www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Amalaugarren Bereziera

San Franziskoren Erreglaren sortze, berri labur eta Espiritua.

(1223)

 

        San Franziskok aspaldian zerabillen buruan aurreneko Erregla moldeberritzeko asmoa, arako Inozenzio IIIgarrenak itzez ontzat eman zuena; Jesu Kristo gure Jaunaren agerkera bat izan zan artara erazi ziona. Anziñako kondairak esaten ezpadigute ere ez nun eta ez noiz gertatu zan agerkera au, gertaerak bata besteakiñ daukaten itxaspenak eta Santuaren jaierak sinisterazten digute gertatu zala Asisko Induljenzia aundia adierazi zanetikan laister (1223) eta bere eliza estimatu Ama Birjiña Aingeruenekoan.

        Orazioan zegoen gau batean, sentitu zan zeruko argiz inguratua. Iruditu zizaion lurra ogi apurrez estalia zegoela, eta berak errespetoz biltzen zituela emateko goseak zeuden bere Erlijiosoai, eta ogi apurrak aiñ txikiak zirala non bildur zan, ez ote zitzaizkan eroriko beatz tarteetatik. Onetan bere konsuelorako zeruko boz batek esan zion: «Franzisko, apur oekiñ guziakin ostia bat egiñ eta emaiezu jan nai duten guziai». Ala egiñ zuen, eta osti artatik desprezioz edo debozio gabe jaten zuten guziak iruditu zitzaizkan legenarrez beteak zeudela. Goizean kontatu zien fraideai izan zuen amets edo ikuskera, espantuaz aekiñ batean igerri eziñ ziolako zer adierazi nai zuen; baña biaramonean zeruko itz ots bera sentitu zuen bere animan esaten ziola: «Franzisko, aurreko arratsean ikusi ziñituen ogi apurrak adierazten dute Ebanjelioko itzak, ostiak Erregla, eta legenak gaiztakeria». Santuak ezagutu zuen aren asmoai zeruak ematen zien erantzuera, eta frai Leon eta Bonizio berekin arturik joan zan Monte-Kolonboko koba-zulo batera, obeto prestatzeagatik barau eta orazioarekiñ bere Erregla berriro izkribatzeko. Ala egiñ zuen Espiritu Santuak goiargiturik, eta berrogei egunera erakutsi zion orduan guzien Buru ordezko egiten zuen frai Eliasi, berak ikasi eta kunplierazo zezan; baña aiñ gogorra iruditu zitzaion, non Santuari itzuli bearrean, gorde zuen, Santuari esanaz, ustekabean galdu egiñ zizaiola, pensatuaz beregan orrela etzala egundaño gordeko.

        San Franzisko, ezerere erantzun gabe, joan zan ostera koba zulora, eta izkribatu zuen Erregla bigarren aldian. Onetan ari zala Jesu Kristok berak adierazi zion nola frai Elias eta onen aldeko probinzialak, aren kontra elkar arturik, zijoazkiozkan koba zulo aldera eskatzera bear bearrekoak iruditzen zizaizten Erregla-gozamen batzuek. San Franziskok bidera irtenik, esan zien boz kupigarri batekiñ: «Zertara zatozte onera, zu, Elias eta zure lagun probinzialak?». «Jakiñdu dute, erantzun zion Eliasek begiak lurreratuaz, zuk eman nai diezula Erregla bat gizonen indarrez gaindikakoa, eta enkargatu naute erregutzeko zuri zerbait biguñdu dezazula, alabaña ez dute ontzat artu nai, gogorregia baldiñ bada». Itz oek aditzean Santua bere barrunbean ikaratu zan, eta begiak zeruronz altxatuta, esan zuen: «Jauna, ez nizun nik esan etzidatela sinistuko? Nik, eta benetan pobreza maite degun guziok gordeko degu leialki Erregla au; gañerakoak gogo dutena egiñgo dute, bada ez det nik iñor orretara beartu nai». Au esatean, Jaungoikoaren Semea agertu zan bertan odeiargi batean, eta esan zituen itz zorrotz oek: «Gizontxoa, zergatik nastutzen zera, au zure obra balitz bezela? Ni naiz Erregla onen egillea, eta zuri dagokizuna da zure erlijiosoai ezaguerazotzea. Badakit gizonaren argaltasunak zenbateraño dezakean, eta zer neurritan eustea nai detan. Nai det bada Erregla au gorde dedilla itzetik itzera, itzetik itzera, itzetik itzera, azalduera gabe, azalduera gabe, azalduera gabe. Gorde nai ez dutenak atera ditezela Ordenatik; nik ekarriko ditut oen ordañak, eta ala bear bada, sortueraziko ditut arri berpere oetatik».

        Ikuskera desagertu zan. Elias eta bere lagunak ikaratuak zeuden; eta Franziskok belauniko zegoen tokitik zuzendu ziezten itz oek: «Ezagutzen dezute zuen zentzu aragikoiarekiñ Jaungoikoaren borondateari gogor egitea baizik ez dezutela egiten? Aditu dezute odeitik irten dan itz otsa?». Eta lotsaz beterik alde egiñ zuten itz bat erantzun gabe.

        Menditik jeistean gure doatsuak zeukan arpegia argierrañutua beste Moisesek bezela, eta sarturik Ama Birjiña Aingerukoenean, para zien fraideai Erregla berria: «Eztet ipini emen ezer nere burutik, esan zien, nik eztet egiñ, Espiritu Santuak gogoraerazi didana izkribatu baizik». Guziok batetan artu zuten, eta Honorio IIIgarrenak Santuaren eskutik arturik ontzat eman zuen solemnidade guziarekin 1223ko azaroaren 29an Erroman emandako Buldan. Jesu Kristo gure Jaunak aitortu zion Santa Brijidari Erregla aren jatorri zerukoa: «Ez da izandu gizonaren azkartasunak antolatua, esan zion, Jaungoikoak berak baizik, eta Franziskok eraman die bere anaiai letra bat ere erantsi gabe». «Berekiñ darama, dio Nikolas IIIgarrenak, Trinidade guziz Santu eta adoragarriaren sinitsgai ukateziña. Aita zerukoagandik jetxi eta erakutsia izan da apostoloai bere Semearen ejenplo eta dotriñaren bidez, eta Espiritu Santuak gogaerazi dio Franzisko doatsuari».

        Sinitsgai aiñ itzaltsuetatik agertzen da San Franziskoren Erregla dala azkartasunezko señale bat baño geiago, dala zeruko goiargiaren frutua. Santuak berritu zuen aitormen au bere testamentuan, eta bizi izan zan azkeneko iru urteetan baliatu zan beiñ baño geiagoetan pensamentu onezaz alaituerazitzeko bere ikasleak eramatera amorioz beren gogoz artu zituzten kateak. «Ene seme maiteak, esan oi zien, Jaungoiko gure Jaunak mesede berezi bat egiñ digu Erregla au ematean: Bera da bizitzako liburua, Salbaziorako esperanza, gloriako prenda, Ebanjelioaren mamia, Kalbarioko bidea, santutasunezko bizitza, Paraisoko giltza eta betiko elkartasuneko lazoa. Erabilli ezazute beti gogoan, pensatu maiz beragan, guzian zintzo gordetzeko, eta ez utzi beñere, ez eta eriotzako orduan ere».

        Alakoa da San Franziskoren Erreglaren bitorantza eta sortzea.

