www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Amabigarren Bereziera

Irugarren Ordenaren izaera eta etorkizuna.

(1221)

 

        Ozta ziran amabi urte Ordena Serafiñdarra jarria izan zala, noiz eta Erlijioso txikienak zeuzkaten konbentuak Italian, Españian, Franzian, Alemanian, eta bai Palestinan ere. Zeruko bedeinkazioak eman zien grazia toki guzietan geitu eta zabaltzeko. Santa Klararen Ordena, fraideena baño iru urtez gerogoakoa, zegoen bere senidea beziñ eder eta mardula. San Franziskoren ejenplo, sermoi eta millagroak irabiatua zeukan Europa guzia, sortu erazi zuen jaiera aundi bat bizimodu erretirokora, eta estadu guzietatik ateratzen ziran anima nobleak aren banderapera edo Santa Klaranera zijoazenak. Apaizak eta beste fededunak beren obligazioakgatik mundua utzi eziñ zutenak, penatzen ziran ezin joan zitezkealako aek ere besteak bezela erlijiosoen bizitza egitera. Persona asko, denbora aetako naspilla eta gaiztakeriaz atsekabeturik, zijoazen Santuarengana, eta eskatzen zioten beren bizitza zuzentzeko argibide bat, joan zitezen seguruago kristau-perfezioko bidean. San Franziskok agindu zien antolatuko zuela argi-bide bat, aen kezkak itzaliko zituena, munduko irriskuetatik gordetzen lagundu, eta mundua utzi gabe, konbentuko pake eta ditxa sentieraziko ziena. Itza kunplitu zuen jarriaz Irugarren Ordena, zeñaren asiera, aurrerapen eta gloriak laburki kontatuko ditugun.

        Obra au, San Franziskoren beste guziak, edo obeto esateko, Jaungoikoaren guziak bezela, jaio zan ixiltasun eta bakardadean. Florenziatik Senara bidean dagoen Toskanako Poggi-Bonzi deritzan errira zijoala, santuak billatu zuen Lukesio merkataria, bere gazte denborako laguna. Lukesio, lenago aiñ zurra eta biotz gogorrekoa, baziran illabete batzuek osoro mudatua zegoela, alabaña bere limosna ugariakiñ onbidea ematen zien, lenago bere zurkeriarekin gaitzerakoa ematen zienai. Ikusten zan beartsuak sokorritzen, ospitalean gaixuai kontu egiten, arrotzai ostatu ematen eta Aita Santuaren eskubideak eskudatzen. Bere biotzeko sentimentu on oek arrerazi nai ziozkan bere emazte Bona-Donnari, baña andre ura piadosoa izan arren, zan munduko konselluai geiegi begiratzen ziona, zan une batetik bestera beren oñpeko lurrak uts egingo diela bildurtzen diran etxekoandre aetakoa, argatik murmuratzen zuen samiñki bere senarraren limosna geiegiakgatik. Millagro batek konbertitu zuen. Egun batean, etxean zan ogi guzia pobreai partitu ondorean erregutu zion Lukesiok emateko oraindik zerbait geroago etorri ziranai, eta Bona-Donnak erantzun zion aserre bizian: «Baña gizon burugabea, ez diezu begiratu bear geiago zure etxeko gauzai?». Lukesio pazientzitsu beziñ ongilleak eraman zuen injuria ura kejatu gabe, eta berriz erregutu zion idiki zezala ogi-kutxa. Denbora onetan biotzetik erregutzen zion bost ogi eta bi eskalukiñ bost milla persona baño geiago eremuan mantendu zituenari. Bona-Donnak obeditu bear izan zion azkenik, eta, o nola arri eta zur egiñik geratu zan arkitzean kutxa ogiz betea! Geroztandik etzuen iñork esan bearrik izan miserikordiazko obrak egiteko eta anima aek elkarren leial zebiltzan karidadezko obren jardueran.

