www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Amazazpigarren Bereziera

Albernia mendia. Emen ezartzen zaiozka zauriak San Franziskori.

(1224)

 

        Toskanaren sarreran eta Unbriako muga aldean altxatzen da mendi bat, zeñaren gallurra berezitzen da Apeninoetatik, eta oñetik dijoazen bost ibai, Tiber eta Arno sartaldetik, eta Metauro, Foglia eta Marecchia sortaldekotik; ori da Albernia, mendi bedeinkatua, San Franziskoren Tabor eta Kalbarioa pozik deituko giñiokeana, an zeruko meditazioen atsegiñak gozatu, eta an bere odola ixuri zuelako. Albernia mendira bere joanerak eta ango egoerak aiñ oroipen bizia utzi dute, non emen berritu bear degun merezi duen arretarekiñ.

        Franziskok aurreneko joanera egiñ zuen Alberniara 1213ko udaberrian Españara zijoala, eta andik Marruekora pasatzeko asmoarekiñ. Gertatu zizaion igarotzea Montefeltroko gazteluaren ateetatik, zaldun guda bat asterako abian zeudenean. Ate aundiaren gañean zegoen Etxe Jaunaren bandera zabaldua, patioan aditzen ziran eskuzaldien ankaotsak, eta dorre goienetatik jotzen zuten tronpeta soñuak, adierazten zuen pesta astera zijoala. Montefeltroko Konde gaztea, aurreko gau guzia arma-beillan bere aurrekoen kapillan igarota zijoan zaldun armatua izatera Florenziako nobleza guziaren aurrean.

        Franziskok, nola baizituen txit gogozkoak erlijio eta soldaduzka gisako pest oek, esan zion berekiñ zeraman lagunari: «Anai Leon, igo gaitean gaztelura, bada Jaungoikoaren laguntzarekiñ egingo degu an zaldun espiritual bat». Zeremonia bukatuta zaldun guziak aparteko patioan bildurik zeudela, Franziskok, aulki batera igorik zuzendu zizten aditzalle aei itz batzuek azalduaz txit egoki Italiako esaera au: «Tanto é il bene ch'io aspetto, ch'ogi pena m'é diletto»: «Deseo dedan ondasuna da aiñ aundia, non edozeiñ pena da neretzat atsegiña». Eta aitatu zien Apostoluen, martirien eta konfesoreen ejenploa, nola oek gogo onez jartzen ziran tormentu mota guziak sufritzera zeruba irabazteagatik. Jaun argi aek osotoro arriturik, aditzen zituzten aren itzak aingeru batek esanak bezela, alatan, non, aetako batek, Orlando Chiusi, Kasentinoko Konde anima garbi, munduan bizi bazan ere, mundukoa etzanak, sermoia bukatzean lagunetatik berezi eta deiturik, esan zion: «Aita, denbora asko da ordu oni itxedoten negoela; zurekiñ itz egiñ nai nuke nere animaren salbazioaren gañean».

        Eta Franziskok nola baizeukan zelo beziñ zentzu aundia, erantzun zion amoriozko farra irriarekiñ: «Atsegiñ aundiarekiñ, ez oraiñ ordea, onra itzatzu zure adiskideak berakiñ festa guzian egonaz, eta bazkal ondorean itz egingo degu gogo dezun guzia». Orlando kondeak Santuaren konseillua segitu zuen, eta bazkaria bukatu zanean Franziskorengana joanik, itz egiten egon zan luzaro zeruko Zorionaren, eta bera iristeko bideen gañean. Kondeari aiñ laburra iruditu zizaion jolasari utzi ziotenean, onek esan zion Santuari: «Nere lurretan daukat mendi bat osoro eremua, sentiduak bildu eta meditaziorako egokia. Ikusi ezazu, eta ona baderitzatzu, emango dizut zuretzat eta zure lagunentzat nere animaren salbazioagatik». Franziskok eskeñia ontzat artu zion, eta bai agindu ere bere erlijiosoetako bi bialduko zituela Albernia-mendira, Españako bidajea berak egiten zuen bitartean.

        Bi erlijioso joan ziran Chiusiko gaztelura, zeñaren orma puska izugarriak ikusten diran oraindik Rasina errekaren ertzean eta Alberniatik milla bat pausora. Orlando kondeak txit ongi artu zituen, eta bildurik berrogeita amar gizon lapur eta lar abereetatik gordetzeko, joan ziran bidezko oen buru bera zala. Mendiko igoera da txit gaitza, alabaña iru aldeetatik guzia da arkaitz uts, soll eta zuzenez betea, eta igo al ditekean laugarren aldea dago amilkai izugarriak estaltzen dituzten arbol eta larrez itxia. Igoera periltsua bazan ere, gure bidelariak proba egin zuten, eta etzitzaien damutu. Igotzen zijoazen bezela aen begien aurrean agertzen ziran ikuskarri bata baño bestea nabarbenagoak: alaitzen zituzten, eta etziran aspertzen ango kanpo aundi, latz, ikaragarri eta pintatu eziñ ditezkean aei begira. Iritxi ziran azkenik mendi tontorrera, nun arkitu zuten zelai bat abeto eta pago arbolaz estalia. Toki ura gustatu zitzaien bi erlijiosoai, artu zuten Franziskoren izenean Orlandok egiñ zien emaitza, bereala antolatu zituzten txaola eta kapilla bat, eta egiñ zuten Eleiz errezoa, mendiaren jabedasuna orazioarekiñ artzeko.

