www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Emezortzigarren Bereziera

San Franziskoren azkeneko urteak.

Bere azken nai edo testamentua, eta eriotza.

(1224-1226)

 

        Biursariak bakarrik adierazi ditzateke ongi animaren mugida aundiak; ala ikusi degu Franzisko, sortitzaren edertasunaren aurrean Eguzkia-ren kanta ederra bat batetan esaten. Kriatura aul eta galkorrak aiñ arrigarrizko deadar atera erazi baziozkaten, zer izango zan izatez eta beti dirauen edertasuna bere begiakin ikustea? Nola geratu al izango zituen bere biotzetik ies egiten zuten amoriozko sentimentuak? Amorio onek ateratzen zuen beregandik, eta bere amoriozko mugialdietan kantatzen zituen himno bi, esan ditezkeanak izkribatuak zeruko kordegabetzeen garretan.

        San Bernardino Senakoak gorde dizkigu, eta egokatzen diozka biak San Franziskori, eta guk eztaukagu bear anbat argibide kontra egiteko franziskoarren oituera eta bizieraren azaldari aiñ leialaren iritziari. Beste kondairatzalle batzuek diote Stabat Mater konpondu zuen Jakopone Todiko doatsu, San Franziskoren ikaslearenak dirala. Gure iritzia da Ozanam jakintsuarena bera: «Lenbiziko kantua, danetan ederrena eta asieratzat Sutan amorioak jartzen nau daukana, ez dirudi iñork bestek zuzendu duenik, edo geienaz Jakoponek parako zuen berso obean, Frai Pazifikok Eguzkiaren kantua-rekiñ egiñ zuen bezela. An ezagutzen dira Santuaren zaldun-ideak eta bere irudikiñaren kolore aberatsak».

        Iruditzen du Albernia mendian izan zuen kordegabetzea jostaguda batekiñ, zeñean bera sartzen dan Kristoren menpeko lurrean, eta izan zan zorionez bentzutua.

        Bigarrena da askozaz aundiagoa, ez dira arkitzen bertan esaera labur eta San Franziskoren obren bereizgarri izan oi diran bezelakoak. Esan diteke, bada, Jakoponek azaldu zuela bere yoritasunarekin San Franziskoren anziñako kantaren batetik artutako pensamentu eder eta aundi bat, soñulari baten ikasleak aren soñugaia era askotara aldatzen duten moduan. Nola nai ere, dago paregabeko edertasunez betea. Aditu ditzagun biurtsakiñtza Italiako onen zizpiru batzuek:

        «O amorioa, zergatik erittu dezu orrela nere biotza? Ni neregandik osoro kanpora nago; nere barrunbean piztu dezun garrak erretzen nau, eta beti azitzen dijoakit».

        «Ezin iges egiñ det, ez atseden ere; amorioak lotua nauka».

        «Amorioa neretzeagatik, guzia utzi det, eta munduko gauza guziak osotoro ofrezitu ondorean, nerau eman naitzaio. Mundu guzia nerea balitz, batere zalantza gabe emango nuke amorioaren truke».

        «Gaurdandik ez diet begiratuko kreaturai, ez daukat begirik eta itzik nere Egillearentzat baizik. Nere Amorioa dan Kristoren aurrean osterontzeko edertasuna zingira loia iruditzen zat, zeru lurrak galtzen dituzte beren limurkariak, eguzkiak bere argia, kerubiñak bere distiadura, eta Serafiñak bere garrak».

        «Kriatura guziak ari zaizkit beti esaten nik amatu bear dedala. Aditzen nagokite belarrietara esaten didatela: Maita ezazu biotz guziarekiñ, arako beragana eramateko egiñ gaituen ura».

        «O anziñako edertasun, beti berria; O Jesus! Zuk kendu didazu biotza, zuk daramazu nere anima guzia eztakit nora. Nik eztaukat biotza zu maitatzeko bestetarako. O zizpiruz narraion amorioa, amorioz illerazo nazazu!».

        «Zerorri ere eziñ libratu izan ziñan amoriotik. Amorez jetxi ziñan lurrera ezkutatuaz zerezko aunditasun, jakiñduria eta ala. Askotan zenbiltzan munduan gizon ordiaren gisan, amorioak eramaten zinduan gizon saldua bezela. Beti agertu zenduen amorioa, eta amorio neurri gabea, zerezaz osotoro azturik».

        «Amorioak menderaturik, ez det batere gogor egiten. Sentenzia emana dago, nik amorez ill bear det; eta ez det beste konsuelorik nai, amorez iltzea baizik!».

        Uste izan diteke San Agustiñen boza, edo Santa Teresaren amoriozko kantaren asiera aditzen dala.

        San Franziskok berrogei eguneko baraua bukatu, eta San Migel Goiangeruaren pesta zelebratu zuenean, utzi zuen Alberniako bakartasuna Unbriara itzultzeko. Zijoan asto gañean, eta ibili zan ala bere azkeneko bi urteetan egin zituen bidajeetan, eta naiago oi zuen ibili orrela Jesusen Jesusalengo sarrera garaipentsua oroituerazitzen ziolako. Arriturik geratu zan ikustean itxedoten ziotela mendi ondoan Borgo-San-Sepolchoko eta inguruetako jendeak. Eta zan, ikusi zutelako agorraren 14ean mendia argitasun aundi batez inguratua, sospitxaturik millagroren bat gertatu zala, irten ziran Santua onratzera. Kalbario berri artatik jetxi zanean, uste zuten Jesus gurutziltzatu bizi bat ikusten zutela, eta amorio aundiz bera inguraturik adoratu zituzten aren llaga sagraduak, eta muñ egiñ zioten eskuetan eun zapiarekiñ estaliak bazeuzkan ere.

        Arezzo ondoko erri txiki batean, aren eskuak ukitze utsa asko izan zan sendatzeko lau urtean urmiñarekiñ zegoen 8 urteko aur bat. Monteakuton Alberto konde piadosoari utzi zion bere oroipentzat bere amilla pobrea, dudarik gabe aren llagetako odolean aurrena bustia. Erliki piadoso au, denbora joanik pasa zan Toskanako duke aundiaren mendera. Gaztigatu zioten Monte Casalen zegoela aren Ordenako fraide bat oñaze txit biziakiñ, pensatuaz batzuek zala korditoia, eta besteak gaizkiñak zituela. San Franzisko artzaz kupitu zan, eta bialdu zion serbitzen zioten ogi mokadu bat, eta eria bat batetan geratu zan sendatua. Cita Castelon sendatu zuen gurutzearen siñalea egin utsarekiñ zauria zeukan aur bat. Zauriaren tokian agertu zan arrosa gorri bat, sendaera mirarizkoaren sinitsgaitzak.

        Frai Leon bideko lagunak dio ezen, Alberniatik Porziunkula bitartean ikusi zitzaiola buru gañean gurutze argi bat, urreak baño geiago distiatzen zuena. Anbeste millagroen artean San Franzisko, lurrean baño obeto zeruan bizi zana, sor eta gor agertzen zan egiten ziozkaten onra guziai.

