www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

IIgarren Bereziera

Franziskoren on-biurrera. Erretiratzen da arzulo batera.

Bisitatzen du Apostoluen obi edo sepultura. S. Damiango

estanp-imajiña. Franzisko Obispoaren tribunalean.

(1206-1207)

 

        Franziskok itsatsia zeukan oraindik biotza munduarekin eta bere zorakeriakiñ. Jaiera au kulpagarria ezpazan ere, perill egiazko bat zan aren animaren betiko zorionerako, eta eragozpen bat Jaungoikoak argan zeuzkan asmoetarako, zeñezaz baliatu nai zuen bere miserikordiak agertzeko. Eta nola eragozpen oek eten edo urratu bearrak bai ziran, Jaungoikoak kolpea kolpearen gañean eman zion, alik eta osotoro urratu zituen arteraño. Perusako katibuera luzeak anima argitu bazion ere, berekiñ utzi ziozkan lenagoko lilluramendurik geienak, eta ala ez al zan itzuli bere errira, Jaungoikoak bialdu zion beste prueba bat, edo obeto esateko, grazia berri bat, samurtu erazotzeko aren biotza beraren goiargitarako; grazia au izan zan sufrimentua. Gaitz luze eta gogor batek iduki erazi zuen oatua eta ekarri zion bakartasunik aundiena, eta desgraziarekiñ asitako lanari bukaera emanik, desegiñdu ziozkan bere atzeneko lilluramenduak. Indarrak egiten zerbait asi zizaiozkanean, atera zan erritik makillaren anparoan kanpoko aireak artzera. Baña arriturik gelditu zan ikustean etzutela poztutzen aren biotza ez kanpo zoragarri aek, ez ordeka laboretsu aek, ez eguzkiaren sarrera ikuskarri, mendi tontorrak erretzen dituela dirudienak, ez illunabarreko ipar aize gozo, erdi sendatuak indartzeko aiñ protxugarria danak; kontrara, guzia iruditzen zizaion tristea, illuna eta otza, ikusiaz animako begiakin munduko gauzen ezereza eta Jaungoikoaren betiko edertasuna. Bere barrunbean sentitu zuen gauza bat, arteraño ezagutu etzuena, iguiña, despreziatu zuen lenago geien maitatu zuena, eta iduritu zizaion lenagoko bere bizitza, arrokeria utsa baizik izan etzala. An sentitu zuen biotz mugida bizi bizia izan zan, baña aisa pasa zizaiona. Biotzean lo bezela zeukan aundi-naia suspertu zizaion sendatzearekiñ batean, eta griña bizizko gazte au laister itzuli zan lenagoko gogoetara, ondo jantzita zaldun ibillera probaketara, alatan non, esan zitekean Franzisko Jaungoikoak zion amorio berezitik igesi zebillela. Eiaka zijoan, bada, gure zorionaren etsaiarengana, batere gaitz pensatu gabe para zezaiozkean lazoak, arako mundu, Ebanjelioak gaiztotzat daukanak, gu errazago galtzeko itxutzen, engañatzen eta palakatzen gaituenak.

        Gizonaren berezko argaltasuna ezagutu eta dakienak nolako indar alaideak egiñ bear izaten dituen Jaunak anima bat osoro menderatzeko, ez da arrituko kriaturarenganonz itzulera oezaz, kontrara, arritzeko bide geiago izango luke ala ez izatera, zergatik justu bat bakarra izandu zan izatez pekatu gabea, eta beñere erori etzana, eta ura da Jaungoikoaren Semea; eta emakume bakarrak etzuen beñere graziaz pekaturik txikienik egiñ, eta zan Maria, Salbatzallearen Ama eta gure Bitartekoa deitzen dioguna. Osterontzeko kriaturak dakarte berakiñ jatorrizko pekatua, eta guziak, grazia txit berezi bat ez dutela, sentitu dituzte gaitzerako griña makurrak, eta erori dira, azken garaipena iritxi baño len, baña beiñ altxa ziran ezkero, garbitu dute arrigarriro «beren bizitza pekatuzkoa», iraun dute obra onetan, eta eriotzak atxitu dituenean izandu dira koroatuak.

        Etzan Franzisko zaurit-ezgarria eta utsegite gabea, munduarekiñ lotua zeukan lazoa, bere burua agertu naia baizik ezpazan ere, lazo au etzan eten erraza, eta etzuen oraindik eten. Munduko uts eta txeakeri, gazteen biotzak anbesteraño lilluratzen dituztenak, bere begien aurrean jarririk, bazirudien esaten ziotela S. Agustiñi konbertitu zan aurrean bezela: «Betiko agur egiten diguzu? Zer bada? Ez gera geiago zurekiñ egongo? Gaurdandik onelako eta alako gauzak betiko debekatuak izango dituzu!».