        Franziskok Españatik itzuli zanean, agindu zien emateko pasatako guziaren kontua, eta alako kolore ederrakiñ pintatu zioten bakardade ura, non esan zien lagunai: «Nere seme maiteak, alderatzen zagu San Migeletako garizuma, eta uste det Jaungoikoak deitzen gaituela Albernian pasatzera, eskeñi ditzaiegun penitenziarekin gure Salbatzalleari, bere Ama gloriotsuari eta Aingeru Santuai». Eta bereala eman zizaion bideari frai Masseo, frai Leon eta frai Angel lagun zituela. Eta frai Masseori esan zion: «Ene seme, zu izango zera gure agintari bidean goazen bitartean. Bidean guk gordeko ditugu konbentuko oiturak, au da, errezatuko degu Eleiz-errezoa eta egongo gera ixilik, utzirik Probidenziaren eskuetan gure mantenua eta atarbea». Iru erlijiosoak burua makurtu zuten, eta Masseo jarri zan iruren aurrean. Lenbiziko gaua igaro zuten Ordenako konbentu batean, baña bigarrenean nekeak eta eguraldi gaiztoak sar erazi zituen utzia zegoen Eleiz zar batean. Iru lagunak loak artu zituen, ez ordea Franzisko, bada geratu zan orazio egiten, eta gogor egiñ bear izan zion deabruen eraso portitz bati. Espiritu gaisto oek arrabiaz beterik beren agintea kentzen zielako, agertu zitzaiozkan itxura ikaragarrietan, eta gogorki erasorik, ebaki zuten kolpeka, eta utzi lurreratua erdi illean. Jazarrearen gogorrenean Franziskok biotza zeukan altxia denbora guzietako errege Jesusenganonz, bere kapitanaren aurrean portizki peleatzen dan soldaduak bezela. «Jesus, nere Jaungoikoa! deadar egiten zuen, eskerrak ematen dizkitzut zure mesede guziakgatik, baña batez ere zure amorioaren prenda segurua neretzat dan oraingo onegatik. Nere pekatuak mundu onetan kastigatzen dizkidatzu, bestean barkatzeko. Nere biotza prest daukazu sufritzeko milla bider geiago, zuk ala nai badezu». San Buenabenturak esaten digu San Franziskok askotan gogor egin bear izaten ziela deabruai, baña espiritu arro oek, aren irmotasuna bentzutu eziñik, beti lotsa gorrian iges egiten zutela.

        Biaramon goizean aiñ kemen gabe arkitu zan Franzisko, non eziñ oñez ibili zan. Lagunak joan ziran aldameneko erri txiki batera, eta billatu zuten nekazari prestu bat astoa eman eta berai laguntzera joan zitzaiena. Eman zitzaiozkan bada bideari: aurrena zijoan San Franzisko asto mansoaren gañean, eta ondoren fraideak eta nekazaria; onek mendiko aldapa igotzen asi ziranean esan zion Franziskori senzilloro: «Aita, esan zadazu egia, zu zera benetan Franzisko Asiskoa, jendeak berazaz anbeste itz egiten duena?». «Bai», Santuak erantzun zion. «Atsegiñ artzen det, eta saia zaitez jendeak dion bezelakoa izaten, beren ustean engañatuak izan ez ditezen». Franzisko umillak anbeste senzilltasunez arriturik, asto gañetik jetxita belauniko jarri zan nekazariaren aurrean, eta muñ egiñ zion oñetan eman zion konsellu onaren paguan, eta gero igo zan ostera asto gañera.

        Bitartean mendian barrentzen ziran bezela, aldapa zan biziagoa, bidea kaskarragoa eta eguzkia beroagoa. Mendietan ibiltzen oitua dagoenak daki zenbat sufritzen dan alako aldarteetan. Nekazariak, beroak eta egarriak erasanik, deadar egin zuen: «Ni ez naiz geiago! Iltzera noa edateko urik billatzen ez badet!». Baña eremu artan ur tanto bat ere etzegoen. Franzisko kupittu zan errukarri artzaz, eta besoak zeruronz altxaturik, jarri zan eskatzen konfianza osoarekiñ Jainkoaren probidenziari sokorri zezala tranze estu artan. Eztago izkribatua Jaungoikoa dala Aita, eta Aita bat besterik ez bezelako ona eta kariñotsua, eta maite dituenen erregu txikienetara makurtzen dala? Berealaxe, ezaguturik aren eskaera aditua izan zala, Franzisko itzuli zan nekazariarengana, eta beatzarekiñ arri aundi bat señalaturik, esan zion: «Ikusten dezu arri ori? Zoaz ara, eta arkituko dezu iturri bat Jaungoikoak bere ontasun eta zuganako urrukimentuz sortu duena». Gizonak santuaren itza sinistu zuen, eta begiratzen zion beste Moises bati bezela Jaungoikoarekin zeukan balimentu aundiagatik. Joan zan esandako tokira, eta billatu zuen egiaz ur presko eta gozozko iturria, baña ez al zuen bertatik naiko ura edan, betiko desagertu zan.

        Ozta arkitzen da Santuaren bizitzan beste pasarte bat au baño arrigarri eta lilluragarriagorik. Ze kuadroa! Bidelari batzuek baso mortuan galduak, aetako bat egarriak iltzen, beste santu bat Jainkoari erreguka eta ark aditua, eta guziaren erdian Jaungoikoa bere serbitzarien biziari kontu egiten ama kariñosaren gisan... Irudikai aiñ senzill eta aundi onek, ez du merezi kristau artisten argitasuna sospertzea?

        Iritxi ziran azkenik gure bidelariak mendi tontorrera, nun aztu zitzaizkaten igoeran igaro zituzten nekeak. Franzisko eseri zan aritz zar baten azpian, eta begiraturik bere begien aurrean agertzen zan ikuskai guziz aundiari, zeru urdiñ txit ederra, baso iñoiz aizkortu gabeak, Toskanako zelai galantak, Kortonako ballera eta Perusako aintziraren parte bat, osoro lilluratua geratu zan tokiaren edertasunaz. Alberniako bakartasuna gustatu zizaion, baña geiago mendiaren aunditasun latz itzaltsua. Bitartean txori sall bat ara joan zan, eta zebiltzan egaka bere inguruan, orain jartzen zitzaizkan bizkarrean, gero eskuan, beren egaka eta soñuakiñ ongi etorria eman nai izan bazioten bezela. Alako jostaketatara oitua bazegoen ere Franzisko, arritu zan, eta ala esan zien lagunai: «Badakus, emen geratu bear degula, alabaña gure anai txoriak poztutzen dira gure etorrerarekiñ».

