www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Amargarren Bereziera

Sort-aldeko mixioa. Marruekoetako martiriak.

San Antonio Paduakoa.

(1219-1221)

 

        Utsegite aundi bat litzake iruditzea Santuak ez dutela ikuskizunik izaten beren denborako gertakariakiñ. Jarraitzen diezte arretaz, baña begiratuaz beste gizonak ez bezela. Munduko despiteetan ikusten dute kausa bat, beste guzien gañekoa, Eleizaren kausa. Ala iristen da Kristoren zaldun miragarri onek nolako arretarekin begiratzen zien Clermonteko Batzarreak sospertu zuen Sortaldeko leia aundiaren aurrerapen eta goraberai, eta zeñarekiñ aiñ bat egiñik zeuden Eleizaren bizitza eta errien libertadea.

        Godofredo Bouillonek Jerusalen artu zuenetik, Europa zan kanpamentu egiazko bat, eta kristaudadearen gerra-kondaira etzan besterik ezpada Kristoren eta Mahomaren soldaduen arteko despita bukatze etzanaren kondaira, zenbat bider geratu eta beste anbestetan berritua. Gure Santuak begiratzen zien gertakariai, ez azaletik, ezpada barren barrendik. Europako gizon bulardetsuak egiten zituzten zaldun-gudaetan Franziskok ikusi zuen Jaungoiko egiazkoaren eta Maoma profeta gezurrezkoaren arteko guda, kristau oitura onen eta maomatar biotz-gogorren arteko gerra, eta ala bere fede eta erritarren amorioak errezaerazotzen ziozkan orazio irazekiak egiñkizun aiñ aundi ura ongi atera zediñ, zeña bakarra asko dan Aita Santuak eta Denbora aldi ura onratzeko, erakarri zituen ondoreakgatik baizik juzgatzen ezpada ere. Eta egiaz, etzan asko izandu Europa salbatu, eta maomatarrak eta beren dotriña aberekiak Eremuko ondardietaraño aienatzeko? Lau bider altxa zan armetan Europa Jesu Kristoren obi edo sepulkroa libratzera joateko, baña Godofredo Bouillonen ondorengoak balorezko alegiñ guziak egiten bazituzten ere, tarte batzuetan baizik etzan arkitu libre Uri Santua, eta orain kontatzen ditugun gauzak gertatu ziran denboran, erori zan ostera etsaien mendean: Europa guzia ikaratu zan berri txar ura artu zuenean, begiratzen ziolako guziai ukitzen zien lazeriari bezela; laster ordea sospertu zan, eta Honorio IIIgarrenaren deiera lareun milla gizon armadun igaroak bildu ziran Jerusalengo errege izendatzen zan Juan Briennakoaren banderapean. Mugaldi artan Gurutzetuak ondatu nai izan zuten maomatarren podere edo almena biotza zaurituaz, Palestinara joan baño len, eta ala Ejipton sartu eta inguratu zuten Damietako uria. Onekiñ etzuten egiñ, Honorio IIIgarrenaren gerrako neurri-plana kunplitzea baizik, egikera au zan ausarditsua eta neke aundikoa. Erri guziak sortaldera ezarria zeukaten beren begirada, eta antsiaz itxedoten zuten gerra aiñ urrutikoaren bukaera.

        San Franziskori gogoratu zizaion ura zala denbora egokia Gurutzea ipintzeko fedegabeen lurbira aetan, edo bere odolarekiñ indartzeko, eta ala Ordenaren gobernua frai Eliasi utzirik, joan zan Amiensera Gurutzea beste arma gabe, eta an sartu zan sortaldera zijoan onzian, aur batek millagroz señalatu zituen bere beste amaika lagunakiñ. Oen artean zeuden Pedro Katanio, Barbaro, Sabatino, Leonardo Asiskoa eta Iluminario Rietikoa. Enbarkatu ziran 1219ko garagar illean, ontziak jo zuen aurrena Salamina, Chipre ugarteko portua, eta gero San Juan de Akre, Siriako uri inportanziazkoa, nun utzi zituen Franziskok bere amar lagun, irozotzeko katolikoen espiritu eta fedea, bada ziran maomatarren aldetik gogorki tratatuak. Gure Santuak segitu zuen ontzian frai Iluminariorekiñ Ejitoraño, nun leorreratu ziran Damietaren parean.

        Naspilla eta elkar eziñ ikusia gallenduak zeuden Gurutzatuen kanpamentuan. Zaldizko tropak eta oñezkoak, urte bete artan murru aurrean zeudenak, elkarri arpegira ematen zioten bildurti, salkindari batzuek zirala, berotzen ziran iskanbilla batean bezela, eta alderdi biak, beren indar eta trebetasuna agertu naiean, ujuka eskatzen zuten jazarrea. Juan Brienakoak, kristauen odola alperrik ez ixurtzeagatik jarri zan aen deseo zenzu gabera, señalatuaz erasotzeko biaramona, zeña zan 1219ko abustuaren 29garren eguna.

