www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

San Franzisko Asiskoa
Lenbiziko bereziera

Unbriaren azaldaera. Franziskoren jaiotza. Aziera. Gaztetasuna.

(1182tik-1206ra)

 

        Erromatik Italiako Ifar alderonz dijoan bidelaria, Erroma inguruko kanpoaren bakartasun triste eta illuna igarotakoan, iristen da Unbria izendatzen dan ibar eder eta zabal batera. Izen au eman zioten Galo edo Unbroak Alpe-mendietatik Italian sartuta probinzi aberats onezaz zaletu eta menderaturik, bertan jarri ziranean lareun bat urtez Jesu-Kristo mundura etorri baño lenago. Unbria zabaltzen da Espoletotik Perusaraño, eta bere goi aldean, Tiberko ibai ertzetik Apeninoko mendi oñeraño. Eztegu ezagutzen lurbira au baño alegere eta atsegiñgarriagokorik. «An ikusten dira Alpeetako kanpo ederrak, mendi gañak iturri ugariz ornituak, baso zabalak, dunbots aundiarekiñ ura amiltzen duten arkaitzak, eta bere klima edo aizetorkia beraa elurte luzerik eziñ iñoiz izan ditekeana. An izaera agertzen da aundi beziñ zoragarria, arritu arazten gaituena ikaratu gabe, eta Egillearen guziala sentiarazten badu ere, era berean bere ontasuna adierazten duena».

        Toki zoragarri edo lurreko Paraiso onen sarrera gordetzen du Espoletok eguerdi aldetik, eta Perusak Ifarrekotik. Uri onetatik Ifarkoi alderonz bost bat leguara, eta ingurumai guziai eraiten dien mendi-muño baten gañean altxatzen da Asis, Unbriako porta, bidelari eta erromesak elkarganatzeko toki señalatua, eta gañera Loreto eta Erromaren parekoa, Aita aundi onen jaioterria izateko ditxa izan zuena.

        Uri onetan jaio zan San Franzisko 1182garren urtean Luzio IIIgarrena Aita Santu, eta Federiko Barbaroja Alemaniako Enperadore zirala. Bere aita zan Pedro Bernardo di Morikoni, Pedro Bernardon-en izenez obeto ezagutua zana, merkatari aberatsa, Lukkesko jatorrikoa, Asisera orañago bizitzera joan, eta Franzian sal-erosi aundiak egiten zituena. Ama zan Pika, Bourlemont-ekoen leñargikoa Probenzan, bere birtuteakgatik santu baten ama izatea merezitu izan zuena. Pikak etzituen izan bi seme baizik, Franzisko eta Angel; au ezkondu zan, eta Asisko Morikonitarren etxadiak bazirauen oraindik XVIgarren eunkiaren aurreneko erdian.

        Jaungoikoak nola bai zeuzkan Franziskorengan besteengan ez bezelako usteak, mirari arrigarriz inguratu nai izan zuen aur aren jaiotza. Baziran egun batzuek Pikak aurgiteko miñ bizi-biziak zeramazkiala, erromes batek esan zien etxeko mirabeai limosnarekiñ joan zizaiozkanean «amak okullu batean aurra egingo zuela, eta aurra lasto tartean jaioko zala». Esan onezaz arritu baziran ere, jarri ziran egitera. Eraman zuten Pika aldameneko okullu batera eta antxe argitaratu zuen ongi bere aurreneko semea.

        Ara nola jaio zan Franzisko, abere tartean, onetan gure Salbatzallearen antzeko egiñik, kriatura kriatzalleari iruditu al dezaiokean anbatean eta imajiña bere moldeari iruditu al dezaiokan moduan.

        Oraindik okullu ura ikusten da Asisen, S. Franziskutxo izendatzen dan kapilla biurtua. Atalburuan irakortzen da txit anziñako latiñ-itzkribu au:

 

                Hoc oratorium fuit bovis et asini stabulum,

                In quo natus est Franciscus, mundi speculum.

 

                «Erregutegi au idi ta astoaren okullu izan zan,

                Franzisko, munduko ispillua, emen jaio zan».

 

        Esan izan zitekean Asis beste Belen bat zala. Gau artan zeruko aingeruak kantatu zituzten atsegiñ pozgarrizko kantak Ama Birjiña Aingerukoen Eleiza-gañean.

