www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Amabostgarren Bereziera

San Franziskoren erretratoa. Aren birtuteak.

Jaungoikoarenganako amorioa. Gizonakiko aren karidadea.

 

        Ozta zituen Franziskok berrogeita bi urte, iritxi zanean bere bizitzaren mugara, bizitza laburra egiaz gizonen begietan, baña merezimentuz betea Jaungoikoarenetan. Argikari oni begiratu diogu aldetik bere asieran eta edertasun bete betean zegoenean, eta osotoro arriturik geratu gera, orain goaz ikustera bere itzaltzea, zeñean agertuko zaizkigun mirari are arrigarriagoak. Baña lenago begira dizaiegun azkeneko aldiz bere arpegi beneragarriaren moldeari eta bere animaren birtuteai.

        Ama Birjiña Aingeruenekoen Eleizan gordetzen dira Santuaren erretrato eder bi, bata dago pintatua oetzat serbitzen zion olean, eta bestea Pisako Juinta, bere kidako eta adiskideak egiñak, ornitzen du Sangristi aundiko atea. Bi kuadro orietan artuko degu fundatzalle santua ongi ezaguerazotzeko bear deguna. Kuadro oetan ikusten dira gaztetasuneko antz, molde eta señaleak, baña edadearekiñ, biziera latz eta birtutearen itzal indarrarekiñ zerbait mudatuak. Bizarra, batere kontu egiten etziona, dauka beltza eta urria, masallak moreak, betondoak sartuak barauakgatik, eta arpegia eroria. Begiak itzaliak bezela betiko negar egiñaren indarrez, ezpañetan ez da ikusten gaztetako farra irri gozo ura, arpegian itsatsiak bezela daramatzi bere neke eta sufrimentuen siñaleak; eta ordañez, graziaren indarrez bestiruditua dirudi, eta arpegi errukarrian argitua bezela agertzen da bere anima aingeruzkoaren edertasuna.

        Kondaira onen aurreneko gertakarietatik ikusi degu Jaungoikoak aren anima aberastu zuela doai bikaiñ eta prestaera ederrenakiñ, eta ereiñ zituela beragan gaztetandikan birtute aundienen aziak. Gero ikusi degu nola landu zituen San Franziskok Fede, Esperanza eta Karidadea izendatzen diran zeruko lore oriek, eta nola Jaungoikoaren Semeak saristatu zituen aren debozioaren antsiak mesede berri eta aundiagoakiñ. Orain geratzen zagu ikusteko nola Kriatzalle eta kriaturaren arteko trataera betiko ori zala bide, Franzisko izan zan besteak ez bezelako persona bat eta munduan izan diran anima aundienetako bat.

        Birtuteen erregiña, beste guzien asiera, eragille eta euslea da Jaungoikoaren amorioa, edo kristau izkuntzan esateko, karidadea. Emendik datoz beste birtuteak, iturritik erreka eta azitik landarea bezela, eta aiñ mardul eta irazekia agertu zan San Franziskogan, non Eleizak eta jendeak deitu zioten «Asisko Serafiña».

        Zegoen Jaungoikoaren espirituaz betea, eta ala esan al baditeke, guzia Jaungoikotua, sutara botatzen dan ikatzak sutu eta suaren gorritasun bizia artzen duen bezela. Karidade irazeki onek bultzatzen zuen umiltasunak billatzera, bere burua ezereztutzera eta martirioa sufritu nai izatera. Berak murgilltzen zuen kordebagetze aiñ aundi eta luzeetan, esan eraziaz gis onetako itz irazekiak: «Jauna, egizu zure amorio irazekiaren indarka biguñak berezi nazala zerupeko gauza guzietatik, naizan guzia beragan arturik, zure amorioaren amorez ill nadin, nere amorioaren amorez zuk ill nai izan zenduen ezkero». Karidadeak gogoraerazi ere zion egun oro esaten zuen erregu au: «Nere Jaungoikoa, eta nere guzia: Zer zera zu, o Jaun guziz gozoa! eta zer naiz ni kriatura auskor eta ar bilutsa? Amatu nai zinduzket, o Jabe guziz santua! maitatu nai zinduzket, o amoriozko Jaungoikoa! Zuri eskeñi nizkitzun nere biotz-gorputzak, Zugatik geiago zer egiñ baneki, egiñgo nuke eta txit deseatzen det».

        Serafin gisako aldaeraen birtutez, aren bizitza izan zan, egiteko guzia amatzea izango dan zerukoaren asiera. «Zan guzia altxatzen zan beti Jaungoikoaganonz, usai gozozko sakrifizio atsegiñgarri bat bezela, eta illduratzen zuen gorputza penitenzi latzakin, eta anima berriz bera deseoen berotasunarekin». Ikasleai esan oi zien: «Izan zaitezte guzia amorioa, eta guzia egiñ amorioz». Jaungoikoaren karidadeak gañez egiten zion biotzetik, eta ortik ateratzen ziran bere bizitza apaintzen duten anbeste itz eder eta egikera arrigarri. Beiñ batean arriturik zeuden ikustean nola zeraman abitu txar eta pobrearekiñ sufritu zezakean neguaren gogortasuna, eta Santuak erantzun zien: «Geron barrunbetan Jaungoikoaren amorioaren sua sentituko bagenduke, kanpoko otza erraz sufrituko genduke». Arrobaturik zegoen batean aditu zuen Jesu Kristok esaten ziola: «Franzisko, zure amorioa geiegiraño, erakeriaraño dijoa. Nigandik ezin ditezkean gauzak uste dituzu, jakizu, iñork ez dizkidala eskatu egundaño zuk bezelako mesedeak». «O Jauna, nere amorio gozoa! Zuk arpegira ematen didazu au geiegia dala, niganako amorioz ezereztu, aragi galkorrez jantzi eta gurutzeko erakeriaraño maitatu ginduzun orrek».

