www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN BURUA
Sigifredok bere esposa Jenobeba arkitzen du

 

        Luzaroan eziñ ateraerazi al izan zuten Kondea bere jauregitik, eta geroenean ere bere adiskideak eta Wolfio leialak hura zerbait alaitzea nolerebait iritxi zuten. Onetarako ematen zituen batek jan-edan andiak; besteak somatzen zituen jostaketa berriak eta azkenik, besteak lagun askorekin eizera eramaten zuten. Nola bere gazte denboran eizera itsutua izan baitzan, ezerk ongien jostaket onek bere naigabea aztu eragiten zion; eta beragatik lagun aiek au ezagututa, puntuan beñ irteten abiatu ziran, denbora artan baso aietan ugari oi ziran basurde, basauntz, otso eta artzak hilltzera; eta beste askotan bezela beñ Wolfioren erreguz Kondeak pensatu zuen, lagun-talde andi bat berekiñ artu, eta eizera irtetea. Negu-azkena zan, eta gauez elurra egindako eguraldi ustel batean irtetea, erabaki zuten. Egun au eldu zan, eta goiz asko jaiki, eta bere lagun andizki guziakin, eta jateko eta edateko bear zutena eramateko morroi-talde batekin irten zan Sigifredo. Beren tronpetak basoan jo, zakurrak bota, eta zenbait basurde, eta basauntz eraiki zituzten. Kondea ere basartean ikusten zuen basauntz baten zelatan jarri zan, eta alderatu zitzaionean, beraren ondoren abiatu zan. Abere onek aitzak eta sasiak ariñ eta azkar igaroaz bere burua Jenobebaren leizean gorde zuen; bada alabearrez bere esneaz Jenobeba eta bere semea ainbeste denboran mantendu zituen basauntz leiala bera zan. Kondea bere zaldia zuhaitz bati lotuta, basauntzaren oñatzen jarrai joan, eta leize artara iritxi zan. An barruna begiratu eta leizearen sotar-gañean zetzan persona, bizia zirudien bat guziz aitu eta galdua, ikusi zuen. Jenobeba zan: bada gaitz andi ari bultza bazion ere, añ argal eta ezereztua geratu zan, non egun batetik bestera herioaren begira egotea beste erremediorik etzeukan. Persona bizia bazera, deitu zion Kondeak, irten zaite zulo orretatik kanpora, argitara. Jenobeba bere ardi-narruan bildu, bere sorbaldak buruko ille luze ederrarekin estalirik, zankoak eta besoak agirian, otzak kuxkurtuta, eta biziaren baño hillaren antz obearekin, agindu bezela, irten zitzaion. Zeñ zera, Kondeak izutu, eta pausoak atzera emanaz, galdetu zion, eta nondik etorri zera onara? Kondeak batere ezagutzen etzuen; baña Jenobebak bere senarra bereala, eta lenengo begiratuan ezagutu zuen. Sigifredo, esan zion Jenobebak, zuk hilltzeko agindu zenduen zure esposa Jenobeba naiz; baña nik kulparik ez nuela, Jaungoikoak ondo daki. Au Kondearentzat bere buruaren gañera tximista bat erortzea bezela zan; etzekien alabaña amesetan ote edo esna zegoan. Nola bere pena eta naigabeak iñoiz kordea galtzen baizion, eta nola mortu illun artan bakarrik, eta lagunetatik urruti baizegoan, Jenobebaren anima ikusten zuela, uste zuen. Oh! lastimazko boz batekin esan zion; oh zu nere esposa zanaren anima! zergatik zatozkit beste mundutik niri nere gaizkia arpegira ematera? Emen toki onetan hill, eta zulo orretan sartu zinduten? Bai noski; eta zure gorputza jaiki da zulotik, nik zure odolaz busti nuen lurra oñazpian zapal ez dezadan; eta zure anima agertzen zat aserretua nere gaiztakeri andiaren kontua eskatzera. Ah! itzul zaite, biur zaite zere lekura, anima bedeinkatua! Nere barrungo arrak berak ematen dit imurtzi eta naigaberik asko. Itzul zaite zere pakeazko lekura, eta erregu zazu nigatik... lurrean pozik ez daukan doakabe onegatik. Etzakizkit arren agertu egoera errukarri orretan: ager zakizkit aingeru eder baten gisa, barkatzen didazula esanaz. Sigifredo, esan zion Jenobebak negarrez: ene senar laztana, ez naiz iñongo anima, egiaz zure Jenobeba, zure esposa ber bera naiz; oraindik bizirik nago: ni hill bear ninduten gizon on aiek berak bizia gorde zidaten. Ordea Kondea bere zukurutz gogorretik oraindik bere onera etzan: begietako argia galtzen zitzaion, eta bere emaztearen hitzak aditzen ere etzituen; eta geroago eta beldur geiagorekin begiratzen zion. Jenobebak samurtasunik andienaz eskutik eldu zion, baña berak eskua atzeratu, eta izuturik esan zion: Ai! utzadazu; zure eskua otza dago gela bezela. Eraman nazazu ezperen hillaren esku orrekin zere zulora; bada bizi au neretzat astuna da eta ezin jaso dedana. Jenobebak berriz ere esan zion: Sigifredo, nere senar on laztana! eta au ziotsan unean zeruko aingeru batek bezañ begi maitatsuarekin begiratuaz, esaten zion: eta orrela beraz zere esposa ezagutzen eztezu? Begira nazazu, huraxe ber-bera naiz. Berriz eta berriz begira nazazu, nere eskua ikutu zazu, zuk emandako erraztuna oraindik berekin daukan esku au ar zazu. Oh! zeregandu zaite, Ai Jauna! arren lozorro onetatik esna zazu! Noizbait bearta, lo pisu batetik esnatzen dan baten gisa bere onera etorri eta deadar egin zuen: Bai, zu zera, eta oñetan auzpeztu zitzaion. Bere esposa añ galduaren arpegira begira jarri, eta hitzik eziñ asmatuz luzaroan zegoan; baña geroenean negarrari eman, eta esan zion: eta, beraz Jenobeba zera? Miseri onetara eta nigatik miseri onetara etorri zera? Ai! lurrak ere bere gañean iduki bear ez ninduke! Nik zuri begiratzeko ere arpegirik ez det! eta zuk niri barkatu?