        Baita ere menderatu nairik oiturak ematen duen indarrekiñ, ixekatuaz esango zioten: «Uste dezu biziko al zerala gu gabetanik?».

        Franzisko etzan benturatzen lazo biguñ aek urratzera, baña aitatu degun pasia ura ezkero, are eta geiago bateratu zan Jaungoikoarekiñ, eta bere senide maite, pobreen miseriarekiñ. Arkiturik egun batean gerra gizon noble bat gaizki jantzia, argan ikusi eta amatu zuen Jesu Kristoren pobreza, eta errukiturik, erantzita eman ziozkan bere soñeko ederrak, larruak estaltzeko. Jaunak nola ez baiduen utzitzen obra onik bat ere sari gabe, bialdu zion arratsean amets misteriozko bat. Franzisko arkitu zan bat batetan jauregi aundi batean, zeña zegoen gurutzearen señalearekin markatutako arma mota guziaz betea, eta galdeturik norentzat ziran armak eta jauregi ura, itz ots batek erantzun zion: «Zuretzat eta zure soldaduentzat».

        Egun sentian jaiki zan amets artzaz arriturik, eta konfianza osoa Jaungoikoaren aginduetan jarririk; baña nola baizan oraindik asi berria Jainkoaren bide misteriozkoetan, buruan etzerabiltzkian jazarre aundi eta garaipen ospatsuak baizik. Eta egiaz, orduko aldekoiak laguntzen ziozkaten bere esperanzai eta gerra gauzetarako zeukan gustoari.

        Zan 1206garren urtea. Berritu zan Guelfo Jibelinoen arteko anziñako despita Italiako eguerdi aldean, nun Brienako Konde Gautier IIIgarrenak Italiako lokabetasunaren buru egiñik, kendu nai zion Federiko IIgarrenari bere mendean zeukan Napolesko erreinu ederra. Italia osotoro lokabe edo besteren uztarpetik libre ikustea nai zuten guziak zeuzkan bere alde. Franzisko txit gogotik bildu zizaion, eta etxekoai agur egiñ, eta adiskideai beiñ eta berriz esanik iritxiko zala kapitan aundi bat izatera, joan zan prestamen ederrakin eta lanza eskuan bere serbitzuak eskeiñtzera denbora aetako gizonik nobleenekotzat zegoen Brienako kondeari.

        Jaungoikoak norbaiti biotzera deitzen dionean aditzen ezpadio, alde egiten du ez geiago itzultzeko. Baña kontrara aditu eta obeditzen badio, obeditzeko moduan utsegingo balu, berak gaztigatzen dio, baliatuaz onetarako mundu onetako bideaz edo mirarizko siñaleaz, argitzen eta giatzen du eskutik artuta bezela. Orixe gertatu zizaion gure zaldun gazteari. Bidea utsegiñ zuen, eta mundutik alde egiñ bearrean, zijoan beragana, orduan Jaunaren Probidenziak artu zuen bere kontura, eta millagro baten bidez aldatu zituen aren asmoak, erakutsiaz zer egin bear zuen. Lurreratu zuen, bada, Franzisko Espoletoko bidean, Damaskokoan Saulo lurreratu zuen bezela, eta adierazi zion beste ikusketa batean, lenbizikoan esan nai ziona. Loxustan zegoela aditu zuen zeruko itz ots bat ziona: «Franzisko, nork eman dizakezu sari obea, nagusiak edo serbitzariak, aberatsak edo pobreak?» «Nagusiak, aberatsak» erantzun zion. «Zergatik, bada, alde egiten dezu nagusi eta aberatsa dan Jaungoikoagandik, billatzeko serbitzaria eta pobrea dan gizona?». Eta Franziskok orduan: «Jauna, zer nai dezu egiñ dezadan?». «Zuaz zere errira, esan zion itz otsak, bada zuk izan zenduen ikusketak, gauz espiritualak ditu adierazten. Ez gizonak, ezpada Jaungoikoak egingo du zuk oik kunplitzeko modua».

        Franzisko, Sauloren gisan makurtu zan Jaunaren borondatera. Onen erantzuera zan Apostolu aundiarenaren modukoa, eta saria izango da alakoa; ura bezela izango da ere Eleizako argia, desegiñgo ditu mundua inguraturik daukaten illunpeak, eta fedegabeen oituretara biurtu diran kristau errietara eramango du itzaltzen ez dan Ebanjelioko argia.