        Une aetan azaldu zan gure Santua Gurutzatuen kanpoan. Agerturik Jaungoikoak beren orgullkeri eta eziñ ikusiaren kastiguz Gurutzatuak ondamen izugarri bat sufritzera zijoazela, somatzen ari zan zorigaitz artatik aek libratzeko modua. «Ene anaia, esan zion lagunari, Jaungoikoak adierazi dit erasoari ekiten badiote, kristauak abarrakituak izango dirala. Onela esaten badiet, erotzat idukiko naute, eta ixilik banago, ixiltasun onek kezka aundia emango dit. Esan zadazu zure iritzia gauz oen gañean». «Ene aita, frai Iluminariok erantzun zion, etzaitzatela uzkurtu gizonen juzkuak; ez da izango gaur lenbiziko eguna erotzat idukiko zaituztena. Deskarga ezazu konzienzia, eta etzaiezu izan gizonai Jaungoikoari baño bildur geiago». Konsellu onekiñ indarturik, Kristoren bialdua sartu zan Generalaren dendan, eta erregutu zien agintari guziai gogor egiñ zezaiotela enbidiaren deseo biurriari, jakiñaren gañean egonik zeiñ kalte izugarriak etorriko zitzaizten baldiñ leiatzen baziran jazarrerako zirikatzen, baña ez on esanaz, ez keñadak izan ziran gai atzera erazitzeko, aiñ ziertoa da griñak illuntzen eta itsutzen duela entendimentua; eta ala Santuaren esanak artu zituzten amestzat; batalla eman zuten eguzkiak kiskaltzen zuen denboran. Jakiña da zer gertatu zan. «Ekiñaldi artan bakarrean, dio San Buenabenturak, kristauak galdu zituzten sei milla gizon, ill eta erituen artean. Ondamen arekiñ ezagutu zuten Franziskoren gaztiguak despreziatzean egiñ zuten erakeria, bada piztuaren begiak iñoiz edo berriz obeto ikusten du egia, mendi tontorrean jartzen diran zazpi soldadu kontu artzalleak baño».

        Gure santuak erabaki zuen bere lanbideari jarraitzea, doakabetasun artzaz desalaitu gabe. Alperrik esan zioten bizia arrisku aundian jartzen zuela, zeren Soldanak eskeiña zeukan urrezko besante bat (50 pesetaren balioko dirua) eramaten zioten kristau-buru bakoitzagatik; etzuen ezerk ere atzeratu. Osoro sinisturik egonik Apostoloarekiñ eriotza dala saria, eta martirioa berriz, munduan geien gutiziatu ditekean koroa, sartu zan sarrazenoen kanpoan kantatuaz Dabid erregearen berso au: «Jaungoikoa da nere giaria, eta eriotzako itzaletan banebill ere, eztet ezeren bildurrik izango, zu, O nere Jaungoikoa! nerekiñ zaudelako». Aurrera zijoala, ikusi zituen ardi bi, zeñak ikustean esan zion lagunari poz aundiarekiñ: «Ene anaia, iduki dezagun konfianza Jaungoikoagan, zeren ikusten degun Ebanjelioko itz onen kunplimentua: Ona nola bialtzen zaituztedetan ardiak otso tartera bezela». Eta ala, ez al zituzten eman pauso batzuek, maomatar sall batek inguratu, eta injuriaz eta kolpez bete ondoan katez kargatu zituzten. «Kristaua naiz, esan zien Franziskok boz indartsuarekiñ; eraman nazazute zuen nagusiarengana». Obeditu zioten, eta erdi arrastaka, eraman zituzten Soldanaren aurrera, eta onek ikusi zituen beziñ laister galdetu zion Franziskori: «Nork bialtzen zaitu? Zer egitera etorri zera onara?». Eta Santuak batere ikaratu gabe erantzun zion: «Ez da gizona bialtzen nauena, ezpada Zeruko Jauna, zuri eta zure erriari adieraztera Ebanjelioaren berri ona eta salbazioko egiak». Eta au esanda bereala asi zizaion adierazten erlijio katolikoaren misterioak: Jaungoiko bakar bat eta iru Persona, Jesu Kristo Jaungoiko egiazko eta munduaren Salbatzallea. Eta alako alai eta indarrarekiñ itz egiten zion, nun berriz ere bete zan argan Maixu Jainkoaren agiñdua: «Nik ipiñiko ditut zuen aoan itzak eta jakiñduria alakoa, non zuen etsaiak eziñ ukatu eta kontra egingo dien».

        Soldana zegoen arriturik Franziskori begira, eta gertatzen zitzaionaren konturik bere buruari eman eziñik. Aren ausardi bulardetsua, aren mendetasun zerukoi orduan lendabizi ikusten zuena, asko izan ziran aren anima menderatu eta biguñtzeko. Aditu zion arretaz egun batzuetan, jakiñdu zuten guziak arritzen zirala, eta gonbidatu zuen berarekiñ bizitzera. «Zu eta zure jendea, esan zion Franziskok, biurtzen bazerate Kristoren federa, gogo onez geratuko naitzatzu. Eta Ebanjelioaren eta Maomaren legearen artean zalantzan bazaude, piztuerazo ezazu su aundi bat, ni sartuko naiz an zure apaizakiñ, eta ondoreetatik ezagutuko dezu noren aldetik dagoen arrazoia eta egia». «Ez det uste, eranzun zion Soldanak, gure apaizetako batek ere naiko duela arriskatu bere bizia suzko tormentuetara bere sinistamentuak defenditzeagatik». Ala esan zuen, an arkitzen zan zarren eta sonatueneko batek Franziskoren esana aditu orduko andik alde egiñ eta bere burua gordetzen ikusi zuelako.

        Oraindik geiago aurreratu zan Santua, eta Soldanari esan zion: «Zure izenean eta zure erriarenean itz ematen badidazu, erlijio kristaua artuko dezula, ni bakarrik sartuko naiz sutan. Erretzen banaiz, ezarri zaiozu kulpa nere pekatuai, baña irteten banaiz erre gabe, ezagutu ezazu Jesu Kristo dala Jaungoiko egiazkoa, eta munduaren Salbatzallea». Soldanak, bildur eta ikaraz bere oñetan umildurik zeudenen aurrean eta kezkaturik bere jendea kontra altxako zizaiolako, etzan benturatu prueba ura egitera, baña ordañez eman nai izan ziozkan balio aundiko erregaliak alperrik bedere, bada gure Santuak, nola animen salbazioa beste gauzarik nai etzuen, eta etzuen ikusten argan egia billatzen saiatzeko zale aundirik, itzuli ziozkan kiñu portitzarekiñ eskeintzen ziozkan urre eta tela baliosoak. Ala ere etzan aserratu Soldana, ezpada estimaturik aren nobleza, sentitu zuen bere biotzean azitzen zijoakiola Franziskorenganako aurrena ikusi zuenetik ekarri zion begirune eta errespetua; eta ala esan ondoren ixilik: «Erregutu ezazu nigatik, Jaungoikoak ezaguerazo dizadan erlijio egiazkoa» eraman erazi zuen onra aundiarekiñ kristauen kanpamentura.