        Etzan aspertzen beti bere Maiteari jarraitzeko bide-billa, zeñagandik gorputzaren ormak bakarrik berezitzen zuen, eta beiñ batean esan zien bere ikasleai nun nai arkitzen zuela. Igotzen zan gauza guzien iturriraño, eta pensaturik, zentzurik ez dutenerañoko guziak Jaungoikoagandik datozela, biguñtasunez beterik deitzen ziezten «bere anaia-arrebak». Erlijio gabeak ez dute Jaungoikoa iñun ikusten, Franziskok ordea nun nai ikusten zuen. Arentzat, Izaera guzia zan estalki goaitargi neurrigabe bat zeñaren atzean Jauna gordetzen zan; organo bat bere soñu guziz eztitsuarekiñ Jaungoikoaren perfezioak altxatzen dituena, obra paregabeko bat bere edertasunezko ziargi batzuekiñ ornitu zuena. Guziak itz egiten zion Jaungoikoaren gañean, eta Franziskok bere aldetik konbidatzen zituen arekiñ batean guzien Egille eta Jabea alabatzera.

        1224ko urtearen azken aldera, bere ondoezakgatik erretiratu zan San Damiango eleizaren aldameneko zelda txiki batera, eta an izan zuen kordegabetze bat, zeñean Jaungoikoaren Espirituak segurutu zion bere betiko salbazioa; bereala agindu zion bere erritar frai Leonardori luma bat artu eta izkribatu zezala ark esango ziona, eta an gure Santuak asi zuen Eguzkiaren Kanta bat batetango somaketa miragarria, frai Pazifiko, bersolarien erregeak itz neurtu zuzenagoan para zuena, eta anziñako kondairatzalleak Sortitzaren Kanta-ren izenarekin gugandaño pasa dutena.

 

Eguzkiaren Kanta

        Jaun guziz goia, zureak dira alabanzak, gloria eta onra; Zuri bakarrik dagokizu grazi guzia, eta ez da gizonik zu izendatzeko diña danik.

        Kriatura guziak, baña batez ere, o Jauna! Zure itxura dan Eguzkiak alabatua eta altxatua izan dedilla nere Jaungoikoa, bada ematen digu argia eta eguna, eta bere argiera eta edertasunagatik da zure antz irudia.

        Illargi zuri eta izar politak alabatua izan dedilla Jaungoikoa, bada zuk egiñ ziñituen zeruan ederrak eta argi emalleak.

        Alabatu dezatela nere Jaungoikoa aireak eta aizeak, osgarbi eta goibelduak eta beste denbora guziak, zeñakgatik bizi diran beste kriatura guziak.

        Alabatua izan dedilla Jaungoikoa urak, elementu umill, garbi eta goaitargi, eta gizonentzat aiñ gai oneko onek.

        Alabatu dezala nere Jaungoikoa gaueko illuntasunak kentzen dituen suak, bada da argiegillea, bizia, ederra eta indartsua.

        Alabatu dezala nere Jaungoikoa gure ama lurrak, bada mantentzen gaitu zenbat berar, lore eta fruta mota emanaz.

        Andik egun batzuetara despita sortu zan Obispoaren eta Asisko agintarien artean. Don Gidok bota zien eskumikua, eta agintariak beren aldetik Obispoa legeaz kanpora utzi zuten. Franzisko ezpaita onekiñ atsekabetua zegoen, eta bere kantuari ezarri zion ondorengo berso au, erlijiosoak danak batetan bi alderdien aurrean kantatu zutena, iritxiaz bereala elkarren artean pakeak egitea:

        Alabatu dezatela nere Jaungoikoa bere amorez barkatu, nekeak pazienzian eta gaitzak biotz alegereakin daramazkitenak. Zorionekoak pakean bizi diranak, zeren zeruan izango diran koroatuak!

        Azkenik, Jaungoikoak agertu zionean, urte bi sufritzen igarotakoan, gorputzeko karzelatik libratuta joango zala betiko deskansura, San Franziskok bukatu zuen amoriozko kanta ura esker onezko deadar onekiñ:

        Alabatu dezala Jaungoikoa iñor libratzen ez dan gorputzeko eriotzak. Errukarriak pekatu larrian iltzen diranak, eta zorionekoak eriotzako orduan zure borondate txit santuaren obedienzian arkitzen diranak, zeren ez duten ikusiko betiko penazko bigarren eriotza.

        Alabatu eta eskerrak eman nere Jaunari zuek kriatura guziak, gusto eman eta serbitu ezazute zor diozuten umiltasunarekiñ.

        Alaxe Jaungoikoak goiargiturik, Ananias, Mizael eta Azarias israeltar gazteak Babiloniako labe gorituan goizeko aire fresko atsegiñgarri artean paseatzen baziran bezela kantatu zuten esker onezko kanta ura.

        Jaungoikoaren obra guziak bedeinkatu ezazute Jauna, alabatu eta goratu denbora guzietan.

        Zeruak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Zeruko izarrak bedeinkatu Jaungoikoa.

        Euri-intzak, bedeinkatu Jaungoikoa. Aize-ekaitzak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Udako beroak, bedeinkatu Jaungoikoa. Neguko otzak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Argi eta illunak, bedeinkatu Jaungoikoa. Mendi eta muñoak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Lurretik sortzen zeraten belar eta landareak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Iturriak, bedeinkatu Jaungoikoa. Itxas-ibaitako urak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Bale eta uretan mugitzen diran gañerako arraiak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Zeruko egaztiak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Abere eta gañerako eleak, bedeinkatu Jaungoikoa.