        Etxe onek serbitu bear zuen Penitenziako Irugarren Ordenaren asiera edo zieskatzat. Santuak an sartzean esan zien: «Enkargatu didazute siñalatu dezadala zuen bizieraren moduko argibide bat, eta zuen deseoai erantzuteko pensatu det jartzea Irugarren Ordena bat, zeñean ezkonduak txit ondo serbitu dezaketen Jaungoikoa, eta gauzarik onena deritzat zuek asiera eman dezaiozutela». Senar-emazteak poztu ziran aditzean, eta erregutu zioten Santuari sar zitzala Ordena berrian. Jantzi zien tunika urdiñ-arrea, eta lotu, denbora guzietan bere fundazioaren siñalea izan bear zuen kordoia. Poggi-Bonzi eta Florenziako beste persona asko sartu zituen bizimodu berbereko argibidean, eta ala jarri zan (1221) San Franziskoren Irugarren Ordena, Irugarren Ordena guzietan zarrena. Ura zan mostaza alea laister arbol aundia egiteraño azirik zeruko egaztiak abrigatuko zituena. Andik illabete batzuetara antolatu zien Erregla bat, zeñetako aginte eta legeak txit ondo eratzen diran denbora eta toki guzietako persona mota guzietako bizimoduarekiñ; eta zuzentzen da nai ta nai ez mundu galduan bizi bear duten animai laguntzera, suspertu edo bizierazitzeko beretan espiritu kristaua, eta parte arrerazitzeko erlijiozko bizitzako birtute eta obra onetan.

        Katolikoak diran eta Aita Santuarenganako amorio egiazkoa sentitzen duten guziak sartu ditezke Irugarren Ordenan. Lau kondizio eskatzen dira: 1. Biurtzea bide gaiztoz bildua. 2. Etsaiarekin menetan adiskidatzea. 3. Jaungoikoaren legeko mandamentuak eta Eleizarenak gordetzea, eta gañera erreglan agintzen dana. 4. Emakume ezkonduak sartu nai badute, senarren baimena bear izatea. Erreglak ez du obligatzen batere penapean, ezta pekatu benialenean ere, eta ez dauka beste erakai eta mugarik amorioa eta borondate ona baizik.

        Franzisko asi zan Ordena jartzen arrazoiarekin biotza deitzen dan barrengo erreinu txiki onetan; zergatik, nola zuzendu bestela jendetaldeen elkartasuna asiera kontrako eta gaiztoakiñ? Gero jartzen ditu familietako egiñbideak, eta ondorean Irugarren Ordenaren izaera egiten duten otoitz eta penitenziak. Ala anai nola arrebak egiñ bear dute testamentua Ordenan osoro sartu diranetik aurreneko iru illabeteen barrunbean, errezatu egunoro Ama Birjiñaren Eleiz errezoa, edo ordañez berrogeita amalau Aita gure eta Gloria, barautu ostiral guzietan, Abendu eta Garizuma guzian; jantzi senzilloro bakoitzaren estaduari dagokan eran, eta alde egiñ teatro eta jostaketatatik. Lege oekin galtzen zituen fundatzalle santuak jendetaldearen ondo izatearen ar ondatzalleak, da esatea, lujua eta atsegiñen zalea. Beste bereziñde batean debekatzen ditu juramentuak, isekak eta auziak, eta jende tartean pakea edozeiñ preziotan aseguratu nairik, jartzen du beste lege protxugarri au: «Senideak ez dute eramango arma kaltegarririk, ezpada Erromako Eleizaren, fede katolikoaren edo bere erriaren defensan». Itz batekin desegiten ditu bidegabeko gerrak, itotzen du bengantzaren deseoa, kondenatzen ditu desafio eta ezpaitak, eta zuzenduaz animak beti diraun ondasuneronz, erakusten die Irugarrengoai amorio bat berarekiñ begiratzera Eleizari eta sorterriari, zeru erriari eta lurrekoari: eta ala salkiñdarien izena merezi dute Irugarrengoak, baldin segitzen badute bandera bat bertan ez dauzkatenak itzkribatuak itz santu oek: Jaungoikoa eta sorterria.

        Irugarren Ordenaren Erreglaren gañeko itzaldi labur au ez da asko adierazteko beraren indar eragillea, eta geienaz esan al izango da: «Izan zan jenio berezi bat denbora errukarri aetarako». Baña, zenbat orrelako jenio ez dira izan soillak eta aztuak! Lan-bide bati bizitza eta iraupena, indarra eta ugaritasuna ematen diona da Eleizak ondo artzea, eta Eleizak Irugarren Ordena bere anparupean artu eta eman zion gizonak beren buruz jarritako legeak egundaño iristen ez duten iraupen eta indarra. Aita Santu Honorio Irugarrenak ontzat eman zuen itzez Irugarren Ordenako Erregla 1221an, Inozenzio Irugarrenak Erlijioso Txikiena ontzat eman zuen moduan. Gregorio IXgarrenak 1230ko garagar illaren bieko agirian artu zuen Irugarrengoen defensa, eta berritu zituen bere aurrekoak eman ziezten grazia eta eskubideak, eta azkenik Nikolas IVgarrenak indartu zuen Erregla otsaundiro 1289ko urtean emandako Bulda batean. Bosteun urtez geroago Benedikto XIIIgarrenak egiñ zuen ondorengo itz oetan Aita Santuak Irugarren Ordenari egiñdako mesede estimagarrien bilduera labur eta ontzat ematea.