        Aur lendaukeratu onek bere profeta izan zuen Joakiñ, Fiorako Abade doatsua: zeñak amar urtez lenaztandik Isaiasen gañeko bere itzkribuan esan zuen: «Unbriak eta Españiak sortuko zituztela bi Orden Erlijioso berri, Ebanjelioko argia mundu guzira eramateko eginkizuna artuko zutenak». Oro bat izan zuen Berri—emallea ere bere erritar bat: zeña denbora aldi batean ibili zan Asisko karriketan deadarka esaten: Pax et bonum, «Pakea eta ontasuna». Ala dio Bartolome Pisakoak.

        Pikak San Juan Ebanjelariari zion jaieragatik nai izan zuen bere semeari bataioan Joan izena jartzea, eta oraindik dirauen anziñako kontaera batek dionez, persona arrotz, itzaltsu eta errespetagarri bat agertu zan aurra pontean iduki naiean, iduki ere zuen bere besoetan bataioko denbora guzian atsegiñ zerukoizko begiradak egiten ziozkala, eta gero desagertu zan utziaz aldareko malletan bere belaunen siñaleak. Oraindik Asisko Eleiz-Katedralean erakusten dira marmol miraritsua eta pontea, nun dauden otallatuak itz oroitgarri oek: Questo é il Fonte dove fué batterato il seraphico Padre San Francesco: «Ona Aita Serafiñdar San Franzisko bataiatutako pontea».

        Bataiotik itzultzean, beste arrotz bat, beste Jainkoak bialdu bat sartu zan Pikaren etxean, eta errugutu zien, arren, utzi zizaiotela aur jaioberria ikusten. Eta nai zuena iritxi zuelako pozez beterik, artu zuen besoetan Simeon zarrak bezela, eta graziara jaiotako aur artan ikustean Jaungoikoak autu bat, senide txiki, eta glorian izango zuen lagun bat, bete zuen musuz eta palagu gozoz, markatu zion sorbaldan gurutzearen siñalea, jaiotzatik Kristoren zaldun armatzeko bezela, eta itzuli zion iñudeari, esanaz: «Kontu egiozu ongi aur oni, bada iritxiko da aundi izatera Jaungoikoaren aurrean. Infernuko deabruak lenaz somatzen dute, eta alegiñik asko ere egiñgo dute bizia kentzeko; zuk ordea, arretaz kontu egiozu aren sareetan erori ez dediñ». Itz oek esanda, desagertu zan, eta errian aren billa ibili baziran ere, etzuten aztarnarik ere izandu.

        Aingeruaren enkarguak txit egoki emanak izan ziran. Andik laister gizon gaizkindun batek, Eleizako orazioakin gaizkiñak kentzen ari zizagokatela, aitortu zuen ala, eta deabruak berak, galdetuta, aren aotik erantzun zuten, aur ari bizia beiñ baño geiagoetan kendu nai izan ziotela. Eta anziñako kondairatzalleak diote gañera, uraren indarretik Moises gorde zuen Probidenziak berak gorde zuela Franzisko deabruen amorru eta erasoetatik. Andik geroago Santu onek berperak libratu zuen gaizkiñdun errukarri ura, menderaturik zeukaten deabru aetatik.

        Leialki eta senzilltasun guziarekiñ kontatu nai izan ditugu asiera miragarri oek. Graziak argitzen ditu, sartzen zaie barrunbean eta aiñ ekarrai indartsuarekiñ ornitzen ditu, non sinistgorrak berak sentitzen dira menderatuak bezela; eta gizon prestu guziak orrelako mirarietan ikusi bearko dituzte XIIIgarren eunkiko kondairan argiro azaldu bear duen bizitza baten aurreneko doaiak.

        Denbora artan Franzian zebillen Pedro Bernardon, eta etxera itzultzean jakindu zuen seme bat jaio zizaiola, poz aundia eman ziona. Iru lagunen irakorgaiak dio, Franziako erreinoaren oroipenean Juani jarri ziola Franzisko izengoitia, eta bera da kondairan ematen zaiona.

        Beste batzuek diote izen au etzitzaiola eman orduan, geroago baizik, pranzes-itzkuntza aixa ikasi eta grazi aundiarekiñ itz egiten zuelako; baña onezaz dana dala «oial saltzalle umill ari zeiñ gitxi gogoratuko zizaion ark sortutako izen ura Eleizak deitu eta Erregeak eramango zutela». Franziskok, ala deituko diogu emendik aurrera, beti izan zion Franziari amorio biotzekoa, eta gure erriak onra aunditzat dauka bera seme-ordekotzat idukitzea.

