www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Amairugarren Bereziera

Porziunkulako Induljenzia. San Franziskok darraika

sermoi egiteari. Alejandro Hales.

(1221-1223)

 

        1221ko urrian, Unbrian bakarrik ikusten diran udaazkeneko gau epel batean San Franzisko erretiratu zan Porziunkulatik berrogeita amar bat pausora sortaldetik zegoen arzulo batera; eskuan zeukan Jesus gurutziltzatu bat, eta lurrean oñetan buruezur edo kalabera. Franziskok, pekatarien konbersioagatik erregu irazekienean zegoela, aditu zuen Aingeruaren gisako boz bat, ziosana: «Kapillara, Franzisko, Kapillara». Bereala altxata joan zan Ama Birjiña Aingeruenekora, eta an bere begiai egiñ zioten mugiera bat egundaño alakorik aditu ez dan ikuskarri batek. Aldarean Sagrario gañean eta zeruko argitasunez inguraturik zegoen Jaungoiko Gizon egiña, Agintari guzien Agintaria, gloriaz betea eta esan eziñ bezelako ederra, bada aren arpegiak zeukan gaztetasunaren preskura betikoa edade elduaren zentzuarekiñ; eta begirada Franziskogan ezarriak, paregabeko gozotasuna, eta ezpañak adierazten zuten neurrigabeko biguñtasuna. Eskuiko aldean zegoen Maria bere Ama gloriosa, eta inguruan eziñ konta al aingeru. Eleiza guzian argi egiten zuen ziargiak, etzuen begietan kalterik egiten eguzkiarenak bezela, ezpada bizia eta denbora berean biguña izanik, erakartzen zituen begiak bertan gozaerazitzen ziela.

        Gure Santua, pozez beterik, belaunikatu zan, eta adoratu zuen aingeruakin batean. «Franzisko, esan zion Jaungoikoaren Semeak, badakit nolako zeloarekiñ zu eta zure senideak saiatzen zeraten animen salbazioan. Ordañez eska zadazu berentzat eta nere Izenaren gloriarako nai dezun grazia, eta ordagotuko dizut, bada nik munduari eman zaitut jendeen argi eta nere Eleizaren eusgarri izan zaitezen». Ontasun onezaz alaiturik, Franzisko benturatu zan erregu au egitera: «O Jaungoiko iru bider santua, auts piska bat eta pekataririk errukarriena baizik ezpanaiz ere, zure begietan grazia arkitu dedan ezkero, al dedan errespeto guziarekiñ erregutzen dizut eman dizaiezula zure fededunai grazia señalatu au: konfesatu eta damuturik Eleiz au bisitatzen duten guziak irabazi dezatela induljenzia osoa, eta iritxi beren pekatu guzien barkazioa». Eta Ama Birjiñarenganonz itzulirik, esan zion: «Erregutzen diot Maria zure Ama doatsu eta gizonen bitartekoari, anpara dezala zurekiñ nere kausa». O pasarte miragarria, ez iztunik ederrenak, eta ez pintatzallerik trebenak bear bezela idurikatu eziñ dezaketena! Mariak erregutu zuen, eta Jesusek, nola eziñ ezer ukatu dion bere Ama txit santari, biurtu zituen bere begi amoretsuak beraganonz, eta gero bere serbitzariarenganontz, itz egiten ziola era onetan: «Franzisko, aundia da zuk eskatzen dezun mesedea, baña are aundiagoak iritxiko dituzu. Ematen dizut eskatzen didazun induljenzi osoa, baña Aita Santuak sendotu eta indartzeko kondizioarekin; bada bera bakarra da lurrean lotzeko eta askatzeko eskubidea daukana». Itz oek esanda, ikuskera desegiñdu zan, eta Jesus bere Ama doatsu eta aingeruzko Gortearekin joan zan zerura.

        Eguna argitzearekiñ batean Franzisko atera zan Perusara, nun zegoen denbora artan Honorio IIIgarrena. «Aita Santua, esan zion senzilltasun guziarekiñ, oraiñ urte batzuek nik konpondu nuen berorren mendeko Eleizatxo bat Ama Birjiñaren izenekoa, eta orain Berorren Santutasunari erregutzera natorkio, aberastu dezala limosnik eman gabe irabazi ditekean induljenzia balioso batekiñ». «Nai det, erantzun zion Aita Santuak, baña esan zadazu, zenbait urteko barkazioa da eskatzen dezuna?». «Jauna, Berorren Santutasunak eman bizaizkit animak, ez urteak». «Animak! Baña nola?». «Berorren Santutasunak ontzat ematen badit, nai det Ama Birjiña Aingerueneko Eleizan damutu eta absolbiturik sartzen diran guztiak iritxi dezatela beren pekatu guzien barkazioa mundu onetan eta bestean». «Franzisko, zuk eskatzen dezuna aundia da, eta egundaño eman izan ez dana». «Orregatik ez diot eskatzen nere izenean, ezpada bialdu nauen Jesu Kristorenean». Ori aditurik, Aita Santuak esan zuen iru bider: «Jesu Kristoren izenean egiñ nai dizugu eskatzen dezun grazia». Eta Kardenal batzuek esanik alako grazia izango zala Erroma eta Jerusalengo erromerien kaltean, Aita Santuak erantzun zien onela: «Eziñ desegiñ genezake gogo onez eman deguna; egiñ ditekeana da bakarrik iraupena siñalatzea». Eta Franziskogana itzulirik, esan zion: «Nai degu grazi au betiko izan dedilla, eta irabazi ditekeala egun oso bakar batean, aurreneko besperetatik biaramoneko besperetaraño».

