www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

VIgarren Bereziera

Apostolutzako saioa. Ama Birjiña Aingerueneko

bedoikiñ edo nobiziadua.

(1211-1212)

 

        1211ko urtearen asieran Franziskok, berak jarritako Ordena indartu eta zabaltzea anbat deseaturik pekatarien konbersioa, erabaki zuen bialtzea bere jarraileak animak irabaztera, eta orretarako bildu zituen gela batean, eta bakoitzaren doaiak zenbaterañokoak ziran jakiteko agindu zien predikatu zezatela ark esaten zien gaiaren gañean; eta danok itz egiñ zuten aiñ dotriña on eta pensamentu zerukoi eta egokiakiñ, non sinismen osoan geratu zan, Espiritu Santua zala goiargitzen zituena. Millagro bat gertatu zan aren ustea are eta geiago sendotzeko serbitu zuena. Ez al zuten bukatu beren itzaldia, ona nun agertu zizaien Jesu-Kristo galai txit eder baten itxuran, eta bedeinkatu zituen bat banaka esan eziñ bezelako ontasunarekin. Guziok geratu ziran kordegabeturik, eta berengandu ziranean, Santuak itz egiñ zien onela: «Nere anai eta seme txit maiteak; eman zaiezkagun eskerrak Aita Jaungoikoari, eta bere Seme bakar Jesu Kristori zeruko ondasunak ixuri dituelako gure anima senzilletan. Zergatik bera da mutuai itza eta ezjakiñen miñgaña ongi itz egiteko trebetzen duena. Izanik gu predikari umill eta ezerez batzuek, autu gaitu munduari penitenzia eta salbazioa adierazteko, aragizkoa danik beraren aurrean arrotu ez dediñ. Nai du joan gaitezela toki guzietara gure itz eta obrakin aren sinitsgaia ematera, ardi galduak beraren artaldera ekartzera, beraren Izen eta Lege santua munduko jende eta erregeen aurrean adieraztera. Zoazte bada, alaitasun eta amorioz beterik, prest egonik laño ongilleen gisan ixurtzeko obedienziazko espirituak eramango zaituen toki guzietan Jainkoaren itzaren euria biotz gogor eta legorren gañetara».

        Biaramonean señalatu zion bakoitzari joan bear zuen Italiako partea, eta bera joan zan Toskanara frai Silbestrerekiñ. Egun batzuetan geratu zan Perusan, eta an saristatu zion Jaungoikoak bere zeloa makiña bat pekatarien konbersioarekiñ, eta are geiago uri artako zaldun gazte baten bokazio miragarriarekiñ. Uri inguruan pasean zebillen batean pensatzen beregan nola erantzungo zion Jainkoaren deiari eta beragana konsagratzeko deseoai, agertu zizaion Jesus, eta esan zion: «Deseozko gizona, deseatzen dezun pakea gozatu eta zere zoriona iritxi nai badezu, sar zaite erlijioan, eta darraidazu». «Ah Jauna, zer Ordenatan sartuko naiz?». «Franzisko Asiskoaren jarriberrian». «Eta an sartutakoan, zer egiñgo det zuri atsegiñ emateko?». «Egizu bizitza bakidakoa, ez ezazu iduki adiskidetasun berezirik, etzaitez ibili lagun urkoen utsegiteak jakiten, eta ez aen kontrako juzgurik egiten». Galaia joan zan Franziskoren oñetara, jantzi zion ordenako abittua, eta deitu zion frai Umill, aren biotzean ezagutu zuen umilltasun egiazkoagatik.

        Misiogille biak gero Kortonara joanik, fundatzalle santuak artu zituen an zenbat nobizio, eta aen artean frai Elias sonatua, zeñazaz beiñ baño geiagotan itz egiñgo degun, eta Gido Kortanako doatsua, aberatsa, bere etxean Santuari ostatua ematea onra aunditzat artu zuena, eta bokazioa alde aurrez adierazi ziona: «Anaia, esan zion frai Silbestreri, gazte au gaur bertan sartuko da gure soldaduzkan, eta santutuko da bere errian». Alaxe gertatu zan bezela.

        Santuak egiñ zuen konbentu bat Zellesko erriaren gañean. Ango gobernua frai Silbestreri utzirik, autsterre egunean goizean goiz, alde egiñ zuen andik ogi bi beste jaki gabe, jetxi zan Pasiñanora, eta an txalupan sarturik, agiñdu zion barka-zaleari eraman zezala Perusako aintzirako ugarte batera, enkargatuaz ez esateko iñori nora joan zan, eta zijoakiola billa ostera asteazken santuz. Toki artan bakarrik ikusi zanean, joan zan aldean zegoen abartegi batera, nun zegoen txabola gisako estalpe bat arboladar eta larrez egiña, eta aldamenean ur garbizko iturri bat egarria iltzeko. An igaro zuen garizuma guzia gure Salbatzallearen gisan Jaungoikoarekin, Aingeru eta Santuakiñ baizik itz egiñ gabe, eta aiñ zuzen gorde zuen baraua, nun etzuen jan ogi baten erdia baño geiago. Asteazken santuz joan zizaion barkazalea, eta ugarotzen zijoazela ekaitza altxarik, Franziskok sosegatu zuen Gurutzearen siñalearekiñ beste denbora batean Jesusek Genezaretko ainzirakoa bezela. Zelesko konbentura joan zan Aste santuko egun aundiak bere anaiakiñ pasa, eta bere erretiroko berrogeita bi egunean artu eziñ izan zuen Komunio Santua artzera, bere lagun guziakiñ Ostegun Santuz artu zuen bezela.