        Ikusirik Franziskok bere usteak utseratuak, eta etzekiela aurrera zer egiñ, joan zan oraziora, oi zuen bezela, eta San Buenabenturak, berri oek ematean, dio, etzala izan alperrikakoa. Eta egiaz, izan zuen zeruko agerkera bat, argia, pakea eta konsueloa ekarri ziona. Jaungoikoaren semeak agiñdu zion itzuli zedilla Italiara, aseguratuaz ez Ejiton eta ez ezpataz arkituko zuela billa zebillen martirioko palma. Eta ala esan zion lagunari: «Irten gaitezen emendik, ene anai, goazen, goazen, gurekiñ biguñegi portatzen diran jende oetatik urruti, zeintzuek eziñ jarri ditugun ez gure Jaungoikoa adoratzera, eta ez gu beraren serbitzariak geranok persegitzera. O nere Jaungoikoa! Nola mereziko degu martirioa, jende fedegabeenetan ere onrak baizik arkitzen ez baditugu? Jaungoikoak ezpagauzka martirioaren, edo bere injuria gloriosoen diñakoak, goazen emendik gure bizitza penitenziako martirioan bukatzera, billa dezagun bazterren bat, bertan sufri ditzakegun biotz biotzetik Gurutzeko neke-desprezioak».

        Zenbat denboran egon zan San Franzisko Gurutzatuen kanpamentuan? Zenbaterañokoa izan zan aren itzala jartzeko aen artean pakea eta mendetasunezko espiritua? Egon zan Palestinan Ejitotik itzuli zanean? Galdera oei ezin erantzun genezaieke gauza ziertorik. Ona zer dion gai onetan denbora artako kondairatzalle jakintsu eta zuzen, Santiago Vitri, San Juan de Acreko Obispo eta kristau martiztietako Aita Santuaren Bialkiña izan zanak: «Ikusi degu, iskribatzen zien adiskideai, Damietaren jabe egindako biaramonean, Erlijioso Txikienen fundatzallea, gizon guziz maitagarria, eta danok, fedegabeetarañokoak, errespetatzen dutena. Gure adiskide asko, eta oen artean Dom Reimer San Migelko Priora eta Mateu, nere ordañez gure Obispadua gobernatzen dagoena, erabakiak daude alde guzietara zabaltzen dan Ordena onetan sartzera, zergatik bertan jarraitzen dan osoro Apostoloen eta aurreneko kristauen biziera». Marianok dionez, Mendi-Beltzean zegoen Benitoen konbentuko monje guziak artu zuten San Franziskoren Erregla.

        Orden onetako kondairatzalleak aurrekoai adituta diotenez, Franziskok andik itzuli zanean bisitatu zituen Leku Santuak, eta bai predikatu ere Ptolemaidan, Antiokian eta Siriako beste uri askotan. Aren itzulera Europara izan zan uda azkenean edo 1219ko neguan, nora deitzen zioten bere Ordenako egiñbideak. Enbarkatu zan Benezitarren ontzi batean, bada aek ziran orduan Lurtarteko itxasoaren nagusiak, eta Gurutzatuai bastimentuak eramateko geratu gabe bertan zebiltzanak.

        Ala bukatu zan gure santuaren sortaldeko Gurutzade paketsua; eta kondairak esan dezake protxugarria izan zala. Geroztik seireun urte joan dira eta, nork ukatu dezake beraren ango joanera izan zala Leku Santuaz jabetzea bezela? Ez dirudi Jaungoikoak eraman zuela ara, beste denbora batean Abrahani esan zion bezela esateko: «Jira ezazu orain leku au guzia, bada egunen batean emango dizut?». Eta egiaz, Franziskok para zuen orduan erreinu bat Godofredo Bouillonena baño iraupen geiagokoa. Ordutandik arkitzen ditugu Erlijioso txikienak sendoro Palestinan jarriak, egiñkizun miragarri beziñ nekosoa betetzen. Jauna piztutakoan, aingeru batek gorde zuen obi edo sepulkroaren sarrera; XIIIgarren eunkitik onera San Franziskoren umeak gordetzen dute gau eta egun oroikarri gloriosu ura iñork desonratu ez dezan; eta Aita Santuak indartu die gallaldi balioso au 1242ko azaroaren 21an emadako Bulda baten bidez; eta an daude geroztik kontu artzen eta erregutzen mundu katolikoaren izenean. Bi bider izan ziran lepomoztuak erlijioso guziak, beiñ 1244an eta beste beiñ 1368an, baña bereala jarri zituzten aen ordañak, maomatarren ganibetari eta Fozio eta Luteroren setakoaren ezpatai bildurrik etzienak, eta zentinela bulardetsuak bezela beti prest daude beren odola ixuritzeko, Franziskoren Jesus Gurutziltzatuarenganako amorio paregabekoaren bidez merezitu duten onorezko tokia utzi baño len. Dauzkate ogei bat etxe, ostatu, edo eskola edo konbentu diranak. Erlijioso guzien buru dago Aita txit gurgarria, Aita Santuak izengañ gloriatsuenak eman diztenak. Da Siria, Chipre eta Ejitoko misioen nagusia, Siongo mendiko eta Sepulkro Santuko guardiana, eta Uri Santuko gordetzallea. Iduki zuen ere Bikario Apostolikoaren izen eta kargua, alik eta denbora oetan oroipen onragarriko Aita Santu Pio IXgarrenak berriro jarri zuen arteraño Jerusalengo Obispadutza, eta Balerga Jaunarekiñ bateratzen da Santiago eta San Simeon Obispoen katea, seireun urtean urratuta egon ondoren. Ara nola Franziskoarrak segitzen duten Asia txikian orain seireun urte beren Aita doatsuak asi zuen misioa.