        Aren aurreneko urteak igaro ziran, bada, gurasoen etxe itzalpean soseguz eta pakean, Jesus aurrarenak Nazareten bezela. Errugabeko bizitza, pake, esperanza eta amorezkoa, zergatik etzagu eman guri zure urriñ gozoa sentitzea? Jaungoikoaren Probidenziak ala nairik, Pikak, Ama Birjiñak bezela gorde zituen bere biotzean aren lenbiziko parra gozoak, itz erdixkak eta jostatxoak. S. Franziskoren kondairatzalleak ozta ezer esaten digute beraren aurtasunaren, etxe barrunbeko bizitzaren, eta griña edo berezko ekarraiai ama biguñak eman zien zuzenbidearen gañean. Alaz guziaz ere, jaulkitzen zaizten itz banakaen batzuetatik igerri dezaiokegu, Pikak azi zuela bere semea arreta guziarekiñ, ama gazte batek bere aurreneko semeari agertzen dion kariñoarekiñ ezezik, baita anima bat zerurako prestatzen duen ernaitasun guziarekiñ ere.

        Jakiñik amatasuna dala etxe barrunbean apaiz gisako kargu bat, artu zituen bere gañean amaren eginbideak, ditxa au izan zuelazko pozean. Berak eman nai izan zion bularra aurrari, amaren izena merezi nai dutenak egiñ bear duten bezela, eta eginbide au bete zuen pozik eta esker onez, zeren Franzisko zan Aingeruen Erregiñari egindako orazioen bitartez iritxitako semea, eta Jaungoikoak aren kontura uzten zuen gauza balioso bat bezela. Nola utzi zezakean bedeinkaziozko seme ura besteren eskuetan bular arrotzetan, galtzeko aiñ arrisku aundiarekiñ? Bereetan iduki zuen, bada, eta Franziskok beiñ baño geiagoetan eskerrak eman bearko ziozkan Jaungoikoari esanaz S. Agustinekiñ: «Bedeinkatua izan zaitez, Jaungoikoa, zuk jarrierazo zenduen bigunki nere ama ematera neri neurri gabe, zugandik neurri gabe berak artzen zuena! Aiñ atsegiñez edaten nuen bularrarekiñ edan nuen zure Seme eta nere Salbatzalle Jesusen izen adoragarria».

        Franziskok, azitzen zijoan eran, agertzen zuen zetorrela berez bizkorra, atsegille eta buru azkarrekoa. Doai oek ondo giatzea aztu gabe, Pika saiatu zan aren biotza moldatzen, eta semeagan ikusten zituen ekarrai onak indartzen, au iriste arren ezertan artu gabe bere neke eta alegiñ guziak. Bere semearen biotzean Fedearen eta birtuteen azia ereitea, orazio egiten oituerazitzea, eta bere buruaren ukatzeak eta karidadeak erakartzen duten barrengo satisfazioa erakustea zan aren betiko burutanzioa; eta aur aingerukoi arrek bere aldetik erantzuten zion leialki ainbesteko ernaitasunari. Amaren ikasbide gozoai idikitzen zien bere anima, loreak bere barrunbea eguzkiaren lenbiziko argi-errañuai bezela, eta ordutandik igerri zizaiokean landare biguñ arrek denborarekiñ frutu eder ugariak emango zituela.

        Ikusi degu gure Santuaren azieran Pikak artu zuen parte aundia. Esandako pixka asko da bera gloriaz betetzeko; alabaña, seme baten birtuteak dira guziaz gañ amaren obra: zeñazaz, berezko lankai bezela baliatzen dan Jaungoikoaren Probidenzia santutasunezko egitekoan. Ark ereiten du, eta Jaungoikoa da aziari bizia eta errua ematen diona. Franziskok gero beartsuai aiñ amorio bizia baldiñ badie, naitasuna bada bere sentimentu onen siñalerik bikañena, Erromako Aita Santuari jaierarik biotzekoena agertzen badio, Jaungoikoaren Semeak azkenik onratu bazezakian ezarriaz bere Pasio Santuko zauriak aren gorputz garbian, duda gabe diogu Pikari batez ere zor zaiola. Zorionekoak etxeak, nun amak aiñ ongi ezagutzen duen bere egiñ bidea! Zorionekoa, Jaungoikoak alako ama bat ematen dion semea! Ah, egunen batean, Franzisko beziñ leiala izandu eztalako, bide zuzenetik alde egiten badu, itzuliko da lenago edo geroago amak magalean idukitzen zuenean erakutsi zion dotriña onera.

