www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Emeretzigarren Bereziera

San Franziskoren progua. Santutzat aitortua.

Aren erliki-aldatzea. Aren obiaren edertasuna.

(1226-1230)

 

        Beteak zeuden Franziskorentzat graziazko misterioak, astera zijoazen gloriazkoak. Ez al zuen atzeneko asnasia eman, ark aiñ maite zituen, eta berarekin Jaungoikoa alabatzera ainbeste bider gonbidatu zituen txoriandra aetakoak Ama Birjiña Aingeruenekoaren tellatura joanda asi ziran kantatzen eztitasun aundiarekin, gloriako aren koroazioa zelebratu nai bazuten bezela. Kapuako probinziako Probinzial frai Agustin Asis jakinduria eta birtute aundikoak ikusi zuen Santuaren anima zerura igotzen izarraren itxuran, eta gaitzak menderatua zeukan oean neke aundiarekiñ eseririk, deadar egin zion, esanaz: «Ene Aita, itxedon nazazu, zurekiñ nua ni ere!». Eta aren anima, gorputzaren eragozpena etenik, joan zan bere Aita doatsuarenari lagun egitera. San Franzisko agertu zizaion oro bat bere adiskide argi Gidori, Gargano mendira erromerian zala, eta esan zion: «Deserri au utzi, eta banua zeru errira». Mirari oek guziak gertatu ziran urriaren irutik laura bitarteko arratsean.

        Zanaren gorputza prezio guziz gaindikakoa zan, argatik erlijiosoak balsamutu erazi zuten, luzaroagoan iraun zezan desegiñdu gabe. Jakobina Settesoli piadosoak pagatu zituen balsamutzearen eta illet-elizkizunaren gastuak. Biotza eta erraiak gorde zituzten Ama Birjiña Aingerueneko Eleizan Franzis [...].

        [...] zierto eta arrigarriak. Eta egiaz, zer dator Probidenziaren bitartekotasun zerukoi onetatik, ezpada Jaungoikoak era onetan ontzat ematen duela bere serbitzariaren santutasuna, eta toki guzietan bera Jaungoikoarekiko bitarteko artzea? Ala pensatzen zuten jende piadosoak, eta arrazoi aundiarekin. Baña ala ere bear zan beste erabaki bat, munduan Jaungoikoaren ordezkoa egiten duenaren tribunalarena, zeñaren erabakiak diran utsik eziñekoak, eta eskubide aproposa bear bearrekoa dan gizon bat aldarean parata santutzat onratzeko, esan nai degu, bear dala Erromako Eleizaren erabakdea. Oni bakarrik dagoka, egiaz, bere umeen santutasuna ezagutu eta aitortzea, eta au da benturaz Aita Santuaren koroaren lorerik bikañena. Erregetzako egintz onen bidez Erroma geratzen da pobreakiñ, baztertuakiñ, menderatuakiñ, paratzen ditu beste munduko egoera goienenetan egiñaz beren senideen anparatzalle, eta jarraitu bear dituzten molde, eta ematen die gizonak soma dezakean gloria beñere galtzen ez dan aundiena.

        Aita Santuaren epai au denbora asko baño len izan zan gure Doatsuarentzat. Honorio IIIgarrena ill zan 1227ko martxoaren 18an eta biaramonean Ugolino kardenala izan zan guzien itz batera Aita Santutzarako aukeratua, eta eseri zan San Pedroren Kataberan Gregorio IXgarren izenarekiñ. Ordenak galdu zuen Kardenal anparatzalle bat, beste balimentu geiagoko bat billatzeko.

        Jaungoikoaren Probidenziak gordetzen zion Gregorio IXgarrenari bere zartzaroaren konsuelorako eta sufrierazi ziozkan prueben indarrerako, San Franziskoren birtute miragarriak aitortzeko onra eta poz kontentua. Onen Aita Santutzako asiera naspillatua izan zan. 1228an pazkoa denboran sortu zan iskamilla, Alemaniako enperadorearen mandatariak zirikatua, eta Aita Santuaren agintea eziñ eraman zuten giza noble erromar batzuek lagundua, aitona beneragarriari deserriko bidea ar erazi ziona. Gregorio IXgarrena gorde zan Unbriako errietan, aurrena Rietin eta urrena Espoleton, emendik joan zan Asis-a San Damiango Dama pobreen konbentua bisitatzera, eta benturaz edo obeto aiñ portizki erasoa zan Pedroren ontzia San Franziskori gomendatzera. Nola jende on aek guziok batetan erregutzen zioten para zezala Santuen lumeruan Asisko Serafiña, Italiako Apostolua eta XIIIgarren eunkiko Mirarigille aundia deitzen ziotena, agindu zuen asiera eman zezaiola bertatik kanonizazioko prestamen edo aurrez egin bear diran billakinde eta gañerako lanai. Federiko IIgarrenarekin zerabizkian despitak erabakitzeko Perusara joan zediñ baño len, agindu zien Unbriako Obispoai bildu zezatela San Franzisko Asiskoaren dotriña eta egieraen gañean jakiñ zezatekean guzia, eta señalatu zuen batzarre bat kausa onen kontrako aundienak ziran kardenaletakoa, guzia ondo begiratu eta examiñatzeko.