        Egi dirudi urte onetan bertan eta ogi apurren ikuskeratik laister iritxi zuela Aita Santuak señalatu zeiola kardenal bat Ordenako ondasun espiritualen anparatzalletzat. Ikusi bedi nolako mugaldi eta darraikoietan.

        Juan de San Pablo Kardenal argirotarra ill zanean, kristau erdizkakoak, denbora aldi guzietan arkitu oi diran bezela, fundatzalle santuaren ausardiaz izutzen ziranak, engañioen bidez ekarri zituzten beren aldera zenbat persona, Aita Santuaren Gortean agintea zeukatenak. Santuak jakindu zituenean ixilikako treta, beraren jenio llano eta leialaren aiñ kontrakoak, penatu zan txit, eta atseden eziñik, joan zan bere Jaun Soberanoarengana bere espa amorezkoak agertzera, eta Jaun onek bereala konsolatu zuen, erakutsiaz ikuskera batean kaltearen kausa eta erremedioa. Ikusi zuen ametsetan ollo beltz bat usoaren ankak zituena, egiñalean ari zan egapean bere txito ugariak gordetzen miruaren erasoetatik, baña eziñ gorde zituen guziak, eta aetatik askok bere inguruan ibiliaz, are peligro aundiagoan jartzen ziran, baña ona non olloaren gañean jartzen dan beste egazti aundiago bat, eta onek bere ego zabalakin ollo-txitoak anparatu zituen. Esnatu zanean, erregutu zion Jaunari senzilloro adierazi zezaiola amets ark zer esan nai zuen, eta jakiñ zuen uso ankakiko olloa bera zala, txitoak erlijiosoak, eta ega zabalekiko egaztia Aita Santuari eskatu bear zion Kardenal anparatzallea. Bereala fraideak deitu eta kontatu zien guzia, bukatuaz itz gogoangarri oekiñ: «Erromako Eleiza da Eleiza guzien Ama eta Ordena erlijioso guzien Buruzaia; berari gomendatu bear diozkat nere erlijiosoak, bere aginte eta eskubidearekiñ gaitz egiñ nai diotenak kastigatu, eta aseguratu ditzaien Jainkoaren umeai libertade oso osoa. Aren anparupean dan denean ez da iñor benturatuko gaitzik egitera, eta gaiztakeriaren beargilleak eziñ desegiñduko dute kastigu gabe Jaunaren maastia. Erromako Eleizak agertuko du zelo aundia gure pobrezari kontu egiten, eta ez du utziko arrokeriaren lañoak illuntzen umiltasuneko birtutea. Jakingo du kastigatzen gogorki sesio eta erriertak jartzen dabiltzanak, eta egingo du ez ditezela urratu beñere gu bateratzen gaituen pake eta karidadezko lazoak. Berak begiratzen diola, Erregla gordeko da zuzen, eta gure erlijiozko jarduerak banatuko dute nora nai bizitzako usai gozoa. Eleiz onen umeak izan ditezela bada esker onekoak beren Amagandik artzen dituzten mesede estimagarriakgatik, muñegin dezaiotela oñetan debozio egiazkoarekin eta izan dezaiotela beti jaiera beñere autsiko ez diotena.

        Andik denbora gitxira Franzisko joan zan Erromara. An arkitu zuen Ugolino Kardenala, Ostiako Obispoa, Florenziatik Aita Santuaren mandatua kunplituta etorria, oni agertu zion nola zeukan asmoa eskatzeko Aita Santuari autu zezala bera Erlijioso txikienen Ordenaren anparatzalle. Kardenalak ontzat artu zuen Franziskoren asmoa, eta erregutu zion predikatu zezala Aita Santuaren eta Kolejio Sagraduaren aurrean, aren borondatea irabazteko. Franzisko artara jarri zan, bere umiltasunaren damuz bederik. Antolatu zuen bada sermoi eder bat igaroaz ordu asko buruz ikasten, baña ez al zan jarri Aita Santuaren eta kardenalen aurrean, non guzia aztu zizaion eta itz bat bakarra ere eziñ esan izan zuen. Aitortu zuen garbiro zer gertatzen zizaion, eta gero Espiritu Santuaren laguntza eskatuta asi zan predikatzen oitua zegoen bezela, au da, berezko senzilltasunarekiñ; baña alako grazi eta indarrarekiñ, non aditzalle jakintsu aek iduki zituen osotoro arriturik. «Orduan ezagutu zuten itz egiten zuena etzala Franzisko, ezpada Franziskoren aotik Espiritu Santua».

        Honorio IIIgarrenari gustatu zitzaion Santuaren eskaera, eta Ostiako Obispoa lonbratu zuen Erlijioso txikienen Ordenaren Kardenal anparatzalle.

        Gera gaitezen piska batean agure aren itxura errespetagarri ari begira. Ugolino Kardenala zan Erromako Gortean ziran giza nobletatik señalatuenetakoa. Segni kondeen etxadi noblearen jatorrikoa, Inozenzio IIIgarrenaren illoba, entendimentu argi eta biotz aundiagokoa, irakasle, letradu eta predikaria, zuzentasun eta egiaren defentsalle zorrotza zan bezela, zan ere errukitsua pobre eta desanparatuakin. Estimazio eta kariño aundia zien Erlijioso txikienai, joaten zitzaien konbentuetara bisitatzera, eta aen penitenziako bizitza egitera. «Zenbait bider ikusi zan Kardenal siñaleak utzi, fraideen abitua jantzi, oñutsik jarri, eta era onetan segitzen fraideen lan espiritualak, eta Jaungoikoaren gañean jolastutzen! Franziskok bere aldetik agertzen zion naitasunik biotzekoena eta Ordenaren munduko gauzen gobernua uzten zuen bere eskuetan».

        Agerturik Jaungoikoak Franziskori agure beneragarri ura iritxiko zala Aita Santu izatera, gero eta begirune eta errespeto geiago ekartzen zion. Bialtzen ziozkan eskutitz guzien asieran ipini oi zion: «Nere Aita eta Jaun Ugolino beneragarri mundu guziko Obispo eta kristau guzien Aita izango danari». Egun batian jakiñik Kardenala bisitatzera zijoakiola, ezkutatu zan basoaren ondoan, Obispoak ordea billatu zuen, eta galdeturik biguñki zergatik iges egiñ zuen: «Nere Jaun eta Aita, erantzun zion Franzisko umillak, jakindu nuen ezkero berorren Aunditasunak onratu nai ninduela nigana etorriaz, aiñ despreziagarria ikusten nuen nere burua, non iruditu zitzadan alako onrarik iñola ere merezi ez nuela».