        «Arreta guziarekiñ pensatu ondorean Orden onen gordetzalle leialak egin dutena, eta Jaungoikoaren laguntzarekiñ, nai badute gero ere egiñ dezaketena, erlijio katolikoaren onerako eta oiturak zuzentzeko mendetasun eta umilltasunezko ejenploakin, Guk beraren iraupen eta zabaltze geiagorako bear dan guzia ornitu eta senideak sosegatu nairik, gere borondatez eta ez anai edo arreba eta ez beste personaren batek artarazi gabe, gauzaren ezaguerarekiñ, eta pobrezari diogun estimazioagatik agiri onen bidez ontzat ematen, indartzen eta jartzen degu betiko Irugarren Ordenaren Erregla au, ontzat eman eta indartua gure aurreko Aita Santu oroipen onragarrikoak, nola diran: Nikolas IVgarrena, konbentuan bizi ez diran Orden onetako giza seme eta emakumeentzat 1289ko abustuaren 17an; Klemente Vgarrena 1308ko abustuaren 30ean; Gregorio IXgarrena 1373ko otsaillaren 6ean, eta Leon Xgarrena Erlijioso Irugarrengoentzat 1521ko otsaillaren 20ean».

        Denbora artan bertan Santo Domingok jarri zuen Lonbardian onen antzeko elkartasun bat Kristoren soldaduzka izendatua. Geroago elkartasun onek artu zuen Santo Domingoren Penitenziako Irugarren Ordena, eta izan zan Eujenio IVgarrenak ontzat emana solemnidadearekiñ 1439an.

        Guk orain tratatzen degun Irugarren Ordena konbentuz kanporakoa ez da elkartasun, edo billera edo konpadri soll bat, ezpada elkartasun espiritual iraunkor, San Franziskoren beste bi Ordenakiñ bateratua, erlijiozko estaduak berez eskatzen dituen pobreza, obedienzia eta garbitasunezko iru botoak bertan ezpadaude ere. Aita Santuak ala erabaki dute: «Bizimodu au ontzat eman, indartu eta txit alabatu duten gure aurrekoen pausoak jarraiturik, dio Benedikto XIIIgarrenak, jartzen eta aitortzen degu Irugarren Ordena izan dala beti eta oraiñ ere dala santua, merezimentuzkoa eta kristau perfezioari dagokiona, eta gañera dala egiaz munduan zabaldurik dauden gizon eta emakumeaz antolatzen dan Ordena bat, alabaña dauka Erregla berekia Aita Santuak ontzat emana, bedoitera edo nobiziadua, profesioa eta abitua bere gai eta egitura jakiñakiñ.

        Au da San Franziskok jarritako Irugarren Ordena, edo obeto esateko, Ordena bat bakarraren irugarren adarra, beregan gizon eta emakume ala konbentuetako nola konbentuaz kanpora bizi diranak artzen dituena. San Franziskok txikienen Ordena jartzearekin atera zituen eremutik monje taldeak, eta armatu Jainkoaren itzaren ezpatarekiñ; Dama pobreenarekiñ berritu erazi zituen Martaren, Ageda, Zezilia eta beste zenbait birjiñen birtuteak, zeñai, fedegabeak arriturik, agur egin zien lurreko aingeru batzuek bezela; eta azkenik Irugarren Ordena jartzearekin erlijiosoen bizimodua eraman nai izan zuen familien erdira eta ezkonduen biotzera. Pensamentu au sortu berria zan baña denbora aetako premiai txit ondo erantzuten ziona, artuaz esan ezin bezelako gogo eta amorioarekiñ. Mundua bete zan donzellaz, andre alargun eta ezkondu agirian penitenziako jantzia eraman, eta etxean erlijiosoen lanak egiten zituztenaz. Espiritu kristau egiazkoa dan elkartasunezko espirituak laguntzen zion mugimentu oni, eta odoletik etxe batekoak egiten ditugun serbitzuakgatik jendetalde batekoak jaiotzaz sorterrikoak eta bataioaz Eleizakoak geran bezela, ala orduko jendeak beren borondatez ziran penitenziako apostolutzako lanetan Jesu Kristo serbitzen zuten bi soldaduzka gloriatsu aen artean batekoak: «Jazten zuten San Franziskoren edo Santo Domingoren abitua, eta txertatzen ziran zepa bi oetakoen batean aren izerdiarekiñ bizitzeko, bakoitzak bere izaera galdu gabe, bisitatzen zituzten maiz aen Eleizak, parte artzen zuten aen otoitzetan, laguntzen zizaien beren adiskidetasunarekin, eta jarraitzen ziran alegiñean aen birtuteen ejenploak. Eta ala etzuten uste prezisoa zala mundutik alde egitea santuai jarraitzeko, edozeiñ bizi-lekuk serbitzen zuen zeldatzat, edozeiñ etxek konbentutzat».