        Franziskok eman ziozkan eskerrak Aita Santuari, eta makurturik alde egiñ zuen humiltasun aundiarekiñ, eta ikustean bazijoala, deitu eta esan zion Aita Santuak parra irriaz: «Nora zuaz gizon senzilloa, ezpadaramazu induljenzia onen sinitsgairik?». «Berorren itza asko det, Aita Santua, Jesu Kristo izan dedilla eskribaua, Ama Birjiña eskritura, eta aingeruak testiguak; eztet bear beste sinitsgairik, eta Jainkoaren kontura utzitzen det agertzea au bere obra dala». Eta erantzuera senzill au emanik, irten zan Perusatik Aita Santuaren bedeinkazioarekiñ, itzultzeko Ama Birjiña Aingeruenekora. Bidean geratu zan ostatuz legenartsuen ospital batean. Lotan izan zuen ikuskera bat, eta esnatzean bere bidajeko lagun frai Maseori esan zion: «Ene anaia, poztu gaitezen, bada ontzat artu dute zeruan, Aita Santuak eman didan induljenzia».

        Oraindik señalatu gabe zegoen induljenzia irabazteko eguna, eta Jaungoikoaren serbitzariak erregutzen zion Jaungoikoari konfianza osoarekiñ, eta ez alperrik. Lenbiziko agerkeratik bi urtera neguko gau jelatu batean (1223ko illbeltzean) Franzisko Ama Birjiña Aingerueneko kapillaren aldameneko zelda batean orazioan zegoela, eta azotatzen erruki gabe bere gorputz inozentea, deabrua, animak galtzeko beti ernai dagoena, agertu zizaion aingeru argi baten itxuran eta esan zion: «Zergatik auldu eta erkitzen dezu zure gaztetasuna barauakiñ, bijilia eta penitenziakiñ? Eztakizu loak gozatzen duela gorputz nekatua? Siñistu nazazu, kontu eiozu biziari, denbora geiagoan Jaungoikoa serbitu dezakezun». Franziskok igerri zion berealaxe ura zala deabruaren engañio bat, irten zan presaka zeldatik, kendu zuen abitua, eta garaipenaren señale eta amorioaren erdi parte onena dan padezitzeko deseoak eramanik, elurretan etzanda iraulka ibilita igortzi zuen gero gorputza lar-satsi batean, esanaz bere gorputz odolduari: «Obe dezu oñaze oek sufritu Jesu Kristogatik, ezen ez leku eman sugearen palagu galgarriai». Ez al zuen bukatu egikera arrigarri ura, non sort-iza guzia bestiruditu zan aren aldamenean. Inguratu zuen argi txit gozo batek, lar odolduak bete ziran arrosa zuri eta gorriz, zeñak ziran beraren garbitasun eta karidadearen señalea, aingeruak jantzitzen diote elurra baño zuriagoko soñeko bat, eta gizonen soñurik ederrenak aren parean ezer ere balio ez duten boz batek esaten dio: «Franzisko, zuaz laister Eleizara, bada an itxedoten dagokizute gizonen Salbatzalleak eta beraren Ama Maria txit santak». Franziskok artu zituen ogeita lau arrosa millagrozkoak, amabi zuri eta amabi gorri, eta joan zan kapillara sedaz alfonbratua iruditu zizaion bidetxior batetik.