        Karidadearen zelo santuak ez die deskansurik ematen jabetuak dauzkan animai. Pazkoa ondorean Franzisko joan zan Arezzora bere betiko lagun frai Silbestrerekiñ. Uria zegoen bi alderadian berezia, batabestearekiñ burrukatzeko zorian, eta ikusi zuen deabru talde bat alderdi batetik bestera egatzen elkar iltzera zirikatzen zebiltzala, bereala itzuli zan lagunarengana, eta agindu zion zijoala uriko atera deabruak botatzera. Silbestrek obeditu zion, eta zituen indar guziakin deadar egiñ zuen: «Emen zaudeten espiritu loi guziak, joan emendik urruti; agintzen dizutet Jaungoiko guzialdunaren eta bere serbitzari Franziskoren izenean». Eta une artan bertan aingeru gaistoak ies egiñ zuten, gorrotoak itzali ziran, eta bi alderadiak bateratu ziran Franziskoren ondoan, onek itz egiñ zien pake eta amorioaren gañean aiñ egoki non eskuetatik armak erori zizaizten, eta gorroto bizian egondu ziranak adiskidatu ziran.

        Arezzotik Santua pasa zan Florenziara. Uri eder au, ezaguna ordurako bere merkataritzagatik, eta andik eunki batera aiñ sonatua izango zana Medizis agiñtarienpean, besteak beziñ prest arkitu zan Santuaren itza aditzeko. Ango egoera etzan luzea izan, baña ezagungarritu zan, aitatu gabe eziñ utziko ditugun gertakari batzuekiñ. Florenziako biztanleak doairik eman zioten Franziskori uriko sarreran zegoen San Galoren konbentua, eta egun beretik Jaungoikoak sortu erazi zituen bokazio asko, zeiñtzuen artean señalatuena izan zan Juan Parenterena.

        Juan Parente zan letradu aitu bat, Citta Castellanako juez lenena, aiñ merezimentu aundiko gizona, non eman zioten Erromako uritarraren izengañ onragarria. Uri inguruan pasean zebillen arratsalde batean ikusi zuen txerri zai bat zerriak eiera zeramazkiala, eta nola nai beziñ laister etziran sartzen, jotzen zituen makillarekiñ aserre bizian esaten ziela: «Ea, sar zaitezte zuen eian, juezak infernuan bezela». Eta ganadu beltzak bereala obeditu zioten.

        Txerrizaia, birau ura botatzean oroitzen zan noizbait juezakiñ izandu zuen ikuskizunaz, eta birau arzaz baliatu zan Jaungoikoa juez jakintsu aren biotza ukitzeko; eta itzuli zan etxera pensatzen nolako kontu aundia eman bearko duten alako kargua dutenak, eta zenbait arriskoetan arkitzen diran, eta ala andik laister utzi zuen bere kargua eta joan zan Florenziara. Baña Jaungoikoak beretzat nai zuen ura, eta eratu zion ikusaldi bat San Franziskorekin, zeña miretsi eta amatu ezezik, artu ere zuen aren bizitza penitenziazkoa jarraitzeko asmoa. Aren seme bakarrak artu zuen bokazio berpera, eta ala biok, beren ondasunak obra piadosoetan enpleaturik, jantzi zuten pozik fraide Txikienen abittua. Ala asi zan betetzen Santuak alde aurrez esana: «Denbora gitxi barru giza-noble eta jakintsu asko bateratuko dira gurekiñ, joateko errege eta errien aurrean predikatzera».

        Franzisko San Galoren konbentuan egon zan bitartean, joan zizaizkan bisitatzera uriko iru gizon beren semeakin, bedeinkatu zitzan. Santua itzik esan gabe joan zan baratzara, artu zituen bost piku, aurreneko aur biai eman zien bana, eta iru atzenekoari, palakatzen zuen bitartean esanaz: «Aingerutxoa, zu izango zera egunen batean nere semea». Esan ura bete zan andik urte gitxira bada azi zanean sartu zan fraide Txikienen Ordenan, artu zuen frai Anjel izena eta ala izan zan eramanaz bizitza osoro zerukoia.