        Azkenik, Cita-Castellon illabete igarorik, itzuli zan Ama Birjiña Aingerueneko bere konbentu maitera. «Gurutziltzaturik Jesu Kristorekin gorputz-animetan, ez bakarrik erretzen zan Jaungoikoarekiko serafiñezko amorioan, baita ere Kalbarioko doskiñia bezela, zeukan animen salbazioaren egarri txit aundia. Eziñ ibili zan, oñak batetik zulatzen ziozkaten iltzeakgatik, baña eramaten zuten uri eta aldeerritara osoro aul eta erdi illa, eta alaitzen zituen biotzez eramatera nork bere gurutzea. Bere jarraileai esan oi zien: «Ene anaiak, asi gaitezen Jaungoiko ona serbitzen, bada oraindaño, esan diteke ez degula ezerere beragatik egiñ». Bere apostulutzako nekeak osotoro erasana bazegoen ere, egiñ nai izaten zituen bere konbersioko aurreneko urteetako lanak, nola ziran, pobreai serbitzea, legenartsuai kontu egitea eta mortifikazio mota guzietara menderatzea. Gorputza sufrimentuarekiñ eroria bazeukan ere, animan zeukan betiko irmotasuna. Pensatzen zuen jazarre berriak idukitzea salbazioaren etsaiarekiñ; uste zuen garaipen berriak iritxi, eta bere asmoa zan zabaltzea mundu guzira Jesu Kristoren erreinaldia, zeren amorioa da ezten bat, eperik eta atsedenik eman gabe, beti aurrera joan erazitzen duena.

        San Buenabenturagandik artu degun pasarte eder oni erantsi dezaiogun, Tomas Zelanok izkribatu zuen alabanza laburragoa, baño bestea beziñ arrigarria: «San Franziskoren zeloak etzuen mugarik, guzira zabaltzen zalako, eta Ebanjelioaren argia eraman naiko zuen munduaren azkeneko bazterretaraño». Langille nekatezgarri au, eziñ geiago aula bazegoen ere, ikusten zan egun bakar batean Unbriako bost edo sei erri pasatzen; aiñ ezia zeukan gorputza arrazoira, eta arrazoia Jaungoikoarengana! Ala birtutea biurtu zan arentzat bigarren sortitza; eta azaltzen zanean, aren bozak, jantziak, llagak, guziak predikatzen zuen argan. Igarotzen zan jende artean santutasunezko imajiña bizi bat bezela, Jaungoikoaren obrak egiñaz eta banatuaz bere inguruan, eta berak nai etzuela, bizitzako usai bizitza ematen zuena, zeruko su bat biotzak irazekitzen zituena, eta lurrin bat inzensuak udan banatzen duen modukoa.

        Aren merezimentuak geitzeko, urrea garbitzen duen Jaungoikoak sufrierazi ziozkan neke eta eritasun berriak. Denbora asko baño len aren gorputza egiñ zan zauri uts bat, ezur utsa. Ai! Mundu onetan guzia aitzen da. Begiak asi zizaizkan aurrena beren serbitzua ukatzen, bada betiko negar egiñez itzali zan aen argia. Zeramazkian oñaze aundien artean Franziskok etzuen batere erremediorik artu nai izaten, deseatzen zuelako Apostoloak bezela, erori zedilla Kristogandik berezitzen zuen lurrezko murrua. Bere asmo ura kentzeko preziso izan zan balia zitezela beren aginteaz Kardenal anparatzallea eta Frai Elias, zeñak kontu egiten zioten ama batek bezelako kariñoarekiñ. Eraman zuten San Damiango konbentuaren ondoan zegoen kanabelazko txabola batera, iristeagatik laisterrago Santa Klarak prestatzen ziozkan erremedioak. An egon zan berrogei egunean Masseo, Errufino, Leon bere konfesorea eta Anjel Tankredo lagun zituela. Zer santuen billera ain toki txikian!

        An, oñazeen indarrez menderaturik zegoela, aditu zioten zerura zuzentzen otoitz irazeki au: «O nere Jaungoikoa! Egiozu begirada bat zure serbitzari umill oni. Indazu laguntza, eta neke oek guziak pazienzian eramateko grazia». Bereala aditu zan zeruko itz ots bat, erantzun ziona: «Baliteke galestiegia izatea, erreinu bat doan irabazi erazten digun joia? Joia au, bada, dira Jaungoikoak bialtzen dituen sufrimentuak; jakizu onek munduko ondasun guziak baño geiago balio duela, mendi guziak urre, arri guziak diamante, eta ur guziak balsamu biurtuko balira ere». «Bai, Santuak erantzun zion, era onetan estimatzen ditut zuk bialtzen dizkidatzun neke-oñazeak, berak dira mundu onetan ematen didazun kastigua, bestean betiko miserikordia egiteko». «Poztu zaitez bada, ori da zerura daraman bidea». Itz oek aditzean Santua altxa zan bereala amorio irazeki batez mugiturik, deitu erazi zuen geienean oatua egoten zan Santa Klara, aprobetxa zediñ eriak konsolatzeko aiñ egokiak ziran ikasbide aezaz.

        Lurreko aingeru bi aek jolastu ziran luzaroan, pazienzian eramaten diranean neke-oñazeak daukaten merezimentuaren gañean, eta zeiñ aundia dan Jaungoikoaren miserikordia, bada aren eskuak bedeinkatzen ditu bere serbitzariak, aen gañean zabaltzen dan guzian.

        Ez dago esan bearrik igartzeko nolako ernaitasunarekin, nolako fede biziarekin Birjiña Klarak kontu egiten zion bizitza aiñ estimatuari, Eleizarentzat aiñ balio aundikoa zan osasunari. Egiñ zion oñetako gisako bat, llagak estali eta ibilian neke gitxiago sentierazitzen ziona, baña erremedio eta arreta guziak alperrik galtzen zituen oñazearen bizitasunak. Frai Eliasek probatu nai izan zuen ea lekualdatzeak obedasunik erakartze ote zion eta eraman erazi zuen Foliñoko konbentura, nun alaitasun piska bat sentitu zuen. Andik laster ostera eraman zuten Ama Birjiña Aingeruenekora, eta emen igaro zuen eri eta penatzen 1225 urtearen parte aundi bat. Mats biltzetakoan eraman zuten San Fabianora, Rieti ondora, matstietako airearekin zerbait alibiatuko zan ustean.