        Jesus an zegoen argizko jargoiean, bere eskubian zeruko Erregiña, eta millaka aingeru inguruan. Franziskok, buru makurtu aundi baten ondoren, eskeñi ziozkan Jesusi Ama Birjiñaren eskutik, eraman zituen arrosak. «Franzisko, esan zion Jainkoaren Semeak, zergatik eztiozu egiten nere Amari agindurik daukazun menekioa?». Santuak igerri zion, Porziunkulako induljenziarekiñ santutu bear zuten animen gañean itz egiten ziola, eta erantzun zion konfianza oso osoarekiñ: «O Jaungoiko iru bider santua, zeru-lurretako Jaun eta gizonen Salbatzallea, zure errukimentu neurrigabearen eta zure Ama gloriatsuaren amorez, señala ezazu eguna zeñean irabaziko dan Eleiza au aberatstu nai izan dezun induljenzia osoa». «Nai det egun ori asi dedilla nere apostoluen buru Pedroren kateak urratu nitueneko lenbiziko besperatatik, bukatuaz biaramoneko eguzkiaren sarreran». «Jauna, eta nola sinistatuko dituzte gizonak nere itzak?». «Etzaitez bildurtu, zuaz berriro lurrean nere Ordezkoa dana billatzera, adierazi dezan induljenzi au, gañerakoa nere graziak egingo du». Kriatzallearen eta kriaturaren arteko jolas onetan, pakea itzuli zan ostera lurrera, aingeruak kantatu zuten Te Deum esker onen señalean, eta ikuskera desagertu zan.

        Biaramonean gure Santua, Jaunaren ordenai leialki erantzuteko, joan zan Erromara, gertaeraren testigu izan ziran iru erlijioso, Pedro Katanio, Bernardo Kintabal eta Anjel Rieti lagun zituela. Berekiñ zeramazkian sei arrosa miraritsuak, iru gorri eta iru zuri, Trinidade guziz santuaren onran. Letrango Jauregian Aita Santuarengana zanean, kontatu zion llanoro ikuskera miragarria, eta para bere aurrean arros-erramilletea, zion guziaren siñale egiazkotzat. Ikustean Honoriok lore aek aiñ mardul, eder eta usai gozozkoak denbora artan (esana daukagu gertatu zala illbeltzean) eta miresturik are geiago Franziskoren santutasuna, eman zion eskatzen ziona. Siñalatu zuen abustuaren bigarren eguna induljenzi aundi ura irabazteko, eta gaztigatu zien Asis, Perusa, Todi, Foliño, Nozera, Espoleto eta Gubbioko Obispoai adierazi zezatela San Pedroren Kateetako pesta besperan, solemnidade aundiarekin, eta konsagratzeko Ama Birjiña Aingeruenekoen Eleiza.

        Egun señalatuan zazpi Obispoak eta gure Santua igo ziran kapilla aurrean altxa zuten solairu batera, eta an jendetza aundi baten aurrean, San Franziskok oroitu erazi zien iritxi zuen zeruko graziaren sortze eta balioa, eta gero, zabaldurik eskuan zeukan paper bat, irakorri zituen itz oek: «Guziok eraman nai zinduzteket Paraisora. Adierazten dizutet Jaungoikoagandik eta Aita Santuaren aotik iritxi dedan induljenzi osoa. Onera etorri zeraten guziok biotzeko damutasunarekin, konfesatu eta apaiz bategandik absolbiturik, iritxi dezute zuen pekatuakgatik merezi zenduten penaren barkazio osoa, eta ala izango da urteoro betiko prestaera oekiñ onera etortzen diran guzientzat. Nik nai nuen onek zortzi egunean irautea baten ordez, baña eziñ iritxi izan det». «Betiko» itz au aditzean Obispoak asaldatu ziran, eta beren artean erabaki zuten induljenziak amar urtean iraun bear zuela. Don Gido asi zan aurrena itz egiten au adierazteko, baña indar misteriozko batek esan erazi zion «betiko». Oro bat gertatu zizaien beste Obispoai, eta onela ezagutu zuten Jaungoikoaren borondate errukitsua.

        Au da induljenzia sonatu onen kondaira, eta jendeak Asisko Jubileo aundia deitzen dutena. Nola dudatu genezake onezaz San Franzisko bezelako santu batek dionean, frai Masseo Marignan bezelako testigu zintzoak, Bernardo Besse eta San Antonino, Florenziako Arzobispoa bezelako kondairatzalle zentzuzkoak aseguratzen dutenean? Eta ez genezake esan Santu onekiñ, andik laister Santuari ezarritako llagak dirala Jesu Kristo betiko Aita Santuaren Bula bat bezela, zeñean ontzat ematen dan Asisko Induljenzia, Penitenziako Ordenaren moduan?

        Sinitsgai oei erantsi bear diegu oraindik San Franziskoren denborako beste agure batena, zeñaren testiguantza Juan Albernia beneragarriak kontatzen duen era onetan: «1309ko urtean eun urte baño geiagoko agure bat, Perusa ingurukoa eta Irugarren Ordenakoa zana, legua bat bide baño geiagoan ibili zan oñez Porziunkulara joateko abuztuaren biko Induljenzia irabaztera. Juan Albernia bere konfesoreak alabatu zuen aren zeloa adiñ aiñ aundian; eta aguriak aditurik, erantzun zion: «Jauna, oñez eziñ banezakean, artuko nuen mando bat, aren gañean bidajea egiteko, alperrik ez galtzearren egun aundi onetako mesedea». «Zergatik?». «Oroipen sagradu bat neretzat daukalako. San Franzisko Perusara zijoala, gure etxera ostatu eske, oi zuen bezela etorri zanean, an nengoen ni, eta aditu nion esaten nola zijoan Erromara Aita Santuak indartu zezaion zerutik iritxi zuen Induljenzia. Geroztik, urte bat ere uts egiñ ez det etorri gabe Porziunkulako Induljenzia irabaztera».

