www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Amaseigarren Bereziera

San Franziskoren birtuteak (gañerakoak). Obedienzia,

garbitasuna, umiltasuna, pobreza, mortifikazioa.

Oraziozko doaia. Sortizaren gañean agintea.

 

        Jainkozko karidadea da erregiña bat bakarrik ez dabillena; beste birtute guziak dira bere alaba eta lagunak, eta bere jargoia altxatzen duenean Franziskoren gisako biotzean, uste izan bear da ikusiko dala zeruko birtute distiatzallez inguratua. Esango degu, bada, zerbait gure Santuaren birtute erlijiozkoen gañean, bukatuaz orrela bere anima ederraren erretratua.

        Nork pintatu al izango du obedienzirako gure doatsuaren zeloa? Ordenaren fundatzallea zanez, aren betiko Buru nagusitza Aita Santuak eman bazion ere, aren deseoa zan beti obeditzea. Bere bidajeetan, nagusitza ematen zion lagunen bati, eta Ordenaren gobernua Pedro Katanioren eskuetan utzi zuen ezkero, aur baten senziltasunarekiñ jarri zan Guardiantzat eman zioten Anjel Rietiren mendean. Eta bizitzaren azken aldera aditu zizaion esaten konfianzan bere ikasleetako bati: «Zerutik artu det mesede au, beste guzien gaindikakoa; emango balirateke guardiantzat ordu beteko nobizioa, obedituko nioke erlijioso zarrenari beziñ aisa eta leialki».

        Gogora ekarri bedi garbitasuneko birtuteari gaztetandik izan zion amorio berezia eta urteakiñ batean azitzen joan zizaiona. Aragi illkorrez jantzita gaudenai Aingeruen gisan bizierazitzen digun birtute maitagarri onek anbesteraño distiatzen zuen argan, non, Tomas Zelanok arriturik deadar egiten du: «Zeñ gauz ederra dan ikustea aren oituren inozenzia, animaren senziltasuna, eta begiradaren garbitasun aingeruzkoa!». Nola baizekien garbitasunarekiñ gertatzen dala lore minberarekin bezela, au da, aizerik txikienak belaskatu eta galtzea, enkargatzen zien erlijiosoai ernaitasun guziarekin kontu egin zezaiotela sentiduai eta irudimenduari, eta begiratzeko ondo nolako trataera zeukaten emakumeakiñ, guzi onetan berak ejenploa emanaz. Aiñ modutsua zan non aseguratu zien bere anaiai konfianzazko jolas aldi batean, etziola begirik ezarri egundaño emakumeari.

        Baita ere gogoratuko da Ebanjelioko pobrezaren maitatzalle izan zala. Gai onetan esanda daukagunari ezer gitxi eransi bear diogu. Franziskok estimatzen zuen birtute au, negar egiteraño, ikusten bazuen eskaleren bat bera baño gaizkiago jantzia, zeukan jantzia kentzeraño, larrugorrian ikusten zituenak estaltzeko, eta beiñ batean erlijiosoak Eleiz-errezoak egiteko zeukaten liburu bakarra emateraño. Aditurik erlijioso bati isiltxorik esaten: «Franziskoren zeldatik nator», deituta esan zion: «Zergatik deitzen diozu nere zelda? Ezta nerea, eta gaurdandik beste bat egongo da bertan». Eta gero esan zuen: «Jesu Kristo gure Jaunak berrogei egun eta gaubeko baraba eremuan egin zuenean, etzuen altxa ez etxe eta ez zeldarik, ezpada gordetzen zan arzulo batean. Zeiñ gauz ederra dan ikustea Franzisko iltzer zegoela, bere buruarengatik itz konsolagarri oek esaten: «Eztet gogoan iñoiz leialtasuna autsi diodala nere dama Pobrezari».

