www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Bostgarren Bereziera

Inozenzio IIIgarrena. Rivo-Torto. Ama Birjiña Aingeruena.

Silbestre. Bedoikiñ edo Nobiziaduaren lenbiziko loreak.

Errufino, Leon, Masseo eta Junipero.

(1209-1210)

 

        Bukatu zan XIIgarren eunkia, bere gloriak izan bazituen ere, XIIIgarrenari gaiztakeri eta perill askoren ondadea utzi ziona. Inglaterrako Enrike IIgarrenaren eragabekeriak, San Tomas Beketen illkintza, Legoi Biotzko Errikardoren katibutasuna, Felipe Augustoren bortxak Injerburga bere emaztearen kontra, Enperadore Enrike IVgarrenaren gogortasun aditu ez bezelakoak Sizilian, askatu zituzten griña txar guziak, eta bai lagundu ere gaiztakeriari ona menderatzeko, aragiari anima gañeztutzeko eta abere-indarrari fede katolikoa azpiratzeko. Amairugarren eunkiak biltzen zituen desegokiera oen frutuak, eta asi zanetik, bazirudien, irikitzen ziela atea naigabe eta ondamen guziai. Europako izaera zan guziz negargarria, bada nun nai etzan ikusten elkarren arteko gerra eta odol ixurtzeak baizik. Eleizak negar egiten zuen orrenbeste gaiztakeriaz, eta etzan bizi San Bernardo, toki santuraño sartzen zan eskandaloaren ujola loiari presa jartzeko. Erejia sonatu batek ematen zien osaera anbeste gaitzi, guzia ondatu naiean; au zan Albitarren erejia. Franziako eguerdi aldea odolez eta lutuz bete zuten fedausle oek, patarino, kataro eta baldeuseak izendatzen ziran beste ereje batzuekiñ elkar arturik, zabaltzen ziran Italiaren erdiraño. Oen dotriña zan, aen aurrekoak erakutsi zituzten utsegite guzien bilkui edo antolamendu bat bezela. Egiatzat emanik gauzen sortze edo asierak dirala bi, bata ona, bestea gaistoa, eta au dala mundu-egillea, bidezki igaro bear zuten erakustera dotriña danik izugarriena, au da, guk egiten ditugun obrak nai ta naiez bezela egiten ditugula, eta beragatik zer erantzunik eztaukagula, nondikan artzen zuten oña aragi-atsegiñetara osotoro entregatzeko. Oek ziran bada, elkar artutako jende batzuek, ezkutuan azi eta geitu, eta beren buruak Europa kristauan agertzen asi ziranak. Nola ixiltasunezko legeak anparatzen baizituen konzienziaren eta justizia agirikoaren kontra, eta Alemaniako Enperadoreak gordetzen zituen, begiratzen zielako Aita Santuaren kontra altxatzeko noiz nai prest zeuden eralle batzuei bezela, eta berak ere arroturik bereala garaituko zutela uste zutelako, utzirik estalki edergarriak, azaldu zituzten garbiro beren dotriña gaistoak. Ala ikusi zan nola batere lotsa gabe ematen zituzten eskandaloak, geitzen ondamenak, kentzen apaizai beren errentak, eskubide eta libertadea, eta orduan, oraingo moduan, aditu ziran itz injurigarrienak Eleizaren kontra, zeñari deitzen zioten «Babiloniako andregaldu aundia» esanaz alde aurrez, laister betiko ondatuko zala. Siñale oetatik argiro ezagutzen da, aek zirala anziñako manikeo erejeen semeak, eta gaurko eguneko frakmasonen guraso egiazkoak; aiñ ziertoa da utsegiña beti berpera dala, eta gorrotoa beraren marka kentzen ez dana, amorioa egiaren siñale dudagabekoa bezela.

        Ala alde guzietatik ikusten zana zan, mundu kristaua bere ondamenera zijoala. Baña zergatik etsi, baldin eriotz-infarnuen garailari dan Jaungoiko-Gizon egiñak agiñdu badio Eleizari bere laguntza, eta beraren kontua beti idukiko duela? Etsimeneko ordua da izatez Jaungoikoaren ordua, da esatea, bera agertu oi dan denbora, eta guziok galdutzat zeukatena salbatzen duena. Onetarako asko da gertatzea giza-artean, egunoro itxasoan ikusten dan bezelako gauza bat. Itxasoan aizeak bat batetan burrukatzen dira, eta itxasoa azitzen da olatuakiñ plaia guzia estaltzeraño: oro bat gertatzen da munduaren gobernuan; ordu jakiñ batean Jaungoikoak bialtzen du aize zeruko bat errietara, irabiatzen ditu Kristoronz bultzatuaz, eta berritzen du lur-gañ guzia. Zeruko aize au sentitu zan orduan Europako sort-aldean, eta bereala agertu ziran erri-libratzalletzat Inozenzio IIIgarrena Erromako Aita Santu aulkian, Luis IXgarrena Franziako jargoian; Simon Monfortekoa Langedoko kanpoetan eta Isabel Ungriakoa Alemanian. Denbora berean Jaungoikoak bere bitartekotasuna lanbide aundi onetan agertzeko sortu zituen bi gizon miragarri, bata Españian eta bestea Italian, Domingo eta Franzisko, bi pobre, bata bestearen berri etzekitela, lan bat berean zebiltzanak; zeña zan zuzentzea mundua sakrifiziozko espirituaren bidez, aundinaiari kontra egiñaz umilltasunarekiñ, aberatstutzeko gutiziari Ebanjelioko pobrezarekiñ, gerekiko amorio geiegiari karidadearekiñ. Jaungoikoaren plana etzan guziz aundia eta errukitsua? Bada bera egiteratzea etzan gitxiago arritzekoa, ikustera goazen bezela.

        Franziskok izandu zuen ditxa arkitzeko Erroman Asisko Obispo Jauna, zeñak egiñ zion arrera txit biotzekoa, eta bai eratu ere bi kardenal itzal aundikoen balimentua, Juan San Pauloko eta Ugolino, Aita Santuaren illoba, eta gero bera Gregorio IXgarrenaren izenarekiñ Aita Santu izan zanarena. Aiñ laguntzalle baliosoakiñ kontatzen bazuen ere, Jaungoikoak bialdu zion beeratzepen txiki bat, aren merezimentu geiagorako. Aita Santuak eman zion aurreneko entzundea, etzitzaion izan bere aldekoa. Inozenzio IIIgarrenak, oroiturik nunbait beren arrokeria eta gaistakeria aundiakiñ Franziako eguerdi aldea naspillatzen zebiltzan Liongo pobre gezurrezko aiezaz, artu zuen gizon txatar ura pobre gogaikarritzat, eta bialdu zuen aditzeko lekurik eman gabe. Baña urrengo arratsean izan zuen amets misteriozko bat: ikusi zuen bere oñetan palma geldi geldi azitzen, arbol eder bat egiñ zana; eta nola zebillen jakiñ naiean ikusketa ark zer esan nai zuen, Jaungoikoak adierazi zion goiz artan bialdu zuen pobrearen irudia zala. Ez al zan esnatu, bereala agindu zuen erakarri zeiotela beillako arrotza. Eremutar umilla arkitu zuten San Antonioko ospitaleko sala batean, eta eraman zuten Letrango jauregira. Entzunde onetan artu zuen jakintsu beziñ birtutetsua zan Aita Santuak, bere kardenalez inguraturik, eta aditu zion atsegiñtasun aundiarekiñ. Arriturik Santuaren senziltasun, alai eta zeloaz, bazijoan eskatu ziona ematera, noiz eta kardenal batzuek oarterazi zioten Aita Santuari, ezen, Franziskok jarri nai zuen Ordena izan bear zuela gauza berri bat Eleizan, eta eraman asmo zuen bizi modua zala gizonaren indarraz gaiñdikakoa. Baña Juan San Pauloko kardenalak erantzun zien, esanaz: «Jaunak, pobre onen eskaera desetxatzen badegu, bere Erregla berria eta kunpli-nekeza dalazko apukoarekiñ, Ebanjelioaren kontra goaz zuzen zuzen, bada Aita Santuak ontzat emateko presentatzen duen Erregla da Ebanjelioko irakasdeakiñ ondo eratzen dana. Alabaña Ebanjelioko perfezioa eta bera jarraitzeko boto edo promesa arrazoiaren kontrako gauzak eta eziñ egiñ ditezkeanak dirala esatea, da Ebanjelioaren Egille dan Jesu Kristoren kontra blasfemia botatzea».

        Aita Santuak, arrazoi oen indarrarekiñ mugiturik, esan zion Franziskori: «Ene Seme, erregutu zaiozu Jesu Kristori ezagutuerazo dizagula bere borondatea zuk nai bezela obratu al izan dezagun». Jaungoikoaren serbitzariak obeditu zion aur baten senziltasunarekiñ; irten zan otoitz egitera, eta ostera itzuli zanean, kontatu zien ipui au: Eremu batean bizi zan donzella guziz eder bat baña pobrea; errege batek ikusi zuen, eta aren edertasunaz eramanik, artu zuen emaztetzat. Bizitu zan berarekiñ urte batzuetan, eta izandu zituen seme alabak, arpegian aita eta edertasunean ama ziruditenak; gero errege joan zan gortera. Amak azi zituen bere umeak arreta aundiarekin eta aundi egiñ ziranean, itz egiñ zien onela: «Ene semeak, errege aundi batenak zerate, zuazte bere gortera, eta artuko zaituzte zuen leñargiari dagokan eran». Joan ziran bada galaiak gortera, eta erregeak ikustean aen edertasuna, esan zien: «Noren semeak zerate?» eta erantzun zioten: «Eremuan bizi dan andre pobre aren umeak gera». Erregeak, ori aditzean, gozoro laztandu zituen, esaten zielarik: «Ez bildurrik izan, bada nereak zerate. Nere langilleai maieko apurrak ematen badiztet, zenbat geiago ez dizutet emango nere umeak zeratenoi?».

        «Errege au, o Aita Santua, da Jesu Kristo gure Jauna, eta donzella maitagarri eta ederra, Pobreza, zeña guziak despreziatua, arkitzen zan mundu onetan eremu batean bezela. Erregeen erregek zeruko gloriatik lurrera jeistean ainbesteraño maitatu zuen, non jaio zanetik esposatu zan berarekiñ. Aur asko izandu zituen, apostoloak, eremutarrak eta azkenik oraiñ daramatzigun denbora triste oetan berorren serbitzari au bere jarraileakiñ batean. Berak aseguratu dit gure mantenuaren kontua idukiko duela, gure aurreko senideena iduki zuen bezela, eta esan dit: Langilleak eta nere izenaren etsaiak ere mantentzen baldiñ baditut, arrazoi geiagorekiñ mantenduko ditut nere semeak eta jarraitzalleak; eta eguzkia pekatarientzat ateratzen badet, eta lurreko ondasunak oen artean partitzen baditut, are eta obeto emango diet eguneroko ogia Ebanjelioko konsejuak jarraitzen dituztenai».

        «Ona bere erakuste eta obrakiñ Jaungoikoaren Eleiza egiaz irozoko duen gizona!» deadar egiñ zuen Aita Santuak, adierazi naiean aurreko egun batean izan zuen amets bat, eta kardenalai kontatu ziena: «Iruditu zizadan, ziozan, Letrango San Juanen eleiza zimenduetatik mugitzen zala, egiñalean saiatzen nintzan ni eusten erori etzediñ, alperrik bederik, noiz eta azaldu zan gizon aul eta pobre bat, bere bizkarrarekiñ eutsi ziona». Eta beste geiago gabe ontzat eman zuen itzez San Franziskoren Erregla, egiñ zuen bera betiko Fraide Txikienen Buru nagusi, ordendu zuen Diakono edo Apaiz urren, eta primaz bere beste amaika lagunak, eman zien eskubidea nai zuten tokira joateko penitenzia predikatzera, artu zien Erlijiozko profesa, eman zien Apostolu bedeinkazioa, eta despeditu zituen laztan biotz biotzekoa emanda.

        Gure erromes piadosoak ikusi zituzten kunplituak beren deseo guziak. Pobreza serafiñdarra, aek laztandu eta artu zuten pobreza oso osoa izan zan ontzat emana munduan zan agiñtaririk aundienak. Ala, aen aurreneko lana izan zan joatea Apostoloen obi edo sepulturara, antxe belaunikaturik eskerrak ematera; ondorean alde egiñ zuten Erromatik, beren biotzetan zeramazkiela poz aundiak eta esperanza are aundiagoak, eta juramentu egiñaz ekarriko ziotela Jesu Kristoren Ordezkoari obedienzia itxu, oso eta betikoa.

        San Buenabenturak kontatzen du Erromatik itzultzean izan zuten gertakari miragarri bat. Illunabar batean bidaje luzean nekatuak gelditu ziran fraideak bide bazterrean. Goseak zeuden, eta etzeukaten zer janik, eta inguruan ere etzegoen etxe-siñalerik, baña Probidenziak etzituen utzi aztuak, bada nondik eta nola etzekiela joan zitzaien mutill gaztetxo bat, eta ogi zuri bat aen ondoan utzita desagertu zan. Fraideak jan zuten, eta zeruko ogiarekiñ beren gorputz aulak alaitu zituen, Probidenziaren aenganako amorioaren pensamentuak animak konsolatzen ziezten bitartean. Biaramonean geratu ziran Orten, Tiber eta Nera ibaiak elkartzen diran tokian, Zimino mendiaren babesean dagoen ballera eder batean, baña andik amabost egunera toki zoragarri ura utzirik, joan ziran Tiberra gora eta geratu ziran Foliñotik Porziunkulara bidean Asis aldean billatu zuten txaola arrakatu batean, Subaso menditik jeisten dan u-kolpe sonatu baten ertzean, zeñari deitzen dioten Rivo-Torto (Errekatxo okerra).

        Txaola au zan aiñ txarra eta txikia non ozta zeukaten esertzeko tokirik. Bizi ziran limosnan edo egiten zuten lanetik, eta iñoiz ikusi ziran arbol-zañ batzuek baizik jateko etzutela; ala ere beti zeuden alegere. Beren penitenzia eta eraman bearretan gustorago zeuden, mundutarrak egun bateko atsegiñ tartean baño. Nola etzeukaten Eleiz-errezoak egiteko libururik, biltzen ziran zurezko gurutze baten inguruan, eta aditzen zuten beren fundatzallearen itzaldi espirituala, edo meditatzen zuten Jesusen Pasio santua.

        Iru gauza inportanziazkoak gertatu ziran Rivo-Torton igaro zuten denboran. Lenbizikoa da millagro bat zeñetan ikusten dan Jaungoikoaren bitartekotasunaren egokiera, eta beraren balioa edozeñek ezagutuko duena. Franziskoren jarraileak danik siniskorrenak izanda ere, dudaren bat sortu zitzaiekean berak paratzen zien bizimodu estu eta besteak ez bezelakoaren gañean; baña Jaungoikoak desegiñ zien duda au millagroarekiñ. Nola Franziskok predikatu bear baizuen Asisko Katedralean igande goiz batean, bezper arrats aldean joan zan Obispoaren palaziora, eta illuntzean kanonigoen jardiñera jetxirik, geratu zan estalpe batean, zeren zeukan gaba orazioan igarotzeko oitura ona. Gauerdi aldean suzko gurdi bat eguzkiak bezela distiatzen zuen boilla gañean zuela sartu zan gure fraideak zeuden Rivo-Tortoko txaolan, eta egiñ zituen iru jira inguruan. Ez da erraz esaten nolako sustoa sentituko zuten suzko gurdia ikustean, baña are eta geiago arritu ziran, berak barrendik eta kanpotik aiñ argituak ikusi ziranean, non bakoitzak irakorri zezakean lagunen konzienzian liburu batean bezela. Eziñ engañatu zitezkean; suzko gurdi ura, argi boilla ura, Testamentu berriko Elias ura zan aen animen giaria, beren aita doatsua. Franziskok itzuli zanean indartu zituen ikuskera aren sinismen egiazkoan, agertu ziezten beren konzienzietako gauzarik gordeenak, eta adierazi zien zeñen etorkizun gloriatsua izango zuen beren Ordenak. Onenbeste señaletan jarraile aek ezagutu zuten Jaunaren espirituak alaitzen zuela beren Maixua, eta batere zalantza gabe segitu zezaketela aren dotriña eta ejenploak.

        Bigarren gertaera izan zan are ezagungarriagoa. 1209ko agor illaren azken aldean Oton IVgarrena zijoan Erromara, Aita Santuak koroatu zezan Enperadoretzat. Franzisko etzan irten bere txaolatik arekiñ zijoan jende luzitua ikusteko, baña bialdu zion bere fraidetako bat enperadoreari itz oek esatera: «Jakizu, Prinzipea, zure gloriak ez duela luzaroan iraungo». Esan onezaz enperadorea miñkaistu zan, baña kunplitu zan. Jakiña da enperadore aren patu tristea. Aita Santuak eskumikatu zuen ondorengo urtean, koroa galdu zuen, eta andik zortzi urtera, errukarriro ill zan (1218).

        Irugarren gertaera izan zan, Silbestre izendatzen zan lagun berri baten etorrera, zeña zan Franziskoen ordenan sartu zan aurreneko apaiza, eta beraren bokazioa da egiaz arrigarria. Saldu zion zerbait arri San Franziskori San Damiango eleiza konpontzerakoan, eta ajustatu zuten prezioa leialki pagatu bazion ere, kejatu zizaion esanaz kaltetua izan zala salera artan, noiz eta Bernardo Kintabalen ondasunak partitzen ari zan denboran (1209ko apirillean) Franziskok, arekiñ auzitan ez ibiltzearren, artu zuen saku bat urre, eta eskuak betean emanaz, esan zion apaiz gutizioso ari: «Ori eskatzen dezuna eta zor ez dizudana». Silbestrek artu zuen, eta joan zan umilldua, baña kontentu. Arratsean ordea, pensatzen jarririk bere dollorkeriaren gañean, sentitu zuen konzienziako kezka, eta eman zion Jaungoikoari bidegabekeri ura zuzentzeko itza, eta orduan iduki zuen amets misterioso batek desegiñdu ziozkan Jesu Kristoren pobreen kontra zeuzkan arrenkurak. Ikusi zuen iransuge izugarri bat Asis gañetik igarotzen bertako biztanle guziak irentsitzeko zorian, eta ondoren agertu zala Franzisko argitasunez inguraturik, eta aoan zeukala urrezko gurutze bat, zeñaren punta iristen zan zeruraño, eta besoak zabaltzen ziran munduaren ertzetaraño, eta ikusi utsarekiñ iransugeak ies egiten zuela. Iru bider iduki zuen amets au, eta igarririk zeruko gaztigu bat zala, joan zan Franziskorengana, eta auspezturik kontatu zion ametsa, eta erregutu zion bere utsegiña barkatu eta ar zezala bere lagunen artean. Franziskok, laztanduaz erantzun zion: «Ene seme, bi gauzak gogo onez ematen dizkitzut». Ala ere, eztakigu zergatik, baña etzuen artu beregana Silbestre urte artako agorrilleraño, zeña izan zan Aita Santu Inozenzio IIIgarrenak Erregla ontzat emanda Penitenziako abitua jantzi zionean. San Buenabenturak eta Bernardo Bessek esaten digute, ordu ura ezkeroztik Silbestreren bizitza izan zala orazio, penitenzi eta pobrezazkoa, eta serbitu zuela kontatu digun ametsaren egiaren sinitsgaitzat. Silbestre izan zan San Franziskoren amabigarren laguna, eta onen etorrerarekiñ Franziskoren lagun taldea egiñ zan Apostoloen bilkuiaren antzekoa. Ala Jaungoikoaren Probidenziak egiñ zuen Ribo-Tortoko txaola txarrak serbitu zezala birtute, millagro eta profezi arrigarrietarako.

        Ribo-Torton illabete igarotakoan, Franziskok bildu zituen bere amabi lagunak, eta esan zien: «Ene anaiak, Jaungoikoak adierazi dit, nai duela geitu gure famili txikia. Beragatik bear degu bizileku aundiagoa, Eleiza, mez-eman eta errezoak egiteko, eta kanpo santu bat illak obiratzeko. Goazen Asisko Obispo Jaunarengana, eta eska dezaiogun gordeleku bat gure Ordena jaio-berriarentzat».

        Obispoak eziñ kunplitu izan zion aren deseoa, baña Subaso mendiko Benediktinoak eman zioten gogo onez Ama Birjiña Aingeruenetako eleizatxoa, ari zegokan etxea, eta beste lur piska batzuek, baldiñ begiratu nai bazioten konbentu ari Txikienen Ordenaren asiera eta sustraiari bezela. Franziskok ontzat artu zituen doaia eta kondizioa, sentituaz pozik aundiena biotzean bere deseo guztiak orrela kunplituak ikusten zituelako. Anbeste eunki igarota ere aren esker onak badirau, eta bere seme espiritualak diote, orain seireun urte ziotena, au da, San Benitoren jarraileai zor diotela lenbiziko konbentu eta orazio-etxea.

        Franzisko joan zan bereala bere lagunakin Porziunkulara, an segitzeko aurreko urtean asi zuten penitenziazko bizitza. Ze biotz-mugida gozoak sentitu zituen Franziskok, lur pixka bedeinkatu aren jabe egiñ zanean Zeruko Erregiñaren izenean! Ai eman izan bazizagun amoriozko zizpiru aek aditu eta biltzea! Tokiaren aukera bera zan gure Santuarentzat oroipen eta esperanza aundiak erakartzen ziozkana. An Pikak eskeñi zion Ama Birjiñari; an egiñ zituen lenbiziko saioak penitenziako jazarretan, bere lanbidearen sortzea izan zalarik Mariaren farra gozo batetik, eta andik irten zan Erromako Aita Santuaren oñetan belaunikatzeko. Onenbeste mesedek ongi adierazten zuten Birjiña txit Santak, Ordena onen ama izanaz gañera, nai zuela izan beraren anparatzallea, bada gauza jakiña da azi eta zabaldu bear zuela beraren mantu urdiñaren itzalean.

        Onelako pensamentuak ziran buruan zebiltzkianak, eta gizonen anparua danaren laguntza are eta geiago aseguratzeko, konfiatu nai izan ziozkan bertatik bere lenagoko poz-kontentuak eta geroko esperanzak, alatan, non, denbora aetako zaldunen oitura sagradu bat erlijiozko bizitzara eramanik, Porziunkulara joandako aurreneko arratsean egiñ zuen beilla, eta pasa zuen gau guzia belauniko bere Erregiña zerukoaren aurrean, Jesus eta Mariaren zaldun armatua izan bear bazuen bezela. Eta egiaz ala izan zan. Ama Birjiña agertu zizaion zeruko aingeruz inguraturik, eta farra irri gozoa egiñaz, agertu zion Eleiz umillaren etorkizun gloriatsua. Egun sentian jaiki zan, eta Jakob patriarkaren gisan deadar egiñ zuen: «Egiaz au dala toki santua, ez gizonak, ezpada aingeruak bizi bear luketena. Ez naiz irtengo emendik al dezakedaneraño, eta neretzat eta nerekoentzat izango da Jaungoikoaren ontasunaren siñale beti dirauena».

        Jaungoikoaren bedeinkazioa jetxi zan etxe artara alako moduan, non fundatzalle santua an jarri zan ezkero, jarraile berriak zetozen geratu gabe Ordenan sartzera. Oen artean baziran beste guziai erain zienak, eta jendeen artean oroipen txit onragarria utzi dutenak: aetakoak dira Frai Leon, Frai Rufino, Frai Mateo eta Frai Junipero, au txit sonatua bere senzilltasun eta sufrimentuetarako amorioagatik, eta zeñagatik esaten zuen San Franziskok, aren izenarekiñ jokatuaz: «Ah Jaungoikoak emango baligu onelako likabrazko baso bat» (bada Juniperus latiñez, likabra arbola da euskeraz); frai Mateo Mariñan, itz eztitsu eta gozotasun paregabekoa Jaungoikozko gauzetan itz egitean, eta aiñ obeditua, nun, gogoz egiten zituen konbentuko lan bilutsenak; frai Errufino, Asisko famili noble batekoa eta Santa Klararen aidea, Orden onetako lorea, zeñaren usai gozoak lurrintzen zuen Jaungoikoaren Eleiza, anima autua, zeñagatik zion San Franziskok: «Jaungoikoak agertu dit au dala munduan dauden anima leial eta garbienetako bat, eta batere duda gabe eman nezaioke Santuaren izena; bada kanonizatua dago zeruan»; eta azkenik frai Leon, senzill eta aingerukoi frai Leon, bere errugabetasunagatik San Franziskok deitzen ziona Jaungoikoaren arditxoa, la pecorella di Dio, anima senzill, garbi eta otxana, munduaren mirariak antzeztutzen diran mendigoienetan dauden ainzirak bezelakoa. Ebanjelikoak baidigu esaten: «Zorionekoak biotz garbikoak, zeren oek Jaungoikoa ikusiko duten».

        Frai Leonek dauka toki berezia San Franziskoren estimazioan, eta Fraide Txikienen kondairan. Santuaren erritarra, goarpelari eta konfesorea, adiskide estu eta lagun aukeratua, zeñari Santuak agertzen ziozkan bere biotzeko ondasun guziak, zan, nolerebait esateko, San Franziskoren bilkuieko San Juana, eta merezi izandu zuen munduan adiskidetasun estuenean bizitu ondorean, illda ere beragandik ez berezitzea, bada obiratu zuten San Franziskori konsagratua zegoen aldarearen oñean.

        Maixu-jarraileak iduki oi zituzten elkarren artean zeruko jolasak, zeñak badirudi Bernardo Besse kondairatzalleak aen ezpañetatik bildu zituela grazi paregabearekiñ kontatzeko, eta guk berriro aitatzen ditugunak ondorengoen protxu espiritualerako. Ona emen jolas biguñ aetako bi: Neguko goiz otz batean zijoazen frai Leon eta San Franzisko Perusatik Ama Birjiña Aingeruenetakora. Frai Leon zeruko pensamentuetan burua zeukala zerbait aurreratu zan, eta Santuak deiturik, esan zion: «Anai Leon, Jainkoari nai dakiola Erlijioso Txikienak munduari santutasunezko ejenplo aundia ematea, baña Jainkoaren arditxo maite orrek jakizu, ez dala ori ditxa osoa». Bide piska bat egiñ zuten, eta berriz esan zion: «Anai Leon, gu Erlijioso Txikienok itxuai bista emango bagiñie, deabruak aienatuko bagiñitu, mutuai itz egiñ erazi eta illak andik lau egunera piztuko bagiñitu ere, jakizu ez dala ori ditxa osoa». Joan ziran aurrerago, eta esan zion: «Anai Leon, Erlijioso Txikienak bagiñieki itzkuntza eta jakinduria guziak, eta alde aurrez gauzak asmatzeko eta biotzak ezagutzeko doaia bagenuka, jakizu ez dala ori ditxa osoa». Eta andik geroxeago esan zion: «Jainkoaren arditxo maitea, Erlijioso Txikienak Aingeruen izkuntza itz egiñgo balute, izarren ibillerak balekitzie, eta ezagutuko baluteke landareen birtuteak, lurreko gauz eskutuak, egazti, arrai, gizon, abere, arbola, arri eta uraren izaera, jakizu ez dala ori ditxa osoa». Eta gero berriz esan zion: «Anai Leon, Erlijioso Txikienak beren predikuakiñ fedegabe guziak fede santura erakarriko balituzke ere, jakizu ez dala ori ere ditxa osoa». Ala segitu zuen jolasian ia ordu laurden bateko bidean bezela, eta azkenik lagunak arriturik esan zion: «Aita, Jaungoikoaren izenean esan zadazu zertan dagoen ditxa osoa». Eta Santuak erantzun zion: «Demagun Ama Birjiña Aingeruenekora iristean otzak, bustiak, goseak illak, ateratzen zagula atezaia, eta esaten digula: «Zuek etzerate limosnak ostutzen zabiltzaten alper batzuek baizik; kanpora emendik», eta uzten gaituela kanpoan otzak illtzen; baldiñ sufritzen badegu ixilik, kejatu eta murmuratu gabe, pensatuaz ez degula besterik merezi, eta Jaungoikoak nai duelako ala gertatu zagula, sinistu nazazu, ori da ditxa osoa. Eta arratsean otzak eta goseak estuturik erregutzen badiogu atezaiari, Jaungoikoaren amorez atea idiki dezagula, eta ark makilla lodi batekin bizkarrak berotuaz botatzen bagaitu elurretara kolpatu eta zaurituak bertan utziaz, eta guk pazienziarekiñ sufritzen badegu trataera gogor au, pensatuaz part-artu bear degula Jesu-Kristo gure Jaunaren sufrimentuetan, sinistu nazazu, anai Leon, ori dala ditxa egiazkoa. Espiritu Santuak animetan ixuritzen dituen doai guzien artean onena da nork bere burua bentzutzea, eta pazienzian Jaungoikoaren amorez sufritzea».

        Beste egun batean, Ordenaren aurreneko denboretan Franziskok egiñ zuen bidaje bat frai Leon lagun zuela, eta nola etzeukaten Eleiz-errezoak egiteko libururik, esan zion lagunari: «Jainkoaren arditxo maitea, Maitinetako ordua da, eta eztaukagu errezatzeko libururik, eta ala kantatu bearrean gaude Jaungoikoaren alabanzak, eta ikusiko dezu zer egingo degun. Nik esango det: Anai Franzisko, zuk egiñ ziñituen orrenbeste pekatu munduan zeundenean, eta merezi dezu infernuaren ondora amildua izatea. Eta zuk erantzungo dezu: Egiaz, merezi dezu infernura botia izatea». Eta frai Leonek erantzun zion usuaren senzilltasunarekiñ: «Ala egingo det, ene Aita». Baña Franziskok nai zuen bezela erantzun bearrean, esan zion kontrara: «Jaungoikoak anbeste on egiñgo dizu, non joango zeran zerura». Eta Santuak esan zion: «Ez didazu erantzun bear orrela, ezpada nik esaten dedanean: Anai Franzisko, anbeste gaiztakeria egiñ dituzu, non zerutikan madarikazioak baizik ez dituzu merezi, zuk erantzungo dezu: Egiaz madarikatuen artean kontatzea merezi dezu». Frai Leonek ordea erantzun zion: «Anai Franzisko, Jaungoikoak emango dizu bere grazia, eta zerurako autuen artean izango zera bedeinkatua». Orduan Santuak aserre biguñ batekin esan zion: «Nola dezu ausardia obedienzia austeko, eta anbeste bider agiñtzen dizudanaren kontra erantzuteko?». «Nere aita txit maitea, erantzun zion frai Leonek, Jainkoak ongi daki zuk esan bezela erantzun nai nizula, baña berak itzegiñ erazi dit nai zuen bezela, nere borondatearen kontra». «Oraingoan beintzat erantzun ezazu nik esango dizudan bezela. Nik esango det: Anai Franzisko, gizon txarra, anbeste gaiztakeria egiñ ondoren, badezu ausardia uste izateko Jaungoikoak barkatuko dizula? Eta zuk arditxo maitea, erantzungo dezu: Zuk eztaukazu beraren miserikordiara batere eskubiderik». Franziskok esan zituen itz oek negarrez eta zizpiruz, eta negarrez eta bularrak joaz, zegoen itxedoten frai Leonek esan zezala erakutsi zizaiona; baña lagunak erantzun zion: «Jaungoikoak emango dizkitzu grazia aundiak, altxa eta gloriaztuko zaitu betiko, zergatik beeratzen dana, izango da altxatua. Ezin itz egiñ det beste moduz, Jaungoikoa da nere aotik itz egiten duena». Onelako umillaziozko leian igaro zituzten bidajeko orduak. Ze jolasak, eta ze animak! Nun aurkitu pasarte mugigarriagorik, jolas aldi biguñagorik eta irakasde aundiagorik?

 

aurrekoa hurrengoa