        Emen batek ez daki zer geiago miretsi, edo Jaungoikoaren jakinduria, gogoratzean nola enpleatzen dituen bere perfezio guziak anima bat beretzat irabazteko libertadea kendu gabe, edo galai zaldunaren obedienzia azkarra, bada kentzen du bereala gerritik ezpata, eta utzitzen ditu buruan zerabitzkian ots aundi naieko ametsak sartzeko Kristoren soldaduzkan.

        Egun sentian Franzisko, utzirik aurrera joateari, irten zan Espoletotik eta itzuli zan Asis bere errira, jendeen esamesak ezertan artu gabe, eta osotoro erabakia Jaunaren borondatea egiteko. Bere lagunak etorrera aiñ ustekabekoarekin arritu baziran ere, atsegiñ artu zuten eta nola etzuten batere sospitxarik, erregutu zioten izan zedilla pesta giari, lenago bezela. Egiñ zien beti bezelako arrera ederra, eta bilduerazi zituen azkenekoa izango zuen pesta batera. Eman zien bazkari aundi bat, baña aren ezpañetan ozta ikusi zan farra irririk, biotza zeukan askozaz gorago. Bazkal ondoan guziak irten ziran, eta bazijoazen parraz eta jolasian karrikak barrena, eta Franzisko pestako errege, zerraikien aginte zigorra eskuan zuela, eta anima pensamentu aundietan murgildua zeukala. Une artan jarri zizaion begietan zeruko ikusketa bat, eta inguratu zuen aiñ argi gozo eta indartsuarekin, non, geratu zan ez itz eta ez mugida gabe. Eta gero au guzia konfesoreari kontatu zionean esan zion, eze, denbora artan gorputz guzia txe txe egiñ izan bazioten ere, etzuela deus sentituko; anbesteraño zeukan anima Jaungoikoarenganatua! Lagunak ikusi zutenean deskanatua, korrika joan zitzaiozkan, baña laister etorri zizaion kontua, eta orduan beren jostaketai zerraikatela, galdetu zioten ixeka gisan, ea zertan egon zan pensatzen. «Edo ezkontzera al zoaz?». «Bai, erantzun zien, eta nere emaztea izango da aiñ ederra, aberatsa eta noblea, munduan parekorik egundaño izandu ez duena». Eta ori esatean gogoan zeukana zan Ebanjelioko Pobreza, bere aurreneko senarra Gurutzean ill zan ezkero, alargun zegoena. Auxe zan aren Esposa, Espiritu Santuak agertu zion edertasun paregabearekin; esposa misteriozkoa, anbeste denboran gizonak despreziatua, zeñarekiñ zijoan bateratzera Franzisko urrateziñezko lazo sagraduakiñ, egiten zuela bere lagun bakarra, dama eta erregiña.

        Agur egiñ zien betiko munduko arrokeriai, eta etxeko lanbideak al zuen guzia utzirik, billatu zuen bakartegi bat, ikasteko an nola iritxi zezakean Jaungoikoaren amorioaren perla preziosoa, zeñarekiñ betetzen zituen bere animako deseo aundienak, Jaunaren borondatearekiñ batean; zergatik gizonak graziaren mugida gozoetan, desgraziaren kolpe gogorretan bezela, sentitzen du lagun artetik alde egiteko premia, osoro meditaziora emateko, zeña dan gauza bat santu bakoitzaren bizitzan ikusten dana, eta ala, munduko izatez gaindikako gauzen gobernuan Jaungoikoak segitu oi duen legea da; baldiñ Jaungoikoak aututzen badu anima bat, santu miragarria bera egiteko, bereizten du mundutik eta darama leku bakar eta iñork ez dakienera, beraren itza arretaz aditu dezan; bada turmoi gisako ujua egiñgo balioke ere, ez lioke adituko munduko arazo eta iskamillen artean.

        Inguru artako arzulo batean arkitu zuen Franziskok ain deseo zuen bakartasun eta ixiltasuna, eta an zeramazkian egun osoak Jaungoikoari negar samiñakiñ eskatzen, arrokerian alperrik galdutako denbora barkatu eta giatu zezala onerako bidean. Utzi dezaiogun S. Buenabenturari kontatzen, nola pagatu ziozkan zeruak anbeste erregu eta orazio: «Besteetan baño orazio irazekiagoan eta osotoro Jaungoikoagan pensatzen zegoen egun batean, agertu zizaion Jesu Kristo gurutzean josia, eta ikuste utsarekin aren biotza oñaze-amorioz desegiñdu zan, eta alatan sillatu zizaion Pasio santuaren oroipena, non ordutandik eziñ pensatu zuen Jesus gurutziltzatuan malko ugariak ixuri gabe bere bizitzako azkeneko urteetan berak aitortu zuen bezela».