        Ez da gitxiago arritzen gaituen gauza, aren paregabeko umiltasuna. Ozta izango da beste gizon bat bere inguruan ark bezelako sona sortu erazi duenik, bere burua ark anbat despreziatu duenik, onrak ezereztzat, eta umillazioak maiteago izan dituenik: Zenbat eta geiago alabatzen zuten, anbat eta geiago beeratzen zan. Beiñ batean lagunari esan zion: «Guazemazu emendik, alabaña jende on oek ematen dizkiguten onrakiñ eztegu ezer irabaziko. Guazen beste toki batera gizonen desprezioen billa, ori dalako gure irabazia». Umiltasunez eta ikusketa baten bitartez utzi zion Franziskok apaiz egiteari. Serafiñak baño eskual aundiagoa izatea, salbazioko bidetik animak giatzea eta Jaungoikoaren miserikordien bitartekotza egiteak eskatzen du santutasun bat Franzisko izutzen zuena. Aren izu au agertzen da Ordenako apaiz guziai izkribatu zien eskutitzean: «Aditu nazazute, anaiak, esaten zien. Baldin Birjiña Maria doatsuak merezitu izan bazuen beste santuai ez bezelako onra berezia ekarri dezaiogula Munduaren Salbatzallea bere sabel txit garbian eraman zuelako; baldin San Juan Bautista beldurrez beterik joan bazizaion Jesu Kristori Jordango ibaiko ura bere buru gañean ixuritzera; Obi edo Sepulkro Santua beneratzen badegu Jesusen gorputza iru egunean gorde zuelako; zeiñ garbiak ez dute egon bear zeruko Jaungoiko aundia, Serafiñak ikaraz aren aurrean arpegia beren egoakiñ estalita egoten diran Jaungoiko ura ogi eta ardoaren irudien pean idukitzen duten eskuak? Oroitu zaitezte, o apaizak, zein goi mallakoa dan zuen bokazioa, eta izan zaitezte santuak, santua dalako zuek sakrifikatzen dezuten jauskañia. Billatuko banituzke nik aingerua eta apaiza, aurrena apaizari egingo nioke agur, Jaungoikoak oni eman diolako zeruko espirituai eman ez dien eskubidea».

        Ala ezagutzen da, apaizaren estaduaren gañean nola baizeukan alako iritzia, eta iruditzen zizaion orrek eskatzen duen diñatasunetik txit urruti zegoela, Asisko penitenzilaria etzala benturatzen Ebanjelioko ordenatik Mezatakora pasatzera. Asisko Obispoa eta frai Leon eziñ geiago leiatzen zitzaizkan, baña berak beti luzatzen zuen, itxedonaz zeruko argi berriak bere bokazioaren gañean, zeñak artu zituen zerutik, zeiñ urteetan ezpadakigu ere. Bein batean orazioan zegoela agertu zizaion aingeru bat, eta erakutsiaz baso bat, kristala baño ur garbiagoaz betea, esan zion: «Begira, Franzisko, apaizaren animak au baño are garbiagoa egon bear du». Ikuskera onek ar erazi zion bere bildurraren moduko asmoa, eta ala beti izan zan apaiz-urren edo diakono San Esteban, San Lorenzo eta San Efren bezela.

        Eziñ utzi ginitzake adierazi gabe gure irakurleai humiltasunezko obra bi, San Buenabenturak eta Bernardo Bessek dakarzkitenak. Ona lenbizikoa, Sortaldeko misiotik itzultzean gertatua. Perusatik Boloniara bidean aiñ auldua sentitu zan gure santua, non asto bat artu eta gañean jarri bear izan zuen aurrera segitzeko. Bere lagun frai Leonardo Asiskoak, oro bat nekatua eta nekez jarraitzen ziola, izan zuen pensamentu bat mundukoa, gogoratzean lenagoko denbora: «Lenago gure etxea, zion beregan, orrena baño lenagokoa zan; baña oraiñ guzia aldeerantziz dago, ori aberean dijoa eta ni oñez». Ozta itz oek bere gogoan pasa zituen, non, Santuak Jaungoikoagandik artutako graziarekin ikusirik aren biotzean pasatzen zan guzia, asto gañetik jetxi eta esan zion: «Ene seme, arrazoi dezu. Ez da egoki ni aberean eta zu oñez joatea, bada munduan zu ni baño noble eta itzal geiagokoa ziñan». Erlijiosoak, arritu eta lotsaturik, belaunikatuta aitortu zion negarrez bere utsegitea, eta Franziskok an bertan barkatu zion, minkaistutzeko batere biderik eman gabe.