        Aita Santua arkitzen zan egun aetan Rietin bere gortear guziakiñ. Giza noble asko eta Eleizako Prinzipeak ere joan ziran Fabianora Jaungoikoaren serbitzari umilla ikustera, eta arekiñ zeuden bitartean, morroiak ajola gabiak joan ziran apaiz anima zaiaren mastira, eta jan zituzten arkitu zituzten mats mordo guziak. Anima zaia osoro naigabeturik, espa ematera joan zizaion San Franziskori, zeñak galdetu zion ea zenbaten galera uste zuen izan zuela: «Urteoro, esan zion, nik biltzen ditut amalau moio ardo gitxi gora bera, eta au asko det urte guzirako». «Biotz on, erantzun zion San Franziskok, bada Jaungoikoak ordainduko dizkizu emengo nere egoerak erakarri dizkitzun kalteak, eta maastiak emango dizkitzu amalau moioak eta are geiago». Santuaren aurrez esan au bete betean kunplitu zan, eta maastian geratu ziran mordo banaka batzuetatik, apaizak atera zituen ogei moio ardotaraño. Mirarizko ugaritze onen oroipenean, erriko kargudunak egin erazo zuten konbentu bat mastia zegoen toki artan bertan, eta eleiza Gregorio IXgarrenak berak (Ugolino Kardenalak) konsagratu nai izan zuen.

        Atseden egun batzuek igarotakoan San Franzisko joan zan Rietira, San Pedroren ondorengo zan Honorio IIIgarrengana, zeñak txit arrera ona egiñ zion. Etzan geratu ostatuz Aita Santuaren jauregian, ezpada Teobaldo zeritzan mairu kristau berriaren etxean. An aditu zuen, Tomas Zelanok dionez, San Buenabenturak aitatzen duen aingeru soñu eztitsua. Gau batean arkiturik sukarrak errenditua eta lo eziñ egiñik, Santuak esan zien an zeudenai soñu piska bat jo zezaiotela, bere barrena zerbait alaitzeko, baña etxean soñularirik etzan, eta nola fraideak eskusatzen ziran beren ezjakiñarekin, Jaungoikoak berak gusto eman nai izan zion bere serbitzari umill eta leialari. Agertu zitzaion aingeru bat txarrabeta eskuan zuela, eta soñurako eran parata soñuztaia gañean erabilirik, aiñ soñu gozo eta eztitsuak ateratzen zituen, non Santuaren anima geratu zan orditua bezela, eta sentiduak enuratuak bezela. Mirari au eziñ gorde izan zien bere lagunai. San Buenabenturaren kondaira oni Fioretti (Loretxuak) eransten diote beste gauza berezi bat, jartzen dituztenean San Franziskoren aoan itz oek: «Aingeruak berriz soñua jo izan bazuen, nere anima, aren eztitasunez eroturik, irtengo zan nere gorputzetik».

        Konsuelo oek instanpatean igarotzen ziran, sufrimentuak ordea gero eta aundiago eta biziagoak. Eraman zuten eria Rieti ondoan zegoen Monte-Colonboko konbentura, eta laguntzen zioten sendagiñen iritzia zan, burni goritua lotokietatik pasa bear zizaiola, begitako miña zerbait arintzeko. Erremedioa gogorra zan, eta egiera ikaragarria; alaz guziaz ere San Franzisko artaratu zan, deseatuaz Jesus gurutziltzatuaren amorez sufritzea, eta pensatuaz ala iritxiko zuela bear anbat ikustea ekitteko berriro bere apostolutzako lanbideai. Burni goritua ikusi zuenean, egiñ zuen bat batetango mugida ikarazko bat, eta barrengo naieza bentzutzeko jarri zan itz egiten suari, adiskide bati bezela: «Anai sua, Jaungoikoak eder, argi eta protxugarri egiñ zaituena, ager zaitez samur nerekin ordu onetan, eta zure egille Jaungoikoari erregutzen diot gitxitu ditzatzula berotasuna, sufritu zaitzakean moduan». Eta gero burni gorituaren aurrean gurutzearen señalea egiñik, jarri zan sendagiñaren eskuetan, zeñak pasa zion burnia askotan belarrietatik bekañetara, eriak kejarik txikiena eman gabe.

        Lan au bukatzean, esan zien lagunai: «Alabatua izan dedilla Jaungoikoa, bada egiaz diotsuet, ez dedala sentitu suaren berotasunik, ez oñazerik txikienik». Eta sendagiñarengana itzulirik, erregutu zion egiñ zezala berriz, lenagokoa bear anbat ez bazeritzaion. Arri eta zur egiñik geratu zan sendagiña anbeste balore ikustean, eta eziñ egonik, deadar egiñ zuen: «Egiaz, gaur millagroetako eguna da!». Sendagiñ aditu eta are fede geiagoko onek, kariño aundia artu zion bere eriari. Kontu egiten zion beste iñori baño obeto, etzion soldatik artzen bisitakgatik, eta begiratzen ez nekeari eta ez diruari aren sendaera iriste arren. Eta nola Jaungoikoak aiñ oparo Franziskori eman zion negar malkozko doaia zan, berari begietako miña zekarkiona, bisitetako batean esan zion: «Aita, utzi zaiozu, arren, negar egiteari, bestela, bista osoro galduko dezu». Santuak orduan eman zion aren birtuteari zegokan erantzuera: «Eta eulien modukoa dan gorputzeko bista au ez galtzeagatik nai dezu jarri nadiñ zeruko argiaren ixuriak galtzeko arriskuan? Ez, egiaz, ez orrelakorik une batean ere».

        Sendagiñari bere esker ona agertzeko, konbidatu zuen fraideakin bazkaltzera, eta nola esan baizioten etzeukatela alako moduko gizonai emateko zer janik: «Ez ezazute etsi, esan zien Santuak, eta ikusiko dezute». Eta bereala ekarri zuten zestera bat jaki guziz onez betea, andik bi orduko bidean bizi zan dama batek Jainkoaren serbitzariari bialtzen ziona. Franziskok agindu zuen serbitzeko bere ostalariari, zeñak esan zien praideai: «Nere anaiak, eztakigu zeiñ aundia dan gure eriaren santutasuna, eta zuek beraren lagun maiteak zeratenak ere eziñ iruditu dezakezute zenbateraño sartua dagoen argan Jainkozko birtutea». Sendagiñaren serbitzuak etziran geratu sari gabe. Orduan egin zuen etxe galanta asi zizaion arrakatzen, eta denbora asko baño len erremedio gabe erori bearrean zan. Erremedio eske Jaungoikoarengana joan zan, eta San Franziskoren buruko ille piska bat eraturik, para zuen irriñartean. Aren fedeak iritxi zuen millagro bat, bada biaramon goizean irriñarterik etzegoen, eta bi ormak sendoro elkarganatu ziran.

        Gertaera errenkada oetan ikusten degu beste mirari bat, besteak konsolatu anbat, tristetzen gaituena, nondik konturatu ditekean ere, millagrorik arrigarrienak ez dirala bear anbat konbertitzeko oek sentitu dituztenak berak. Kontatuko degu San Buenabenturan arkitzen dan bezela, eta espiritu berarekin, ondorengoentzat serbitu dezan ikasbidetzat. Eleizak kondenatzen du eskandaloa arkitzen dan edozeiñ tokian, eta sartzen bada Eleizan, bera da aurrena kulpadunen kontra deadar egiten duena. Baña portaera onen eta gaiztoak daramatenen artean, dago desberdintza neurri gabea. Gaiztoak gorrotatzen dute birtutea, eta poztutzen dira anima bat erortzen danean, Eleizak kontrara, nola beti ama dan, negar egiten du bere ume galduakgatik, saiatzen da erakartzeko beren egiñbideen kunplimentura, eta kunplimentu onetan ikusten dituenean, estutzen ditu amorez bere biotzean, bada guzia da miserikordia eta karidadea.