        Eziñ utzi genezake para gabe emen Iru lagunen Irakorgaian ikusten degun beste pasarte bat, aurrekoak baño obeto adierazten digulako nolako naitasun biotzekoan bizitu ziran bi persona oek, eta agertzen ere duelako bataren senzilltasuna eta bestearen ontasuna. Ugolino Kardenalak konbidatu zuen beiñ batean bazkaltzera, baña aren etxera joan baño len ibili zan eskean atez ate, gordeaz ematen ziozkaten ogi beltz puska gogorrak, gero Kardenalaren etxera joan zanean eta maiean eseritakoan, partitu ziezten konbidatuai, au da, Obispo, zaldun eta apaizai. Bazkal ondoan Kardenalak deitu zion beste gela batera Santuari, eta laztandurik, espa amoroso au esan zion: «Zergatik lotsa erazitzen nazu orrela eskean ibiliaz, dakizularik nere etxean dagoen guzia zurea eta zure anaiena dala?». «Etzaitut lotsaerazi, Jauna, erantzun zion Franziskok farra irri gozoarekiñ, kontrara, onra aundi bat egin dizut konbidatuaz zure maiera Jesu Kristo, pobreza gogozkoaren maitatzalle egiazkoa. Orregatik naiago det karidadearen doaiakiñ estalitako mai pobre batean eseri, ezen ez jaki asko eta ondo maneatutako mai aberatsetan». «Zuaz ene Seme, Kardenalak esan zion, eta egizu ondo deritzatzuna; bada ikusten det Jauna zurekiñ dagoela». Kardenal beneragarria erretratatzeko ekarri ditugun pasarte oek asko dira ezagutzeko zeiñ diña zan eman zizaion karguarena.

        Ordua degu onezkero ikasteko lenbiziko Ordenaren Erregla, Aita Santuak ainbesteraño alabatu dutena, eta Santa Klararena eta Irugarren Ordenakoa jartzeko moldetzat serbitu zuena. Ikusiko degu beraren egitekoa, obratzeko baliatzen dan bide edo neurriak, eta zer toki señalatzen dien Erlijioso txikienai Jaungoikoaren soldaduzkan.

        Gauza berri eta atrebitua izan zan Ordena onen jartzea, egiaz berak bete zuen Ordena Erlijiosoetan ikusten zan utsunea. San Benitoren semeen egiteko berezia zan lurrak landu eta estudioak ikastea; San Agustiñen eta San Norbertorenena elizkizunak ponpa aundiarekiñ egitea eta Jaungoikoaren alabantzak kantatzea; eta San Brunorenena berriz, beti meditazioan egotea. Arterañoko erlijiosoak etziran egundaño enpleatu predikazio bakarrean, eta utsune au izan zan San Franziskok bete zuena, eta bai Santo Domingok ere, alabaña aren Ordena guziaz gañ zan Predikarien Ordena, Ordena bat zeñean gure Salbatzalleari eta bere ikasleai jarraituaz biltzen ziran batean lanezko bizitza eta meditaziozkoa. Zan soldadu tropa berezi bat, Obispoak edo Aita Santuak señalatzen zion tokirik periltsuenetara joateko noiz nai prest zegoena. Jaungoikoak berak agertu zuen egiteko berezi au Santa Klararen eta Silbestre doatsuaren bitartez. Erregla, bada, etzuen izan bear eta egiaz ez da, egiteko au errazago iristeko laguntza bat baizik.

        Erregla dago partitua amabi berezieratan, eta ona beraren mamia: «Erlijioso txikienen bizitzako Erregla dago Jesu Kristo gure Jaunaren Ebanjelioa gordetzean, obedienzian bizitzean batere ondasunik gabe eta garbitasunean. Frai Franziskok agintzen dio obedienzia eta mendetasuna gure Aita Santu Honorio IIIgarrenari, eta legez eta bidez beraren ondorengo egiazko diranai eta Erromako Eleizari. Beste erlijiosoak beartuak daude obeditzera Frai Franziskori eta bere ondorengoai». Bigarren berezierak itz egiten du nobizioak artzeko moduaren gañean. Probinzialak bakarrik dauka eskubidea artzeko bere probinzian fede katolikoaren eta Eleizako Sakramentuen gañean kontuz examiñatu ondoren, sartu gabetanik munduko eginkizunen gañean Erlijioan sartu nai dutenak, sarrera baño len saldu bear dituzte beren ondasunak, eta oen balioa, al badute, partitu beartsuen artean. Probaketako denbora da urte betekoa. Habitua da oial merke eta bastoarekin egiñdako tunika lasai bat, gure Salbatzallearena eta Apostoluena oroituarazten diguna, gerrian soka batekin lotua eta oñetakotzat zola uts edo sandaliak.

        Ordenak dauzka bi modutako erlijiosoak, apaizak eta legoak. San Franziskok txit egoki markatu zituen batzuen eta besteen eginbideak. Lenbizikoai gomendatu ziezten animako lanak eta batezere predikazioa; eta bigarrengoai konbentuko esku-lanak. Apaizak errezatzen dute Eleiz-errezoa Erromako Eleiz Ordenan dagoen eran; eta legoak ordañez errezatzen dituzte Aita gure jakiñ batzuek. Batzuek eta besteak eraman bear dute bizimodu berpera, gorde barau berak, billatu enpeñu berarekiñ orazio eta deboziozko espiritua, zeñetara guzia zuzendu bear duten; eman onerako bidea beren anaiai eta munduko jendeai, beren modestia, mansotasun eta umilltasunarekiñ, eta azkenik alde egiñ emakumeakiko tratamentu suspitxazkoetatik. Santuak Ordenako apaizai enkargatzen die aen predikazioa zuzendu dedilla bakar bakarrik jendeen konbersioa iristera, birtute eta bizio, kastigu eta sarien gañean senzilloro erakustera. Gañera Jaungoikoaren dei bereziarekiñ sentitzen diranai, ematen die baimena moruai eta beste fede gabeai predikatzera joateko.

        Ordenaren ezkiñ-arria, erlijiozko obra onen iltzarbea, da Ebanjelioko pobreza, ez bakarrik erlijioso bakoitzak beste Ordenatan bezela bere ondasunak utziko dituelako, baita ere Ordenak berak munduko gauza guzien errenunzia egingo duelako. Au da Erreglaren puntu lenena, eta fundatzalle Santuak maiz aitatzen du, aren intenzioaren gañean iñork dudarik izan ez dezan. Baña nondik aterako da orrenbeste erlijioso mantentzeko bear dana? San Franziskok kontuan dauka au, eta Probidenziak egaztiai jana eratzen badie ere, billatzetik libratzen ez dituen bezela, ala agintzen die bere semeai bildu dezatela limosnan, bizitzeko bear dutena: «Eragozten diet osoro nere erlijiosoai dirua berak edo bestezaz artzea. Ez dute berenik ezer ere iduki bear, ez etxerik, ez lurrik eta ez beste gauzarik, begiratu bear die beren buruai mundu onetan arrotz batzuek bezela, serbitu Jaungoikoa pobrezan eta umiltasunean, joan konfianzarekin limosna eske, orrezaz lotsatu gabe, Jaungoikoa gugatik pobre egin zalako. Au da nere anaia maiteak, pobrezaren bikaiñtasuna, onek egiñ zaituzte zeruetako erreinuaren jabegai, eta lurreko gauzak utzierazi badizkitzute, altxa zaituzte birtutean. Izan bedi bera zuen seni-partea, zeruko bizilekura garamazkian ezkero. Egon zaitezte beti berarekiñ itsatsirik, nere anaia maiteak, eta Jesu Kristoren izenean erregutzen dizutet etzaiteztela izan beñere ezereren jabe». Eta bereala esan zituen bere biotza agertzen duten beste itz gozo oek: «Erlijiosoak edozeiñ tokitan aurki ditezela, bata besteari lagundu dezaiotela, beren premiaz kezkatu gabe, alabaña ama batek gorputzaren aldetik bere semea maite eta mantentzen badu, amorio geiago agertuko du erlijioso batek espirituaren aldetik bere anaia mantentzeko. Iñor gaizkitzen danean, kontu egingo diote ari berai kontu egitea naiko lutekean eran».

        Ordenak dauka kardenal bat anparatzalletzat, aren ondasun espiritualai begiratzeko kontua daukana.

        Erlijioso txikienen familia guziz aundiaren gobernua dago antolatua Eleizakoa bere aginte-malla banaatan dagoenaren moldera. Konbentu bakoitzaren burutzat dago Guardian bat Probinzialak bere konseilluarekin lonbratua, eta probinzia bakoitza gobernatzen du Probinzialak ia Obispoak anbateko eskubidearekiñ. Konbentu eta Probinziak daude Erroman bizitzen dan Buruzai aundi edo Jeneralaren mendean. Karguen señalamentua egiten da iru urtetik iru urtera, edo lenago, Jeneralak ala agintzen badu. Eta Eleizarekin osoro bat egiteko, Jenerala eta Ordena guzia daude Aita Santuaren obedienzian; eta ala, erlijiozko gobernu onetako azkeneko erastuna itsasten da aginte guziaren sustrai eta asiera dan Jaungoiko berarekiñ. Zergatik Aita Santuaren mendetasun aldeeneko au eta ez Obispoena? Lege emalleak Erreglaren bukaeran ematen du onen arrazoi indartsua: «Beti Eleiza onen beraren agintera menderaturik, beraren aurrean belaunikatu eta fede katolikoan berak indarturik gorde dezagun pobreza, umiltasuna eta Jesu Kristoren Ebanjelioa, gordeko degula juramentuarekin agindu degun bezela».

        Oek dira San Franziskoren Erreglaren aginte bikañenak. Bere izaera latz eta penitenzilariagatik, ezagun da, dala naiz onean eta naiz gaiztoan jendeak añ errutsuak ziran munduaren Denboraaldi erdia izendatzen dan denborakoa, bere aunditasun eta senziltasunagatik zerutik sortua, bada gizonaren entendimentua ez da gai alako gauzak somatzeko. Gure izaera illduratzeko agintzean, indartzen du graziaren egikera, eta laguntzen dio animari altxatzen Jaungoikoarekiñ bat egiteko mallarik goieneneraño. «Zintzo gordetzen duena, Santua da», dio San Bizente Ferrerrek. Izanik, dan bezela, Ebanjelioaren mamia, berritu bear zituen aurreneko kristauen oiturak konbentuen itzalpean; eta erakarri jendeak fedearen obretara erlijiosoen ejenplo onen bidez. Birtute aundiak alabaña daukate limurkari berezia, eta jendeen gloria dago berari gogor ez egitean.

        Erregla au jakinduria aundikoa bada ere, badauka beste gauza bat are miragarriagoa, eta da bizierazten duen espiritua: «Ordena bakoitzak dauka bere espiritu berezia, dio oraingo izkribatzalle batek, bada ala ez izatera, legerik onenak idukita ere, ez litzake biziko, laister izango litzake gorputz edo tallu bat. Legeak bizierazten dituena, oiturai eusten diena, lanbideak eta Ordenak indartzen dituena espiritua da. Erlijiozko Ordenatan espiritu au aiñ indartsua da, non iraunerazten dien eunki askoretan, aulak diruditela eta iñungo indarrak barrengo naspillen eta kanpoko etsaien kontra eskudatzen ezpaditu ere, eta ainbesteraño itsasten da beretako bakoitzarekin, non beren arpegietaraño agertzen dan. Espiritu au ez da bat bera Ordena guzietan, bada guziak gauza batera zuzentzen badira ere, nola dan animen obedasuna, bakoitza dijoa bere bidetik». Batak dauka otoitza, besteak obrak, onek gorputzeko illdura, ark karidadeko obretan aritzea. Beragatik San Franziskoren Ordenaren ezagungarri berezia, beraren izaera bidea, Jaungoikoaren martizti guziz aundian leku apartekoa señalatzen dion gauza, dudarik gabe, da, pobrezako espiritua.

        Esango degu orregatik San Franziskok deskuidatu zituela Erlijiozko bizitzaren beste birtute bear bearrekoak, batez ere obedienzia? Aren esan eta egiñ guziak erakusten digute kontrara. Etzeukan aztua obedienzia dala Erlijiozko bizitzaren zimendua, au gabe guzia dala naspilla eta elkar eziñ aditua, argatik eskatzen zuen zorrotz izan zedilla azkarra edo berberealakoa, eta ara nolako irudiaz baliatzen zan erlijioso on bat erretratatzeko: «Gorputz ill bat artu eta para ezazu nun nai, alda ezazu beste toki batera edo utzi bertan, ez du kejarik txikiena emango. Para ezazute errege-aulkian, eta aren begirada izango da lenago beziñ umilla, jantzi zaiozute suteozko mantua, eta ez da moretuago geratuko. Ona emen Erlijioso obedillearen irudia; ez du galdetzen zergatik aldatu duten toki batetik bestera, konbentu batetik bestera. Goiendera igotzen bada, gelditzen da len beziñ umill, eta zenbait onra geiago ematen zaizkan, anbat eta gitxiago merezi dituela ezagutzen du». Nai dezute beste irudi bat? ziozan: «Begira nola itxua daraman bide on eta txarretatik giaritzat artu duen txakur leialak. Obeditu itxu itxuan, marmarretan egon gabe, agintzen zatzuten gauza erraza edo nekeza dan begiratu gabe, ezpada agintzen duen Jaungoikoari, aren lekuan dagoen agintariari, eta obedienzi eta mendetasunean dagoen merezimentuari». Obedienziaren kontrako utsegiterik txikienak izutzen zuen, murmuraziorik eziñ eraman zuen, eta kastigatzen zituen gogorki agintearen kontrako altxatzeak. Ona nola kastigatu zuen beiñ fraide desobedille bat. Abitua kenduta, agindu zuen zuloan sartuta bizirik lurpetu zezatela. Gerriraño lurrez estali zutenean Santuak galdetu zion: «Anaia, illa zaude?». «Bai, Jauna, fraideak erantzun zion. Damutzen naiz nere utsegiteaz, eta ezagutzen det merezi dedala kastigu au». «Beraz munduarentzat eta zuretzat menetan illa bazaude, erlijioso on batek egon bear duen bezela, altxa zaitez eta atoz, esan zion San Franziskok. Baña gaurdandik obeditu bear dezu kiñurik txikienera, eta zure nagusien borondateari ez diozu illdakoak baño kontra geiago egiñgo, bada nik jarrailetzat nai ditut illak, ez biziak». Beti eskatzen zuen etxe edo biziera espiritualaren zimendutzat norbere buruaren aztutzea, borondatearen menderatzea, gizon zarraren ezereztutzea.

        Obedienziak erlijioso egiten badu ere, Franziskok nai izan zuen pobreza izan zedilla erlijioso txikienen siñale berezia. Pobreza zan bokazioak ezagutzeko serbitzen zana menastarria bezela. Onen prueban ona gertakari batzuek.

        Ordenaren aurreneko denboretan (1212) joan zan galai Milantar bat txit ondo jantzi eta ornitua beste jaun batzuekiñ Porziunkulako konbentura eta eskatu zuen egin zezaiotela Asisko penitenzilarien artean artzeko mesedea. Fraide batek indartu zuen aren eskaera. Franziskok, mundu-arrokeriazko aiñ siñale aundiak ikustean galdetu zuen: «Zeiñ dira aundizki oriek, eta zer nai didate?». «Ene Aita, erlijiosoak erantzun zion; onek dira datozenak laguntzera Ordenan sartu nai duen milantar galai txit aberats eta asko jakiñ bati». «Ez deritzat balio duela guretzat, Santuak erantzun zion, buruari eraiñaz; zergatik pobrezako bizitzara sartzea eskatzen duenak alako aundikeria dakarrenean, siñale da oraindik ez daukala biotza illa munduarentzat, eta ez dituela osoro utzi beraren banidadeak. Alaz guziaz ere orren gañean zer egiñ bear dan tratatuko det nere anaiakiñ». Bilduerazi zituen fraideak, eta guzien iritzia izan zan etzala konbeni ura artzea. Milantarrak au jakin zuenean negarrari eman zion penaz, orduan Santuak artzaz kupiturik esan zien lagunai: «Nai dezute koziñari ar dezagun, berak nai badu?». Fraideak eta sartu nai zuenak ontzat artu zuten galdeera. San Franziskok laztandu zuen aiñ umill ikustean, eta abitua emanik bialdu zuen Erromara San Blas-ko ospitalera, nun laister nagusitza eman zioten bere birtute aundiakgatik.

        Andik zazpi urtera Ankonako probinziako gizon eldu batek agertu zion Erlijioso txikienen Ordenan Jaungoikoari osotoro emateko zeukan deseoa. «Ene seme, esan zion Santuak, Jesu Kristoren pobreetakoa izan nai badezu, zure ondasunak saldu, eta balioa beartsuai emaiezu». Gizonak saldu zituen ondasunak, eta oen balioa limosnetan eman bearrean partitu zuen bere aideen artean, eta geroko egun batean joan zan ostera San Franziskorengana. Santuak aienatu zuen, arpegi zorrotzarekiñ esanaz: «Anai Eulia (ala deitu oi zien ezertarako gauza etziranai) jarrai zaiozu zere bideari. Etzera irten zere etxetik eta ez zere familiatik, zure gauzak aideai utzi dieztezu, ziskatuaz orrela premian daudenai. Beragatik ez dezu merezi sartzea Jesu Kristoren pobreen lagun taldean. Aragitik asi zera, eta nola zimendu ori baidan aiñ aula, obra guzia lurreratuko da». Santua etzan engañatu. Gizon ura itzuli zan bere familiara, bereganatu zituen berriz bere ondasunak, eta txit laister kendu zituen burutik santututzeko zeuzkan asmoak.

        Fundatzalle santua aprobetxatzen zan mugaldi guziaz berritzeko bere erlijiosoetan ondasunen desprezioa, San Buenabenturan irakortzen degun pasarte onetatik ikusten dan bezela: 1222an Napolesko erreinuan misioan zebillela, Bariko uritik atera zan egun batean ikusi zuen bide ertzean saku bat urre eta zillarrezko monedaz betea zirudiena. Bideko lagun frai Leonek eskatu zion baimena sakua artuta an zegoen guzia pobreen artean partitzeko; santuak ordea etzion eman, eta bazijoan soseguz bere bidean. Alaz guziaz ere noizean beiñ burua itzulita ziarka bederik begiratzen zion sakuari, eta berriz eta berriz erregutu zion eman zeiola sakua jasotzeko baimena. Azkenean eman zion, eta frai Leon bazijoan alegere sakuaganonz, baña ez al zan makurtu jasotzeko non bertatik irten zan iran-suge izugarri bat, sakuarekin batean desagertu zana. Frai Leon geratu zan izu baño lotsa geiagorekiñ deabruaren jostallutzat serbitu zuelako, eta ala ikustean, Santuak gozoro esan zion: «Jaungoikoaren arditxo maitea, jakizu: erlijiosoentzat dirua da arrastakako piztia, deabrua».

        San Franziskok nai zuen bere etxeetako apaiñdurarik ederrena izan zedilla pobreza. Eleizak eta zeldak, jana eta jantzia, guziak distiatu bear zuen birtute onekiñ, erlijioso bakoitza gure Salbatzallearen pobrezaren ispillu bizia izan zediñ. Zergatik bizitza espiritualeko maixu aditu onek zionez, otoitz-pobrezak dira animak dauzkatzian egoak zeru goienetara igotzeko. Pobrezak austen ditu lazoak eta desegiñ eragozpenak, otoitzak asi ta bukatzen du Jaungoikoarekiñ amoriozko batasuna.

        Animarentzat gauzarik gogorrena eta geien geiena kostatzen zaiona da animaren ondasunak utzi bearra. Franziskok au ere agindu zuen. Egun batean lego gazte batek eskatu ziozkan Dabiden salmoak, eta Santuak itzik erantzun gabe, autsa artu ta burua arekiñ legoari igortzirik, despatxatu zuen, aditzera emanaz lezio arekiñ Erlijioso txiki egiazkoak utzi bear duela alde batera bere zentzua, berezko argi eta doaiak eta perfezioko bidean aurreratzea eragozten duen guzia.

        Franziskok moduren batean, geiago estimatzen zuen pobreza piedadea baño. 1220ko urtean Pedro Katanio, orduan guzien buru ordezko zanak, ikustean Ama Birjiña Aingeruenen konbentua aiñ miseria aundian non etzeukaten zerekiñ ostatua eman kanpoko erlijiosoai, pensatu zuen aprotxatzea nobizioak Ordenan sartzean zeramazkiten diru eta erropak, baña etzan erabaki egitera Santuaren iritzia jakiñ gabe: «Ene Seme, Santuak esan zion, Jaungoikoak ez dezala nai egiñ dezagun miserikordiazko obra bat Erregla ausieraziko diguna!». «Orduan, ene Aita, nola emango diegu jaten gure ostalariai?». «Eziñbesteko premian arkituko bagiñake, naiagoko zinduzket ikusi Mariaren aldarea bere aberastasun eta apaiñdurietatik soiltzen ezen ez ausi pobrezako botoa gauzarik txikienean. Eta zaude seguru Ama Birjiña bera onratuagotzat idukiko litzakeala ikustean Ebanjelioko konselluak gordetzen ditugula bere aldarea gala eta joiarik ederrenakiñ apaiñduko bagenduke baño».

        Ez gaitezen bada arritu ikusten badegu zeiñ jaiera aundia zion San Franziskok pobrezaren birtuteari. Onetan etzuen egiten eratu baizik Jaungoikoaren borondatearekiñ, zeña argiro agertu zizaion bere bizitzaren azken aldean izan zuen ikuskera batean, eta zeña kontatuko degun San Buenabenturan arkitzen dan bezela: Bere erlijioso batzuekiñ Sienara zijoan batean billatu zituen Konpegliako ibarrean iru emakume elkarren añ antz aundikoak, non edozeñek usteko zuen aizpak zirala. Edade igoala, gorputz igoala, aire igoala, arpegi igoala eta senzilloro igoal jantziak. Aurreratu zitzaizkan, eta grazi aundiarekiñ agur egiñaz esan zioten: «Dama Pobreza ongi etorria izan dedilla». Eta au esanda, desagertu ziran. Franziskoren lagunak, agerkera onen testiguak (Jaungoikoak ala nai izan zuen duda gabe Ordena guziari konbeni zitzaiolako), etzuten dudarik gauza misteriozkoren bat adierazi naiko zuela. Eta egiaz, adierazten zuten erlijiozko bizitzaren izaera eta edertasuna egiten duten gauzak, pobreza, garbitasuna eta obedienzia, distiatzen zutela fundatzalle santuan argi berdiñarekiñ, baña ala ere, pobreza zala beraren gallaldi berezia eta koroaren lorerik bikañena.

        Pobrezako espiritua eta pobreza osokoa, eta beste birtute guzien artean oni emandako estimazioa da dudarik gabe San Franziskoren izaeraren marka señalatua, bere eginkizun guzien anima eta begitartea, eta aiñ ongi sarrerazo zuen bere Ordenan, non seireun urte joan badira ere, gaur dan egunean marka ori da Erlijioso txikienen ezangugarri berezia. Pobrezako espiritu orren frutu miragarrietako bat da barrengo pake eta alako poz-kontentu gozo bat San Franziskoren seme egiazkoren arpegian azaltzen dana, eta nondik datorren kristauak dakiana. Penitenzilari oek, Kalbarioko jarraile debozio irazekizko oek gogo onez daramate obedienzi eta nekezko, sufrimentu eta umillaziozko gurutzea, zergatik oentzat, fundatzalle santuarentzat bezela, amorioak arindu die pixua.

        Benturaz borondatezko pobrezaren balioa, eta birtute oni San Franziskok zion amorioa ezagutzen ez duen norbaitek arkituko du geizko itz egiñ degula puntu onen gañean. «Maite degu Txikienen Ordena, Apostolu-Ordena bezela, esango digute, ez ordea Ordena eskekoa bezela. Pobrezak gogaitzen gaitu, eta gañera ez da ondo konpontzen munduan egiñ diran aurrerapen arrigarriakin». Izkera au ez da berria. Gillermo Saint-Amourrekoak usatu zuen XIIIgarren egunkian, eta bai San Buenabenturak desegiñdu ere Pobreen erantzukia deitu zuen liburu batean, zeñari etzitzaion ezer ere erantzun. Eta egiaz, au da munduaren betiko kanta eta espa Elizaren kontra, gerekiko amorio geiegiarena sufrimentuaren kontra, eta oraindik arpegira, eta benturaz iñoiz baño zorrotzago ematen diguten ezkero, beartuak gaude, itz bitan bederik erantzutera:

        «Pobrezak gogaiten zaitu!». Baña ez dakizu Jaungoikoaren Semea berarekiñ laztandu zala, eta laztantzearekiñ onratu, santutu eta Jainkotu zuela? Desetxatzen dezu Ebanjelioa? San Bernardok deadar egiten duenean: «pobrezaren amorioak erregeen gisakoak egiten gaitu» eta San Franzisko Asiskoak: «beragatik geratzen gera errege eta zeruko jabegai siñalatuak» eta Santa Franziska Chantalkoak berriz: «Jaungoikoaren eta gizonen aurrean gloriazko motiboa da mesedetuak izan gerala iruditzea pobrezaren onra artu degunean», ez dituzte berritu baizik egiten zeruko Maixuaren ikasbideak. Kristauen artean arrazoi au asko da despita guzia ebakitzeko. Beragatik pobrezaren amorioa da aiñ onragarri eta santugillea nola zirzill eta deabruazkoa dan urrearen gutizia.

        Fedearen aldetik begiraturik, pobreza ez bakarrik da animako aunditasunaren azia, baita ere eskual eta indarra, eta, zer indarra! Jaungoikoaren Semeak autu zuen bere Eleizaren zimendutzat, eta ori adierazi nai zuen, esan zienean apostoloai: «Ez ezazute izan urrerik eta ez zillarrik, ez oñetakorik, ez eskuan makillarik, zeren nere Probidenziak dauzka zenbat bide, gizonaren jakiñduriak somatzen ez dituenak, eta zuen etsaien gañeko garaipena emago dizutenak. Zuekiñ egongo naitzatzute munduaren bukaeraraño». Anbeste gogaitzen zaituzten pobreza ori, bada, ez da erakeria edo argaltasuna, Salbatzallearen jakiñduri eta almena agertzen duena baizik. Gure Erredenzioko planuan parte izan zuen, eta beragatik Erlijiozko bizierak gozatzen ditu Eleiz Katolikoaren bizitza, ugaritasun eta beste gallaldiak».

        Orrezaz gañera Erlijiozko Ordenen izaera ontzat emateko, askoko da esatea: Ikusi bitez egiten dituzten obrak, eta laister konturatuko gera, prezisoak ezpada, beintzat dirala txit egokiak jendeari egiaren ogia partitzeko eta sufritzen erakusteko, eta alde bi oetatik begiratzen bazaie, oen jartzea da Jaungoikoak gizonai sortu erazi dien pensamentu noble eta aundienetakoa.

        Eta egiaz: nork ez du ezagutzen zeiñ gauza banaak diren gogozko pobreza eta nekosoa, San Franziskok aiñ estimatua, eta alperkeriaz eskean ibiltzeko bizioa? Fundatzalle santuak ikasleai esan oi zien: «Ajuste gisako bat egiña dago zuen eta erriaren artean. Emango diozute zuen denbora, zuen izerdiak, zuen amorioa, orra zuek berarekiñ beartu zeraten gauza. Ordañez erriak emango dizute zerekiñ mantendu, eta munduan ez dezute izango ona egiñ dezutela ezagutzea baño sari aundiagorik». Franziskok etzuen itxedon geiegi kristau errien zentzu onean; bada oek bereala ezagutu zuten trukaera artan irabazi guzia berentzat zala, besteren izerdiaz aprobetxatzera zijoazela; aen adiskiderik onenak eta serbitzaririk leialenak zirala apostolu-gizon oriek, nekazariari aitzurraren pixua arintzen diotenak, eulearen bizileku illuna esperanzarekin argitzen dutenak eta meatzari errukarriai beren patu gogorra bedeinkatzera erakusten dienak. Ala ezagutu zuten, eta seireun urtez onara ajuste au gordetzen dute, eta bai eman ere gorputzeko ogia animaren ogiaren truke.

        Katolikoak ezezik, beste munduko ondasunetan sinisten duten guziak ere ezagutuko dute zeiñ ziertoak diran Jainkoaren itzaren predikari oek egin dituzten serbitzuak. Zerurik ez dala esan, eta zoriontasun guzia mundu onetako ondo izatean daukatenai, edozeiñ bizimodukoak dirala, esango diegu pensatu dezatela gure egunetako jakintsu biren itz oek:

        «Asisko penitenteak, zion Ozananek, pobre bera egitean, eta bera bezelako pobreen Ordena berria jartzean, onratu zuen pobreza, au da, munduko biziera been eta despreziagarriena». Orrela adierazten zuen bertan billatu zitekeala pakea, diñatasuna eta zoriona; sosegatzen zuen persona bearren kezka, adiskidetzen zituen aberatsakiñ erakutsiaz aen inbidiarik ez idukitzera. Bukatzen zuen dutenen eta ez dutenen arteko despita, eta estutzen zituen kristau-elkartasunezko lazoak ia lasaituak zeudenak, nondik esagutzen dan, etzala izan eroaren politika baño obeagorik, eta zer esaten zuen bazekiela esan zuenean, prinzipe aundi bat izatera iritxiko zala. Platonek berrogeita amar bat familia iñoiz billatu etzituen bitartean somatu zuen errepublika egiztatzeko, Jaungoikoaren serbitzari onek amaikagarren urterako bazeuzkan berrogeita amar milla gizon berari jarraika neke eta gerrazko bizitzan. Bazebillen erriz erri, eskean, jaten zuen limosnako ogia Homerok, Dantek, Tassok eta Kamoensek bezela, beste arako pobre glorioso aek bezela, zeñai Jaungoikoak ez dien eman mundu onetan estalpe eta deskansurik, ezpada gorde nai izan zituen bere serbitzuan, ibiliaz batetik bestera, erriak bisitatu, alaitu eta geienean eskolatu zitzaten.