        Jenobebak negarrez esan zion: Ni zure kontra iñoiz ere aserretu ez nitzan: beti maite izan zaitut: banekien alabañan zu engañatua ziñala. Ah! altxa zaite, eta atoz nere besoetara. Begira nola berriz ikusi zaitudalako pozak negar eragiten didan. Baña Kondeak begirik jasotzeko biotzik gabe, esan zion: Eta zuk erriertatxo bat bera ematen eztidazu? Hitz garratz bat bera esaten eztidazu? O zu, zeruko Aingerua, zu, anima gozo, anima atsegiñ, zeruko anima! Zenbat eraman erazi dizudan! Sosega zaite, Sigifredo, esan zion Jenobebak, ar zazu guzia Jainkoak bialdua bezela, bada Jainkoak onela nai izan du. Niri mortu onetara etortzea on izango zitzadan: aberastasun eta erregaloak bearbada nere galerarako izango ziran; baña eremuan Jainkoa eta nere salbazioa arkitu ditut. Onela ziardutela, etorri zan Desditxado. Bere soñean basauntzkumearen narrua beste arroparik etzeukan; eta bere oñ-uts-gorriakin elurretan txapa-txapa zetorren. Añ ederki apaindutako gizon hura ikusi zuenean, oso izutu, aurrera pausorik aldatu gabe geratu eta asi zitzaion deadarka amari esanaz: amatxo, ori zeñ da? ori ere zu hill nai zaituen gizon gaiztoren bat da bear bada? Onela deituaz bere Amaganonz korrika zetorren bizkitartean ziotsan: zuri ezer egiñ degizun baño len hill bearko nau... Jenobebak gozotasun guziaz esan zion: Ene laztana, ez izutu; atoz eta eskuan muñegiñ zaiozu: zure Aita on maitea da; begira nola gure miseriak negar eragiten dion. Jainkoak bialdu du onara, gu emendik aterata, bere etxera eramatera.

        Mutilltxoari alderatuaz zetorkion bezela arret andiagoaz bere Aitak begiratzen zion: bere ille lodi kizkurrean, bekoki zabal ederrean, begi zabal bizietan, sudur pollit eta ao egokian Aitaren itxura eta anz oso eta bizia zegoan. Aitak bere semetxo guri eder hura egoera triste artan ikusi zuenean, negar eta negar egiñaz, eziñ esan al izan zuen, ezpada: O nere semea, nere semea! eta zerura begira jarri, eta ama-semeai elduta ziotsan: O Jaungoikoa! uste eta esperanzarik gutxiena neukanean, emen nere semea lenengo aldiz ikustea, eta hillen artetik piztuta bezela nere emazte maitea berriz arkitzea, nere biotz gaxoarentzat poz andiegiak dira. Eta Jenobebak berriz bere eskuak tolestu, eta zeruronz begira jarririk, ziotsan: Bai, o Jaungoikoa! zu mesedeak egiten ugariegia zera! eta puntu batzuetako eramankizunak neurri gabeko atsegin-kontentuakin gizonaren biotzari ordañtzen dakizuna! Esker milla, Jauna, zuri. Eta aur gaxoak ere bere gurasoak otoitz egiten era artan ikusi zituenean, bere eskutxoak zeruronz jaso, eta Amari aditu zion bezela esan zuen: Jainko maitea, milla ta geiago esker zuri. Oraindik luzaroan antxe egon ziran, mingañaz eziñ zutena, biotzaz Jainkoari esaten. Geroenean ere Jenobeba asi zan hitzegiten, era onetan: Nere gurasoak oraindik bizi dira? Zartzaro ona daramate? Nik kulparik ez nuela, badakite? Ah! hilltzat negar egiten didatela, zazpi urte dira, eta urte orietan aien berririk ez det! Kondeak eranzun zion: Bizi dira; onik daude, eta zure errurik eza badakite; eta zu arkitua nola izan zeran albista gozoarekin alik lasterren mandataria bialduko diet. Jenobebak bere esku tolestuak berriro zeruronz jaso, eta pozaren andiz negar egiñaz, esan zuen: Orañ, Jauna, alabatua izan zaite. Enzun dezu nere eskaria: bete dituzu nere biotzaren zale eta deseoak, eta gañera gorde didazu ozta nere buruari opa negiokeana. Zuk atera dezu nere senarra gerrako ainbeste ausi-abartzaren artetik, agertu dezu nere garbitasuna, eta ziegatik, heriotzetik, mortu izugarri onetatik... pena guzien artetik atera nazu: nere seme maitea bere Aitaren aurrean ipintzeko denbora preziotsu au eman didazu; eta gañera nere guraso zar maitagarriak ikusten utziko didazu. Zer esker onenbeste bat grazia eta doairen alderako eman negizkitzuke?