        Onerako bidean ere daude saillak, gaitzerakoan bezela. Iru berezitzen ditugu batezere S. Franziskoren bizitzan: lenbizikoa, pobrezaren ikusketa, bigarrena Jauregi eta Palazioarena, eta irugarren eta azkenekoa Jesus gurutziltzatuarena, zeñak bukatzen duen aurreneko bietan asitako obra, zergatik onetan, zeruko argi erraiñu gozoen tartetik ikustean Kristo sufritzen, ikusi zuen edertasun, aunditasun eta osande edo perfezio guziaren irudiera, beti bere animan josia idukiko duena eta egingo duen guzia aren antzera egiten alegiñean saiatuko dana. An ikusi zuen santutasuna, Jainko Gizonaren antzekoa izatea baizik ez dala, eta zer moduz iristen dan; kristauaren perfezioa edo on ona izatea, dagoela munduaren despreziotik asitzen dan tratuan, nork bere buruari gerra egitean, bere gurutzea artu, eta Jesusi jarraitzean. Santuak au ondo ezaguturik, ala egiñ zuen, egundaño atzeratu eta desalaitu gabe. Ordutandik ikusten degu koba-zulotik maizago ateratzen dala, bai zeruko gauzen gañean itz egiteko geratu zizaion adiskide bakarrarekiñ, eta bai aritzeko piedade eta miserikordiazko obrak egiten.

        Aren atsegiñ guzia egiten zuten gauzak ziran beartsuai dirua, jana eta jantziak ematea, atsekabetuen penetan part-artzea, utzi gabe iñor konsuelorik gabe, apaiz pobreak modu txit onakiñ sokorritzea, eta Sakramentu Santuaren begirunez, utziak zeuden aldareak jantzi eta apaintzea. Egiaz zan beartsuen aita, aita lenena, San Buenabenturak dion bezela. Aita etxean ez zanean, maia betetzen zuen ogiz otorduko denboran, eta galdeturik amak egun batean ea zergatik orrela egiten zuen: «Ama, Jainkoaren pobreakgatik, oek txit maite ditudalako» erantzun zion, aingeru-parra gozoarekiñ. Pikak begiratu zion amorio eta atsegiñtasunez, sentitzen zuela barrengo poz bat, ama batek egundaño sentitu etzuen modukoa.

        Obra piadoso oek aiñ bikañak izan arren, etzuten betetzen kristau perfezioaren zeukan irudia, ez ta ere mendetasun eta sakrifiziozko egarri irazekia. Franziskok zeukan guzia ematen zuen, eta bere burua ere eman nai zuen; baña noiz eta nola? Enura eta zalantza onetan zebillela gogoak eman zion joan bear zuela erromerian Apostoloen gorputz-obia bisitatzera, iritxi uste zuelako an pekatuen barkazioa eta zeruko argi berriak, bere dei edo bizi modua artzera erabaki eraziko ziotenak. Joan zan, bada, Erromara, eta belaunikaturik S. Pedroren obi aurrean, egon zan luzaro orazioan gure irakorleak pensa dezatekean arreta eta jaierarekiñ; eta altxa zanean oarturik zeiñ eskasak ziran erromesen limosnak Eleiz galant ura egiteko, deadar egiñ zuen esanaz: «Zer! orrenbesteraño oztu da jendeen debozioa, izanik berak Apostoluen Buruaren erlikiak gordetzen dituen Eleiza altxa eta ornitu eta apaiñdu bear luketena besterik ez bezela Jesukristok jarritako Eleizaren zimendu arri dana?». Eta zeukan diru guzia bere zizkutik aterata utzi zuen marmolarrizko obiaren gañean. Andik irureun urtera S. Franziskoren deseoak bete zituen beraren seme espiritual batek, Aita Santu Sisto Vgarrenak, emanaz azken esku edo bukaera Eleiz guzietan ederrenari.

        San Pedrotik irten zanean ikusi zituen pobre asko limosna eske zeudela, eta aenganaturik trukatu ziozkan bere erropak zarpa zarrenak zeuzkanari, eta eseririk Eleiz atariko eskallera malletan, egon zan egun guzian limosna eskatzen pranzez izkuntzan. Egikera arrigarri onek esan erazi ziozkan Bosuet aundiari itz oek: «Ah! asi da Franzisko gordetzen Gurutzeko erokeria eta Ebanjelioko pobreza».

        Bigaramonean etxeronz abiaturik, laister itzuli zan Asis bere errira, nun itxedoten zion Jesu Kristok agertzeko bere borondatea artu bear zuen bizimoduaren gañean, eta grazi berezi bat egiten ziola, agertu zion, izanaz bera erakusle eta giari zerurako bidean. Zorioneko ikasle onek, bere aldetik arretaz jarraitzen zien maixuen maixuaren ikasbideai, eta jakiñik ez dala ondo Errege aundiaren ixill gauzak azaltzea, etziozkan iñori agertu bere konfesore eta anima giari Asisko Obispo Jaunari baizik.

