www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

EMERETZIGARREN BURUA
Goloren patu gaiztoko azkena

 

        Jendeak Jenobebagandik beren hitz-aspertua eginda irtendakoan, Golo ere ikusi nai oi zuten. Juezak Golo gezur-asmatzalle palso, serbitzari desleial gaizto, eta irutan gizon-hitzalletzat urkabe batean hill, eta lau laurden egiteko epaia eman zuten. Baña Kondeak bere esposa biotz beraaren erregu bizien bidez Golori heriotzaren pena barkatu zion; baña betiko presondegitik libratzea bere esku etzeukan. Jendeai Golo erakusteko ipiñia zegoan karzela-zaiak soseguzko ordu bat etzeukan; baña guziai pozik erakusten zien. Atozte, esaten zien: an Kondesaren gelan bertutearen irudi bizia ikusita bazatozte, emen Goloren presondegian gaiztakeriaren eta bizioen irudi bizia ikusiko dezute.

        Argi bat eta giltza-mordollu andi bat eskuan artu, eta joaten zan aurretik lurpeko zulo aiek barrena ziega illun artara. Burnizko atetzar aiek idikitzearen zalapartak guziai laborria sartzen zien; eta argiantzera Golo an ikustean, oraindik areagoa zan beren izua, bada izatez ere izugarria zan bera ikustea. Bere ille luze nastu, bekokitik bera zirizkionakin; bere bizar andi itsusiarekin; bere arpegi papera bezañ txuriarekin eta bere begi larritu izugarriakin amorratu baten begiratu beldurgarria egiten zuen. Bere konzienzia galduak aldi batzuetan ainbesteraño estutu eta tormentatzen zuen, non eta, oso zoratua bezela jarri, eta inziria eta marrua izugarriak eginaz, buruaz pareteak puskatu bearrean abiatzen zan. Beste batzuetan zerbait beregantzen zanean, ara zijoazkionai beren biotzak erdibitzeko diñako gauzak esan oi zizten. Ah! zeñ ero gaizto eta zentzugabea nengoan! esaten zien. O! Ai Jaungoikoa utzi eta griña eta gura makurrai biotza idiki, eta bere konzienziaren deiak aditu gabe uzten dituenaren zorigaiztokoa! Lenengotik atsegiñ-kontentu eta gusto labur engañagarriren batzuek balitzake; baña beren azkena naigabe, pena eta lazeria izaten da. Lenengotik loreartean ibilltzen da ; baña bere lore aien artetik leize izugarri batean beñgoan ondatzen da. Atsegin-kontentu debekatuen ondoren dabillenaren errukarria! Arros-arbol eder batera iritxi dalakoan, arros-artetik suge pozoitzu izugarri batek beñgoan irten, eta gajoa guzia bereala lotu, ito, puskatu eta irensten du.

        Guziz maiz galdetu oi zuen, ordurako askotan esan ziotelarik, Gizonak Kondesa eta bere semea bizirik topatu dituztela egia da? Egia da, edo ez, edo ta nik ames egiñ ote det? Ez, ez, ezdet ames egiñ, egia da, eta sinisten det. Oraindik adi zazute, lastimazko boz batekiñ esaten zien: nere kastigatzalle izugarria Jaungoikoa da. Aiek ziega onetatik atera, eta nik bertan ondatu ninduen. Bai, bai, bera ementxe eserita egon zan, Golok lur otza ukabillaz joaz, esaten zuen: emen, emen ni natzan sotar-gañ onetan: eta, orañ sinistuko ez dezute Jaungoikoa justu eta zuzena dala? Beste batzuetan deadar egiten zuen: Jaungoikoari eskerrak beñ edo beñ nere billan zatoztenean, eraman nazazute laster urkabera; pozik noa; au esanta zutik jartzen zan. Nik kulpagabeko ama bat eta aur inozentea hill nituenez geroz, niri lepoa moztea ondo merezia det; ara nere eskuak oraindik odola dariela; begira zeñ odol kolore bizia daukaten. Begira nola oraindik nere begietatik darizkidan iturri biak ere ezin zuritu izan dizkidaten. Beragatik, nere odolak urkaberan ixuri bear du, eta ara pozik noa Askoz naiago det borreroaren kanibetaz hilla izan, emen nere barrunbean daramazkidan tormentuak luzaroago sufritu baño.

        Iñoiz atea idikitzean personen ikustearekin izutu, eta urrena farra beldurgarri bati eman, eta asten zan deadarka esanaz: Nola zatozte onara zuek? Zuek ere gutizi gaiztoak engañatu zaituztela, eta persona garbi inozenteak galdu nai izan dituzutela, egia da? Bai noski: ea onuntz, zuen esku oriek ama tristeren baten negar malkoz, edo aur gaxoren baten odolez bustiak ote dauden. Ez didazute esaten baietz? Zuen eskuak erakusteko biotzik ez dezute? Nik badakit esaten zuen; egia da; zuen eskuai malkoak eta odola darizte, nereai bezela: gaitzkilleak zerate ni bezela: atozte ona; orra or bazter batera begiratuaz esaten zien, orra or zuen lekua. Emen barrunen dauden gaitzkille oek guziok, eta bera besterik etzegoan, ni bezelakoak dira.

        Orduan aur gaxoak izutu, eta negarrari ematen zitzaiozkan; eta beren amak soñekoaz arpegiak estaltzen zituzten. Mutill eta neskatxa gazte guziak azkenean alako lazeriara daramaten pekatuetatik libre beren biotzak gordetzeko asmo sendo eragille biziak artu zituzten. Obe da, esaten zuten, Jenobeba bezela sustrai eta belarrak janaz mortuan garbi izan, konzienzia galduarekin jauregi bateko atsegin-kontentuen erdian Golo bezela bizi, eta gero azken onetara etorri baño. Arrazoi daukazute, esaten zien karzela-zaia, ateak isten ziardun bitartean; eta baldin gaiztoaren bizitzak mundu onetan onelako azken txarra badu, bestean askoz eta pare gabe gaiztoagoa izango du noski. Egoera izugarri artan bizi izan zan urte askotan Golo, eta bere heriotza obea izan zan eztakigu. Geroztik arik eta azkenean ere borreroak bizia kendu zioneraño sosegurik beñere izan ez bide zuen.

 

aurrekoa hurrengoa