        Eguzkiaren Kanta, alabantzazko kantaz gañera zan otoitza, eta San Franziskok nai zuen bere anaiak buruz ikastea, egun oro esan zezaten. Kanta au berez aiñ laburra bada ere, Santuaren anima guzia, bere irudimentuaren ugaritasuna, bere etorkiaren ausardi guzia sartuak daude bertan, nun sentitzen dan Unbria izendatzen dan paraiso artako aire gozoa, zeru aiñ eder eta lurra lorez estalia daukanarena.

        Gure Santuarentzat begien aurrean daukagun munduan sartzen zan Probidenziaren aurreneko plano, pekatuak desegindua izan zanean. Loreak ziran arentzat Jaungoikoaren parra gozoa bezela, eta zeruko izarrak Guzialdunaren gloria aitortzen zuten testiguak. Konbidatzen zituen beren Egillea alabatzera ibai-itxasoak, mendi-ibarrak, larreak eta artaldeak, aingeru eta gizonak, eta kantari oen guzien erdian jartzen zan bera, armoni eztitsu guziak bere animan biltzen dituen soñulari goiargitua bezela. Kriatura guziak serbitzen zioten ez arazotzat, ezpada eskumallatzat igotzeko beti Jaungoikoaren jargoikoraño; eta edertasun galkorrak baizik besteak ikusten etzituzten gauzetan Franziskok ikusten zuen gorputzeko eta animako legeen artean, Sortitzaren eta Fedeko misterioen artean dagoen elkartasuna. Ordu osoak igarotzen zituen askotan erleen ernaitasuna alabatzen, eta berak ezer ez bazeukan ere, egiten zuen modua eztia eta ardoa emateko otzak ill etzitezen.

        Txoriandraren ernaitasuna jarri oi zien jarraikaritzat bere ikasleai. Ikusirik beiñ batean txori oetako sall bat (urdiñarre auts kolorekoa bere abitua bezela) lurretik jaiki eta kantuan, ale batzuek lurrean bildu ondorean, esan zien: «Begira ezazute zer egiten duten kriatura mantso oek, nola erakusten diguten eskerrak ematen zeruko Aitari egunoroko ogia ematen digulako, ez dezagun jan beraren gloriagatik baizik, lurra despreziatzera eta gure jolasak egon bear duen zerura ega egitera». Txoriandrak ziran bere gustoko txoriak, eta alabatzen zituen lurreko gauzetarako itsaspenik etzeukatelako, txingurrien kontra arrenkuratzen zan bezela, negurako janariak gordetzen kontu geiegi zeukatelako.

        Gau batean Albernia mendiko ermitara erretiratzen zala, aditu zuen erretxinola kantatzen. Pozez beterik, esan zion berekin zijoan lagunari, kanta zitzala Jaungoikoaren alabanzak, txoriarekiñ txanda egiñaz. Frai Leonek etzuen nai izan boza txarra zuela apukoa emanaz, eta ala San Franzisko bera jarri zan txori kantariari erantzuten, eta segitu ere gau beranduraño; eta nekatu zanean deitu zion erritxinolari zetorrela bere eskura, milla pesta eta palagu egin ziozkan eta alabatu ere bai bera bentzutu zuelako, eta esan zion Frai Leoni: «Eman dezaiogun jaten gure anai erretxinolari, bada nik baño obeto merezi du». Txoriak jan zituen ogi apur batzuek Santuaren eskuan, eta bedeinkazioa arturik ega egin zuen basora.

        Egaztien urrena, ardi eta arkumeai agertu zien Santuak naitasun bereziena, oroitarazten ziotelako gizonak erredimitzeko Kalbarioan sakrifikatu zan Arkume mantxagabea. Ikusten bazituen iñoiz abere oek arategira eramaten, penaz negar egiten zuen, eta etzuen andik alde egiten, eriotzatik libratzen zituen arteraño. Ikusi zuen egun batean ardi bat bakarra zebillela larrean aker sallaren tartean, eta zizpiru bat emanaz esan zien erlijiosoai: «Ala zegoen Jesus gure Salbatzalle gozoa judu-fariseoen artean!». Lagunak erosi nai izan zuten ardi ura, baña etzuten zerekin, bada etzeukaten abituak beste gauzarik; merkatari bat pasa zan suertez andik, eta Santuaren penaz kupiturik, ardia erosita erregalatu zion.

        Beste ardi bat eraman zuten Ama Birjiña Aingerueneko konbentura, eta erregalatu zioten San Franziskori, onen atsegiñ aundiarekiñ. Enkargatu zion zein ernai egon bear zuen Jaungoikoa alabatzeko, eta erlijiosoai atsekaberik ez emateko, eta enkargu oek kunplitu zituen leialki ardiak. Aditzen zienean erlijiosoai koruan kantatzen, joaten zan berez eleizara, eta Ama Birjiñaren aldare aurrean jarririk, bere be, be adi gozoakiñ agur egiten zion Arkume egiazkoaren Amari. Mezatan, apaizak ostia sagradua altxatzen zuenean, belaunikatu eta burua makurtzen zuen, fededunai deitzen bazien bezela Ostia Sagradua adoratzera, eta eman arpegira fedegabeai Sakramentu adoragarri onen kontrako beren erreberenziaren faltak.