        Orlando kondea, jakiñik Franzisko Albernia gañean zegoela, joan zan ara gizon batzuek lagun arturik eta janariz orniturik. Erlijiosoak arkitu zituen orazioan. Bereala Franzisko altxata joan zizaion ongi etorria ematera, eta beste fraideen zeldetatik zerbait aparte zegoen pago eder baten ondora eramanik, esan zion: «Eskerrik asko mendi santu au eman diguzulako; eta mesedeak mesedeai ezarri nai badieztezu, egidazu txaola bat, tellatutzat arbol aundi onen adarrak dituena». Kondeak bereala agindu zuen Santuaren deseoa kunplitzeko.

        Erraz ezagutzen da, ermita edo erregutegi bat pillaretzat arbol-tronko mentondoak, ojibatzat adar elkar lazotuak, apaiñgarritzat osto nabar, sartaldeko eguzkiak urreztutzen zituenak, alfonbratzat zotal biguñ, eskilluntzi eta garoak, eta goien zeru boilla ikusteko leiatilla bat zeukana, izan bear zuela txit atsegiñgarria San Franziskok bezelako anima osoro oraziora emana zeukanarentzat. Illuntzean kondeak etxeratu bear zuenean, Santuak berriz ere eman ziozkan eskerrak egiñ zion guziagatik, bedeinkatu zuen bera eta langille guziak, eta azkeneko agurra esatean kondeak arturik bereziro erlijiosoak, esan zien: «Nere anai maiteak, ez det nai mendi onetan mantentzeko bear dezutena billatzeagatik, utzi dezaiozutela sosegu guziarekin zeruko gauzen meditazioari. Nai det, eta beiñ betiko diotsutet, ar dezazutela nere etxetik bear dezuten guzia, beste moduz egingo bazenduteke, neretzat pena aundia izango litzake». Au esanda, jetxi zan Alberniatik bere etxera, eraman zuen jendearekiñ.

        Kondeak alde egiñ zuenean Angel, Leon eta Masseo eseri ziran belazian San Franziskoren inguruan, beraren ikasbideak artzeko. Eguzkia ezkutatu zan Apenino mendi tontorren atzean, izarrak distiatzen zuten zeruan, beren argi illuna lurrera bialduaz, ipar aize bada ez badako bat irten zan arpegiak preskatzen zituena, eta munduko otsak itzaltzen ziran mendiaren oñean. Bazirudian anima Jaungoikoaren alderago zegoela. Fraideak zeuden ixilik, aen itz otsak Alberniako arkaitzak erantzuteko, edo Santuaren otoitza galerazitzeko bildurrez; azkenik Santua asi zan jolasian, eta esan zien: «Nere anaiak, ez dezazutela gaizki usatu Orlando kondearen liberaltasunaz, gure pobrezako botoaren kaltean izan ez dediñ. Zaudete seguru, pobre egiazkoak bagera, jendea guzaz errukituko dala. Pobreza santuarekiñ estu estu laztantzen bagera, oparo emango digute eguneroko ogia, baña igesi bagabiltza beragandik, utziko gaituzte. Jaungoikoa ez da bizimodu onetara deitu gaituena jendeen konbersiorako? Eta au ala izanik, jendearekiñ eztaukagu ajuste edo tratu gisako bat egiñik, bi parteak era berean obligatzen dituena? Guri dagokigu jendeai ejenplo onen ikuskarria ematea, eta gai onetan Jainkoaren mandatariak diran jendeai, gure gorputzeko premiak estaltzeko bear deguna ornitzea. Izan gaitezen bada leialak gure egiñbideen kunplimentuan, da esatea, Ebanjelioko pobreza gordetzen, bera dalako perfezioa eta zeruko aberatstasunen prenda».

        Fraideen zeldak, nola baiziran ostoz eta adarrez egiñak, eziñ gorde zitzaketen eguraldi txar eta denboren giro gaisto eta gogortasunetik, eta gañera, etzeukaten ere Aldareko Sakramentu Santua jartzeko toki egokirik. Franziskok ideatu zuen orduan kapilla eta zelda batzuek egitea, eta Orlando berriz joan zizaienean, agertu zion bere asmoa. Kondeak ontzat artu zion, eta andik egun gitxira inguruetako langille piadoso batzuekin joanik, egiñ erazi zien San Franziskok trazatutako planoa, Ama Birjiñagandik artu zuela berak aseguratu zuena.

        Obra ura egiten ari ziran bitartean, Santua ibili zan mendiaren jira guzian meditaziorako toki egokienak billatzen. Laister arkitu zan arkaitzti aundi baten aurrean, nun ikusten ziran zirritu aundiak, leize izugarriak eta arritzar erortzeko zorian zeudenak. Santuak pensaturik artan misterioren bat bazegoela, jarri zan orazioan, eta erregutu zion Jaungoikoari erakutsi zeiola, nondik nora sortuak ziran gauza arrigarri aek. Aingeru bat agertu zizaion, eta esan zion: «Gauz oek gertatu ziran Jesusen eriotzan, bada lurrak dardar egiñ zuen eta erriak arrakatu ziran». Ona zergatik zion Santuak Albernia mendiari aiñ jaiera berezia.

        Txit gitxik egiñ zuen nola ustekabeko gertaera batek etzuen galdu erlijioso txikienen erretiroa. Aek geratu ziran mendi zelaitxoaren parean altxatzen da arkaitz zorrotz bat itxura gaistokoa, besteakgandik bereziturik, eta burua altxarik bere malkar eta amilkai aundiakgatik guziak mendean dauzkana, alako moduan, non eziñ joan ditekean bertara zubi jasogarriaren bidez baizik. Lapur batek, bere gogortasunagatik jendeak otsoa deitzen zionak billatu zuen an zulo bat, eta aienaturik bertatik ara biltzen ziran piztiak, biurtu zuen bere bizileku, edo obeto gaztelu. Etzan andik irteten, bidean zijoazenai ostutzeko baizik, jana billatzeko bestetarako bere kabia arranoak utzitzen ez duen bezela. Etzitzaion gustatu gure erremutarrak auzoan jartzea. Gaiztoa ikarakorra da, eta gizon prestuen begiradak itxutzen du; eta ala egun batean lapurra joan zizaien erlijiosoai, eta gogorki agindu zien alde egin zezatela mendi artatik, eta etzezaiotela galerazi an zeukan sosegua.