        Laburtu ziran lanbide onetan jarri oi diran epeak, neurri onezaz iñor arritu gabe, bada kristau erri guzietan zabaldua zegoen gure doatsuaren millagroen aomena, eta aek ikusitako persona geienak oraindik bizi ziran. Jesu Kristoren Ordezkoak agerturik egiteko onetan Eleizak fede edo irakasdeko eginbideetan agertu oi duen zentzu aundia, ikusi zuen berberak auzbakidetegian lan au nola zijoan bere bidean; ontzat eman zituen artu ziran billakindeak, eta bere Aita Santutzako aginteaz usaturik, señalatu zuen 1228ko uztaren 16garren eguna zan iganderako, santua zala erabakitzea edo kanonizazio solemne edo ospatsua. Aita Santua bere kortear guziakin irten zan Perusatik uztaren 15ean Santuaren errian sarrera solemnea egiteko. Tomas Zelanok kontatzen digu pozez gañ egiñik, nolako alegri señaleakin iriki ziozkan ateak Asisko uriak, erri guziak nola lagundu zion Obispoaren jauregiraño, eta nola egun artan uri osoa etzan bear adiña anbeste giza noble, abade mitradun, obispo eta beste zenbat persona, Italia guzitik pesta onetara zijoazenai ostatu emateko.

        Bigaramon goizean (uztaren 16ean), Aita Santua alako denboratan oi zuen bezela aunditasunarekin joan zan San Jorjeko Eleizara, nun zegoen Santuaren gorputza, eta apaiñdua Santuaren erretrato eta banderakiñ. Aita Santua, orazio irazekia egiñda igo zan lenaz prestaturik zeukan jargoira, eta bere aotik adierazi zituen bizitzan adiskide eta anparatzalle izan zanaren birtute eta merezimentuak.

        Testo edo esaeratzat artu zituen Errege jakintsuaren itz oek: «Argi egin zuen Jainkoaren Eleizan, eguzkiak eguerdian bezela». Oktabiano Kardenal Inozenzio IIIgarrenaren lengusuak irakorri zuen bereala oituraren kontrara, bidez eta legez probatuak zeuden millagroen kondaira. Irakorkera au izan zan biotz mugida aundia jendeen artean egin zuena, eta benturaz egundaño alakorik ikusi etzan modukoa. Millagro aek gertatu zizaizten personik geienak an arkitzen ziran, eta aditzean deadar egiten zuten esanaz: «Egia da! Ori neri gertatu zitzadan!». An arkitzen ziran millagro aen testiguak eta pekatari konbertituak, zeñak toki santuan zeudela batere begiratu gabe, ezin egon ziren ixilik eta arrigarrizko ujuak egiten zituzten. Gero Rainerio Capoccio Kardenalak, Santo Domingo eta San Franziskoren adiskide aundia izan zanak, kontatu zuen San Franziskoren bizitzaren gañean zekien guzia. Guziok pozez negar egiten zuten. Azkenik Aita Santuak, jargoian eserita, burua tiaraz estalita, eskuak eta begiak zeruronz altxaturik, esan zituen jende deboto guzi aren aurrean itz ospatsu oek: «Jaungoiko guzialdun Aita, Seme eta Espiritu Santuaren gloriarako, Birjiña Maria doatsuaren, eta Pedro eta Paulo Apostoluenerako, eta Erromako Eleizaren onrarako erabaki degu gure anai Kardenal eta beste Obispoen iritziaren erara, paratzea Santuen errunkaran Aita Franzisko doatsua, Jaungoikoak zeruan gloriaz koroatua, eta guk lurrean onratzen deguna. Beraren pesta egingo da urriaren lauean».

        Itz oek esanda, tiara burutik kendurik, apaiz-urrenak asi zuen Te Deum triunfoko imno aundia, eta Kardenalak eta Erlijioso txikienak kantatu zuten arekiñ batean. Jendeak erantzuten zuten deadar aundiakin, eta eskilla soñu-errepika alegereak adierazten zien inguretako errietakoai Santuaren kanonizazioa erabaki zala. Gregorio IXgarrena jetxi zan gero jargoitik, eta Santuaren kaja aurrean belaunikaturik, muñ egiñ zion, utzi zuen oitura zan limosna, eta asi zuen mezaren sakrifizio santua. Erlijioso txikienak eskuetan zirioak edo oliba adarrak zituztela inguratzen zuten aldarea, eta kantatzen zuten guziok batetan: Franciscus pauper et humilio, coelum dives ingreditur, hymnis coelestibus honoratur: «Franzisko, munduan umill eta pobrea zana, sartzen da aberats zeruan, onratua da aingeruen kantakin».

        Meza emandakoan Aita Santuak deitu zion klaroki Santu berriari, esanaz: «Aita San Franzisko, erregutu ezazu gugatik»; eta adierazirik induljenziak, eman zuen bedeinkazioa.

        Pesta oek berritu ziran gero San Franziskoren Ordenako konbentu bakoitzean egin zituzten iru eguneko Eleiz-punzio txit aundietan, eta andik txit urte gitxira ozta izango zan mundu guzian Eleiza bat Asisko eskale umillari aldareen bat donekidatua etzeukana. Ala betetzen zuen Jaungoikoak gloriaz, geien despreziatu zutena, eta onetatik argiro ezagutzen da zeiñ arrazoi aundia gendukan esateko, Erromak ematen diela justuai gizonak soma dezakean betiko biziera gloriatsuena. Munduko pestak baño errespetagarriagoak eta obeak diran erlijiozko guzien artean, eztago batere kanonizaziokoaren parekorik, eta ezer entendimentuai obeto agertzen dionik zeiñ dan Jesukristoren Esposa egiazkoa.