        Goiz batean Asisko murruetan pasean zebillela, Jaungoikoak gogargiturik sartu zan San Damiango Eleiza zar eta arrakatu, erortzeko zorian zegoenean. Etzan iñor arkitzen bertan, eta belaunikaturik Jesus gurutziltzatuaren kuadro eder baten aurrean, esan zuen iru bider, gero aiñ maiz esan oi zuen orazio au: «Jaungoiko aundi gloriaz betea, eta Zu, nere Jesukristo Jauna, entzun itzatzu nere erreguak eta argitu nere adimentua. Indazu fede bizi, esperanza sendo eta karidade osoa. Egizu, nere Jaungoikoa, zu ongi ezagutu zaitzadala, ez dezadan beñere obratu zuk argitu, eta zuk nai dezun erara baizik».

        Otoitz au egiñ bitartean, amorioz beterik eta negar malkoak zeriozkala zegokion begira Salbatzallearen imajiñari, eta ona non bat batetan Kristoren abetik aditu zituen iru bider itz misteriozko oek: «Altxa zaitez, Franzisko, eta konpondu ezazu nere etxea, bada ikusten dezu erortzera dijoala». Gure Santuak etzezakean dudatu itz ots ura zerutikan zetorrela, eta ikaraz beterik egondu zan mugida gabe piskatxo batean, gizon eroriak berezko gauza du, alabaña, Jaungoikoari bildur izatea. Laister beregandu zan, eta Jaungoikoaren agintea ondo ezaguturik, irten zan kunplimentu ematera. Eleizako atean arkitu zuen bertako apaiza, eta zeraman zizkua emanik, esan zion: «On Pedro Jauna, ar beza diru au Jesus gurutziltzatuaren aurreko lanparan argia jartzeko». Eta aren errespuestari itxedon gabe, itzultzen da etxera, artzen ditu balio aundiko tela-pieza batzuek, eta aberean igorik, badijoa Foliñora, saltzen ditu zaldia eta telak, eta egiñdako tratu on aren dirua ematen dio S. Damiango apaizari.

        Apaizak utzi zion Franziskori egun batzuetan Eleizan egoten, erregutu zion bezela, baña nola bildur baizizaion Bernandonen aserreari, etzion ofrenda edo limosnarik artu; orduan Santuak, lurreko autsari anbat kaso diruari egiten zionak, desprezioz bota zuen Eleizako leio batetik.

        Jaungoikoarengana benaz itzuli, eta osotoro eskeintzen zaion animak, pensa dezake bere kontra altxako zaizkala mundu-infernuen indar guziak, zeruko Maixuak esana daukan bezela: «Nere izena dala bide gorrotatuak izango zerate» (Math. X, 22). Persekuzioa da Kristoren jarraileen saria eta onra, eta onra berri au etzaio paltatuko noski Bernardonen semeari, etortzen zaiola aurrena bereetatik.

        Zerbait denbora bazan Bernandon zebillela bere artu-emanetan Asistik kanpora; eta etxera itzultzean, ez al zuen jakindu bere semearen portaera, egiten zituen limosnak, eta guziaz gaiñ, artu zuen bizi modu berria, non aserre bizian sartu zan, eta etxeko batzuek lagun arturik, joan zan San Damiango Eleizara. Aren pauso otsak eta uju keñadazkoak aditurik, gure gazte senzilloa, alako gauzetara oraindik oitu gabea bezela, bildurtu zan, eta bere burua gordetzeko joan zan apaizaren oe-gelara, eta aurrekoetatik datorren esaera batek dionez, Bernandon gelan sartzearekin batean, Franzisko itsatsi zan paretean, eta ala iges egiñ zuen millagroz aita aserratuaren begietatik.

