www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO BURUA
Sigifredo Kondearen esposa Jenobeba

 

        Fede egiazkoaren argi ederra zabaltzen Alemanian abiatu zanetik laster bizi zan Beljikan Duke andi, aberats prestu bat, Brabantekoa. Orduko gerretan egiñ oi zituen egin-bide edo azaña guzizkoak zirala bide, guziz sonatua zegoan, eta Jaungoikoaganako bere beldur, gizonakganako onginai, eta justizia zuzen eta zorrotzagatik guziz onratua, eta begiratua arkitzen zan. Bere esposa Andre Dukesa bertute eta prenda on guzietan senar añ on bati zegokion erakoa zan, eta biak biotz bat bakarra zeukaten. Alaba bat baizik etzuten, eta au Jenobeba zan, zeña biotz guztitik maite zutena bezela, ardura, kontu eta arretarik andienaz azitzen zuten.

        Aurtasunetik azaldu ziran Jenobebagan adimenturik argiena, biotzik prestuena eta jeniorik gozo eta paketsuena. Baldin, orduko Etxekoandre andizkiak oi zuten bezela, Andre Dukesak linaia artzen bazuen, Jenobeba bost urtekoa zalarik, bere amaren ondoan sillatxoan jarri, eta ardatza ondo erabiltzera, eta ari-albeñu meak irutera alean saiatzen zan. Ardatzean ziarduten bitartean alabatxoak bere amari galde arrigarriak egiñ, eta amak eranzuera lano, gozatsu eta zegozkion erakoak eman oi ziozkan. Ama biotz-bigun onek bere alabatxo kutunari txunditurik begiratu, eta esan oi zuan, ezen aur ark besterik ez bezelakoren bat bear zuela irten. Jende guziak aur argan zerutik jatxitako aingeru bat zekuzala uste zuen. Amar urteetatik amabirako garaian bere guraso laztanakin elizara joan, eta guziak arritzerañoko jaiera, debozio eta modestiarekin oi zegoan. Zerutik jatxitako aingeru pozkarri baten gisa, ala beartsuen etxetxoetan, nola eri eta miñantzez zeudenen oi-aurrean, agertu oi zan: berak bere eskuz egindako arropatxuak aur bearrekoai eman oi zizten; eta bera apaintzeko Aitak ematen ziozkan urrezko apaindurak beartsuen artean zabaldu oi zituen. Ixillka saskitxoa galtzarbean artu, eta goiz illuntzeetan gaxo zeudenetara joan, eta bere buruari kentzen ziozkan fruta eta janari osasungarriak aiei ematen zizten. Urteetan elduaz zijoan eran, bertute guzietan aurreratzen zan, alatan, non ama guziak beren alabai gauz on guzietarako ispillutzat begien aurrean aur au ipiñi oi zioten.

        Sigifredo Kondea Jaun prestu, azkar, aberats eta gozatsu bat zan. Jenobebaren Aitak Jaun au gerra guzietara beti berekin oi zeraman, eta alako batean Aita au galdu-gordean arkiturik, Sigifredok eriotzetik libratzea gertatu zan. Mesede andi onen ezagueraz geroztik Dukeak beti berekin oi zerabillen, eta geroenean bere alaba Jenobeba emazte eman zion. Jenobebak bere senarrarekin aitaren etxetik joan bear zuen egunean, etxe artan ezezik erri guzian ere negarrez urtzen etzanik etzan, eta Jenobebak berak ere, bere senarra añ maite zuelarik, negar aldi andiak egin zituen.

        Aitak bere besartean estutu, eta malko ugariak zerizkiola, esan zion: Onela iges egiten diguzu, ene alaba! Zure ama eta ni zartu gera, eta ezdakigu geiago ikusiko ote gaituzun; baña Jaungoikoa zurekin dijoa, eta zeran lekuan zerala, zurekin izango da. Zere gurasoakgandik ikasi dezuna beti eta leku guzietan gogoan iduki zazu, eta etzaite iñoiz ere zearkatu ez asko eta ez gutxi bertutearen bide zuzenetik.Ondoren bere Ama laztandu zitzaion, eta negarraak itxutu eta ozta esan al izan ziozkan hitz oek: Ah! Ez dakit zer neke, eramankizun, naigabe eta penak datozkitzun gañera! Nere biotza biziro estutua dago eta ondore guziz gaiztoak datozkitzula, adierazten dagokit. Alaba guzizko bat izan zaitugu, gure konsuelorik andiena izan zera beti, naigabe-penarik eman ez diguzu. Ah! aurrerontzean ere on izan zaite, Jaungoikoarekiko eta zere gurasoakiko lotsa zaitzakean ezer ez egin.

Onela Jainkoak nai badu, lurrean alkar geiago ikusiko ezpadegu ere, duda,gabe Zeruan ikusiko gera.

        Orduan guraso prestu oiek Kondeari begiratu, eta oni ere esan zioten: Seme, izazu maite zere emaztea: bera da gure ondasunik andiena, prendarik maiteena eta zuk egiñ ziñiguzun mesedearen ordañ eta saria. Izaiozu amore andi bat, eta gaurgero izan zaite beraren aita eta ama. Ala egingo zuelako itza Kondeak eman, eta Jenobebarekin belaunikaturik, beren guraso onen bendizioa biak artu zuten.

        Garai onetan sartu zitzaien Jenobebarekin Sigifredo ezkondu zuen Obispoa. Oni Hildorfo zeritzaion, eta zar prestu, beneragarri eta guziz on bat zan; eta onek bere eskua jaso, eta bere bendizioa bi ezkon-berriai bota zien, esanaz Jenobebari: Ez nagarrik egiñ, oh gazte noblea, Jaungoikoak suerte andi bat eman dizu, baña emen iñork uste ez bezelakoa. Etorriko da eguna, noiz eta emen arkitzen geranok pozezko malkoakin suerte onegatik jainkoari esker milla emango diozkagun. Gogora itzatzu orduan nere hitz oek: laster gertatuko zatzu gauz andi, miragarri eta oi ez bezelakoren bat, eta Jainkoa zurekin dedilla.

        Gizon zar onen hitz oetan gertakari andi, miragarriren bat guziak zekusaten, eta guziak Jainkoaren eskua adoratu zuten. Jenobeba beor eder apañ baten gañean jarri, eta laguntalde zoragarri baten erdian guziak beren etxerontz joan ziran

 

aurrekoa hurrengoa