        Oraindik aitatu bear ere degu J. Kristo gure Jaunak Santa Brijidari eman zion erantzuera. Nola Santa onek dudatzen baizuen egiazkoa izango ote zan edo ez Porziunkulako Induljenzia, Salbatzallea agertu zizaion, eta esan zion: «Gezurra ez da arkitzen egia eta Jainkozko karidadearen sua dauden tokian. Alabaña, Franzisko nere serbitzari leialak, nola gordetzen baizuen egia, ziertoa da esan zuena. Ikustean Jaungoikoarekiko otztasuna, eta lurreko ondasunetarako amorio aseteziña, eskatu ziran amoriozko señale bat, beren animetan gutiziako sua itzali eta karidadearena irazekitzeko; eta guzia Amorioa nai zan onek eman nion amoriozko siñalea izan zan, ezen, esku utsakiñ etxera zijoazenak, itzuli zitezela nere bedeinkazioz beteak, eta beren pekatuen barkazio osoarekiñ».

        Gañera, katolikoak eziñ dudarik iduki dezateke gai onetan: Erromak itz egiñ du. San Pedroren ondorengoak indartu dute Induljenzi au solemnidade guziarekiñ, zabaldu dute Iru Ordenatako Eleiza guzietara, eta mesede berezi baten bidez ematen dute eskubidea irabazteko Jubileoko urtean eta debeku-denboran ere. Ala jende guziak dijoaz konfianza osoarekiñ Porziunkulako kapillara, zeña baidan Loretoko Etxe Santuarekiñ batean Italiako joia bat eta munduko eleiza beneragarrienetako bat. Unbriako bazter au da egiaz millagroetako lur mena, eta bertan gordetzen da betiro San Franziskoren oroipena bi modu señalatuakgatik, baratzako larrak urteoro ematen dituzten arantza gabeko arrosa zuri, mantxa gorridunakgatik, eta toki guzietatik millaka dijoazen erromesakgatik, bada abuztuaren aurreneko eta bigarren egunean joan oi dira erregutzeko San Franziskok erregutu zuen tokian, barkazioa billatzeko ark aentzat iritxi zuen tokian, eta berentzeko ostera bataioko garbitasun eta inozenziarekiñ opa ditekeen poz kontentu bakarra, zeña dan Jaungoikoaren amorioa. Kapillaren solairua gastatua dago erromesen belaunakiñ, eta paretak oraindik gordetzen dituzte sei gizaaldien muñegiñen siñaleak. Egiaz bat beartzen da aitortzera onelako leku bedeinkatuak gloriaz beteak daudela, eta penitenziako jazarre leku orrek ezereztutzen duela gizonen gutiziakoa. Nun arkitu orrenbeste mirari batean bilduak? Eleizako kondaira guzian bada pasarte bat pekatari kupigarriak konsuelo geiago arkitzen dutenik? Eztakigu emen zer geiago miretsi, edo San Franziskoren zeloa animen salbazioagatik, edo utsetik mirariak egiten dituen Jainkoaren almena, neurri aul eta ondore aundien desberdintza ikusirik, jendeak deadarka esan dezaten: «Jaungoikoaren beatza dago emen!».

        Baña ez da gitxiago arritzekoa, Jainkoaren Probidenziak kapilla umill onen arritarañokoak gordetzeko daukan kontua. 1832ean beiñ eta 1854an berriz, lur ikara batek arrakatu zuen errege mantuaren gisa kapilla au estaltzen duen Eleiza aundi ederra, XVIgarren eunkian egiña. Erreboluzioak eun bider lurbira au irabiatu du, Porziunkula ordea beti dago bere oñean, erori gabe, zabalduaz bere orma lodi-gorrietatik ateratzen dan pobrezazko urriñ gozoa. Jaungoikoak gorde dezala oraingo erlijio gabeko gizonetatik, oraiñdañoko denbora luzean gorde duen bezela! Jaungoikoari nai dakiola datozela oraiñ ere erromes talde aundiak denbora aetan bezelako fede eta amorio irazekiarekiñ! Eta San Franziskoren edozeiñ Eleiza Ama Birjiña Aingeruenekoen beste bat dan ezkero, oraingo jendeak berritu ditzatela arren erromeri erraz oek! Zergatik, ez dezatela aztu beñere, Ama Birjiñaren Eleizetan, eta bakarrik beraren bitartekotasun errukitsuagatik arkituko dituzte jendeak elkarren artean bizitzeko bear diran bi gauzak: mundu onetako pakea, eta betikoeran bizitza obeagoko baten esperanza.