        Denbora artan zala uste degu frai Masseo Mariñangoak prueban para eta ezagutu zuela Santuaren umiltasun eziñ aundiagoa. Franzisko erretiratu oi zan Porziunkula ondoan orduan zegoen baso batera, Jaungoikoarekin libertade geiagorekin itz egitera, eta basotik itzultzen zan batean Masseok, urrutitik ikusi zuen eta bereala berarengana joanik, egiñ zion galdeera au: «Aita, zergatik zuri, eta ez beste iñori?». Fundatzalle santuak nola estimatzen baizuen bere ikasle onenetako eta Ordenako euskarririk sendoena bezela, etzuen gaizki artu Masseoren libertadea; kontrara, biguñtasun guziarekiñ galdetu zion konbenturonz zijoazela: «Ene seme, itz egizu, zer esan nai dezu?». «Esan nai dizudana da, esan zion erlijiosoak, ea zergatik dijoa mundu guzia korrika zuri segika? Nondik dator zuri aditzeko, eta zuk giatuak izateko dagoen deseo aundi ori? Etzera gizon ederra, ez jakintsuna eta ez leñu argikoa ere; nola bada, diot berriz ere, dijoa mundu guzia zure ondoren?». Santuak badaukate egia esaten zaienean aditzeko beren modua, eta ez dira sumintzen edo aserratzen, mundutarren gisan, kontrara, egiten zaizkaten oarkerak artzen dituzte gorde eziñ duten atsegiñarekiñ. Ori erreparatu zitekean mugaldi artan Santuaren arpegian. Aren kopeta, illundu bearrean, alaitu eta argitu zan. Bat batetan gelditu zan, eta begiak altxaturik, iduki zituen luzaroan josiak ikusten etzan gauza batera, andik berezitu eziñik, billatu izan balu bezela bere bersoetan kantatzen zuen bere biotzeko eta amorio guziaren Jaungoikoa. Kordegabetze ark iraun zion denboran zer pasa zan, eta Jaunaren eta bere mendekoaren arteko jolas artan zer esan zan, da gauza estali bat, Jaungoikoak gordea daukana. Masseok erreparatu zuena zan San Franziskoren arpegian oi ez bezelako mugiera, eta bere begiradak zerakarrela zeruko argitasuna, etzan ordea orrezaz izutu, eta ies egiterik pensatu ere, zekielako bere Aita doatsuak maiz izaten zituela gis artako kordegabetzeak.

        Bere zentzura etorri zanean Jainkoaren serbitzaria, bekokiarekin lurra jotzeraño makurtuta bere negar malkoakiñ busti zuen, eta eman ziozkan eskerrak Jaungoikoari debozio irazekienarekiñ. Gero altxata Masseorengana itzulirik, esan zion: «Ene seme, nai dezu jakin, mundu guziak zergatik darraikidan? Ematera noakizu bada gauz illun onen argibidea. Onak eta gaistoak beti begien aurrean dauzkan Jaungoikoak, anbeste milloi gizonen artean ez du arkitu ni beziñ pekatari txar eta ezerezik, eta gizon guziak on bidetzeko zeukan asmoari kunplimentu emateko ni baño balio gitxiagokorik, eta orra zergatik bere begiak nigan ezarri dituen. Bai, autu du zentzu gabea munduko jakinduria lotsa gorrian utzitzeko, argal eta ezereza, aundi eta indartsuak beeratzeko. Eta zer besterik erakutsi nai izan digu onekin, on eta birtute guzia datorrela, ez kriaturetatik, ezpada beragandik, iñork ez duela gloriaztu bear bere burua aren aurrean, eta iñor gloriaztutzen bada, gloriaztu bear duela denbora guzietan gloria guzia berari bakarrik zor zaion Jaungoikoagan?». Errespuesta ederra, Ebanjelioaren argitasuna distiatzen duena, eta Santu aiñ aundiaren diñakoa.

        Frai Masseo erretiratu zan kontentu beste mugaldi batean frai Pacifico bezela, sinismen osoan geratu zan alabaña, Aita doatsuak bere santutasunezko obra altxa zuela umiltasun kristauaren arroka biziaren gañean.

        Sentiduen mortifikazioak osatzen zuen gure Santuan umiltasunetik asitako obra. Tratatzen zuen gorputza bere etsairik aundiena bezela, eman gabetanik ukatu eziñ zezaiokeana baizik. Askotan nastutzen zien autsa eramaten zioten jakiari, esanaz auts anaia garbia dala. Etzuen ura beste edaririk edaten, eta ori ere ozta egarria kentzeko anbat. Galdeturik egun batean ea zergatik zeraman aiñ bizitza latza, erantzun zien: «Gauza txit nekeza dalako gorputzeko premiak estaltzea aragiaren gurariai lekurik eman gabe». Azkeneko asnasetan zegoela, uste izan zuen S. Bernardok bezela eskatu bear ziola barkazioa bere anai astoari, au da, bere gorputzari, aiñ gogor tratatu zuelako. Santuak bakarrik dakite biltzen berengan bata bestearen kontrakoak diruditen birtuteak; eta ala penitenzi zale au zan denbora berean maitagarritasun, gozotasun eta alegeretasunezko ispillua.

        Zenbat eta geiago begiratzen zaien San Franziskoren bizitz eta obrai, anbat eta obeto ikusten da argan distiatzen dutela gizona aundi egiten duten birtuteak, animako aunditasuna eta modestia, umantasuna eta senziltasuna, zeloa eta zentzua, irmotasuna eta biguñtasuna; eta ala ez da arritzeko gauza, Jaungoikoak bere goi argiai aiñ leialki erantzuten zion anima arkitzean aberatstu zezala bere doai preziotsuenakiñ, nola diran biotzak ezagutzea, etorkizun dauden gauzak somatzea, deabruari, gaitzai eta eriotzari agintzeko eskubidea. Txit arrigarriak dira zeruko doai oek, baña guzien artean guretzat estimagarriagoa, zenbat eta gordeagoa, anbat eta bikañagoa, besteak ortik datozelako, da oraziozko doaia. Franziskok iduki zuen mallarik goienean.

