www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

AMALAUGARREN BURUA
Bere esposa Jenobebagatik
Sigifredo Kondearen
pena eta naigabeak

 

        Goloren gezurrezko asmazioak zirala bide heriotzeko epai negargarri hura bere aserrean eman zuenetik laster gerran artu zuen herida bategatik oatua geratu bear izan zuen Sigifredok. Wolfio maiordomo eta serbitzari fiñ leiala garai artan andik urruti arkitzen bazan ere, bere nagusiaren gaitzegokia jakin zuenean, lasterka etorri, eta zer gertatzen ote zitzaion ikastera joan zitzaion. Bera urrutietan ibilli zan bizkitartean igaro zitzaion guzia nagusiak kontatu zion; eta serbitzari zar prestu onek gauz aiek aditu ez al zizkan, bere arpegiko kolore guziak galdu, gorputz guziko izu-ikara laborriak artu, eta estutasunaren indarrez ito-bearrean eta hitzik eziñ asmatuaz, esan zion: Ai nere nagusi maitea! zer egin dezu arren? Zure esposa bezañ biotz oneko persona bat, bera bezañ ongi azitako alaba bat orren laster gaiztotzen ezta. Nik au ondo dakit. Zure Golo gaizto eta billaua da, barka zadazu nere esateko modu au. Gizon onek betiko bere lausenga eta hitz leunakin zure biotza irabazia daukala, ondo dakit; baña sinis nazazu ere beti zu alabatzen dagokizuna eta ezertan beñere kontrarik egin gabe beti zuri arrazoia uzten dizuna, zure etsaia dala. Onek bere barrunbean zu despreziatuaz, bakarrik bere protxua billatzen du; baña kontrara, egia esaten dizuna, zuk nai bezela beti hitzegiten ez dizuna, orixe da zure adiskidea, eta zu ziñez maite zaituena. Adi nazazu, nere nagusi biotzekoa, eta zere aserrean eta itsumustuan eman dezun epaia berealaxe urratu eta desegiñ zazu. Jainko santua! eta zer da nere nagusi onari gertatzen zaiona! Zere menpekorik txiki eta azkenekoena ere enzun gabe heriotzera ematea, utsegite guzizkotzat idukiko zenduke noski; eta orañ bada arren, zere Esposa ona aditu gabe sentenziatu dezu? izan zaite noiz edo noiz zere aserre orren jabe. Zenbat bider izan ez dezu damutu-bearra? Baña beldur txit beldur naiz oraingoan zure aserreak gaitzegoki izugarriren bat erakarri bear dizula.

        Kondeak bere utsegiña aitortu zuen; baña errua bere esposa Jenobebak ote, edo bere serbitzari Golok zuen, oraindik zalantzan zegoan; bada Goloren karta añ itxurazkoa, añ engañagarria zan, eta karta arekin bialdu zuen mandataria añ palso eta gezur-apañtzallea, non Konde gizazajoa zer pensatu, eta zer egiñ etzekienean geratu zan. Guziaz ere bialdu zion Golori Kondeak bereala mandatari bat, bera etxera zedineraño Jenobeba bere gelan itxirik iduki zezala, baña gaitzik egin gabe, aginduaz. Mandatari oni bere zaldirik azkarrena eman, eta agindu zion, al zezakean agudo eta lasterren zijoala. Gañera esan zion: baldiñ mugonez iristen bazera, eta berri onak badakaizkidatzu, oparo pagatuko zaitut.