        Fundatzalle santua alaitzen zan beti gure Ama Eleizaren sentimentu oetan; onen prueba da beraren Apostolu bizitza; eta beste askoren artean, orain adierazten degun gertaera. Gertatu zan Rietin, Monte-Colonbotik San Franzisko eraman zuten ango Obispoaren jauregiko gela batean. Eraman zuten kanonigo bat Jedeon zeritzana erdi illean eta angarilletan gela onetara, au zan gizon txoraxka eta munduzale bat eta arteraño apaizari dagokan moduan bizitu etzana, eta erio-gaitzarekiñ sentitu zanean, ikaratu zuten Jaungoikoaren juizioak, eta oetatik libratzeko, joan zan Alberniako llagatuaren balimentu billa. Adiskideak eta Asisko Obispoak ere indartzen zituzten aren erreguak. Franziskok, liburu batean bezela aren biotzaren ondoan irakortzen zuenak, esan zion: «Nola sendatu zaitzake Jaungoikoak, beti ofenditzen bazaozkio? Alaz guziaz ere, zure kausa anparatzen duten anima garbien begirunez, erregutuko diot, zuzaz erruki dedilla. Baña kontu: etzaitezela ostera itzuli lengo okerretara; eskergabekeria alabaña da aize erretzalle bat graziaren iturria leortzen duena». Itz oen ondoren egin zuen gurutzearen siñalea eriaren gañean, eta bereala altxa zan eta asi zan deadarka Jaungoikoa alabatzen eta esaten: «Sendatua nago!». Baño esan bear degu doakabe ark etzituela kontuan artu Santuaren kiñuak, eta lenagoko gaiztakerietara itzulirik, izan zuen merezitako kastigua. Ill zan errukarriro, aren ondoan erori zan etxe baten estalpeak azpian artu eta plastaturik. O Justiziaren misterioa! O Jaungoikoaren juizioen ondogabea!

        San Franziskok bere oñaze eta gaitza pazienzia eziñ aundiagoarekiñ eramanik, artu zuen asmoa ekiteko aspaldian utziak zeuzkan misioai. Bukatzera zijoan 1225ko urtea. Franziskok agur egiñ zion Rieti erri ongilleari, eta joan zan fraide batzuekin geratzen zitzaizkan indar piskak enpleatzera zeruko Artzaiaren gisan ardi galduen billa. Badirudi Jaungoikoak eman nai ziela ikuskarritzat Unbria, Lazio eta Napolesko jende sinitskorrai, piztuerazitzeko bertan Kalbarioko sakrifizioaren oroipena. Santu bat ikustea, da argi bat, zeruko ikuskera bat, eta beiñ ikusteko ditxa izan duenak, eziñ inoiz aztu dezake. Zer mugida etzuen egin bear, gurutziltzatu bizia deitzen ziotena ikusteak? Eta zeiñ pekatari danik gogorrena ere etzan kupittuko Santua ikuste utsarekiñ? Nork gogor egiñ zezaiokean aren itzaren eta karidade bentzuteziñaren indarrari? Nork azkenik dudatu zezakean aren misio edo eginkizun legezkoaz, ikustean pausotik pausora millagroak egiten, eta gorputzean zeramazkiala ezarriak llaga sagraduak? Ez genduke beñere bukatuko kontatu bear bagiñuzke egiñ zituen millagro eta konbersioak; baña gogoangarrienetatik aterako ditugu bi, zeñen azkenekoa dan kondairan inportanzia egiazkoa.

        Zelanon Abruzoetako probinzian soldadu bat joan zitzaien gure apostoloai ostatua eskeñi eta berarekiñ bazkaltzeko konbidatzera, eta aiñ ziñez egin zuen, non Franziskok baietzkoa eman zion. Santuak maia bedeinkatu zuenean, ostalariarengana itzulirik, esan zion belarrira: «Ene anaia, zure erreguak aditurik, ona nun naukazun zure etxean; oraiñ bada, ordañez, aditu eta segi itzatzu nere konsejuak. Konfesa itzatzu lenbaitlen zure pekatuak damu egiazkoarekin, bada Jaungoikoak gaur bertan ordainduko dizu bere pobreai egiñ diezun obra ona». Soldaduak sinistu zion, artu zuen absoluzioa Santuaren lagun bategandik, zuzendu zituen munduko bere egiñbideak, eta prestatu zan benetan Jaungoikoaren tribunalera agertzeko. Eseri zan gero maiean bere bazkaldarrakiñ, eta jaten ari zala, bat batetan ill zan. Ala bete zan Santuaren aurrez esana ezezik, Ebanjelioko agindua ere, esaten duenean: «Profeta bat etxean artzen duenak, profeta bezela, artuko du profeten saria» (Math. X, 41).

        Badirudi, bere bizitzako denbora onetan sendatu zuela San Franziskok lau urteko aur bat agonian eta sendagiñak etsimena emana zegoena, Toskanako Bagnareatik igaro zanean. Juan Fidenza eta Maria Riteli, aur gaxoaren gurasoak, nobleak jaiotzaz eta are geiago beren piedadeagatik, zeruronz begiak altxaturik baliatu nai izan zuten Italia guziak santutzat zeukan Asisko Franziskoren merezimentu eta bitartekotasunaz. Maria Ritellik promes egin zion Jaungoikoari, Juan aurra sendatzen bazan, emango ziola Erlijioso txikieneko Ordenari. Gure Santua, ama naigabetuaren negarraz kupiturik jarri zan orazio egiten, eta itzuli zion bere semea osotoro sendatua. Gero millagrozko semeari begira jarririk, aren aingeruzko arpegi zoragarria, eta Jaungoikoak ze lanbide aundietarako zeukan señalatua bere Eleizan, deadar egiñ zuen billatzen zuen ondasuna arkitu bazuen bezela: «O patu ona! O buenabentura!». Buenabentura izango da geroz mundu guziak Juan Fidenzaren semea ezagutuko duen izena, erlijioso danean, eta gero Albanoko Obispo Kardenal bezela eramango duena, eta izen berean Sixto IVgarrenak kanonizatuko duena (1482). Millagroa señalatu degun ezkero, miretsi ditzagun emen elkarte artan Jaungoikoaren Probidenziak zeuzkan asmo miragarriak. Franzisko eta Buenanbentura, zer gloria oroitu arazten duten bi izen oek! Ura da Penitenziako Iru Ordenen fundatzallea, eta au Iru oen berritzallea eta bigarren Aita bezela. San Franziskok berritu zuen erortzen zegoen Eleiza, eta San Buenabentura izango da beraren argikaria. Bietako bakoitzak dauzka eginbide eta birtute bereziak, baña biak dira anima serafiñdarretakoak, eta biak argi egiten dute autuen zeru ikusten ez danean. Izar bi oetatik bata itzaltzera zijoan; bestea orduan jaiotzen zan.

