www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Bederatzigarren Bereziera

Ordenaren lenbiziko billera guzienkikoa.

San Franzisko eta Santo Domingo.

Ugolino Kardenala. Bigarren billera guzienkikoa.

(1216-1219)

 

        Pazkoa Espiritu Santuko pesta zan 1216ko maiatzaren 30ean Erlijioso Txikien guziak arkitu ziran Ama Birjiña Aingeruenekoan, eta egiñ zan Ordenaren lenbiziko Billera guzienaren sarrera solemnea. Billera ura, bigarrengoaren argitasun aundiak zerbait illundu bazuen ere, etzan au baño frutu gitxiagokoa izan Erlijioso Txikien ondore onerako. Fundatzalle santuak artu zituen bertan neurri bi inportanziazkoak: partitu zituen munduaren lurbirak bere semeen artean; eta egiñ zituen probinzia bereziak Lonbardia, Ankonako Marka, Toskana, Kalabria, Tierra de Labor eta Pobillekoa, emanaz ministro probinzialai nobizioak eta profesioa artzeko eskubidea, arteraño beretzat gordea zeukana. Ondorean aritu zan aukeratzen Italiaz kanpora predikatzera joan bear zuten fraideak, eta señalatu zuen Españarako Bernardo Kintabal, Probenzarako Juan Bonelli, Alemaniarako Juan Penna, eta gañera oetako bakoitzari lagundu bear ziezten fraideak; eta gorde zituen beretzat Paris, Franziako ipar aldea, eta Beljika eta Olanda, orretarako bere lagunai agertu ziezten arrazoiakgatik: «Ene anaiak, esan zien, Parisek beraganatzen nau gogoaren kontra, ez bakarrik aiñ maite dedan Franziaren erriburua dalako, ezpada batez ere munduko beste lekutan baño emen Aldareko Sakramentu Santuak onra geiago artzen duelako». Ai Parisko katolikoak mereziko baluteke beti aiñ alabanza ederra!

        Iritxi zan azkenik alde egiteko ordua, eta bildurik berriz misiogille aek guziak, Santuak eman ziezten azkeneko irakasdeak, agertuaz argiro misiogilleak eraman bear duen bizitza. «Ene semeak, esan zien, zoazte Jaungoikoaren izenean, gorde isiltasun osoa maitineetatik terzia bitartean, erregutuaz Jaungoikoari zuen biotzetan. Ez dedilla aditu zuen artean itz arro edo alperrik, eta bidajean zuaztenean ere porta zaitezte ermita edo zelda batean egongo ziñatekean beziñ garbi eta umill, zeren nora nai goazela, gerekiñ daramagun gere zelda. Gure anai gorputza da zelda, eta gure anima ango eremutarra, Jaungoikoagan pensatu eta berari erregutzeko obligazioarekiñ. Erlijioso bat ezpada bizitzen pakean bere barrengo zeldan, ez diote deus serbituko kanpokoak. Porta zaitezte, zuek ikusten zaituzten edo zuei aditzen dizuten guziak deboziora mugierazitzeko moduan, eta alabatu dezaten gloria guzia dagokion Aita zerukoa. Izan zaitezte pake eramalleak, eukiaz mingañetan baño obeto biotzetan. Etzaiozute eman iñori aserratzeko edo gaitzerako biderik, kontrara, zuen gozotasunarekiñ erakarri itzatzute guziok ontasunera, pake eta elkartasunera. Erituak sendatzea, tristeak konsolatzea, eta bide galduetan dabiltzan errukarriak billatzea, orra gure bokazioa. Arkitzen badezute iñor deabruaren alderdikoa deritzatzutena, pensatu iritxi ditekeala Jesu Kristoren jarraile izatera».

        Itzaldi onen ondoren bedeinkatu zituen bere seme espiritualak, eman zien pake eta despeidako laztana, eta misiogilleak irten ziran Ama Birjiña Aingeruenekotik munduko lau bazterretan Ebanjelioko azia ereitera, Apostoloak Espiritu Santua artutako biaramonean Zenakulotik irten ziran bezela. Alde egiñ bearreko pena gozatzen zien, obedienziak agintzen zien tokira zijoazela zeukaten segurantziak, eta Jesu Kristoren ezaguerara animak erakartzeko esperanzak. Franzisko irten zan Franziako misiora, Maseo lagun zuela, baña bere lanbidea gomendatu nai izan zien aurrena S. Pedro eta S. Paulo Apostoloai, eta orazio egiñ aen supulturan. Erromarako bide erdian arkitu ziran nekeak eta goseak erasanik, eta ala geratu ziran uri baten sarreran zerbait alimentu artzeko. Eseri ziran iturri bati bere adar ostatsuakiñ itzal egiten zion arbolpe batean, eta para zituzten arri gañean urian limosnan bildu zituzten ogiazalak. Orduan Franziskok bere barrengo poza eziñ gorderik, deadar egiñ zuen: «O anai Maseo, eman ziozkagun eskerrak Jaunari eman digun ondasunagatik». Maiz esan zituen itz oek, eta bakoitzean itz indartsu eta alegereagoakiñ: «Baña zer ondasun dioza, guzia falta bazaigu?» esan zion Maseok arriturik. «Ondasun aundi au da, erantzun zion, arkitzen giñan miserian etorri zagula Probidenzia gu sokorritzera emanaz ogia, ura, itzala, eta maitzat serbitzen digun arria». Orduan pozez beterik jan zuten «Aingeruen ogia», San Franziskok zion bezela, eta eskuetan arturik eran zuten iturriko ur garbia.