        Irugarren Ordenak etzuen jaiotzea besterik egiñ, eta jendeak Aita Santuakiñ batean deadar egiten zuten zala Jaungoikoaren obra, eta gure Santuaren zeloaren frutu gozoa. Beraren kondaira da denbora aetako parterik ederrenetako bat. Ordena berri au zabaldu zan beste biak beziñ laister, eta mendi eta itxasoak igarorik, iritxi zan Txinako mugataraño, eta oiturak onduaz, asko lagundu zuen XIIIgarren eunkia izan dediñ izatez eunki kristaua; Kristobal Koloni lagundu zioten franziskoarrakiñ joan zan Amerikara; azkenik sortua izan zanetik oraindaño eman ditu nun nai eta edozein persona motetan santutasunezko ejenplo arrigarriak eta aiñ ugariak non ez eremuak eta ez konbentuak eman dituzten ederragoak. Bertan izandu diran persona santu guziak kontatu ezin ditugun ezkero, aitatuko ditugu bikañenak.

        Lenbiziko Irugarrengoa izan zan Lukesio, lenago aitatua daukaguna. Penitenziako soldaduzka espiritual onetan sartu zan egunetik, saiatu zan jarraitzen leialkiago bere Aita doatsuaren pausoak, eta bere gañerako bizitza enpleatu utsegiteakgatik negar egiten, obra onetan eta pobre eta gaxoai kontu egiten. Jaungoikoak ordañez eman zion mirariak egiteko eta orazioan kordegabetanik egoteko doaia. Kontatzera guazen pasarteak agerteraziko digu itzaldi luzeak baño obeto beraren izaera eta birtuteak. Beiñ batean pobre gaxo bat bizkarrean zeramala, gazte lasai batek berarekiñ topo egiñik isekaz esan zion: «Zer deabru daramazu bizkarrean?». «Ez da deabrua nik daramadana, erantzun zion Lukesiok, ezpada Jesus, zeñak zuen nere senide txikitxoenetakoren batekiñ egiten dezuten guzia, nerekiñ egiñgo dezute»; erantzuera miragarria, zeruak millagroarekin indartu zuena. Blasfemari zentzugabea bere pekatuaren kastiguz, an bertan mututurik geratu zan, baña egiaz damuturik, burlatu zuenarenganatu zan, eta onek nola etzeukan gorrotorik, erregutu zuen arengatik eta ostera sendaera iritxirik, despeitu zuen itz eder oekiñ: «Pakean zuaz, ene seme, baña kontu emendik aurrera ez itzez eta obraz ez dezazula Jaungoikoa isekatu».

        Bona-Donnak ezaguturik Lukesiori atzeneko ordua iritxi zizaiola, erregutu zion eskatu zezala zeruko atsegiñetan elkarrekiñ egotea, munduko neke eta eraman bearretan elkarrekiñ egon ziran bezela. Grazi au Lukesiok iritxi zion, eta ondorean eriotz santu bat egiñ zuen; ortz tartean erregu au esaten ari zala: «Ematen diozkat eskerrak Trinidade guziz santu, Aitari, Semeari eta Espiritu Santuari; Jesu Kristoren Pasio Santuko merezimentuakgatik deabruaren engañioetatik libratu nauelako». Au gertatu zan 1232ko apirillaren 28an.

        Lukesio izan bazan Irugarrengoetan aurrenekoa, Franziako errege Luis IXgarrena izan zan sonatuena, kapitan eta prinzipe aundi bat ezezik XIIIgarren eunkiko santu aundienetako bat izan zalako; alabaña Mansurako illkintzaren ondorean bere bentzule biotz gogorrak ere erakarri zioten errespetoa; ill zan leialki gordeaz bere bandera noblea, «Jaungoikoa, Franzia eta Margarita», eta merezitu zuen San Franziskoren Irugarren Ordenako Senideen Santu goartaria izatea.