        Toskanan ibillera asko egiñ ondorean gure misiogille santua itzuli zan bere ikasleakin Ama Birjiña Aingeruenekora. Zaletua zegoen bere Porziunkula maitea eta lenbiziko lagunak ikusteko, eta gañera probatu nai zuen sartu berrien bokazioa, bada bildur zan sartu naiekoak geituaz zijoazen bezela ez ote zan gitxituaz joango oien berotasuna.

        Denbora artan Ama Birjiña Aingerunekoen konbentua zan Ordenako bedoitegi edo Nobiziaduko etxe bakarra. Fundatzalle santuak ezaguturik lanbide baten ondo edo gaizki ateratzea, ondo edo gaizki asitzean dagoela, gorde zuen beretzat eskatzalleak artu edo ezartzeko eskubidea, baita ere erlijiozko bizitzako birtuteetan irakasteko kargua. Sartu nai zutenak geituaz zijoazen bezela, gogorrago portatzen zan nobizioak artzean, azi gaiztoa onarekiñ nastutzeko bildurrez. Mundukoak gauza gitxi dakite nobiziadu bat zer dan, eta esan diteke konbeni dala bera pasatzea jakiteko bertan sentitzen diran alegriak eta pruebak. Orregatik gure irakorleai gusto ematea uste degu, agertzen badiegu pruebako urte oetako misterioak, eta ikusi erazotzen badiegu zer izan bear duen fraide txikienen nobiziaduak San Franziskoren iritzian.

        San Franziskorentzat nobiziadua da, ate bi irikiak dauzkan Eleiza bat bezela, bata zerura begira, Jaungoikoari gizonaz itz egiteko eta bestea mundura, gizonai Jaungoikoaz itz egiteko. Fraide berri bakoitzarekin Kristoren zaldun leial, lagun urkoen serbitzari zintzo eta Ebanjelioko pobrezaren maitatzalle egitea zan bere lan guziak zuzentzen zituen muga, eta iristeko ditxa izan zuena. Orra zergatik jartzen zuen al zuen arreta guzia eskatzalleen bokazioa ezagutu eta zuzentzen.

        Lanik senzilloenak ematen zioten bidea aen birtutea prueban jartzeko, eta berariaz kondairatzalleak kontatzen dizkigute gertaera batzuek senzilltasun aiñ berezgarrikoak non ikasbide aundikoak badira ere, serbitzen ez dute munduko jendeai parra egiñerazotzeko baizik. Egun batean bi joan zizaizkan abitu eske, eta Franziskok agindu zien baratzara joanda azak azpikoaz gora aldatzeko. Aetako batek ixil ixilik obeditu zion, ez ordea besteak, esanaz satisfazioarekiñ: «Aita, ez dituzte aldatzen orrela gure errian». San Franziskok artu zuen aurrenekoa eta despeitu bigarrena. Eta kondairatzalleak diote, obedienziaren sarian, landareak itzuli zirala berez zañaz beera, eta txit buru aundiak egiñ zirala.

        Baña prueba aundia, bokazio egiazkoaren prueba, zan legenartsuen kontua idukitzea, zeintzuentzat Franziskok zeukan aiñ jaiera aundia, ikusi degun bezela. Miserikordiazko obra au zeukan beste guzien gaindikakotzat, sartuta laister esanaz eskatzalleai egin bearko zutela, eta bialduaz kanpora egiteko biotzik etzutenak, baña gogo onez legenartsuak serbitzera jartzen ziranak laztantzen zituen, esaten zien bitartean: «Ene anaiak, kontu egiñ dezaiegun legenartsuai, eta maitatu ditzagun, zergatik oek dira izatez anai kristauak». San Franziskoren dizipuluetako bat, frai Santiago, senzillua, berezitzen zuen guzien artean karidadezko obra ura egiten agertzen zuen zeloagatik, anbesteraño non ezagutzen zan legenartsuen «adiskide eta sendagiñaren izenarekiñ». Franziskok enkargatu zion gorputz guzia zauri bat egiñik zeukan eri baten kontu berezia iduki zezala, eta aiñ ongi kontu egiñ zion non zerbait denbora pasata asi zan indarberritzen, eta bururaturik kanpoko aireak osoro sendatuko zuela, eraman zuen Porziunkulara. Franziskori txit gaizki iruditu zizaion ori egitea, eta itz biziakiñ esan zion Santiagori: «Ez da konbeni legenartsuak pasean erabilli ditzatzun. Nai det serbitu ditzatzula ospitalean, ez ordea kanpora ateratzea, zeren persona asko diran ikusi ere nai ez dituztenak». Legenartsua naigabetu zan, bere ongilleari errietan ematen ikusi zuenean, eta Santua oarturik auspeztu zizaion eta eskatu zion barkazioa. Penitenzian jan zuen konbentuko atean eta legenartsuaren katillutik, eta gero laztandurik, bialdu zuen kontentuz.