        Iritxi zizaion eskolatzeko denbora, eta gurasoak eman nairik beren bizitza erosoai zegokan moduko aziera on bat, eraman zuten San Jorjeko Parrokiako apaiz piadosoak zeukaten eskolara. Bere buru ernaiarekiñ laxter asi zan gusto artzen letra onai, zeintzuetan aurrerapen aundiak egiñ zituen, ikasiaz txit erraz latiñez eta prantzesez. Adituko diogu Franziskori osotoro Jaungoikoari emandakoan, ezer etzekiela esaten, baña oroitu bear gera, ala esaten zuela geiago umiltzeagatik. Munduko jakinduriaren kaso gutxi egiñgo du, libururik onenean, au da, Jesus gurutziltzatuan, betiro irakortzen egongo dalako.

        Amalau urtera zanean, aitak artu zuen bere artu-emanetako laguntzat, eta biok segitzen zuten merkataritza benetan, baña asmo oso desberdiñarekiñ. Aita zan gizon gogorra, irabazi zalea, eta nondik nora geituko zituen besterik gogoan etzeukana: semeak kontrara zituen sentimentu obeak; zan otxana, errukitsua, emalle geiegirañokoa, dirutsu baño sona aundinaiagokoa (txit itxutua zan Alemaniako enperadoreak eta Errege Normandiarrak Italiara eramanda, ango jendeak gero eta gogo geiago artzen zizten zaldun-pestatara). Gustatzen zitzaizkan jantzi ederrak, kantuak, joko eta pestak, bere adiskideai ematen ziezten gonbite aundiak, eta igarotzen zuen jostaketetan etxeko lanbideak uzten zioten denbora guzia. Bernardonek etzituen begi onez ikusten bere semearen gastu geiegi oek, eta bai arpegira eman ere: «Egiaz, esaten zion, artuko zaituztela errege-semetzat, eta ez merkatari baten umetzat». Baña etzitzaion geiago aurreratzen, atsekaberik ez emateagatik. Amak utzitzen zion libertade geiagoan, eta iñoiz adiskideren batek aitatzen bazien Franziskok zeraman bizitza lasia, bera ateratzen zan aren alde, esanaz: «Itxedon zazute piska bat, deritzat onduko dala, bada bere jostaeratan ere aiñ prestu eta noble ikusten det, non sentierazten dizkidan esperanzarik atsegiñgarrienak». Gurasoak maite zuten Franzisko amorio biguñenarekiñ, eta aren gastu aundiak pena ematen bazien ere, poztutzen ziran ikustean aren garaipenak, eta ezagun guziak ekartzen zioten errespeto amoriozkoa.

        Sartzera dijoa Franzisko beti aiñ perill aundikoa dan gaztetasunean, baña aurrera pasa baño len, gera gaitezen begiratzera ez pintatzalleak erretratatzen, eta ez jendeak mirestutzen aspertzen diran aingeru-irudiari.

        Ona emen Tomas Zelano aren jarraile eta lagun maiteak utzi zigun erretratoa. Zan gorputz txikikoa, me eta argalekoa. Zeukan arpegi luzea eta egokia, kopeta zabala, ortzak txuriak eta estu estuak, kolore beltztxoa, buruko illea beltza, ezpañak gorri eta parregiteko zorian, eta begirada alaia. Aren begi bizi, beltz ederrak zeuden modesti eta eztitasunez beteak, eta arpegian agertzen zuen bere animaren sosegu, inozenzi eta edertasuna. Prenda oezaz gañera bazituen beste batzuek edozeiñ galairi naitasuna erakartzen diotenak: nola diran jenio alegere, irudikiñ bizi eta biotz samur eta ongillekoa izatea. Zan txit begiratu eta leiala bere agiñduetan, ekarrai on eta biguñetakoa, guzientzat guzia egiten zana, santuen artean santua, eta pekatarien artean aiñ umilla, non edozeñek artuko zuen oetako aunditzat eta denboran biotz alai eta egin-naiekoa, lan biderik nekosoenetan ere atzeratzen etzana.