        Goazen oraindik señalatzen: Aita Santuen artean ziran Irugarren Ordenakoak Gregorio IXgarrena, Julio IIgarrena, Leon Xgarrena, Inozenzio XIIgarrena, Pio IXgarrena eta oraingo Leon XIIIgarrena. Erregeen artean Migel Paleologo, Rodolfo Habsburgokoa, Luis VIIIgarrena, San Luisen aita; Karlos Vgarrena, Felipe IIgarrena eta IIIgarrena Españako erregeak; Bela IVgarrena, Ungriako erregea, Jagelon Poloniako erregea, Juan Aragoiko erregea, Karlos IVgarrena Bohemiako erregea, Karlos IIgarrena eta Roberto, Sizilia eta Jerusalengo erregeak, eta Amadeo, Saboiako dukea. Eleiz-gizonetan ala praide nola apaizetan San Ibo, San Roke Monpellerkoa, San Franzisko Paula, San Ignazio Loiolakoa, San Vicente Paul, Olier jauna, Berulle kardenala, eta gure denboran Asisko anima zaia.

        Oek guziak gloriatzat zeukaten San Franziskoren abitu señalea eramatea, Treio Kardenalak aita Wadingo argiari 1623ko urtean izkribatu zion eskutitzean ain ongi adierazten duen bezela: «Alabatzen nazu, esaten dio, kardenal jantziaren gañetik dakardalako zuen fundatzalle santuaren abitu illun eta lokarri lodia, eta egiaz ez detala orregatik alabantzarik merezi. Erropa onek ezereza badirudi, beraren bearra badet, bada arkiturik altxatua Eleizan aiñ onra aundira, umilldu bear det, antusteak menderatu ez nazan. Baña San Franziskoren abittua ez da egiazko suteo txit egokia are eta geiago altxatzeko prinzipe eta kardenalen diñatasuna? Bai, egiaz da Jesu Kristoren odolean eta bere serbitzariaren llagetakoan bustitako suteoa, eta ala daramaten guziai ematen die erregetasuna. Zer egiñ det abittu aiñ santua jantziarekiñ? Bat egiñ suteoa suteoarekiñ, erregetzakoa kardenaltzakoarekiñ, eta ala, umildu bearrean, bildur naiz, ez ote diodan erakarri nere buruari onra geiegi, eta alabatu bear baño geiago».

        Jakintsunak eta bersolariak makurtu zituzten orobat beren kopeta erregeenak beziñ nobleak gure Santuaren umiltasunaren aurrean. Aitatuko ditugu Erramon Lulio 1315an martirioa sufritu zuena; Migel Anjel eta Errafael, pintalari eta otallari lenenak, Kristobal Kolon, mundu berri billatzallea; Dante bersoetan zizelatu zuena Artzai miragarri aren erretratua, zeñaren bizitza obea dan kantatzeko zeruko glorian; Lope de Vega, Españako komedigille aundia. Gizon aundi oek guztiak nai izan zuten meztituak izatea Irugarren Ordenako abituarekin, sinismen osoan zeudelako Jaungoikoaren juizioa biguñagoa izango zutela aurkestutzen baziran umiltasunezko jantziarekin, eta bersolari eta artisten erramu-koroak errespetatzen ez dituen tximistak, errespetatuko duela pobrearen jantzia.

        Baña emakumeengan anbat zale eta amorio bizi etzuen besteengan pizkortu Irugarren Ordenak. Gaztetasunetik jarririk geienean berak eskatzen etzuten uztarripean, zijoazen San Franziskogana, arkitu naiean penitenziako abitupean munduari alperrik eskatzen zioten sosegua. Konbentua zijoakien beretara, berak konbentura joan eziñ ziran ezkero. Egiñik guraso edo senarraren etxeko bazterren batean aldare misterioso bat berak maite zuten zeruko esposoz betea, an ixurtzen zituzten libreki amoriozko ujolak, zeintzuen gordeleku beñere agortzen ez dana dan emakume kristauaren biotza. Irugarren Ordenak betetzen zituen aen deseo gogozkoenak, bizi ziran mendetasun gogorra arintzen zien bitartean, eta aek ordañez aberastutzen zuten beren birtute, amorio eta santutasunarekiñ. Irakorleak ontzat emango digu baldiñ ezaguerazitzen badiozkagu usai txit gozozko lore oetakoen batzuek, zeruko lorategi onetan aurrena aldatuak, eta bera geiena edertzen dutenak.

        Guziai eraiten die Santa Isabel Hungriakoak, San Franziskoren biotzean eta erri kristauaren amorioan toki berezia izan zuenak. Turingako Jaun Luis piadosoarekin ezkondurik, Isabelek bere inozenzia eta edertasuneko egunik onenetan ematen zuen bere jargoitik San Franziskok geien estimatzen zituen birtuteen ejenploa. 1221an bere etorkizuna Ordenarekin bat egiñ zuen denboran amalau urte baizik etzituen, eta aren biotz gauza noble guzietarako irikia zegoenak agertzen zuen kanpo oparo bat erne eta azitzeko Santu fundatzalleak kristau errietan zuen bizitzako azi indartsua.