        Beste batean fraideak gaztigatu zioten, ospitalean kontu egiten zioten gaizki zegoen batek injuriatzen eta kolpatzen zituztela, eta gañera Jesu Kristoren eta bere Ama txit santaren kontra blasfemiak botatzen zituela. Injuriak eta kolpeak sufrituko zituzten kejatu gabe, baña blasfemiak eziñ eraman zituzten, eta bildur ziran ez ote zuten parte izango aren gaiztakerian, baldiñ segitzen bazuen ospitalean. Au Franziskok aditu zuenean, joan zan legenartsua ikustera, eta modu aundiarekiñ alderaturik agur egiñ zion, esanaz: «Jaungoikoak bere pakea dizula, ene Seme». «Pakea! Zer pake iduki dezaket Jaungoikoak kendu didan, eta nere gorputza zauri uts bat baizik ez dan ezkero?». Eta Santuak erantzun zion: «Anaia, iduki ezazu pazienzia. Gorputzeko gaitzak bialtzen dizkigu Jaungoikoak animaren onerako, eta ala, pazienziarekiñ daramazkigunean, biurtzen dira beste munduan izango degun koroari ezartzen zaizkaten diamante txit baliosoetan». «Baña, nola eramango ditut pazienzian, esan zion legenartsuak, une bateko deskansurik sentitzen ez badet, eta zure fraideak nere pena geitu baizik egiten ezpadidate?». Franziskok ezaguturik zeruko argiarekin errukarri ura gaizkiñak artua zegoela, andik zerbait alde egiñ eta arengatik erregutu zion Jaungoikoari, eta gero esan zion: «Nere anai errukarria, besteak gustorik egiten ez dizuten ezkero, neronek serbituko zaitut». «Ongi da, erantzun zion eriak, baña zer egingo didazu zuk besteak baño geiago?». «Zuk nai dezun guzia». «Atsegiñ artzen det. Garbitu zadazu gorputz guzia, bada aiñ usai kiratstua banatzen du, non neronek ere eziñ eraman det». Berealaxe Franziskok berotu erazi zuen usai gozozko belarrez nastutako ur likurtatsua, erantzi ta garbitu ziozkan zauriak. Eta Santuak eskua pasatzen zion tokietatik erortzen zizaitzkan kraka odoltsuak, azala agertzen zan gorriberritua, eta oraindik arrigarriagoa dana, gorputzeko legenarekiñ batean alde egiten zion animakoak. Konbertitu berriaren begietatik ixurtzen ziran negar malkoak, gañez egiten duen ontzitik ura bezela, eta damutasunezko itzak ateratzen ziran biotzetik ezpañetara, eta ezpañetatik igotzen ziran zerura. Ezagutu zuen umilki bere gaizki egiña, eta negarrez ziozan: «Nere zorigaiztokoa, infernua merezitu det erlijiosoak injuriatu eta Jaungoikoaz blasfematu dedalako!». Aren konbersioa izan zan osoa. Eraman erazi zuen apaiz bat, eta zeruko barkazioa jetxi zan, pekatuak egiteko beziñ bizia erremediatzeko ere izan zan anima aren gañera. Franzisko, mirari onen eskerrak miserikordia guziaren Aitari emanda, atera zan ospitaletik, bere umiltasunean alde egiteagatik konbersio arengatik emango ziozkaten alabanzetatik, eta utzi eman gabe Jaungoikoari, zor zaizkan onra eta gloria.

        Andik amabost egunera Sakramentu Santuak arturik, Jaungoikoak eraman zuen beregana. Ez al zan ill, agertu zizaion Santuari suzko boillaren itxuran, baso batean otoitzean zegoela: «Ezagutzen nazu?» Santuari galdetu zion. «Nor zera zu?». «Zure merezimentuz Jaungoikoak sendatutako legenartsua. Gaur asten da neretzat betiko bizitza, zeñagatik eskerrak eman bear dizkitzudan, eta bai Jaungoikoari ere. Zure gorputz-animak, itz eta obrak bedeinkatuak izan bitez, bada anima askok zorko dizute beren salbazioa. Jakiñ ezazu ez dala egunik igarotzen Aingeru eta Santuak eman gabetanik eskerrak Jaungoikoari Zuk eta Zure Ordenak ateratzen dituzuten bizitzako frutuakgatik. Poztu zaitez, bada, alaba ezazu Jaungoikoa, eta gera zaitez beraren bedeinkazioarekin». Itz oek esanda ega egiñ zuen zerura, utzirik Franziskoren biotza konsueloz betea. Orra zer moduz alaitzen zituen nobizioak mendetasunezko bideari jarraitzeko, eta nolako mirariakiñ saristatzen zuen bere serbitzariaren zeloa.

