www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

IVgarren Bereziera

Praile txikienen Ordenaren asierak.

Santa Maria Aingeruena. Mixio-saioak.

(1209-1212)

 

        Jaungoikoaren bidakai edo ordenamentuan daude gauza bi, onra berezia gizonari ematen diotenak: Apostolu eta fundatzalle izatea. Zorionekoak doai oetakoren batekiñ Jaungoikoak ornitzen dituenak! San Franziskok bada, izan zuen bi doai oek bereganatzeko ditxa, eta ikusiko degu beragan Apostolu batengan bear dan bere buruaren ukatzea, eta Fundatzallearen indar sortu-eragillea.

        San Franzisko izan zan Apostoluen ezezik Jesu-Kristo beraren irudikaria. Salbatzallearen gisan, beste iñork ez bezela artu zituen amabi jarraile, amabi Ebanjelioko langille, Franziskoarren Ordenaren euskai edo irozgarriak, munduan beren millagroen son aundia eta birtuteen usai gozoa utzi ondoren, distiatzen dutenak orain Eleizan izarrak bezela, txirku argitsu bat egiñaz beren Aitaren inguruan. Nola igaro aingeru-irudi oen aurretik begirada bat egiñ gabe? Oen gañean itz egiñgo degu, bada, beren gertaeraen egokiera datorkigunean, miretsiaz denbora berean Jaungoikoaren jakiñduria, nola eratzen dituen egiñ-asmo duen lanaren aunditasunak eskatzen duen santutasunarekiñ ornituak dauden langilleak.

        Asis izan zan lenbiziko lagunak Franziskori eman ziozkana. Guzietatik aurrena aitatu bear deguna da Bernardo Kintabal, gizon jakintsu eta zentzu aundikoa, Asisko etxadi leñargitsuenetakoa, eta aginte aundia bertan zeukana. Bernardonen semeak bi urtean egiñ zituen obraen testigu izan zan, eta ikusirik munduko ondasun eta arrokeriaz egiten zuen desprezioa, ezagutu nai izan zuen alde aldetik aren birtutea, eta benturaz, bai probatu ere. Gau batean gonbidatu zuen elkarrekiñ apaldu eta aren etxean lo egitera, eta Franziskok esker onez, baietzkoa eman zion. Apal ondoan Bernardok oea para zion bere gelan, eta bakoitza berean etzanik, asi zan zurrungaz lo betean bazegoen bezela, gelan zegoen argitara bere ostalariak egiten zituen mugida guziai erreparatu baizik egiten etzuen bitartean. Franziskok zurrungak aditzean uste zuen lo zegoela, eta oetik jaikita jarri zan belauniko, para zituen besoak gurutzean, eta begiak zeruronz eta negar malkoak zeriozkala, esan zituen, eta gau guzian aritu zan esaten onako itz oek: Deus meus et omnia, «Nere Jaungoikoa eta nere guzia!». Ikuskarri onek mugida aundia egiñ zion Bernardori biotzean, eta esan zuen beregan «Auxe da, egiaz, Jaungoikoaren gizona». Eguna zabaltzean, deiturik Franziskori, egin zion galdeera au: «Baldiñ maestar bati emango balio nagusiak dirutza aundi bat onenbeste urte pasata ostera itzultzeko, eta señalatutako epea baño len maestarrak diru aren bearrik ezpaleukake, zer egiñ bearko luke?». «Itzuli bere nagusiari». «Ni nazu bada maestar ori. Jaungoikoak eman dizkit ondasun aundiak batere merezitu gabe; baña gaur bertan itzuliko diozkat eta jarraituko dizut». Franzisko geratu zan arriturik ikustean nolako gaia bialtzen zion Jaunak, altxa bear zuen obraren zimendutzat serbitzeko; eta ala, esan zion: «Ene anai, zure asmo ori inportanzi aundienetakoa da, eta tratatu bear degu Jaungoikoarekiñ; goazen Eleizara, entzun dezagun Meza, eta Espiritu Santuak erakutsiko digu zer egiñ bear degun». Biaramonean San Nikolasko Eleizara zijoazela, bidean topo egiñ zuten Pedro Katanio, Katedral artako Kanonigoa, gizon jakiñduria eta santutasun aundikoa, eta bildu zan aekiñ batean. Mez-ondorean San Nikolasko apaizak idiki zuen iru bider Ebanjelioetako liburua, denbora aetan oi zan bezela. Lenbizikoan irakorri zituen itz oek: «On ona izan nai badezu, zoaz, eta dezun guzia saldu, eta emaiezu pobreai» (Math. XIX, 21). Bigarrengoan: «Ez ezazu eraman ezer biderako» (Marc. VI, 8). Eta irugarrengoan: «Nere ondoren iñork etorri nai badu, ukatu beza bere burua, eta bere gurutzea artuta berraikit» (Math. XVI, 24).