        Bakanetan ikusten dira persona batean bilduak Mariaren bizitza oraziozkoa eta Martaren langillezkoa, geienean batak bestea menderatzen du, baña Asisko Santuaren doai berezia izan zan bata bestearekiñ biltzea, eta ala esan al baditeke, biak elkarren parean joatea. Onen egintza anbesterañokoa zan, anbeste apostolu sortu zituen, anbeste parajetara zabaldu zan, anbeste millagro egiñ eta anbeste pekatari konbertitu zituen, non zirudien etzitzaiola denborarik geratzen oraziorako. Errezatu zuen anbeste, eta alako debozio eta negar malkoakiñ, anbeste bider beregandik irten eta idukitzen zituen jolas amorezkoak Salbatzallearekiñ, anbeste kantu amorezko eta esker onezkoetara zabaldu zuen bere anima, non badirudi etzitzaiola geratzen denborarik beste gauzetarako, alaz guziaz ere, esan bear bagenduke zeiñ zan Santuagan gauzarik garaiena, orazioa edo apostolutza, esango genduke zala orazioa, berari zion gusto eta jaiera guziz aundiagatik.

        Tomas Zelanok eta San Buenabenturak esaten digute nolako arreta jartzen zuen Jainkoaren doai onezaz aprobetxatzeko. Orazioa zan aren biziaren zimendua, artzen zuen asnasea, animako eskallera, nundik igotzen zan gizonetatik Jaungoikoarengana, eta jeisten zan Jaungoikoagandik gizonetara. Etzuen lanbiderik batere asitzen orazio egiñ gabe, eta oni egokatzen ziozkan bere sermoien frutuak, deabruagandik ateratzen zituen garaipenak eta birtutean egiten zituen aurrerapenak. Au izan zan, egiaz, aren anima aiñ denbora gutxian Jaungoikoarekin amorio estuenean bat egiteraño altxa erazi zuena. Argatik beti egon zan ernai erantzuteko leialki Jaungoikoaren ispirazioai, beretara lasaitasun guzian emanaz bakarrik aurkitzen zanean, eta bere lagunetatik bereziaz iñorekin zegoenean edo bidajean zijoanean. Beiñ baño geiagotan ikusi izan zuten bere ikasleak beregandik irtenik, arpegia bestiruditurik, begiak zerura begira aiñ itsatsiak, non etzuen sentitzen mundu onetako gauzarik, edo baita ere airean lurretik zerbait altxaturik, argi errañuarekin burua inguratua zeukala. Aiñ maiz gertatzen zitzaiozkan kordegabetze luze aetan Jaungoikoak agertzen ziozkan gauz estali aundiak, Santuak beretzat gordetzen zituenak, noiz eta Jainkoaren gloriak edo animen protxuak etzuten beartzen aitortzera.

        Gau batean erlijioso batek Franzisko bere zeldan arkitu etzuelako, uste izan zuen inguruko basoan egongo zala. Bereala joan zan, eta erdi aldera sartzean, aditu zuen bere Aita doatsuaren boza, ari zala biotzeko zizpiru aundiakiñ erregutzen Ama Birjiñari, arren, erakutsi zeiola bere Seme adoragarria. Aurreratu zan geixeago boza irteten zan tokira, eta ikusi zuen nola zeruko argitasunen artean Ama Birjiñak esan eziñ alako biguñtasunarekiñ jartzen zuen bere Semea Franziskoren besoetan, eta onek Simon zarrak bezela, artu, adoratu, palakatu, eta erregutzen ziola pekatariai barkatzeko eta salbatzeko. Ikuskarri onen bistan erlijiosoa erdi illean erori zan lurrera; aiñ berezkorra du gizon eroriak Jaungoikoari bildur izatea! Santuak Matutietarako konbentura itzultzean, arkitu zuen lurrean etzanda eta zentzu gabe, erakarri zuen ezaguerara, eta agindu zion etzezala esan ikusitako gauzarik batere, baña erlijiosoak pensaturik beregan Jaungoikoaren gloriak isilik egotera baño obeto beartzen zuela itz egitera, kontatu zuen berealaxe ikusi zuen guzia.