        Aita eleizatik irten zanean, Franzisko joan zan ostera Jesus gurutziltzatua agertu zizaion arzulo artara; toki aren berri iñork etzekien etxeko morroi batek baizik, zeñak eramaten zion ezkutuan bizirik irauteko ozta bear zuen janaria. An egon zan illabetean otoitzean, Jaungoikoari argitasun eta laguntzak eskatzen, eta gorputza penitenzia latzakiñ eskuratu eta ilduratzen, bere gogoan San Damiango Kristoren itz misteriozkoak erabili, eta Jaungoikoak beragandik zer nai zuen jakiteratzen zan bitartean. Deabruak sumiñdurik, eskuetan zeukaten ura iges egiten zielako, askotan joan zizaiozkan an zeukan pakea galeraztera, eta gerra bizi bat egiñ zioten itzulierazotzeko ostera ia utzia zeukan munduaren uztarripera. Oraiñ oroituerazitzen ziozkaten geiena palakatu zezatekean gauzak nola ziran pestak, bera giari edo errege zala egiten zituzten gau-billera atsegiñgarriak, gauza jakiña izanik onelako oroipenak zenbat dezatekean ogei urteko galai baten biotzean; oraiñ meatxatzen zuten arpegia itxusitu eta gorputza elbarrituko ziotela; Franzisko ordea, etzan erori sare oetan, ezpada egon zan irmo eta sendo egiñ ziozkaten eraso guzietan. Azkenik erretiro artatik irten zan bere etsaiai arpegiz arpegi gogor egiteko, soldadu batek indar berritzen danean, armak ostera artzen dituen bezela asitako gerrari alimo geiagorekiñ jarraitzeko. Sartu zan Asisen arpegi ubel zimurtuarekiñ, begiak erreak ixuritako negar malko ugariakiñ, baña ez bildurti eta eroria, ezpada biotz aundi eta bulardetsuarekiñ Kristoren zaldun portitz bati zegokion moduan. Jendea, itxura artan ura ikustean, geratu zan arritua, ixilik eta kupitua, baña nola baidan itxas bagak beziñ mudakorra, laister asi zizaion ujuka, parra eta burlaz isekatzen, arri eta lur tiraka, lenago ainbeste naitasun agertu zion, eta txaloka artzen zuen ari berari. «Txoratu da!» zioten guziak, eta, gauza arrigarria! bere adiskideak ziran ixekatzera aurrena joan zitzaiozkanak. Baña Franzisko zijoan soseguz infernuko iskamilla artan, aen garraxiai erantzuten ziela ixiltasunarekiñ, injuriai barkazioarekiñ, eta gorrotoari bere karidade irazekiarekiñ. Erotua zegoen, ez aek uste zuten bezela, ezpada gizonak salbatu zituen gurutzeko erotasunarekiñ.

        Denbora asko baño len jakindu zuen Bernardonek gertatzen zana, eta berri ura izan zan berarentzat labana ziskateko bat bezela, eta ala izan bear zuela edozeñek ezagutu dezake: zergatik, zeiñ guraso da bere semea jendeen parragarri ikusita ontzat eramaten duena? Bernandon, bada, joan zan plazara, ez Franzisko jende aen artetik gorde eta libratzeko asmoarekiñ, ezpada berak eskandaloa deitzen zuena ebakitzekoarekiñ. Arrabiz beterik eta arpegia suturik ezarri zizaion Franziskori, otsoa arkume gaxoari bezela, eta ezeren begiramentu gabe kolpatuaz eta lotsagabekeriak esanaz, agindu zion utzi zezala alako erakeria, eta ikusirik etzala biguñtzen ez keñada eta ez erreguetara, eraman zuen etxera, eta sarrerazi eskallerapean zegoen gordarte txar batean, esanez, etzuela andikan libratuko, alik eta bizimodu ura mudatzen etzuen bitartean. Eta Santuaren lagunak au kontatzean diote, gogortasun oek guziak etzutela serbitu, santuaren birtutea sendotu eta argierazitzeko baizik. Aitaren injuriai erantzuten zion ixiltasun eta pazienzia aundienarekiñ, zeren uste zuen zorionekoa zala justiziagatik sufritzen zegoenean, eta bere deseo bakarra zan Jaungoikoaren naia egitea, argatik aitari askotan esan bear izan zion Apostoloak Jerusalengo agintariai erantzun ziena: «Obea da gizonai baño Jaungoikoari obeditzea».