        Urte berean Erlijioso txikienak Alemanian bigarren aldian agertu ziranean, emakume santu argan billatu zuten alaitasun eta anparoa. Egiñ zien konbentu bat erreinuko erri-buru zan Eisenachen erdian, eta autu zuen konfesoretzat frai Rodingo, San Franziskoren Erregla artu zuten alemanetan aurrenekoetakoa. Irugarren Ordenaren ezaguerara ostalari berri oen bitartez etorririk, pensatu zuen billera onek asko balioko ziola kristau deboto bati, eta ala bertan sartu zan, era onetan bere borondatez artu zituen mortifikazio eta obra piadosoak nolerebait konsagratzen zituelako. Santa Isabel izan zan Alemanian lenbiziko aizpa Irugarrengoa, eta uste izan diteke aiñ izen aundi eta piedade aiñ señalatuko prinzesaren ejenploak asko serbitu zuela lurbira artan Ordena au zabaltzeko.

        San Franziskok jakiteraturik bere misiogilleak egiñ zuten irabazi baliosoa, atsegiñ aundia artu zuen, eta iñor bizi zan bitartean santututzea zorrotzki debekatua zeukanak, etziozkan ukatzen alabantzak Santa Isabeli. Prinzesa aren umilltasun arrigarria, piedadea eta zorigaitz guztiak sokorritzeko karidadea ziran Ugolino Kardenalarekin zeuzkan jolas-gaiak. Egun batean leiatu zizaion kardenala, eman zeiola amorio siñaleren bat aiñ bidezki bere alaba deitu zezaiokeanari, eta jantzita zeraman kapotetxo arabatua kendurik, agindu zion berealaxe bialdu zezaiola. «Zure espirituz betea dagoen ezkero, esan zion, nai det utzi dezaiozula Eliasek Eliseori utzi zion seni-partea». San Franziskok obeditu zion, eta bialdu zion Dukesari bere abituaren prenda ura eskutitz batekiñ, zeñean esaten zion atsegiñ aundia artzen zuela Jaungoikoak anbeste doaiez ornitu, eta aezaz aiñ ongi usatzen zuelako.

        Isabelek artu zuen fede eta esker onarekiñ Elias berri aren kapotetxoa, esker on au agertuaz denbora guzian erregali ari izan zion estimazioarekiñ, eta jarraitzearekin berak oroituerazitzen ziozkan birtuteak. Jaungoikoak bildu nai izan zituen Isabelengan erregetzako aunditasuna eta oñazezko aunditasuna, eta bisitatu zuen pena eta atsekabeakiñ. Ogei urte zituenean alargundu zan, Wartburgoko gaztelutik botia, Eisenach-ko karriketan bere aurrakiñ nora joanik etzeukala, zituen gauzak kendu eta guziak utzia zegoela, errege alaba onek nekerik askorekiñ iritxi zuen ganadu-estalpe batean gauak pasatzeko lekua ematea, baña ainbeste zorigaitzen artean portatu zan San Franziskoren jarraile egiazkoa bezela, alabaña etzuen keja bat eman bere persegitzalleen kontra, ezpada bizitu zan osoro menderaturik Jaungoikoaren borondatera. Eztago letraz ezarria, zenbat parte geiago artzen dan bizitz onetan Jesu Kristoren neke-penatan, anbat parte aundiagoa artuko da zeruan beraren glorian? Prinzesa errukarriak aditurik Franziskoarren eskill-soñua gau erdian, joan zan ara Matutietara, eta erregutu zien kantatu zezatela Te Deum Jaungoikoari eskerrak emateko bialtzen ziozkan atsekabeakgatik.

        Pasarte bat bakarra asko da erretratatzeko egoki San Franziskoren jarraile noble eta alaitsu ura. 1228an San Franzisko ill zanetik bi urterako egun batean Santa Isabel pasatzen zan errekatxo loi batean, or emen zubi ordez zeuden arrigañetatik, noiz eta erdira zanean topo egiñ zuen kontrako aldetik zetorren amona eskale, limosna ugariak denbora obeagoetan eman izan ziozkanarekiñ. Eskaleak, pasatzean utzi bearrean, bultzatu eta erori erazi zuen ur loi aetara, denbora berean esaten ziola lotsagabekeri aundiarekiñ: «Dukesa ziñanean etzenduen bizi nai izan dukesaren moduan, ikusi zaitez orain pobre eta loietan sartua. Etzaitut ez nik ortikan aterako». Isabel irten zan andik al zuen moduan batere pazienzia eta gozotasuna galdu gabe, eta gero parra irriaz erantzun zion: «Ona emen lenago erabiltzen nituen alaja eta arri preziosoen ordezkoak». Eta joan zan bere arropa garbitzera an inguruko putzu batera eta anima berriz Bildots guziz garbiaren odolean.

