www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

VIIgarren Bereziera

Santa Klara eta Dama pobreak.

(1212)

 

        Santa Klara jaio zan Asisen. Faborino eta Ortolana beraren gurasoak ezkontzarekiñ bateratu zituzten uri artako etxadi anziñako eta txit argi Szefi eta Fuimitarrak, zeiñtzuen aide artean kontatzen ziran Errufino eta Silbestre doatsuak. Kondeak zeukan Subaso mendiaren egutera egalean Sasso-Rosso zeritzan gaztelu bat, zeñaren siñaleak oraindik ikusten diran. Kondesa joan zan deboziozko erromesean Jerusalena, Gargano mendira eta Erromako San Pedrora, eta etxeratzean Jaungoikoak begiratu zion miserikordiarekiñ, eta Ortolanak barau eta orazioen bidez iritxi zuen beraren diñako alaba bat, Samuelen amak bezela.

        Egun batean Jesus gurutziltzatuaren aurrean belaunikaturik, erraietan zeraman frutua bedeinkatu zezala Jaunari eskatzen zegoela, aditu zuen aingeruen gisako itz ots gozo bat, esaten ziona: «Etzaitez ikaratu, Ortolana, emango dezu argitara aur bat, mundu guzia argituko duena». Itz oetan adierazitako aurra jaio zan andik egun batzuetara, parra gozoa ezpañetan zuela; bataiatu zuten, amabi urtez aurretik San Frantzisko bataiatua izan zan ponte artan bertan, eta amak nai izan zuen Klara izen ederra jartzea, geroenean emango zuen argitasun aundiaren irudia bezela. Egun artan, zeña zan 1194ko uztaillaren 16garrena, zeru-lurrak atsegiñez bete ziran.

        Klara zan inozenzia eta piedadearen ispillu bizia. Aurtasunetik asi zan bere burua nekatzen eta ilduratzen, eta orretarako zeraman zilizio edo zurdazko soka bat bere soñeko ederren barrendik. Zan gorputz aundikoa, arpegi egoki eta ederrekoa, kolore presko eta gorrikoa, eta buruko illea berriz txit aundi eta urre gisakoa. Gurasoak ikusirik argan ainbeste grazia, munduan eroso izateko bidea ematea beste asmorik etzuten; Klarak ordea etzuen orrela pensatzen, eta emezortzi urtetara iritxi zanean, erabaki zuen eskeintzea erregeen erregeri bere birjiñtasuneko lorea. Jaungoikoak lagundu zion Klarari bialtzen ziola Franzisko, lurrean bere giari eta zeruan betiko adiskide izan bear zuena.

        1212ko garizuman Santuak predikatzen zuen Asisen San Jorjeko Eleizan, eta garizuma artan, predikatzen aurrenekoa bazuen ere, Franziskok zeuzkan irabaziak aditzalleen biotzak bere itzera guziz egokiarekiñ.

        Klarak ezagutu nairik jendeak anbesteraño alabatzen zuten gizon miragarri ura, iritxi zuen bere ama eta aizpa Agedagandik eraman zezatela gau batean ari aditzera, eta ez al zion aditu, alabatu zuen, eta erabaki bere animako giaritzat artzera, eta asmo au agerturik Bona Gelfucci bere aide eta konfianza guziko personari, joan zan onekiñ ixiltxorik Ama Birjiña Aingeruenekora. Anziñako kondairatzalleak utzi digute itzkribatua itzaldi bizi eta senzill batean lenbiziko ikuskera au. Franziskok, ezaguturik zeruko argiarekiñ zeukala bere aurrean ondasun bat, munduak merezi etzuena, agertu zion Klarari birjintasunaren balioa, Zeruko Esposoaren edertasun paregabea, eta denborak desegiñ eziñ dezakean batasunaren ditxa esan eziñ añakoa. Gero, probatzeko bezela esan zion: «Ene alaba, zure bokazioa sinistu dezadala nai badezu, utzi itzatzu orrako soñeko eta apaiñduria oriek, saku bat jantzi, eta zabiltza eskean atez ate». Klarak, obeditu zion batere enura gabe.

