www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

IIIgarren Bereziera

Legenartsuak. Franziskok konpontzen ditu

iru Eleiza. Santuaren zerutikako deia.

(1206-1209)

 

        Franziskok, Obispo Jaunaren etxeko pasartea ezkero ikusirik bere burua libre eta ezeren eragozpenik gabe, billatzen zituen toki erritiratuenak Jaungoikoaren itz otsa obeto entzuteko. Maiz joan oi zan Asis inguruko baso eta mendietara, eta Jainkoaren amorioan sutua zeukan biotz irazekiarekiñ kantatzen zuen pranzez himnoakiñ txandaka, Dabid errege santuaren esker onezko salmo au: «Eskerrak, Jauna, nere kateak urratu dituzulako; ordañez eskeñiko dizut alabanzazko sakrifizioa, eta bedeinkatuko det zure izen santua».

        Beiñ batean billatu zuten lapurrak, eta galdetu zioten: «Nor zaitugu?». «Errege aundiaren aginte eramallea» erantzun zien; «Eroa da!» deadar egiñ zuten lapurrak, eta kupida gabe kolpatu ondorean, bota zuten elur-zulo batera, esanaz: «Zaude or, Jainkoaren aginte eramalle ttattarra». Aek alde egiñ zutenean irten zan elur-zulotik, eta pozez beterik, asi zan berriz ere lengo kanta eta errezoetan; eta joan zan limosna billa an aldean zegoen konbentu batera, nun egon zan egun batzuetan sukalde-lan bilutsenak egiten. Andik igaro zan Gubiora, eta an ikusirik aurtasuneko lagun batek aiñ mixeri aundian zarpa zar batzuek baizik gabe, kupitu zizaion, eta eman zion erumatarren jantzi bat, au da, tunika motza, larruzko ubala, zapatak eta eskumakilla; penitenziako jantzi onekiñ laister ikusiko degu nola ematen dan Franzisko pobreen serbitzura, baña batezere legenartsuenera.

        Legenar gaitzak gure denboran ia osoro alde egiñ badu ere, konbeni da jakitea zer zan bera denbora aetan kristau errietan.

        Gaitz nazkagarri, gorputz guzia sorna pilla odoltsuz betetzen duen au zan orduan kiratsua eta sagradua: kiratsua, kutsatzen zuelako, eta sagradua, Testamentu Zarrean eta Berrian gauza misteriozkoak berak adierazten dituelako. Isaias profetak etzuen irudikatu Mesias, Jaungoikoak legenarrez zauritu eta humildua bezela? Eta Jesusek berak, etzuen iduki beti legenartsuen errukimentu aundia? Bildurra eta benerazioa, ona emen fedezko denbora aetan kristauak zeuzkaten sentimentuak. Eleizak, ama biguñ eta kupikor onek antolatu zuen errezo berezi eta txit biguña legenartsuentzat. Erregutzen zuen aekgatik, eta zeremoni aetako orazioetan ikusten da eriotzako tristura, eta erlijiozko profesaren alegeranza. Apaizak, gaizki daudenen meza emandakoan, bedeinkatzen zituen legenartsuak bere serbitzurako bear zituen ontzi eta gañerako gauzak, eta eramaten zuen prozesioan bakardadean bizi bear zuen txabolara. Txabola gañean botatzen zituen iru palakada lur, Kanpo Santutik eramana, legenartsuari esanaz denbora berean: «Ill zaite mundurako, eta jaio berritu Jaungoikoarentzat». Gero erregutzen zion gaitza eramatera pazienzian, eta Jaungoikoarengana osoro menderaturik, aseguratuaz munduko Eleizaren sokorru eta orazioak izango zituela, eta ikusierazoaz zerukoan zeuzkan atsegiñak. Azkenik atean zurezko gurutze bat, eta andikan zijoazenak limosna botatzeko kutxatilla bat jarririk, guziak alde egiten zuten. Kristoren piztueraren oroipenean, Pazkuetan bakarrik irten zitezkean legenartsuak karzela gisako toki artatik, eta ibili libreki erri aundi eta txikietan partartuaz kristauen poz kontentuan. Errukarri aek bazituzten beren konsueloak zeramaten bakardadean, eta bai gozamenduak ere beren oñazeetan. Etzitzaioten eragozten komulgatzea, komunio santua animen janari dalako, eta ez berezi ere beren emazteakgandik, Jaungoikoak bat-egiñ dituenak gizonak berezi bear ez dituztelako; eta zauri nazkagarri aek ikuste utsak berak aldegiteko zalea ematen bazuen ere, sortuarazten zuen kristauen biotzetan aenganako benerazio gisako gauza bat; eta ala deitzen zitzaien «Jaungoikoaren eriak» eta «Jaungoikoaren pobretxoak». Obispoak zeukaten aen mantenuaren kontua, eta begiratzen zien beren kargu onragarrienari bezela. Fededunak iruditurik aen arpegi ubel ori odoltsuetan Jesu Kristoren arpegi adoragarria, etziran igarotzen aekgandik limosna eman eta aen orazioetara gomendatu gabe. Aundizki eta dama nobleak zeukaten onratzat aen zauriak sendatzea, eta are arrigarriagoa dana, Eleiza bera zan aen serbitzurako zaldun-donzellen billerak egiteratzen zituena, San Lazaroren zaldunena, bere buru maixutzat legenartsu bat zeukana, eta San Juan Limosnagillearen ospitaleko donzellena.