        Beste mugaldi batean nobiziaduko konbentura San Franziskok zeraman fraide sartu berri batek somatu zuen gauza egoki bat jakiteko zer egiten zuen arratsean. Beren bidajean luzarapenen bat izanik, arkitu ziran gaua kanpoan igaro bearrean, eta etzan ziran lurrean, eta Santua loak artu zuenean, aren sokaren punta lotu zuen berearenarekin. «Era onetan, zion beregan, eziñ ezer egingo du nik sentitu gabe»; eta bere somaketarekiñ pozturik, laister bera ere loak artu zuen. Andik ordu gitxira San Franzisko esnatu zan, eta oarturik sokak lotuak zeudela, poliki poliki askatu zituen, eta joan zan aldean zeuden arbola batzuen azpira orazio egitera. Nobizioak, esnatu zanean ikustean bere burua bakarrik, joan zan bere Aita doatsuaren billa. Arbol tartetik azaltzen zan argi errañu oi ez bezelako batek adierazi zion an zegoela Santua, eta arunz joanik ikusi zuen ikuskarri bat gizonen miñgañak kontatu eziñ dezakeana. Jaungoikoaren Semea, zeruko aingeruz inguratua, bere Ama txit Santa, San Juan Bautista eta San Juan Ebanjelaria zeuden an jolasian lanoro San Franziskorekin; eta gauza arrigarria, ikuskarri berperak ekarri zuen bi bider ondore berpera. Nobizio au, lenago aitatu degun erlijiosoa bezela ikaratu eta gelditu zan zentzu gabe, alik eta gure santuak, Jesu Kristok agindurik ostera bizia itzuli zioneraño. Denbora onetan ikusketa desagertu zan, eta Franziskok agindu zion ari ere, etzezala kontatu ikusi zuena. Eta onek, erlijiosoak baño obeto obediturik, itxedon zuen Santua ill bitartean, kontatzeko gertakari miragarri ura.

        Jaungoikoak, bere grazien jabe bezela, gogoak ematen dion eran kriaturai partitzen dieztenak, ez du nai era eta bide gabe nastutzea bere graziaren lanak. Asisko Obispoa joan zan egun batean Porziunkulako konbentura, eta iñoren pauso otsik sentitzen etzalako, erdi iriki zuen San Franziskoren zeldako atea, beregandik irtenik zegoela ikusteko asmoarekiñ, baña berealaxe ikusten etzan beso batek aienatu zuen zeldatik urruti, eta bere sentiduak etzitzaizkan ondo jarri, alik eta bere erakeria erlijiosoen aurrean aitortu zuen arteraño.

        Negar eta erregu, amorio eta umiltasunaren indarrez Bernandonen Semeak iritxi zuen ostera bereganatzea aurreneko inozenzia, eta bazirudian onekiñ batean beretu zituela gure lenengo gurasoak zeuzkaten pribilejioak kriatuak izan ziran egunean. Bera zegoen Jaungoikoarengana osoro menderatua, eta beeragoko kriatura biurturik arentzat pekatuak desegiñdu zuen malla edo egoerara; aiñ otxana zegoen aren esanera, non beste alako obedienzia arkitzeko, itzuli bearko degu Paraisoko denbora zorioneko artara. Eztago dudarik, San Franziskoren aurretik izandu zirala Santuak, Adanek galdu zuen aginte eta eskua bildu zutenak: Tebaidako gurasoai beleak serbitzen zien, leoiak obeditzen zioten San Antonioren bozari, San Galok agintzen zien Alpe mendietako artzai; San Kolonbano, Luxibilgo basoa igarotzean txoriak alegeratzen zuten kantu atsegiñgarriakiñ, eta muxarrak salto egiten zioten arboletatik bere eskura; baña iñork etzuen berdiñdu Asisko Penitentea. Gizonak pekatuan erori arteraño gauza kriatu guzien gañean izan zuen eskuala, izan zuen San Franziskok, ez denbora gitxian edo suertez bezela, ezpada iraunkorkiro, alatan non, gauza jakiña da Franziskok Sortitzari agintzen ziola Jabeak bezela, eta Sortitzak obeditzen ziola zentzuduna izan balitz bezela.

        Ama Birjiña Aingerueneko konbentutik irtetzen zanean Unbriako zelaietara, abereak agur egiten zioten beragan munduaren Egilleari. Nola etzuten ikusten Jainkozko marka baizik, lurreko gauzik etzeukan gorputz me argal artan, eta etzien sentierazten gure erorketa eta gogortasunak erakartzen dien berezko izua, ingurutzen zuten Santua berari begiratzeko eta serbitzeko. Erbi eta untxiak gordetzen ziran aren abituaren tolesturetan, zelaien bat pasatzean, aditurik ardiak arrebaren izenarekiñ deitzen ziela, korrika zijoazen beragana, artzaiak osoro arriturik geratuaz; eta Franzisko bera, nola baizegoen aspaldian alde egiñik gizonen jolasetatik, poztutzen zan kanpoko abereak egiten ziozkaten palagu eta jostaketakiñ.