        Erroman egon zan denboran 1222ko urtean, erabiltzen zuen berekiñ arkumetxo bat, andik alde egiñ zuenean bere adiski argirotar eta piadosa Jakobina Settesoliri erregalatu ziona. Nola arkumetxo au zegoen oitua ejerzizio espiritualetara, egiñ zan dama noblearen lagun txit estimagarri, jarraitzen zion Eleizara, egoten zan an jabea zegoen bitartean, eta itzultzen zan arekiñ batean. Goizean ikusten bazuen lo, edo jaiki gabe, deitzen zion bere be bekoakiñ, eta artzen ziozkan erropak, aditzera emateko, Jaungoikoa serbitzera joateko ordua iritxi zala; ala Jakobinak txit maite zuen, eta agertzen zion kariño errespetozkoa ardi miragarri ari, bada San Franziskoren ikasletik pasa zan arentzat piedadezko maixu izatera.

        Ez dezagun aztu beste gauza bat, ustez txikia, baña ez berez, bada fedearen aldetik gauza txikirik ez dago. Aita doatsuak kentzen zituen bidetik eskuarekiñ, an topatzen zituen ar guziak, bidean zijoazenak oñpean lertu etzitzaten. Etzuen esan Dabidek Kristogatik: «Arra naiz, ez gizona?».

        Franziskorentzat zentzugabeko kriaturak zeukaten izkuntza misteriozkoa. Amorio aundia zion senide urari, bataioan Jesu Kristoren odola daramalako, eta garbitzen zanean, ixuritzen zuen iñork oñpean erabiliko etzuen tokian. Arrietan erreberenziatzen zuen Ebanjelioko ar-kantoia danaren irudia; enkargatzen zien fraideai basora egurretara zijoazenean, etzitzatela ebaki adar lodiak Jaungoiko-Gizon egiña Gurutzeko arbolan ill nai izan zuelazko siñalean, eta nai zuen konbentuko lore-baratzan urte guzian kuadro bat lantzea, Jeseren ziorretik jaio, eta bere usaiarekiñ ninadu guzia alegeratu zuen lore misteriozkoaren oroipenean.

        Gai onetan ark pensatzen zuen guzia ezagutzen da txit maiz gogoratzen zitzaizkan esaera zorioneko aetako batean. Guziok oroituko dira nolako kontuarekiñ jasotzen zituen lurretik izkribatuak zeuden paper puskak, oñpean ez zanpatzeagatik Jaungoikoaren edo Eskritura Sagraduaren gañeko itzen batzuek. Erlijioso batek galdetu zion mugaldi batean, ea zergatik ernaitasun berarekin biltzen zituen fedegabeen izkribuak. «Ene seme, erantzun zion Santuak, bertan daudelako Jaunaren izen santua antolatzeko letrak; bada izkribu oetan arkitzen dan ona ez da fedegabe eta ez gizonena, ezpada on guziaren egille eta iturri danaren Jaungoikoarena». Eta egiaz, jakinde sagradu eta munduko guziak zer dira Jaungoikoa bere izena gizonaren entendimentuan izkribatzen dituen letrak baizik, zeruan izarrakin izkribatzen duen bezela?.

        Ala gure Santuak munduko armoni ezkutuai entzuera emanik, igoerazitzen zituen armoni eta edertasun guziaren sortze eta iturriraño. Au da bere jenioaren azgarri bereziena, alatan non bere kondairatzalle guziak ala ezaguturik, begiratu diote Franziskori Sortizaren maitatzalle aundienetakoari bezela. Eztago gauza ziertoagorik, baña oroitu gaitezen ala izan zala, Jaungoikoaren adoratzalle irazekienetakoa aurrena izan zalako. Noiz beteko dira munduko jakintsuak, Santuak bete ziran espiritu eta dotriña berperaz? Noiz sentituko dira bear bezelako indarrarekin urratzeko jakinduri arro, palso eta legor batek egia loturik daukan katea? Egun ori iristean, eta Jaungoikoari nai dakiola len bait len izatea, ezagutuko dute San Franziskok bezela mundua dala liburu aundi bat, beraren itz bakoitzak Jaungoikoaren izen adoragarria berriztatzen dutena.

        Guzian Jaungoikoa ikusten zuen karidade oso onekiñ, guzia beragana zuzentzen zuen karidade portitz eta iraunkor onekin bateratzen zuen Franziskok debozio biguñ eta senzilloena. Nolako biotzeko sentimentuarekiñ itz egiten zuen Jesusen gizatasun eta jaiotzako misterioen gañean! Eta nolako poza sentitzen zuen urteoro pest oek iristean! Erlijiosoak galdetu zioten beiñ batean ea ondo egiñgo al zuten, baldiñ Eguerri egunean aragia jaten bazuten, jai au ostiralean zanean. «Segurki, erantzun zien, eta nik nai nukeana da prinzipe eta aundiskiak bota dezatela aragia eta garia kanpo eta bideetan egun onetan, abere eta egaztiak ere pest aundi onetan partartu dezaten». San Franzisko izan zan estrabi santuaren debozioa Italian, sortu ez bazuen ere, zabaldu zuena. 1223ko urtean Erroman zegoela, iritxi zuen Aita Santuagandik baimena Greziora joateko munduko Salbatzallearen jaiotza zelebratzera, eta bere erlijiosoak eta ingurutako jendeak bildurik, pestari arteraño ez bezelako alaitasuna ematera. San Franzisko iritxi zan Greziora onenzaroz eta arkitu zuen bere adiskide Juan Belitak guzia prestatua zeukala, aldeaurrez erakutsi zion bezela. Kanpo librean altxa zuten aldare bat eta ipini estrabia, eta asto eta idi bat eramanik irudikatzen zuen egoki Belengo estalpea. Gauerdian joan ziran erlijiosoak basora alderritar eta baserritarrak beren zuzi irazekiakiñ zerraizkitela. Ikuskarri atsegiñgarria zan ikustea mugitzen anbeste argi arbola tartean, eta aditzea Unbriako billanziku ederrak an zeuden guziak kantatu eta mendiko oiarzunak erantzuten zituztenak. Franziskok pozaren pozez negar egiten zuen. Mezan artu zuen apaiz-urrenaren lankintza, eta Ebanjelioa kantatuta predikatzen zuen Belengo Aurra amoriotsu deitzen zion Mesiasen aunditasun eta miserikordien gañean. Jesusen izen gozoa esan bear zuen bakoitzean, geratzen zan; boza mudatzen zizaion ezti gozoa millikatzen dagoenaren gisan, edo zeruko soñuren bat bere barrunbean aditu eta oroipenean gorde nai bazuen bezela. Juan Belita zaldun, gizon prestu eta Jaungoikoa obeto serbitzeagatik soldaduzka utzi zuenak, itz ziñeztuakiñ aseguratu zuen ikusi zuela aur bat lo zegoela zirudiena, eta gure Santua arengana makurtzen zala musu emateko eta esnaerazitzeko. Agerkera onekiñ ukitzen egon zan lastoak, egiñ zituen gero zenbat sendaera millagrozkoak.

