www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Santa Genobebaren bizitza
Gregorio Arrue
1885

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Santa Jenobebaren Bizitza, Kristobal Schmid / Gregorio Arrue (Lino Akesoloren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN BURUA
Jenobeba eta bere semea basauntz batek
heriotzetik ateratzen ditu

 

        An egon zan Jenobeba txar-aldi batek artuta luzaro zuhaitzaren ondoan, arik eta bere onera zanean mortu illun artan bere aurra beste lagunik gabe bere burua desanparatua ikusi zueneraño. Zeru guzia goibeldu zan, eta illargia sartu zanetik egunsentira zeuden ordu luzeak guziz illunak ziran. An otso eta piztia gaiztoen ots eta orroa izugarriak beste ezer aditzen etzan: eta ala ezurretarañoko laborriak arturik, o Jaungoikoa, o Jaungoikoa! deadar egin zuen, zer ikara, zer izua sartzen zadan! Emen ere zu nerekin zaitut: gau illuna ere zuretzat argia da, eta ala zuk ikusten nazu. Beste iñor eztagoan toki onetan ere zu arkitzen zera. Zuk bere ustea zugan ipintzen duen iñor iñoiz ere uzten eztezu. Esker milla, Jauna, nere semetxoa eta ni gizonen atzaparretatik atera gaituzulako. Jauna, zuk ezgaituzu utziko piztia gaiztoen janari izaten, zugan daukat nere uste eta konfianza guzia. Zuhaitzaren oñean eseri eta bere semetxoa magalean zuela, bere eskuak tolestu, eta bere artan itxedon zuen egunsentiraño. Goiz hura illuna zan, eta guziz tristea: toki hura guzia arkaitzti, sasarte, bakar, pisu eta izugarria: biziro aize otza zebillen, eta guziaz gañ, ez bear geiagorako elur ugaritsu batek eraso zion. Jenobeba otzak ikara zegona, eta semetxoa saminki negarrez abiatu zitzaion. Bere inguru guzira arbola-zulo edo arkaitzarte baten billan begiratzen zuen; baña au ere topatzen etzuen. Bere beatz biguñ minberakin elurra kenduaz, asi zan lurra zulatzen, sustrai batzuek atera naiez, eta kenduaz zijoan elurra eta lurra eskutik zerion odolaz gorriturik, apur batzuek atera-zituen: oek aoan maskatu, eta bere aurrari eman ziozkan. Orduan, agitz estutu, larritu, auldu, eta kemen guziak galdurik, bere semetxoa besoetan artu, eta elur-eraso aren erdian mortu illun aiek barrena nora zijoan etzekiela, abiatu zan. Arkaitz batean gora zijoala, ikusi zuen beko aldean aitz tartean zirritu bat; nolabait araño jatxi, eta arkitu zuen unz-artean leizetxo bat; an barruna sartuta, topatu zuan bi edo iru persona egon zitezkean estalpea Alabearrez aldameneko arkaitz batek ematen zuen ur garbizko iturri bat. Arrok artan zegoan ere kalabaza-landare bat, eta landare ark eman zituen frutu edo kurkubitak ere erdi usteldu an zeuden. Jenobeba bere aurrarekin leize artan sartu, eta aizeak eta euriak an jotzen ezpazituen ere, otzak ikara-gorrian zeuden. Eguerdia zan; goseak biziro estutzen zuen; eta aurtxoa ere goseak beartuta berriro eta txit saminki negarrari eman zitzaion. Leizean belaunikatu, semetxoa lurrean bere aurrean ipiñi eta atakatik zeruronz begira erregutu zuen, esanaz: O zu, zeruko Aita ongillea! ara emen Ama bat negarrez, eta bere semetxoa goseak hilltzen: Zuk neguaren biotzean ere arkaitz andi orietan dabilltzan beleak mantentzen dituzu: emen lurrean arrastaka dabilltzan arraz ere aztutzen etzera, eta piztia eta arbiskamota guziai neguan ere dagozkien janariak eratzen dieztetzu. Zuk mortu onetan ere nere semea eta ni manten gaitzaketzu, arriak ogi eginta bederik. Eziñ aztu zindezke guzaz, Aita, eta ezgaituzu utziko gosez hilltzen. Zuk orañ bizilekua eratu diguzu, gure janariaren kontua ere idukiko dezu.