        Eta egiaz, Eleiza Katolikak bakarrik egiten ditu santuak, berak bakarrik dauka eskubidea lurrean koroatzeko, Jesu Kristok bakarrik daukan bezela zeruan koroatzeko; eta Eleiza agertzen bazaigu aundia zeruko bizitzarako bataioan sortutzen dituenean, are aundiagoa, eta itz batean esateko, Jainkozkoagoa agertzen zaigu, noiz eta, aen autsak obietatik aterarik, adierazten dituen aen garaipenak, eta paraturik gure altareetako jargoietan, gonbidatzen dituen gizaaldi guziak arekiñ batean kantatzera: «Zeñ ederra dan anima garbien arraza! Aren oroipena Jaungoikoak eta gizonak bedeinkatua da, eta ez da beñere galtzen!». Santuen kanonizazioa da, bada, garaipen paregabeko bat, nolerebait esateko, eternidadeko Eleiz atarian egiten dana. San Franziskorena da beste guziak ez bezelakoa, bertan gertatu ziran darraikoi, kontatu gabe eziñ utzi giñitzakeanakgatik. Orduan ikusi zan aurrena Erromatik kanpora zegoen Aita Santu batek kunplitzen zuela egiera aundi au Santu berriaren obiaren beraren gañean. Gañera Eleizak erabaki zuen osoro auzi au Santua ill zanetik bi urte bete baño len, eta Pika aren ama an aurkitu zan ikusten Jainkoak aututako onen zeruko garaipen au. Ama zorionekoa, pena eta sakrifiziozko bizitzaren ordañez gustatzen zuena mundu onetan ama batek deseatu dezakean saririk gozoena; bera izan zan semeagan koroatua.

        Andik iru egunera, Gregorio IXgarrenak bialdu zien munduko Obispo guziai Kanonizazioko Bulda 1228ko uztaren 19an Perusan emana, Bulda bat itzal txit aundiko oroigarri bat ezezik, Santuaren alabantzarik onena dana.

        Gogoratuko dira gure irakorleak nola Franziskok agindu zuen bere gorputza lurpetzeko Infernuko mendi-muñoan. Frai Elias asi zanean kunplimentu ematen Santuaren atzeneko borondate oni, Asis guzia altxa zan aren kontra, uste izanaz toki ura aukeratzearekin desprezio egiten zizaiola uriari eta bere semearen oroipenari. Juan ziran Aita Santuarengana eta Gregorio IXgarrenak ontzat eman zuen frai Eliasen asmoa, baña agindu zuen Infernuko mendi-muñoa deitu zedilla geroztik Paraisoko mendi-muñoa. Uriko kargudunak Aita Santuaren erabakierara pozez jarririk Paraisoko mendi-muñoa erantsi zioten Aituaren menpeko beste lurrai.

        Aita Santuak agindu zion frai Eliasi egiñerazo zezala Eleiza bat bertan gorde bear zan ondasunaren diñakoa. Berak bedeinkatu zuen lenbiziko arria kanonizazioko pestaren bigaramonean, eta bere diru-kutxa ustu zuen obraen bukaera laguntzeko. Federiko IIgarrenaren arm-altxaerak erakarri ziozkan Aita Santuari egun triste eta negargarriak. Bere dirutik emanaz gañera, Aita Santuak erregutu zien fededunai lagundu zezatela beren limosnakin, irabazi zitzaten orretarako eman zituen induljenziak. Frai Eliasek bere aldetik, Jakobo Aleman zeritzan denbora artako etxagille sonatuenak lagundurik, aurreratu zituen lanak iñork uste baño azkarrago. Eziñ ukatu diteke lanbidea guziz aundia zala Paraisoko mendi-muñoa egiten zuten arkaitz gitxi asko desberdiñak, eguzkiaren sart-aldetik uriaren murruakin mugatzen ziranak. Andik kendu bear izan zan arri aundi bat, San Franziskoren gorputza gordea geratu bear zan zuloa egiteko. Mendi-muño gañean, arte aundiz berdindutakoan, altxa zan zimendu sendokiko Eleiza bat Bizanzio erakoa.

        Esan diteke egiaz, Eleiz onek arri anbat mirari badituela. Bazirudien lurretik berez sortu zala, bada urte bian ia bukatua zegoen. Ona emen arrizko kantu bat, oroitgarri bat, bidegabe despreziatzen diran denbora aetako fedearen indarra ezezik, gizonaren jenioak, fedearen serbitzuan jartzen danean zenbat dezakean, agertzen duena. Aita Santu deserritu bat, pobrezan fundatutako Ordena bat, eta beragatik ezer ez zeukana, uri bat askotan gerrak ondatua, eta erri bat Aita Santuaren obedienzian egon nai etzutenen persekuzioen mendean zegoena izan ziran Jaunak aukeratu zituen gordairuzaiak.

        1230ko udaberrian Buru nagusiak adierazo zion Gregorio IXgarrenari obrak zer modutan zeuden, eta ark agindu zien erara, izkribatu zien erlijioso txikien guziai eta Prinzipe kristau guziai aditzera emanaz San Franziskoren gorputz-aldaera San Jorjeko Eleizatik Eleiza berrira; eta Billera guzienkikoaren sarrera egingo zala urte bereko maiatzaren 25ean. Nola Asisko Serafiñaren sona mundu guzian zabaldua baizegoen, errege katolikoak bialdu zituzten doai baliosoak Eleiz berria apaiñtzeko. Aita Santuarenak guziai erain zien aberatstasunean. Bera pestara ezin joan zalako, orain adiñ aundiagatik, bada zituen ia eun urte, orain bere eginkizun larriak lekurik ematen etziotelako, eman zien kargua iru kardenalai ipintzeko aren izenean San Franziskoren obi gañean urrezko gurutze bat arri preziosoz apaiñdua eta Gurutze egiazkoaren puskarekiñ aberastua, urre eta zillarrezko kalizak, urrezko aldare marko bat perla eta arri distiariz ornitua, ornamentu kostu txit aundikoak, eta diru asko obren bukaerarako.