        Onelako prenda on eta birtuteak, erakarri bear zioten, erakarri zioten bezela, bere erritarren estimazio eta kariñoa, eta ala, Franziskok emezortzi urteetara zanean aen gañ zeukan itzal eta mendetasun bat iñork ukatzen etziona. Gazteak obeditzen zioten, bera zan aen billeretako burua, berak alaitzen zituen aen jostaldiak eta giatu aen egitadeak, alako moduan non Asisko biztanleak pozgarrizko deadarrakiñ deitzen zioten Galaien errege. Gauza arrigarria! Denbora aldi onetan, au da, bere gaztetasunetik konbertitu zan arterañoko amar urte aetan (1196tik-1206era) Bernardonen semea bizi da sarturik gazteen ibillera irabiatuetan, sentitzen du losentxa eta alabantzen urriñ gozoa, darama ezpañetara munduak eskeintzen zion atsegiñezko edontzi urreztua, beste zenbaiti eriotza erakarri ziena, guziak billatzen duten edadean, sasoirik ederrenean, bizitzaren lorean zegoenean. Eta ala ere, aren anima atera zan kutsatu gabe ainbeste zorakeria eta arriskuetatik, leiz-ertzetik dabillena, leizean amilldu gabe pasatzen dan bezela. Ikusierazotzen du garbiro gorroto diela oitura gaiztoai, debekatzen ditu ongi ez dirudien itzak, lasaikeriarik ikusten badu, jartzen du kopeta beltza, eta ala gordetzen du loitu gabe bere garbitasuna, mundu ustel eta galdu aren erdian. Aren gaztetasunezko sinitsgaia ematen digute beraren lenbiziko lagun eta kondairatzalle Tomas Zelano, Frai Leon eta S. Buenabenturak. Birtute guziz kupera au gordetzen aren irmotasuna badirudi zeruko doaia zala, bada onetarako biotz aundi bat izatea asko dala edo munduko beste motiboren bategatik gorde ditekeala esatea, ez da bear ainbateko arrazoia, eta beragatik au adierazteko joan bearko degu grazia guzien iturrira, S. Buenabenturak egiten duen bezela, eta bedeinkatu Jaungoikoa bere serbitzariaren burua koro ederrenarekiñ eta doai berezienarekiñ, au da, birjintasuneko koro eta doaiarekiñ ornitu zuelako.

        Gañera Franziskok billatu zuen bere biotzaren erdian beste doai Jainkozko bat, munduaren palagu eta aragiaren tentazioetatik gorde zuena, au zan beartsuai zien amorio berezia, bere aurtasunean sentiturik, eta edadean aurreratzen zan bezela geituaz joanik, ainbeste millagro egiñ bear zituena. Senide batzuek bezela estimatzen zituen, eta aren atsegiñ guzia zan limosna ematea, batez ere Jaungoikoaren izenean eskatzen ziotenean. Aditzean «Jaungoikoaren izenean» barren guziak dardar egiten zion, kolpe misteriozkoren batekiñ erituta bezela, eta oraindik lurreko gauzetara etziña bazegoen ere, geratzen zan osoro irabiatua. Beiñ batean bakarrik, bere egitekoetan txit arazotua zegoela, bialdu zuen limosna eman gabe eskale bat, Jainkoaren izenean eskatu ziona. Berealaxe etorri zizaion burura pentsamendu bat arantza zorrotz baten gisan biotza zulatu ziona: «Franzisko, esan zion bere buruari, gizon ori etorri izan bazizaizun konde, edo markes edo beste giza nobleren baten partetik, arrera ona egingo ziñion, eta erregeen Erregearen izenean eskatzen dizunean, orrela bialtzen dezu?». Eta animako damuarekin eta negar malkoak zeriozkala, joan zizaion korrika pobreari eta zillar diru batzuek emanik, berbertan artu zuen asmo eragillea iñori ez ukatzeko limosnik, Jainkoaren izenean eskatzen bazion; au izandu zan asmoa bere bizitza guzian leialki kunplitu zuena, eta zeruko grazi eta bedeinkazio ugariagoak merezi erazi ziozkana. Era onetan iristen zuen, gaztea zala ere, pobrearen adigarri kristau eta Jainkozkoa, eta erremediatu zuen istant patean egiñdako utsegitea.