        1222garren urtean, Porziunkulako bi gertakariak igaro bitartean, S. Franziskok, animen salbazioaren zeloak beti irazekirik, egin zuen irtenaldi luze bat Italiako egutera aldera, zeña zan lurbira aetako partea, oraindik misiorik eman gabe zeukana. Erroma, Gaeta eta Napolestik jetxirik, iritxi zan Italiako aruntzko ertzera, bidagiñez bisitatzeko Aingeru Santu edo Garganoko arzuloa, San Migel Goi Aingerua bertan agertu zalako aiñ sonatua, eta gero, Adriatiko itxaskosta segiturik, itzuli zan Unbriara. Eziñ kontatu ginitzake apostolutzako ibillera onen pauso guziak, baña guziak ezpada ere, esango ditugu gertaera bikaiñ batzuek.

        Erroman egiñ zuen adiskide Mateo Rubeis prinzipea, Orsiniren etxadi leñargitarretakoa. Mateo zan denbora guzietan ikusi oi diran moduko gizon aetako bat, munduko aunditasun eta atsegiñtasunez inguratuak bizi arren, biotza oetatik libre zeukana. Piedadezko obretan ariaz gañera zeukan beste oitura bat are ederragoa, miserikordiazko obrak egitekoa, alatan non aren etxeko atea beti zegoen idikia beartsuentzat. Lenbizi elkar ikusi ziranetik, asi zuten trataera bat beren gustoakiñ txit ongi zetorrena, eta denborarekiñ sendotu eta geitzen joan zana. Senzilloro kontatzera goazen pasarte onek agertzen du prinzipe onek nolako estimazio eta benerazioa zion Asisko penitenzilariari: Gonbidatu zuen Santua bere maiera esanaz zer ordutan izango zan bazkaria, baña ordua igarota etxeraturik, etzegoen an San Franzisko. Agindu zuen billatu zezatela, esanaz etzala maiean eseriko Santua etorri bitartean, eta arkitzen etzutelako kezkatzen asi zan, noiz eta ikusten duen serbitzarien artean. Mateo umiltasun artzaz mugiturik, joan zizaion esanaz: «Ene anaia, banatorkizu zurekiñ jatera, nere maiean zuk jan nai izan ez dezun ezkero». Eta prinzipeak eta Santuak lurrean umilki eserita jan zuten elkarrekiñ pobreen artean.

        Santuaren adiskidetasuna zan zoriontasunezko siñalea. Franziskogatik ixuri ziran zeruko bedeinkazioak ostalariaren etxera, eta Santuak sendotu zituen guzioi mugida aundia egiñ zien asmegi edo profezi batekiñ. Prinzipeak zeukan seme bat oraindik bularrekoa, eta nola baizeukan konfianza aundia Santuarekiñ, erregutu zion bedeinkatu zezala. Franziskok bada, bedeinkatu zuen Juantxo (ala zeritzan aur zorionekoari), gero besoetan arturik, musu eman eta milla palagu egiñ ziozkan eta amoriozko begirada ezarriaz, esan zuen: «Au ez da izango gure Ordenako erlijiosoa, baña izango da bere anparatzallea; ez da kontatuko fededunen artean, ezpada izango da Aita Santu, eta beraren itzalean gure erlijiosoak txit kontentuz biziko dira». Andik berrogeita bat urtera aur ura, Juan Ursinoena, izan zan lonbratua Kardenal, Franziskoarren Anparatzalle, eta 1277garren urtean altxatua izan zan San Pedroren Kataberara Nikolas IIIgarrenaren izenarekiñ. Ala kunplitu zan gure Santuaren asmegia.

        Prinzipeak San Franziskogandik alde egiñ baño len sartu nai izan zuen aren familia espiritualean, eta txit onratua arkitu zan artzean Santuaren eskuetatik penitenziako abittua. Irugarren Ordenan aren sarrera txit sonatua izan zan, eta beraren ejenploa beste zenbat giza noblek jarraitu zuten.

        Gure Santua Erromatik igaro zan Subiakora, bisitatzeko monje-biziera Europan para zuen San Benitoren ar-zuloa. An ikusi zuen arantza satsi ura, zeñean San Benitok seireun urtez lenago aren moduko beste tentazio batean itzali zuen bere griña gaitz eragillearen berotasuna. Begiraturik sasi ari, soldadu bulardetsu ark bentzutu zuen garaipeneko etzan-lekuari bezela, muñ egiñ zion errespetoarekiñ, eta gurutzearen siñalea gañean egiñ beziñ laister, larrosa ederretan biurtu zan. Oraindik ikusten dira gaur dan egunean lar loreztuak, bi santu aundi oen birtutearen sinitsgai betikotzat.