        Erregali oekiñ batean bialdu zuen eskutitz bat, zeñean irakortzen degun: «Jaunak, bere Esposa bakarra dan Eleizaren gaztetasuna berritzeko bere miserikordiak ugaritzen dituenak, nai du gloriaztutzea lurrean millagroakin, zeruan koroatu dituenaren erlikiak; beragatik, eta eziñ konta al kezkak eta pena txit aundiak mendean bagauzkate ere, esan eziñ bezelako konsuelo eta esker ona arkitzen degu zuen Aita eta gurea, eta benturaz zuena baño gurea geiago dan San Franziskogan ixuri duen glorian. Atsegiñ artu degu jakitean lenago egiñak dauzkan zenbat millagrori erantsi bear zaiola Alemanian gertatutako gizon baten piztuera, eta pozez betetzen gera zabaltzean Santu aiñ aundiaren alabanzak. Ordañez, uste osoa daukagu, munduan zanean anbeste amatu gaituenak, oraiñ amorio utsa dana arpegiz arpegi ikusten dagoenean, kariño bereziagoa izango digula, eta geratu gabe gugatik erregutuko duela... Ontzat ematen degu aren erlikiak ari konsagratuko zaion Eleizara aldatzeko zure deseoa». Eskutitzaren bukaeran zeuden señalatuak induljenziak, eta lan artarako enkargatuen izenak, frai Elias Buru nagusiaren eta Txikienen Ordenako beste erlijioso batzuen alde. Buldatxo onekiñ argiro ikusi erazotzen da franziskoarrak beti Aita Santuaren obedienzian egon badira, ordañez Aita Santuak mesedez bete eta bere anparupean iduki dituela.

        Maiatzaren 25ean (larunbat eta Pazkoa Espiritu Santuko bezperan) goizean goiz asi ziran Aldaerako zeremoniak egiten. Atera zuten gorputza zetzan obitik eta ipini zuten gurdi ederki apainduan, manta gorri txit baliosoaz estalita zegoen uztar idiak zeramatela. Esan zitekean gorputz bizia aldatzen zutela, bada gorputzeko mienbro edo bizakaiak zeukaten bizitzako egoitza edo biguñtasuna, eta llaga sagraduak biziak ziruditen. Aita Santuaren iru ordezkoak, frai Elias eta Aita Santuak enkargatuak inguratzen zuten gurdia, eta ondoren bi illara luzeetan zijoazen Obispoak, apaizak, bi milla erlijioso baño geiago, eta erriko agintariak beren arma gizonakin. Erriko jendea toki guzietan zegoen. Egun aetan Asisko urira joan ziran erromesen irudi bat idukitzeko, asko degu esatea aetako geienak beren etzauntzak uri inguruan egiñ bear izan zituztela. Prozesioan kantatu ziran Santuaren onran Gregorio IXgarrenak ipinitako kantak, eta an gertatutako millagroak irazeki zuten are geiago Santuarenganako jaiera.

        Asisko murruak etzuten egundaño alako aunditasunik ikusi. Zergatik esan bearrean gera ondorengo gertaera au? Prozesioa iritxi zan Paraisoko mendi-muñora modu onean, noiz eta Asistarrak barruntaturik jendearen mugida, eta bildurrak arturik ostuko ote zien ondasun ura, artzen dute arrapaztaka Santuaren gorputza gordea zegoen kaja, badaramate Eleizara, eta ateak itxirik, lurpetu zuten zulo aundi batean, burni errejatzar baten atzean, arkaitz bizian egiñdako obi, berak bakarrik zekienean. Eragabekeria oen bidez, Aita Santuak enkargatutakoak eziñ sillatu izan zuten kaja, eta aiñ ederki asi zan pesta, bukatu zan sakrilejio gisako gauzarekiñ. Gertaera onen berriak sentimentua aundia eman zion Aita Santuari, eta Asistarren kontra bidezki aserraturik, agindu zien Perusa eta Espoletoko Obispoai kontu estuak artu eta Eleizan sartzeko debekua eta eskumikua bota zitzaiela, baldin amabost egun bitarte erremediatzen ezpazuten egindako utsegitea. Uriak, Santuari zion jaiera geiegiaz eta Santuaren gorputzaz aseguratu naiez pekatu egin bazuen ere, etzuen egon nai izan setaz desobedienzian; kontrara bereala bialdu zituen mandatariak Erromara barkazio agirikoa eskatzera, eta guzia barkatua izan zan.

        Berez ezer etzan ustekabe onek erakarri zituen ondore txit negargarriak; bada igaro dira seireun urte aldean jakin gabe Santuaren erlikiak dauden toki ziertoa. Jendeen irudimenduak antolatu zituen irakorgai atsegiñgarrienak San Franziskoren gorputzaren doai eta egieraren eta llagen gañean, etzeukaten ordea kondairak eskatzen duen egiatasunik, eta XIXgarren eunkiraño etzaio kendu misterio oni ezkutatua zeukan beloa. Ara nola gertatu zan.