        Legenartsuen edo Jaungoikoaren pobretxoenganako jaiera au zabaldu zan ixurria bera bezela sort-aldetik sart-aldera. Gurutzadeko gerra denboran gaitz au jendeak ondo ezagutua bazeukan ere, Franziskok konbertitu zan aurretik eziñ ikusi zuen legenartsu bat, begiratze utsarekiñ barren guzia irabiatu gabe; eta txit arrigarria da ikustea zer moduz zuzendu eta eskolatu zuen gure Jaungoikoak, aren izaerazko ondarkiñetatik altxatuaz bere graziazko erreinua.

        Jaungoikoarekiñ izan zituen aurreneko trataerak gertatu ziran 1206garren urtean. Espoletoko ikuskeratikan laixter, eta Obispoaren jauregiko pasartea baño urte bete lenago, gure santuak aditu zuen, otoitzean zegoela, zeruko itz bat ziona: «Ene seme, nere naia jakiñ nai badezu, despreziatu eta gorrotatu bear dezu aragiaren aldetik nai eta estimatu dezuna. Eta etzaitezela miretsi santutasunezko bide berri onezaz; zergatik gustokoak ziñituen gauzak, samiñak izan bear bazaizkitzu, miñkaistzat zenduzkanak izango zaizkitzu txit gusto eta atsegiñezkoak». Denbora asko baño len izan zuen bere Maixu Jainkozkoaren erakustea egiteratzeko egokiera. Asisko ibar zabalean zaldiz zijoan batean, ona non ikusten duen legenartsu bat datorkiola. Ustekabeko topo onekiñ guda bizi bat igaro bear izan zuen bere barrunbean. Lenbizi bururatu zizaiona izan zan andik alde egitea, baña bereala oroiturik egunetik egunera obetzeko asmoa artuta zegoela, eta nork bere burua bentzutzea dala garaipenik aundiena, jetxi zan zaldi gañetik, eta sentitzen zuen goragaleari gogor egiñik, alderatu zizaion eriari, eta eskuan muñ egiñda eman zion limosna. Berriz zaldigañeraturik itzuli zan ostera legenartsua ikusteko, baña, o gauza arrigarria! aren begiak etzuten geiago ikusi, eta arkitu zan bera bakarrik kanpo zabal artan. «Gizonen Salbatzallea askotan agertu izan da legenartsuen itxuran» pensatu zuen beregan, eta poz aundiarekiñ belaunikaturik, asi zan kantatzen Jainkoaren alabanzak. Orduan sentitu zuen bere burua osotoro mudatua, besterik bazan bezela, eta ala, gertakari aren oroipena ondorengoai utzitzeagatik, bere testamentu edo atzenaiaren aurrenean izkribatu zuen: «Egun ura ezkeroz samiña iduritzen zizadana, biurtu zizadan gozo ala gorputz nola animarentzat». Nork bere burua orrela bentzutzen duenak, mundu guzia menderatzen du, eta aurreneko garaipena osoa danean, geroenekoa segurua da.

        Alaz guziaz ere, gure santuak etzuen oraindik mundua osoro utzi, bada bere burutazioak eta lurreko interesak eragozten zioten benaz birtutezko bideari jarraitzea; baña bere senipartearen errenunzia urrengo urtean (1207) Obispo Jaunaren aurrean egiñ zuenean eman zien libertadea sakrifiziozko eta mendetasunezko deseoai. Ikusi degu nola Obispoaren etxetik irtenda joan zan Gubiora; an bere atsegiñ guziak ziran legenartsuen ospitalean bizitzea, eri errukarriai kontu egitea, oñak garbitu eta zauriak sendatzea, muñ egiñaz danik nazkagarrienak izan arren. Era onetan prestatzen zan animen sendagiñ zerukoi izateko; eta Jaungoikoak saristatu zion karidade au emanaz millagroak egiteko doaia.