        Ostera bideari emanik, sartu ziran aurrena ikusi zuten eleizan, nun San Franziskok erregutu zion Jaungoikoari eman zeiola berari eta bere erlijioso guziai pobreza santuaren amorioa, izanik bere errezoaren berotasuna anbesterañokoa, non zirudian arpegia garretan zeukala. Egoera artan zegoela joan zizaion Maseori besoak zabalik eta ujuka, baña lagunak alderatu zizaionean sentitu zuen nola Franziskoren asnaseak aidean altxa zuen biotzeko aiñ konsuelo aundiarekiñ, non gero aseguratu zuen, egundaño alakorik sentitu etzuela.

        Kordebagetze aren ondoren Jaungoikoaren serbitzariak itz egiñ zuen pobreza santuaren alabanzan, eta esan zituen gauza miragarriak, azalduaz liburu santuetako itz oek: Axariak badituzte beren zuloak eta zeruko egaztiak ere bai kabiak, baña Gizonaren semeak ez dauka bere burua nun ipinirik (Math. VIII).

        Erromara ziranean, lenbiziko lana izan zuten San Pedroko Eleizara joan eta orazio egitea. Eta negar malkoakin eskatzen zegoela San Pedro eta San Paulo Apostoloai, eskolatu zezatela apostolu bizitza eta pobreza egiazkoaren gañean, agertu zizaiozkan bi apostoloak, eta laztandurik esan zioten: «Anai Franzisko, Jesu Kristo gure Jaunak bialtzen gaitu esatera, aditu dituela zure erregu eta negarrak pobreza santuaren alde, berak eta bere Ama gloriatsuak laztandu, eta aren ejenplora guk ere eraman genduen pobreza orren alde. Zuri eta zure seme guziai ematen dizute ondasun ori, eta ondo gordetzen dutenak, iritxiko dute zeruetako erreinoa». Franzisko altxa zan osoro pozturik, kontatu zion ikuskera Maseori, eta joan ziran biok San Pedroren sepultura aurrera, belaunikaturik, eskerrak ematera.

        Gauza oek gertatzen ziran bitartean, Inozenzio Irugarrena, Jesu Kristok bere Eleizari eman dion Aita Santu aundienetakoa, ill zan Perusan 1216ko uztaillaren 16ean Aita Santutzan 18 urte terdi igaro ondorean. Andik bi egunera Censio Savelli kardenala igo zan S. Pedroren Jargoira, eta artu zuen Honorio IIIgarrenaren izena. Erlijioso txikienak arkitu zuten onengan, aurrekoagan bezelako laguntz eta anparoa.

        Iritxi zan XIIIgarren eunkiko bi apostoloak elkar billatzeko Jaungoikoak señalatu zuen ordua. Arritu gaitezen emen oartuaz Jaungoikoa baliatu zan bideaz gizon oek elkarganatzeko. Biek para zituzten bakoitzak bere Ordena denbora batetsuan, batak Apenino mendien oñean, eta besteak Pirineokoan; biai serbitu zien lenbiziko estalpetzat Mariari konsagratutako anziñako Eleiza bat, Ama Birjiña Aingeruena eta Ama Birjiña Prullakoa, biak izendatzen ziran Ama Birjiñaren zaldunak, eta gordetzen zituzten beren anparatzalle soberanoarentzat jazarre izatez gaindikako aetan irabazten zituzten onrak, eta bularretatik irteten zitzaien berez Eleizak kantatzen duen uju au: Gaude, Maria, Virgo: cunctas haereses sola interemisti in universo mundo. «Zuri, Gloria, Birjiña Maria, erejia guziak munduan desegiñ dituzulako». Santu bi oek bazuten elkarren antza beste gauza geiagoetan ere. Biak beren apostolutzako lanbideari eman zioten asiera Erromarako erromeriarekiñ, eta biok joan ziran berriro uri artara beren Ordenen ontzat ematea iristera. Biak desetxatu zituen Inozenzio IIIgarrenak, eta gisa bereko ikuskera miraritsu baten bidez bedeinkatu zituen oro bat bien lanbideak. Biok predikatu zuten pobrezaren estimazioa eta jarraitu zuten, eta biok zabaldurik bere zeloa denbora eta jende eta bizimodu eta edade guzietara, bildu zituzten banderape batean iru martizti edo ejerzitu banaak. Ugolino Kardenala izan zan bi Ordenen anparatzallea, Aita Santu Onorio IIIgarrena lenagoko ontzat emateak bulda solemneakin indartu zituena, eta Gregorio IXgarrena biak Santuen lumeroan para zituena. Azkenik, Eleizaren irakasle señalatuenak agertu zuten beren jakiñduria oen eriotzan, Santo Tomasek Santo Domingorenean, eta San Buenabenturak San Franziskorenean.

        Alaz guziaz ere, bokazioetan elkarren aiñ antz aundikoak ziranak, arritzeko gauza!, Santo Domingo eta San Franzisko etziran ezagutzen. Biok egon ziran Erroman Letrango Batzarre laugarrenak zirauen denboran, bata bestearen izenik egundaño aditu gabe. Itz batekiñ adierazia dago gauz estali au: Jesu Kristo gure Jaunak estutu nai izan zuen oen zeruko adiskidetasunaren lazoa.