        1818an Pio VIIgarrenak eman zion eskubidea Aita Jose Boni, Anai txikien konbentualetako Ordenako Buruzai nagusiari beeko Eleizako aldare nagusipean lurrak atera eta mendiaren saiets arkaitztsuak miratzeko. Berrogeita bi gau lanean isiltxorik igarotakoan azaldu zan burni erreja, eta abenduaren 12garrenean agertu zan kaja osoa. Eskeletoa zegoen ukitu gabea, besoak zeuzkan gurutzatuak eta banatzen zuen usai txit gozoa. Kaja zan aundiegia gorputzaren tamañarako. Burukotzat zeukan arri bat, bada jakiña da Santuak etzuela besterik usatzen. Kaja inguruan arkitu zituzten zillarrezko erraztuna anziñako koralina batekin, tela orriak, XIIIgarren eunkiko diruak eta ogeita zortzi errosario ale, amabi anbarrezkoak eta amasei subeltxezkoak. Etzan arkitu izkira otallaturik, eta etzan bear ere, bada nola Eleiza izendatzen baizan San Franziskoren obia, eta bertan nun nai ikusten zan Asisko Serafiñaren izena izkribatua, alperrikako gauza izango zan izkira otallurik jartzea. Pio VIIgarrenak eman zien enkargua Asisko, Nozerako, Espoletoko, Perusako eta Foliñoko Obispoai jakiteratu zitezela segurtasun guziarekiñ ea ura zan San Franziskoren gorputza, eta berak kausa kontu aundiz ikusi ondoren aitortu zuen solemnidade guziarekiñ 1820ko agorraren 5ean emandako Buldatxo batean, Santuaren Eleizako aldare nagusipean arkitutako gorputza zala dudarik gabe San Franzisko Asiskoarena.

        Andik lau urtera, Leon XIIgarrenaren Aita Santutzako lenbizikoan obia biurtu zan Eleiz guziz eder batean, zeñari eman zaion Obiko Eleizaren izena. An, burni erreja beraren atzean, kaja berean, eta anbeste eunkian jendeen beneraziorik artu gabe ezkutatuak beti egon ziran tokian arkitzen dira erlikiak. Obitokia dago arri marmol kolorezkoaz ornitua; kaja gañean, eta obra guziari eusten dion pillarearen ondoan dago aldarea, eta amar moldura lurrezkoak pareta guzietan partituak. Obitoki eta loretegiaren bitartean daude bi tallu marmolezko Pio VIIgarrena eta Pio IXgarrena adierazten dutenak. Egiaz, bi giza noble oek, ez dute esan nai Aita Santuak dirala berak egin zuten oroikarria gordetzen dutenak?

        Aita Santuaren anparuari eta Asisko biztanleai eskerrak, Alberniako Santu llagatuaren gorputza gordetzen da osorik, batere puskarik kendu gabe. Badaude Penitente Santuaren beste erliki batzuek; ona kontaturik bikañenak: Konbentu Sagraduan, bi tunika, pergaminozko orri bat, saietseko llagako odolarekiñ mantxatua, etzauntzat serbitzen zion ola. Guinta Pisakoak an pintatu zuen Santuaren erretratoa. Bi zapata pare, bata basauntz larruzkoa, eta bestea oialezkoak Santa Klarak egiñak. Gamelu larruzko zilizioa. Ejitoko Erregek erregalatu zion marfillezko adarra, fededunai deitzeko usatu oi zuena. Frai Leoni eman zion bendizio bere eskuz izkribatua. Santa Klaran, San Damiango kuadro miraritsua. San Franzisko Ripakoan, soka bat. Florenzian Monte Akatoko kondeari erregalatutako tunika. Parisko kaputxinoen konbentuan lana urdiñarrezko kapotetxoa; beste zenbat gauza Santa Klararen obian billatu ziranak, bada obi au ere nun zegoen iñork etzuen jakindu seireun urtean, eta agertua izan zan San Franziskorenarenetik ogeita amar urtera (1850). Asisko Klarisa monjen abadesak Marsellakoenai arkitze onen gañean izkribatu zion eskutitza da izkribu bat añ baliosoa eta egia añ leialki jartzen duena, non eziñ utzi genezakean para gabe liburu onetan. Ona emen senzilloro berak diona:

        «Nere aizpa txit maiteak; seguru nago badakizutela gure Santu fundatzalleen erliki asko gordetzeko ditxa daukagula. Jaungoikoak daki nolako antsiarekiñ deseatzen genduen iritxi zedilla berak alde aldetik onratzeko eguna, noiz eta Luis Landi Jaunak agindu zuen gure Amaren obia idiki zedilla San Franziskoren Llaga ezartze egunean; oraindik geiago egiñ zuen, bada bera etorri zan zeremoni artan buruzai izatera. Orduan zabaldu giñituen mai baten gañean al genduen errespeto guziarekiñ gure Ama Doatsuaren soñekoa, beloa, zilizioa eta tunika, eta gero gure Serafin santuaren erlikiak; eta bost orduan ikusi al izan giñituen ongi pobrezazko, penitenziazko eta munduaren despreziozko prendak. Zer errespetoarekiñ muñ egiñ giñion gure Aitaren tunikari! Nola begiratu giñion Santa Klarak egiñ ziozkan oñetakoai ibiltzean llagak ematen zioten oñazeak ariñtzeagatik! An beneratu genduen odolez bustitako zapia, eta lana zurizko kapote egunerokoa, serbitzariaren kapotea, kondairatzalleak dioten bezela, Asisko Obispoak jantzi ziona, bere erropa guziak erantzi zituenean, mundu ontako gauzarik ezertxo ere izan etzezan, eta Santa Klarak egiñdako alba San Franziskok jazten zuena meza solemneetan Ebanjelioa kantatzen zuenean. O! Ikusiko bazenduteke zer lan piñ, artezko eta ederra dan! Zeñ trebea izan bear zuen Santak gis onetako lanetan! Zer ikasbide ederra ematen ziguten anbeste denboran lurpetuak egon ziran erliki aek!».