        Fundatzalle santuak gorrotatzen zuen alperkeria, zeñari deitzen zion gaitz guzien iturria, anbesteraño non izatez jenio biguñekoa bazan ere, alperrentzat etzuen errukimenturik. Iru lagunen irakorgaian daukagu onen prueba. Nobizioen artean bazan bat jan eta edan ondo, eta lo lasaitasun guzian egiten zuena, ordea errezo gitxi, eta lana are gitxiago egiten zuen. Franzisko oartu zan, zeren etzitzaion ezerere pasatzen, eta beragana deiturik, despeitu zuen frailetzatik itz oekiñ: «Zoaz emendik frai Euli; aspaldi da bizi zerala, berak eztirik egiñ gabe, erleak egiten dutena jaten duten listor alperrak bezela»; eta akusakizun geiago gabe, despeitu zuen.

        Franziskok gomendatzen bazuen ere lana, au da, lan onrotsu eta lagun urkoarentzat protxugarria, eta sarigabekoa, are geiago estimatzen zuen lagun urkoarekiko karidadea, zimendu Jainkozko au, zeña gabe etxerik zutik egon ezin ditekean. «Nai det, ziozan, gure arteko bakoitzak izan dezagula bata bestearekiko elkartasunik estuena eta senidetasunezko karidadeak erreina dezala gure artean bere ondore estimagarriakiñ. Bedeinkatua izan dedilla bere anaiak maite dituen erlijiosoa, eta aen aurrean esango ez lukeana, aekiñ ez dagoenean esaten ez duena. Baldiñ arkitzen bada norbait zorigaistoan, lagunen artean itz gaisto, eziñ ikusi edo gorrotoaren azi gaistoa erein duena, emango diozute kastigu gogoangarri bat, lagun urkoaren erraiak urratzeko bere mingañaz ezpataz bezela serbitu dalako». Amenazo oek egiñ eta laister eraman zioten aurrera karidadezko egiñkizunean utsegiñ zuen fraide bat, eta gure Santuak jakiñik, utsegite txikiak kastigu gabe uzten badira askotan ondore txit negargarriak ekarri oi dituztela, kondenatu zuen kulpaduna abitua utzitzera. Ura izan zan kastigu aundienetako bat, soldaduari desonratzeko graduak kentzea bezelakoa.

        Prueba gitxi edo geiagoetatik pasaerazitakoan Fundatzalle Santua saiatzen zan sospertzen nobizioen biotzetan bere bokazioko birtute egokiak, eta erlijiozko bizitzaren zimendu bezela diranak. Ze inportanziazkoak diran nobizioai profesoakin bildurik gabero egiten ziezten itzaldiak, berak egiten dute bizitza espiritualeko liburu oso bat; aetatik batzuek jarriko ditugu emen bear bezela estimatu ditzaten.

        Maixu bikaiñ onen lenbiziko kontua zan sortueraztea bere ikasleai munduaren gorrotoa eta beren bokazioaren amorioa; eta ondorean agertzen ziezten konbentuko bizitzaren zimenduak, eskolatuaz batez ere guzia Jainkotitzen duen fedezko espirituan, zeñak erakusten digun Jaungoikoa ez dana, ez dala deus, eta eternidaderako ez dana, dala gezurra. Itz egiten zien oraziozko espirituaren gañean, nola dan au betiko bizitzarako janaria, eta gai oni zegokala maiz esaten zien: «Orazio gabe eziñ aurreratu diteke birtutean, eta ez iraun luzaroan nork bere bizimoduko egiñkizunen kunplimentuan. Fraide Txikienetakoak izan bear du guziaz gañ oraziozko gizona».

        Oraindik geiago leiatzen zan Umilltasunaren gañean. «Umiltasunean ezagutzen dira Jaungoikoaren serbitzari egiazkoak: ala, bat izango da umilla, Jainkoak egiñ dion onaz arrotzen ez danean, bere burua ezertzat ez daukanean, itz batean, beste guzien atzenean jartzen danean. Agertu ezazute umiltasuna. Ez ezazute nai Maixu eta erakusleak deitu izatea, zergatik Maixuaren izena Jesu Kristori bakarrik dagoka. Obea da umiltasun asko jakinduria gitxirekiñ, ezen ez jakinduri asko umiltasun gitxirekiñ. Zorionekoa munduaren alabanzai beraren desprezioai anbat kaso egiten dion erlijiosoa, zeren gizonak ez duen balio Jaungoikoaren aurrean dana baño geiago. Zorionekoa onra eta kargu altuetara, berak eskatu gabe igotzen dan erlijiosoa, eta utzitzea baizik nai ez duena! Baña zorigaistokoa kargu billa dabillena eta beti euki nai lukiena!».

        Umiltasuna da birtute bat barrengoa, eta modestia berriz au arpegian eta gorputzeko mugidetan adierazten duena, eta nola besteren konzienziarik ezin ikusi degun, umiltasunaren doaia da askotan, itz eder ondo apaiñduakiñ baño obeto jendeen biotzak irabaztea. Eta egia au obeto biotzean josi erazotzeko nobizio bati esan zion egun batean: «Guazen predikatzera». Joan ziran Asisa, eta karrika guzietan itzik esan gabe ibilita, itzuli ziran konbentura. «Eta sermoia?» nobizioak galdetu zion. «Predikatua dago» erantzun zion santuak, zeñarekiñ adierazi nai izan zion, ibillera modutsu eta umillak sermoirik onenak baño geiago balio duela.