        Garizumaren bukaeran joan zan ostera Fundatzalle santua ikustera. Lenbaitlen nai zizaion osoro eman Jaungoikoari, eta bere Jesusekiñ bat-egiteko palta zitzaizkan egunak iruditzen zitzaizkan urteak; gañera berriz, Franzisko bildur zan lore aiñ minbera ez ote zizaion belaskatuko munduaren asnase puzoitsuarekiñ, eta uste zuen ordua zala aldatzeko Erlijiozko bizitzaren loretegira. Erabaki zuten egiteko añ aundi au egitea 1212ko martxoaren 19an zan Erramu Igandean.

        Birjiña gaztea bere gala guziakiñ apaindua, joan zan Asisko Katedralera, baña oitura zan bezela, erramu bedeinkatuak artzera aurreratu bearrean, geratu zan bere lekuan begiak lurrera begira zituela, eta Obispo Jaunak ikusirik, beragana joanda eman zion palma-adar bat, munduagandik iristera zijoan garaipenak adierazten zituena. Urrengo arratsean, jende guzia lotan zegoen denboran Klara irten zan bere gurasoen etxetik, emaztegaia bere ezkontzako egunean bezela jantzia, Bona bere adiskide leiala lagun zuela, eta joan zan Ama Birjiña Aingeruenekora, nun fraideak itxedoten zioten zirio irazekiakiñ. Franziskok ebaki zion illea munduko banidadeak uzten zituen siñalean, para zion soñeko basto, auts kolorekoa, lotu zion gerria soka batekiñ eta estali burua zapi lodi batekiñ. Gero belaunikaturik Ama Birjiñaren imajiña aurrean, Klarak egiñ zituen bere botoak, eta partitu pobreen artean bere jantzi balioso eta apaiñduriak. Sakrifizioa osoro egiña zegoen. Franziskok eraman zuen orduan Klara S. Pauloko konbentura, nun bigarren Ordenak, lenbizikoak bezela, bere bizilekua artu zuen San Benitokorenetik.

        Eziñ pensatu diteke S. Franziskok au guzia egiñ zuela Jaungoikoaren goiargi eta Asisko Obispo Jaunaren eskubide gabe.

        Etzitzaiozkan paltatu sufritu bearrak gure Santari: Gurasoak joan ziran S. Pauloko konbentura, eta erreguakiñ ezer eziñ zutenean, tratatu zuten gogorki andik ateraerazitzeagatik, baña Klarak, agertu zien burua ille-moztua, eta aldareko pillareai itsatsirik, atera zan garai eraso artatik. Beste alako batetik libratzeagatik, eraman erazi zuen Pausoko Aingeru Santua deitzen zan Benitoen beste konbentu batera.

        Klara izan zan Donzella Pobreen birjiñ jardiñeko lenbiziko lorea, eta aren aizpa Ageda, bigarrena. Au zan 14 urteko donzellatxoa, lirioa beziñ garbi, eta ardia beziñ mansoa. Klarak eskatzen zion Jaungoikoari, aren aizparen errukimentua izan, eta birjiñen maiean leku egiñ zeiola. Jaungoikoak aditu zion eskaria, eta andik egun gitxira joan zizaion Ageda esanaz: «Ene aizpa, nik ere Jaungoikoa serbitu nai det zurekiñ batean». «Ene aizpa maitea, erantzun zion Klarak laztanduaz: bedeinkatzen det Jaungoikoa, bete dalako nere animaren deseo biziena».

        Klara eta Ageda! ona bi aizpa, bi triunfo San Franziskorenak, bi arkume garbi zijoazenak sakrifikatzera Jaungoiko biziaren aldarean, mundutarrak atsegiñ galgarrietara dijoazen baño bizitasun geiagorekiñ.