        Oraindaño eztegu egiñ, gertaera au Santuaren denborako kondairatzalleak dioten bezela kontatzea baizik, baño badago emen puntu bat ukitu ez deguna, eta argitzea txit konbeni dana. Ona emen, Zertan da kargu artzekoa Bernardonen portaera, eta zer erantzuki dauka gertaera aetan? Emango degu gure iritzia llanoro, alde batera baño bestera geiago makurtu gabe kondairatzalleari dagokan eran; eta ala diogu, Bernardonen gaizkia dagoela bere semearen bokazioari setaz eta bidegabekiro eragozpenak jartzean. Bokazioa! au da itz kristau bat esan nai duena «zerutikako deia», da itz bat giza-bizitzaren misterio ezkutatuenetakoa gordetzen duena. Jaungoikoak ematen du, eta naiz izan dedilla munduan geratzekoa, naiz erlijioan sartzekoa, gauza bearra da berari obeditzea. Dei oni ondo edo gaizki erantzutetik dator gure betiko patua beste munduan, eta emen jendeen arteko pakea edo naspilla, zoriona edo gaizki izatea. Giza-elkartasuna ez da martizti bat, nun gerrari bakoitzak gorde bear duen Jaungoikoak para dion tokia? Eta toki au utzitzen bada, zer besterik itxedon bear degu naspilla eta elkarren arteko konpondu eziña baizik, egungo egunean geron begiakiñ zorigaiztoan ikusten degun bezela? Gai onetan gurasoak Jaungoikoaren laguntzalle eta ordezko batzuek baizik ez dira, eta ala eskubide eta egiñ bear bat bakarra daukate, zeña dan, giatu eta probatzea beren semeen deia, eta beiñ ezagutu ezkero, lagundu bear diote, ala bear bada, baña ez kontra egiñ egundaño. Franziskorena ezagutua zegoen, Jaungoikoak alabaña argiro agertu zion, esan zionean San Damiango Eleizan: «Franzisko, zoaz, konpondu ezazu nere etxea, bada erortzera dijoa». Gure Santuak obeditu zion, bear zuen bezela, eta bere aitak gelditzen duenean, zeruko deia aintzakotzat artu gabe, eta itxian sartzen duenean, aren bizimodu berria familiaren desonra dalazko apukoarekiñ, zeru lurretako Jaun eta Jabeari kentzen diozka bere eskubideak, argatik kondairak konzienziarekiñ batean kondenatzen du aita, guraso eskubideaz gaizki usatu zuelako. Gañera, zer erokeria, Jainko guzialdunaren borondatearen kontra joatea! Despita aiñ desberdiñ onetan Bernardonek bentzutua izan bear zuen, eta ala izan zan.

        Eztakigu zenbat denboran egon zan Franzisko itxian (badirudi bi illabete bezelatsu), baña bai libratzeko zer moduz baliatu zan Probidenzia.

        Franziskok zeukan trataera gaiztoarekiñ anbat sufritzen zuen Pikak bere ixillean, eta ama izateak ematen zion eskubidearekiñ saiatu zan pakeak egitera aiñ maite zituen bi persona aen artean. Bernardonengandik asi zan aurrena, baña onek etzion aditu nai izandu ere; etzuen orregatik esperanzarik galdu, eta zuzendu zan presoarengana. Senarra etxean etzan egun batean sartu zan semearen ziegan, eta jolas aldi batean saiatu zizaion alegiñ guzian, arren, biur zedilla lenagoko bizimodura. Artarazitzeko enpleatu zituen ama kariñoso batek dakitzian bide guziak, baña aren negar, palagu eta losentxa guziak izan ziran alperrak; bada amaren soma al guziari preso santuak aurkaratzen zion Jaungoikoaren borondatea, San Damiango imajiña millagrozkoaren bidez agertua.

        Azkenik Pikak ezagutu zuen arako Jaungoikoak emakumeai eman dien argi bereziarekiñ, Franziskoren bokazioa zala zerutikakoa eta egiazkoa, eta beregan pensaturik zeiñ gaizki egingo zuen baldiñ bazijoan Jaungoikoaren kontra, artu zuen presoa libratzeko asmo zentzuzko beziñ arrisko aundikoa. Ebaki ziozkan lotua zeukaten lokarriak, idiki zion presondegiko atea, eta laztan gozo bat emanik utzi zion libertade guzian jarraitzeko Jaungoikoak deitu zion bidea.

        Pikak egiñ zuen ori ama, eta ama kristaua zan bezela. Franziskok bere libertadeagatik eskerrak eman ziozkan Jaungoikoari eta amari, eta itzuli zan bereala San Damiango Eleizara. Bernardonek etxeratzean, aserre bizian eraso zion emazteari, esanaz: «Zergatik askatu dezu zure semea? Ez dezu ikusten bere eman geiegiakiñ ondatzen, eta bere erokeriakiñ desonratzen gaituela? Nerau joango naiz aren billa, eta erakarriko det etxera, edo erbestetua izango da». Eta au esanda bereala, joan zan San Damiana. Eta munduan ondo ikusia izateagatik gastu aundi eta alperrak egitea ontzat eman ezezik, Brienako kondearen mendean gerra egiteko luju aundiko tresnaz zaldia ornitzea Franziskori gogo onez utzi zion aita onek berak, eziñ eraman zuen bere semeak Jaungoikoarengana biurtu zanean, aren serbitzuan iraun eta limosnak egitea.

        Gure santuak txanda artan etzuen iges egiñ, aurreratu zizaion aitarengana, eta aditurik eman ziozkan espak, erantzun zion errespeto aundiarekiñ: «Utzi itz gogor eta keñadak, bada ez didate mellarik egiñ bear; erabakia nago sufritzera guzi guzia Jesu Kristogatik».