        Baña aren birtute maiteena, birtute guzien erregiña deitzen ziona, aren Ordenako zimendu eta pensamentuetako dama zan Ebanjelioko pobreza, nobizioen biotzetan jositzea nai zukean birtute bikañena. Amorustua dagoenak bezela, pasa nai zuen ikasleetara berak sentitzen zuen berotasuna. Aditu ditzagun pobrezarenganako amorioak esanerazten diozkan itzak:

        «Nere anai eta seme txit maiteak: etzaitezte lotsatu limosna eskatzeaz, bada ala egiten badezute jarraitzen dituzute mundu onetan gugatik pobre egiñ zan Jaungoikoaren Semearen pausoak. Onelako pobrezagatik irabazten dira zeruko erreinurako eskubideak. Zoazte, bada, limosna eskatzera Jainkoaren bedeinkazioarekin, zoazte bategatik eun eskeñita baño poz eta konfianza geiagorekin, zergatik Jaungoikoaren amorioa eskeintzen dezute aren izenean eskatzen dezutenean, eta zeru-lurrak ezer ez dira aren amorioaren parean. Oroitu zaitezte atez ate biltzen dan ogia dala Aingeruen ogia, zergatik Aingeru onak dira jendeak mugierazitzen dituztenak zuei Jainkoaren amorez ematera, eta ala, pobreengan betetzen dira Dabid erregearen itzak: Gizonak Aingeruen ogia jan du. Jaungoikoak mundura ditu Erlijioso Txikienak, zerurako autuak izan dezaten karidadezko obra oek egiteko bidea, bada obra oekgatik izango dira gloriaztuak, Aita Zerukoak esaten dienean: Nere senide txikienari egin diozutena, ori neri egin didazute».

        Beste mugaldi batean, aren itzak izan ziran irazekiagoak, eta ura itzaldia baño obeto zan kantua: «Jesus Jauna, deadar egiten zuen, erakutsi zaizkidazu zure Pobreza maitearen bideak! Erruki zaitez nizaz eta nere dama Pobrezaz, bada berazaz nago itxutua, eta eztet sosegurik iñun arkitzen berarekiñ ezpanago, eta ongi dakizu, zerorrek jarri didazula amorio ori nere biotzean. Bide bazterrian eserita negarrez dago, eta bere adiskideak igarotzen zaizka aldamenetik despreziatuaz: o zeiñ beeratzepenean erori dan erregiña au, Jesus Jauna, zu jetxi ziñan zerutik lurrera berarekiñ esposatzeko eta beragandik, beragan eta beragatik seme osoro onak izateko. An zegoan zure Amaren sabeleko umiltasunean, zegoan askan, eta zegoan armatua eskutari leialaren gisan gure Erredenzioko jazarre aundiak iraun zuen bitartean. An zegoan zure Pasioan, eta bera bakarra izan zan utzi ez zinduena. Maria zure ama zegoan Gurutzearen oñean, baña Pobreza igo zan zurekiñ, eta egon zitzatzun besarkatua alik eta atzeneko asnasea eman zenduen arteraño. Berak prestatu zituen zure oñ txit santuak zulatu zituen iltzeak, eta egarritu ziñanean, berak, emazte leialak bezela ekarrierazi zizun esponja beazunetan bustia. Bere laztan beroetan eman zenduen atzeneko asnasea, eta ill ziñanean, etziñuen utzi, o Jesus Jauna, eta berak egiñ zuen, besteren obian zure gorputza jartzeko modua. Berak piztu ziñduan obian eta atera erazi gloriaz betea. Orregatik koroatu dezu zeruan, eta eman diozu zerurako autuak markatzeko sillua. Oh! nork ez du amatuko Pobreza gauza guzien gañean? O Jesus txit pobrea! eskatzen dizudan grazia da, izan dezadala pobreza aundienaren ondasuna. Egizu gure Ordenaren eta nere bizitzaren marka eta siñale ezagungarria izan dedilla zure gloria geiagorako, ardit bat ere gererik ez idukitzea, eta beste ongarri edo seniparterik eskean biltzea baizik ez izatea».

        Franziskok alabatzen zuen pobreza oso au zan bera aundi egiten zuena, baña aunditasun ura zan, gerezko ekarraiai gerra egiteko prest dauden griñen kontrakoa. Gerrak biziak anbat dirau, garaipena nekeza da, eta desalaiari beldur izan bear zaio; orregatik zion Santuak: «Bizi zaitezte ernai aragiaren desalai, batetango eraso eta saldukerien kontra, bada ori da gure etsai eriotzkoa. Kejatzen da lenagoko gaitzak gogoratzean, eta ikaratzen da etorkizunen pensamentuarekin. Egin zaiegun, bada, gerra gure aragiaren gurariai, baña deskansu gabeko gerra, bada atsegiñ labur bat gozatzeagatik ostutzen digute betiko zoriona, amildu eraziaz infernuko ondarrera». Eziñ adierazi zezakean egokiago gure Santuak bi egia zimenduzko oek: kristau bizitza gerra dala, eta santutasuna ez dala arrazoiaren eta graziaren garaipena baizik aragi galduaren kontra.

