www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN BURUA
Sigifredo Kondea gerrara

 

        Sigifredoren jauregia Rin eta Mosela deritzaien ibai andi bien artean zegoan. Konde au ara alderatu ez altzan, bere serbitzari eta agindupeko guziak, ala gizon nola emakumeak, eta mutiltxo, neska txiki, eta aurrak ere beren arroparik onenaz apañduta bidera irten zitzaiozkan. Jauregi guzia eta bideak ere zuaitz-osto eta lore ederrez apaindu zituzten, eta jende guziak Jenobebari, bere edertasunaz txunditurik, begiratzen zion. Jenobebak beorretik jetxita, añ gozatsu, añ amorez, añ biguñ guziai hitzegin zien, non beren Etxekoandreaz eziñ geiagoraño itxutu eta prendatuak guziak geratu ziran. Gañera Kondeari bere baiezkoa eskaturik, bere soldadu eta serbitzari guziai urte artarako soldata eta paga doblatua, eta erriko jende beartsuenai egur eta garizko limosna ugaritsu bat zekiela, agindu zuen. Beragatik guziak atsegin-kontentuz gañezturik, saltokari eta dantzari eman zitzaiozkan, alkarri, baña berezkiro Kondeari, albiste atsegiñak emanaz, eta senar-emazte gazte aien alde milla ta milla erregu eta promes zeruronz bialduaz

        Sigifredo eta Jenobeba pakearik gozoenean bizi ziran: baña ditxa maitagarri onek luzaro iraun bear etzuen. Illuntze batean afalondoan senar-emazteak alkarren ondoan jarrita, Jenobeba, ardatzean egiñaz kantari zegoan; Sigifredo berriz bere emaztearen kantari gitarra batekin laguntzen; eta orra non supitoan gerrako tronpeta-soñuak beren jauregi edo gazteluko ateetan aditzen dituzten. Zer da? galdetu zion kondeak beraganonz itsumustuan zetorkion serbitzari bati. Gerra, Jauna, eranzun zion: Moroak Españiatik irten, Franzia guzitik ugolde bat bezela zabaldu, eta eriotz eta ondamendi andiak egiñaz alde oetaronz datoz. Or bean daude Erregeren aginduakin datozen zaldun bi; eta guk, iñola ere al badegu, gaur arratsean bertan joan bear degu Erregeren tropakin batutzera. Jenobebak lasterka jatxi, zaldun aiei bear bezelako arrera egiñ, eta ondoren eraman zituen berekin goiko salara. Gau guzi hura gerrarako bear ziran prestamenak egiten, eta etxeko gauza guziak gerorako zuzentzen igaro zuen Inguru aietako andizki eta zaldun guziak Kondeari laguntzera etorri, eta alde guzietatik gerra-soñu, zalaparta eta iskanbilla besterik etzetorren. Era berean Jenobeba Jaun arrotz aiei jatena eman eragiten, eta bere senarrari gerrarako bear zituen gauza guziak prestatzen txit arazotua zebillen. Zaldun guziak prest eta bear bezela armatuta jarri ziran; eta Kondea ere burutik oñetaraño armatu, eta guzien erdira etorri zan. Zaldizko eta oñezko gerrariak atarian zai zeuden. Orduan Jenobebak, sala artan sartu, eta denbora aietan usadioa oi zan bezela, eraman ziozkan bere senarrari bere ezpata eta lanza, ziotsala: Enplea itzatzu arma oiek Jainkoaren serbitzuan, zere erria gordetzen, eta moro arroen galeran. Au esanta, bere arpegiko kolorea eskuko pañueloa bezañ txuri egiñik, mintxuriak artuta bere senarraren besoetan erori zan. Gero zer izango ziran berak ere etzekien gaitz etorkizun andiak beregan barrunda zituen, eta ala senarrari esan zion: Oh Sigifredo! negargurea daukat; bear bada geiago etorriko etzera; eta aua esanta, bere aoa pañueloaz estaltzen zuen. Alai zaite, Jenobeba, Kondeak esan zion: Jaungoikoak nai gabe munduan iñork ere gordetzen ez nau; denbora eta leku guzietan bere babesean edo anparopean gaude, eta añ urrean daukagu erioa geron etxean, nola ta gerran gabiltzanean; bakarrik Jaungoikoaren eskuak gordetzen gaitu puntu oro. Jaungoikoaren babesean añ seguru gaude eraso edo batalla baten erdian nola gure etxean. Jainkoari beldur dionak ezergatik eztu zer beldurtu. Beragatik etzaite goibeldu, ene esposa laztana, eta niri dagokidanez egon zaite lasai eta soseguz. Zure kontua, jauregi onena eta nere ondasun guziena, Jainkoaren urrena, nere maiordomo leialari utzi diot; nere artu-eman, joan-etorri eta gauza guzien zuzentzalle bertatik geratzen da; eta zu berriz Jaungoikoaren anparopean uzten zaitut. Ondo bizi zaite, beti gogoan erabill nazazu, eta erregu ezazu nigatik.

        Jenobeba atariraño jarraitu zitzaion, eta zaldun guziak beren bidean joan ziran. Gero Jenobeba sartu zan bere gelan, antxe soseguz negar egiteko, eta penaren indarrez egun guzi artan mokadurik irentsi etzuen

 

aurrekoa hurrengoa