        «Ene anaiak, esan zien Franziskok lagun biai, ona gure bizitza, ona gure erregla, eta guri jarraitu naiko diguten guziena. Zoazte, bada, eta egizute aditu dezutena». Au gertatu zan 1209ko apirillaren 16ean. Biok saldu zituzten beren ondasunak, balioa eman zioten pobreai, eta itzuli ziran fundatzalle santuarengana, beragandik geiago ez alde egiteko. Berak zeukan bezelako soña aei emanik, egiñ zuen bereala txabola bat Porziunkularen itzalean, an elkarrekiñ biziera bat egiteko Ama Birjiña Aingeruenen aurrean. Lenbiziko egunetik zer moduz bizitu izan ziran aurren-autu aek, nolako jaierarekiñ jarraitu zituzten beren Aita zorionekoaren pausoak eta birtuteak, Ordenako kondairatzalleak esana utzi ziguten itz guztiz biguñakiñ.

        Pazienzi eta umilltasunezko ispillua, doai preziosoenakiñ ornitua, Aingeruen eskuetan Ebroko ibai aundiaren ertz batetik bestera pasatua, Apeninoko basoetan maiz asko gozoro kordegabetua, Jainkoak maitatua, eta San Franziskok berriz zion kariñoagatik bere seme-aurrenekoa deitzen ziona; orra zeiñ zan Bernardo Kintabal; eriotzako tranzean zegoela, esaten zien aldamenean negarrez zeuden praideai: «Nere anai maiteak, milla mundugatik ere ez nuen nik serbitu naiko gure Jesu-Kristo Jauna beste nagusirik! Eta oraiñ, zuekgandik aldeegiteko nagoen onetan, bi gauza eskatzen dizkitzutet; oroitu zaitezte nizaz zuen orazioetan; eta elkar maitatu zaitezte, nik ejenploa eman dizutedetan moduan». Une artan bazirudien zeruko argi-errañu batek aren arpegia inguratu zuela, eta animak utzi zituen deserri onetako neke oñazeak, joateko zerura gloriako atsegiñak gozatzera.

        Pedro Katanio izan zan Ordenako lenbiziko Buru-nagusi ordezkoa, eta merezimentu eta birtutez beterikako bizitza baten ondoren, ill zan gozoro Jaunaren laztanean. Obedienzia izan zan beti onen birtute estimatuena, eta segitu zuen gordetzen ill da gero ere. Nola millagro arrigarriak gertatzen baiziran egun oro aren sepulturan, eta ara zijoazen jendetza aundiak eragozten zien erlijiosoai nai zutekean ixiltasun eta erretiroan bizitzea, fundatzalle santua makurtu zan egun batean doatsu onen obi gañean, eta esan zion: «Anai Pedro, bizi ziñala beti obeditzen baziñidan, nai det oraiñ ere obeditu zadazula. Zure obia ikustera datozenak zabarrerazotzen gaituzte txit, au dala bide pobreza kaltertzen da, eta ixiltasuna ez da ondo gordetzen; beragatik obedienzi santuaren izenean agintzen dizut, ez dezazula geiago millagrorik egiñ». Jaungoikoaren Semeak kunplitu nai izan zituen bere serbitzari leialaren deseoak, eta egun ura ezkeroztik, etzan egiñ millagro geiago Pedro Katanio doatsuaren obian. Anbeste millagroen ondorengo ezer-ez-egite ura izan zan Santuaren lagunentzat ikasbide bat erakutsi ziena zenbateraño estimatzen duen Jaungoikoak erlijiosoen obedienzia, eta ala, gero eta zelo geiago agertzen zuten birtute onen jardueran.

        Bi jarraile oei laister bildu zizaien irugarrena, aurrekoak beziñ ezagungarria. Zan gizon zuzen eta Jainkoaren bildurrezkoa, Asisko etxe noble batekoa, Jil edo Ejidio zeritzana.