        Txit begiratua zan Jaungoikoagandik artzen zituen mesedak agertzeko, baña karidadeak edo animen onak eskatzen bazuen, etzuen erreparurik bere senideai kontatzeko. Tomas Zelanok dakarren pasarte bat da diogunaren prueba. Gau batean gure santua, orduan bisitatu zuen Jaungoikoaren espirituz beterik, irten zan bere zeldatik eta ikasleak esnaaturik, esan zien: «Ah nere anaiak! Ze onra aundia zeruetako errege serbitzera deituak izana! Da gizonak soma dezakean aundiena! Baña, nola jakingo degu seguru geran edo ez, Jaungoikoaren adiskide eta serbitzari leialak? Bada nik aitortuko dizutet, eskatu diodala negarrez nere Salbatzalle miserikordiosoari, argitu nazala gai onetan, itz ematen diodala beti betiko berea izateko. Jaungoikoak eskaria aditu dit, eta bera agerturik, lanotasun guziarekiñ egiñ dit galdeera au: «Franzisko, zer emango ziñidake deseo dezuna jakiteagatik?». «Jauna, nere begiak eta bizia, zeña dan daukadan gauzarik onena. Gañerako guzia, denbora da eman nizula, dakizun bezela». «Ongi da, aditua izango zera. Pensa ezazu santuro, itz egizu santuro, obra ezazu santuro, eta zaude seguru, nere adiskide eta serbitzaria izango zerala». Ene Anaiak, zeruko esan onen berri eman nai nizuten, aprobetxatu dezazuten zuen aurrerapen espiritualerako, eta erreparu gabe erreprenditu nazazuten, iru gauza oetakoren batean uts egiten badet».

        Konbentua zan famili bat bezela, eta Franzisko zegoen bere fraideen artean aita bat bere umeen artean egoten dan moduan, amorio berdiña, konfianza berbera. Deskansuko denbora guziontzat berdiña, jolas alegereak, senzilloak, tartean tartean itz onakiñ nastuak, baña murmurazioa eta gaizki esatea zegoen osotoro debekatua. Gure santuari gustatzen zizaion bakoitzaren merezimentuak agertzea, eta ala egiten zuen egoki zetorrenean iñor lausengatu eta iñor sumiñdu gabe. Ala frai Anjel señalatuaz esaten zien nobizioai: «Erlijioso txikiena on ona izateko, elkarganatu bear dira frai Bernardo Kintabalkoaren fede irazekia, frai Leonen garbitasun aingerukoia eta frai Anjelen kortesi berezia. Kortesia da gauza ona eta alabagarria, zion gañera, zergatik trataerari ematen dion ongi dagokan aire bat, eta birtutearen apaiñgarritzat serbitzen duenean dauka ekarrai txit arrigarria, mundutarrak lilluratu eta konbertitzera mugitzen dituena». Onetan zegoela etorri zan frai Jil, eta ixildu eraziaz galdetu zion: «Aita, bada munduan gauza aiñ gogaikarririk, Aita gurea esan bitartean sufritu eziñ ditekeanik?». «Bai, Santuak erantzun zion, bada mostru aiñ ikaragarria, non Jaungoikoaren grazia berezi gabe, eziñ iñork begiratu lezaiokean minutu batean. Mostru au da deabrua».

        Deabruen artean tristurari zion Franziskok beldur geiena, garamazkialako emeki emeki tristuratik desalaiera, eta desalaitik etsimenera. Orregatik ikasleai gomendatzen ziezten gaitz gabeko alegriak, eta animak deskansatzen dituen jostaketak, gaztigatuaz biguñki tristurara griñatuak ikusten zituenak. «Kontu, esan oi zien, espiritu gaiztoa askotan kontentatzen da gure anima nastu eta pakea kentzearekin. Ori da beraren engañio biurrenetako bat, bada asko du beiñ sartzea gaitzik aundienak erakartzeko, baña eziñ ofenditu dezake ezertan, alako tretaen kontra ernai dagoen erlijiosoa. Iduki ezazute beti arpegian eta biotzean Jaungoikoaren alegri santua. Ezagutzen da, deabruak eta bere jarraileak sufritzen dituztela tristuraren naigabeak, guk ordea beti egon bear degu alegere Jaungoikoagan». Egia au aiñ ondo sartua zeukan gogoan, non triste eta ixiltxorik zegoen nobizio bati esan zion: «Ene anaia, zergatik zaude orren eroria? Pekaturen bat egiñ al dezu? Au bakarra da gu atsekabetu bear gaituen gaitza. Zoaz otoitz egitera, Sagrarioaren aurrean bakarrik negar egiñ diteke pekatuen barkazioa iristeko, edo barrengo poza, beiñ galdu ezkero, ostera geretzeko. Iduki ezazu arpegia beti alegere santuki nere aurrean eta zure senideenean, zergatik ez da konbeni kopeta beltz illuna idukitzea Jaungoikoaren serbitzuan gaudenean».