        Andik juan zan Franzisko anziñako portu ospatsua dan Gaetara, nun Jaungoikoak bi millagrokiñ ontzat eman zuen aren misio eta predikazioa. Egun batean plaza aundian, itxas aurrean predikatzen ari zala, nola jendea bata bestearen gañezka zijoakion abittuan muñ egitera, Franzisko, aetatik alde egitearren sartu zan bera bakarrik ontzi batean. Ontzia iñork arraundu gabe urrutiratzen zijoan ubazterretik begira zeuden guziak arritzen zirala, gero gelditu zan uraren erdian Santuak predikatzen segitu zezan, eta itzaldia bukatu zuenean, ontzia berez itzuli zan ubazterrera, jendeak arri eta zur egiñik geldi geldi alde egiten zuen bitartean. Nork idukiko zuen biotza aiñ gogorra eta gaiztakerian aiñ setatsua despreziatzeko kriatura zentzu gabetarañokoak aiñ azkar eta ezaguera dunak bezela obeditzen zuten apostoluaren dotriña? Argatik Gaetarrak jarri ziran errazki Santu mirarigillearen irakasdeetara, erregutu zioten aen artean denbora geiagoan egon zedilla, eta uri artan jarri zezala bere Ordenako etxe bat. Franziskok baietzkoa eman zien jende aen poz aundiarekiñ, eta bereala asi ziran konbentua egiten. Obran ari zirala, aldamiotik zubaje bat erorita, azpian zegoen arotza lertu zuen. Aren gorputza guzia zan zauri bat, eta lagunak eraman bear izan zuten bereala etxera, baña suertez topatu zuten bidean San Franzisko, zeña kupitu eta besteen penan part-arturik, Jaungoikoarenganatu zan; eta agindurik eramantzalleai andak lurrean jartzeko, egiñ zuen gurutzearen siñalea illdakoaren gañean, eta eskutik artuta, esan zion bere izenarekiñ: «Altxa zaite». Eta illdakoa bereala altxa zan osasun eta indar betean, eta Jaungoikoari eta San Franziskori eskerrak emanda, joan zan alegere bere lanera.

        Gaetako ateetan bertan egiñ zuen beste millagro bat, aitatutakoa baño are señalatuagoa, sagarren millagroaren izenez ezagutzen dana; eta gertatu zan Kapuarako erromar-bidean, eta kontatzen degu Marianok izkribatua utzi zuen bezela.

        Gure Santua sarturik noble baten etxean piska batean atsedetera, txit arrera ona egiñ zioten eta bai bazkaltzera gonbidatu ere. Gonbitea ontzat artu zuen, baña aurrena nai izan zuen predikatu, eta orretarako joan zan erriko plazara. Noblea bere familiarekin joan zan aditzera, eta etxean etzuten utzi neskame gazte bat baizik, eta onen kontura aur txiki bat, nagusiaren seme bakarra. Neskamea emakumeen berezko ikusmirak eramanik, aurra bakarrik utzi, eta joan zan jende artera. Zeiñ gitxi pensatzen zuen zetorkion zorigaitz ikaragarria! Ostera etxeratu zanean arkitu zuen aurra illa, erdi egosia, ur-irakiten zegoen paziaren barrunbean. Izu ikaraz guzia ori-ubeldua, eta kezka ikaragarriak sentitzen zituela arturik aurraren gorputz itxura gabea, gorde zuen kutxa batean. Pensatu baizik eztago gurasoak sentituko zuten pena jakiteratu ziranean, baña San Franziskoren begirunez, aiñ beren buruen jabe egon ziran non ez itz bat, ez zispiru eta ez señalerik txikienik etzuten eman adierazteko izan zuten zorigaitz aundia. Otorduan, nola baizekizkian gure Santuak bere alderako Jaungoikoak zeuzkan asmoak, jolastu zitzaien beti oi zuen bezelako gozotasun biguñarekiñ. Bazkaria bukatzean agertu zuen sagarrak jateko zalea, eta nola etxekoak eskusatu zitzaizkan esanaz etzituztela: «Begira, esan zien, señalaturik beatzarekiñ aur illa zegoen kutxa, idiki ezazute ori, eta sagarrak arkituko dituzute». Nobleak, piska batean dudatu zuen, baña gero Santuaren errespetoz, idiki zuen kutxa, eskuak dardara egiten ziotela. An zer ikusi zuen? bere semea piztua, osasunez, aurpegi alegerearekin eta esku bakoitzean sagar banarekiñ. Aitak artu zuen besoetan bere semea pozez zoraturik, eta San Franziskoren oñetan belaunikaturik, eman ziozkan eskerrak Jaungoikoari eta berari. Orra nola Naingo alargunaren semea piztu zuenak pagatzen duen bere pobre biotzekoai ematen zaien ostatua.