        Ikuskarri biguñ onekiñ Aingeru Santuaren konbentua poztutzen zan bitartean, beste gauzarik pasatzen zan Sta. Klararen etxean. An aditzen ziran pena, arrabi eta desesperazioko garraxiak. Faborino Kondea burutik egiña bezela zegoen. Laister bere adiskideak bildu, eta agertu ziezten bere sentimentuak. Oetako amabik artu zituzten armak, eta juramentu egiñ zuten ekarriko ziotela ostera bere alaba, illa edo bizirik. Leku sagraduari batere begiratu gabe, sartu ziran konbentuan, eta batek Agedari buruko illetik elduta, atera zuen arrastaka mendiaren egaleraño, baña bereala Agedaren gorputza aiñ pixua egiñ zan, non eramantzalleak ezaguturik etzutela bear adiña indar, utzi zuten erreka zistor baten ertzean. Agedaren osaba Monaldok, altxa zuen esku sakrilegoa, zeukan ezpatarekiñ eritzeko ustean, baña besoa legortu zizaion geratuaz mugitu eziñ zala. Bitartean allegatu zan Klara, eta erregutu zien bere aideai, arren utzi zezaiotela Agedaren gorputz odoldua, eta onekiñ zaldunak, ikaraz eta kezkaz beterik alde egiñ zuten andik, bi aizpak laztandurik, Jesu Kristogatik sufritzea merezi izan zutelako poztu eta peligro artatik libratu ziralako Jaungoikoa bedeinkatzen zuten bitartean. Esan dezagun bereala, familiaren borondate gaizto ura txit laister itzuli zala naitasun txit arrigarrian. Monaldo sendatu zan millagroz, eta ezaguturik sendaera ura zor ziola illoben orazioai, biurtu zan esker onez aen defentzalle, Faborino jarri zan Jaungoikoaren borondatera, eta andik denbora gitxira ill zan justuen eriotzarekiñ.

        Fundatzalle santuak jantzirik Agedari penitenziako abittua, para zituen aizpa biak San Damiango Eleiz, aurrena konpondu zuenaren aldameneko etxean. Ala egiztatu zan bost urtez aurretik San Franziskok esan zuena, au da, Dama pobreen konbentu bat San Damianen izango zala.

        An sartu zan Klara borondatezko karzelan bezela, nondikan etzan irten zeruko zoriontasunera joateko baizik. San Damian izan zan Dama pobreentzat, San Franzisko eta bere lagunentzat Porziunkula bezela, lur bedeinkatu bat munduarentzat itxia, eta bakarrik zerurako irikia. Nork esan dezake zenbat lore azi ziran bertan, nolako usai gozoak banatu ziran zelda txar aetatik, eta zenbat aingeru aragizko igo ziran andik gloriara? Askoko degu esatea, aurrenetik bokazio asko izan zirala, eta Abadesa Santak ikusi zituala bere inguruan moja asko eta asko, eta oen artean bere ama Ortolana, alargundu zanean, Beatriz bere aizpa bestea, eta lenago aitatu degun Bona Guelfuccio.

        Jarria geratu zan, bada, bigarren Ordena Penitenziakoa, geroenean Klarisen ordena deitu zizaiona. Franziskok izkribatu zuen berarentzat Erregla bat Erlijioso txikienentzakoenaren antzekoa, beste egiñbide berezi batzuekiñ, eman zien Dama pobreen izena, jarrierazo zuen Klara San Damiango Abadesa izatera, eta nai izan zuen familian bizi zedilla, aurrena jarritakoa bezela, pobreza osoko arroka gogorrean. Maiz zuzentzen ziozkan konselluetatik, ez da guganatu eskutitz labur eta bizi bat baizik, zeña eskeiñtzen diegun gure irakurleai San Franziskoren itzkera-gordairuko prenda baliosoeneko bat bezela. «Ni zure Serbitzari ezerez onek jarraitu nai ditut Jesu-Kristo eta bere Ama txit santaren bizitz pobrezak, eta iraun onetan eriotzaraño. Zuei bada, nere damai bezela, erregutzen dizuet alegiñ guzian, gorde dezazutela beti onelako bizitza eta pobreza, gai onetan entzun gabe iñoren esan eta konsellu kaltarkitsuak».

        Santa Klararen diñakoa zan onelako itzkera, eta eskutitza irakorritakoan, esan zien lagunai: «Atozte, atozte uso mansoen gisan pobrezako kabian gordetzera». Santa Klarak etzuen zelo gitxiago agertu S. Franziskok baño pobrezako botoaren kunplimentuan, eta ala egiñ zuen ondasunen errenunzia betikoa beretzat eta bere ordenarentzat. Eta gauza jakiña da nola gogor egiñ zien Aita Santuen erreguai, boto ura ez austeagatik. Gregorio IXgarrenak eskeñi ziozkan egun batean lur batzuek bere Ordenarentzako, denbora tristeetan bizi ziralako, eta ikusirik artzeko uzkur zegoela, esan zion: «Zure botoak eragozten badizute artzea, nik oetatik askatzen zaitut». «Aita Santua, Klarak erantzun zion, zorionekoa nitzake nere pekatu guzien barkazioa iritxiko banuke; baña ez det nai askaera bat Ebanjelioko konselluak jarraitzetik libratzen nauena». Azkenik, milla erreguren bidez iritxi zuen Inozenzio IVgandik pobrezako boto betikoa egiteko eskubidea, Erromako Tribunalean eskatu dan bakarra; eta Aita Santuak izkribatu zion Santa Klarari eskutitz bat, guk emen jartzen deguna, Eleizako kondairetan beste agiri bat alakorik ez dalako:

        «Inozenzio Obispo, Jaungoikoaren serbitzarien serbitzaria, Jesu Kristogan bere alaba maite Klarari, eta Asisko San Damiango Konbentuko beste mojai, osasuna eta bedeinkazioa».

