www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIRUGARREN BURUA
Jenobeba heriotzerako prestatzen da

 

        Otz gogor hura zerbait bigundu zan, aize epel eta biguñago bat irten zan, leizearen barrunbera eguzki goxoa sartuta zulo triste hura apur bat berotu zan. Añ luzaroan leizearen barrungo arkaitzetatik zinzilik zeuden gela-burruntziak urtu, eta erortzen asi ziran; baña Jenobebaren gaitza aurreratuaz zijoan; eta triste ark bere iritzian laster zetorkion herioa besterik bere begiren aurrean etzekusan. Egurrezko gurutze hura bere etzauntzera jatxierazo, eta hilltzeko prestatu zan.

        Ah! esaten zuen, nere azken-arnasetan bere hitzaz konsola nazakean, eta betiko bidaje luzerako indartzeko Jaun Sakramentatua ekar degikedan Apaiz bat ez daukat! Baña zu, Jauna, Apaiz guziz andi eta betikoa, leku onetan ere nerekin emen zaude, naigabe, pena eta trabajuak onez daramazkiten guziakin zaude: zure amorez padezitzen, eta zure zalez daudenen biotzak zuk bisitatzen dituzu. Onela hitzeginta bereala bere eskuak tolestu, eta aldi batean orazioan egon zan.

        Desditxadok egun guziak ezezik, neguko gau luzeak ere, argiaren arrazarik gabe bere Amaren ondoan igarotzen zituen, eta mutill gaxoari jaterik eta edaterik gogora etzetorkion. Ama gajoari berak al zezakean amore, eta arreta guziaz begiratzen zion. Oroldio zati batzuek eskuetan artu, eta leize-barruko arkaitzak, iritxi al zezakean tokiraño, bere aiekin leortzen zituen, bere Ama gaxoaren gañera ur tantoak erori etzitezen. Zuhaitz zar, eta arkaitz-arte guzietatik oroldio leor billa an zebillen, bere Amari etzauntza bustia kendu, eta leorrago bat ipintzeko. Orañ ekartzen zion iturritik kalabazean ur preskoa, eta ematen zion esanaz: amatxo, edango etzenduke? Berotasun aundia daukazu, eta ezpañak txit leorrak dauzkatzu. Aurki ipintzen zion Amari aurrean beste kalabaza batean esnea, esanaz: edazu, Ama maitea, guziz ederra dago, orañtxe getzi det... Gero bere Amari beso biakin lepotik itsatsi, eta esaten zion: Ai ama, ama maitea, ai ni banego gaxo zure ordez, edo zugatik hill al banedi!

        Goiz batean bi orduko lo gozo eta soseguzko baten ondoren esnatu, eta Jenobeba len baño agitz beroago eta sendoago sentitu zan. Lotan zegoen garaian, beti berekin zeukan gurutzea, eskutik erori zitzaion, eta esnatu zanean, bere aren billan abiatu zan; eta zer nai zukean igerrita, Desditxadok bereala eskuetan ipiñi zion. Baña, Amatxo, orduan esan zion: zer egiten dezu egur-puska oriek eskuetan artuta? Ene laztana, eranzun zion: nik luzaroago bizi uste nuen, eta au zer dan, orregatik ez dizut esan lenago; baña gauz ona gerorako utzi bear eztala, orañ ezagutzen det. Esan izan dizut nola Zeruko Aitak ere baduen Seme bat, berarekin guzian berdiña; baña oraindik esan ez dizut, Seme onek gure amorez egin zuen guzia. Gauz oietakorik zuk enzun edo igerriko etzenduen, zeren zu orandañokoan mortuan mundu guziagandik guziz urruti azi zeran. Baña orañ dakizunez gero munduan gizon geiago ere badirala, eta gizon oriek zer egiten duten aditu dezun ezkero, eta zerorrek ere igerri dezazukean ezkero ni hilltzera noala, saiatuko naiz Jaungoikoaren Semearen kondaira zuri erakustera. Orduan ezagutuko dezu ere emen eskuetan darabildan egur onek zer adirazten duen. Adi zazu, bada, zintzo, orañ esatera noakizuna, eta gorde itzatzu buruan ondo zere Amaren hitzak.