        Rietiko aintzira-ertzean arrantzale batek erregalatu zion ur-egazti bizi bat. Franziskok txit biotzetik artu zion, eta piska batean eskuetan idukita idiki zituen ies egiñ zezan, baña egaztia etzan mugitu. Orduan Santuak Jaungoikoarenganako amorioz eta esker onez, begiak altxatu zituen zeruronz, eta ordu bete baño geiagoan egon zan kordegabetanik. Bere zentzura etorri zanean, bedeinkatu zuen bere anai egaztia, eta agindu zion zijoala libertade guzian Jaunaren alabantzak kantatzera, eta bereala kantari asiaz joan zan egaka.

        Aintzira artan bertan beste arrantzale batek eman zion egun batean orduan atxitu zuen arraitzar bat; Franziskok, eskuetan piska batean idukita, bota zuen ostera urera; baña arraia, andik joan bearrean geratu zan bertan ugañean jostari, Santuagandik alde egiñ nai ezpazuen bezela; eta etzan joan alik eta Santuak agindu eta bedeinkatu zuen arteraño.

        Beste batean Senako bidean billatu zuen mutill gazte bat, uso tortola biziak saltzera zeramazkiala. «Ene seme, esan zion Santuak, ez itzatzu eraman eriotzara Eskritura Sagraduan anima garbi, umill eta leialen irudia diran egazti iñozente oriek; eman zaizkidatzu, arren, niri». Mutillak bereala eman ziozkan, eta Franziskok kolkoan sartu, berotu eta palakatu zituen eta esan zien: «Tortola inozente eta garbiak, zergatik utzi zerate arrapatzen? Nik libratuko zaituztet besteren mendetik eta eriotzatik, eta emango dizkitzutet kabiak, ugaritu zaitezten. Ots, ene seme, esan zion berriz gazteari, begira zer sari emango dizun Jaungoikoak oraiñ egiñ dezun liberaltasun onegatik. Egun gitxi barru jantziko dezu penitenziako abittua, eta arkituko dezu gurekin batean borondatezko pobrezaren ondasunean betiko zorionaren prenda segurua». Alde aurrez esan au kunplitu zan bete betean, eta gaztea Erlijioso txikienen Ordenan sarturik, ill zan santutasunean. Franzisko, gazteari bedeinkazioa emanda, bideari zerraikala, joan zan Senako murru ondoan zegoen Rabakzianoko konbentura bere uso tortola ederrakiñ. Ara zanean, sartu zuen lurrean eskuan zeraman makilla, eta biaramonean fraideak osoro arritu ziran ikustean makilla aritz-arbol aundi biurtu zala, nun utzi zituen usotxoak, aginduaz bertan kabiak egiñ eta pakean bizitzeko. Oek obeditu zioten, eta aiñ ondo konpontzen ziran erlijiosoakiñ, non eskuetatik jana artzen zien. San Franziskoren aritz mirarizkoa, oraindik zutik zegoen XVIIIgarren eunkiaren asieran.

        Monte-Kolonboko konbentuaren ondoan zegoen mendiollarren kabia eta ango ama joaten zitzaion egun oro San Franziskori, umeentzat ematen zion jana aren eskutik artzera. Lumaatu ziranean artu zituen guziak, eta ikusi zuen bat besteak baño gizenagoa, mokoaz jo eta jana kentzen ziela. Pena artu zuen, eta errietan eman zion, esanaz: «Asekaitz gogorra, errukarriro illko aiz, eta piztirik jaletzarrenak ere ire aragirik ez ditek progatu naiko». Egun gitxi barru ito zan ura edatera joan zan ontzi batean; eta katu eta txakurrai bota bazien ere, iñork etzion ukittu.

        Siriatik itzuli zanean gure Santuak Beneziako aintziran pasatzean ikusi zuen txori sall aundi bat bere aurrean kantari; eta esan zion lagunari: «Gure anai txoriak Jainkoa alabatzen daude, goazen aen artera Eleiz-errezoa egitera». Baña nola aen soñuak eragozten zien bata besteari aditzea, aetara itzulita esan zien berriz: «Nere anai txoriak, zaudete ixilik, gure alabantzen zorra Jaungoikoari guk pagatu bitartean». Bereala ixildu ziran, eta etziran asi ostera kantatzen Santuak baimena eman zien artean.