        Mandataria agertu zaneraño Kondea egunetik egunera zijoan tristeagotuaz. Aldi batzuetan Jenobebak alako gauzarik egiñ etzuelakoan zegoan, eta beste batzuetan berriz, ainbeste bat on eta mesede beragandik artu zituen Golok alako gezurrezko asmazioak ezin egin zegizkiolakoan; eta onetan bere biotza zalantzan, iritzi eta errezelo garratz oek estututa, tormentuz betea zeukan. Gutxienaz egunean amar bider bialtzen zuen bere serbitzari leial Wolfio mandataria agiri ote zan ikustera, eta gauetan lorik iñola ere etzetorkion. Noizbait bearta, mandataria etorri zan, baña, ai! Kondeak agindu bezela, Jenobeba bere semearekin mortuan gauez hill zutelako albiste negargarriarekin! Konde gajoa arri eta zur eginda geratu zan, eta bere buruaren kontrako epaia eman balu bezela, larritu, eta illuntasun izugarri batek artu zuen. Wolfio zar leiala negarrez eta marruaz etxetik irten, eta Kondearen oe-aurrera etorrita zeuden zaldun guziak juramentu egin zuten, beren errira zitezen bezañ laster Golo bere atzaparren artean puskatuko zutela.

        Kondea gaizki zegoan: urte beteren buruan ere bere gaizki-egiñaren barrungo naigabe, kezka eta arrak bere herida sendatzen uzten etzion. Baña zerbait zuzpertu zan bezañ laster bere etxera itzultzeko baimena Erregeari eskatu, eta nola moroak igesegin baizuten, Erregeak bere baiezkoa eman zion. Kondea bere Wolfio eta gañerako lagunakin bere errironz irten zan. Illuntze batean, ez goiz, bere Kondaduko lenengo alde-errira iritxi, eta jende on aiek, ala gizon, nola emakume, eta aurretarañoko guziak bidera irten, eta negarrez ziotsaten: Ai gure Jaun maitea! zer ezegoki izugarria! Ai gure Andre Kondesa on maitagarria! Ai Golo gaizto madarikatua! Kondeak zalditik jatxi, bere eskua guziai luzatu, eta biguntasunik andienaz hitzegiñaz, galdetu zien: ea bera arrotz ibilli zan bitartean aren etxean zer igaro zan? bada orduan Kondesagatik ona besterik aditzen etzuela: Goloz añ gaizki hitzegiten zioten denbora berean. Guziz estutu eta atsekabeturik, ostera bere zaldira igo zan, gau artan bertan bere jauregira iristeko deseoz. Txit urrutitik ikusi zituen jauregiko leio guzietatik irteten ziran argiak; eta aldera zanean musika-soñu eta iskanbilla andiak aditu zituen. Golo bere adiskide guziai gonbit andi bat ematen ziardun; bada Kondea bere herida portitzetatik hillko zala, seguru zegoan. Gañera nola Kondeak bere ondasunen jabegai bidezkorik ezbaitzuen aren ondasun guzien Jaun eta jabe bera egiteko asmo osoan zegoan; eta uste onekin kanta, musika, festa eta jostaketen bidez bere konzienzi galduaren imurtzi eta kezkak ayenatzera al guziaz sayatzen zan. Baña arrotzar au maipuruan jarri zanean, maia serbitzen zebilltzanak alkarri ziotsaten: Baldiñ gure Konde Jauna hilltzen bada, Golo asko-jakin tranpatsu au gauza guzien jabe eta gure Jaun eta buru egingo bide dek; baño guziaz ere orren naurruan egon nai ez nikek. Ikusten ez dek, zeñ urtuaz, igartuaz eta erkituaz dijoan? Egia diok, eranzuten zuen beste batek: orrek poz egiazkorik etzeukak, eta orri ezerk atsegiñik ematen etziok. Or zeagok eserita, urkatzeko dagoan tristea bere azkeneko bazkarian bere borreroarekin egon oi dan bezela: orren lekuan egon nai ez nikek; beste munduan begira dagokion suertea neretzat nai ez nikek.