        «Nola eskeñi nai bai zeraten osotoro Jaungoikoari, eta utzi munduko gauza guziak, zuen ondasunak saldu eta oen prezioa pobreai partituaz, bidea, egia eta bizitza dan Jaungoiko Pobreari pobreza oso osoan jarraitzeko; ez dizute ezerk ere galeraziko asmo aiñ santua betetzea; alabaña, kanpoko egaztiai jaten ematen dien Jaunak, eta belar eta lorez lurra estaltzen duenak, mantendu eta jantziko zaituzte, betiko zuen jakia Berbera izango dan eguneraño. Nola eskatu baidiguzun pobreza osoaren gallaldia edo pribilejioa, eskutitz onen bidez agintzen degu, iñork ere, dana dala, etzaitzala beartu munduko ondasunik artu, euki edo gordetzera. Goza dezazutela Jaungoikoaren pake santua Jesu Kristogan zuk, zure erlijiosak eta San Damiango konbentua maitatzen dituztenak, eta Juizioko egunean ar dezatela saritzat betiko zoriontasuna».

        Denborak konsagratu du pribilejio au millagro bereziakiñ. Seireun urte badira Santa Klararen aizpak Jaungoikoaren Probidenzian bakarrik daukatela konfianza, eta beste ainbeste denbora bada Probidenziak, ama ernai batek bezela daukala Santa Klararen mojen kontua. Jateko ogirik ez dutenean jotzen dute konbentuko ezkilla, limosna eske daudelazko siñalean, eta iñork sokorritzen ez baditu bedeinkatzen dute Jaungoikoa, eta bazkariaren ordez kantatzen dute alegere esker-onezko kanturen bat.

        Klarisen Ordena zabaldu da munduan Erlijioso txikienen moduan, eta izan ditu ark bezelako gora berak. Santa Koletak biurturik aurreneko gogortasunera XVgarren eunkian, eskeintzen die gorde leku eta munduko gaiztakerien kontra erremedio bat neke eta sakrifizioak eramanzale diran animai, eta bi alde oetatik begiraturik merezi du jendeen errespeto eta kristauen esker ona. Baña esan bear degu, eta diogu pena aundiarekiñ, munduak ez dio beti justizia egiñ anima garbi oen sakrifizioai. Munduaren Era edo Edade erdian Santa Klararen alabak artzen zituzten non nai poz zoragarriarekiñ, eta etzituzten arkitzen bear anbat alabanza Jainkoaren amoriozko biktima borondatezko oentzat. Zergatik? Zergatik denbora aetan fedea eta kristau sensua bezegoen; oraingo denbora oetan ordea, ez die ekarri berai alako onginai eta errespetorik. Emezortzigarren eunkiak, au da Voltairenak, edo deserritu zituen, edo eraman zituen urkamendira erlijiosak ziralako bakarrik, eta oraingoak utzitzen badie, ori da, persegitzeko asmoa daukalako. Gaur dan egunean bada jende parte bat, jakintsuna eta besteen giaria esan genezakeana, begi gaiztoz Klarisai, beste Ordena Erlijiosoai bezela begiratzen diena, esanaz ausardi aundiarekiñ: «zer egiten duten errejaz barrendik daudenak, zergatik lurpetzen dira bizirik, lau pareta tartean obi batean bezela?».