        Albianoko aldeerrian predikatzen ari zan batean, aiñ iskanbilla aundia ateratzen zuten inguru aetan kabiak zeuzkaten enadak, non etzitzaion aditzen zer esaten zuen: «Enada senideak, esan zien Santuak, zuek pranko itz egin dezute; orain nere txanda da; aditu ezazute Jaungoikoaren itza, eta zaute isilik nik predikatzen dudan bitartean». Enadak isildu ziran, eta etzuten egorik mugitu. San Buenabentura da au kontatzen duena, eta gañera dio, bere denboran izan zala Parisen estudiante bat, ari zan lanean enada baten kantuak zabartzen zuelako esan ziena lagunai: «Dudarik gabe ori da San Franziskori predikatzen zegoela pakerik ematen etzioten enadatako bat eta isildu erazi zituenetakoa». Eta enada zegoen alderonz begiraturik, esan zion: «San Franziskoren izenean agintzen dizut zaudela isilik, eta nere eskura atozkidala». Isildu zan txoria, eta joan zitzaion. Mirari artzaz anbesteraño arritu zan estudiantea, non geratu zan mugimentu gabe, eta etzuen pensatu eskuan artzerik, eta andik piska batera egatu zan, eta etzion geiago bere lanik galerazi.

        Ama Birjiña Aingerueneko konbentuan San Franziskoren zelda ondoan zegoen piko arbolara joan zan txitxarra xomorro bat kantatzera. Santuak deitu zion eta bereala joan zizaion eskura; eta eskuan zeukala esan zion: «Txitxarra senidea, kanta eta alaba ezazu Jaungoikoa». Obeditu zion, eta etzan isildu Santuak agindu arteraño. Ala igaro zituen zortzi egun, pikotik zeldara, eta zeldatik pikora ibiliaz. Egun oen buruan erlijiosoai esan zien: «Denborarik asko bada txitxarra senideak konbidatzen gaituela Jaungoikoa alabatzera; utzi dezaiogun joaten». Bereala alde egiñ zuen, eta etzan geiago azaldu.

        Geroago Albernia mendiko San Franziskoren koba zuloaren aldean kabia zeukan mirotz batek aiñ kariño aundia artu zion Santuari, non, moduren batean egiñ zan beraren arratsetako beillari. Matutietako ordua zetorrenean, beti kantatzen zion zeldako atean, eta etzion utziko beiñ ere egun sentia baño len esnaatu gabe. Santuaren eritasunak azitzen bazijoazen, etzuen kantatuko eguzkia atera bitartean, eta orduan ere ixiltxorik.

        Bere azkeneko urteetan Senan zegoela zaldun batek erregalatu zion faisan egazti eder bat. Santua ikusi eta aren itz otsa aditu beziñ laister alako kariñoa artu zion non etzuen beñere aren aldamenetik kendu nai izaten. Askotan eraman zuten maastietara, an libre uzteko, baña bereala ega batean itzultzen zan San Franziskorengana. Erregalatu zioten Santua maiz bisitatzen zuen zaldun beraren adiskide bati, eta etzuen jan nai izaten. San Franziskori ostera bialdu zioten, eta alako poza artu zuen, non egiñ ziozkan milla palagu, eta asi zan txit gogotik jaten.

        Askotan, Asistik egun sentian irtetzen zanean inguruetako errietan predikatzera joateko, asten zan konbidatzen kriatura guziak arekiñ batean kantatzera Jaungoikoaren alabanzak: «Nere senide loretxuak, esaten zien basoko naslorakiai, kanpoko margaritai eta zelaietako bioletai, agur egiozute nerekiñ batean guzion Egilleari»; eta loretxoak makurtzen zituzten beren ari meak, bazerabisten beren ostoak orruntz onuntz inzensu ontzia bezela, eta banatzen zuten beren usai gozo guzia Jaungoikoaren aurrean. «Txitxarrak, uso tortolak eta kurrukak, zion gañera, adoratu dezagun guziok elkarturik bizia eman digun Jauna». Eta txitxarrak, tortolak eta kurrukak asten zuten esker onezko kantua Jaungoikoari.

        Piztietarañokoak ziran erakarriak Asisko penitente umillarengana. Argan errespetatzen zuten Adanen lenbiziko eskualaren argi-errañua, eta Jaungoikoaren edertasun paregabekoarena, alatan non ikusi beziñ laister, manso biurtzen ziran. Irakorleak gogoan idukiko dute Gubbioko otsoaren mudantza. Zenbat ejenplo gis onetako ekarri ditezkean! Kotanellotik Greziora zijoan batean, zeraman bidegiari esan zion, mendi aetan zebiltzan otsoak etziotela ezer egingo. Promes onetan fiaturik eraman zuen Greziora, baña itzuleran basoaren toki illunean irten zitzaizkan otso bi, alderaturik, oñak miliskatu ziozkaten, eta gero lagundu etxeraño, nagusiai beren zakurrak bezela. Grezioko biztanleak jakindu zutenean mirarigille ospatsua etorri zitzaiela, joan zitzaiozkan negarrez erregutzera, arren libra zitzala zeramazkiten bi lazeriatatik, au da, abazuzatik eta otsoetatik. Franzisko kupitu zan, eta itz egiñ zien onela: «Jaungoikoaren onra eta gloriagatik aseguratzen dizutet, ezen, penitenzia egiten badezute, gaitz oek alde egingo dutela; baña denbora berean ziertotzat iduki, baldiñ Jaungoikoaren onegiñak pagatzen badituzute esker txarrarekiñ, zuen kontra bera aserratu, eta kastigu aundiagoak bialduko dizkitzutela». Itz eman zuten agerian penitenzia egingo zutela, eta ala beren itza leialki kunplitu zuten bitartean ez otsoak amarrendu zituzten artaldeak, eta ez abazuzak galdu laboreak.