        Franziskok añ arrera ona egiñ zion, aditu zion alako pazienziarekiñ, eta itz añ eztitsuak esan ziozkan, non berealaxe aren aserrea gozatu zan. Belaunikatu zan Santuaren aurrean, eta erregutu zion iritxi zeiola Jaungoikoagandik bere gaiztakerien barkazioa, eta utzi zezaiola egun batzuetan berarekin bizitzen, utzi zion bezela. An ikusirik bere begiakiñ fraideak egiten zuten aingeruzko bizitza, bereala mudatu zan osotoro, eta eskatu zien aen bizimodua egitea. San Franziskok, batetango konbersio onetan ikustean graziaren millagroa, artu zuen «Otsoa» amorio osoarekin, jantzi zion bereala penitenziako abittua, eta bere bizitzaren aldaera señaletzat jarri zion frai Agneloren izen gozoa (arkumea). Frai Agnelok, bere bizitzaren gañerako denbora guzia igaro zuen Albernian eta ill zan santutasunean, bere gaiztakerietako lekua orazio eta mortifikaziozkoan biurtu ondorean. Ura bizitu zan arkaitz zorrotzari oraindik deitzen zaio «Frai Otsoaren arkaitza».

        Oek dira San Franziskori gertatutako gauzak Albernia mendira egin zuen aurreneko joaneran. Bigarrenean, Ugolino kardenalarekiñ 1220an egiñ zuenean eztigu utzi kontatzea merezi duen oroipenik. Irugarrenean iritxi zan bere gloria eta oñazeen erpiñera, eta ala, bidezko gauza da konta dezagula leialki beraren darraikoi bikañenak eta askaera.

        Zan 1224ko abuztua. Franziskok bazituen berrogeita bi urte, eta ainbeste barau eta mortifikazioz zegoen auldua, baña sentiturik gero eta ixiltasunaren, argi eta amoriaren antsi geiago, Jaungoikoaren espirituak mugitu zuen berriz ere Alberniako mendi gañera joatera. Itotzeko beroa egiten zuen, baña ala ere bereala irten zan Ama Birjiña Aingerueneko konbentutik, arturik berekin frai Leon eta frai Masseo bere lagun jakiñak. Mendian igaro zuen denboran, izan zituen iñoiz baño zeruko mesede geiago. Frai Leonek aseguratzen du, askotan ikusi zuela airean zinzilik zeru lurren artean, batzuetan lurra baño piska bat gorago, eta beste batzuetan begiak iritxi eziñ zuten moduan. Lurra baño goratxogo zegoenean, muñ egiñ oi zion oñetan, eta negar malkoakin bustiaz esaten zion: «Nere Jaungoikoa, nere aita doatsuaren merezimentuakgatik urrukitu zaitez ni naizen bezelako pekatariaz, eta indazu zure graziaren partetxo bat». Osoro goien zegoenean, belaunikatzen zan umilki, eta egiten zuen orazio San Franzisko altxatzen zan tokian bertan. Santua beregandik irtenik egoten zan denbora luze oetan, jarririk pensatzen Pasioko misterioetan kejatzen zizaion biguñki bere Jesusi, fedeagatik bere odola ixuri etzuelako, eta eskatzen zion aren antzera aldatzeko grazia. Eta Jaunak agertu zion iritxiko zuela eskatzen zuena.

        Ama Birjiña zerura altxatua izan zaneko festaren arratsean, noiz asten baizuen San Migelen onran egiten zuen garizuma, graziaren egikerara obeto ematearren, erretiratu zan arkitu zuen arzulo malkorrenera. «Jainkoaren ardi maitea, esan zion lagunari, utzi nazazu bakarrik, eta ez dedilla etorri iñor ni zabartzera; zuk ordea, izango dezu karidadea ekartzeko niri gauero ogi eta ur piska bat. Etorriko zera gau erdian Matutiak errezatzeko orduan, eta joko dezu atea esanaz Domine labia mea aperies, «Jauna, idiki itzatzu nere ezpañak». Erantzuten badizut, sar zaite, bestela, ostera itzuliko zera».

        Frai Leonek, itzultzean sentitu zuen tentazio bat egun askotan pakerik eman etziona, eta Santuari aitortzera benturatzen etzana, baña nai zuen esaera bat bere eskuz izkribatua idukitzea, uste zuelako ark libratuko zuela anbeste kezkatzen zuen tentaziotik. San Franziskok jakin zuen Jainkoagandik gertatzen zana eta ark nai zuena, eta izkribatu zuen Tau letrarekiñ señalatu zuen ondorengo esaera au: Benedicat tibi Dominus et custodiat te; ostendat faciem suam tibi, et misereatur tui: convertat vultum suum ad te, et det tibi pacem. T. Dominus benedicat te, frater Leo, «Jaungoikoak bedeinka eta gorde zaitzala, bere arpegia agertu dizazula eta zuzaz errukitu dedilla, zugana bere arpegia itzuli eta pakea dizula. T. Jaungoikoak bedeinka zaitzala anai Leon». «Tori paper au, esan zion, eta gorde ezazu zere bizi guzian». Ez al zuen artu frai Leonek papera, bereala tentazioak alde egiñ zion.

        Jesu Kristok bere serbitzari doatsuari egiñ ziozkan eziñ konta al agerkera guzietan, daude bi Bernardo Bessek kontatzen dizkigunak, eta erlijioso txikienen artean beñere aztuko ez diranak. Lenbizikoan Jauna agertu zan eserita San Franziskok jan oi zuen arriaren gañean, eta egon ziran jolasean biak, bi adiskide elkarrekin egon oi diran moduan. Jauna desagertu zanean, Franziskok Jaungoikoarenganako gero eta errespeto geiagorekiñ, deitu zion frai Leoni, eta esan zion: «Arri au garbitu bear da ur, ardo, esne, olio eta balsamuz, bada Jaungoikoaren Semeak santutu du beraren gañean egonaz, eta aseguratu dit bedeinkatuko duela betiko gure Ordena». Eta ondorean Jakob Patriarkaren gisan, doskañi zion Jaunari arri ura, igortziaz eta itz oek esanaz: «Egiaz au da Jaungoikoaren aldarea!».