        Onen ondoren Jenobebak bere senarra eraman zuen leizera, zeren oñ-uts gorrietan zegoelako elur otzaren gañean eziñ geiago iraun al izan zuen. Kondea leizeko arkaitz bustiai, Jenobebak zeukan egurrezko gurutzeari, oroldiozko bere etzauntzari, txarrotzat eta edontzitzat serbitzen zioten kalabaz zatiai... begira zegoan. Gauz aiek ikusita, guziz arritu, Jenobebaren aldamenean etzan, mutilltxoa bere belaunetan artu, eta leizearen ertzean zegoan elurrari begiratuaz, O Jenobeba! esan zion: zer mirari moduk gorde zaitu bizirik leku izugarri onetan? Zer zeruko Aingeru bialdu dizu Jainkoak zu alimentatzeko? Ah! zazpi urte eta geiagoan ogi-mokadu bat gabe, neguan su gabe, oe gabe, arropa gabe, eta elur artean oñ uts gorrietan...! Eta urrezko eta zillarrezko ontzietan jaten zuen, seda-damaskoen artean azi zan, eta kanpoko aizeak bere bizian ozta ikutu zuen dama biguñ minbera bat!!! Eta guziaz ere penaz eta naigabez, nekez eta trabajuz aitua zaudelarik maite nazu, anima justu eta leial orrek!!! Ah! zer geiago egiñ al diteke senar on bategatik, zuk nigatik egin dezuna baño?

        Jenobebak aingeruaren pozezko farra-irri batekiñ eranzun zion: asko da, eta gauz orietakorik geiago ez da zer aipatu ene senar maitea. Emen mortu onetan ere atsegiñ-kontentu asko izan ditut. Jauregietan ere oi ez dira bada naigabe, pena eta eramankizunik asko? Eta zuk zerorrek nik baño geiago eraman eztezu? Utzi zaiegun bada gauz oiei, esan zion Jenobebak, hitzket hura beste batera aldatu naiez; begira zaiozu or zere semeari; begira bere masalltxo ederrak nola argi egiten duten. Batere maneatu gabeko janariak, eta Jaungoikoak bialdutako aize garbiak osasunean sendo gorde dute. Gure jauregian azi balitz, izango zituen ainbeste begiramentu eta naieren artean erkitu eta galduagoa egongo zan noski. Beragatik poztu gaitean, Sigifredo, eta Jainkoari eskerrak degizkiogun. Orduan Jenobeba asi zitzaion, nola Jainkoak basauntz hura leizera lenbizi etorri zitzaionetik, hura bera Kondearen iges etorri zitzaioneraño, bera eta bere semea mantendu zituen kontatzen. Kondeak arret andiaz guzia aditu ondoan, esan zuen: Miragarria da Jaungoikoa bere gauzetan, eta aberatsa gizonak salbatzeko gaietan! O ene seme laztana! gogora zazu zere bizi guzian nola zu, aur txiki eta zere Aitak utzi eta desanparatu bat ziñalarik, eta zure Amak zuri zerekin lagundu etzeukalarik, biok goseak hill ez zintzaten, abere on au Jainkoak zuekgana bialdu zuen. Gogora zazu beti nola zure Amaren estura larria bere biziaz etsitzeraño, eta gañera zu ere gaxori mortu onetan onenbeste bat piztia gaiztoren artean nere billan abia zindezen bezañ laster hillko ziñanaz seguru egoteraño iritxi eta Jainkoak basauntz beronen bidez zuekganako bidea zuzendu didan. Denborarik estu, larri eta premiazkoenetan erraztasun onekin laguntzen du Jainkoak. Beragatik, uste eta konfianza guzia beragan beti iduki zazu.

 

aurrekoa hurrengoa