izan; berak bere maitatzalle egiazkoak ateratzen ditu estuasunetatik, eta guzia galdua dagoala dirudianean ere, txit ongi laguntzen du; bada zenbat andiagoa estutasuna, ainbat alderago dago bere laguntza. Azkenik, zuzentzen du guzia bear bezela, egia ezta? Au nere gertaeretan ez dakusute argi eta garbi? Bizi zaitezte dezutenarekin kontentuz eta gauz askoren egarri gabe; dezuten gutxiarekin ase zaitezte. Gutxirekin ere batek atsegin-kontentuak balitzake; eta au nik mortuan ikasi det. Zuetako beartsuenak ere nik an neukana baño geiago izango du noski. Zuek badaukazute etxetxo bat, soñeko bat, oe bat, sua eta zopa beroa; eta egiaz gizona beste ezeren bear ez da. Beragatik, ez itsatsi zuen biotzak munduko gauzai; ez itxutu diru hillagana, ezpada Jaungoiko biziagana. Jainkoak danik aberatsena guziz beartsu, eta beartsuena txit aberats beñgoan egin litzake: nigan ezdakusute? Jainkoaren amorean sendo egon zaitezte, gogoz eska zaiozute, eta zeron konzienzia garbiro gorde zazute. Beñ Jaungoikoarekin dagoanak, eta bere biotza Jainkoari ematen dionak, bere biotzean dauka zerua. Orazioak gauz onerako indarra eta neke-trabajuak eramateko animoa ematen ditu; odeyetarañoko guziak igarotzen ditu eta orazioa enzungabe iñoiz ere geratzen ezta. Konzienzi on bat, naigabe, eramankizun, neke eta trabaju guzietan, presondegietan, gaitzaldietan eta heriotzean ere guziz soseguzko oe gozo bat da. Zeron konzienziaren arrak ortzka egiten dizutenean, niri somatu zidaten pekatua bezañ astunagatik ezpada ere, saia zaitezte alik lenen Jaungoikoarekin pakeak egitera, eta orretarako zoazte bere Seme maite Jesukristogana. Mundu pekatari onen salbazioa, Ait Eternoak oni bere kontura utzi zion; bera da gure pekatuak garbitzen dituena, eta oien barkaziorako bere Odol preziotsu guzi guzia ixuri zuena. Baldin pekaturik eztaukagula, badiogu, geron buruak engañatzen ditugu; baña geron pekatuak ezagutu eta aitortzen baditugu, Jainko on justuak guziak barkatuko dizkigu, eta gaitz guzietatik garbituko gaitu. Adi zazute beti gogoz Ebanjelio santua, eta bertan ikasiko dezute nik esan al guziarekin baño askoz obeto. Esku batean Ebanjelioaren liburua eta bestean gurutze batekiñ etorri ziran zuekgana Jaungoikoaren hitzaren lenengo erakusleak. Berriz esaten dizuet bada, adi zazutela Ebanjelioa, gorde zazutela zuen biotzetan, eta egin dezazutela arretaz eta zintzo, berak erakusten dizuena; bada Ebanjelioak, Jaungoikoaren hitza dan bezela, berez dauka bera sinisten duten guziak doatsu egiteko bazioa. Gañera gogora ekarzute beti, Gurutzean dagoala salbazioa. Gurutze, Pasio eta heriotzaren bidez iritxi zan Jesukristo bere Anditasunera: Gurutze, pena eta naigabeen bidez iritxi bear gera gu ere Jaungoikoaren erreinura. Egia ez da bide onetatik nai gendukeala joan guziok? Hitz oek esandakoan, guziai bere eskua eman, eta berak esandako gauzak egingo zituztela, esku onen gañean guziak agindu zioten.

        Ezkonduai eta gurasoai gañera beste sermoi bat egiten zien. Lenengoai ematen ziezten erakutsi onak oi ziran: alkarri begiramentu eta amorea zegiotela, eta beren amore eta naitasuna galeraztera saiatzen ziren miñgañ leunen esaera gezurrezko eta losentxak ezertan artu etzitzatela; bada mingañ gaiztoak ezkontzarik obeenen ere gañera zenbat gaitz eta kalte erakarri litzakean berak berez guziz ondo ikusi zuela. Gurasoai esaten zien: Kristau onak bezela beren aurrak Jaungoikoaren beldur santuan azi zitzatela: Begirozute, beren aurrak besoetan zituztela an zeuden ama askori esaten zien: begirozute nola zuen seme-alaba maiteen bekokian eztagoan eskribatua mundu onetan zer ikuskizun dauzkaten. Mundura datozenean konsueloz, pozez, eta ustez suerte onaren begira egonarren, etorriko da eguna noiz eta, mundura diran beste guziak bezela tristetuko diran, eta negar egingo duten. Beragatik, ondo azi itzazute, ondo peleatuaz bizitza au igarotzeko indarrak ar ditzaten. Ni orrelakoa nitzala nere Amak bere besoetan nerabillenean, onek asko uste etzuen noski niri ainbeste neke gogor, trabaju latz eta eramankizun garratz bañera bear zitzaizkidala; baña bertuteak erakutsi ezpalizkit eremuan Jaungoikoaren beldurtasunarekin beraganako uste eta konfianza osoa, nik nere neke penapean etsi, ernegatu eta nere burua hillko nuen eta orañ Infernuko ondarretan egongo nitzan. Jaungoikoagan, Jesukristogan eta betiko bizitzan siniste oso eta bizi bat gabe, lurrean gure bizitza gogaikarri eta tristea litzake. Saia zaitezte, bada, siniste edo fede au zuen seme-alabetan goiz sarreragitera.

        Hitz oek Jenobebak esandakoan, Desditxadok aur aietako bakoitzari eskuerakutsiren bat egin bear oi zion. Erregalo oek, eta Kondesa prestuaren lanotasun eta konsejuak jende aiek guziz animatzen zituzten, eta gizonik biotz-gogorrenai ere, aur txikiai bezela, negar eragiten zieten. Jenobebaren ontasuna, bere lengo penak, bere eraman andia, bere ondoesanak, eta guziak gañ bere ejenplo ona bazter guzi aietarako bedeinkazio andi bat izan ziran. Ingurumai guzian guziz ezagun zan eran gizonak len baño obeagotu eta gauz onak egitera eman ziran: len errierta eta alkar eziñ ikusi eta gorrotoa besterik etzan etxe eta baserrietan pakezko eta kontentuzko, estimaziozko eta amorezko biziera sartu zan. Obispo zar beneragarriak guziz sarri esan oi zuen: Jaungoikoak gizonari mesede andiren bat egiñ nai dionean, aurrez eramankizun gogorrak bialtzen diozkala; eta Jaungoikoak botatzen digun bendiziorik santuena hura bera zala. Zure hitzak on geiago egiten dute Jenobeba, esaten zion, nere sermoi guziak baño

 

aurrekoa hurrengoa