        Ona emen aurrenekoa, eta benturaz egiñ zituen guzien artean bikañena: «Espoletoko probinziako gizon batek zeukan arpegian miñ bizi aiñ izugarria, non artu ziozkan ao eta masallak; alperrik joan zan sendagiñ sonatuenetara, alperrik promesaz Erromako San Pedrora, miñ bizia gero eta geiago zijoakion azitzen; Franzisko Asiskoaren gañean itz egiten aditurik, artu zuen bera ikusteko asmoa, eta arenganatu zanean, belauniko jarri izan zizaion, Franziskok ordea, etzion utzi, eta besarkaturik, musu eman zion arpegian; eta, o gauza arrigarria! Santuaren ezpañak ez al zioten ukitu, miñ biziak alde egiñ zuen, eta gelditu zan osoro sendatua. Egiaz ez dakit nik gertaera artan zer geiago miretsi, musu emate ura edo sendaera.

        Legenartsuenganako jaiera biguñ eta bizia, da Franziskoren on biurrera adierazten duen señale berezia, bizi guzian gorde eta bere Ordena guzira zabalduko duena: itz batean esateko, aren ejenploa konbentuetako ormak eta Unbriako mugak igarorik, banatuko da alde guzietara urriñ gozozko likurtaren gisan, pizkortu eraziaz munduan bizi diranen debozioa. Anima asko eta askok jarraituko dituzte aren pausoak, eta Franziako Luis IXgarrena, Inglaterrako Enrike IIIgarrena, Isabel Ungriakoa, Anjela Foliñokoa, Katalina Senakoa eta beste zenbat ikusiko dira onratzat daukatela «Jaungoikoaren eriak» sendatzea.

        Franzisko, uste danez, etzan egon Gubioko legenartegian illabete baizik, biurtuaz ostera Asisko urira 1207garren urteko maiatzean. Jesus gurutziltzatu millagrozkoaren itzak beti belarrietan zeuzkan, eta bazeritzaion, San Damiango Eleiza konpontzeko eman zizaion ordena kunplitu bearrean zegoela.

        Sartu zan bada Asisen, anziñako profetak Jerusalenen bezela, eta asi zan predikatzen karrika eta plazaetan Jaungoikoaren aunditasuna eta Eleizaren neke-naigabeak, eta eskatzen ziezten arriak, Jaungoikoaren amorez esaten ziela senzilltasun guziarekiñ: «Arri bat ematen didanak sari bat izango du, bi ematen dizkidanak, bi izango ditu, iru ematen dizkidanak, iru». Arrigarrizkoa izan zan uri guzian egiñ zuen mugida; etziran ordea berdiñak guzien sentimentuak; batzuek egiten ziozkaten burlak eta bidegabekeriak, besteak pasatzen ziran kasorik egiñ gabe; eta beste batzuek pensaturik bizi-mudantza ura Jaungoikoaren obra zala, laguntzen zioten beren esku-lan edo limosnakiñ San Damiango Eleiza konpontzen. Esker igualarekiñ artzen zituen limosnak nola injuriak, limosnak Eleiz-lanak aurreratzeko, eta injuriak bere animaren onerako. Orduan ikusi zan aiñ eroso azitako galai au, obrarako bear ziran gaiak eramaten bere bizkar gañean peoiak bezela. Lan egiten zuen deskantsu gabe, eta nola zeukan gorputza barau eta penitenziakiñ nekatua, pixu txikienarekiñ makurtzen zizaion. Eleiz artako apaiz on Pedro urrikaldu zan arzaz, eta ezer gitxi bazeukan ere, prestatzen zion eltzekaria illumabarrenetan; Franziskok aurreneko egunetan artu zion, baña gero ziozan bere buruari, etzituela topatuko toki guzietan ark beziñ ongi artuko zuten apaizak; etzala ura berak aukeratu zuen pobreza, eta ala atez ate ibili bear zuela katillu batekin, eta artu ematen ziozkaten kondarrak, eta orrela bizi bear zuela, arako pobre jaio, pobre bizi, pobre ill, eta besteren mandirean bilduta obiratua izan zanaren amorez. Biaramonean asi zan eskean etxez etxe, eta eseri zan karrikan bildutakoa jateko eskaleak egiten zuten bezela. Katilluan anbeste eltze-kondar mota batean ikusteak nagatu zuen, ustekabean begiak itzultzeraño, baña oartu zan beziñ laixter bere barrenari gogor egiñik, asi zan jaten gogoz, eta gero aitortu zuen, etzuela izan egundaño jaki gustoagokorik. Arratsean on Pedrori esan zion alegere, billatu zuela gauz biltzalle eta jan-maneatzalle bat bestek ez bezela jana prestatzen zekiena.