        Eta egiaz, Franzisko errenditzen zan bere apostolutzako nekeak mendeaturik, bere betiko gaitzak eta negu gogorrak erasanik (bada zan 1225ko neguaren biotza). Gaitza goora zijoakion, alatan non lagunak azken onik izango etzuelako beldurrez, eraman zuten bere jaieterrira. Don Gidok ostatua eman nai zion bere jauregian, baña egin ziozkan alegiñ eta kontu guziarekiñ gaitza etzan gitxitzen. Urrengo urteko udaberrian Frai Eliasek bialdu zuen Senako airea artzera, Asiskoa baño beragoa zalako, baña ez fundatzalle santua sendatzeko esperanza zeukalako, bada 1224an Foliñon zegoela, amets misterioso batean jakin zuen, Franziskori mundu onetan bi urteko sufrimentuak bakarrik geratzen zitzaizkala, ezpada deserri onetako azkeneko urteak al zuen guzia gozatu nai ziozkalako.

        Tokiaren aukera eziñ izan zitekean obea. Iru mendi muño gañean egiña itxas-nibel duela 405 metro goorago, Elsa eta Onbrone ibai tartean, Sena dago bero geiegi nola otz gogorretatik gordea. Nola zegoen orduan udaberriaren gala guziakin apaiñdua, bazirudien lore erramu batetik irten, eta bere mendeko errien erdian erregiña baten gisan gozatzen zala. Eriak artu zituen mendi aetako aire garbi eta ordekaetako urriñ gozoak, baña, ai! obedasunik gabe. Leku aldatzeak, kontu ernaiak, erremedioak, guziak izan ziran alperrak. Llagetako zauriak gurutziltzatzen zuten beraren gorputz inozentea, birikak zeuzkan galduak, urdalla irabiatua, eta bista ia osotoro joana. Senako sendagiñak ere pasa zioten bekañetatik burni goritua, baña etzuen iritxi Monte-Colonboko millagroa berritzea baizik.

        Andik egun batzuetara izan zuen odolezko errebestatzea osotoro auldua utzi zuena. Txit atsekabetuak bere ikasle guziak, eta aen ondoan inguraturik esan zioten San Martiñi bereak bezela: «Aita, zuk uzten bagaituzu, nork erakutsiko digu? Nork konsolatuko gaitu? Ah! Utzi zaiguzu, benik beiñ, zure amorio biguñaren siñale bat, eta bedeinka gaitzatzu, gure etsaietatik gordeak izan gaitezen». Orduan Santuak, osotoro kupiturik, deitu zion Benito Pirra, bere kapillau eta eritasunean kontu egiten zionari, eta esan zituen iltzer zegoenaren boz aul, baña animako alaitasun aundiarekiñ ondorengo itz oek: «Jaun aundiaren apaiza, izkriba zaiezu nere anai guziai, ala orain Ordenan daudenai, nola munduaren bukaeraraño sartuko diranai ematen dietedan bedeinkazioa. Ona agertuak itz bitan nere pensamentuak eta atzeneko borondatea: «Maita zaitezte elkar, nik maitatu zaituztedetan, eta amatuko zaituztedetan bezela; maitatu beti Pobreza, nere dama eta erregiña. Egon zaitezte beti Ordenako agintarien eta gure Ama Eleiza Santaren apaizen mendean. Aita, Seme eta Espiritu Santu Jaungoikoaren bedeinkazioa ixuri dedilla zuen gañean. Amen».

        Frai Eliasek eskutitz au artu zuenean, etzeukan dudarik, Santuaren atzeneko ordua alderatzen zala. Joan zan presaka Senara, eta Santuak agindurik, berarekin batean Asisa. Atzeneraño bere adiskide eta anparatzalle zan Don Gidok artu zuen bere jauregian, eta uriko agintariak para zituzten kontu artzalleak gau eta egun, Llaga Sagraduak sillatuak zeuzkan gorputzaren erlikiak ostutzeko bildurrez.

        Gure Santua etzuen izutzen eriotzak, bizidun guziak izen utsak ikaratzen dituen mandatari triste orri begiratzen zion adiskide batek farra gozo egiñaz adiskideari begiratzen dion bezela. Etzijoakion pake erriko ateak irikitzera, eta bere Maitearen jargoi ingurura eramatera? Ala aren agoniaren antsietan bazan zerbait lurrekoa etzana. Eta aren oñazeak aiñ bizi eta luzeak baziran ere, nun, berak aitortzen zuenez, naiagoko zuen borreroak tormentua ematea, alaz guziaz ere billatzen zuen bear anbat indar inguruan zeuzkanak konsolatzeko. Indar au nondik zetorkion adierazten du onako pasarte onek:

        Besteetan baño oñaze aundiagoak sentitzen zituen egun batean kontu artzen zion fraide bat anbesteraño kupitu zan artzaz, non esan zion: «Aita, erregutu zaiozu Jaunari etzaitzala tratatu aiñ gogorki, bada deritzat Jainkoaren eskuaren pixu guzia gañean dezula». «Zure senzilltasun eta intenzio ona ezagutuak ezpaneukatzi, erantzun zion Franziskok aserre santuarekiñ, iges egingo nuke emendik, Jaungoikoaren juizioen kontra orrela murmuratzen duenaren ondoan ez egoteagatik». Eta bereala bere indar guziak bildurik bota zuen bere burua lurrera, eta aiñ kolpe aundia artu zuen, nun Santuaren gorputz oñazetua geratu zan osoro minberatua. Eta lurrari muñ egiñda esan zuen: «Eskerrak, Jauna, ematen dizkidazun nere sufritu bear guziakgatik. Zure borondatea ala bada, eman zaizkidazu eun bider aundiagoak, bada nere ditxa guzia zuri obeditzea da». Itz oetan dago erretratatua Asisko Penitentzilari santua. Jaungoikoa neurri gabe amatzea, aren borondate santua egitea, ona emen aren bizitza eder eta eriotza santuaren azalduera.

        Ezaguturik munduko bidajearen mugara ia iritxi, eta gorputzeko karzelatik laister irten bearra zala, bildu erazi zituen ikasle guziak Obispoaren jauregiko bere gelan, eta Jakoben gisan, gurutzatu zituen besoak bere amoriozko umeak bedeinkatzeko zorian. Galdetu zien ea nor ukitzen zuen eskubiarekin, erantzun zioten, frai Eliasek. «Ongi da, esan zuen Santuak. Ene seme, nik bedeinkatzen zaitut guzian, eta guziaz gañ, eta zure agintepean Jaunak bedeinkatu dituen bezela nere umeak, ala zugan bedeinkatzen ditut guziak, Jaungoiko, gauza guzien Jaun eta Jabeak bedeinka zaitzala zeruan eta lurrean. Nigan danez, bedeinkatzen zaitut al dedan guzia, Jaungoikoa oroitu dedilla zure obraz, aditu ditzala zure orazioak, eta dizula partea justuen zoriontasunean». Frai Eliasen azkeneko orduan oroitu bear zituen Jaungoikoak Franziskoren agoniako erregu eta merezimentuak.