        Jaungoikoak poz piska bat eman nai izan zion zeraman samiñtasun aundian. Gregorio IXgarrenak (Ugolino Kardenala) San Franzisko kanonizatu edo santutzat aitortu zuenean bialdu ziozkan fundatzalle santuaren saiets irikitik irten ziran odol tanto batzuek, eta Isabelek gorde zuen erliki aiñ balioso ura Magdeburgon egiñ zuen ospitalean.

        Arteraño Isabel asentatua baizik etzegoen Ordenan, eta bertan betiko geratzeko, artu zuen Irugarren Ordenako abittua frai Bukcharden eskuetatik 1229 edo 1230ko Ostiral Santu egunean. Gerozko bere denbora guzia enpleatu zuen gaxo eta legenartsuai kontu egiten; eta iltzeko zorian zegoenean eraman erazi zien San Franziskoren kapotetxoa, eta eman zion bere laguntzalle bati, esanaz: «Ene alaba, au da nere prendarik onena, eta aseguratzen dizut, ezen, orrezaz apaiñdu naizen guzian Jesus nere Jaungoiko maiteak atsegiñez bete nauela». Anima serafiñdarra, eta zerurako osoro eldua (etzituen ogeita lau urte baizik), Isabel joan zan zerura 1231ko azaroaren 19an, San Franzisko ill zanetik bostgarren urtera. Gregorio IXgarrenak para zuen Santuen lumeroan 1235ko maiatzaren 26an. Eta da Alemanian lenbiziko alaba izan zan Irugarren Ordenaren alabaen santu goartaria eta da ere ango onra txit aundia.

        Para ditzagun Santa Isabelen inguruan berari zeruan gortea egiten dioten emakume santu batzuek. Pika, San Franziskoren ama piadosoa, Humiliana Zerchi doatsua, Florenziako aurreneko Irugarrengoa, martirioaren eresi zan anima irazekia, Santa Errosa Viterbokoa, aingerua zirudian kriatura, Ama Birjiñaren aginduz amar urte zituenean Ordenako abittua jantzi, Profeten gisan penitenzia predikatu eta Federiko bigarrenak deserritua izateko onra aundia izan zuena, eta Enperadorea botea izango zala eta Eleizaren garaipena alde-aurrez esanik, emezortzi urte zituenean bere merizimentuen saria artzera zerura joan zana. Aitatu ere dezagun Gaztelako Blanka, San Luisen ama eta errege-familia guztia; Portugalko Santa Isabel, Pakearen Dama eta erriaren Ama mendekoak esaten ziotena; Poloniako Kunegunda, ezkontza-bizitzan garbitasuna gorde zuena; eta azkenik arako gazte lasai, XIIIgarren eunkiko pekataria deitu genezakeana, Irugarren Ordenako Magdalena, Margarita Kortonakoa, zeñaren on biurrera eta penitenzia dagokien gure kondairari San Franziskoren Ordenaren mesederik señalatuena bezela.