        Eziñ esan diteke nolako pozarekiñ artu zuten fededunak pesta onen jartzea. Santa Klara izan zan bere Ordenako konbentu guzietan oitura piadoso au, zeña dagoen iruditzean Eleizetan Belengo estalpea eta Salbatzallearen jaiotza Eguerri jaiak dirauten bitartean. San Franziskoren ejenploari zerraikiola, berak zuzentzen zituen onetarako prestamen guziak, eta esan ezin bezelako atsegiña sentitzen zuen Aur Jainkoa estrabian ipintzean, bere kanta aingeruenakiñ batean biltzean, eta Jainko-Gizon egiñaren amorio kabugabean pensatzean. Bere piedadeak balio izan zion mesede bat, debozio asi-berri au zabaltzeko asko serbitu zuena, eta Bernardo Bessek bere darraikoi guziakiñ, noiz gertatu zan señalatu gabe, kontatzen diguna.

        San Damiango konbentuan ari ziran prestatzen Eguerri jai ederra zelebratzeko, moja guziak jaikiak zeuden, bakarrik Klara, sukarri gaitz aldiak arturik, eta oñaze biziakin oean zegoelako, ezin joan zitekean, bere pena aundiarekin Matutiak mojakin kantatzera, eta Komunio Santua artzera. Aren sentimentua zenbaterañokoa zan ezagutzeko prezisoa da amatzea Klarak bezela Birjiñen zeruko esposoa. Baña aren penak gañez egiñ zuen mojak korura joan ziranean; eta deadar egiñ zuen: «O nere Jabe guziz gozoa! Ikusi ezazu nere pena! Nere lagunak billanziko ederrakiñ zelebratzen dute zure jaiotza; zure ziezka inguratuta zure alabantzak kantatzen dituzte, eta, nik bakarrik alako ditxa ezin gozatu nezake!». Kriatura bilutsenen garraxi txikienak aditzen dituena etzan entzungor egin bere serbitzariaren espa amoriotsuai, eta Klara sentitu zan bat batetan Konbentu Sagraduko Eleizara eramana; egiaz ote zan edo espirituan? Etzekien berak ere; baña nola nai izan zedilla, aditu zituen ederki mojen kantak; bere begiak ikusi zuten aldare gañean Belengo Aur adoragarria, eta bere aoan artu zuen Bizitzako Ogia, Sakramentuaren estalkian gordea.

        Elizkizunak koroan bukatu ziranean monjak joan ziran eriaren zeldara, eta esan zioten: «O Ama, zer gau atsegiña! Ze alegri zerukoak bete dituzten gure animak! Ez egon bear zuk an zere alabaz inguraturik!». «Utzi itzatzute lantu oriek, ene aizpa maiteak, erantzun zien abadesa santuak, eta nerekiñ batean bedeinkatu ezazute bere serbitzari errukarri au utzi nai izan ez duen gure Jaungoiko ona». Eta kontatu zienean zerutik artu zuen mesede berezi ura, esan zien: «Poztu zaitezte nerekin batean, ene aizpak. Alabatu dezagun guziok Gizonen Erredimitzallea, eta gure Aita San Franzisko, mesede aiñ señalatua batak egiñ eta besteak iritxi didalako».

        Estrabi Santuaren debozioa, San Franziskoren Semeak zabaldua, denbora asko da mundu guzian zelebratzen dala, baña iñun ere ez da egiten anbeste gusto eta senziltasunarekiñ nola Franziskoarren Ordenako konbentuetan, baña batez ere Ara Celikoan.

        Gure Santua saiatzen zan ezagutzen al zuen guzia Eleizak zelebratzen dituen misterio guzien espiritua. Espiritu onekin igotzen zan Garizuman Kalbariora, eta bere biotzetik irtetzen zizaion San Pauloren deadar au: Dilexit me, et tradidit semetipsum pro me. Jesusek maitatu ninduen, eta ill zan nigatik.

        Liburu Santuetako itz onek arritzen eta poztutzen zuen, berarekiñ biotza asetzeraño, eta ez dago dudarik asko serbitu ziola Santu, eta Santu aundi bat egiteko: anbesterañoko espiritu Jainkozkoa dago itz bakoitzean; aiñ argi, ugari eta indartsua da! Badirudi dala Ostia konsagratu bat, premia dutenai emateko beregan Jesu Kristo guzia daukana.