        Bigarren agerkera gertatu zan andik laister, eta izan zan aurrenekoa baño nabarbenagoa. Frai Leon joan zan gau erdian Santuaren arzuloko atea jotzera, eta erantzun etziolako, jakiñ naiak menderaturik, begiratu zuen zirrituetatik. O gauza miragarria! Arzuloa zegoen zeruko argiz betea, eta Franzisko belauniko eta besoak gurutzaturik oi bezela. Zurezko errosarioa zeukan zinzilik saietsetik, eskubiko eskua biotzaren gañean, eta ezkerrekoan bere negar malkoakiñ anbeste bider bustitako gurutziltzatua. Zerutik jeisten zan ziargi bizi batek argitzen zion arpegia, eta begiak berriz zeuzkan josiak ikusten etzan, baña aren arreta guzia zeraman gauza batean. Jauna eta Serbitzaria jolastutzen ziran, baña frai Leonek eziñ aditu zuen zer esaten zuten. Bakarrik noizean beiñ aditzen zion esaten, maiz esan oi zuen otoitz labur au: «Zer zera zu, Jauna, eta zer naiz ni!». Gero ikusi zuen zutik jarri, eta nola eskua eraman zuen iru bider kolkora, eta luzatu beste anbeste bider gar misteriozkoaren aldera; ondorean itz otsak isildu ziran, argia desegiñ, eta guzia biurtu zan lengo isiltasun eta illunpera.

        Frai Leonek sentitu zuen bere barrunbean utsegiteak ematen duen kezka. Begiratu zuen inguruan, etzuen mudantzarik arkitzen. Lengo pagoak berak errañu luze izugarriak lurrean botatzen, arri arretsu aek berak illargiaren argi tristeak jota biurtzen, baña guzia zeritzaion tristeagoa eta illunagoa; begiratu zuen arzuloko atera, eta zegoen lenago beziñ beltza; etzan geratu zeruko bisitaren arrastorik txikienik; etzan ura zeruko atea.

        Frai Leonek bere gaizki egiña ezaguturik, erretiratu nai zuen isilik, baña Franziskok igarririk, deituta esan zion errierta biguñ antzean: «Jaungoikoaren ardi maitea, zergatik jakiñ nai izan dezu ezkutuan egon bear zuena?». Fraideak aitortu zuen bere utsegitea, eta barkazioa iritxitakoan, esan zion: «Ene Aita, mesedez eta Jaungoikoaren onra eta gloriarako, esan zadazu zer adierazi nai duen zuk izan dezun ikuskerak». Santua artaratu zan obedienziaz eta umiltasunez, alabaña frai Leon aingerukoia zan bere lagun eta konfesorea. «Ene anaia, esan zion, Jauna agertu zat ikusi dituzun gar oetan, eta beraren perfezio eta nere ezerezaren aiñ ezaguera aundia eman dit, non deadar egiñ bear izan det au: «Ene Jaungoikoa! Zer zera zu, eta zer naiz ni! Nondik dator zuk beeratu nai izatea lurreko txingurri bat baizik ez naizan oni begiratzeraño?». Jesu Kristok agertu dizkit misterio aiñ ezkutatuak non gizonaren animak iñola ere eziñ iritxi ditzakean. Zerura itzuli baño len agur egitean esan dit: «Franzisko, egiñ dizkitzudan mesedeen ordañez indazu erregalo bat». «Jauna, ongi dakizu nik deus ez daukadala, eta aspaldi dala gorputz eta animaz zurea naizala». «Sar zazu eskua kolkoan, eta eman zadazu billatzen dezuna». Obeditu nion, eta iru bider ala egiñik, arkitu nituen iruretan urrezko moneda bana, eta eman niozkan. Osoro arriturik, galdetu nion zer adierazten zuen urrezko iru moneda aek, eta erantzun ziran: «Adierazten dute erlijiosoak aiñ leialki gordetako pobreza, obedienzia eta kastidadeko iru botoak; baita ere fundatzalle eta guraso egiñ zaitudan iru Ordenak. Ala zuk eman dizkidatzun iru moneden ordañez, berritzen dizkitzut emen lenago egiñak daukazkitzudan aginduak. 1.a Maitatuko ditut eta lagunduko diet bereziro zure seme egiten diran guziai. 2.a Bedeinkatu ditut aen adiskideak eta madarikatu aen persegitzalleak. 3.a Iru familia oek iraungo dute munduaren bukaeraraño».

        Itz oek esanda San Franziskok despeditu zuen laguna, debekatuaz kontatzea iñori ikusi zuena, baita ere jakiñ nai izatea Jaungoikoaren eta aren artean igarotzen zana.

        Gure irakorleai erregutzen diegu ez dezatela itxi liburua, sortitzaz gorako itxasoan ugarotu erazitzen diegulako apukoarekiñ. Oroitu bitez, gaudela kontatzen santu baten bizitza, gizonen Salbatzallearen antz osoko eta imajiña txit berdiñaren Santu besterik ez bezelako arena, eta ezagutuko dute Jaungoikoak obratu zuela pixu eta neurriarekiñ batere presakatu gabe, eta arkiturik Franziskoren anima aiñ garbi eta otxana igoerazi zuela argitasunez argitasun eta birtutez birtute, eta ala igoera misteriozkoen bidez, eraman zuela txit laister ikusiko degun santutasun goieneneraño.

        Gure Santuak zenbat eta geiago pensatzen zuen Jesu Kristoren Llaga eta Pasioan, ainbat eta amoriozko labe biziagoa egiten zizaion bere biotza, eta antsi aundiagoa sentitzen zuen Jainkozko moldearekiñ are eta geiago irudikatzeko. Aingeruaren bidez jakiñik Ebanjelioko esaeratan billatuko zuela Jaunak argandik itxedoten zuena, agiñdu zion frai Leoni iriki zezala Ebanjeliotako liburua. Iru bider iriki zuen, eta iruretan Jesu Kristoren Pasioan. Orduan ezagutu zuen San Franziskok, Jesu Kristori aren bizitza ezkutu eta apostolutzakoan jarraitu ondorean, iruditu bear zitzaiola bere martirio eziñ aundiagoan ere, eta ala deadar egiñ zuen: «O nere Jaungoikoa! Prest dago nere biotza».