        Kondeak, bere jauregiko atarira zanean, bere etorreraren siñalea jo zezala, tronpetari bati agindu zion: siñale au adituta gazteluko tronpetariak bere tronpetarekin eranzun zion. Golo eta gonbidatu guziak asaldatu, eta izu-zaparrean maitik altxa ziran, eta Kondea, Kondea, gure Kondea besterik alde guzietatik aditzen etzan. Kondea etorrita baño herioa bera etorri balitzaio ere gutxiago larrituko zan Golok ere lasterka jatxita humilltasun guziaz Kondearen zaldiari bridatik eldu zion. Kondea guziz illun eta begi zorrotzakin, hitzik ere atera gabe, begira jarri zitzaion; eta Golo kolore guziak galduta, gaitzgille batek bere Juezaren aurrean baño ikara andiagoa egiñaz, geratu zan. Bere begietan, arpegian eta gorputz guziko ikaran bere konzienzia galdua argiro agiri zitzaion. Oña doi doi aldatuaz, eta eskuan zeraman argia ozta eramanaz, bere nagusiaren aurretik nolabait eskallerak igo zituen. Kondeak etxe guzitik etzuen arkitzen, galera, naspilla eta ondamendia baizik, eta nondik-nai arpegi izutu, eta ezagutzen etzituenak besterik etzetorkion; eta oraindik an zirauten lengo serbitzari banakak, begietatik malkoak zeriztela, bere ongietorria egin zioten. Kondeak, gerrako bere soñekoetatik erantzi zanean, Golori giltza guziak eskatu, eta onek iges egiñ etzezan, bideak ar zitzala Wolfiori agindu; eta oek eta onelako beste eginkizunak egindakoan, bakoitza bere oiera zijoazela agindu zien. Kondearen lenego pausoak Jenobebaren gelara zuzendu ziran. Jenobeba preso sartua zanez geroz, Golok gela au itxia, eta iñor ere sartzen etzala zeukan; eta bera ere geroztik an sartu etzan; alabañan ara sartzeko gogoetarik bere barrungo arrak ematen etzion: orregatik gela hura Jenobebak utzi zuen bezela zegoan. Oraindik an arkitzen zan Jenobebak erdi bordatua utzi zuen sedazko gerriko bat, zeñaren urrezko letretan irakurtzen zan: Sigifredori batallak irabazita datorreneko, bere esposa leial Jenobebak. An zeuden ere berari egin ziozkan, baña Goloren tranpak zirala bide bere eskuetara beñere iritxi etziran, karta asko, beraganako amore eta leialtasunez betetakoen erabezta edo kopiak. Beretan esaten zio: nola egunoro beragatik erregutzen zuen, eraso eta ausi-abartza gogor aietatik onez eta osasunarekin Jainkoak atera zezan; esaten zion: baldiñ etxera zetorrenean, bere aurra besoetan artuta, bidera irteteko suertea izaten bazuen, zer pozaldi eta lasaitasuna artuko zuen; beragatik zenbat naigabe zeraman eta zenbat negar egiten zuen; eta berak eskribatzen etziolako, zeñ gau luze-tristeak zeramazkien, bada Golok Jenobebaren karta guziak arrapatu eta gelditu zituen bezela, Kondearenak ere alaxe egiten zituen. Arri eta zurturik Kondea, bere barrungo naigabeak itobearrik, silla batean jarri, eta gauerdia zalarik, ezertzaz oartu gabe bere artan zetzan.

        Onela zegoala, Berta, neskatx leial hura etorri eta gelara sartu, eta Jenobebak presondegian eskribatu zuen karta hura bere eskuetan ipiñi, eta perlazko lepoko ederra erakutsirik, igaro zitzaion guzia negar saminki egiñaz, esan zion. Kontatu zion gañera zenbat on Jenobebaren eskutik bere gaitz-aldian artu zituen; Jenobebak presondegian azkeneko gau triste artan zer gauzak esan ziozkan, eta gañerako zekien guzia. Ark guziak, baña batez ere kartak ipiñi zion Kondeari argi eta garbi Jenobebaren garbitasun, eta Goloren gaiztakeria. Bere arpegitik bera negar malkoak mara mara abiatu zitzaiozkan, eta etzuen egiten ezpazan deadar izugarria, ziotsala: O Juangoikoa Jaungoikoa! O Jenobeba biotzekoa! Eta nik zu eta nere semea hillerazitzea! Ah! gizonik urrikalkizunena naiz! eta aren deadarretara etorrita, an zegoan Wolfio leialak hura bere oneratzeko egiten zituen egiñal guziak alperrak ziran.