        Santo Domingok, San Pedroko Eleizan orazioan zegoen gau batean ikusi zuen gizonen Salbatzallea aserratua munduaren kontra, eta iru gezi irazeki eskuan zerabizkiala aienatzeko arroak, gutiziosoak eta desonestoak, eta Maria bere Ama txit Santa pekatariakgatik erregutzen, eta desarmatzen zuela bere besoa, jarririk bere aurrean pobre bi, eta esanaz: «Ona emen zure serbitzari leial bi, fedea eta birtuteak nun nai zabalduko dituztenak». Domingok ezagutu zuen bera zala pobre aetako bat, etzuen bestea ezagutu; baña aren irudi edo imajiña geratu zizaion oroimenean osoro josia. Biaramon goizean, Eleizatik irtetzean, ez al zituen begiak altxa lurretik, nun ikusten duen eskale bat jantzi pobre batekin, amets misteriosoan ikusi zuena bera zirudiena; bereala joan zizaion, eta Santu biak lenago elkar iñoiz ikusi gabe, laztandu ziran, eta egon ziran ala luzaroan itzik esan gabe. Azkenik, Domingok itza ausirik, kontatu zion aurreko gabean izan zuen ikuskera, eta esan zion: «Franzisko, zu zera nere laguna: lana egin dezagun asmo berberarekin, iraun dezagun elkartasunean, eta iñork ez gaitu garaituko».

        Santu fundatzalle aek an elkarri eman zioten laztana pasa da gizaaldiz gizaaldi ondorengoen ezpañetara, eta orduan artutako adiskidetasun estuak badirau oraindik aen umeen biotzetan. Erlijioso txikienak eta Dominikoak para dituzte beren dendak erri mota guzietan, elkarrekiñ orazio egiñ dute, eta elkarrekiñ lan egiñ ere Jaungoikoaren maastian: beiñ baño geiagoetan aen martirien odola nastu izan da fedeagatik sakrifizio berean, eta azkenik lurra bete dute konbentuz eta zerua santuz, enbidiaren lerde puzoitsuak loitu gabe aen seireun urteko adiskidetasuna.

        Adiskidetasun au dala bide urteoro Santo Domingo egunean fraide Predikadoreen Eleiz ofizio solemnea kantatzen du Aita Franziskoar batek. Meza ondorean, bi Ordenatako fraideak jaten dute elkarrekiñ Probidenziak bialtzen dien ogia. Otordu ondorean Jainkoari eskerrak ematean kantatzen dute aldizka berso au: Seraphicus Pater Franciscus et evangelicus Pater Dominicus ipsi nos docuerunt legem tuam, Domine. «Aita San Franziskok eta Aita Santo Domingok erakutsi digute, o Jauna, zure legea». San Franziskoren pesta eguna dan urriaren lauean berritzen da zeremoni au berau Erlijioso txikienen konbentuan. Au gertatzen da bi Ordenetako konbentuak elkarren alde xamarrean dauden erri guzietan, fraideak eman dezaioten batzuek besteai beren txandan elkartasun eta onginaiezko siñaleak, gogoraerazitzen digutela Eleizaren denbora onenetako oitura, eta ematen diela oraingo fedegabeai ikuskarririk arrigarriena millaka gizonak arkiturik bat eginik biotz eta anima bat baizik ez balute bezela.

        Bi Santu oen elkar billatu zuteneko pasartea beziñ biguñik, gitxi badira, eztegu ezagutzen bat ere aek Erromako mendi muñoetan egiñ zuten despedida bezelakorik. Abentino mendiaren gañean zutik, San Pedro eta San Paulo artzaz jabetu ziranetik amabi eunkira, bi erlijioso pobre aek begiraturik orain zerura, oraiñ lurrera, soma al baño ausardi aundiagoarekin partitu zuten bien artean mundua, zeruko Erregearentzat irabazteko. Lurbira guziak berendu nai zituzten apostoloak bezela, aurrerapenak edo frutuak izan bear zuten gizonak uste zitzaketean baño aundiagoak. Eta egiaz, erakarriko dituzte jendeak Ebanjelioaren uztarripera, enpleatuaz orretarako munduko biderik indartsuenak, amorioa eta jakinduria. Domingo eta bere semeak, zeruko goiendean kerubiñak daukaten tokia Elizan daukatela dirudianak, zabalduko dute Jainkozko jakiundea, eta eskudatu egia; Franziskok eta bere semeak serafiñen garretan irazekirik ixuriko dituzte munduan argi eta amorezko urjoairak.

        Bata eta bestea Franziarentzat arrotzak baziran ere, biak agertu zioten naitasun biotzekoa. Orain beren ekarraiez, edo kondairako ezagueraz, bazekien Franziak Eleizaren alaba aurrenekoa zan aldetik zeukala munduan eginkizun berezi bat, bera zala Orden Erlijiosoen sorterria, eta bera gabe inportanziazko gauzarik eziñ egin ditekeala. Argatik aren pensamentua itzultzen zan beti erri doakabe onetaronz, bada Domingok etzuen oraindik aienatu bertatik osotoro herejia, eta negar malko ugariak ixurtzen zituen aditzean erejeak erakarri zituzten kalte eta ondamen aundiak. Aen elkar ikuste eta despeidako pasarteak irakorri nituenean anziñako kondairetan, pensatu nuen biok elkar artu zutela anbeste kalte erremediatzeko, eta Domingok erregutu ziola Franziskori lagundu zeiola Langedok-ko erriak konbertitzeko lanbide añ nekosoan. Pensamentu oek etziran nere irudipen batzuek baizik, baña suerte batez, ona non Mirepoxko Dukeak gogo onez eman didan XVIIgarren eunkiko eskuskribu batek, atera nauen dudatik gitxien uste nuenean, nere sospitxak egian biurtuaz, bada dio, zeiñ parte aundia artu zuen Santuak Albijenseen kontrako gurutzadean. Nola agiri au dan ukatu eziñ ditekeana, parako ditugu emen Txikienen Ordenari dagozkan pasarte batzuek.