        Jakizu, bada, Zeruko Aita maiteak guziz miñ zuela gizonak añ gaiztoak izateaz, eta beragatik añ zorigaiztokoak, non, hill eta gero Zeruan sartzen eziñ utzi zegikien. Orduan bialdu zuen gizonakgana bere Seme maitea, gizonen artean ibilli, eta oek ondu zitzan. Seme maite au Aita bera bezañ ona eta Aitak ainbat eskubide zeukana zan. Seme au gure leizezulo onen gisako batean jaio zan: gero azitakoan, eremu au baño ere izugarriago batean beti erregutzen egon zan, berak gizonai esan nai ziena, eta gizonen onerako egin nai zuena alperrik izan etzitezen. Orduan gizonakgana joan, eta aditzera eman zien, nola bera Zeruko Aitak bialdua zan; Zeruko Aita guziz ona zala, eta Aita onek berai asko nai ziela: gizon guziak Aita onen semeak zirala, eta beragatik, guziak ondu zitezela, eta Aita on au maita zezatela; eta berak ere alkar maita zezatela. Semea enzuten duenak eta ondutzen danak, egunen batean Zerura joan eta izango dituela atsegin-kontentu andi zoragarriak; baña bera enzuten eta berari jarraitzen ezdiona, zeruan sartuko eztala, eta leku izugarri gaizto batera joango dala. Baña gizonak sinistu nai izan etzioten bera zeruko Aitaren Semea zanik, eta zeruko Aitak bialdua zanik, au guzia berak bere egiñakin eziñ obeto agertu zielarik.

        Ni bezela Ama bat, baña ni baño zarxeagoa, zegoan beñ batean nere gisa gaxo, eta nik daukadan berotasun au bezañ gaiztoarekin. Iñork ezerekin sendatu ezin zuen; baña Jesukristok, nik orañ eltzen dizudan bezela, eskutik eldu eta beñgoan sendatua eta len bezañ zuri-gorri eta eder utzi zuen Beste batean zu baño azixeagoko seme bat hill zan, eta bakarrik zu zaitudan bezela, aren Amak ere hura beste aurrik etzuen. Ama triste au Jesukristogana negarrez nola joango zan, pensa dezazuke. Baña Jainkoaren Semeak Ama gajo oni gozotasun guziaz esan zion: ez negarrik egiñ; eta hillaren gorputzari berriz esan zion: Jaiki zaite eta berealaxe biztu eta jaiki zan. Jaungoikoaren Semeak gazte au bere Amari eraman, eta au eziñ geiagoraño poztu zan.

        Gauz oek eta oen gisako beste asko egiñ zituelarik, Jesukristo Jaungoikoaren Seme, eta Zeruko Aitak mundura bialdua zala, gizonak eziñ irentsi zuten. Gaiztoak zirala, eta ondu zitezela berai beti esatea, eziñ eraman zuten. Orduan egur andi bi, nik orañ eskuetan dauzkadan txiki oen gisara josita, illtze andiakin, au da, arantzen gisako, baña arantzak baño askoz andi eta gogorrago diran gauza batzuekin Jaungoikoaren Semea egur edo gurutze ari bere oñ-eskuetatik josi zioten. An hill zan ixekirik, odola zeriola. Baña oraindik hill baño len burla, ixeka, siñu eta farra asko egin ziozkaten; berak iñori ere gaitzik ez, baña bera billatzen zuten guziai on asko egiten zielarik. Oh! gizon gaizto gorrotagarriak, deadar egin zuen Desditxadok, eta, Zeruko Aitak au guzia sufritu zien? Eta bere tximista eta arraioak gizonai bialdu etzizten? Nik aren lekuan egotera, ziran guziak erre eta kiskaliko nituen. Seme maitea, eranzun zion Amak, au egitearen lekuan gizon berakgatik bere Aitari erregutu zion, esanaz: Aita, barka zaiezu, bada zer egiten duten ez dakite. Bai, bera gizonen amorez, gizon guzien amorez, gizon gaizto aien beren amorez hill zan. Alaxe egin bear zan, ene laztana, ezperen iñor ere zerurako etzan; ezta zu eta ni ere; eta ala Jesukristok bere bizia zure eta nere amorez ere orobat eman zuen.

        Orduan aur koitadua geratu zan eserita zegoan lekuan arri eta zur egiñik, bere begietatik malko samiñak mara mara zerizkiola; bada nola gauz aiek lenengo aldiz aditzen baizituen, biziro mella andia egin zioten. O Jaungoikoaren Seme ona! bere soñeko narruaz malkoak leortuaz zion; baña, eta orañ ere zeruan dago? Bai, enetxoa, eranzun zion Amak. Aren gorputza orduan geratu zan hilla, izan zan ipiñia ar-zulo batean, eta zulo aren sarrera arri andi batez estalia; baña jakin bear dezu ezen iru egun igaro baño len irten zala bizirik zulo artatik kanpora. Ala ere gizon banaka batzuek beste gañerakoak baño obeak ziran; eta oek Jaungoikoaren Semea enzun, eta ondu ziran. Oek naitasun andia artu zioten, eta bere heriotzaz negar samiñak egin zituzten. Biztu zanean, oiei agertu zitzaien, eta berriz bizirik ikusi zutenean, guzizko poza artu zuten. Baña Jainkoaren Semeak berak esan zien: bere Aitagana Zerura joan bear zuela, eta au adituta biziro goibeldu ziran; baña berak esan zien: ez negarrik egiñ, eta etzaitezte estutu geiegi; begira an gora nere Aita dagoan tokira; zuentzat ere bear ainbat toki an bada. Orañ araxe noa, zuek zoazteneraño zuentzat lekua prestatzera: nik esan eta erakutsi dizutedana egizute, eta egunen batean guziok ara nere ondora etorriko zerate. Berriz ikusiko zaituet, eta orduan zuen atsegiñ-kontentua oso, betea, eta iñork ezin kenduko dizutena izango da. Orduan bere bedeikazioa guzien gañera bota, eta abiatu zan ezarian zeruronz igotzen, eta igoaz zijoan bezela, odei eder argitsu batek begietatik galdu zien. Ah eta zeñ ikuskarri ederra izango zan au! esan zuen aurrak: baña orañ ere gure berri bai aldaki? Gu mortu onetan bizi gerala badaki? Eta guk ere egunen batean bera ikusiko degu? Bai, seme, esan zion Amak; ark non-nai ikusten gaitu, eta non-nai gu gauden tokian, beti gurekin dago: maite gaitu, gauz onerako gogoak ematen dizkigu, eta on izaten laguntzen digu. Ene maitea, zu orañ aur on bat zera; baña bear bezañ ona oraindik etzera. Arretaz begiratzen badezu, gauz oni zerorrek puntuan beñ antzemango diozu. Begira, nola nai ere zuk etzenduen erregutuko gizonakgatik, Jaungoikoaren Semeak bezela, baldin gizon oriek berok hilltzen bazerabillzkite. Aserre artan esan zenduen, ark bezela al izatera ziran guziak erre eta kiskaliko ziñituzkeala. Bada orañ ikusten dezu, Jaungoikoaren Semearen antzeko etzerala, eta ark ainbat amore ezezik gutxiago ere ez daukazula; baña aren gisara izan bear gera, eta guziai nai bear diegu, baldin bere Aitari eta berari gusto egingo badiegu, eta egunen batean zeruan sartu nai badegu. Onetarako mundura zan, eta gugatik gurutzean hill zan. Eta orañ, nere biotzeko laztana, ezagutzen dezu zergatik daukadan beti eskuan gurutze au? Onek gogoraerazitzen digu gugatik ainbeste eraman eta gurutzean hill zan aren guganako onginaia; adirazten digu, nola guk ere neke-trabaju eta eriotzaren bidez zerura joan bear degun; eta beragatik daukagu aiñ maite siñale au.