        Asisko bi Serafiñen erliki santuak, zaudete beti orain gordetzen zaituzten konbentu sagraduetan! San Franzisko, pobreen aita, anpara ezazu beti zure ezpaiñ iltzer zeudenak bedeinkatu zuten uri au! Santa Klara, pobren prinzesa, libra ezazu zure jaieterria bere fedea kendu nai dioten fedegabe berri oetatik!

        Erliki santu oetatik alde egiñ baño len, ikusi dezagun zer onra ematen zizaion San Franziskori, eta aren obia ornitzen duten aunditasun egiaz arrigarriak. Sona eman zioten bertan egiten ziran millagro ugariak, eta ala bera izan zan Prinzipe eta errien, Aita Santu eta fededunen bilkuia San Luis Franziako erregetik asita Austriako Franzisko lenbizikoraño; Gregorio IXgarrendik Pio IXgarreneraño, eta ala ikusi zan Unbriako uri baztertuenetako bat altxatua munduko uririk sonatuenen artera, joaten ziralarik bertara beste Eleiz beneragarri eta anziñakoenetara anbat erromes.

        Ez dedilla uste izan gure Santua onratzen zala Unbriako balleran edo konbentuetan bakarrik. Txit laister aren onra zabaldu zan munduko bazter guztietara, eta Kristobal Kolonek Amerika agertu zuen ezkero zabaldu zan mundu zar eta berri guztian. Alaz guziaz ere Franzia eta Españia anbesteraño ark maitatu zituenak eta beraren boza aiñ leialki aditu zutenak, etziran Italia baño gitxiago izan aren jaiera eta amorioan. Errege eta aundizkiak aren izena jartzen zioten beren seme-alabai, jendeak egiten ziozkaten aldareak, munduko pobreak zijoazen bere anparupera, eta Jaungoikoak saristatu nai izan zuen aen konfianza Ordenako kondairetan irakorri ditezkean millagro eta mesede askorekiñ. San Franziskok alako mugida ezarri zien entendimentuai, alako berotasuna piztu erazo zuen biotzetan eta alako itzala egiten zuen bere denborakoen artean, non, merezi izan zuen beste giza noble birekin batean ematea bere izena eunkiari; eta ala XIIIgarren eunkia oro bat esaten da Inozenzio IIIgarrenarena, Santo Domingorena eta San Franziskorena.

        Aundia bada ere toki guzietan Santu oni ekartzen zaion onra eta benerazioa, badago uri bat guziai eraiten diena, uri bat zeñean aren oroipena gordetzen dan atzo ill izan balitz beziñ preskoa; uri bat berarekiñ bat egiñ dana anbesteraño non part artzen duen bere aunditasunean eta deitzen dan Serafiñ uria. Gure irakorleak aspaldian ezagutzen dute, da Asis, aren jaiet-erria. Bisitatu dezagun soseguz fedezko espirituarekiñ, bada egunoro itxura eta jabea aldatzen duten Franziako errien kontrara, Asisek gorde du munduko denbora aldi erdiaren errien itxura. Sarrerako ate nagusi gañean irakortzen da izkira otallatu bat, munduko iskamilla naspillatuetan ezagutzen ez dana, biguña, zeruko itz otsa bezelakoa: San Franziskok, itxu eta iltzer zegoela bere jaieterriari eman zion bedeinkazioa. Gañerako murru ingurua da oro bat ezagungarria. Arratsaldetan or emen boz eztitsuakiñ kantatzen dituzten kantaen batzuek ezpadira, ez dira aditzen eskilla soñuak eta txorien kanta besterik. Karrikak dira aldapadunak eta estuak, eta oraindik ikusten dira beretan anziñako kuadroak San Franzisko edo Santa Klararen bizitzako pasarteren bat adierazten dutenak. Etxerik geienak dira godo erakoak XIIIgarren eta XIVgarren eunkian egiñak, leioak dauzkate errejakin konbentuetakoak bezela; emakumeak aritzen dira lanean etxe atarietan begiak lanetik kendu gabe, ez dirudite iruleak, mojak baizik; geienak alabaña dira San Franziskoren alabak, da esatea, dira Penitenziako Irugarren Ordenan sartuak daudenak.

        An guziak Franziskoaz itz egiten du, eta Franziskok Jaungoikoaz. Baña oroikarri guzien artean bikañena da Santuaren obia, aunditasun eta artezko mirari egiazkoa, asieratik arte eta izkirazaleentzat somaketa berriaren iturria izan zana. Ikusi degu Gregorio IXgarrenak para nai izan zuela lenbiziko arria, eta zenbait neke eta buruausteen bidez iritxi zuen Buruzai nagusiak atera zuen Paradisoko mendi-muñoaren arrizko erraietatik, esateko moduan. Obrak etziran bukatu andik amairu urte bitartean (1243) eta San Pedroren beste ondorengo bat, Inozenzio IVgarrena, izan zan eleiza eta zerraikion konbentua konsagratu zituena. Geroztik etxea deitzen da Konbentu Sagradua, eta Eleizari eman zizaion Aita Santuaren Kapillaren izena.