        Erantzuera da txit erraza. Oek egiten dute Santa Maria Magdalenak Jesusen oñetan egiten zuen lana. Ez dio Ebanjelioak autu dutela parterik onena, eta Mariaren egoera Martarena baño ederragoa dala? Pensatu nai duen edozeiñ kristauk arkituko du Jaungoiko beragan Oraziora emanak dauden Orden Erlijiosoen izaeraren arrazoia. Gauza guzien Jabe soberanoak eztauka eskubidea aukeratzeko animen batzuek desegiñ ditezen bere aurrean aldareko lanpara argia bezela? Eta galdetu nai badiezute zer egiten duten, galdetu orobat, zer egiten duten orrako zeru boillan zinzilik dauden izar, gizonak egundaño kontatu eziñ dituenak. Zergatik lorerik ederrenak para ditu eremuan, baldiñ an beren usai gozoa gizonagandik urruti banatzen badute? Zergatik serafiñak inguratzen dute bere Jargoia, aingeru mandatariak kriaturetara bialtzen dituen bitartean? Jaunaren birjiñak alabatzen dute Jaungoikoa gau ta egun izar, lore eta serafiñak bezela. Au ez da asko? Zeiñ zerate zuek, gizonen umeak, zuen interes eta gloria Jaungoikoaren interes eta gloriaren parean jartzeko? Baña ez pensa moja Klarisak ez dutela deus balio mundurako, bada bizitza penitente eta santuzko ejenploakiñ serbituaz gañera, serbitzen dute beren orazioakiñ: Ah! Sar al bagindezke Jaungoikoaren gauz ezkutuetan, arriturik geratuko giñake ikustean munduko gauzetan ere oen lanbideak daukaten indarra. Nai ditugu diogun egiaren pruebak? Irakurri bedi Santa Klara Asiskoaren bizitza, eta orri bakoitzean ikusiko da diogunaren arrazoia. Beste askoren artean kontatuko ditugu gertaera bi.

        1239garren urtean ogei milla sarrazeno edo turko Federiko IIgarrenak soldatan zeuzkanak inguratu zuten Espoletoko ballera, Aita Santuari zion leialtasuna kastigatu, eta Erromako murruetan Enperadoreak berak sufritu zuen auzi-abarza bengatzeko. Eziñ kontatu litezke gizon basati aek egiñ zituzten gaiztakeriak, suturik uria sakeatzeko esperanzarekin, eta kristau izenari zioten gorrotoarekiñ. Igarotzen ziran suzko pillare bat bezela, utziaz beren ondoren negarra, miseria eta eriotza. Onelako etsaien artean iruditu diteke nolako ikararekiñ egongo ziran erriak. Jarri zituzten beren etzauntzak San Damiango konbentuaren aurrean eta ikusirik etxe ura defensa gabe zegoela, erabaki zuten artzea, eta ala gau batean eskallerak parata igo ziran murru gañera uju eta iskamilla aundiak emanaz. Moja errukarriak aurreneko ujuak aditu zituztenean, joan ziran ikaraz abadesaren anparura, txitoak mirua ikustean kolkaren egopera dijoazen bezela. Santa Klara zegoen oatua aspaldian aultasunezko gaitzarekiñ, baña estuasun artan bere gaitzaz aztu, eta bere lagunen peligroa baizik gogoratu gabetanik, altxa zan oetik, eta arturik Sakramentu Santua gordetzen zan kopoi edo ontzia, para zuen sarrazenoak pasa bear zuten ataburuan, eta belaunikaturik, egiñ zion Jesus Sakramentatuari erregu au: «O Jesus, utziko diezu fedegabeen mendean erortzen zure amoriozko esnearekiñ mantendu dituzun zure serbitzari umill oei, eta emango dieztezu pizti gogor oei zure izen santua aitortzen duten birjiñak? Nik eziñ gorde ditudan ezkero zure anparupean ipintzen ditut». Oraindik Klara erregutzen zegoen, aditu zuenean aurraren gisako itz ots bat, ziona: «Bai, beti gordeko zaituztet». «Jauna, esan zion berriz Klarak, gorde ezazu oro bat, zure amorez gu mantentzen gaituen uri ongillea». Eta zeruko bozak erantzun zion: «Uriak eraman bear asko izango du, baña ez da ondatuko». Promes onekiñ sosegaturik, Klarak esan zien mojai: «Nere alaba maiteak, ez negar egiñ. Ziertotzat daukat, etzagula batere gaitzik gertatu bear. Para konfianza guzia gure Jaungoikoagan». Au esatean agertu zien kopoia fedegabeai, zeñak ikaraturik, edo zeruko argiarekiñ itxuturik, berealaxe ies egiñ zuten.

        Andik zazpi urtera 1246ko urtean Asis arkitu zan beste perill guzizko batean. Alemaniako enperadore Federiko bigarrenak beti zeukan gerra agiri edo estalia Aita Santuaren kontra, eta bera beziñ gaisto eta gogorrak agintari ordezkoak beti zeramazkiten Italiako erri batzuetara gerraren ondamen triste eta negargarriak. Vital de Aversa, aetako agintari batek para zion ingurua Asisko uriari urte onetan, erreerazi zituen laboreak, atera arbolak, eta egiñ juramentu, etzuela andik alde egiñgo uria menderatu gabe. Biztanleak, nola baiziran gitxi denbora luzean gogor egiteko, egun batetik bestera uste zuten labanaz pasatuak, edo erriaren ondamenean lurpetuak izatea. Estuasun aundi onetan Klarak bildu zituen bere mojak, eta esan zien zein penatua zegoen, bada Santuak beren biotzeko sentimentuetan ez dute berezitzen Jaungoikoaren amorioa eta beren erriarenganakoa. «Aizpa maiteak, esan zien abadesa beneragarriak, erri onek ematen digu guri eguneroko ogia, beragatik bidegabekeria aundia egingo genduke sokorrituko ez bagenduke gure indarren neurrian». Bereala buruak autsez estali zituzten, eta Sagrarioaren aurrean belaunikaturik, eskatu zioten Jaungoikoari negarrez, arren, uria libra zezala.

        Birjiñ aen erregua aditua izan zan, eta biaramon goizean (San Juan, illaren 22an) setiatzalleak, barrengo jendearen itxumustuko irtenaldiarekin nasturik, uste izan zuten salduak izan zirala, eta batetango ikaraz beterik, utzi zituzten beren dendak eta ies egiñ zuten eragabero. Uri Serafiñdarra salbatu zan. Eta beraren onrarako esango degu etzala engañatu millagroaren motiboaren gañean, bada etzion egokitu agintarien azkartasunari eta soldaduen baloreari, ezpada Faborinoren alabaren merezimentuen bitartekotasunari. Guziok batetan alabatzen zituzten Judit berri onen birtuteak, zeñazaz baliatu zan Jaungoikoa beste Holofernes ura bentzutzeko, eta uriko karrikaetan aditzen ziran pozkariozko kanta eta soñu ederrak, Betuliakoetan aditu ziran bezela, ango sitiatzalle gogorraren eriotz ondorean.

        Añ aundia da orazioaren indarra erlijiosoen ezpañetan. Eta bitartekotasunezko egiñkizun au obeto betetzeko mojak erretiro osoan eta garbitasunik tatxagabeenean bizi badira, ez dira bedeinkatu bear? Eta ez da bildur izatekoa baldin mundu galdu eta gaizto onetan bizi balira kutsatuko lirakeala eta aen barau-bijiliak alperrikakoak izango lirakeala? Beragatik moja Klarisak konbentuko bakartasunean sartzen diranean, munduak orretatik artzen du mesedea. Jende txeak, askotan beren buruak jakiñtsun egiten dituztenak baño geiago dakienak, au ezagutu du berezko zenzuarekiñ. Zorigaitz aundiak inguratzen gaituztenean deitzen du mojen konbentuetako ateetan, eta eskatzen die beren besoak zeruronz altxa, eta beren errezoakiñ desarmatu dezatela Jaungoikoaren justizia. Jainkoari nai dakiola oraingo Gobernuak giatzea konfianza eta justiziazko sentimentu oetatik, ezagutu dezaten nun dauden adiskide egiazkoak eta galtzer dagoen munduaren salbatzalleak. Zenbat geiago ikasten duten kristau erriaren kondaira, anbat argiroago ezagutuko dute urrezko letraz izkribatzea nai gendukean egia au: Konbentuak dira santu geiago egiten diran tokiak, eta santuak dira munduari eusten diotenak.

        Penitenziako bigarren Ordenaren sortze, aurrerapen eta protxuari begirada au emanik, biur gaitezen ostera Santa Klaragana, esanaz zerbait beraren merezimentu eta birtuteen gañean, zeñak diran egiaz Aita San Franziskoren obra. Ez ote du merezi begirada bat berari egitea? San Franziskoren alaba espiritual, aren diñako lagun oitura galduak zuzentzeko lanbide aundian, eta beraren jarraitzalle santutasunean zan onek dauka leku berezia XIIIgarren eunkiko kondairan, izanik bera denboraldi ura edertzen duen gloria garbienetako bat.