        Franziskoren piedadea azitzen zan oi ez bezela aste santuan. Etzuen pensatzen Jesus Gurutziltzatuan baizik, eta San Buenabenturak esaten digu, pena eta amorezko negarretan urtzen zala Pasio Santua oroitze utsarekiñ. Esan zezaiekean bere erlijiosoai San Bernardok anbat egiarekiñ: «Nere konbersioko unetik egiñ nuen mirrazko lore pilla nere Salbatzallearen samiñtasun eta sufrimentuakiñ, ordaintzeko ez neuzkan merezimentuak. Nere bularrean para det, eta ez dit iñork andik kenduko. Beragan jartzen det nere ontzea, nere ondasunak, eta billatzen det nere konsuelo guzia. Orrek itzaltzen du nere Juezaren aserrea, eta jarraitu erazten nere Jaungoikoa. Badakizute maiz itz egiten dedala Jesu Kristoren Pasioaren gañean, eta Jaungoikoa testigu det beti nere animan josia daukadala. Nere jakiñduria da Jesus, eta Jesus gurutziltzatua». Batzuetan gizonen gogortasuna ikusita tristeturik, mendi eta ibarretan zebillen korrika, inguruetako oiarzunai deadar egiñaz: «Mendiak, negar egizute! Arrokak, purruka zaitezte! Ibarrak, zizpiru samiñak atera itzatzute! Eta zu Sion, erri berezia, Eleiza Katolika, urra itzatzu zure jantziak eta biotza, estali autsez burua, bada amorioa ez da amatua». Eta oiarriak erantzuten zuten tristero: L'amore non é amato! L'amore non é amato! «Amorioa ez da amatua! Amorioa ez da amatua!». Zaldun batek zizpiru oek aditu ziozkan, eta beraganaturik, esan zion: «Zergatik kejatzen zera orrela? Zer egiñ al dizazuket konsolatze arren?». «Nere Amorioa gurutziltzatua dago, erantzun zion, konsolatu nai banazu, negar egizu nerekiñ batean beraren Pasio Samiñagatik».

        Beste batean bere azkeneko bi urteetan zeramazkian eziñ esan bezelako oñazeen artean galdetu zioten erlijiosoak señalatu zizaiela zeiñ liburu nai zuen ekartzea, bera irakorriaz zerbait sosegu eta alibio emateko; eta eman zien errespuesta eder au: «Ene anaiak, ez dago ni konsolatuko nauen liburu obeagorik, Jesu Kristo gure Jaunaren Pasioaren oroipena baizik; au da nere betiko meditazioetako gaia, eta munduaren bukaeraraño biziko banintzake ere, ez nuke izango beste irakurtzaren bearrik». Eta gero zion: «Jaungoikoari nai ez dakiola ni gloriatzea Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzeaz kanporako beste ezertan!». San Paulo apostoloaren deadarra maiz irteten zizaion biotzetik, eta orregatik Erlijioso txikienak aukeratu zuten beren ezkutarmen berezgarritzat.

        Gure Santuak Jesus Gurutziltzatuari zion amorioa etzuen bereizten Jesus Sakramentatuari zion amoriotik. Meza entzuten zuen egun oro, eta maiz komulgatzen zan, eta erregutzen zien bere ume guziai, baita Irugarren Ordenakoai ere, onetan jarraitu zezaiotela. Zer ikuskarri ederra zan ikustea joaten ura komulgatzera begiak lurrera begira, eskuak bilduak eta oñutsik misterio aiñ aundiaren begirunez! Begira zeudenentzat zan izan zitekean ederrena, eta etzuen iñork ikusten deboziora osotoro mugitu gabe. Eta bere bularrean Jaun aundia artzen zuenean, joaten zan bazter batera eta an geratzen zan beragandik irtenik zeruko ardoz beteta bezela.

        Ezagutzen duenak Aldareko Sakramentua dala mundu onetan amorioaren atzeneko itza, beiñ bakarrik Komunioaren atsegiñak gustatu dituenak, sentitzen du bere animan sortzen dala deseo berri bat; Sagrarioak deitzen dio limurkari biguñenakiñ: Sagrarioa da bere ondasuna, eta an dauka bere biotza. Au zan San Franziskoren jaiera. Etzan aspertzen Sakramentuari begira egoten. Aldare aurrean belaunikaturik, eta fedeak erakusten digun argitasunezko itxaso artan, amoriozko labe artan murgildurik, igarotzen zuen egunaren parterik aundiena Jaungoikoarekin amorio estueneko jolasian. Orduak joaten zizaizkan nai baño lenago, askotan egun sentia etortzen zizaion jolas biguñ oetan zegoela, utziaz pena aundiarekiñ. Bein batean bere adiskide zan zaldun batek orrelako debozioaz arriturik, galdetu zion: «Aita, esan zadazu, nola errezatzen dezu, eta anbeste ordutan zer egiten dezu Aldare aurrean?». «Ene Seme, nik ere galdetzen dizut, zer egiten du pobreak aberatsaren atean, eriak sendagiñaren aurrean, eta egarri danak iturri garbi baten ondoan? Oek egiten dutena egiten det nik ere Sakramentuaren aurrean: erregutu, adoratu, amatu». «Erregutu, adoratu, amatu!» Ona emen esanik iru itzetan San Franziskoren bizitza guzia.

        Eziñ eraman zuen Sakramentua zegoen eleizak bear bezela kontu egin gabe ikustea, eta premiarik bazegoen, berperak garbitzen zituen. Misioetara joaten zanean, ostia gabe arkitu etzitezen, edo zeudenak ongi egiñak ezpazeuden ere, eramaten zuen berekin Parrokia pobreetarako osti-molde arte aundiz egiñ bat. Aldareko Sakramentu Santua dala bide ekarri zien beti apaizai alako errespetoa, eta berari darraikala Ordena guziak ere ekartzen die.