        Gui de Levis, Mirepoixko markesa, Santo Domingok Fedeko Mariskalaren izengaña eman ziona, zan Simon Monforteren kapitan bulardetsuenetako bat. Asirik tratatzen San Franziskorekiñ (eta eztago dudarik izango zala Santo Domingoren bitartez), erabaki zuen eramatea Franziara persona aiñ santua, era onetan herejien aurrerapenai kontra egiteko; ekarri zuen bere iritzira Gillermo Kadailhak, Kahorsko Obispoa, eta joan zan Erromara apropos Aita Santu Honorio Irugarrenari baimena eskatzera eramateko berekin Asisko Penitenzilaria. Aita Santuak baimena eman zion gogo onez, eta Franziskok berriz amorio guziarekin, bada ori zan bere biotz guziarekin deseatzen zuena, baña eginkizun aundi oni etzion asiera eman nai izan konsultatu gabe Ugolino Kardenalarekin, eta nola arkitzen baizan orduan Florenzian Aita Santuak bialdua, joan zan ara gure Santua Mirepoixko Markesarekiñ.

        Alde egiñ zuen Erromatik 1216ko udaazkenean, eramanaz anima oroipen gozo eta konsolagarriz betea, eta Tiberko ubazterretik ezarri zuen esperanzazko begirada Franziako erreinu ederrerunz, zeñaren izena aditzeak biotza pill pill egiten zion, eta noronz sentitzen zan gozoro eramana. Nork esan al ditzake ark buruan erabilli zituen asmoak, apostolu baten biotzean, eta anima irazekietan berez sortzen oi diranak?

        Etzekien etzala bera izango kunplituko zituena, eta ez al zan iritxi Florenziara, eta ontzat eman bere asmoa Ugolino Kardenalak, artu zuen gaitz aundi batek. Kardenala izan zan aurrena onetan ezagutu zuena, Jaungoikoak etzuela nai bidaje aiñ luzea egiñ zezala, eta Jaungoikoaren serbitzari umilla, buruba makurturik jarri zan Kardenalaren agindura, eta bere ordez, eta anbesteko ditxaren enbidiarekiñ, bialdu zituen frai Pazifiko, frai Angel eta frai Alberto Pisakoa Franziako ifar aldera, eta frai Kristobal Romañakoa eguardi aldera. Kristobalek, Santuak eman ziozkan irakasdeai leialki erantzunik, lagundu zion Gui de Lebisi Langedokeraño, egiñ zituen Mirepoix, Kanon eta Martelgo konbentuak, arpegi eman zien gogorki setarien egiñalai, eta ill zan santutasunean 1272ko urriaren iruan larogeita emerezi urterekiñ, berrogeita amasei erlijioan igarotakoan.

        Oek izan ziran Ordena onen asierak Franzian aitatutako agiriak dionez. Kondairak, egiazkoa bada, aitatu bearko ditu emendik aurrera Kristobal Romañako doatsuak eta bere lagunak egiñ zituzten lanak Langedoken Santo Domingo eta bere lagunakiñ batean, eta bai ezagutu ere Erlijioso txikienak izan zirala ara deituak erejiari gerra berezia egitera.

        San Franzisko, gaiean jarri zan beziñ laister, itzuli zan bere apostolutzako lanetara, eta predikatu zuen batez ere Rieti balladako errietan, eta lanbide oetan arkituko degu Erromara ostera joan zanetik 1219ko urtearen erdiraño. Noizean beiñ utzitzen zituen lan oek, joateko Ama Birjiña Aingeruenekora anima orazioan indartzera, eta erlijioso eta nobizioai kontu egitera, edo bisitatzeko egiten zituzten konbentu berriak.

        Gure Santuaren bizitzaren denbora onetako gertaldi inportanzi aundienekoa, eta beraren deseo guziak zeramazkiana zan bigarren billera guzienkikoa, 1219ko Pazkoa Espiritu Santuetarako señalatu zana. Urte aren aurren aurrenean joan zan Perusara Billerak artu bear zituen neurrien gañean Ugolino Kardenalarekiñ konsultatzera. Santo Domingo ere arkitu zan itz aldi artan. «Ondo deritzatzute zuen erlijiosoak altxaak izan ditezela Eleizako goiendeetara?» galdetu zien kardenalak beste gauza batzuen artean; Santu biak errespuesta berbera eman zioten. Santo Domingok zion: «Nik ez det ezagutzen Jaungoikoaren itzaren eramantzalle eta fedearen ezkutarma izatea beziñ onra aundirik; beude, bada, erlijioso predikariak beren bokazioan». «Jauna, esan zion ondorean San Franziskok, nere semeak deitzen dira erlijioso txikienak, Eleizan azkeneko lekua daukatelako. Au da oen onorezko tokia; ez itzatzu kendu bertatik, goorago altxatzeko apukoarekiñ». Kardenala etzan iritzi orretakoa, baña ala ere arritu zan eta ikasbidetzat serbitu zion ikustean aen sakrifiziozko espiritu ainbesterañokoa.