        Aita doatsua sort-aldeko errietan martirioa iritxi eziñik Ebanjelioa zabaltzen ari zan bitartean, aren bost seme bera baño zorionekogoak, sufritu zuten gogorki fedeagatik España eta Afrikako maomatarren artean, emanaz munduari irmotasun arrigarrizko ejenploa tormentuetan. Berardo, Oton, Pedro, Adjuto eta Akursio izendatzen ziran franziskoarren lenbiziko odola ixurtzeko Jaungoikoak len-aukeratu zituenak. Frai Bital, misiolari aen buru San Franziskok egin zuena gaizkitu zan Aragoian, eta utzi bear izan zion bere anaiai lagun egiteari.

        Bost fraideak egun batzuek igarorik prestatzen erretiroan San Franziskok berak Alenkeren fundatutako konbentuan, joan ziran Portugalko Gortea zegoen uri Koinbrara. Andre Urraka, Alfonso IIgarrenaren emazteak eta Santxa erregeren arrebak Jainkoaren bialduai bezelako arrera egiñ zien, eta lagundu ere bai fedegabeen lurrean sartzen. Zenbat injuria eta tratu gaisto eraman ondorean Mairuen mendean orduan zegoen Sebillan, pasa ziran Marruekoetako erriburura nun arkitzen zan on Pedro, Portugalko infantea, bere anaiarekiñ despitaren bat izanda iges egiñik, onek artu zituen errespeto guziarekin, eta ostatu eman zien bere jauregian. Baña erregutu zien moderatu zezatela zerbait zeloa, berriro persegituak izateko arriskuan jarri etzitezen. Baña nola geraerazi al diteke oreña mendiko iturri garbian egarria itzaltzera korrika dijoana? Amorioa eriotza baño gogorragoa da. Biaramonean egun sentian irten ziran gure misiolariak Portugalko Infantearen jauregitik, eta ibili ziran plaza eta karriketan Jesu Kristoren Jainkotasuna predikatzen.

        Egun batean frai Berardo, lagunak baño obeto zekielako arabe-itzkuntza, gurdi gañera igota predikatzen eta Maomaren kontra itz egiten ari zala, pasa zan andik Errege Mairua, sortaldekoak oi duten bezela, aurrekoen sepulkroak ikustera zijoala, eta erlijiosoari aditurik, artu zuen erotzat, eta eraman erazi zuen bere lagunakiñ batean kristau errira. Baña misiolariak soldadu eramalleai iges egiñik, itzuli ziran ostera fedegabeen urira, eta erregek jakindu zuenean sarrerazo zituen karzela txit illunean, nun iduki zituen ogei egunean batere jaten eman gabe. Alperrik Jaungoikoak ugaritu zituen mirariak bere serbitzarien alde, alperrik ikusi zituen presondegitik irteten lenago baño gizen eta mardulagoak, san Juan Ebanjelaria olio irakiñezko pazitik bezela; alperrik Berardok, Moisesen gisan ziorraren kolpe batekin sortu erazi zuen mirarizko iturria eremuan egarriak itotzen zijoazen soldadu batzuek ill etzitezen, erregeren biotza anbat geiago gogortzen zan, zenbat eta mesede geiago artzen zituen. Etzan ezer ere gai izan ari begiak idiki erazitzeko. 1220ko illbeltzaren aurreneko egunetako batean berriz ere preso jarriak izan ziran bost apostoloak eta zenbat sufritu bearko zuten irizteko, asko da jakitea aen karzelazaia kristau ernegatu bat zala. Juezak ikusirik fedean irmo zeudela, agindu zuen berezi eta 30 borreroai emateko. Eraman zituzten arrastaka esku-oñak loturik eta soka lepotik zutela ar-kaskar eta bidrio puskaz betea zegoen tokira, zeñagatik eta ematen ziozkaten azoteakin gorputzak geratu zitzaizten zauri bat egiñik, eta arratsean zauriak igortzi ziezten ozpiñarekiñ. Tormentu izugarri onetan alabatzen zuten Jaungoikoa, kantatuaz Babiloniako labean iru gazteak kantatzen zutena. Arratsean Jauna agertu zizaien eta alaitu zituen; kontu artzalleak asaldatu ziran argitasuna ikustean, eta joan ziran beretara iges egingo zieten bildurrez, eta arriturik geratu ziran arkitu zituztenean txit soseguz orazioan zeudela.

        Biaramonean Erregek eramanerazi zituen bere aurrera. Bidean fedegabe batek frai Otoni masalleko izugarri bat eman zion. Franziskanoak beste masalla luzaturik, esan zion: «Jaungoikoak barka dizazula, zeren ez dakizun zer egiten dezun». Jauregira ziranean, Erregek txit zorrotz itz egiñ zien, esanaz: «Zuek zerate orrako erlijio eta zentzugabekoak, fede egiazkoa despreziatzen eta Alaren profetagatik blasfematzen dezutela salatuak zeratenak?». «Jauna, erantzun zioten, ez daukagu guk fede egiazkoa despreziatzeko pensamenturik, kontrara, prest gaude beragatik sufritzera eta bizia galtzera, baña zure legeak eta bera sortu zuen gaiztoak izutzen gaituzte». Orduan gizon odolgiro ark saiatu nai izan zuen gizonik geienak errenditu oi duen tentazioa, zeña dan onra eta atsegiñetakoa, eta ederki apaiñdutako emakume batzuek erakutsirik, esan zien: «Maomaren fedea artzen badezute, emango dizkitzutet emakume oriek emaztetzat, eta izango zerate eskual aundikoak nere erreinuan, baña bestela, ezpataz illak izango zerate». «Jauna, ez degu nai ez zure emakumerik eta ez zure onrarik; ori guzia utzitzen dizugu egon gaitezen Jesu Kristorekin. Somatu ditzaketzu nai dituzun tormentuak eta bizia kendu dizaguzuke, pena guziak ariñak iruditzen zaizkigu, zeruko glorian pensatzen degunean». Itz oek esan bitartean aen arpegiak distiatu zuten esperanzaren argiarekiñ, eta animak suspiratu zuten betiko atsegiñakgatik. Errege fedegabea altxa zan sumindurik, eta zimitarra pixua bi eskuakiñ arturik, berak ebaki ziezten buruak misiolariai. Au gertatu zan 1220ko illbeltzaren 16ean.

        Ordu artan Santxa prinzesa zegoen orazioan, eta ikusi zituen zerura igotzen, eskuetan martirien palma zeramatela. Gorputzak, txikitu eta arrastaka berriro maomatarrak erabili zituzten, eta debozioarekiñ kristauak bilduak izan ziran. On Pedrok gorde zituen zillarrezko bi kajetan, eta etorri zan Europara merkanzi txit balioso onekiñ. Alfonso IIgarrena atera zan berak artzera solemnidade aundiarekin, eta utzi zituzten lurpetuak Koinbrako Gurutze Santuko Kanonigo erregularren Eleizan. Urraka erregiña itzulera garaipentsu ura ikusi eta laister ill zan, martiriak berak lenaz esan zioten bezela, eta Vital, Zaragozan geratu zanak, aen garaipenaren berri jakindu zuenean, urratu zituen bizitzaren lazoak amoriozko indar aldi aundi batekiñ, eta joan zan bere lagunakiñ zeruan biltzera. Ez da erraz kontatzen nolako poz kontentua artu zuen Aita doatsuak bere semeen neke eramanen eta eriotzaren berria etorri zizaionean. Ikusirik bere Ordena odolezko bataio arekiñ betiko Jaungoikoari eskeñia bezela, deadar egin zuen pozez beterik: «Orain bai esan dezaket segurantzi osoarekiñ bost Erlijioso Txikienetakoak dauzkadala». Gero, España alderonz begiraturik, bedeinkatu zuen misiolari aek martiriorako atera ziran Alenkerko konbentua: «Etxe santua, lur sagradua, zuk sortu dituzu eta eman diozkatzu zeruko erregeri bost lore gorri eder usai txit gozozkoak. O etxe santua, izan zaite beti santuz bizitua!». Oek dira San Franziskoren Ordenak Eleizari eman diozkan anbeste martirien artean aurrenekoak, eta beraren onra Jaungoikoaren eta gizonen begietan egiten dutenak. Baña zer izan zan sakrifizio onen frutua? Nun dira bera dala bide fede egiazkora etorri diran jendeak? Egin dezagun begirada bat Afrika kosta alde aetara, eta ikusiko degu, San Franziskoren misiolarien odolez bustitako lurbira ura, oraindik eriotzako odei beltzez inguratua dagoela. O Jaungoikoaren juizio ezkutatua fede gabeko errien gañean! Gauza guzien Egilleak, eta intz tanto bat ere galtzen utzitzen ez duenak, ez du naiko erori dedilla alperrik bizitzako lurrean kristau odol tanto bakar bat, eta kondairak esaten digu martirien odola izan dala beti kristau eta apostoloen azi indartsu ugaria. Eleizaren aurreneko denboretan Gurasoak eta Irakasleak martirien odoletik jaio ziran. Ala Franziskoar familiaren denborarik onenetan ikusten degu frai Berardo eta lagunen obi odolduaren gañean azitzen lirio zuri usai gozozko eta beñere iltzen ez dana, kristau erria alegeratzen duena; au da San Antonio Paduakoa, San Franziskorekiñ batean XIIIgarren eunkiko mirarigille aundia dana, zeñaren bizitza eta nekeak laburki esango ditugun, bada daude gure Aita doatsuaren kondairarekiñ txit kateatuak.

        Koinbrako Gurutze Santuko konbentuan bizi zan erlijioso gazte bat, Fernando Bouillon zeritzana, 1147an Lisboa Gurutzatuak arturik, uriko Gobernari geratu zan Bizente Bouillonen illoba. Zeukan ostalaritzako kargua, eta ala bera izan zan Afrikara zijoazen misiolariak artu zituena, sartuaz berakiñ adiskidetasun estuenean. Ikusirik aen gorputzak ekartzen millagroen argi errañuz inguraturik eta jendeen benerazio aundiarekiñ, gogoak eman zion sartzea martirien eskola bati bezela begiratzen zion Ordena artan. San Franziskoren agerkera miraritsu batek erabaki erazi zion osoro San Franziskoren erlijioan sartzera. Konbentuko kapillan arkitzen zan gau batean bakarrik, errezoan, eta suspiratzen sagrarioaren aurrean, agertu zizaion Franzisko, eta keñu zorrotzarekiñ agiñdu zion jantzi zezala Penitenziako Abittua. Fernandok obeditu zion, eta biaramonean Prior edo buruzaiak eman zion agiriarekin joan zan San Antonio Olibaresko franziskoen konbentura, nun artu zuen San Franziskoren habitua, eta Antonio izena, zeñarekin jendeak andik aurrera ezagutuko duten eta deituko dioten. Orduan zituen ogeita bost urte (1220ko garagar illean). Illabete batzuetako prueba ondorean eskatu, eta eman zioten agintariak mairuai Ebanjelioa predikatzera joateko baimena, baña Probidenziak zeukan señalatua beste gauzatarako, beste lan mota batzuetarako. Asmo zuen bidajera iritxi zanerako, gaizkitu zan sentituaz oñaze txit aundiak, eta igarririk etzala ura Jaungoikoaren borondatea, enbarkatu zan ostera 1221ko udaberrian Portugalerako asmoan, bere erriko aizeakiñ bereala sendatuko zalako usteetan. Baña orduan ere ekaitz izugarri batek desegindu zituen aren asmoak eta bota zuen Siziliako kostara.

        Ordena etzan orregatik geratu martiri gabe. Afrikako kostatik Antoniok penaz alde egiten zuen bitartean, Buruzai ordezko zan frai Eliasen baimenarekin Toskanatik irten ziran zazpi erlijioso franziskoar lurreratzen ziran Zeutan, toki onroso artan ari ordaiñtzeko. Oek ziran Daniel, Kalabriako Probinziala, Samuel, Domulo, Leon, Ugonilo, Nikolas eta Anjel. Zeutako urian zabaldu ziran deadarka: «Jesu Kristo da Jaungoiko egiazko bakarra, eta beragan bakarrik arkitzen da salbazioa». Mairuen Buruzaiak eraman erazi zituen bere aurrera, eta jarri zien aipabi au: «Kristo ukatu edo ill». «Fedea ukatu? Egundaño ez!» danok erantzun zioten. Esan beziñ laister izan ziran kondenatuak lepo moztuak izatera, zeña zan berak eziñ geiago deseo zutena. Ill zituzten aurreko egunean belaunikatu ziran guziok frai Danielen aurrean bedeinkazioa eman zizaien, eta bedeinkatu zituen itz oekiñ: «Poztu gaitezen Jaungoikoagan! Ona emen guretzat pest-eguna; aingeruak inguratzen gaituzte, zerua idikitzen zagu, biar artuko degu guziok martirien koroa». Biaramon goizean goiz, eman zioten elkarri despedidako agurra, eta ondorean joan ziran eriotzako tokira pauso irmoarekin, ikustean, esan zitekean zirala amorotsu batzuek ezteietara zijoazenak. Aen buruak erori ziran mairuen ganibeten kolpera 1221ko urriaren amarrean.

        Denbora onetan Antonio joan zan Felipe Kastillako probinziako fraide legoarekiñ Ama Birjiña Aingerueneko Batzarre guzienkikora (1221) eta andik Boloniara bialdua izanik, bizitu zan urtebetean mundutik erretiraturik Monte-Paoloko konbentuko ar-zulo batean, gorputzeko ildura eta Liburu Santuen meditaziora osoro emanik, alabaña bakardadeko ixiltasunean moldatu oi ditu Jaunak bizitzako, egia eta amoriozko ugaldeak munduan zabaldu bear dituzten apostoloak. Gertaera oi ez bezelako bat izan zan fraide gaztearen talentuak agertu zituena. Forliko Obispoak enkargaturik egin zitzaiela itzaldi piadoso bat ordentzeko zeudenai, Antoniok azaldu zituen Eskritura Sagraduko itz oek: «Kristo egiñ zan obedille eriotzaraño, eta gurutzeko eriotzaraño». Aurrenean bildurrak eta zalantzan itz egiten zuen, baña gero aren itza zan bizia, alaia, atsegiñgarria eta indartsua, koloreak argitu zitzaizkan, eta arpegia alatan alaitu zizaion, non bertan ikusten ziran animaren mugidak. Aditzalleak gelditu ziran arriturik eta berengandik irtenik bezela, iduritzen zizaien Profetaren bati aditzen zeudela, eta ixurtzen zituzten pozezko negar malkoak.

        San Franzisko osotoro poztu zan berri on au aditu zuenean, alabaña ezagutu zuen Probidenziak bialtzen ziola talentu aundiko gizon bat, apostolu egiazko bat, eta ala berealaxe eman zion baimena profesatu berriari predikatzeko ezezik erakusteko ere jakinde goienenekoa, nola dan Teolojia (1222); ona beraren eskutitza: «Franzisko anaiak bere anai Antoniori, osasuna Jesu Kristogan. Ongi deritzat erakutsi dizaiezula gure anaiai Teolojia Santua, baña zugan eta besteengan oraziozko espiritua itzaliko ez dan moduan gordetzen degun Erreglaren erara. Agur».

        Aginte onen bidez Antoniok erakutsi zuen Teolojia aurrena Montpeller-en, eta gero Bolonian, Paduan, Tolosan eta Franziako beste uri batzuetan. Baña besteakgandik ura berezitzen zuena zan, ez aren jakiñduria ezpada arrigarrizko sermoiak. Eziñ markatu diteke ark zeukan itzal indartsua denbora aetako jende aiñ naspillatu, baña aiñ katoliko egiazkoakiñ. Predikatzen zuenean uzten zioten lanari jaieguna balitz bezela, juezak, letraduak, merkatariak, nobleak eta erriko jendeak zijoazen toki guzietatik berari aditzeagatik. Bideak zeuden zaldun eta damaz beteak, bada zijoazen gabaz, pulpitoaren ondoan tokia atxitzeagatik. Eta Antonio ara igotzen zanean, bazirudian danok ikaratzen zirala; etzan itz bat aditzen, ozta asnasarik sentitzen zan. Jendeak artzen eta edaten zuen aren dotriñaren intz gozoa antsi aundiarekiñ. Aren itzak egiten zuen animetan txinpart batek lasto metan egiten duena. Mugitzen, piztu eta irazekitzen zituen. Denbora asko baño len atera erazitzen ziezten aditzalleai negar malko biotzekoak, oen zispiru eta damuzko oiuak itotzen zuten Santuaren boza, eta pulpitotik jeisten zanean, jendea ezartzen zizaion gañera abituaren ertzari muñ egiteko. Beiñ baño geiagoetan armadunen erdian joan bear izan zuen aditzalleen amorezko estutasunetatik libratzeko. «Ez geiago gorrotorik, ez geiago gerrarik», deadar egiten zuten jendeak sermoi ondorean. «Pakea da bakoitzari egiten zaion justizia, pakea da onerako libertadea». Eta ikusten zan an etsaiak elkarrekiñ laztantzen, lapurrak ostutakoa biurtzen eta erejeak beren dotriña gaiztoak utzitzen eta ezeztatzen. Denbora artan Italia dardaraz jartzen zan Ezelino irugarren, Federiko bigarrenaren ordezko eta suiaren izena aditu utsarekiñ. Bizenza, Breszia eta Berona indarrez arturik, zeuden sufritzen lege gabeko soldaduak egiten ziezten bidegabekeriak; Paduari, patu bera itxedoten zion. Antonio, au jakindu zuenean, bere erritarrak irrisku aiñ aunditik libratzeagatik, joan zan Beronara. Sartu zan Akab berri onen etxean Elias beziñ bildur gitxirekiñ, eta jarririk Ezelinoren aurrean, itz egiñ zion onela: «Nagusi odolgiroa, monstru aseteziña, noiz arte segitu bear dezu kristau odola ixurtzen? Juizioko ordua aldian daukazu, eta kastigua izango da ikaragarria». Ezelino odolgiroaren morroiak onen kiñu baten begira zeuden fraide ausarditsuaren gañean ezartzeko, baña arri eta zur egiñik geratu ziran ikusi zutenean nola bere gogortasuna utzi eta arkume bat beziñ manso biurturik, para zuen zinzilik lepotik gerrikoa, eta fraidearen aurrean belaunikatuta, agindu zion Jaungoikoaren Justiziari satisfazio emango ziola. «Ikusi det, esan zien gero bere jendeai bere portaeraren arrazoia emateko, ikusi ditut fraide orren begietatik irteten tximista batzuek infernura amildu bear nindutela iruditu zaizkidanak». Antoniok garaitu zuen, Padua salbatu zan. Alaxe zortzireun urtez lenago San Leon Aita Santuak geratu erazi zuen millagroz Minzioko ibai ertzean Atila odolgiroa, Jaungoikoaren azotea deitzen zana. San Antonio bizitu zan bitartean etzan portatu len beziñ gogor, eta ez egiñ ere len anbat bidegabekeria. Ezelinok gañera egiñ zion justizia. «Da Jaungoikoaren gizon bat, santua da» esaten zien bere jendeai. «Bere eginbidea betetzen du gure bizioak erreprenditzen dizkigunean, utzi dezaiogun predikatu dezala pakean».

        Nork gogoratu dezake arritu gabe San Antonioren balorea agintari gogor aren aurrean, batez ere enperadorearen serbitzarien menekio eta losentxen parean? Eta nork ez du ikusten egikera onetan fraide Franziskoak egin bear zituzten serbitzu aundien aztarna eta asiera Italiako Errepublikatan, argalak anparatuaz, eta mendesleai gogor egiñaz, oen premiarik etzeukatelako, eta berai bildurrik etzietelako?.

        Guztiak badakite Arriminiko millagro sonatua, ez ordea San Franziskok Amalfiko ondardian Salernoko itxasoan egiñ zuen onen modukoa. Ura nola gertatu zan dakigulako emen kontatuko degu, eta irakurleak askoko dute izenak, tokiak eta denbora aldatzea, jakiteratzeko bigarrenaren kondaira guzia.

        San Antoniok Arriminiko herejeak konbertitzeko alperrikako alegiñ aundiak egin zituen egun batean, esan zien pulpitotik: «O zuek Aldareko Sakramentuan Jesu Kristo egiaz dagoela sinistu nai ez dezutenak, atozte nerekiñ Marekia ibaiaren sarrerara, eta an ikusiko dituzute mirariak, are aundiagoak sinistera lagunduko dizutenak». Itxas bazterrera iritxi ziranean, deadar egin zuen esanaz: «Ibai eta itxasoko arraiak, entzun, zuei noakizute zuzentzera Jaungoikoaren itza, erejeak entzun nai ez didatelako». Dei onetara arrai sallak aditu balute bezela jarri ziran illaran sermoigillearen aurrean txikienak aurretik, eta aundienak atzean. «Nere anaiatxo arraiak, esan zien, zuek zor diozute gure Egilleari kabu gabe ezaguera. Bizilekutzat eman dizkitzute neurrigabeko urak, eta ekaitzetan gordetzeko itxasoaren ondoak. Zuek gorde zaituzte, ugaldeak Noeren ontzian etzeuden guziak ito zituen bitartean. Zuek autu zaituzte Jonas profeta salbatzeko, Jesu Kristo gure Jaunaren eta San Pedroren petxa pagatzeko, Erregeen Erregeri janaritzat serbitzeko. Alabatu eta bedeinkatu ezazute bada, kreatura guzien artean aiñ mesede bereziak egiñ dizkitzutena». Arraiak, erregu au arretaz aditurik, adierazten zuten orain beren egoera errespetozkoarekin, nola egiten zituzten mugidakiñ, eman nai ziotela Jaungoikoari beren mendetasunezko siñale mutua: «Alabatu dezagun Jaungoikoa, esan zuen orduan Santuak jendearen alderonz itzulirik, alabatu dezagun Jaungoikoa, bada kriatura zentzu gabeak entzuten dute beraren itza, beraren antz irudira egiñak baño leialtasun geiagorekiñ». Millagro au ikusirik, erejeak, idiki zituzten begiak Jainkoaren graziara, eta arratsalde artan bertan sartu ziran Eleiza egiazkoan.

        Aren itzaren frutuak etziran txikiagoak izandu Probenzan eta Langedoken, nora bialdu baizuen San Franziskok Santo Domingoren lanai jarraitu, eta ereje manikeoen aurrerapenak geraerazitzera. Mugaldi artan merezitu izan zuen Aita Santuak izendatzea Testamentuko kutxa eta erejeen mallu gogorra.