        Beste mugaldi batean Jaunaren Probidenziak agertu nai izan zuen txit bereziro nolako ernaitasunarekiñ kontu egiten dien bere serbitzariai. Utzi dezaiogun emen ere Marianori itz egiten: «Gure Aita San Franzisko, Montellan egun guzia predikatzen igarota, joan zan gaba pasatzera erri gañean dagoen basora. Gauza arrigarria Italian! lurra elurrez ezarria zegoen, eta Santuak eta bere lagunak etzeukaten arte-arbola baten adarrak beste berogarririk. Baña Jaungoikoak ala naita, adar aek serbitu ziezten estalpetzat, eta biaramon goizean andik igaro ziran guziak ikusi zuten etzegoela elur matasa bat ez adarretan eta ez erlijiosoen inguruan; Montellako Jaunak au jakiñdu zuenean, Santuari deitu eta erregutu zion, utzi zitzala an bere ikasle batzuek bertako jendearen ikasbide eta protxurako. Franzisko txit pozik artara jarri zan, millagroa gertatutako tokian bertan egiñ zuten konbentua, eta erlijioso txikienak beren egoerarekin santutu zuten arteraño lapur eta gaitzgilleen gordelekua izan zana».

        Orrenbeste millagro eztira egiten, jendeen artean orrenbeste berotasun ezta pizkortzen, eta ezta agertzen egiaren bandera-eramalle bezela, gaiztoen griñak esnaatu eta gorrotoa irazeki gabe. Gure Santuak beste iñork baño obeto kontatu bear zuen onelako pruebarekiñ, eta presentatu zizaion gitxien uste zuen aldetik. Joan zanean Barira, nun zegoen orduan Federiko IIgarrena, Alemaniako Enperadore eta Sizilia bietako errege, predikatu zuen Jaungoikoaren itza. Itz egiñ zuen Apostoluaren libertadearekiñ, erreprendituaz gorteko eragabekeriak eta erriaren lasaikeriak. Aren sermoien sona iritxi zan Federikoren belarrietaraño, zeña zan prinzipe gutizioso eta desleial bat, alabaña Inozenzio IIIgarrenaren mendekoa nola izan baizan Eleizak beragan konfianza aundia jarri bazuen ere, desonratu zuen bere erreinaaldiaren bigarren erdia aragi gozamen itxusienakiñ eta Aita Santuari egiñ zion gerra bidegabearekiñ. Itxuturik bere esku-aldundiarekiñ, etzuen beste amesik, Enperadore fedegabeen gisa, munduko nagusi bakar izatea baizik, eta nola bere plano eta asmoak ikusten zituen desegiñduak Penitenziako Ordenak eta Guelfoen aldeerdiak egiten zituzten aurrerapenakgatik, erabaki zuen galtzea gure misiogille bulardetsua, eta orain neurri gogorrak artzera benturatzen etzalako edo naiago zuelako gera zedilla kreditoa galduta begiz ikusi eziñ zuen ura, orra nolako lazoa jarri zion galtzeko asmoarekiñ. Gonbidatu zuen berekiñ jatera, eta bazkal ondoan eraman zuen gazteluko dorre batera, nun alde aurrez sar-erazi zuen isilik andre galuts bat. Guzia zegoen deabruaren artez ongi prestatua, zimendu sendoa etzeukan birtutea erremedio gabe galduko zan; baña Franziskoren garbitasuna irten zan tentazio artatik garai eta ornitua ziargi berriarekin. Ez al zuen ikusi andre gortear doakabea, zabaldu zituen lurrean dorreko sukaldean sutan zeuden illatiak, eta etzan zan gañean; andreak ura ikustean, izuturik ies egiñ zuen. Prinzipea zegoen an aldian gauza aren azkena ikusteko, eta gelan sarturik, esan zion Franziskori: «Oraiñ ezagutzen det Jaungoikoaren gizon bat zerala» eta aditu zituen Santuak eman ziozkan konsellu eta onesanak, zeñak laisterregi aztu zituen bere buruaren eta errien kaltean. Gertaera au igaro zan dorrea, geroztik deitzen da San Franziskoren dorrea».

        Oek izan ziran itz gitxitan San Franziskori pasatako gertaera bikañenak 1222garren urtean. Sei edo zazpi illabetean Italia guzian egiñ zituen ibilleratan Franziskok jarri zituen ogei bat konbentu, eta zabaldu zuen orrela bere Ordena utzi gabe denbora berean animen salbaziorako lan egiteari.

        Denbora onetan bertan Europa guzian sakabanatuak zeuzkan praide misiogilleak ontzen zuten beren neke izerdiakiñ siñalatu zitzaien lurra, bilduaz anima eta jarraileen labore ugariak. Oek ziran Bernardo Kintabal Españian, Anjel eta Alberto Pisa Inglaterran, Zesario Espirakoa Alemanian, eta frai Pazifiko Franzian. Eztaukagu emen oen lanbideak ondo atera ziralazkoaren berri eman bearrik, baña eziñ utziko degu aitatu gabe aen irabazi espiritualetako bat, bertan gure Santuak izan zuen parteagatik, eta orain Ordenaren etorkizunean eta Teolojiako estudioen aurrerapenerako beraren balio aundiagatik. Itz egiñ nai degu Alejandro Halesen bokazioaren gañean. Au zan Parisko Ikasol edo Unibersidadeko Irakasleen artean sonatuena, eta Parisko ikasle guziak zijoazen aren erakustegira. Oraingo erakusle sinistamentu gabekoen kontrara, señalatzen zan guzien artean Ama Birjiñarenganako jaieragatik anbat nola bere jakiñduria arrigarriagatik, bada erabaki zuen ematea, al zezakeaneraño, Ama Birjiñaren izenean eskatzen zizaion guzia. Itxuraz aiñ ezereza zirudian gauz au izan zan aren bokazioa erabaki zuena. Egun batean San Franziskoren erlijioso batek berarekiñ topo egiñik, esan zion: «Irakaslea, denbora asko da mundua serbitzen zaudela, eta famarik asko artu dezu. Gure Ordenak oraindik ez dauka irakasle eta jakintsurik, erregutzen dizut, bada, Ama Birjiñaren izenean jantzi dezazula abitu basto au. Izango zera Ordenaren onra, eta anima santutuko dezu». Alejandrok, bere aginduaz oroiturik, erantzun zion biotz biotzetik: «Ene anaia, zoaz pakean, laister jarraituko dizut eta egiñgo det zuk nai dezuna». Eta egiaz, andik egun batzuetara, munduko aunditasunetik igaro zan konbentuko umiltasunera, eta jantzi zuen Erlijioso txikienen abittua (1222), erakutsiaz onela bere kidakoai, munduko lilluramendu eta atsegiñak desagertzen dirala beste bizitzako aunditasunaren aurrean, zeña dan Jaungoikoa amatzea, eta Beragatik sakrifikatzea. Zer sakrifizioa! Nork iritxi ditzake, lenago sentitu ezpaditu, animak sufritzen dituen samiñtasun eta bere barrengo burrukak, borondate osoarekiñ urratzen dituenean munduari itsatsirik zeukaten lazoak? Askotan odola egon oi da ixurtzen zauritik denbora luzean, eta isteko bear izaten da Jaungoikoaren eskua eta graziaren ukendua. Alejandrok ezagutu zituen pena-naigabe oek, eta aiñ gogor eta samiñak iruditu zitzaizkan aurreneko egunak, non pensatu zuen konbentutik irtetea. Pensamentu onek sosegurik ematen etzion gau batean, ikusi zuen ametsetan San Franzisko bizkarrean gurutzetzar bat zuela mendi gañ batera neke aundiarekiñ igotzen. Alejandro joan zizaion laguntzera, baña Santuak kopeta beltzarekiñ kendu zuen, esanaz: «Alde egizu, doakabea, oialezko gurutze ariña eziñ dezu, eta au eraman alko dezu!». Nobizioa ikuskera onekiñ argitu eta eskolaturik, geratu zan libre tentazio artatik, eta iraun zuen eriotzaraño bere artutako bokazioan. San Franziskok, merezimentua estimatzen zekienak bezela, piedadearekin batean ikusten zuenean, eman zion eskubidea len bezela agirian erakusten segitzeko, zeña zan mesede bat, bere ikasle guzietan oni eta San Antonio Paduakori baizik egiñ etziena. Eta ala, Alejandro agertu zan ostera Unibersidadeko bere erakustegian, eta aiñ patu onarekiñ, non merezitu zituen Aita Santuaren alabantzak, eta kidakoak deitu zezaiotela «Irakasle bentzuteziña». Gauza jakiña da nola Suma Teolojika izendatzen dan bere liburuarekin para zuen Santo Tomas Irakasle aingeruzkoak bukatu bear zuen obra arrigarriaren lenbiziko arria, baña jendeen beneraziorako daukan motiborik ederrena da bere ikasleak izana denbora-aldi artako gizonik eztitsuena, San Buenabentura, eta Teologorik aundiena, Santo Tomas Akinokoa.

        Ordena oraindik asieran baizik etzegoen, eta kontatzen zituen izenik gloriosoenak. Berardok eman zion martirioaren koroe-argia, Antonio Paduakoak Apostolutza, eta Alejandro Haleskoak Teolojiako jakinduriazkoa.

 

aurrekoa hurrengoa