        Santuak berekiñ lagun zeraman frai Leonek aitaturik, tratatu zuten ere konbeni izango ote zan Ordena biak bateratzea, baña Santuak etzuen nai izan. «Jaungoikoaren borondatea da, esan zuen, biak daudela bereziak, erlijioan sartzeko deiarekin sentitzen dana dijoan geiago konbeni zaionera». Orduan Santo Domingok erregutu zion berak eta beren familiak aiñ karidade aundian elkarturik zeuden siñaletzat eman zeiola gerria lotzeko zeukan soka, esanaz: «Beti nerekiñ eramango det nere arropa zuriaren azpitik». Franziskok denbora luzean etzion eman nai izan, baña anbesteraño leiatu zizaion, non azkenean eman zion. Au izandu zan txit laister Eleiza guzian zabaldu zan debozio baten asiera eta Sisto Vgarrenak, Erlijioso txikienen Ordenakoak, andik irureun urtera anaitasun aundira altxa zuena San Franziskoren Kordoiko Artxikofradiaren izenarekin.

        Ordenako egiñkizunak Kardenal anparatzallearekiñ batean zuzendurik, alde egiñ zuen bere lagunetatik, eta itzuli zan Ama Birjiña Aingeruenekora. Bidean zijoazela iduki zuen itzaldi bat bere lagunarekiñ umiltasunaren gañean. «Jaungoikoaren ardi maitea, esan zion, alderatzen zaigu billera guzienkiko eguna, eta iruditzen zat ez nitzakeala izango Erlijioso txikien egiazkoa, baldiñ aitorturik gure anaiak ez dutela iduki nai burutzat ni bezelako ezjakiñ eta pekataririk, adituko ezpanituzke bidegabekeria oek barrengo sosegu osoarekiñ, eta alegratuaz ikustean nere burua lenago neukan aginte gabe. Jakizu, anaia Leon, toki goiak askotan erortzeko arrisku geiagokoak dirala, eta an daudenen erantzuera askozaz bildurgarriagoa dala, eta kontrara umiltasunean eta mendetasunean irabazi aundiak daudela». Itz ederrak, zeintzuetan Franziskoren anima antzeztutzen dan ispillu batean bezela! Ai beti gogoan idukiko balituzte gizon gutiziotsuak! Zenbat desengañio, gaiztakeri eta kezkatatik gordeko lirakean zartzarorako!

        Iritxi zan, azkenik, bigarren Billera guzienkikorako eguna, 1219ko maiatzaren 26garrena, egun gogoangarria, San Franziskoren Ordenako kondairetan siñale guziz argiak utzi dituena. Egun artan guzia zan fraideentzat poz kontentua. Eleizak zelebratzen zuen Paskua Espiritu Santuko pesta, eta apaiñtzen zan jaieko jantziakiñ. Izaira zegoen ornitua udaberriko galakiñ, aizea zan freskua eta garbia, eta eguzkiak ixurtzen zituen argi-ujolak Apenino mendi gañetatik Espoletoko ballerara. Bidelariren bat goiz artan Asisen arkitu izan balitz, ikusiko zuen ikuskarri bat, benturaz alakorik munduan ikusiko ez dana, txabolak eunka ordeka zelaian, eta millaka fraideak bildurik Porziunkulako Eleizatxoaren inguruan. Ikustean nola zeuden isilik aingeruen gisan eta buru makurturik, usteko zuen gauza aundiren bat an gertatzen zala, eta etzan engañatuko. Zer ikuskarria! Ugolino Kardenala txutik kapillako aldarean zegoen Obispo-meza ematen, eta Sakrifizio Santua entzuten zeuden Franzisko bere Ordenako bost milla fraiderekin, eta Domingo zazpi millakiñ.

        Aingeruak igotzen ziran zerura eskeintzeko Aita Betikoari Arkume mantxagabearen odola gizonen orazioakiñ batean, eta jeisten ziran ostera lurrera graziaz eta bedeinkazioz beteak. Zeru guziak aditzen zituen arretaz erlijioso beartsuen erreguak. Deadar egiñ dezagun berriro: Zer ikuskarria! eta nola konsolatzen duen, beste zenbatek anima naigabetzen duen bitartean.

        Meza ondorean Kardenal anparatzalleak billerari asiera eman eta giatu zuen. Arratsean gerrariburu on batek bezela ikusi bat eman nai izan zien ordeka zelaian arbol-adarrakiñ edo espartzuz egiñdako etzauntzetan arkitzen ziran Jesu Kristoren soldadu tropa aei. Eta zeuden irurogei ta eunkako salletan, kontatzen elkarri beren apostolutzako poz eta sufrimentuak, beren Aita doatsuaren lanbideak, edo beraren izenean egiñ zituzten mirariak, berrituaz Jesu Kristoren ikasleak aurreneko misiotik itzuli ziranean esan zituzten itzak: Beraren izenean deabruak berak obeditzen digute (Luc. X).

        Au ikusirik, aiton beneragarri ark deadar egiñ zuen beste mugaldi batean Jakob Patriarkak bezela: Fraide txikienak, egiaz au da Jaunaren kanp-etxea. Ura zan, menetan Errege aundiaren soldaduzka aukeratua, paketsu eta irabazlaria, armagabe eta indartsua, miragarriro eskolatua, zeñari egokatu lezaiokakean Eskritura Santuko itz oek: Zeñ ederrak diran zure etzauntzak,o Jakob! zeñ politak zure dendak, o Israel. Franziskok begiak zeruronz altxa eta Jaungoikoari eskerrak biotz onez emanik bere semeak ugaritu zituelako itxasoko ondar aleak bezela, atera zituen bere biotz eta ezpañetatik itz batzuek pizkortu erazi zituenak bere ikasleetan Jaungoikoaren amorioa, beren bokazioak, animen salbazioaren zeloa eta Eleizaren serbitzurako beren mendetasuna; eta bukatu zuen bere itzaldia era onetan: «Ene anaiak, gauza txit aundiak agindu ditugu eta are aundiagoak agindu zaizkigu. Kunplitu ditzagun batzuek, deseatu ditzagun besteak, atsegiña laburra da, pena betikoa; nekeak ariñak eta gloria bukaera gabea. Asko dira deituak, gitxi autuak. Bakoitzari emango zaio irabaziko duen saria».