        Aren portaera eta ibillera zaldun gisakoak ikustean, edozeñek uste izango zuen gerra gizonen buru izateko, edo Palestinako kanpoak odolez gorritzeko señalatua zegoela; nori alabaña gogoak eman bear zion iritxiko zala izatera bere denborako salbatzallea, eta bizitza kristauera biurtzeko arteraño jendeen artean ikusi zan mugida aundienaren asiera emantzallea izango zala? Onelakoak ziran, bada, Jaungoikoak argan zeuzkan asmoak, eta ala adierazten da zergatik zeukan Jaun zerukoak beti beraren kontu berezia. Konbeni zan jendeak aldeaurrez argan begiak jartzea? Konbeni zan zeruko mirariz bera inguratzea, guziok ezagutu zezaten Jaungoikoak bialdutako lanbidean zebillela, beartzen zirala aren itza aditzera? Orregatik aren aldeko zeruko laguntza da beti dirauena aurtasunean asirik, gero eta geiago sentitzen zan, zeruko itzal gisako batek inguratzen zuela, eta aurtasunean arriturik ikusi genduen bezela, ikusten degu emen berriz ere, S. Buenabenturak kontatzen duen gertaera onetan.

        Asisko txoro ergel batek egiten zion santu gazte oni, dudarik gabe Jaungoikoak gogargiturik, garaipen siñale onrotsu bat, kondairetan alakorik irakortzen ez dan modukoa. Ez al zuen ikusten Asisko karriketan, bereala zabaltzen zuen lurrean bere kapa, gañetikan pasa zediñ, eta ari begira arriturik geratzen ziranai deadarrez esaten zien: «Gazte oni egiten diozuten onrarik andiena, ez da izango geiegi, bada erritar guziai eraingo die, eta kristau guziak onratua izango da». Franziskok aditzen zituen alabantza oek, zer esan nai zuten ezagutu gabe.

        Onrak eta zorionak dira edari goxo engañagarriak, gizonik onenak nastu erazitzen dituztenak, eta benturaz gure gazte piadoso onen biotza ere galduko zuten, baldiñ Jaungoikoak kontu berezia iduki izan ezpazuen nastutzeko beste edari samiñ, baña protxugarriagoakiñ, au da, prueba eta oñazezkoakiñ.

        Prueba ori izan zan luzea beziñ ustekabekoa. Naspillazko denbora aetan Unbriako uriak bizi ziran beren gisa, iñoren mende eta uztarripetik libre beti elkar eziñ ikusiaz eta gorrotoan, sortuaz maiz asko gerra auzoak auzoen kontra. Milla berreun eta bateko urtean Asisko uriak gerra zeukan Perusakoarekiñ, baña etzitzaion ondo juan, Franzisko eta bere lagun batzuek zabartuak zeudela sartu zizaizkaten kontrarioak itxumustuan, eta atxiturik, eraman zituzten Perusara, nun egon ziran itxian urte bete osoan. Ustekabeko zorigaitz onekiñ galai gazte aek erori ziran barrengo tristura aundi batean. Franzisko bakarrik zegoen alegere eta umore onekoa, eta esaten ziezten itz jostalluakiñ egiten zuen alegiña aen biotz eroriak alaitzeko. Oek ordea, aren konfianza eta umore ona ontzat eraman bearrean, aserratu zizaiozkan, eta beren disgustoa agertu zioten, gogorkiro egun batean bera tratatuaz. «Erruki zaituet, Franziskok erantzun zien, bada nik eztaukat zuek bezelako etsimenik. Oraiñ kateaz lotua ikusten banazute ere, etorriko da egun bat, noiz ikusiko nazuten mundu guzian onratua». Franziskok etzien orrela itz egiten arrokeriaz, ezpada gogoraerazitzen zien lenago aitatu degun Asisko agure aren asmegia.

        Ez dirudi onelako jolasakiñ zaldun aek konsuelo aundirik sentitzen zutenik, baña ala ere Franziskok etzien utzi beñere aekiko zeukan karidade aundiaren prueba señalatuak eman gabe, batez ere bere kondairatzalleak esaten diguten mugaldi onetan. Karzelatu aetako batek zeukan jenio bizia, eta zeraman zorigaitzarekin sumiñdurik, ainbesteraño aserraerazi zien lagunai, non erabaki zuten berarekiñ geiago ez tratatzea. Gure gazte gozatsu au jarri zitzaien bitarteko, eta erregutzen zien, arren, barkatu zezaiotela, baña ikustean etzuela ezer aurreratzen, joan zizaion aldamenera, eta bere palaguakiñ alako moduan gozatu eta eskuratu zuen, non galai aek gure santuaren pazienzia eta biguñtasunez menderaturik, agertu zioten gero Franziskori beren amorio eta estimazio guzia. 1202garren urtean egiñ ziran pakeak bi uri etsai aen artean, eta Franzisko eta bere lagunak iritxi zuten ostera libertadea.