        Negar samiñak egiñ ondoan asi zan bere ezpataren billan, berearekin Golo josteko asmoz. Wolfiok orduan ere galerazi, eta Golo ere zer ziotsan aditu gabe hill etzezala, esan zion. Orduan Kondeak Golo gau artan bertan katez eta burniz lotu, eta Jenobeba egon zan ziega artan bertan sar zezatela, agindu zuen. Agindu ere zuen, Golori lagundu zioten guziak ere itxian sar zitzatela, eta soldaduak beren nagusiaren agindua pozik asko egin zuten. Golo zekarkioten bitartean Kondeari, Jenobebaren karta berriz irakurtzen ziardula, topaturik hitz aiek: barka zaiozu nik barkatzen diodan bezela; nigatik odol tanto bat bakarra ere ixuri bear ez da... bere biotzaren erdiraño sartu, eta mella gogorra egin zioten. Golo Kondearen aurrera zanean, onek bere negarrezko begiakin begiratuaz, eta naigabez estuturik, samurtasun guziaz esan zion: Zer egin dizut nik, Golo, zuk nere gañera gaitz-egoki izugarri au erakartzeko? Zer egin zizun nere emazteak, zer nere semeak zuk berak hilltzeko? Zuk, umezurtza baten gisa nere etxera etorrita, emen ona besterik artu eztezu, eta, onela ordañtzen nazu? Golok Kondea aserre bizian sartua, eta beregandik irtena topatu uste zuen; baña ustegabeko biguntasun onek biotza autsi, eta esan zion: ai Jauna! griña gaizto madarikatu batek lilluratu ninduen: zure esposa garbi eta kulpagabea zan, zeruko Aingeru bat bezela; eta nire zale eta gutizi gaiztoa betetzeko lekurik eman etzidalako, hura galduaz, nere bizia segurutu nai izan nuen. Ark zuri egia agertzen bazizun, Jauna, nereak egin zuela, ikusten nuen: beragatik neronek aurrea artu eta gezurrezko asmazio izugarri aiek zuri sartu nizkitzun. Kondeari beñik beñ konsuelo bat eman zion Jenobebaren garbitasuna Golok berak agertzeak: orduan ziegara itzul zezatela, agindu zuen.

        Arrez geroz Kondea aituaz eta urtuaz zijoan; eta laster arenak egingo zuela, etsi zuten. Bere naigabe eta miñak askotan zentzua galtzen zion. Ingurumaiko bere adiskide andizki guziak bera alaitu naiz etorri zitzaiozkan; baña Kondea gela artatik mugitu ere gabe beti illun eta triste zegoan. Meza entzutera bere oratoriora ezpazan, andik irten nai etzuen. Aren kezka eta ardurarik andiena Jenobeba zana non ote zetzan billaeragitea zan, antxe negarrez urtu, eta gero aren elizkizunak zegokion eran egiteko, baña toki hura iñork somatu ezin zuen, zeren hura hilltzera eraman zuten gizon biak, ez nora, eta ez ara iñork jakin gabe, ezkutatuak ziran, eta oek nora zuten, iñork ere etzekien. Kondeak bere elizatxoan Jenobebari elizkizun andi bat egiñ zegiotela, bearrekoen artean limosna andi bat zabal zedilla, eta gertakari triste hura, ondorengo guziak jakin zezaten, arrizko tunba andi bat egiñ, eta urrezko letrakin eskribatuta guzia bertan ipiñi zezatela, agindu zuen.

 

aurrekoa hurrengoa