        Konbentu Sagradua da Italiako joia artezko bat. «Eztago beste bat alakoa, ikusi gabe ezin iduki diteke denbora aetako arte eta gustoaren idearik. Konbentu au, Danteren izkribua eta Loretxoak dira Kristiandade gaindadi edo mistikoaren obra nagusia».

        Konbentua dago mendi desberdiñ baten tontorrean egiña, bata bestearen gañ paratako bi illera ar-uztaien gañean, eta dauka bere denborako siñalea. Bere saietera, arrilluzko uztai, ganbara eta klaustro zinzilikakoakiñ badirudi jaun aundi baten gaztelua. Eguzkiaren sart-aldetik dauka aurrean amiltegi bat, zeñaren oñean dijoan erreka zistor bat arri kaskar tartean bide luzean. Sixto IVgarrenaren obra dan eguerdi aldeko galeriatik ikusten da Unbriako ballera ederra arboladizko mendiz inguratuakin.

        Pillaretxo piñez ornitua dagoen urube ertz batetik sartzen da Eleizan, zeña dan bata bestearen gañean egiñak dauden iru Eleiza: goikoa, beekoa eta obitokia. Lenbiziko biak dira Jakobo Alemanen obra, eta irugarrena, Varledur zeritzan pranzes odoleko etxagille batek egiña. Eleiz oetako bakoitzak dauka bere egitura banaa, eta txit laister igartzen zaio zergatik dan ala, bada adierazten dute Santuaren iru biziera aldiak. Obitokian adierazten da gurutzea. Beekoak, serio eta itzaltsu erromarren antzekoak, oroitu arazten ditu Bernardonen semearen bizitza latz eta penitenziak. Goikoak bere ojiba urratuakiñ, argi ugari, larros aundi, bidriera, otalluz ornitutako koru edo ganbara eta aiñ ederki lazotuak dauden bordatuakiñ, gogora ekartzen digu aren gloria eta zeruko koroazioa. Lenbizikoak negar egiñerazitzen du; bigarrenak mugierazitzen du itxedotera konfianza triste batekiñ, zeña dan orazioaren gairik ederrena, eta irugarrenak, zeña dan kordebagetze eta bestiruditzearen siñalea, sentiarazten digu lendanaz betiko zoriontasuna. Ala irurak txit erakidatzen dira batune miragarri onetan arrizko kantu batean adierazteko Asisko Serafiñaren esperanzak, jazarreak eta garaipenak.

        Amabi konbentu gizasemeen eta emakumeenak Ordena onetako famili banaatakoak inguratzen dira Santu onen erlikiak gordeak dauden obiaren itzalpean. Konbentu oetako bakoitzak gogoratzen du aren bizitzaren denbora aldi bat; guziak beneratzen dute ordea obi bat bera, eta artzen dute inguruan aurrak beren ama bezela. Ama Birjiña Aingeruenekoa, ordekan goitargiak bezela distiatzen duen bere boillerdiarekiñ; Santa Klara, XIIIgarren eunkiko eleiz ederra, Erlijioso Txikien Felipe Kanbello Spoletokoak ateratako planotik egiña; Chiesa-Nuova (Eleiza berria) Grezi-Eleiza, San Franziskoren bost llagaen oroipenean bost boillerdiz ornitua, Españako Errege Felipe IIIgarrenaren kostura Morikonitarren purubean egiña, eta azkenik gaztelu arrakatuaren oñean Kaputxinoen eleizatxoa: ona emen oroigarriak giaritzat serbitzen dutenak joateko Patriarka santuaren obira.

        Franziskok ill zanean etzuen eskatu lur piska bat, eta ori tokirik desongarrienean baizik, eta, gauza arrigarria! iru eleizak gordetzen dituzte aren ezurrak, eta erri osoak serbitzen dio obitzat. Urkamendiai artezko obra bikañak ordaindu die; borreroari, Jaungoikoaren miserikordiaren ministroak, eta gaitzgilleen deadar ikaragarriai soñu gozo eztitsuenak.

        Etxakintza edo arkitekturak bukatu zuen bere lanbidea Santuaren obian. Baña denbora aldi artako gizonak etzuen uste obra oroikarri bat bukatua zegoela arria arriaren gañean jarriarekiñ; prezisoa zan arri aek itz egitea, eta itz egin zezatela pinturaren itzkuntza, ezjakiñak eta txikiak iristen dutena; prezisoa zan para zezatela an zerua ikusteko moduan, arkituaz bertan aingeruak eta santuak jendeen konsuelo eta ikasbiderako. Pintura joan zan, bada, bere txandan arriaren adiera azaltzera. Goiko bi Eleizen bobedak izan ziran urdiñez pintatuak eta urrezko izarrez apainduak, eta paretetan Eskritura Sagraduko pasarteakin batean ikusten ziran Asisko penitentearenak. Murru aek ukitu eta gaztetu gabe eziñ egon bazitekean bezela, eleiza egiñ zan eskola berri baten asiera, eta artea, berritua eta zeruko argiarekiñ pizkortua, altxa zan indartsu mendimuño onetatik Napolesko kosta aldera zabaltzeko. Pisako Guinta eta Florenziako Juan Cinbaue anziñako Bizanzioko eskolako pintatzalle maixuen ondoren etorri zan Giotto, artzai umilla, Cinbaueren ikaslea eta maixuari erain ziona, Giotto, pinturan egin zuena Jakobo Alemanek etxakintzan egiña, au da, irabiera egiazkoa, usatuaz arte onetan molde garbiago, irudiarrago eta kristautasun geiagokoak.