        Santuak etzeuzkan aztuta San Damiango bere alaba maiteak, eta ala bialdu zion Santa Klarari eta aren lagunai bere azkeneko bedeinkazioa, konsellu onez betea zegoen eskutitz batekin. Lan oetan ondo ezagutzen da Franziskoren karidade bizia, bada esan zezakean bere ikasleakgatik gaztetan pobreakgatik esan zuena: «Danak nere biotzean daramatzit». Gañera onetan ikusten da piedade egiazkoaren siñalea, bada erlijioak bakarrik egiten du mudatzea ikutzen duen guzia, pensamentuak altxatzea, eta biotzeko mugida on guziak garbitu, ari eta obetu, eta zerukoiak egitea. Bere ume guzientzat zeruko grazia eskatutakoan, Franziskok erregutu zien eraman zezatela, Ordenak asiera izan zuen toki bedeinkatu eta bere bizileku estimatu Ama Birjiña Aingeruenekora; zergatik, San Buenabenturak dion bezela, bere azkeneko asnasia eman nai zuen, zeruko goi argiaren grazia artu zuen tokian.

        1226ko agor illaren azkeneko egunetan, angarilla batzuetan jarririk eraman zuten bere Porziunkula maitera. Uri eta konbentuaren arteko bide erdian bezela ziranean, galdetu zuen ea iritxi ziran bere konbersioko aurreneko denboretan legenartsuai kontu egiten egon oi zan ospitalera, eta baietzkoa aditurik, esan zien para zezatela urira begira, eta neke aundirekin eserita, ezkerreko besoa praide baten gañean deskantsatu zuen, eta bestea Asis alderonz luzatu zuen, esanaz itz ospatsu oek:

 

Benedicta tu, civitas, á Domino,

Quia per te multae animae salvabuntur;

Et in te multi servi Altissimi habitabunt;

Et de te multi eligentur ad regnum aeternum.

Pax Ý tibi

 

        «Jaungoikoak bedeinka zaitzala Asisko uria, zugatik anima asko salbatuko dirala, bada zugan Jaungoikoaren serbitzari asko biziko dira, eta zure semeetako asko izango dira autuak zerurako. Pakea izan dedilla zurekin».

        Bedeinkazio oen artean dijoa izen bat, oroipen gozokoa San Franziskorentzat, eta oro bat liburu au irakorriko duten guzientzat, aren ongille aundi Erromako Jakobina Settesoliren izena. Porziunkulara iritxi zan bezin laister, izkriba erazi zuen ondorengo eskutitz au, nun aldeaurrez adieraztu zuen bere eriotzako eguna: «Jakizu, nere alaba maitea, Kristo Jesus beti bedeinkatuak agertu didala aldean dedala nere azkeneko eguna. Oraindik mundu onetan ikusi nai banazu, atoz bereala Ama Birjiña Aingeruenekora. Larunbata baño geroago iristen bazera, ez nazu bizirik arkituko. Ekarzazu tela bat edo obeto zilizio bat meztitzeko, eta argizaia nere obirako. Baita ere erregutzen dizut ekarri dezazula, gaizkitu nintzanean Erroman arrerazten ziñidan orre ura». Onara iristean geratu zan ustekabeko bisitarekin bat zabartzen dan moduan; eta gero esan zuen: «Eskutitz au, alperrik da, bada dama Settesoli bidean abiatu da». Eta egiaz, andik laister iritxi zan bere seme biakin, eramanaz Santuak nai zuen guzia, aingeru batek ala agindu ziolako.

        Besteri egiñ etziona, Santuak dudarik gabe alargun noble aren debozioari begiraturik, agindu zuen sar-erazo zezatela konbentuan bere bi semeakin. Txit konsuelo aundia izan zan dama arentzat utzitzea ikusten Alberniako gurutziltzatua, aren kontua idukitzea, oñetako llaga sagraduak laztandu eta negar malkoz bustitzea; konsueloa, Jesu Kristoren pobreakin zuen karidade aundiari dudarik gabe zor ziona. Agorreko 30aren asteazken goizean, nola aditzera eman bai zuen agintzera zijoala itzultzeko berarekin etorri ziranetako batzuek: «Ene alaba, esan zion, itxodon zazu lau egunean, eta ala gorputz pobre oni atzeneko onrak egiten diozkatzunean, itzuliko zera Erromara zerekiñ ekarri dezun jende guziarekin». Santuaren esan au izan zan Jakobinarentzat agintea bezela, eta ala itzik trukatu gabe obeditu zion.

        Biaramonean (urriaren 1an) Franziskok bilduerazi zituen konbentuko erlijioso guziak, bedeinkatu zituen berriro, eta partitu zuen aekiñ ogi bedeinkatu bat anaitasunaren siñalean. Frai Eliasek bakarrik penaren penaz utzi zuen jan gabe tokatu zitzaion xerra. Frai Leonek eskatu zion, eta gorde zuen arreta aundiarekin, eta kondairak diote, mirarizko sendaera asko egiteko serbitu zuela. Erlijioso guziak zeuden negarrez; San Franziskok agindu zien alderatzeko bere ikasle zarrenai, Bernardo Kintabali eta Gili (bigarrena, Pedro Katanio, ordurako illa zan) eta esan zien: «Atozte nere seme maiteak, atozte, bedeinkatu zaitzatedan ill baño len». Eta aen buru gañetan eskuak gurutzatuta, bedeinkatu zituen bedeinkazio bereziarekin.

        Ostiral arratsean (urriaren 2an) kiñu egiñ zien bere oera alderatzeko. Gauza arrigarria! Gorputza illa bezela zeukan, baña zentzua txit argi eta indartsua. Orduan egiñ zuen emen jartzen degun testamentua, ezpañ iltzer zeudenetatik irten zizaion amorezko zizpirua, bere bizitzako denbora aldi banaak siñalatu zituen obra bikaña. Frai Anjelek izkribatzen zuen, gañerakoak aditzen zuten ixilltasun errespetozkoarekiñ.

        «Jaungoikoak eman dit grazia Frai Franzisko naizen oni, asitzeko onela penitenzia egiten. Pekatuzko bizitza neramanean, asko kostatzen zitzadan legenartsuai begiratzea, baña Jaunak aen artera eraman ninduen, eta karidadea berakiñ egiñ nuen. Eta aekgandik alde egiñ nuenean, gogorra iruditu zitzadana, biurtu zitzadan gozo gorputz-animentzat. Onen ondoren, denbora gitxira utzi nuen mundua. Eta Jaunak alako fedea eman zidan Eleizatarako, non senzilltasun guziarekiñ adoratzen nuen, esaten niola: «Adoratzen zaitugu, Jesus, Jaun guziz santua, emen, eta munduan dauden Eleiza guzietan, eta bedeinkatzen zaitugu zure gurutze santuaren bidez erredimitu gaituzulako».