        Oraindik, azkenengo aldiz bederik itz egiñ bear degu Bernandonen gañean, ez ordea beraren onran. Nola ez baizuen ezagutzen graziaren deirik, eta ez gurutzeko erokeria santurik, eziñ eraman zuen iñola ere ikustea bere semea eskale moduan eta jendearen farragarri egiñik. Bidean topo egiten bazuen, alde egiten zion kopeta aserratuarekiñ, eta noizbait biraua ere bota zion. Pensatze utsak biotza naigabetua uzten du! Jaungoikoak etzituen noski ontzat ematen guraso aren birauak, bada zauritzen zuten biziro semearen biotz biguñ eta kupera anbesteraño non, andikan askoz geroago enuratzen zan modu onetan: «Izandu ditudan eraman bear guzietan, ura izandu nuen samiñena». Pena aiñ aundiaren gozamendurako, agure pobre bat billaturik, esan zion: «Izango naiz zure seme, eta aragiaren aldetik nere aita danak birau egiten diran bakoitzean, zu, nere aita ordekoak bedeinkatuko nazu». Eta agureak gogo onez obeditu zion.

        Angel, Franziskoren anaia bakarrak, badirudi gurasoen interesakiñ batean beretu zuela aitaren gogortasuna, ondorengo gertaera onetan ikusten dan bezela. Neguko goizgiro gogor batean gure doatsua arkitzen zan Eleizan otoitzean, eta nola etzeukan eremutarren jantzi txar bat baizik, zegoen otz-ikarak ortzak dardar egiten ziotela. Angelek andik pasatzean, esan zion burlaz aldamenean zeukan lagunari: «Galde zaiozu ea izerdi tanto batzuek saltzen dituen». «Ez, santuak erantzun zion, nere izerdia ez diet nik gizonai saltzen; saltzen diot Jaungoikoari askozaz prezio obean».

        Anbeste pruebaren artean Franziskok jarraitzen zion bere obrari, uso tortolak toki bakarrean bere umeentzat kabia egiten duen moduko pozarekiñ, andikan igarotzen ziranai esanaz: «Atozte lanean laguntzera, bada emen egongo da dama pobreen konbentu bat, zeiñtzuen bizitza santu eta birtuteakiñ onratuko duten Aita Zerukoa Eleiza guzian». Profezi edo aurrez-esan au bete betean gertatu zan andik bost urtera Santa Klara eta bere lagunak San Damiango Eleizan jarri ziranean. Orrela lana eginda, orazio eta pobreza aundienean bukatu zuen 1207garren urtean, eta San Damiango Eleiza konpondu beziñ laister, ekiñ zion Asisko atietan zeuden beste bi Eleiza konpontzeari. Bata zan San Pedrori konsagratua zegoena; eta nola baizan Apostoluen buruaren guziz debotoa, 1208garren urteari asiera eman nai izan zion Eleiz onen berritzearekiñ, zeñaren lanak txit denbora laburrean bukatu zituen orretarako bere erritarrak eman ziozkaten limosna ugariakiñ. Bestea zan kapilla pobre eta anziñako bat. 352garren urtean Palestinatik etorritako eremutar batzuek egiñik, eta seigarren eunkiaren erditik aurrera praile Benitoak bertan biziturik, deitu zizaion aurrena Santa Maria Josafatekoa, Ama Birjiñaren obi edo sepulturako erliki prezioso bat bertan gordetzen zalako; gero Porziunkula, Subasoko Benitoen lurraren partetxo batean zegoelako, eta geroago Ama Birjiña Aingeruena, zeruko agerkerak bertan maiz gertatu oi ziralako. Lenagoko denboretan bertara zijoazen erromesakgatik sonatua izan bazan ere, orduan nola baizegoen osoro utzia, pixkaka pixkaka erortzen zijoan, eta etzuen serbitzen eguraldi gaiztoetan artzai-artaldeen estalpetzat baizik. Gure santuak enpleatu zituen Eleizatxo au lenagoko oñean ipiñtzeko, bere zelo irazekiak somaerazotzen ziozkan neurri guziak, eta 1208garren urtearen bukaerarako, iritxi zuen konpondu ezezik lenago beziñ apaiñdua utzitzea.