        Biotz dollorren batek galdetu zezakean: Nun billatu orrenbeste jende mantentzeko janari? Baña ez Santuari eta ez bere fraideai etzitzaien alako dudarik burura etorri. An etzeukaten ezertxo ere, baña konfianza osoarekin itxedoten zuten Jaungoikoagandik eguneroko jana, kanpoko egaztiak bezela, eta Probidenzia etzitzaien faltatu. Ikusi ziran nola zijoazen Asistik, Perusa, Foliño eta Espoletotik ere bizimodu guzietako jendeak, apaizak, zaldunak eta erriko jende txeak, eta ez kontentu eramanarekiñ erlijioso beartsuai bear zituzten janariak, leiatzen zirala beren eskuakiñ serbitzeraño. Sokorru aek izan zituzten Billerak iraun zuen denbora guzian.

        Ikuskarri miragarri ura ikuste utsagatik joan ziran ara jendetza aundiak. Jaungoikoa baliatu zan egokiera artzaz aen biotzak ukitzeko. Aetako asko arritzen ziran Erlijioso txikienak ikustearekin, eta ziozaten: «Ona emen ongi erakusten diguna zeruko bidea estua dala, eta zeiñ gaitza dan aberatsentzat Jaungoikoaren erreinuan sartzea! Iruditzen zagu gure zoriona egiten degula munduko era on eta atsegiñik utzi gabe, Erlijioso oek, zuten guzia utzita ere bildurrak bizi diran bitartean. Guk ill nai genduke oek bezela, ez ordea bizi oen moduan, izanik gauza jakiña, nolako bizitza, alako eriotza». Beste batzuek erreparatzen zuten aen arpegi aingeruzkoetara, zer parra irri gozoa, zer ernaitasuna bata bestearen serbitzuan, eta nola azaltzen zuten beren begiradetan zeruko pakea: «Aingeruak dira, pensatzen zuten, ez dute lurrik ukitzen oñetako beatz puntarekiñ baizik, eta beren pensamentu eta amorioa daukate jarria gure jaieterri egiazkoa dan zeruan. Zerk galerazten digu oen zorionean part-artzea?». Eta aetatik bosteun pasatuak auspezturik San Franziskoren oñetan, eskatu zioten penitenziako abitua. Alako eran zabaltzen zan Espoletoko balleran fraideen birtuteen urriñ gozoa, eta ematen zituzten bizitzako frutuak!

        Emen oarterazi bear degu ezen, Santuari gustatzen zizaiola senzilltasuna anbat, zenbat gorrotatzen zuen irudipentzea eta gauzak aundizkatzea. Jakiñik ikasleen batzuek penitenzi gogorregiak egiten zituztela, agindu zuen eramateko Kardenalaren aurrera gorputz illduratzeko zeuzkaten gauzak. Burnizko goronz eta gerrikoak baziran bosteun baño geiago. Franziskok eragotzi zien osoro illdura mota aek, animako jarduera eta obra onen kaltegarri ziralako. Zorionekoak alako utsegiteakgatik errietan eman zitekean denborak!

        Erlijiozko espirituaren berritzea, piedadea geitzea eta ikasle berriak erakartzea bakarrik etzan izandu Esteratako Billeratik ateratako frutua. Egiñ ziran iru erreglamentu inportanzi aundikoak, Ordenaren ondore gloriosoa sendotu zutenak. Ona emen.

        Lenbizikoa. Larunbat guzietan esango da Ordenako konbentu bakoitzean, meza solemne bat Ama Birjiñaren onran. San Franziskoren aitamenaz jarritako aginte onen bidez Erlijioso Txikienen Ordenak Maria sortzez mantxa gabea artu zuen bere Santu Goartari eta Bitartekotzat (eta au da beraren gloria bikañena, eta izaeraren arrazoia), aitortzen zuela sei eunkiz aurretik beraren sortze txit garbiaren fedeko egia. Au da gertatua; nork ordea adierazi lezake kausa? Eskritura Sagraduan aiñ gitxi trebatua eta Gurutzeko jakinduria besterik etzekiela gloriatzat zeukan Asisko apaizurren umillak argitu dezala batetan denbora luzeenean estalpean egon diran gure Erlijioko egietatik bat, erakutsi dizaiela jendeai, pasatuaz gero aoz ao famili erlijioso bateko belaun guzietara, eman dezala misterio onen arrazoia zentzu aundiko itz oetan: «Ez bildur izan emateko Mariari, Jainkoaren Amaren goiendearekiñ gaizki ez datorren guzia». Au da mirari bat munduko arrazoiakiñ adierazo ditekeana? Eztegu ontzat artu bearko Senako fraide Dominiko batek diona, ezen, San Franziskoren Teologia... altxatzen zala arranoaren egaaren eran, eta Franziskok Espiritu Santuarekin zeukan trataera biotzekotik zetorrela? Era onetan Irakasleen Irakasleak eskolaturik, eta jakiñik Mariak daukan tokia Jaungoikoaren asmoetan, egiñ zezakean Franziskok gauza obeagorik uztea baño bere umeai ezaguera ura ondasunik aundiena bezela? Santuaren esperanza etzan izan engañatua, bada bere ikasleak gorde eta zabaldu zuten Ama Birjiñaren sortze mantxa gabearen dotriña alako irmotasunarekiñ eta aiñ berena bezela, non deitu zioten franziskoarren dotriña.

        Bazirudian zeruetako Erregiñak bere aldetik sortzen zituela Ordenan bere obraren ondo irtetzea aseguratzeko gai ziran jakintsu eta predikariak, eta ikusi zan Ama maitati onek alaiturik, nola leian sartu eta deitu ziran Mariaren zaldun, Antonio Paduakoa, Buenabentura, Duns Skoto, Bernardino Senakoa, Leonardo Porto Mauriziokoa eta Tomas Charmes. Seireun urteko guda onetako gora berak alde batera utzirik, badaude bertan gertaera bi iñola ere kontatu gabe eziñ utziko ditugunak, San Franziskok jarritako egiaren ondore berezkoak diranak: Duns Skotoren garaipen sonatua XVgarren eunkian, eta fedeko egia onen aitormena XIXgarrenean.

        Jakiñak dira denbora aetan fraide Franzisko eta dominikoak elkarren artean zerabilten despita Ama Birjiñaren sortze mantxa gabearen gañean. Despit oek beiñ betiko erabakitzeko Aita Santu Benedikto XIgarrenak agindu zuen 1304an iduki zedilla ezpaita agirikoi bat Parisko Unibersidadean. Aita Gonzalbo Erlijioso txikienen Buruzaiak Ordenaren izenean para zuen Duns Skoto, buruzko guda berri artan gorde eta defenditu zezan franziskoetan aurrekoetatik ikasirik zeukaten sinistamentu piadosoa; eta orretarako joan zan Oxfortik Parixa. Despita onetarako orazio, barau eta erretiroarekiñ prestatu zanean, joan zan Unibersidadera, baña bidean ikusirik Ama Birjiñaren imajiña talluzko bat agur egiñ zion Eleiz errezoetako itz oekiñ: «Egizu, o Birjiña Santa, alaba zaitzadala, eta indartu nazazu azpiratu ditzadan zure etsaiak». Imajiñak makurtu zuen burua, farra egiteko zorian, geratuaz geroztik egoera onetan.

        Sorbonara zanean, Skoto arkitu zan batzarre errespetagarri eta berarekiñ jazartzeko modukoan ziran kontrarioen aurrean. Fraide Dominikoak para zituzten berreun arrazoi ikusierazotzeko Gizakiaren kontra emandako sentenzian sartua zegoela Ama Birjiña ere. Franziskoak fraide gazteak aditzen zituen ixilik eta arreta aundiarekiñ. Kontrarioak itz egiñ zutenean, altxa zan, eta esan zituen berriz aek bezela (sinisten erraz ez dan gauza Ama Birjiñaren laguntza miraritsua gabe) beren dotriña indartzeko jarri zituzten berreun arrazoiak, eta desegiñdu zituen bat banaka kontrarik eziñ egiñ zezaiekean probabideakiñ.

        Unibersidadeko irakasleak eta Aita Santuaren bialduak onratu zuten txalo guzizkoakiñ, eman zioten Irakasle argiaren izengaña, erabakiaz andik aurrera Batzarre sonatu ark, zelebratzeko urteoro Ama Birjiñaren Sortze mantxa gabea. Eunki bat geroago oro bat erabaki zuen ez ematea iñori Doktor edo Irakasle gradua, baldin graduatu bear zuenak itz ematen ezpazuen defendituko zuela Ama Birjiñaren doai berezi ura. Etzan oraindik iritxi Eleizarentzat Misterio onen gañean bere azken sentenzia emateko ordua; gure denbora oetan izandu du disputa onek bere bukaera gloriotsua.

        1854ko abenduaren 8an San Franziskoren irugarren Ordenakoa zan Aita Santu Pio IXgarrenak ezarri zion Mariaren koroari perlarik ederrena, mundu guziaren aurrean aitortuaz: «jatorrizko pekatutik gordea eta pekatu gabe sortua izan zala bere Semearen merezimentu alde aurrez aplikatutakoen birtutez». Nola utzi emen kontatu gabe Ordena onen gloria dan gertaera bat? Bulda au solemnidade guziarekiñ publikatzen zan unean Aita Santuak eman zien baimena Erlijioso txikienen Buruzai biri, erregalo egiteko batek urrezko arrosa eta besteak zillarezko lirio bat; au zan saririk onena onratzeko erlijioso oen zeloa adierazten eta zabaltzen Mariaren aunditasun eta pribilejioak.

        2. Erreglamentuetako bigarren ordena izan zan San Pedro eta San Paulo Apostoloen aitamen berezi bat egiñ bear zala Protege nos, Domine eta Exaudi nos, Domine orazioetan. Eleiz-orazio onekiñ Franziskok estutu zuen oraiñdik geiago Eleiza guzien ama eta buru dan Erromako Eleizarekin Ordena berriak zeukan batasunaren lazoa, eta asi zuen bere ikasleen artean Aita Santuarenganako amorio eta jaiera ura, iru Ordenak beren siñale ezagungarritzat bezela daukatena.