        San Franziskogandik ikasi zuen Jesus Sakramentatuarenganako jaiera biguña, eta ordu osoak aldare aurrean pasatzeko oitura piadosoa. Eri bazegoen, askotan gertatu oi zizaion bezela, oean eserita iruten zuen liño piñ piña, zeñarekiñ egiten zituen korporalak Eleiza pobreetarako, agertuaz orrela Aldareko Sakramentu Santuarenganako bere debozioa. Aiñ umilla zan, non guzien buru edo abedesa izanik, egiten zituen konbentuko lanik bilutsenak; aiñ karidadegillea, non egiten zan Jaungoikoaren serbitzarien serbitzari; aiñ modutsua, non bere bizitzan beiñ bakarrik altxa zituen betazalak, Aita Santuari bedeinkazioa eskatzeko, eta orduan ikusi zan begiak zeru-koloreko urdiñak zituela; aiñ mortifikazio aundikoa, non egunik geienetan barautzen zuen txit gogorki; itz batean, zeuzkatzian bere Aita doatsu San Franziskogan ikusiko ditugun doai edo perfezio barrengo guziak.

        Berriz ere arkituko gera Santa Klararekiñ beste mugaldi bietan, baña bitartean bagoaz kontatzera emen Loreetxoetako liburuan ikusten degun pasarte bat, Santuen bazkaria izendatu litekeana. Da San Benito eta Santa Eskolastikaren Agurraren berritze bat.

        Franziskok maiz bisitatzen zuen San Damiango konbentua, bada bere atsegiña zan muñtegi ura bere itzarekin eskolatu eta giatzea. Abadesak, esker biotzekoenak anbesteko ernaitasunagatik emanik, erregutu zion askotan utzi zezaiola Porziunkulara bisita bat egiten, zeña zan deseo txit bidezkoa Santa Klaragan. An igaro nai zuen egun osoa arekiñ batean, bertan elkarrekiñ bazkari-mokadua egiñaz, baña San Franziskok etzuen nai izandu. Ama Birjiña Aingerueneko praideak jakindu zutenean Santa Klararen eskaera, ondo iritzirik, beraren alde itz egin zioten San Franziskori modu onetan: «Uste dezu usatzen dezun gogortasuna ongi datorrela Ebanjelioko aginteakin? Santa Klara da Jaunaren Birjiña maitea, eta eskatzen duena berriz, ez neke eta inportanzi aundikoa, eta enpeñatu dan ezkero, zergatik zuk kontra egiñ bear diozu? Etzatzu gogoratzen zure esanera utzi zituela munduko arrokeriak, eta lirio guzizko ori zuk aldatu zenduela zeruko esposoaren jardiñean? Egiaz da zure alaba espirituala, eta eun bider geiago balio duen gauzaren bat eskatuko balizuke, etziñioke ukatu bear». «Uste duzute, esan zien, aren deseoa kunplitu bear dedala?». «Bai, guziok batetan erantzun zuten, merezi du». «Ongi da, egiñgo det zuen iritzia, eta Klararen poza oso betea izan dedin, nai det etorri dedilla Ama Birjiña Aingeruenekora kolazio egitera. Aspaldi da San Damianen itxitua dagoela, eta poz aundia sentituko du ikustean berriro Jesu Kristoren esposaren beloa artu zuen konbentua. Emen, bada, guziok jango degu elkarrekin Jaunaren izenean».

        Franziskok señalatu zuen egunean egiñ zuen Klarak erromeri ura bere mojaetako batekiñ, eta beraren billa San Damiana joan ziran fraide batzuekiñ batean. Santua atera zizaion bidera, eta aurrena eraman zuen profesioko urriñ gozoa oraindik sentitzen zan Porziunkulako kapillara, eta gero konbentu barrena. Maia zegoen prestatua, eta zan mantel pobre bat lurrean zabaldua, San Franziskoren oiturara, eta onen gañean ogi batzuek jarriak. Franziskok bedeinkatu zituen, fraideak jarri ziran inguruan, eta aren parean Klara bere lagunarekiñ. Etzegoen an ezer arinkeria edo mundutar gauzarik. Ez al ziran asi jaten, noiz eta Franzisko jarri zan jolasean Jaungoikoaren gañean, eta aiñ itz egoki eta biziakiñ egiñ zuen, non bazkaldarrak zeruko atsegiñez berengandik irtenik aztu ziran gorputzeko jakiaz. Denbora berean Asisko jendeak, Betona eta ingurumarietakoak ikusi zuten Porziunkula erretzen zegoela; iduritu zitzaien Eleiza, konbentua eta aldameneko basoa gar bete betean zeudela; bereala joan ziran sua itzaltzera, eta paretetik igota sartu ziran konbentuan. O zeñ arriturik geratu ziran, barrengoak zeramaten bizitzaren pasartea ikusi zutenean! «Guk ikusi degun sua, pensatu zuten berengan, su millagrozkoa zan, eta aen animak urtzen dituen Jainkozko amorioaren señalea». Eta itz bat esatera benturatu gabe, beren lurrekoak an esango ziran jolas zerukoakiñ nastutzeko bildurrez, alde egiñ zuten andik isilik eta arriturik, eta etxetara ziranean kontatu zuten oiuka ikusi zuten millagroa.