        Ah, ene seme maite! esan zion: nik ezdaukat gurutze au ezpada nizaz gogoratzeko eman al negizukedan gauzarik; baña ni hilldakoan, nere esku otz gogortuetatik atera, eta ondo gorde zazu. Zu egunen batean andi eta aberats ikusi zaiteanean, etzaite lotsatu zere Amaren oroipengarri pobre au zure jauregi andiak daukan lekurik ederrenean ipintzeaz. Gurutze au ikusten dezun aldi bakoitzean eta guzietan gogora zazu zure amorez gurutze batean hill zan hura; eta orañ gurutze au eskuetan daukala hilltzen dagoan, zure Ama. Saia zaite beti on eta urrikaltsu izatera; garbi eta gaitz gabe gizonak amatzera, guziai on egitera, eta, ala bear balitz, berakgatik bizia ematera ere; baña jakiñaren gañean ezen, ez dizutela izango bear bezelako esker eta ezaguera. Baldin gurutze au ikusteak gauz oek guziok egiteko gogoa emateaz gañera, eragiten ere badizkitzu, zure Amaren erregalo triste au zuretzat askoz eta pare gabe andi eta obea izango da, zere Aitagandik izango dituzun ondasun andi guziak baño.

        Jenobeba bere sermoi luze onen ondoren añ aunatua eta aitua geratu zan, non ostera ixildu, eta zerbait atseden-bear izan zuen. Ah, asi zan berriz, denbora pixka baten burura: ai zure Aitagana iristeko suerte zorionekoa bazendu! Baña ara arteko bidea mortu onetan barrena, baso eta sasi izugarri oien artetik, arkaitz-arte orietan igoaz eta jatxiaz, aur biguñ orrentzat perill eta arrisku andikoa da. Guziaz ere Jaungoikoak lagunduko dizu ezegoki gabe eta ondo iritxi zaitean. Arritzatzu zerekiñ aztu gabe kalabaza bi esne, bidean goseak hill etzaitzan, eta arako makilla hura, piztia gaiztoetatik zere burua gorde dezazun. Oh aur gaxoa! zu oraindik guziz biguñ eta ezereza zera; baña Jaungoikoak gordeko zaitu piztia gaiztoen erasoetatik: Jaungoikoagan bere ustea daukana, seguru dabill.

        Illundu zanean, laster aurreratu zan geiago eta geiago Jenobebaren gaitza; eta arnasak añ neke andia ematen zion, non izerdi irazeki batek artu zuen. Orduan nolabait eseri, arpegi triste naigabetu eta semea izutzerañokoarekin oni begira jarri, eta ozta esan al izan zion: Desditxado, jarri zaite belauniko. Nere iritzian orantxe da nere azkena... Aur gajoa negarrez belaunikatu, eta tristeak bere burua makurtu, eta jaierarik andienaz bere eskutxoak gora jaso zituen. Jenobebak bereak mutilltxoaren buru-gañean ezarri, eta esan zion: Jainkoak bedeika zaitzala, ene seme, eta Jesukristo zurekin izan dedilla, eta Espiritu Santuak zuzen zaitzala, gizon on izan zaitean, iñoiz ere gauza gaiztorik egiñ ez dezazun, eta nik berriz ere zeruan zu ikusteko suerte zorionekoa izan dezadan.

        Orduan bere gurutzeaz ziñatu, eta mutilltxoari laztandu zitzaion, musu eman zion, eta oraindik esan zion: Oh ene semea! Orañ gizonetara bazoaz, aien ejemplo gaiztoa ikusiarren, ez zu gaiztotu; eta egunen batean ondasun eta era andien erdian biziagatik, ez aztu zere Ama gaxoaz. Ah! baldiñ zu nere amore onezaz, nere malko oezaz, nere hitz oezaz, azken-arnasetan dagoan zure Amaren hitz oezaz noizbait aztuko baziña, etziñake etorriko, ez alafede, nigana zeruko gloriara. Eziñ geiago hitzegiñ al izan zuen. Berriz ere guziz auldu, bere etzauntzera erori, eta begiak itxita geratu zan. Desditxadok etzekien hilla ote, edo lo zegoen. Gizagaxoa, bada, bere Amaren ondoan belauniko jarrita, negarrez urtzen an zegoan, orazio au egiñaz: O Jaungoikoa! arren ere ez hill. O Jaungoiko maitea! arren ere esna zazu.

 

aurrekoa hurrengoa