        Giottok ausardi aundiarekiñ egiñ zuen goiko eleizako kuadro gogoangarrietan Santuaren alabantzarik aundiena, aren bizitza Jesu Kristorenaren erakoa; oro bat txit miragarriak dira ondorean beeko eleizako bobedan para zituen kuadroak, irudikatzen dituzte San Franziskoren birtuteak eta garaipena, eta daude jarriak obi gañean koroaren gisan. Arrigarrizko gauza da ikustea nolako kristau sentimentuarekin ideatu zuen Giottok eta egiteratu bere plana. Arentzat Franziskoren gloriaren zimendu eta motiboa dira beraren birtuteak, eta pinzelak azaldu bear ditu alairo gizonaren argaltasuna geien izutzen duten siñaleakiñ, da esatea, erlijiozko iru boto, Kastidade, Obedienzi eta Pobrezaren pean. Kastidadea, belo aundi eta modestiarekiñ tolestatua daukanarekiñ estalia dagoen emakumean iruditua, dago erretiratua gaztelu batean eskuak elkarganaturik otoitzerako zorian, Penitenziak eskuan daukan azotearekiñ amorio loia eta eriotza andik aienatzen dituen bitartean. Obedienziak tunika umill bat jantzirik artzen du Erregla eta arrokeriari jartzen zaion uztarria, pizti biurri bati bezela. Azkenik Pobrezak betiko barauakiñ aurpegi zimurtuarekiñ, ille nastuarekiñ, soka lodi batez gerria lotuarekiñ baña kopeta noble eta txit ederrarekiñ, Pobrezak, Kristoren alargun onek luzatzen dio eskua San Franziskori. Txakur batek, eskaleen berezko etsai onek, zaunka egiten dio, eta bi galai gazte limurik bata gorriz eta bestea urdiñez jantziak tiratzen diozkate arriak eta para larrak bidean. Kristok ordea ezkontzen ditu bi esposoak, eta Aita Betikoa agertzen da odei tartean, zeru-lurrak joan bear bazuten bezela bi eskale aen ezkontza ikustera.

        Giotton ikasleak jarraitu zioten bere maixuaren obrari; aitatu ditzagun aen kuadroen batzuek: Profetak, Abdon Donik egiña, Rafaelek Erromako Santa Maria Pakekoan antzeztu zuena; Jesukristoren Gurutziltzatzea, Migel Anjelek txit estimatzen zuen pintatzalle Pedro Kaballinik egiña; Ama Birjiñaren bizitza Tadeo Godirena; Santa Maria Magdalena Buffalmaccorena, eta San Martiñen Irakorgaia, Simon Memmirena. Giottinoren pinturak desagertu dira.

        Begiratzen zaionean Kaballiniren kuadroari eta ikusi arako iltzer dagoen Jesus gurutziltzatua, eta aingeru aek aiñ triste negarrez gurutze inguruan eta biltzen urrezko ontzietan Jainko Gizonaren odol tantoak, arrizkoa izan bear du batek ez negar egiteko, eta belaunikaturik damuaren siñalean bular joka ez aritzeko. Oraingo denboretan Owerbek pintatzailleak ere eskeñi dio Asisi bere jakinduriaren frutua, eta para du Ama Birjiña Aingeruenekoan.

        Alakoa zan Franziskoren itzal eragillea oituretan ezezik artezko obretan ere. Eman zion erregla nagusitzat arteraño azaldu gabe egon zan sentimentu bat amorio serafiñdarra; sortu zuen eskola bat osotoro kristaua, Unbriako eskola, eta atera zuen artista talde bat beren obren menekioa egin ziotenak, uste osoan egonaz Santuaren gloria betikoak aen lanak ere betiko sonatuak egingo zituela.

        Azkenik leia onen laguntzan etorri zan Biursakiñtza, bere senide Etxakintza eta Pintura berdindu edo benturaz berai eraiñ ziena. San Buenabentura, Dante, Tasso, Jakopone Todikoa, Lope de Vega, Anatolio Segur: ze bersolariak, nolako alabantzak irteten diran aen ezpañetatik Asisko Serafiña kantatzeko! Jarri dezagun ejenplotzat Danteren pasarte sonatu au:

        «Tupinoren eta Ubaldu doatsuak aututako mendimuñotik irteten dan errekaren tartean, lur gizen koipatsuzko aldapa jeisten da mendi goienetik».

        «Nondik Perusak artzen dituen otz-beroak Eguerdi aldeko atetik, Nozera eta Gualdok mendi atzean beren uztarri pixuaren pean negar egiten duten».

        «Egi onetan, aldapa txikiagoa dan aldetik jaio zan mundura Eguzki bat Ganjesko uretatik irteten dan zerukoaren parekoa».

        «Eta leku onezaz itz egiñ nai dutenak, ez dezaiotela deitu Asis, ondo adieraziko ez lukealako, ezpada Sort-aldea, au bere izen egiazkoa dalako».

        Galdetuko balitzaguke Bernandonen semearen izena zergatik egiñ dan aiñ estimatua, zergatik kristau erriak altxatzen duten, zergatik azkenik gizaalditik gizaaldira igarotzen diran Jakoponen kanta zoragarriak, Danteren, San Buenabentura eta Santa Teresaren izkribu goiargituak, Zimabue eta Giottoren kuadroak, erantzungo genduke: «Jaungoikoak altxa nai ditu beeratzen diranak, eta egiten du jendeak onratu ditzatela San Franzisko Asiskoagan beren buruak osotoro ukatu, eta lagun urkoaren neke-premiak alibiatzen saiatzen diranak».

 

aurrekoa hurrengoa