        Kintabal eta Katanio bere adiskideen konbersioa jakiñdu zuenean, erabaki zuen aei jarraitzea, etzekien ordea nun bizi ziran. Apirillaren 23an dan San Jorje egunean, meza santua entzunda eman zizaion bideari, Jaungoikoaren Probidenziak giatuko zuelako uste osoan, eta zuzen zuzen joan zan Porziunkulako txabolara. Franzisko, aldameneko basoan otoitzean zegoen tokitik altxaturik atera zizaion bidera, eta Jilek belauniko jarrita erregutu zion ar zezala bere lagunen artean. «Ene anaia, erantzun zion Santuak, zuk eskatzen dezuna da Jaunak bere serbitzaritzat artu, eta arma zaitzala zaldun: ez da ori mesede txikia. Enperadorea Asisera etorrita bere gogoko persona kutun bat aukeratu nai baluke, guziak berengan esango luteke: Jainkoari nai dakiola ni izatea! Orain bada, nola ez dezu zuk bedeinkatu bear zeruko errege aundia, bere begiak zugan ezarri dituelako?». Eta altxaerazo, eta laztandurik, aurkeztu zien Bernardo eta Pedrori, esanaz: «Ona emen Jaungoikoak bialtzen digun anaia».

        Elkarrekiñ piskatxo bat jandakoan, gure Santua lagun berriarekiñ batean joan zan Asisa, berak zeukan moduko jantzi bat ari eratzera. Bidean andre batek eskatu zioten limosna, eta Franziskok, Jili begiraturik, esan zion: «Anaia, Jainkoaren izenean eman zaiogun pobre oni daramazun kapa» eta Jilek, berealaxe eman zion, irudituaz bere limosna zeruraño zijoala. Joan ziran biak alegere urira, eta eskaturik limosnaz oial basto bat, itzuli ziran Ama Birjiña Aingeruenera, eta an artu zuen Jilek abittua fundatzalle santuaren eskutik, zeñari utzi zion geroztik osoro bere animaren kontua. San Franziskoren irugarren lagun au, gizon senzill eta eskola gabea izan arren, da Franziskanoen familian persona estimagarrienetako bat. Aita San Franziskok arriturik aren mendetasunezko espirituaz zion: Ura zala bere ezkutari portitzenetakoa. San Buenabenturaren sinitsgaia da oraindik argiagoa: «Beiñ baño geiagotan ikusi det nere begiakiñ kordegabeturik, eta eztet uste geiegi diodala esaten badet aingeru bizitza egiten zuela». Jaungoikoaren perfezio guziak antzeztutzen ziran aren animan leiar garbi batean bezela, eta benturaz San Franziskoren lagunetan etzan iñor onek beziñ maiz zeruko gozamenduak meditazioan sentitzen zituenik, eta izaten zituen zeruko doaien artean senzilltasun eta inozenzia geiago agertzen zuenik.

        Joan zizaion egun batean San Buenabenturari Ordena guziko buru nagusi zala, eta esan zion: «Ene aita, Jaungoikoak zu bete zaitu bere grazien doaiez; baña gu ezjakiñ errukarriok zer egiñgo degu salbatzeko?». «Ene anai, erantzun zion San Buenabenturak, Jaungoikoak bere amorioa eman badizu, ori bakarra asko dezu». «Baña ezjakiñ batek amatu dezake Jaungoikoa jakintsuak anbat?». «Dudarik gabe, erantzun zion San Buenabenturak: amona zar batek amatu dezake Jaungoikoa Teolojiako irakasle batek anbat edo geiago». Ori adituta beregan eziñ egonik joan zan baratzara, eta uri aldera begira jarririk, asi zan Jil deadarka, al zuen indar guziarekiñ esaten: «Andre pobre, senzill eta ezjakiñak, maita ezazute zuen Jaungoikoa, eta izango zerate frai Buenabentura baño aundiagoak».

        Beste batean praide dominiko bat Teolojiako irakaslea, Ama Birjiñaren garbitasunaren gañean zeukan duda bat burutik iñola kendu eziñ zuena, joan zan praide umill onen billa. Jil doatsuak millagroz jakindu zuen, eta bidera aterata itz egiteko betarik eman gabe, eta bere eskumakillarekin lurra joaz, esan zion: «Anai predikaria, Maria izan zan Birjiña aurgitea baño len». Eta azuzena eder bat sortu zan lurretik denbora berean. Makillarekiñ ostera lurra joaz, esan zion: «Anai predikaria, Maria izan zan Birjiña aurgitean» eta beste azuzena bat sortu zan. Eta irugarren kolpea emanaz, berriz ere esan zion: «Anai predikaria, Maria izan zan Birjiña aurgite ondorean» eta beste azuzena zuritasun arrigarrizko bat irten zan lurretik; orduan praide dominikoa arriturik aren itzaren indar nola ikusi zituen iru millagroakin, itzuli zan bere konbentura, anbeste denboran billatu etzuen pake Jainkozkoa animan zeramala.