        Ikusi bedi orain zer dion Montalenbert kondeak: Etzuten fraideak serbitu eta ondu kristau erria gorputzeko limosna bakarrarekiñ, ezpada pobrezari egin zioten onrarekiñ. Au da Ordena Erlijiosoak munduari egiñ dioten mesede aundienetakoa, eta zeñagatik batez ere dion gorrotoa mundutik Jaungoikoa aienatu nai duen espiritu gaisto orrek. Erlijio gabeak ez du sentitzen pobrearenganako amoriorik, oroitu arazten diolako justizia egitearen premia eta etorkizun batena, zeñean betiraunde guzian bakoitza egongo dan egiaz dagokion leku eta mallan. Ez du nai iñork pobreak amorioz tratatu ditzala erlijiosoak egiten zuten bezela; ezagutzen du apaizaren indarra bizitz onetako oñazeetan errotua dagoela, eta esango du biotzetik Barerekiñ: «Limosna da apaiz aundinaiaren somaketa». Ez dio batere ajolarik atsekabetuen lege eta premiakgatik, baña guziok dakiten bezela, iristen du denbora gitxiko bederen biurtzea pobreza mendetasunean, limosna petxa batean eta eska-premia gaistakerian, eta lege onen anparuan aberats gaistoak, Ebanjeliokoak baño errukimentu gitxiagorekin ez dio utziko Lazaro pobreari bere jauregiko eskalleran eseritzen.

        Au da Ordena erlijiosoak nai eta egiten dutenaren osoro kontrara. Ez dira kontentatu pobreza sokorritzearekiñ, ezpada onratu, santutu eta esposatzat artu dute munduan arkitu zuten gauzarik ederren eta aundienekoa bezela. Berealatik eman ziezten beren bizilekuak, pobre, mendeko eta beartsurik aundienak jarriaz Ordenaren asieratik prinzipe eta nobleen mallan, eta batzuetan oen gañean... Ordenan sartzen etziran pobreai ere agertzen zien berak ejenplo eta konsuelo aundieneko ikuskarria, onelako Erlijioetan sartu ziran munduko aundizki asko eta askoren pobreza eta umiltasun borondatezkoarena. Egiaz, millaka kontatzen dira prinzipe, duke, baroi eta dama mallarik goienekoak, lurpetu zutenak konbentuan oraingo jendeen aunditasun zirzillak irudirik txikiena eman eziñ dezakean aunditasuna. Gogoratu diteke umiltasun eta mendetasunezko ikasbide eragilleagorik? Esan bearko degu gañera Ordena Erlijiosoak Jesu Kristoren eta bere Eleizaren sentimentuetan beterik iritxi dutela irugarren ondore bat, aurreko bietatik berez datorrena? Jarri zuten trataera arteraño elkar eziñ ikusi ziran nagusi eta mendekoen artean. Eleizako soldaduzka erlijiosoak sortu dira bata bestearen ondoan jendearentzat aiñ protxugarriak diran iru ondore oek iristeko, baña munduaren denbora aldi erdia ezkeroz, onetarako San Franziskok fundatu zuenak anbat ez du inork bestek serbitu.

        Pensamentu oek zuzentzen dieztegu gauza guziak berritu nai dituzten oraingo jakintsu eta agintariai, ezagutu dezaten eskeko Ordenak anparatzea dala zentzu aundiko egikera, eta debekatzea berriz, jendeen zorigaitzerako lan egitea. Pobreak bizitza obeagoaren esperantza galtzen, eta borondatezko pobren itzal eta mugida protxugarria sentitzen ez duten egunean, ez da izango indarrik Europa guzia ia menderatu duen erreboluziozko espirituari gogor egingo dionik; anbeste denboran biotzean azi diran gorrotoak lertuko dira, eta ura izango da ordua noiz aberatsak beren interesaz eta biziaz ikaratuko diran.

        Jetxirik gañ oetatik, biurtu gaitezen San Franziskoren Ordenako kondairetara ikusteko bertan nola Salbatzalleak berak iñoiz edo berriz indartu zituen zalantzan zeuden bokazioak, bai eutsi ere bere serbitzari leialaren obrari oraiñ obra miragarriakiñ nola ikusketa zerukoiakiñ. Aiñ gogorra zan franziskoarren biziera, eta munduko gustoen eta aragiaren gurarien aiñ kontrakoa! Animen Salbatzalleak utzi zitzakean bere alde jazartzen ziranak eta gudan desalaitzen ikusten zituenak? Nor arrituko da, bada, baldiñ berak, bestezaz baliatu gabe, laguntzen badie? Guk sinisten degu beraren amorioaren biguñtasunean, eta argatik konfianza eta segurantzi osoarekiñ goaz egitera gauza miragarriz betea dagoen kondaira.

        Plasenziatik Parmara bidean dagoen erri txiki Borgo-San-Doñino deritzanak oraindik gordetzen du 1215an Txikienen konbentuan gertatutako milagroaren oroipena. Etxe egiñ berri artan bildu ziran erlijiosoak San Franziskori ongi etorria emateko Españatik itzuli zanean. Nola erlijiosoak asko baiziran, jatekoak aitu zitzaizten; estura larri artan Franziskok konfianza osoarekiñ zerura begirada bat egiñ zuen, eta Jaungoikoak ordañez, kontuan arturik eskatzallearen fede eta merezimentuak bialdu zion ogi millagrozko bat, zeñarekin kendu zuen sentitzen asi ziran gosea.

        Andik urte batzutara ikusten degu gis onetako beste millagro bat, Santo Domingo eta San Franziskoren obra, eta bien orazioen frutua. Aren bizitzaren pasarte onek alako grazia dauka eta aiñ ederki agertzen du aren fedea, non ezin egon ginitzakean emen jarri gabe. Ara nola kontatzen duen Santo Domingoren kidako españatar itzkribatzalle batek: Gure Aita doatsua joan zan bisitatzera San Franzisko, uri txiki bateko konbentuan fraideak zeukaten kapituluan buru egiten zegoela. Gauza jakiña da zeiñ adiskide aundiak ziran Erroman elkar ezagutu ziran ezkeroztik, eta nolako atsegiñarekiñ egon oi ziran Jaungoikoaren gauzetan itz egiten. Bazkal-ordua etorri zanean konturatu zien Santu biai zer janik etzegoela, eta beragatik eziñ bazkalduko zutela. Santu biak jarri ziran otoitzean, eta sentiturik ongi adituak izan zirala, deitu zituen fraideak jantegira. Esan zituzten betiko orazioak besteetan baño poz geiagorekiñ, eta bakoitza eseri zan bere tokian. Domingo eta Franzisko zeuden maipuruetan, beren begiradak zeruronz ezarriak, eta ozta minutu batzuek igaro ziran, noiz eta ikusi zituzten jantegian sartzen ogei mutill gazte, eta mai gañean utzirik kapapean ekarri zituzten ogiak, alde egiñ zuten biñaka, ziran beziñ eder bezelako modestiarekiñ. Jan ondorean Santo Domingok erregutu zien erlijiosoai egundaño ez galtzeko, ez eta estura larrienetan ere, konfianza Jaungoikoaren Probidenzian.

        Munduan ondo oitua zegoen nobizio noble batek eziñ zuen konbentuko janariarekiñ, eta artu zuen ostera munduko bizimodura itzultzeko asmoa. Goiz batean txit goiz irten zan zeldatik, eta kapillara jetxirik egiñ zuen atzeneko orazioa belauniko Jesus gurutziltzatuaren aurrean. An agertu zizaion Jesu Kristo bere Ama txit gloriosoarekin batean: «Ene seme, esan zion, zergatik alde egiñ nai dezu Erlijiotik?». «Jauna, nobizioak erantzun zion, emen egiten dan bizimodua latzegia dalako». Orduan Jaunak artu zuen ogi beltz bat, eta saietsetik zerion odolean bustita eman zion, esanaz: «Ogi au jan ezazu». Nobizioak jan zuen, eta txit gozoa arkitu zuen. Ikuskera desagertu zan, eta gaztea itzuli zan konbentura. Geroztik, deabruak tentatzen zuen guzian, pensamentuarekin joaten zan Jesusen saietseko zauri amoriozkora, eta berealaxe bere penak biurtzen zitzaizkan gozotasunean.

        Beste nobizio bat arkitzen zan konbentutik irteteko zorian gis orretako motibo beragatik: gorrotoa zion oial bastozko tunikari eta franziskoarren abituko kaputxoari; baña konbentutik irteteko asmoa artu zuen arratsean joan zan, oi bezela, aldare aurrean belaunikatzera, eta geratu zan kordegabetua. Iruditu zizaion santu asko bere aurretik biñaka igarotzen zirala beren bozak bateratuaz aingeruen doñu ederrakiñ. Jantzita zeramazkiten soñekoak ziran elurra baño zuriagoak, eta arpegiak eguzkiak baño argiagoak zeuzkaten. Azkenengo irurak beste guziai eraiten zien. Nobizioa zegoen osotoro arriturik, eta santu aetako batek esan zion: «Ene anaia, zu ainbesteraño arritu zaituzten iru santu oriek dira Erlijioso txikienak: bi argienak San Franzisko Asiskoa eta San Antonio Paduakoa, eta irugarrena, orañago ill dan erlijioso bat. Jaungoikoak eman diezte jantzi aiñ apañak, munduan erabili zituzten abitu pobrearen ordez». Au esanda zeruko ikusketa desagertu zan, eta nobizioa biurtu zan ostera zeldara biotza osoro konsolatuta eta anima indarturik gogorki jazartzeko eriotzako orduraño Jaunaren etsaien kontra.

        San Franziskoren Ordenako Kondairetan arkitzen dira beste milla orrelako. Ala Jaungoikoaren Semeak jartzen zuen enpeñua bere obraren alde. Egiñaz mesedeak eta millagroak Erreglaren nekeak eskatzen zutenean, berrituerazten zituen Ebanjelioko konselluak, eta erremediatzen zituen geldika geldika San Franziskoren eta bere Ordenaren bidez Eleizaren galerak.

        Aitatutako ikuskeraz gañera, kontatu dezagun beste bat, frai Leon mansoak izan zuena, zeñarekiñ zeruko sillu batekiñ bezela markatuak geratuko diran San Franziskoren ikasbideak. Orduak estuak ziran. San Franzisko, llaga ezartze miragarriarekiñ onratua, arkitzen zan oatua gaitzarekiñ, eta prestatzen zan beste mundurako. Frai Leon zeukan kontu artzen oe ondoan, eta errezatzen zuen jaiera aundiarekin. Onetan zegoela, zentzua joan zizaion, eta espirituan eramana izan zan ibai aundi eta ur txit bizizkoaren bazterrera, nondik abiatu ziran pasatzera ibaia batetik bestera bere Erlijioko fraide batzuek. Ikusi zituen urian sartzen, baña, o pena! batzuek bereala itotzen ziran, besteak neke aundiarekin iristen ziran erdi alderaño, baña zeramaten bagajearen kargarekiñ arazoturik, zijoazen ondora aurrenekoak bezela. Frai Leonek negar egiten zuen ikuskarri triste ari begira, luzatu nai zukean eskua itotzera zijoazenai, baña indar ezkutu batek eragozten zion, eskua lotua bezela euki eraziaz. Ubazterrean, bada, triste eta penaturik zegoela, ona non bat batetan jartzen zaion begien aurrean beste gauza bat lengoaren oso desberdiña. Ikusi zuen fraide asko zijoazkiola beragana beren Ordenako abittu pobre utsarekin beste karga eta pardel bage. Sartu ziran ibaian, eta uraren goaia aisa menderaturik, txit laister igaro ziran beste aldera. Eta orduan aren ikusketa desegindu zan.

        San Franziskok, Jaungoikoak agertuta bazekien ikuskera ori eta zer esan nai zuen, eta bere ikasle maiteari deitu eta esan zion kontatu zeiola. Frai Leonek, nola ezer ere etzion gordetzen bere Aita doatsuari, obeditu zion betiko senzilltasunarekin, eta kontatu ere bai ikusi zuen guzia berari zerraizkion gauzarik txikien guziakin, aitortzen ziolarik senzilloro, etzekiela zer aditzera ematen zuen. Eriak orduan oean jarrita esan zion: «Jaungoikoaren arditxo maitea, ara ikuskera orrek zer esan nai duen. Itotako erlijiosoak dira Jaungoikoari osoro emanda gero ostera itzuli eta agindu sagraduak austen dituztenak, berriz ere munduko banidadeak gozatzeko; ibaia batetik bestera aisa igaro zutenak dira beren aginduak leialki bete zituztenak; da esatea, jan eta jantzi bear bearrekoarekin kontentaturik, Kristori jarraitu, eta Jaunaren lege biguñ-ariña pozik eraman zutenak. Nola ezeren arazorik etzeukaten, erraz igaro zuten munduko ibai irabiatua, eta iritxi ziran zeru erriko ertzera».

        Azkenik, bada beste millagro bat, irakorri diranak baño gitxiago arritu bear ez gaituena; eta da ikustea egun oro zenbait galai gazte etxerik onenetakoak uzten dituzten beren era on eta munduko atsegiñak San Franziskoren abitu bastoagatik, Ordenak, pobreza aundienean bizi bada ere, anbeste eunkietan irauten duela irmo bere bokazioan, toki guzietan fruturik ederrenak emanaz, nun nai predikatzen duela penitenzia, eta nun nai pizkortzen duela beraren kontra gaiztoen gorrotoa, persona onen errespeto eta amorioa bezela. Ez da au beti dirauen millagro gisako bat? Munduko jakintsuak erretatzen edo desafiatzen ditugu adierazi dezatela au gure entendimentuak iritxi ditzakean arrazoiakin, sinistu nai ezpadute, guk diogun bezela, Jaungoikoaren Probidenziak San Franziskoren familiari amorio bereziarekin begiratzen eta kontu egiten diola.

 

aurrekoa hurrengoa