        Toskanan jaioa (1249), edertasun zoragarrikoa, anima irazeki eta biotz aundikoa, arkitu zan txit gazterik bere amaren konsellu zentzuzkoak gabe, eta nola ikusten zan bere buruaren jabe, pobre eta esperienziarik etzeukala, eman zan osotoro munduko atsegiñ limurietara, eta zaldun batekiñ gaizki biziturik, beragandik seme bat izan zuen. Ala Jaungoikoak errukiz begiratu zion, eta ara nola atera zuen nastua zegoen loietik. Bere amorio-laguna joan zan bidajean aste batzuetarako, beti berekiñ zebillen erbi-zakurrarekiñ, baña andik egun batzuetara zakurra itzuli zan bakarrik eta sartu zan Margaritaren gelan. Zakur leialak egiten zituen marru kupigarriak, bere etxekoandreai miliskatzen ziozkan eskuak, eta tiratzen zion soñekotik, esaten bazion bezela segi zezaiola, eta ala egin zuen Margaritak, pensamentu tristeakiñ burua betea zeramala. Eraman zuen zakurrak uritik zerbait urruti zegoen baso bateraño, eta an geraturik, are eta inziri aundiagoak egiten zituen arbol-adar pilla baten ondoan. Margaritak kendu zituen arbasta batzuek, eta ikusi zuen bere maitearen gorputza labanaz josia eta arren janari egiña. Ikuskarri ikaragarri ark erakarri zuen beregan pensatzera, eta Ebanjelioko pekatariari gaiztakerian jarraitu zion bezela, jarraitu zion damutasunean. Ixuririk Gurutziltzatuaren oñetan negar malkoak, au da, animaren odola San Agustiñek dionez, merezitu zuen Magdalenak bezelako barkazioa. Aitak eta uezamak erritik bota, eta Jaungoikoak ez beste guziak utzirik, joan zan Kortonara bere semearekiñ, eta artu zuen an Irugarrengoen abittua, txit laister izan zan penitenziako amoriozko ispillu bat, eta ikusi zan Magdalena bezela, zeruko Esposoaren mesedez betea. Semea sartu zizaion geroago Erlijioso txikienen Ordenan eta señalatu zan santutasun eta apostolu zeloan. Margarita ill zan amoriozko korde-gabetze batean 1297ko otsaillaren 22an eta Benedikto XIIIgarrenak santutzat aitortua izan zan. Ala Irugarren Ordenaren bitartez, oitura onak sartzen ziran familietan, Ebanjelioak bere usai gozoa banatzen zuen munduan, eta Jaungoikoaren Espiritua eremuetan bizitu ondorean, agertzen zan bide zabaletan. XIIIgarren eunkia salbatu zan.

        San Franziskoren Irugarren Ordenak iritxi zuen beste frutu bat, pasakorra eta Italiarako bakarrik bazan ere, jendeen alabanzak merezi dituena. Santo Domingorenarekiñ elkar arturik, gorde zituen Aita Santuaren eskubideak, eta desegiñ Alemaniako Enperadoreen asmo galgarriak. Pedro Biñas, Federiko bigarrenaren ministroak berak aitortzen du ondore au bere nagusiari zuzendu zion eskutitz batean: «San Franziskoren erlijiosoak eta Santo Domingorenak kontra altxa zaizkigu. Gure bizitza eta lanbideak eman dituzte gaiztotzat agirian, eta gure eskubideak autsirik, biurtu gaituzte ezerezera; eta gure nagusitasuna desegiteko para dituzte bi Billera berri, gizon eta emakumeak bertan artzen dituztenak. Guziak dijoaz an sartzera, eta ozta arkituko da bat sartua eztagoena». Eleizaren etsai baten aitormen au da txit balio aundikoa, argitzen du kondairaren puntu illunenetako bat, eta adierazten digu Guelfoen garaipen osoa Erlijioaren eta jaiet-erriaren serbitzuan enpleatutako elkartasunezko espirituagatik. Elkartasunezko espiritu ark eratzen ziezten Irugarrengoai bide txit indartsuak gogor egiteko jende abereki aen erasoai, eta iristeko geldika geldika arrazoiak indarra menderatzea. Jarri ziran Aita Santuaren banderapean, eta aldarte guzietan agertu ziran beraren gerrari bulardetsuenak; alatan San Franziskok bete zituen iru Ordenak bere espirituz, zeña zan Jesu Kristoren Ordezkoarenganako obedienzia eta amorioa! Batere duda gabe aitortzen degu bada, San Franziskoren Irugarren Ordenak egiñ ziozkala Italiari bi mesede oek: gorde fede katolikoan, eta libratu besteren uztarripetik. Orregatik Aita Santuak bete zituen alabantzaz eta eman ziozkan eskubide eta grazia espirituzkoak.

        Penitenziako Irugarren Ordena Bolonian eta Toskanako beste errietan jarritakoan, Franzisko, ikusten etzuen eskuak giaturik, jetxi zan Apenino mendietatik. Sentitzen zuen bere barrunbean aiñ maite zuen Porziunkulako eleizatxoa berriz ikusteko zale aundi bat, Jaungoikoak an prestatuko ziozkan mirarien batere kontu gabe. Orain guaz kontatzera, giari anziñako kondairatzalle Bernardo Besse degula, baña Eleiz Santu artan pausoa eman baño len, geratu gaitezen piskatxo batean pensatzen: Oñpean daukagun lurra santua da, erantzi ditzagun oñetakoak, Moisesek bezela, da esatea, garbi ditzagun biotzak eta altxa animak, merezi dezagun ikustea an agertuko dan ikuskarri aundi eta konsolagarria.

 

aurrekoa hurrengoa