        Emen bukatzen da Franziskorentzat bizitza mundutar eta iskanbillazkoa, santuak berak pekatuzkoa deituko diona negar samiñak egiñaz zabarkiro igarotako urteakgatik, eta Jainkoari eskerrak emanaz, atera zuelako millagroz munduko perilletatik.

        XVI eta XVIIgarren eunkiko izkribatzalleak adigarri estuegian arturik Santuaren itz oek, Nere bizitza pekatuzkoa, uste izan dute S. Agustiñen gisako bizitza galdu bat eraman zuela, ura bezela Jaungoikoagana biurtu zan aurretik. Baña iritzi au da utsegite gorrotagarri bat, denbora artako kondairatzalleak berak desegiñ zutena. Guziok ao batera diote, ill zan arteraño gorde zuela bataioko grazia, eta Fr. Leonek aseguratzen digu, millagroz au jakindu zuela. Amets batean, dio, «ikusi nuen gure Aita doatsua zegoela mendi tontor batean, lorategi baten erdian, lirio ederra eskuan zeukala, eta galdeturik ikuskera ark zer esan nahi zuen, zeruko itz ots batek erantzun zidan, ezen, lirioak aditzera ematen zuela Franziskoren garbitasun aingerukoia». Aiñ itzal aundiko sinitsgaiak agertzen digu zer lekutan dagoen Bernardonen Semea Santuen artean.

        Asko dira duda gabe zeruan dauden anima doatsuak, baña guziak egiaz berezi litezke bi salletan, S. Juan eta Santa Marta, au da, beti garbi gorde izan ziran animak batean, eta S. Pedro eta Santa Maria Magdalena, au da, penitentzia egiñ bear izan zutenak bestean. S. Franzisko lenbiziko sallekoa da, eta bere testamentuan aitortzen badu gazte denbora munduko erakeria eta zirtzillkerietan alperrik galdu zuela, aditzen da itz egiten duela Santuak oi duten moduan, zeñak negar egiten duten lenagoko utsegiteakgatik ezezik, alperkeria eta epeltasunean egon ziran denboragatik ere.

        Alakoak izan ziran, itz gutxietan, S. Franziskoren aurtasuna eta gaztetasuna.

        Zer poza sentitzen duen bidelariak, gau illun eta ekaitztsuaren ondoren egun sentiaren aurreneko argi errañuak ikusten dituenean! Alakoa, eta are atsegiñtsuagoa da guk sentitzen deguna, noiz eta gure denborako billaukeri eta gaiztakeriaz azturik, arkitzen geran ikusten pensamentuarekiñ, nola agertzen diran Eleizaren zeru urdiñ eder orretan zintzilik Jaungoikoak jarri zituen argikari aundi oriek, «santuak» deitzen diranak. Asisko Patriarka da argikari oetako, benturaz denbora aetako guzien artean palakariena eta argitsuena. O zeiñ atsegiñtsuak diran beraren jaiotza, aren seaska inguruan gertatutako mirariak, aurtasuneko garbitasuna, eta gaztetasunean egindako egikari jostalluzkoak Jainkoaren eta pobreenganako amorioarekiñ aiñ markatuak zeudenak! Aldeaurrez somatzen degu izar onek igaroko dituela Jainkoaren eskuak señalatuko diozkan bideak ibillera guziz azkarrarekiñ; baña zeru urdiñ orretan agertu, eta bere argi diztiatzalleak zabaldu baño len, zalantzan ibiliko da, eta gogor egingo dio Jainkoaren deiari ere; eta ondorengo berezitan ikusiko degu nola gertatu zan animaren eta bere Egillearen arteko gerra luze eta beti berritua, onen gora-berak, gerra, zeñean Jaungoikoa dan garailari, eta Franzisko zorioneko garaitua.

 

aurrekoa hurrengoa