        Jaungoikoak berak agertu nai izan zuen bere bi serbitzari Franzisko eta Antoniori zien amorio berezia. Probenzako Arlesen 1224ko urtean izan zan billera probinziakoan ari zan Antonio predikatzen berotasun santuarekiñ gurutzean paratako Jesus Nazaretko, Juduen Erregearen gañean; sermoiaren erdi aldean agertu zan San Franzisko, bere ikasleak adierazten zuen dotriñari indar geiago emateko zorian, eta predikaria eta fraideak bedeinkatu zituen biotz guziarekiñ. Une artan danok sentitu ziran pozez beteak, eta berrituak bezela beren bokazioko espirituan, zeña guzia dagoen Jesus gurutziltzatuarenganako amorioan. Franziskok aitortu zien bere adiskideai agerkera ura zala egiazkoa, eta siñalea, Santuak berak zionez, bere anaiakiñ zeukan batasun txit estuarena.

        San Antonio Paduakoa da, San Franzisko Asiskoaren urrena, XIIIgarren eunkiko itxurarik aundienetako bat. Santu bezela, betetzen du bigarren malla Eleizako kondairetan, baña predikari eta apostolu danez, aurrenekoa. Da Krisostomo, Agustin, Efren eta orrako gizon altsu, mundua salbatzeko ikaratzen dutenen sallekoa. Alaz guziaz ere, irakorten ditugunean utzi zizkigun sermoi zatiak, arkitzen ditugu otzak. Eztegu sentitzen Jainkozko argirik, ez jendeak dardaraz jartzen zituen itz indartsuaren soñurik, eta oroitzen geranean irabazi nekosoena dala animen irabazia, galdetzen da, zer da Antonioren garaipenen kausa ezkutukoa. San Antonioren predikazioan, San Franziskorenean bezela, kausa au arkitzen da azaldua Ebanjelioko itz oetan: «Eta ikasleak joan ziran, eta predikatu zuten alde guzietan Jaungoikoak lagunduaz eta aen dotriña, zerraizkion millagroakiñ indartuaz» (Marcos XVI, 20). Jaungoikoa apostolu guziakiñ dago, berak sortzen ditu, berak bialtzen ditu. Berak ematen die, sinistuerazitzeko, agiriaren gisan, millagroak egiteko eta biotzak mugitzeko doaia.

        Mirarigille sonatu au deitua izan zan betiko eztaietara edaderik onenean. 1231ko garagar illaren 13an ostiralean ill zan Paduan 36 urte zituenean, Ama Birjiñaren imno bat azkeneko orduan ortz tartean esaten ari zala. Bereala ill berria zabaldu zuten aur batzuek karriketan ujuka ziotela: «Santua ill da! Santua ill da!». Gregorio IXgarrenak (Ugolino Kardenala) para zuen Santuen lumeroan Pazkoa Espiritu Santuko egunean 1232ko maiatzaren 30ean. Andik urte batzuetara San Buenabenturak, Ordenako Buru nagusi zala, idiki zuen San Antonioren obia; gorputz guzia auts biurtua zegoen, baña mingaña osoa, freskoa eta gorrixka, persona biziarena bezela. Eskuetan artuta errespetoz muñ egiñik, esan zuen: «O mingañ bedeinkatua, Jaungoikoa alabatzeari beñere utzi ez, eta besteai ere bera alabatzen erakutsi diezuna! Oraiñ ikusten da argiro zeiñ preziosoa ziñan bere begietan». Eta itz oek esanik, eman zien uriko agintariai, eta oek artu zuten urrezko ontzi batean.

        Padua, Asis bezela, da pensamentu batek betetzen dituen uri aetako bat, aurrekoetatik datorkien dotriña batetik, obi batetik bizi dana. Antenor bere egillea eta Tito Libio bere semea aztuak daude; bertako Ikas-ol edo Unibersidade sonatuak 1222ko urtean pariak galdu du bere anziñako izen aundia, baña beñere zaartzen ez dana eta uriaren onra egiten duena da San Franziskoren ikasle maite San Antonioren oroipena. Uriak berak dauka arrotzai adierazteko kontua, bere murruetan otallatua dagoen izkira onekiñ: Gaude, felix Padua, quae thesaurum possides. Poztu zaitez, Padua zorionekoa, alako ondasuna gordetzeaz.

        Paduako errepublikak egiñ erazo zuen 1532ean San Antonioren obia gordetzen duen Eleiza guziz aundia. Dauzka zazpi boillerdi eta eskill-dorre bat saiets bakoitzean. Santuaren kapilla dago ornitua Karrarako marmol-arrian ateratako molduratxoakin, Eleiz-ganbaran eta aldare nausian ikusten dira bronzesko tallu-obra bikañak, ogeita amasei lanpara zillarrezko, errege eta prinzipeak erregalatuak, daude beti argi egiten Santuaren aldare aurrean.

        Ala San Franziskoren jarraileen bigarren giza-aldia da aurrenekoa baño ezagungarriagoa. Berardo, Daniel, Antonio Paduakoa, ze gizonak, eta ze gloria izen oetan! Oek etorri ziran Ordena apaintzera martirio eta apostolutzako bi koro berri oekiñ. Oen bizitz-eriotzak moldeatzean (Jaungoikoak daki nolako atsegiñarekiñ), eztegu pensatu gere salletik alde egiñ degunik, bada oek zuten eskubide eta lankintza Franzisko doatsuak eman zien, eta berari zor diozkate benturaz beren garaipenak, eta orrezaz gañera Erlijiozko familietan, mundukoetan bezela, umeen gloria azaltzen da gurasoen bekokian ederrago eta argiagoa.

 

aurrekoa hurrengoa