        3. Ez da artuko Eleiz eta ez konbenturik, agindua daukagun pobreza santuari ez dagokanik. Erabaki zentzu aundikoa, franziskoarren konbentuai lujo eta aberastasunai bidea isten ziona, zeña izan oi dan lasaikeria ekarlea eta erlijiozko bizimoduaren ondamena.

        Oek izan ziran Esteratako Billerako erreglamentu sonatuak, Ordenaren barrengo bizitzara zuzentzen diranak eta bere itxura ematen diotenak. Franziskok etzeukan orregatik aztua bere lanbidearen kanpoko aldea deitu genezakeana, au da, animen salbazioa. Beti gogoan idukirik Jaungoikoak eman zion eginkizun berezia zala deabruaren mendetik kristau erriak eta fedegabeak ateratzea, egiteratu zuen bere lanaren plana, munduko erri guzietara zabaldu eta bere umeak kunplitzen segitu bear dutena azkeneko denboretaraño. Artu zituen Ejito eta Siria beretzat eta beste fraide batzuentzat, eta señalatu zien besteai zeiñ tokietara joan bear zuten. Anbeste langille Ebanjeliokoen artetik mixio batzuetako buru egiten zutenen izenak baizik ezin eman ditzakegu.

        Frai Bernardo, Marruekoetara joan zana, eta Santuak berriz ezin ikusiko zuena zerura joan arteraño; Frai Pazifiko, ostera Franziara itzuli zana; Kristobal Romañakoa, berriz Guyenara predikatzera joan zana; Anjel Pisakoa, Bretañara joatea tokatu zizaiona. Aen obedienzi edo agiriak zioten onela: «Ni Franzisko Asisko ministro jeneralak agintzen dizut zu frai Angel Pisakoari, Ingalaterrara joan eta izan dezazula an ministro probinzialaren kargua. Agur». Gitxi esaten zuen, baña bai bear anbat, Jaungoikoa bera zalako bialtzen zuena. Lanbide au neke aundikoa zan, baña Jesu Kristoren Eleizak animak beraganatzeko daukan espirituarekiñ ongi datorrena. Honorio IIIgarrenak Viterbon zegoela ontzat eman eta indartu zuen bialduaz fraideai ondorengo eskutitz au: «Honorio, Obispo, Jaungoikoaren serbitzarien serbitzariak, Arzobispo, Obispo, Abade, Arzipreste, Arzediano eta beste agintari eleizakoai: Nola gure Seme maite Franziskok eta aren beste lagunak utzi dituzten munduko utskeriak Erromako Eleizak ontzat eman duen bizimodu bat egiteko, eta dijoaz Apostoloen gisan, adierazten Jainkoaren itza toki guzietan, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean erregutzen, eta eskutitz onen bidez agintzen dizutet ar ditzatzutela katoliko eta fededunekotzat Ordena orretako erlijioso, karta onen eramalleak eta zuenganatu ditezkeanak; lagundu eta ongi tratatu ditzatzutela Jaungoikoaren onrarako eta gure begirunez. Garagar illaren amaikan eta gure Aita Santutzako irugarren urtean egiña».

        Gañera misio-buru egiten zutenak zeramazkiten Santuaren beste bi eskutitz, zabaltzeko enkarguarekiñ. Lenbizikoak, apaizai zuzenduak, zekarkian ikasbide balio aundikoak Aldareko Sakramentu Santua bear bezela onratzeko eta konsellu gogoangarri au Eskritura Sagraduko itzen gañean: «Jaungoikoaren izena edo Eskritura Sagraduko itzen batzuek billatzen badituzute ondo ez dirudian tokiren batean, erregutzen dizuet errespetoarekiñ bildu, eta toki obeagoan para ditzatzutela».

        Bigarren kartak zion onela: «Karta au artzen duten lurreko Gobernadore, konsul, juez eta majistradu guziai, Franzisko, gure Jaunaren serbitzari umillak bialtzen die osasuna eta pakea. Pensa ezazute arretaz, eriotzako eguna alderatzen dala. Erregutzen dizutet, bada, errespeto guziarekiñ munduko limurkariakgatik etzaiteztela aztu Jaungoikoaz, eta ez ausi ere beraren aginteak, bada artzaz eta aren legeaz aztutzen diranak madarikatuko ditu, eta aezaz aztuko da. Utzi bearko dituzte beren ondasunak eriotzako orduan, eta zenbat eta eskual aundiagoa izan duten lurrean, anbat eta neke oñaze aundiagoak eraman bearko dituzte Infernuan. Ona zergatik erregutzen dizutedetan nere jabe batzuei bezela begiratzen zaituztedetanai, zuen pekatuen penitenzia egiazkoa egiñ dezazutela, umiltasun eta amorioarekiñ ar dezazuten Jesu Kristoren gorputz eta odol preziosoa, bere Pasioaren oroipenean, zuzendu dezaiozuten Jaungoikoari errietako gobernua ematean egiñ dizuten onra, eta gauero iduki dezazuten kontua adierazteko señaleren batekiñ nola adoratu bear duten Jaungoiko guziz Altsua eta eman bear diozkaten eskerrak. Egiñbide oek utsegiten badituzute, jakin, Juizioko egunean kontu eman bearko dezutela, baña izkribu au gorde eta bertan agintzen dana kontuz egiten dutenak izango dira Jaungoikoak bedeinkatuak».

        Eta Billera bukatutako biaramonean mixiolariak eman zizaiozkan bideari, alaiturik iru bedeinkazioakiñ, Jaungoikoaren, Aita Santuaren eta fundatzalle doatsuarenarekiñ.

 

aurrekoa hurrengoa