        Konpondu zituen iru Eleizetan maiteena zuen Porziunkulakoa, au zan bere erregutegi eta bizilekua. Aingeruen Erregiña bitartekotzat arturik, belaunikatzen zan bere imajiñaren aurrean erregutuaz gau ta egun ezaguerazo zeiola jarraitu bear zuen Ebanjelioko perfeziozko bidea; zergatik amar urte aetan graziaren mugida guziak egiaz segitzen bazituen ere, etzuen oraindik ezagutzen bere bokazio egiazkoa, lenago iñor ibili ez dan itxasoetan batere bildur gabe mariñel bat sartzen dan bezela portua billatzera bere ontzia aseguratzeko. Jaungoikoak berak erakutsi zion portu deseatu au, ara nola.

        1209ko otsaillaren 24ean Franzisko zegoen belauniko entzuten Porziunkulako erregutegian Apostoluen onran beraren enkarguz on Pedro ematen zegoen Meza. Ebanjeliora zanean, apaizak irakorri zituen itz oek: «Ez ezazute eraman zizkuan urre, zillar eta beste dirurik, ez ezazute iduki sakurik, ez soñeko bi, zapatik eta eskumakillarik». Itz oek argitu zioten bere entendimentua, ezagutu zuen bere portua zala erlijiozko bizitza, eta bere bokazioa apostoluen pobreza. «Au da nik billatzen nuena, au biotz biotzetik deseatzen nuena!» deadar egiñik, bota zuen bere zizkua, zapatak eta makilla; eta auts koloreko tunika basto bat jantzirik, lotu zuen gerria soka batekiñ, eta oñutsik, abiatu zan Asisa penitenzia predikatu eta Jesu-Kristorentzat animak irabaztera. O Jaungoikoaren itzaren indar miragarria! Irugarren eunkian San Antonio Ijitoar nobleak aditu zuen Ebanjelioko pasarte au: «On ona izan nai badezu, dezun guzia saldu eta emaiezu pobreai» eta konseju au jarraiturik, iritxi zan sortaldeko monje edo praille bakartarren aita izatera. Andik amar eunkira Franzisko Asisko merkatari aberatsaren semeak, aditzen du irakorten Ebanjelioko beste pasarte bat, eta sentiturik bere anima graziak menderatua, egiten da Sartaldean erlijiozko bizitza perfektoenaren aita. Egun artan esposatu zan egiaz Probreza santuarekiñ, eta jaio zan Erlijioso Txikiagoen ordena.

        Franziskok bere lenbiziko predikuetan izan zuen, eskean asi zanean bezelako patua, bildu zituen beretzat injuri asko, eta Aita Zerukoarentzat anima banaka batzuek, baña guziz ederrak, laixter ikusiko degun bezela. Ala segitu zuen bi illabete aldean, partitzen zuela denbora orazioan eta predikazioan, eta San Damiango apaizak jaten ematen ziola.

        Ordutandik Ama Birjiña Aingerueneko Eleizatxoari zion gure santuak jaiera berezia. An egoten zan meditatzen soseguz eta naierara Jesu Kristoren Pasio txit santua; an bere biotza zabaldurik eta bere Jaungoikoaren neke oñazeak penaturik, negar malkoak ixurten zituen. Beiñ batean bere lenagoko lagun batek aren negar oiuskak aditzean, sartu zan kapillan, eta ikusirik negar betean zegoela, galdetu zion ea zer zuen orrela egoteko. «Ah, erantzun zion, negar egiten det nere Jesu-Kristo Jaunaren Pasioa, eta ez nitzake lotsatuko mundu guzian negar egiñda ere». Itz guziz ederrak, Santuaren biotz biguñ eta maitatia eziñ obeto adierazten dutenak, eta Santuaren ezpañetan, etorkizun zeuden gauzen asmegitariak ziranak.

        Igaro degu San Franziskoren bizitz, bakardadekoa deitu genezakeana, eta Jesusek Nazareten eraman zuen ezkutukoari dagokana, orain asiko gera kontatzen beraren bizitza agirikoa, gertaerak esaten goazen bezela ikusiaz zeiñ itzal eta egikari aundia izan zuen Franziskok Eleizan eta soziedadean edo jende elkartean.

 

aurrekoa hurrengoa