        Eziñ ukatu diteke fundatzalle santuaren konselluak zeudela Jakiñduriaren silluarekiñ markatuak, eta aditzera ematen zutela, gizonaren biotzaren ezaguera aundia zeukala.

        Alakoak ziran Ama Birjiña Aingerueneko konbentuan idukitzen ziran itzaldiak. Erraz ezagutzen da, alako ikasbideak aditu eta obratzeko gai ziranak prest egongo zirala edozeiñ sakrifizio egiteko.

        Etzuten guziok iraun. Franziskok, biotzak ezagutu eta alde aurrez etorkizuna somatzeko doaia aiñ oparo Jaungoikoagandik arturik, ikusten zituen aen animetan gertatzen ziran jazarrak, eta aprobetxatzen zan ezaguera onezaz argalak sendotzeko, bildurtiak alaitzeko eta on irudiai tapakia kendu eta ziran bezelakoak azaltzeko.

        Egun batean nola nobizioak agertu baizioten zeukaten pena, beren usteetan onena zanak alde egiñ zuelako, Santuak esan zien: «Ez zaitezte arritu aren joaneraz. Errukarri ura galdu da, umiltasunean zimendatua etzegoelako, eta sinistu nazazute, birtute au zimendutzat ez daukan etxea, da arrakatzera dijoan etxea».

        Utsegite agirikoak erreprenditzen zituen besteen aurrean. Fraide biri asmatu zien izango zuten patu tristea. Ixiltasuna ez austeko apukoarekiñ, kiñuka baizik konfesatu nai etzuen bati esan zion Ordenatik irtengo zala; eta abitu santua utzi eta ostera artu nai zuen beste bati berriz, urkatua izango zala itzultzen bazan lenagoko utsegiteetara. Alde aurrez esandako somaketa biak, kunplitu ziran, eta Franziskok samiñki negar egiñ zuen galerazi eziñ izan zituen desgrazi aekgatik.

        Bokazio egiazkoak palsoetatik bereizten saiatzen zan bezela, pruebako urtea pasa ezkero, kontu aundia zeukan partitzeko konbentuko karguak artarakoenetan Jaungoikoaren gloria geiagorako. Zentzu aundi eta segurukoak zirala ezagutzen zituenak, bialtzen zituen konbentuak jartzera, Obispo Jaunak eskatzen zuten eran, itz egiteko grazia zutenai señalatzen zien predikatzeko kargua, eta gañerakoai uzten zien entregatu zitezela errezo-meditazioetara, edo eriai kontu egitera. Berak guziai ejenploa emanaz, bazirudien beregan biltzen zituela guzien bokazioak.

        Jaungoikoak betetzen zuen bedeinkazioz Ama Birjiña Aingeruenekoen konbentua, nora zijoazen ikasle berriak toki guzietatik, eramanik gure Santuaren birtuteak banatzen zuten usai gozoak.

        Ikusi degu zeiñ ondo atera zitzaizkan nobiziadua jartzeko egiñ zituen alegiñak; ondorengo berezieran ikusiko degu bere errian egindako apostolutzaren asiera, bilduko ditugu berarekiñ bere lanen lenbiziko frutuak, eta jarraituko diegu bere misioaren aurrerapenai. Gurutzearen itzalean eskolatu du lenbiziko soldadu—taldea deabruari, munduari eta aragiari gerra egiteko, eta iritxi ere ditu garaipen señalatuak. Erriak mugitzen dira, pekatariak konbertitzen, eta giza-noble asko pobreza borondatezkoaz amoriozturik gure Santua bezela, eiaka zijoazen aren banderapean sartzera. Alaz guziaz ere, ura etzan bere mixio protxugarriaren asiera baizik. Probidenziak zeukan señalatua gizonak ezezik, emakumeak eta denbora aldi ura guzia salbatzeko. Argatik emango dio beraren diñako laguntzalle bat, Santa Klara, Asisko Birjiña argia, donzella pobreen Ama izango dana, San Franzisko, Erlijioso Txikienen Aita dan bezela. Bada bigarren Orden au sortzeko Jaungoikoak autu zuen tokia izan zan oro bat Porziunkula. An azalduko da Klararen bokazioa, argiro ikusi dediñ Maria dala bi Orden Serafiñdarren Ama, eta Ama Birjiña Aingeruenekoen Eleizatxotik atera bear zuela amairugarren eunkiaren berritzea.

 

aurrekoa hurrengoa