        Biotz on, Franzisko! Etzaitez geratu Kalbarioko bidean. Ez da asko negar egitea Jesusekiñ Jetsemaniko baratzan, ez da asko aren arpegi Jainkozkoa garbitu eta legortzea Beronikarekiñ; ez da asko Kalbariora igotzen Zirineoarekiñ laguntzea. Sufritzeko zuk daukazun egarria ez da oraindik itzali, igo zaitez oraindik, igo zaitez gurutzera, bertan josia izateko Jesu Kristorekiñ. Presta ezazu biotza, bada iritxi da zuretzat sakrifizio mistikoaren ordua.

        Arkitzen gera zeruko misterioz beterikako ikuskarri baten aurrean, zeña adieraztera ez dan benturatzen pekatari errukarri baten mingaña, desonratzeko bildurrez. Gauden bada, ixilik, eta utzi dezaiogun kondailari serafiñdar bati ura kontatzen.

        Gurutze santuaren altxaerako pestaren egun sentian (agorraren 14ean) San Franzisko zegoen otoitzean mendiaren ixuraldan. Bat batetan ikusi zuen zerutik jeisten serafiñ bat suzko sei ego txit argiak zeuzkana. Ega bizi batean joan zan Santuaren ondora, geratu zan aidean, eta ego artean agertu zan Jesus gurutziltzatuaren imajiña, zeña ikustean Franziskoren anima izu aundi batek artu zuen. Batetan sentitzen zuen pena eta atsegiña, atsegiña bere biotzeko Jaungoikoa, amorezko Jaungoikoa serafiñaren itxuran begien aurrean zeukalako; eta pena, ikusten zuelako Jesus sufritzen, esku oñak gurutzeari josiak eta biotza lantzaz irikia. Misterio ezkutatu bat zeukan begien aurrean, eta argatik zegoen oso arritua; alabañdan ere, nola elkartu Kalbarioko umillazioak gloriako gozaerarekiñ? Azkenik aren animak zeruko argiarekiñ ezagutu zuen ikuskera misteriozko onek zer esan nai zuen, au da, ez gorputzeko neke oñazez ezpada amorioaren garrez biurtu bear zuela osoro bere Maitean.

        Ikuskera desegindu zan, baña utzi zion animan su miragarri bat, eta gorputzean zeruko markaen siñale are miragarriagoak. Eta egiaz, berealaxe agertu zitzaizkan gorputzean arestian adoratu zituen bost llagak. Eskuak eta oñak zirudien iltze lodi batekin zulatuak zeuzkala, zeñaren buru beltz-biribilla llagetan ikusten zan, eta esku-oñen azpiko aldian agertzen zan punta luzea, zirudien errematxatua zegoela. Saietseko llaga, zabala eta idikia zegoen, nondik ikusten zan arradiz kolore gorrikoa, odola zeriona Santuaren arropak igarotzeraño.

        Llaga Sagraduak ezarriak zeuzkan bada bere gorputzean ikusteko moduan. Zeruko mesede onek para zuen zalantza guziz aundian: agertuko zuen, edo ixilik gorde bear zuen? Eziñ erabaki zuen zer egiñ; bada alde batetik luzaroan gorde eziñgo bazien ere bere lagun maiteenai, bestetik bildurtzen zan Jaunaren gauz ezkutuak azaltzeaz. Deitu zien bere ikasleetako batzuei, eta aitatu zien gertaera ez itz berekietan, ezpada beste norbaiti pasatakoa bezela. Baña aen arteko batek, Frai Iluminariok, Sortaldera lagundu zionak berak, ematen zituen zizpiroetatik igarririk artu zuela zerutik mesede bereziren bat, esan zion: «Aita, jakizu, ez zuretzat bakarrik, bai lagun urkoarentzat ere agertzen zaizkizula zeruko misterioak. Zuretzat bakarrik gordetzen badituzu, begirozu ez ote dizun Jaungoikoak eskatuko gordetako talentuaren kontua». Arrazoi onek mugialdi aundia egiñ zion animan San Franziskori, eta esan oi bazuen ere secretum meum mihi (Nerea da gauza gordea) kontatu zien zearo, bildurrez bada ere, izan zuen ikuskera, aitortuaz gañera Serafiñak agertu ziozkala gauza batzuek egundaño iñori esango etziozkanak. Nork daki Aingeruaren itzak ote ziran aiñ zerukoiak, non iñungo izkuntzan eziñ adierazi eziñ ditezkean? San Franzisko, San Migelen onran egiñdako garizuma bukatzean, jetxi zan menditik Jainkozko amorioak osoro bestiruditua, eta zeramala Jesus gurutziltzatuaren imajiña sillatua Jainko biziaren eskuz ez arrian edo zurean ezpada bere aragian. Saiatzen zan gordetzen «Errege aundiaren ixill gauza» baña Jaungoikoak, zeñari dagokan bere obren sona barreatzea, egiñ zituen millagroak ugari egiztatzeko Llaga Sagraduen ezartzea.

        Kontu aundia zeukan beti oñetakoakiñ eta eskuak estalita erabiltzeko, baña ala ere eziñ ezkutatu izan zituen osotoro zeruko gordairuak. Erlijioso askok, Kardenal batzuek eta Aita Santu Alejandro laugarrenak berak juramentuaren azpian aitortu zuten ikusi zituztela beren begiakiñ Santuaren llaga beneragarriak, bera bizi zala; eta illda gero, berrogeita amar erlijioso baño geiagok, Santa Klarak bere mojakin eta beste eziñ konta al persona sekularrak, muñ egiñ zien debozioz eta ukitu beren eskuakiñ ezeren utsik izan etzediñ aen sinitsgaiari indarra emateko.

        Aiñ ongi gorde zuen Franziskok saietsean zeukan llaga, non bizitu zan bitartean etzion iñork ikusi iskintxoka baizik. Beti kontu egiten zion fraide batek (frai Leonek) esan zion egun batean ken zezala abittua astindu bat emateko, eta arte piadoso oni eskerrak ikusi zion llaga, eta bai neurria artu ere, iru beatz bertan emeki jarriaz. Buru nagusi ordezkoak (frai Eliasek) era berean iritxi zuen ikustea. Santuaren beste lagun, gizon osoro senzilloak (frai Rufinok) sorbaldan igortzitzen ari zizaiola zeramazkian oñazeak alibiatzeko, ukitu zion ustekabean saietseko llagan eta aiñ oñaze bizia sentitu zuen, non, geroztik beti jantzi zuen amilla lasai bat saietsak estaltzen ziozkana. Barrengo soña garbitzen zioten erlijiosoak, arkitzen zuten beti odoldua, eziñ dudatu zitekean bada llaga bazeukala; eta azkenik ill zanean, guziok kunplitu zezaketean beren deseoa, eta ikusi naierara saietzeko llaga, eta Jaungoikoaren serbitzariaren gañerakoak.

        O Franzisko! Llaga sagraduaz ornitua zaudena, zu zera arako Apokalipsisko Aingeru ura San Juanek Sortaldera altxatzen ikusi zuena eramanaz bekokian Jainko biziaren señalea.

        Bernandonen semeak zeuzkan Jesu Kristo gure Jaunaren bost llagak, eta distiatzen zuten aren gorputzean diamante eta perla preziosoak bezela. Ona emen urte bi igaroan jendeak ikusi zuten miraria, arteraño egundaño ikusi etzana, animatan Jainkozko amorioaren mirari bat iritxi ezin ditekeana. Au izan fundatzalle santuaren gallaldi gloriosoena, eta denbora berean obeto egiztatuenetakoa, bada gertaera onezaz eziñ dudatu diteke, egiarik aundiena ukatu gabe. Eta egiaz, nori gogoak eman bear dio San Buenabentura eta Bernardo Besse bezelako gizon itzaltsuak, Tomas Zelano, Leon, Errufino eta Masseok bezela beren begiz ikusitako gauzaren testiguantza egiten dutenak izan dirala engañatuak? Zer protxu edo irabazi iduki zezatekean berak edo gu engañatzean? Eta engañatu bazuten, zergatik Unbriako biztanleak, egia aiñ erraz jakin zezaketela, etzioten kontrarik egiñ? Sinisten zuten, eta arritzen ziran, mirariaren egia, nolerebait esateko esku artean ikusten zutelako, eta badirudi Jaungoikoak berak indartzen zituela sinistamentu onetan, beraren alde egiten zituen mirariakiñ. Pozik kontatuko giñituzke guziak bat utzi gabe, gauza atsegiñgarriagorik ez dagoelako, baña geiegi ez luzatzeagatik, kontatuko ditugu bi, arturik bata San Buenabenturaren Irakorgaitik eta bestea Bernardo Besseren Kondairatik.

        «Sortizak berak, dio S. Buenabenturak, aldatu zituen bere legeak mirari aren oroipena obeto gordetzeko. Albernia zan lenago ekaitzak sortzen ziran mendia, andik jeisten ziran aize bunbadak eta abazuzaz kargatutako lañoak, baña lazeri au geratu zan Aita doatsuak llaga sagraduak artu zituen unetik».

        Aditu dezaiogun orain Bernardo Besseri: «Gertaera oi ez bezelako bat pasa zan mendiz aronztik zegoen Dominikoen konbentu batean. Bi Ordenetan oitura dan bezela, afaltegian zegoen zinzilik Santo Domingoren erretratoaren parean beste bat txit ederra San Franziskorena, eta zegoen bere llagakin; konbentuko fraide batek ez beste guziak onratzen zuten imajiña, baña onek nola etzuen sinistatzen mirari onetan, eta ezin eraman zuen alako gauzarik aitatzea ere, artu zuen asmoa kuadrotik kentzeko. Bi bider saiatu zan lan onetan bakarrik eta gabaz, baña alperrik, bada biaramonean arkitu zituen llagak lenago baño ederragoak. Irugarren aldian aiñ aserre bizian asi zan borratzen non urratu zuen pinturako eun-tela, eta bereala irten zan odola aiñ ugari non busti ziozkan arpegia eta eskuak. Mirari arekin izuturik, kordegabetuta erori zan. Fraideak joanda altxa zuten, baña odola ezin geratu izan zuten iñola ere. Sospitxaturik orduan ark egiñ zuen utsegitea, aitortu zuten eta eskatu zioten barkazioa San Franziskori. Aen eskaria aditua izan zan, odola geratu zan, urratuak desagertu ziran, eta llaga itxiak artu zuten ostera lenagoko kolorea. Erlijioso sinitsgorra konbertitu zan, bera izan zan lenago ukatu zuen gallaldiaren defensalle bizienetakoa, bisitatu zituen Asisko eta Porziunkulako Eleizak, eta igo zan Alberniako mendi tontorrera, nora eraman zituen odol miraritsua geratzeko serbitu zioten eun zapiaren orri batzuek. Beraren aotik jakindu ditugu berri txe oek guziak».

        Ala Jaungoiko guzia al dunak gordetzen zuen bere serbitzari leialaren kausa. Baña ala San Franziskoren llagai nola Porziunkulako induljenziari dagokanez itz bat asko da ezbaita erabakitzeko. Erromak, gis onetako eginkizunetan aiñ zentzu aundiarekiñ ibiltzen danak itz egin du. Aditu zaiogun Gregorio IXgarrenari bada beraren sinitsgaiak bienak balio ditu, Aita Santuarena eta San Franziskoren adiskide maitearena dalako.

        «Gregorio Apezpiku, Jainkoaren serbitzarien serbitzariak, izkira oek ikusten dituzten Jesu Kristoren fededun guziai osasuna eta Apostolu-bedeinkazioa».

        «Gauz alperra iruditzen zagu San Franzisko konfesore gloriosoa zerura eraman duten merezimentu aundiak izkira oetan zuei agertzea, ozta, alabaña izango da fededunik oen berri ez duenik. Baña uste izan degu konbeni zizazutela erakustea batez ere Santuen gloria eta argia dan Jesu Kristo gure Jaunak egin zion mesede berezi eta miragarriaren gañean. Jaungoikoaren eskual kreatzallearen birtutez artu zituen bizi zan denboran llaga sagraduak esku-oñetan eta saietsean, eta au ala dalazkoa ikusi erazo da bera illda gero ere. Guk eta gure anai kardenalak daukagun ezaguera ziertoa, eta berak egindako beste milagro, sinismen osoa merezi duten testiguak aseguratzen dituztenak izan dira mugierazi gaituztenak Santuen errunkaran jartzera, gure anai Kardenal, eta gurekiñ orduan zeuden beste apezpikuen iritzia zan bezela. Eta nola txit deseatzen baidegun au fededun guziak sinistatu dezatela, Jesu Kristo gure Jaunagatik, arren, erregutzen, eta zuen pekatuen barkazio osoagatik agintzen dizutegu ez dezazutela sinistatu onen kontra aditzen dezuten gauzarik, eta jaiera eta erreberenzia aundia izan dezaiozute konfesore santu oni Jaungoikoaren gogokoak egiñ zaitzatekean eran, beraren merezimentu eta bitartekotasunez iritxi dezazuten Jaungoikoagandik ontasuna mundu onetan eta doatsuera bestean. Biterbon emana, gure Aita Santutzako amaikagarren urteko apirillaren bigarren egunean».

        1255ko urtean Aita Santu Alejandro IVgarrenak bialdu zien erlijioso txikienai eskutitz bat arestikoa beziñ baliosoa. Bulda onetan aitortzen zuen San Franziskok Llaga sagraduak artu zituen Albernia mendia bere anparupean artzen zuela, eta erregutzen zien erlijiosoai etzezatela beñere utzi toki ura eta gorde zezatela beti Santuak fundatutako konbentua.

        Andik bost urtera 1260ko abustuaren 20ean Albernia mendiak ikusi zuen zeremonia guzizko pozez beterik utzi zuena. Orduan Buru nagusi ordezko San Buenabentura joan zan ara milla erlijioso baño geiagorekiñ. Aldameneko mendi-muño guziak erromesez beteak zeuden, eta Arezzo, Florenzia, Fiesoli, Perusa, Asis, Urbino eta Cita-Castelloko Obispo Jaunak donekidatu edo konsagratu zuten Ama Birjiña Aingeruenaren izenarekiñ Orlando Kondeak 1215an egindako Eleizatxoa, eta gero mendi guzia prozezioan jiraturik bedeinkatu zuten Serafiñ mendiaren izena emanaz.

        Benedikto XIgarrenak agintzen du San Franziskoren Llaga Sagraduen pesta zelebra dedilla urteoro agorraren 17an Ordenako konbentu guzietan, eta Paulo Vgarrenak pest au zabaldu zuen Eleiza guzira. Era onetan Aita Santuak beren eskubide aundiaz usatuaz indartu dute millagroaren egiatasuna, eta Serafiñ mendia da seireun urte oetan erromesak urbiltzen diran tokia. Denbora aetako jendeak San Franziskoren kalbario onetara zijoazenean zeukaten fedea etzan beñere oztu egungo denbora triste oek etorri diran bitartean.

        Benturaz gure irakorleak, batez ere erromeria aiñ urrutikoa egiñ ezin dutenak naiko dute jakiñ zer moduzkoa dan denbora aetako fedeak mendi tontor artan altxa duen oroikarria, eta guk kunplituko degu berealaxe oen deseo bidezkoa. Konbentua da desberdiña solairua bezela. Ataria da bajua eta pixua, dirudi anziñako gazteluen sarrera. Etxurubean sartuta, parez pare ikusten da beste atari bat pillare bik eusten diotena, au da Ama Birjiña Aingeruenekoen Eleizaren sarrera, Albernia-mendiko aurreneko Eleiza. Ategañeko ar-uztaian dago moldura anziñako bat, Llaga Sagraduak estanpatuak dauzkana. Atearen alde bietan daude Orlando Kondearen etxarmak, gurutze bat eta iru lislore, oroipen gloriosoa pranzesentzat. Konbentuak dauzka gela asko erromesentzat, erlijiosoak ematen die ostatua dijoazen guziai, eta partitzen dituzte berakiñ, biltzen dituzten limosnak. Esandako Eleizatik sartzen da goiko Eleiza aundian, zeñari asiera eman zion Chiusi Kondeak 1348ko urtean, eta bukatu zuen andik eunki batera Florenziako Senaduak, bada oni utzi zion Aita Santu Eujenio IVgarrenak mendi onen kontua. Au da argi eta zabala eta galeri bat inguruan daukana nondik begiak iritxi ditzakean kanpo guziak ikusten diran. Galeri au luzatzen da Llaga Sagraduen kapillaraño eta onen erdian eta burni erreja bitarte ikusten da suzko egoakiko serafiña San Franziskori agertu zizaion toki bedeinkatua. Egun oro besper ondoan eta arratsetan Matutiak esandakoan Erlijiosoak joaten dira prozesioan Eleiza aunditik Llaga Sagraduen Kapillara.

        Nork ez du miretsiko emen Jainkoaren Probidenziaren mirari aundienetako bat? Lenagoko denboretan ozta zekien iñork Alberniaren izenik, baña Asisko Penitenzilariak bertan oña para zuen ezkero, mendi santu onen izena dabill aoz ao, eta Judeako mendiaz kanpora, beraren gloria paregabekoa da. Emen, Kalbarioan bezela, gizonen ezpañak beti ari dira Jaungoikoa alabatzen. Ordua degu uzteko toki beneragarri oiek, nondik ez da iñor jetxitzen bere burua obeago eta garbiago sentitu gabe. Muñ egiñ dezaiogun pensamentuarekiñ San Franziskok sufritu, San Buenabenturak orazio egiñ eta Salbatzallea bera agertu zan lur oni, eta agur egiñ dezaiogun Errege Profetarekin esanaz: «Agur o mendi, grazi millagroetan ugaria. Jaungoikoak autu zaitu beste guzien artean bere bizilekutzat, eta beti bertan biziko da» (Ps. LXVII).

 

aurrekoa hurrengoa