        Nork ez daki frai Jil eta San Luisen arteko ikusketa? Franziako Erregeak San Franziskoren obia bisitatzera joan zanean, aurrena frai Jil ikusi nai izan zuen. Eta ala iritxi zan Perusara errege-ezagungarri gabe, eta konbentura joanik, artzaz galdetu zuen. Jaungoikoak agertu zion zeiñ zan bisitatzera zijoakiona, eta ez al ziran jetxi jolastegira non laztandu ziran aspaldiko adiskideak izan baziran bezela, egonaz orrela luzaroan itzik egiñ gabe. Biaramonean beste praideak errietan eman zioten Franziako erregeri zegokan moduko arrera egiñ etziolako, baña ark erantzun zien onela: «Ene anaiak, zeruko argiak agertuerazi dizkigu elkarren biotzak itz eginda baño argitasun eta poz geiagorekiñ; alabandan ere gizonen mingaña ez da gai Jaungoikoaren misterioak azaltzeko».

        Aita Santu Gregorio IXgarrenak, berari zion estimazio eta begirune aundiarekin deiturik egun batean erregutu zion, esan zezaiola garbiro zer egiñ bear zuen. «Aita Santua, erantzun zion doatsuak, zure animako begiak iduki itzatzu beti irikiak. Eskuiko begia, beste munduko edertasuna eta Jaungoikoaren perfezioak konsideratzeko; eta ezkerrekoa, zure kontura dauzkatzun lurreko gauzak ondo ikusteko». Ala jarraitu zion bere itzaldiari, utziaz Aita Santua osoro arritua anbesteko jakiñduria serbitzari umill ari eman ziolako.

        Alakoak ziran San Franziskoren iru lagunak. Lenbizi ikusi zituenetik, ezagutu zuen aen balio aundia, eta aprobetxatu nai izan zuen animen onerako. Ez ote zan iritxi Kristoren zaldun armatu aek gerrara joateko ordua, eta Jaungoikoaren jazarretan lazki peleatzeko? Ala uste izan zuen gure Santuak, eta bialdu zituen Bernardo eta Pedro Erromanira, eta bera Jilekiñ joan zan Ankonako Probinzira. Lenbiziko ater-aldi onek serbitu zien probatzeko beren birtute arrigarria, bada askotan arkitu ziran mantentzeko gauzarik bearrenak gabe, jendeak parra eta burla egiten ziela, idukiaz beren buruak zorionekotzat Jesu Kristogatik padezitzen zutelako. Ater-aldi ura saio bat baizik etzan izan, eta amar bat egun igarota itzuli ziran beren bakartegi maitera, ixiltasun, orazio eta gorputz ildura edo mortifikazioakiñ animak indartzera.

        Beste lagun geiago bilduko etzitzaiola kezka idukitzeko biderik ia etzegoen; zergatik Ama Birjiña Aingeruenekotik atera eta banatzen zan birtute-usaia aiñ garbi eta gozoa zan non erakarri bear zituen Jainkoaz amoreztuak zeuden, eta beren buruak umildu nai zituztenen animak. Illa bukatu baño len, bazituen beste iru berekiñ. Pena aundiarekiñ bada ere, oen izenak baizik ezin esango ditugu, oen gañ beste berririk ez dakigulako. Franziskoren laugarren lagunari zeritzan Sabatino, zeña ill zan santutasunean Erroman Ara-Zeliko konbentuan 1252ko otsaillaren bian Wadingok dionez, eta bostgarrena zan Maurizio edo Moriko, Gurutz-eramalleen Ordenakoa. Ospitalean oatua eta etsimena arturik zegoela, eskatu zion Santuari artzaz erregutu zezala. Etzan engañatu bere ustean, San Franziskok orazio egiñ zuen, eta ogi mamia Ama Birjiña Aingeruenaren lanpara olioan bustita bialdu zion mandatariarekiñ, esanaz: «Emaiozu au Morikori; eta Jaungoikoak osasuna emanaz gañera, egiñgo du soldadu bulardetsu bat, bada sartuko da gure soldaduzkan eta iraungo du eriotzaraño». Etorkizun au esan bezela osotoro kunplitu zan.

        Badago gauza atsegiñgarriagorik irakortzea baño anziñako kondairetan nolakoak izan ziran Orden onen asierak? Edozeiñi irudituko litzaioke arkitu duela argitaratu gabe zegoen Ebanjelioko edo Apostoloen egikerako pasarte bat. Franzisko, kiñu bat egiñarekin arkitzen da jarrailez inguratua, beste denbora batean Salbatzallea bezela. Biak dira elkarren antzekoak, batak anbat jarraile besteak, birtuteak berak, anziñako apostolu bilkuieko millagroak berak dira bilkui berri onetan ikusten diranak; ez da ezer falta, ezta Judasen saldukeria ere. Judas au, Juan Kapella zeritzana, izan zan Franziskoren seigarren laguna. Onek zeukan biltzen ziran limosnak lagunen artean partitzeko kargua, eta asi zan pixkaka pixkaka ondasunak gutiziatzen, itzuli zan munduko gustoetara, eta galdu zuen orazio eta pobrezako espiritua. Alperrik fundatzalle santuak ikusierazo zion zeiñ irrisku aundian jartzen zuen anima, alperrik gaztigatu zion oraiñ biguñki, gero txit zorrotz, biur zedilla sakrifiziozko bidera, alperrik oroituerazi ziozkan beste munduko kastiguak. Orduan, Jainkoaren gizonak alde aurrez esan bezela, laister izandu zuen gañean Jainkoaren justizi ikaragarria. Legenar izugarriak artu zion gorputz guzia, eta nola etzeukan biotzik prueba ura eramateko, bota zuen abittua, itzuli zan mundura, eta bere buruaz etsirik, urkatu zan Judas bezela. Au gertatu zan 1212ko urtean, gero ikusiko degun bezela. San Franziskok berri miñgarri au aditu zuenean Erroman zegoen tokian txit sentitu zuen, eta Jakob patriarkaren gisan, etzuen artu nai konsuelorik. Lagunak etzitzaiozkan itz egitera benturatzen, eta tranze artan zegoela, ona non joan zizaion beste bat, Inglaterrako semea, abittua eskatzera. Bereala Franziskok eta bere lagunak ezagutu zuten onen etorrerarekiñ Jaungoikoaren Probidenziak aezaz zeukan kontua, eta erabaki zuten, Gillermo anaiak artu zezala seigarren lagunaren tokia, San Matiasek Judas saltzallearena artu zuen bezela. Ala gero eta antz geiago ikusten zan Ordena berri onen jartzean eta Apostolu-Bilkuian.

        1209garren urtean Jaungoikoaren obra oraindik jaio berria zan, eta Patriarka santuaren familia lagun askogatik baño obeto señalatzen zan santutasunagatik. Franziskok ezaguturik ongi pobreza dala Ebanjelioko perla baliosoena, saiatu zan bere lagunak birtute onetan batez ere sendotzen. Bialdu zituen etxez etxe eskean ibiltzera, eta biltzen zituzten limosna baño desprezio geiago, izanik beren etxetakoak burla geienak egiñ zieztenak. San Franzisko bera joan zan Obispoa ikustera, zeñak arriturik aek zeramaten bizitzaz esan zion biguñki: «Gogorregia da, ene seme, guziaren errenunzia egitea». «Nik, bada, erantzun zion, uste det gogorragoa dela zerbaiten jabe izatea, zergatik gauza izateak berekiñ dakarte kontu egiñ bearra, kezkak eta auziak, eta askotan etorri oi da armaz gorde bearra ere, zeña guztia dan Jaungoikoaren amorioaren eta lagun urkoaren kaltean». Erantzuera ura txit gogokoa izan zizaion Obispoari, eta berritu zion lenago agindu zion bere anparu eta balimentua.

        San Franziskogan mirestutzen dan zentzu segurua eta lege-emallezko jakinduria etziran anbeste berezko azkartasunetik zetozkionak, nola Aldareko Sakramentuan gure amorez preso dagoen Jaunarekiñ zeuzkan trataera onetsietatik ateratzen zuen frutua. Etzan aspertzen egia, bizitza eta bidea danaren laguntzak eskatzen; eta maiz esan oi zuen: «Ez dago munduan bereala utziko ez dedanik, eta gauza aiñ gogorrik, nere Jesu Kristo Jaunaren amorez eta gloriaz pozik sufritzera jarriko ez naizenik, nun eta mugierazi al nitzakean gizon guziak beren biotz guziarekiñ eta gauza guziaz gañ Jaungoikoa amatzera». Eta amorio-mugida oen ordañez Jaungoikoak argitzen zion entendimentua, eta indartzen borondatea onerako amorioan.

        1209ko udaberriaren azken aldera gure Santua jetxi zan Rietiko ballerara bere lagunakiñ batean. Gelditu ziran Poggio-Bastone pareko arkaitz batean, eta ikusirik an ermita bat iñor gabea, iruditu zizaien toki egokia zala eternidadeko egiak meditatzeko, artu zuten bada beren egon-lekutzat, eta Poggio-Bastonen edo inguruan predikatu eta limosna eskatu ondorean, biribillatzen ziran ara arratsalde guzietan. Egun batean, gure santua bere gazte—denborako lasaikerien gañean examiña samiña egiten zegoela kordegabetu zan, eta Espiritu Santuak agertu ziozkan bi gauza oro bat konsolagarriak, bere pekatu guzien barkazio oso osoa, eta bere Ordena arrigarriro zabalduko zala. Arratsean, ez al ziran itzuli lagunak, bereala esan zien: «Alimo, nere seme maiteak, poztu zaitezte Jaungoikoagan! Ez tristetu gitxi geralako, ez zaitzatela uzkurtu zuen ezjakiñak eta nereak, bada Jaungoikoak agertu dit bere bedeinkazioarekiñ zabalduko dala mundu guzian famili au, zeñaren aita bera dan. Nai nuke gorde ixilik ikusi dedana, baña karidadeak beartzen nau zuei part-ematera. Jendetza aundiak ikusi ditut guganonz etortzen, gure abittua artu, eta gure bizimodua eramatera. Bide guziak ikusi ditut jendez beteak ononz eta presaka datozela. Franzesak iristen dira, Españolak korri egiten dute, Inglesak jarraitzen diote, eta Alemanak eta dierri guziak mugitzen dira. Begira! Obedienzia santuaren ordenak kunplitzeko mugitzen diranen pauso-soñua iristen da nere belarrietara!». Ala kantatzen zuen Isaias profetak zazpireun urtez aurretik Eleizaren jartze eta zabalera miragarria aditzera eman zuenean. Irudia da ezagungarria, eta Ordenako kondairatzalle guziak oarterazi dute.

        Poggio-Bastoneko ermitan Franziskok igaro zituen egunetan, andikan ateratzen zan santutasunezko usaira, jende asko joan zizaiozkan bisitatzera. Oetako batek, graziak ukiturik, eskatu zion ar zezala Jesu Kristoren pobreen soldaduzkan. Izendatzen zan Felipe, eta zeukan tailluagatik, izengoitiz, Luzea. Au izan zan gure fundatzallearen zazpigarren jarrailea.

        Au ere bere lagun artu zuenean, eraman zituen ostera Ama Birjiña Aingeruenetakora, an erlijiozko bizitzan eskolatzeko: o zer aurrerapenak egingo zituzten alako maixuarekiñ...! Gau batean bildu zituen bere inguruan, eta berak zutik zegoela eman ziezten ikasbiderik ederrenak beren egiñbidearen, eta au kunplitzeko moduaren gañean. Esan genezake ura zala mendiko sermoia, eta San Franziskoren lagunak alatzat arturik, esaten digute, itz egiñ ziela era onetan: «Ene anaiak, begira ezazute ondo zeiñ dan gure dei edo bokazioa. Jaungoikoaren miserikordiak deitu gaitu geron salbazioa iristeko ezezik, baita lagun-urkoena ere, eta predikatu dezaiegun pekatariai itzez baño obeto ejenploakin, penitenzia egiñ eta gorde ditzatela Mandamentu Santuak. Despreziagarriak dirudigu, eta erotzat gauzkate; baña etzaitezte ikaratu, alaitu eta iduki konfianza, mundu-garailari dan Jesu Kristo gure Jaunak emango diela indarra zuen itzai. Guzia utzi degun ezkero, kontu ez dezagula galdu zerua ezerezkeriagatik. Iñoiz dirurik topatzen badegu, ez dezaiogun egiñ, autsari baño kaso geiago. Ez dezazutela juzgatu eta despreziatu jantzi baliosoak dituzten eta eroso bizi diran aberatsak; zergatik Jaungoikoa da aen Jauna eta gurea, berak deitu eta ondu ditzake, eta ala tratatu bear ditugu gure senide eta nagusiak bezela: senideak bezela, guziok Kriatzalle bat bera degulako; nagusiak bezela, egiten dituzten limosnakiñ jende prestuak sokorritzen dituztelako. Zoazte, bada, adierazi zaiezute pakea gizonai, eta predikatu penitenzia, pekatuen barkazioa iristeko. Batzuek arrera ona egiñ eta gogoz entzungo dituzte zuen itzak, beste batzuek berriz biotz gogor, arro eta jenio bizikoak maixeatuko zaituzte eta kontra altxako zaizkizute. Eraman guzia pazienzian, eta etzaitzatela ezerk ere ikaratu. Denbora asko baño len, aundizki eta jakintsuak bilduko dira zuekgana, joateko predikatzera errege eta jendeen aurrean. Izan zaitezte sufrituak atsekabeetan, irazekiak orazioan, alaiak lanean, kontuzkoak itzegitean, garbiak oituretan, eta esker onekoak ongilleakiñ, eta zuen saria izango da zeruetako erreinua».

        Aren jolasera, danok makurtu ziran, muñ egiñ zioten oñetan Jaungoikoaren ordezkoari bezela, eta zeuden itxedoten zer agintzen zien. Franziskok partitu zien mundua gurutz-itxuran, bialdu zituen bi lagun iru parteetako bakoitzera, eta laugarrena utzi zuen berekiñ bere lagunarentzat, despeida ematean esanaz: «Para ezazute konfianza Jaungoikoagan, eta berak idukiko du zuen kontua» (Ps. LIV).

        Segitu ditzagun pensamentuz piskatxo batean pake eta bendiziozko aingeru aen pausoak. Bidean topatzen zituzten guziai egiten zien beren Aita doatsuak erakutsi zien agur au: «Jaungoikoak bere pakea dizula». Eleizaren bat ikustean, beren lenbiziko lana zan ara joan, eta belaunikaturik esatea San Franziskok berak erakutsi zien beste orazio au: «Adoratzen zaitugu, o Jesu Kristo gure Jauna, emen eta lurrean dauden Eleiza guzietan, eta bedeinkatzen zaitugu, zeren Gurutze Santuaren bidez mundua erredimitu zenduen». Galdetzen bazioten nungoak ziran edo zer egiten zuten, erantzuten zuten umillki: «Gera penitenzilariak, Asistik gatozenak», alabaña, etziran oraindik benturatzen erlijiosoak zirala esatera. Txit senzilloro predikatzen zuten, oroitueraziaz itz gitxietan jendeai zeiñ dan zeruko bidea. Esker onez artzen zuten ematen zizaien ogia, egundaño ez ordea dirurik, erregutzen zuten beren persegitzalleakgatik, eta estalpe edo anparu gabe arkitzen ziranean poztutzen ziran, bere burua atsedeteko arri bat izan etzuen Aren antzeko artan egiten ziralako.

        Mixio ura laburra izan zan, aurreko biak bezela. Franzisko, Jaungoikoak giaturik, itzuli zan besteak baño lenago Porzuinkulako bizileku maitera, eta an artu zituen iru jarraile berri: Juan San Konstantekoa, Barbaro eta Bernardo Biridantekoa.

        Aita doatsuak bere familia txikia berriz ere ikusteko zaleturik, erregutu zion Jaungoikoari inguratu zeiola; bere erregua aditua izan zan, eta andik egun gitxira, iñork alakorik uste etzuela, mixiogille guziak etorri ziran batean Porziunkulara. Konsideraturik Franziskok zenbat eta zeiñ irazekiak ziran, uste izan zan iritxi zala ordua berak erlijiozko familian jartzeko, eta guziak bildurik, itz egiñ zien onela: «Nere seme txit maiteak, ikusten dezute nola gure lagun-talde sortu berria dijoan azitzen eta geitzen Jaungoikoaren bedeinkazioarekiñ. Oraiñ bada, egiñ bear deguna da, aukeratu bizimodu bat, eta erakutsi Aita Santuari ontzat eman dezan, zergatik uste dedanez, fedeari eta Ordena erlijiozkoai dagozkan gauzetan eziñ ezer egiñ diteke berak ala naia eta baimena eman gabe. Goazen, bada, Erromako gure Ama Eleizaren billa, eta Aita Santuari, Jaungoikoak gure bitartez egin duen guziaren kontu ematera, berak ala nai badu, eta beraren aginpean jarririk, asitako lanari jarraitu dezaiogun.

        Ona emen agerturik Erromako Kataberari San Franzisko Asiskoak dion jaiera biotzekoa, eta nolako fede garbiarekin ikusten duen Aita Santuagan Eleiza katolikoaren zimendu arria, Ebanjelioaren azaldari utsik ezin egiñ dezakeana, interes guzien gordetzallea eta etorkizunaren esperanza. Etzan orduan Eleiz-legerik, ordena erlijiosoak Erromara joatera beartzen zuenik, alik eta andik sei urtera Letrango IVgarren Batzarre santuan Aita Santuaren baimen berezi bat ateratzeko obligazioa jarri zizaieneraño; baña bazekien Franziskok, Eleizako beste pillareak erori ditezkeala, eta bakar bakarrik Pedrori esan zizaiola: «Zu zera Arria, eta arri onen gañean altxako det nere Eleiza, eta infernuko ateak ez dute garaituko beraren kontra».

        Aren plana zan senzill beziñ aundia: para gurutzea biotz guzietan eta altxa jende guzien gañean, eta ori iristeko bildu eta eskolatu onerako gaiak, eta egiñ berakin beti armetan dagoen martizti bat Aita Santua buru duena. Ona emen itz gitxitan ark somatu zuen plana, zeña ongi kunplitzen enpleatuko duen bere bizitza guzia. Ikusi dedilla onetan bere etorkiaren aterakai bat edo Jainkoaren goi argi bat, eztio inporta, ondoreak dira beti berperak. Asmo ura artzearekin beartzen zituen bere ume guziak Pedroren ezpañetatik artzera Ebanjelioko dotriña garbia; aseguratzen zien Aita Santuaren utsik eziñ egiñezko doaiaren mesedea, eta Eleizaren betiko iraupena. Eta ezin esan diteke ere, sinistamentuaren batasun au zala bide, jartzen zituela meza santuaren zeremonien batasunerako zimenduak, zeñaren mesedeak orain sentitzen ditugun?.

        Lagunak eman zioten ontzat, berak esan zien guzia. Bereala Santuak izkribatu zuen biziera edo Erregla bat ogeitairu berezieratan; Erregla zeñean, pobreza, obedienzia eta garbitasuneko iru botoaz gañera, agintzen dan munduko gauza guzien utzitze edo errenunzia oso osoa egitea, eta obligatzen dan limosnan bizitzera. Erregla au izkribatzeko lana bukatzean, 1209ko uztaren aurreneko egunetan, abiatu ziran guziok Erromara giari zutela ez San Franzisko, zeñak zion etzala alako karguaren diña, ezpada Bernardo Kintabal.

        Zeiñ atsegiñgarria dan ikustea amar seme aek beren Aita doatsuari jarraika Apostoloak Salbatzalleari bezela, nola dijoazen oñ-utsik, zizku eta esku makilla gabe, euzkiaren ziargiak erretzen dituztela, bidaje luzearen nekea ariñduaz orazio irazeki eta jolas santuakiñ!

        Bidaje onetako gertaeratatik bi bakanak dira kontatuko ditugunak. Lenbizikoa da Anjel Tankredoren konbersioa. Rietiko karrikak igarotzean Franziskok ikusten du zaldun ederki jantzi bat, eta lenago iñoiz ezagutu izan ezpazuen ere, itz egiñ zion onela: «Anai Anjel, aspaldi da zuk gerrikoa, ezpata eta ezproiak dakazkitzula, baña gaurdandik prezisoa da euki dezazula gerrikotzat soka lodi bat, ezpatatzat gurutzea, eta ezproitzat autsa eta loia. Darraidazu, eta nik egingo zaitut Jesu Kristoren soldadu». Zalduna, itz oek aditzean bildu zan San Franziskoren lagunakiñ, eta au izandu zan amaikagarrena.

        Bigarren gertaera zan fundatzalle santuak izan zuen ikuskera konsolagarri bat. Jaungoikoak erakutsi zion Aita Santua palma-arbolaren itxuran, beraganonz adarrak emeki makurtzen zizaizkala. Ikuskera onek osoro poztu zuen, eta lagunai kontatu zienean, oek ere guziz alaituak geratu ziran.

 

aurrekoa hurrengoa