        «Ondorean Jaunak eman zidan eta ematen dit oraindik alako fedea Erromako Eleiza Santuarekiñ batasunean bizi diran apaizetara, daukaten sillu sagraduagatik, non persegituko banindute ere berangana joango nintzake. Apaizakin arkitzen nintzanean, naiz aek munduko erri kaxkarrenetakoak izan, Salomon beziñ jakintsua izan banintzan ere, ez nintzan benturako aen parrokietan predikatzera baimenik eman gabe. Nik errespetatzen, amatzen eta onratzen nituen aek eta gañerako apaiz guziak, nere nagusiak bezela. Eta ez itz egiñ neri aen pekatuaz, bada aengan nik Jainkoaren Semea ikusten det, eta apaizak diranez, dira nere maixuak».

        «Ala obratzen det, zergatik mundu onetan ez det nik nere begiakin Jaungoikoaren Seme orren gauzarik ikusten, gure sentiduen mendean dagoenik, berak konsagratu eta artzen duten gorputz-odol adoragarriak baizik, izanik berak bakarrik fededunai emateko eskubidea daukatenak. Erreberenziatu eta onratu nai det guziaz gañ Aldareko Sakramentu Santua, eta Hostia Santua iduki dedilla kustodia eta sagrario preziosoetan».

        «Jaungoikoaren izen santuari eta Ebanjelioko itzai dagokatenez, billatzen baditut dezenzia gitxiko tokietan, bilduta jartzen ditut obeagoetan, eta nere anaiai erregutzen diet oro bat egin dezatela. Onra eta errespetoa zor diegu Jainkokindari, eta Jainkoaren itza predikatzen digutenai ere, diralako guretzat zeruko bizitz-erakarle batzuek».

        «Lagunak idukitzeko grazia Jaungoikoak egiñ ziranean, etziran iñork erakutsi egiñ bear nuena, ezpada Berak agertu ziran bizi bear nuela Ebanjelio Santuaren erara. Izkribatu nuen Erregla senzilloro, neretik ezer ipiñi gabe, eta Aita Santuak ontzat eman zuen. Bizi modu au artzen zutenak, zeukaten guzia beartsuai ematen zien. Kontentu giñan barrendik eta kanpotik konpondutako tunika batekin, nork bere gustora, eta soka eta gañeko arroparekin, besterik ezer nai gabe. Eleiz gizonak giñanak esaten genduen Eleiz-errezoa Eleiza Santuko beste apaizak bezela, anaia legoak esaten zituzten Aita gureak. Gure bizilekua jartzen genduen gogo onez eleiza pobre eta utzietan, eta giñan senzilloak eta obedituak».

        «Nere eskuz lana egiten nuen, eta egiñ nai nuke oraindik, eta agintzen diet nere senide guziai ari ditezela lan presturen batean. Lan egiten ez dakitenak, ikasi dezatela, ez soldata zirzill bat irabazteko, ezpada ejenplo ona eman eta alperkeriatik ies egiteko. Zuen lanaren balioa ematen ezpadizute, zuazte Jaunaren maiera atez ate limosna eskatzen dezutela. Jaungoikoak erakutsi dit beti usatu bear degun agur au: «Jaungoikoak bere pakea dizula».

        «Erlijiosoak ez ditzatela artu berentzat egindako Eleiz, etxe edo beste bizilekuak ondo egokatzen ezpadira gure Erreglan artu genduen pobreza santuarekin, eta artu al baditzateke, bizi ditezela aetan arrotz eta erromesen moduan».

        «Obedienzia santuaren izenean debekatzen diet osoro erlijioso guziai, eta arkitzen diran edozeiñ tokietan eskatzea Erromatik berenez edo besteren bitartez pribilejio edo gallaldiarik batere Eleiza edo beste tokietarako predikazioen apukoaz, edo persekuzioetatik libratzeagatik. Toki batean artzen ez badituzte, bijoaz beste batera, an Jaungoikoaren bedeinkaziorekin penitenzia egitera».

        «Obeditu nai diot irmero Anaitasun onetako Buruzai guzienari, eta onek eman nai didan Guardianari, eta beraren mendean egon nai det alatan, non ez dedan egiñ nai ezer ere beraren baimena gabe, dalako nere maixua. Senzill bat banaiz eta gaizki banago ere, iduki nai det beti aldamenean apaiz bat, Eleiz errezoa egiñ dizadan Erreglak agintzen duen eran. Baldin balitz erlijiosoren bat Erreglaren eran Eleiz errezoa egiten ez duenik, edo mudanza berriaren bat jarri nai duenik, edo katolikoa ez balitz, Erlijiosoak beartuak daude, edozeiñ tokitan arkitu dezatela, aldeeneko Kustodio edo agintariari eramatera. Onek kontu egingo dio gau eta egun preso bati bezela iges egin ezin dezakean moduan berak Buruzai guzienari eraman arteraño. Onek obedienzia santuaren birtutez oro bat kontu egiñ dezaiola beste erlijiosoen bidez, alik eta eraman bitartean Anaitasun onen Maixu, anparatzalle eta zuzentzalle dan Ostiako Kardenalarengana».

        «Eta Erlijiosoak ez dezatela esan «Au beste Erregla bat da», zergatik au ez da nik, frai Franzisko zuen serbitzari umillak, zuei nere anai bedeinkatuai uzten dizutedetan Erreglaren oroipen, gaztigu, erregu, itz batean testamentua baizik, guziok ontzat eman genduen erregla obeto gorde dezazuten. Ministro Generalak (Buruzai guzienkikoak), beste Ministro eta Kustodioak obedienziaren pean ez dezaiotela ez kendu eta ez erantsi ezer Erreglari. Eraman dezatela beti izkribu au Erreglari ezarria, eta irakorri dezatela Erreglaren ondoren, izaten dituzten Billera guzietan. Zorrozki debekatzen diet nere anai apaiz eta legoai, eta obedienzia santuaren pean agintzen diet ez dezatela azaldu Erregla eta izkribu au esanaz: ala aditu bear da, bada Jaunak senzill eta toleskabero agertu ziran bezela, ala aditu bear dezute senzill eta toleskabero, eta kunplitu atzeneraño».

        «Eta gauz oek zintzo gordetzen dituena Aita zerukoak bedeinkazioz bete dezala zeruan eta lurrean, bedeinkazioz bete dezatela Seme txit maiteak eta Espiritu konsolatzalleak, Zeruko Birtute eta Santu guziak. Eta nik frai Franzisko zuen serbitzari umillak, indartzen dizutet dezakedaneraño, barrendik eta kanpotik bedeinkazio txit santu au. Ala izan dedilla».