        Nola adieraziko degu Santuai zien debozioa, San Migel Aingeruen buruzaiari, San Pedro eta San Paulo, Apostoluen lenenai, eta guziaz gañ, bere Ordenaren bitarteko eta gordetzalle aukeratu zuen Jaungoikoaren Ama zorionekoari? Urteoro barau gogorrakiñ prestatzen zan oen pestak zelebratzeko.

        Franziskoren anima betetzen zuen amorio garbi, agorteziñ, eta Jesusen biotzetik zuzen zetorkion onek, etzekien alperrik egoten, eta barreiatzen zan ugaldearen gisan kriatura guzien gañean, baña batez ere munduan baztertuak daudenen gañean, zeñak beti izan diran asko, baita blasfemari eta erlijio gabekoetaneraño ere. Zenbat bider gure Santuaren mansotasun aldaezkorrak sendatu zituen gorrotoak edo erresumiñak zaurituak zeuzkaten biotzak! Zenbat bider adiskidetu zituen Jaungoikoarekiñ, jendearekiñ eta beren buruakiñ! Utzi dezaiogun Iru lagunen irakorgaiari kontatzen garaipen oetakoren bat. Asistik Perusara zijoan batean billatu zuen bidean alderritar bat bere aserre bizian arpegi guzia sutua zeukana, eta nagusiaren kontra birauka zijoana, bere gauza piskak ostu ziozkalako. Santua alderatu zizaion, eta ikusirik, batere estutu gabe, segitzen zuela bere gorrotoan eta bengatzeko asmoan, kupitu zan artzaz eta eztitasun aingeruzkoarekiñ esan zion: «Ene anaia, Jaungoikoaren amorez eskatzen dizut barkatu deiozula, zure anima salbatu dediñ». «Nik barkatu! deadar egiñ zuen gizonak. Ez diot barkatuko, kendu dirana ostera itzultzen diran arteraño». «Tori nere kapotetxoa, esan zion Santuak, au da nik dedan guzia, eta ordañez, Jaungoikoaren amorez barka zaiozu zure nagusiari». Itz egiten zuen bitartean, kapotetxoa soñetik kendu eta eman zion maisterrari, zeñak ikustean Santuaren ernaitasuna, eta aren karidadea, ito zituen bere benganzako deseoak eta barkatu zion nagusiari.

        Ainbesteraño kupitzen zan Santua lagun urkoen sufrimentuaz, non negar egiten zuen negarrez zeudenakiñ, eta bai egiñ ere askotan millagroak eskatzen ziotenen alde. San Jeminianon sendatu zuen bere ostalariaren emaztea, gaizkiñakiñ zegoena. Fabrianon, Bal-Petrosoko Ama Birjiñaren konbentura gurdiarekin joan bear izan zuelako, kanpoko lana gogoaren kontra utzi zuen nekazari batek, itzultzean ikusi zuen aingeruak landu zutela bere soroa. Trabe-Bonaton, egarriak itotzen zeuden beargille batzuek eskatu zioten ardoa, eta Santuak ur bizizko iturri bat bedeinkaturik, ardoa jarioka egon zan ordu bete baño geiagoan. Onelako gertakariak ugari ikusten dira gure Santuaren bizitzan.

        Baña aren ontasuna etzan iñun ere arrigarriagoa, bere erlijiosoakin usatzen zuenean baño. Nolako karidadearekiñ saiatzen zan aek konsolatzen, ala beren barrengo penetan, nola gorputzeko gaitz aldietan! Aekiko biguñtasuna bakar bakarrik neurtu zitekean bere buruari ekartzen zion gogortasunarekiñ.

        Gau batean erlijioso gazte bat goseak eta gogaleak eziñ egonik, asi zan negarrez, eta azkenik deadar egiñ zuen esanaz: «Goseak iltzen nago!». Au aditzean Aita doatsua jaikitzen da, maia prestatu eta eseritzen da erlijioso guziakin, gazte ura lotsatu etzediñ, bera bakarrik jaten jarririk. Jan ondorean itz egiñ zien onela: «Egiaz diotsutet, bakoitzak bere indarren kontua aterata artu bear duela bear duen janaria, gorputzak egiñ dezaiozkan animari serbitzu leial eta protxuzkoak. Kontu, ez gaitezen erori geiegian edo gitxiegian. Ez degu jan bear larriegi, bada ori gorputz-animentzat kaltarkitsu izango litzake, ez eta eragabe barautu ere, Jaungoikoak naiago dituelako miserikordiazko obrak, ezen ez erlijioak agintzen dituen gorputz utsezkoak. Guri dagokigunez eta une onetan jan degu gure anaiari zor diogun karidadez, eta ez premiaz edo gurariz».

        Gisa bereko urrikaltasuna usatu zuen frai Silbestre bere aurreneko amabi ikasleetako batekin aultasunezko gaitzarekiñ egondu zanean. Jakiñik frai Silbestre mats-zaletu zala, baña eskatzen lotsatzen zalako, eraman zuen urrean zegoen maasti batera, eseri zan berarekiñ batean zepa baten ondoan, mordo bat artuta bedeinkaturik, partitu zuen eriarekiñ. Jaungoikoak bedeinkatu zuen Santuaren karidade gozatsua, alabaña frai Silbestre sendatua arkitu zan bere partea jan zueneko.

        Beste gertakari kupigarri batek ikusieraziko digu ongi San Franziskok bere erlijiosoai zien kariño aundia. Frai Rijer Boloniakoa, Doatsuaren izengaña merezitu izan zuena, egondu zan zerbait denboran tentaziorik ikaragarriena dan etsimenekoaren mendean. Uste zuen Jaungoikoak kondenatua zeukala, eta iruditzen zizaion orregatik San Franziskok ies egiten zuela beragandik. Osoro desalaitua zegoen egun batean esan zion bere buruari: «Joango naiz nere Aitaren billa. Arrera ona egiten badit, itxedon dezaket Juez Soberanoa alde izango dedala, eta bestela, ori izango da, Jaungoikoak bere miserikordiatik bota nauen siñalea»; eta bereala joan zan Asisko Obispoaren jauregira, nun zegoen Franzisko gaitz aundiarekiñ Obispo Jaunaren kontura. Santuak jakiñik zeruko argiz frai Rijerren animaren egoera eta aren joanera, agindu zien frai Leon eta frai Masseori ateratzeko bidera, esanaz: «Zoazte frai Rijerren bidera, bada datorkit ni bisitatzera. Laztandu eta esaiozute bera dala nere erlijioso guzietan maiteen dedana». Leon eta Masseok obedienziako ume egiazkoak bezela bete zuten agindu zizaiena, eta frai Rijer, bereala fedean sendoturik, sentitu zan konfianza eta poz aundiz betea. Eta ez al zan sartu San Franzisko zegoen gelan, au osoro argala bazegoen ere, jaiki zan, joan zizaion ongi etorria ematera, eta biotzez laztandurik, esan zion: «Nere seme maitea, amatzen zaitut bereziro munduan dauzkadan erlijioso guzien artean». Eta gero, bere ikaslearen kopetan gurutzearen señalea egiñ eta muñ egiñik, esan zion: «Jaungoikoak nai izan du tentazio ori zuk izatea, zure animaren on geiagorako, baña pixuegitzat daukazun ezkero, gaurdanik ez dezu ez tentaziorik eta ez pruebarik geiago izango». Eta egiaz, une artatik bertatik frai Rijerrek iritxi zuen ostera barrengo pake eta atsegiña, egundaño geiago ez galtzeko.

        Franziskoren ikasleen artean baziran batzuek jakiñdurian eta ondo itzegitean besteai eraiten zienak, nola ziran frai Elias, Alejandro Haleskoa eta San Antonio Paduakoa; Franziskok ezagutzen zuen, baña aen triunfuak eziñ eramanik egon ordez, gizon ttattar eta biotz txarrekoak bezela, txit atsegiñ aundia agertzen zien eta bai esan ere, biotz biotzetik laztantzen zituen bitartean: «Ene anaiak, zuek ekartzen dizkidatzuten berri onak sentierazitzen dizkidate zelaietako usai gozoa usantzen danean sentitzen dan atsegiña bezelakoa».

        Jainkozko karidadearen ondore miragarriena da eskeintzea barkazioa kulpadunai, salbatu ditezen. Gure Santuak, Salbatzallearen miserikordia neurrigabea alegiñean jarraituaz, enkargatzen zien Ordenako Ministro edo Agintariai usatu zezatela urrikaltasun bera beren mendekoakiñ, alatan non orduan Buru nagusi-ordezko zan Pedro Kataniori izkribatu zion onako eskutitz au: «Jaungoikoa izan dedilla zure laguntza, eta bere amorio santuan gorde zaitzala. Erlijiosoen gobernuan enkargatzen dizut ager dezazula alako pazienzia, non, oetakoren batek eskua altxatzerañoko ausardia izango baluke ere, ar dezazula tratu gaisto au mesede bat bezela. Maita itzatzu era onetan tratatzen zaituztenak, eta ar ezazu amorioaren bidez berak obetzeko asmoa, ez dezazula uste izan ordea konbertituko dituzula, Jaungoikoak orretarako grazia ematen ez badizu. Jaungoikoa amatzen dezula, eta neri beraren eta zure serbitzari naizen oni naitasunen bat didazulazkoaren siñalea izango da, baldin gure anaietakoren bat, kulpaduna izan arren, irteten ezpada zure aurretik zure ontasunaren señaleak sentitu gabe. Egiñdako utsegitearen barkazioa eskatzen ezpadizu, aurreratu zatzaiozka eta eman zaiozu, eta milla bider aurrean jartzen bazatzu, ager zaiozu neroni baño kariño geiago, erakarri dezazun bide onera. Beste erlijiosoak ez dezaiotela eman arpegira, eta ez zabaldu, egiñ duen utsegitea, ezpada iduki dezatela gordea, estaliaz beren anaia karidadezko mantuarekiñ, zergatik ez dira osasundunak, ezpada gaizki daudenak, medikuaren bear diranak. Egizu agindu dizudan guzia. Agur».

        Eskutitz au irakorritakoan galdetu diteke ote dan amarik bere umeentzat onek anbat amorio eta biguñtasun duenik. Era onetan jartzen zuen obraz Franzisko maitagarriak bere Erreglako VIgarren Berezieran markatua utzi zuen konsellua: «Ama batek bere semea gorputzaren aldetik mantentzen eta maite badu, ezta maitatu eta mantendu bear gure anaia espirituaren aldetik?».

        Eta nola fundatzalle santuak etzion begiratzen bere ikasleen animako aurrerapenari baizik, eta nola santutasunari dagokion gaizkia osoro gorrotatu, eta ona egiñalean maitatzea, Erreglaren ausle gogor eta setatsuen kontra eman zuen sentenzia ikaragarri au: «Aita guziz Santua, zuk eta zeruko gortear guziak eta ni zure serbitzari umill onek madarikatuak izan bitez beren gaitz bideakin lan egiten duten guziak lurreratzeko zuk zerorren eskuakiñ altxa eta ejenplo oneko erlijiosoen bitartez zuti idukiko dezun obra au».

 

aurrekoa hurrengoa