www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN BURUA
Jenobebak egiten du semea karzelan

 

        Jenobeba presondegi artan hill askoan zegoan, eta denbora luze guzi artan Golo ezpazan beste iñor ere ikusi etzuen. Gizon galgarri onek bere asmo bigurriak betetzeko egiñalik andienak egiten zituen, eta bakarrik berak nai zukeana eginta, andik ateratzea eta galdua zedukan ondra biurtzea agintzen zion. Baña Jenobebak erantzuten zion: Naiago det egiaz desonra nazakean gauzarik egin baño, gizonen begietan desonratutzat egon. Naiago det bekatu baten bidez Erregiñ izatera igo baño kalabozo onetan ustelduta geratu.

        Oraindik geitu zan bere pena. Jenobeba, bere senarra gerrara joan zitzaionetik laster aurdun sentitu zan, eta gero aurgiteko garaia etorri, eta semetxo bat mundura eman zuen. O ene biotzeko laztana! bere hura,besartean estutuaz, esan zion, toki izugarri onetan mundura zera?

        Ai! atoz nere kolkora, ementxe bero zaitzadan; zure ama gajoak ez dauka zu biltzeko zapitxo bat ere; zuri kutxare bat esne epel ekarri degikezun persona bat ezdauka, Ai! Nola zure ama gaxotu eta erkituak mantenduko zaitu? Leku izugarri onetan eztago lur otz gogorra besterik zu eratzateko. Ura darien horma-arte eta abe busti oien erdian otz eta premiaren andiz illko zera gaixori. Zergatik zuek goiko arriak, nere semetxoa bustitzen didazute ur-tanto oriekin? Zuek ere gizonen gisa erruki-gabeak zerate? Baña ez, barka zadazute: zuek, parete mutuak, gizonak baño kupitsuagoak zerate: nere senarrarekin nere gaitzegokiari, guziok goibeldu, eta nerekin batera negar egin-gabe eziñ begiratu diozute

        Orduan bere begiak zerurontz goraturik, bere semetxoa bere besoetan jaso, eta negarrez ziotsan: O Jaungoikoa! aurtxo au zuk eman didazu, zuk berari bizia eman diozu; bada zure doaia dan bezela, zuri dagokizu, eta zuri eskañtzen dizut. Nik ezin bial negizuke zure eliza santura; baña toki onetan ere ementxe zaude, eta zu zauden lekuan dago zure eliza. Aur au bataiatzeko esku ongille bat emen eztago; eztago aitari eta aita pontekoari beren eginkizunak adirazteko Apaiz bat; ala bada, ama-ponteko-orde, aita-orde eta Apaiz-orde neronek egingo det. Al nezakean indar guziaz eta biotz guzitik agintzen dizut o Jaungoikoa, ezen baldiñ niri eta nere semeari bizitzen uzten badiguzu, seme au zugan fede santuan aziko dedala, o Aita jaungoikoa, zu ezagutzen, eta zuganako eta gizon guziakganako amorea izaten erakutsiko diodala, joia eder preziatu bat bezela gaitzetik gorde, eta garbi eta pekatuaren mantxarik gabe egunen batean zuri biur degizudan, eta eman bearko dizudan kontu zorrotz artan ondo irten nadiñ. Orduan ixillik eta luzaro erregutu, urarekin zedukan txarroa artu, eta bataiatu zuen aurra emanaz izen Desditxatua, eta gero esan zuen: Lazeria eta negarretan mundura zera, Desditxatua da zuk bear dezun izena, eta zure Amaren negarra izango da zure tros eta oial.

        Bere aurtxoa bere mantalean bildu, bere magalean ipiñi, eta ziotsan: Nere magal au izango da zure seaska. Gero tristezarik andienaz aldamenean zedukan ogi zati gogor beltzari begiratuaz esan zuen: Au, aur gaxoa, auxe izango da gaur-gero zure janari. Zakarra da guziz, eta ezin geiagoraño elkorra, eta neretzat ere urria; baña poztu zaite, bada zure amak bere negar-malkoz bustiaz bigunduko du, eta Jaungoikoak bedeinkaturik, zurekin neretzat askoko da. Orduan ogi latz gogor artatik apur bat aoan maskatu, eta huraxe bere aurrari eman zion.

        Aurra magalean gozotoro lo zedukan beñgo batean, aurraren gañean auspeztu, eta esan zuen: O Jaungoikoa! begira zaiozu aur gaxo oni emen nere magalean! ziega illun otz onetan eguzkiaren argi eta berotasungabe, kanpoko aize osasungarrigabe, laster erkitu eta galduko da. Ai! nola landare gazte biguñ onek emen iraun aldezake? O Jaungoikoa! ez arren utzi onen errukarri hiltzen. Ai eta zeñ maite dedan! zeñ pozik nere bizia onenagatik emango nukean! Bai, baña zuk oraindik nik baño maiteago dezu: zuk ni eta beste guziak, ama batek bere semea baño maiteago gaituzu; bai, au zerorrek esan dezu: ama bat bere semeaz aztu baliteke ere, ni sekula zuzaz aztuko ez naiz. Jenobebaren hitzket onek bere semetxoa esnatu, eta orduan lenengo txorofarra agertu zion. Eta zuk farra egiten dezu, ene semetxo kutuna? ziotsan biotzaren kontra estutuaz, eta eztezu begiratzen toki zeñ izugarrian gauden? Bai, egizu farra gaxorrek, eta ez beste gauzarik, bada zure farratxoak milla mingañek baño geiago esaten dit. Iruditzen zat esan nai didazula: ama, etzazu negarrik egiñ eta alai zaite; zu guziz bearrean zaude; baña Jaungoikoa aberatsa da: zu desanparatua zaude, baña zure anparorik andiena jaungoikoa da; zuk agitz maite nazu, baña zu eta ni Jaungoikoak oraindik maiteago gaitu. Bai egizu bakarrik farra, ene semetxo laztana. Zu farrez zauden bitartean, ezin legoke negarrez zure ama.

        Egun batzuen buruan Golo berriz ere presondegi artara etorri, eta arpegi urduritu eta igaro batekin Jenobeba gajoari aurreko aldean jarri, eta esan zion: Naikoa eta geiegi itxedon det: oraindik ere ero baten gisa eta itxura utsezko bertute ori utzi gabe jarraitu nai badezu, kupi zaite beintzat zere seme orrezaz. Ea bada, baldin nere gogoa egin nai ezpadezu, ziñez eta benaz esaten dizut, bai zu, eta bai semea biok hilko zaituztedala. Jenobebak soseguz eta beldur gabe erantzun zion: Naiago det milla bider hill, Jaungoikoaren, nere senar eta nornai gizon presturen aurrean lotsa nazakean ezer ere egin baño. Golok begitarte izugarri bat ipiñi, eta kolore guziak galdurik, bazter guziai ikara eragiterañoko zalaparta batekin ziegako atea itxirik Jenobeba beldur laborrian utzi zuen

 

aurrekoa hurrengoa