        Gau gogoangarri artan (urriaren bian) erlijiosoak arriturik zeuden ikustean Santuaren buruko argitasuna, aren pazienzi mudatzen etzana, Jaungoikoarekiko batasuna, eta doidoi aditzen zizaion bozarekin zuzentzen ziezten konsellu kupidagarriak. Eta oroitzen bagera zenbait oñaze eta naigabeen artean gordetzen zuen argitasun ura, sosegu ura, guk ere osotoro arriturik, negar egiñ eta belauniko jarri bearko degu alabatzeko Jaungoikoa alako gizonaren bizitza azken aiñ ederrarekiñ koroatu zuelako, eta agindu ziolako eriotzari errespetatu zezala aren buruko argitasuna azkeneko uneraño, obiko kiratsetik birjiñ garbitasuna beñere loitu etzutenen santuen gorputzak askotan gorde izan dituen bezela.

        Biaramon goizean, au da larunbatean, Ama Birjiñak, zeñari eskeñi baizion egun au Esteratako Billera sonatuan, prestatu zion ordañez izatez doaia eta Jaunaren millagroen millagroa bezela katolikoak begiratu oi duen grazia: Komunio Santua. Komunio onek izan bear zuen aren atzenekoa, eta zeruko betikoaren asiera. Indartsuen ogiarekin bazkaturik eta olio Santuarekiñ igortzirik, bere pensamentua eraman zuen eriotzaz arontz, eta bere anai gorputza, deitzen zion bezela, osotoro aztua gera zediñ, agindu zuen lurpetu zezatela Infernuko arkaitzean, zeña zan arkaitz desonragarria, bertan gaitzgilleak iltzen zituztelako; anbesterañoko gose eta egarria zeukan despreziatu eta oñazpiratua izatearena! Eta alaxe zegoen señalatua ill eta bizi Jainko Gizon egiñaren antz oso osokoa izateko. Gero aldamenera begiratu, eta beregan pensatzen jarririk, ikusi zuen guzia prest zegoela eternidadeko bidaje aundirako, eta geratu zan soseguz.

        Arratsaldean Apenino mendi atzean eguzkia ezkutatzera zijoanean, Santuak deitu zien azkenengo aldiz ikasleai bere oe ondora, konsolatu eta bedeinkatu zituen, esanaz: «Agur ene semeak, agur guzioi! Uzten zaituztet Jaungoikoaren bildur santuan, iraun ezazute bertan. Ez dago urruti prueba eta estuasuneko denbora! Zorionekoak asitako onean irauten dutenak! Jainkoarengana nua, ikusteko presa det, bere graziara gomendatzen zaituztet». Erlijiosoak ezin erantzun zioten negarrez eta suspirioz baizik. Agurra egiñ zien ezkero, aztu zuen lurra zeruan baizik ez pensatzeko, eta bere anima Jaunagana obeto altxatzeko, agindu zien frai Leoni eta frai Anjeli kantatu zezaiotela Eguzkiaren Kanta eta bere senide eriotzarena, zeñari beragatik bere ongi etorria ematen zion. Gero tunika kendu eta zilizio utsarekin estalia zegoela, jarrierazo zien autsa zabaldua zegoen lurraren gañean, pensatuaz bere gorputza txit laister izango zala autsa, baña are geiago ill arteraño bere dama probrezari leial izateagatik. Fraideak aren deseoari igarririk eraman zioten tunika bat sokarekiñ, eta jantzi zituen esker onezko señalearekiñ. Erregutu zien irakorri zezaiotela Jesu Kristoren Pasioa San Juanen erara, eta irakorritakoan, berak asi eta errezatu zuen agoniako bozarekin 141garren Salmoa, naigabezko ujuakin asi eta esperanzazko itzakiñ bukatzen dana:

        «Altxa nuen nere boza Jaunari deitzeko, Jaunari zuzendu niozkan nere erreguak».

        «Nere orazioa bere aurrean banatzen det, eta agertzen diot nere naigabea».

        «Nere espiritua desalaitzera dijoanean, zuk ezagutzen dituzu nere bideak. Nijoan bide onetan, isilikako lazoak zabaldu dizkirate».

        «Begiratzen nuen ea nere eskuian iñor jartzen ote zan, baña etzan, ezagutzen ninduenik. Iesbidea itxi ziraten, eta etzan iñor ni salbatzeko».

        «Zuri Jauna, deitu eta esan dizut: Zu zera nere esperanza eta partea bizien lurrean».

        «Adi ezazu nere eskaria, osotoro beeratua nago ta. Gorde nazazu nere persegilleetatik, ni baño gogorragoak diralako».

        «Atera ezazu nere anima karzela onetatik, alabatu dezadan zure Izena, Justuak itxedoten daude noiz emango didazun betiko saria».

        Itz oek esanik, aren ezpañak betiko itxi ziran, eta animak ega egin zuen Jaungoikoagana. Au gertatu zan urriaren 3an eguzkia sartuta ordu betera. Zer eriotz ederra! Eta nola berezitzen dan XIIIgarren eunkiaren aurreneko erdia odoldu zuten gertakari izugarrien artean! Anima ez izutu, ezpada betetzen du mugida txit biguñez, eta oroituerazten digu Eskritura Santuko esaera au: «Eztago lurrean gaiztoaren eriotza baño ikuskarri ikaragarriagorik, eta justuaren atzena baño konsolagarriagorik». Franziskorena, zan atsegiñgarriena. Begiratu batera badirudi Bernandonen semea izan zala goizegi bildua aurreneko fruta bezela, bada etzituen berrogeita bi urte eta illabete batzuek baizik; baña oroitzen bagera Jakintsuaren esaera onezaz, mantxa gabeko bizia, bizi luzea dala, ezagutu bearko degu denboraz eta merezimentuz kargatua zegoela, eta beragatik zala fruta eldua zerurako.

        Eta egiaz, ogei urte baño gitxiagoan eraiñ zien Tebaidako eremutarren penitenziai, Apostolu-gizonen nekeai eta martirien sufrimentuai. Ogei urte baño gitxiagoan para zituen iru Ordena erlijiosoak, ondu oiturak, indartu animetan Jesu Kristoren erreinaldia, eta aldatu munduaren itxura. Gizonen semeen artean etzuen iñork Franziskok beziñ bokazio arrigarriagorik, ez eta iñork erantzun ere ark beziñ ongi. Baña arekiñ zuzen portatu nai badegu, kontatu bearko diozkagu berak egindako lanak ezezik, beraren ikasbide eta jarraikaiak sortu erazi dituzten eta munduaren bukaeraraño sortu eraziko dituztenak ere. Baña au alde batera utzirik, San Franzisko beti agertzen da (eta ona beraren doai berezia), gure Salbatzalleraren antz irudi oso osokoa, orain lasto tartean jaio zalako, orain bere bizitza agerikoagatik, orain Albernia mendiko bere sufrimentuakgatik, eta baita moduren batean bere eriotz ondoreko mirariakgatik.

        Agur, fedearen gudalari portitza! Agur, amorioaren martiria, zauri sagraduen purpuraz ornitua! Zu zera palma bezela azi eta Libanoko zedroa bezela ugaritzen zeran justua, eta gaurdandik leku berezia izango dezu Eleizako gertakarietan, eta guziaz gaiñ zure semeen biotzetan, nun zure oroipena gizaldiz gizaldi biziko dan.

 

aurrekoa hurrengoa