        Garai artan odeiak zabaldu, eta eguzki-epel-gozoa leizera sartzen abiatu zan, eta atakan basauntz bat beñgoan agertu zan. Nola orduraño iñongo eiztarik persegitu ezpaitzuen, guziz otxan eta mantxoa zan, eta Jenobeba ikusita, izutu etzan. Leize hura basauntz onen bizilekua zan, eta ala, alerik uzkurtasun gabe barruna sartu, eta Jenobebaren aurrean geratu zan. Abere hura ikusita Jenobeba zerbait izutu zan; baña beldurrak pixkabana aldegiñ, eta bere eskuen artean gozatu zuen. Aberea, Jenobebaren onginaia ezagutzen bazuen bezela, otzan eta geldi zegokion: eta Jenobebari bere aurra eta bera aren esneaz mantentzeko modua egitea, orduan burura zitzaion. Basauntz onek, bere umea otsoak janik, errapea bete bete lertzeko zorian zeukan. Jenobebak bere aurra titian ipiñi, eta asetzeraño edan zion. Orduan bere arropa urratuen zati batzuetan bildu, leizearen zoko batean eratzan, eta aur gaixoa isill-ixillik eta pozik lo gozo batek artu zuen. Bere aurrari beargai aiek egindakoan Jenobebak beretzat ere zerbait egitea, pensaturik, leizetik irten, an banatuak zeuden kurkubit-puskak bildu, mamiak kendu, eta iturritxoan garbiturik, txukunki prestatu zituen. Basauntza ere aurraren ondoan lurrean etzan, eta bere arnasaren lurruñaz aurra berotzen jarri zan. Jenobebak belar fresko biguñ batzuek iturritik ekarri, eta jaten eman ziozkan, eta abereak eskutik bertatik jan, eta mesede aren ezagueraz bezela bere eskuak millixkatu ziozkan. Orduan asi zitzaion Jenobeba bere kalabaz puskara esnea jatzitzen, eta abereak batere uzkurtasun gabe kalabaz aiek esnez betetzen utzi zion. Jenobebak, lurrean belaunikatu, kurkuit aietako bat esnearekin eskuan artu, gora jaso eta egin zuen orazio, era onetan. O nere Jaungoikoa! artu itzatzu nere malkoak, zure esku ongilletik etorri zadan mesede onen aldera. Bai, esne au zure doaia da. Aitz-arte onetan zuk sortu didazu zer jana. Zuk txoritxoren bati kalabaz-azia onara erakarri ziñion, zure doaia non artua izan nezan. Zuk aberetxo on onen bizilekura nere pausoak zuzendu ziñituen. Orañ ez daukat, ez, nere aur gaxoa goseak hillko didan beldurrik. Atsegin-kontentuz eta sosegu oso batean zuganako konfianzaz beterik begiratzen diot bada gañera datorkidan negu beltz gogorrari.

        Pozezko bere malkoak esnetara zerizkiola, bere hura edan, eta esan zuen: nere bizian ez det edan esne au bezañ gozorik. O Jaungoikoa! zeñ gutxi nekien nik nere gurasoen mai ugaritsu erregalatuan zure doaiak bear bezela estimatzen! Ah! nik orduan zuri eskerrak ez emana barka zadazu; premian zegoenari obeto ez lagundu izana barka zadazu. Ah! goseak nola estutu eta tormentatzen duen, nik ez nekien! Zenbati, nik, niri ezer asko kosta gabe, beren premietan lagun nizaiekeen!

        Esne arekin zerbait zuzpertu zanean, berriro Jaunari eskerrak emanta, ostera bere leizetik irten, eta zuhaitz zar, eta aitz-arteetan oroldio igar biguña bildu, eta beñ eta berriz mantala betean eramanaz bere semetxoarekin beretzat etzauntza biguñ bat moldatu zuen. Gero leiz-atakaren inguruan zinzilik zeuden sastraka eta zuhaitz-adarrak alkarri lotu, eta esi-gisa ipiñiaz zulo hura alik ongien estali zuen, aize gutxiago sar zekion. Topatu zuen ere an inguruan oroldio zuri-ori-berdez ederki jantzitako egur zar bat: eta au puska bi egiñ, eta egur azalezko zuminz batekin lotuaz gurutze bat moldatu, eta alik ongien zulo artan ipiñi zuen. Jenobebak eserita zegoela, arteraño ez bezelako alaitasun eta pozaldia beregan sentitu zuen. Jaungoikoari bere barrunbean eskerrak ematen ziardun, presondegi izugarri artatik atera, eta Golok ezin topa zezakean alako gorde-lekua eratu ziolako. Toki artan ere asko eramankizunen begira zegoela, ongi ezagutzen zuen; baña gurutzeari begira jarri, eta ziotsan: O nere Erredimitzalle jaungoikozkoa! Zu etorri ziñan nere amorez gurutzean hilltzera, eta nik zure siñale ori beti begien aurrean idukiko det. Orañ mortu onetan asiko naiz ermitañoen biziera zurekin egiten; orañ nere neke-penak artzen ditut nere gurutzetzat, gurutze au zuk bezela, nere gañera onez artuta beti erregutuko det esanaz: Aita, egin bedi zuk naizuna, eta ez nik nai dedana. Onek bere azkena noizbait izango du, eta etorriko da garaia, noiz eta nik esan al izango dizudan: egiña dago guzia. Orazio-aldi onen ondoren aspaldi artako ordez lo gozo batek begiak itxi ziozkan. Aurra ere Amaren epelean lo zetzan, eta basauntza berriz bien oñetan. Onek sekula geiago utzi etzituen.

 

aurrekoa hurrengoa