        Aitak ikusirik aren biotzeko irmotasuna zala itxas bagak desegiten dituen arroka bezelakoa, etzuen pensatu saldu ziozkan tela eta zaldiaren balioa kobratzea baizik, eta billaturik an Franziskok leiotik botatako dirua, bereala artu eta atera zan penaz eta sumiñdurik, uste zuen anbat iritxi etzuelako. Etxera bidean gutiziak gogoraerazi zion beartu bear zuela Franzisko utzierazotzera legez tokatzen zizaion seni-partea, eta tentazio oni leku emanik, deitu zuen Juezetara, eta oen barruti edo mendekoa etzalako, Asisko Obispo Jaunaren aurrera.

        Gido Sekundi orduko Obispo Jaunak deitu zion bere Tribunalera; eta aditzera ematera joan zitzaienai, esan zien: «Bai, ni joango naizaio Obispo Jaunari, bera dalako animen aita eta artzaia». Obispoak Franziskoren birtuteen berri lendikan bazekien, eta artu zuen juez gogor baño obeto aita biguñ batek bezela, eta esan zion: «Ene seme, aita oso aserratua daukazu, itzuli zaiozu bere dirua. Para ezazu konfianza Jaungoikoagan, zabiltza zuzen, eta ez izan ezeren bildurrik, bada Jaungoikoa izango dezu laguntzalle, eta emango dizu Eleizaren onerako bear dezuna».

        Itz oekiñ alaiturik, altxa zan Franzisko, eta Espiritu Santuak goiargituta bezela, erantzun zion onela: «Jauna, guzia biurtuko diot aitari, baita jantzita daramazkidan soñekoak ere». Eta beste gela batera joanda erantzi zan, eta gorputza zilizio latz utsarekiñ estalia zeukala, bota zituen arropak Obispo Jaunaren oñetara, begira zeudenak ikaratzeraño deadar egiñaz: «Entzun eta jakiñ, oraindaño Bernardoni deitu diot aita, baña gaurdandik agitz goitik esan dezaket: Aita gurea, zeruetan zaudena, zugan utzi ditut nere ondasunak, eta para nere esperanzak».

        Pasarte arrigarri aren testiguak biotz aunditurik negar egiten zuten, Obispo Jauna ere kupitu zan, negar malko lodiak begietatik ixurtzeraño, eta kataberatik jetxirik, estali zuen bere mantuarekiñ, idukiaz laztandua denbora luzean. Sakrifizio aiñ aundi onetatik ezagutu zuen Pikak bezela, Jaungoikoak giatzen zuela gazte ura oi ez bezelako bideetatik, eta aditzera emanik biotza irabazi ziola, aseguratu zion bere laguntza guzia.

        Ekarri zioten Obispoaren morroi zegoen baserritar baten kapusaia, Franziskok artu zuen esker onez, eta gañean morteroarekiñ gurutzea egiñda jantzirik, aldendu zan andik, guzia utzita, danik pobreena baño iñor baño alegereago, Jaungoikoa beste anparu gabe, Jaungoikoagan bestetan esperanza gabe, eta Jaungoikoaren amorioz emango ziotena beste gabe. O zer malkirot edo galera ederra egiñ zuen orduan merkatari onek! Ongi merezitua zuen aren izena itzkribatua izan zedilla Ebanjelioko beartsuenen artean, bizitzeko geroztandik Jaungoikoaren Probidenziako ondasunetatik. Au gertatu zan 1207garrengo apirillean, Franziskok ogeita bost urte zituenean.

        Andik lareun urtera erakai berak ekarri zuten beste gertaera bat kontatu degunaren txit antz aundikoa, eta nola serbitzen baiduen gure iritziaren argitasun geiagorako, esango degu gertatu zan bezela. Beste S. Franzisko bat, S. Franzisko Saleskoa, otxana, maitagarri eta zelotsua gure Asiskoa bezela, oraindik apaiz ordendu berria, bialdu zuen on Klaudio Garnier Jinebrako Obispo Jaunak Chablesko misio arrisku aundikora. Beraren aita Boisy jaunarentzat izan zan berri au erio kolpe bat bezela; eta ikusirik eziñ bentzutu zuela misiogille gaztearen irmotasuna, eta eziñ etsirik bera gabe egotera, eraman zuen ere Obispo Jaunarengana, eta aren aurrean belaunikaturik, itz kupigarrienakiñ esan zion: «Jauna, nere etxearen esperanza eta nere biziaren eta zartzaroaren poza dan seme au nai izan det apaiz egiñ eta izan dedilla konfesore, au da, