www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN BURUA
Eremuan Jenobebaren biziera bakar tristea

 

        Andik aurrera Jenobeba eremutar egiazko bat bezela bizi zan. Negu hura joan zan, uda etorri zan; ostera negua eldu zan, eta bizkitarte luze hura guzia gauza berririk gertatu gabe onela igaro zan. Neguko gau gogor luze aietan suaren kutsurik eta argirik gabe, basa piztien antsia eta orroa beldurgarriak besterik aditu gabe; bere aurtxoarekin basauntza beste lagun gabe ikusi zanean, aren beargai guzia bere guraso, senar, adiskide edo beste nornairen arpegia ikusteko ditxa eskatuaz, Jainkoari erregutzea oi zan. Ah! negarrez esan oi zuen; zeñ zorionekoak diran alkarrekin bizi, alkarrekin hitzegiñ eta beren neke-pena eta konsueloak alkarri adierazteko ditxa daukaten personak! Eta zer zorakeria orrelako biziera ezertan ez daukaten, eta pakean bizitzen alkarri utzi nai ezik dabilltzan aiena! Baña bereala alaiturik, esaten zuen: O Jaungoikoa! zurekin hitzegiñ al izatea pare gabe ditx andiagoa da, gizonakin hitzegitea baño. Gu jende-artetik urruti eta bakar bagaude, zu beti gere ondoan zauzkagu, iñor bizi eztan eremu onetan eta neguko gau luze oen erdian ere. Zer suertea puntuoro zurekin hitzegiñ al izatea, zurekin gure animen adiskiderik andiena zeran orrekin!

        Onela oitu zan beti Jaungoikoarekin hitzegitera, hitzket gozatsu atsegin aietan ordu osoak instante bat bezela igaroaz.

        Sustraiak ateratzeak eta basoko frutak biltzeak denbor asko eramaten bazioten ere, ordu askotan zeregiñik gabe egon bear izaten zuen. Orduan esan oi zuen: Ay galzet-orratz batzuek eta aria nork leuzkazkean! zeñ pozik nere aurrarekin nerau jazteko arropak egiten jardungo nitzakean! Gizonak beren lanaz espaka jardun oi dira; baña lan gabe bizitze au tristea da guziz gogaitkarria, eta lanik zatarrena ere alperkeriaren aldean atsegiña da.

        Askotan liburu on baten egarri andia oi zuen. Zenbat ordu guziz, naierara eta asko ikasiaz liburu on batekin igaro nitzakean! Zure obrak ere, nere Jainko maitea, nere inguruan dauzkadan zure obrak ere zuk zerorrek egindako liburu batzuek dira. Ordutik abiatu zan Jainkoaren obrai kontu eta arret andiagoaz begiratzen; eta lorerik txikienak, txomorrorik ezerezenak, zernai gauzak Jaungoikoaren ontasun eta jakintasunaren gañean luzaro begiratzeko eta pensatzeko naiko gaia ematen zioten, eta konsiderazio aiek ezin geiagorañoko atsegin-kontentua sortzen zioten. Udaberrian eguzki gozoa leizera sartzen asitzen zitzaionean, alaitasun andi batekin esaten zuen: Jaungoiko maitea, zure eguzkia neretzat zure ontasun eta amorearen irudi bizi bat da. Txorien kanta zoragarria aditu zuen goiz eder batean, deadar egin zuen: Zuek, izakari txiki eta alaiak, ezeren kezkarik gabe kontentuz beterik orren naierara eta ederki kantatzen dezute, nik ere alai egon eta kantatu bear ezdet? Jesusek onela nai du eta beragatik esan zigun: Begira zaiezute airean dabiltzan egaztiai: oriek ereiten ez dute, aldatzen ez dute, ganbaran gordetzen ere ez dute; eta guziaz ere zuen Aita zerukoak mantentzen ditu. Bai, ene Jainkoa, zuk egazti oiek guziak baño maiteago nazu; beragatik oriek baño askoz kontentuago egon bear nitzake; eta neretzat garirik ereñ ez dalako, landarerik aldatu eztalako, eta alerik ganbararatu eztalako orañ penatu bear ez nitzake.

        Baña leku triste artan atsegiñik andiena ematen ziona bere semetxoa zan noski. Onen begiratu batek geiago alaitzen zuen, udaberriko eguzki, kanpoko loreen edertasun, txori guzien kanta, eta an ikusi eta aditu al zitezkean beste gauza guziak baño. Otzik egiten etzuen egunetan leizetik atera ta an inguruko zelaitxora bere aurra eraman, eta basauntza aldamenean belarra jaten zebillen bitartean, aur gaxoa arunz-onunz erabilltzen zuen; eta aurrak oraindik ezer ezagutzen ezpazuen ere, aditzen bazion bezela biguñtasun guziaz amak hitzegiñ oi zion. Hitzketan ari zitzaion bitartean aurtxoak farra egiten bazion, edota bere besotxoak luzatzen baziozkan, far ark kanpo aiek guziak berritu eta edertzen zituela oi zeritzan. Batzuetan zegoan tokian bertan belauniko jarri, bere aurra bularraren kontra estutu, ama baten samurtasun guziaz bere ari begira jarri, eta esaten zuen: O Jaungoikoa! nola emango dizkitzut nik bear ainbat esker, aurtxo au eman didazulako? O zu, zeruko Aita, nere semetxo onen gañera zere bendizioa bial zadazu: azitzen utzigiozu, eta orañdaño bezela aurrerontzean ere gorde zazu. Eta nola orduan aurrak begi are argi eta alaiagoak ipintzen baizizkan, amak jarraitu zuen esanaz: Zeñ garbi eta gaiztakeriaren kutsugabeak dauden zure bekokitxo ille kizkurrez apaindu ori, eta zure masalltxo gorri zoragarri oriek! Zeñ ardura eta kezka gabe zauden emen nere magalean!

        Guziz sarri egiñ oi zitzaion eliza batera edo bestera joateko zale eta eresia. Zer ditxa, esaten zuen, an millaka lagunak belaunikatuta Jaungoikoaren aurrean batutzea! Jaunaren hitza aditzea, edo apaizak eta gañerako kristauak Jainkoari bialtzen diozkaten kanta zoragarri, erregu eta eskariak aditzen egotea! Ah! ezkilla baten otsa beñ bederik adituko banu, nere biotza asko eta asko alaituko litzakedala deritzat. Baña, esaten zuen berriz, mundu guzia, ni estaltzen nauen zerua, nere inguruko eta azpiko lurra ere zure eliza dira, Jauna; eta deserri onetan negarrez deika dagokizun nere biotza zure aldarea da Zelaitxo au izan bedi bada gaur gero zure eliz, eta nere biotza zure aldare.

 

aurrekoa hurrengoa