        Gera gaitezen emen. Ez genduke bukatuko iñoiz Santuaren bizitzan gertatu ziran gis oetako gauza guziak kontatu bear bagiñituzke; alaz guziaz ere, esan degu bear anbat gure irakorleak, altxarik Jaungoikoaren eskuak tapatzen duen estalkia, ikusi dezatekean nola aren Ontasun neurrigabeak deitzen dituen kriatura ezerezak beraren perfezioetan part-artzera, eta gure Erredenzioko misterio illunenetako bat, au da Sortitzaren erreskatea, ezagutzera. San Paulok erreskate edo libertade au adierazi zuen Erromarrai zuzendutako eskutitzean: «Sortitza guzia zizpiruz dago agerkeretako egun aundiaren deseoz. Orain gogoaren kontra bada ere, dago gizonaren arrokeriaren mendean, eta penatzen da, baña etorriko da egun bat zeñean libratuko dan bere ondamenaren uztarripetik, ostera sartuaz Jaungoikoaren Semeen libertadean». Au da Apostoloak erakusten diguna. Orain, miresteko gauza izango da baldin pekatariak paratako uztarripean negar egiten duten kriaturak alegeratzen badira, ikustean libertadea ematen asi zaizten Santuak? Arritu bear gaitu leoiak eta artzak bollesian etzatea martirien oñetan eta kalterik egiten ez duten aberiak jarri ditezela zintzo Jaungoikoaren adiskideen aginteetara?

        Gauza guzien gañeko aginte eta eskubide au ez da fedearekiñ argitua dagoen arrazoiaren kontrakoa, ala ere, ez da gu gutxiago arritzen gaituen gauza. Adanen seme bat, jatorrizko pekatuaren ondoren izan dala bete betean, ezerezetik sortutako gauza guzien Errege, ez da inozenzia berriro eskuratuaren doairik preziosoena, eta negarrezko ballera onetan gizonak ikusi dezakean ikuskarririk ederrena? Egoki eta ederrak agertu bear zuten gauza guziak beren Egillearen eskuetatik irten ziranean, eta gizona berriz aundigoia abere bakoitzari bere izena ematen zionean, eta gauza guziak bere Errege-zigorraren mendean zeuzkanean; baña ez da gitxiago arritzen gaituen ikuskarria, ikustea Adanen Seme bat, Franzisko Morikoni, garbitzen Jesusen Odolarekin pekatuaren azkeneko mantxak, desegiten aurreneko madarikazioaren kutsu guziak eta part-artzen mundu onetatik Kristo piztu eta garailariaren erregetza betikoan.

        Alakoa da San Franziskoren doai, birtute eta gallaldien bilkuia, bilkui aiñ egoki eta zoragarria, eta munduko edertasun guziaz gaiñdikakoa, non Serafiñ irudi onek eztauka berdiñik munduko kondairetan; eta beragatik Unbriako eskolako maixu Giotto eta Perusinok artu zuten gizon berriro libratuaren moldetzat. Seireun urte igaro dira eta ala ere gu mugitzen, alaitzen eta arritzen gaitu, eta gure arrigarrizko sentimentuak adierazi nai baditugu, baliatu bear degu Errege Profetaren itzez, deadar egiñaz berarekiñ: Mirabilis Deus in sanctis suis. Bai, Jaungoikoa miragarria da bere obra guzietan, aiñ miragarria aundietan nola txikietan, kanpoko belar ostoaren gañean zinzilik, eta zeruko argiak distiatzen duten ur tantoan, eta millaka ontzi eder bela beteaz dijoazen itxaso zabaletan; baña are miragarriagoa da bere santuetan, zeñak diran beraren graziaren obra bikañenak, eta Ebanjelioko argiarekin eta Jesu Kristoren Odolarekiñ sendatu, berritu eta altxatutako gizatasunaren irudidekoak.

 

aurrekoa hurrengoa