        Abadesa itzuli zan arratsean bere konbentura iritxi zituen ondasun ispiritualetatik bere alabai parte ematera. Egun ura guzia igaro zuten mojak pena eta naigabe aundienean, zeren bildur ziran andik bialduko ote zuen beste konbenturen bat gobernatzera, Ageda aren aizpa bialdu zuen bezela. Argatik aen poza aundia izan zan beren Ama ostera ikusi zutenean; eta ez txikiagoa berriz, aditu ziotenean kontatzen Ama Birjiña Aingerueneko pasarte millagrozkoa, eta San Franziskoren jolas biguñ zoragarriak. Oek izandu ziran Ama Birjiña Aingerueneko murruak ikusi zituzten mirariak 1221garren urtean.

        Santa Klarak 41 urtean gobernatu zuen Dama pobreen Ordena. Eztakit Santuen Kondairan ote dan onen bizitza baño penitenteagorik, baña segurki, ez da eriotza gloriosoagokorik. Ezaguturik iltzera zijoala, egiñ zuen testamentua, zeñean bere mojai senipartetzat uzten zien pobreza serafiñdarra. Nola frai Rejinaldok erregutzen baizion gaitza pazienzian eramatera, Santa Klarak erantzun zion: «Ene anaia, gure Aita San Franziskoren aotik gure Jaungoikoak bere graziaren balioa ezaguerazi ziran ezkero, ez da anbeste kosta zadan gauzarik. Ez da mortifikaziorik aiñ gogorrik, eta eritasun aiñ nekosorik iruditu zadanik». Ondorean erregutu zien frai Leoni eta frai Angel Rietiri irakurri zezaiotela Jesusen Pasioa San Juanen erara, gero Eleizakoak artutakoan, jarri zizaion argi errañua bekokian eta esan zuen: «Ea, nere anima, jakizu lagun on bat daukazula biderako, eta giari on bat bidea erakusteko. Ez ezer bildur izan, zaude soseguz, bada zure Egilleak santutu zaitu, eta beti kontu egiñ dizu gurasoaren bere umeakiko amorio biguñarekiñ. Eta zu, Jauna, bedeinkatua izan zaitezela kriatu nazulako. Ikusten dezu, esan zion bere aide Sor Amadagana zuzendurik, ikusten dezu, nola begira nagokion Gloriako Erregeri?». Denbora berean Jaunak eman zion ikusketa misteriosoa moja aetako bati, eta onek ikusi zuen nola zeruko Erregiñak, zuriz jantzitako birjiña talde aundi batek zerraikiola, konbidatzen zuen Klara Jainkozko Bildotsaren eztaietara, eta artzen zuen aren anima, lore bat artzen dan bezela.

        Ala ill zan Klara Birjiña, ura baldiñ eriotza bazan, 1253ko abustuaren 10garren eguneko arratsean, San Franzisko ill zanetik 27garrenean. Eta kardenal Ugolinoren illoba Aita Santu Alejandro IVgarrenak para zuen Santuen lumeroan 1235garren urtean, emanaz Umillen Dukesa eta Pobreen Prinzesaren titulu gloriosua (Kanonizazioko Bulda). San Buenabenturak egiñ zuen beraren alabanza, gizonak anbat biziko diran itz oetan: «Birjiña Jainkoaren maiteak, eman zuen udaberriko lore batek bezelako usai gozoa, eta argi egin zuen egun sentiko izarrak bezela».

 

aurrekoa hurrengoa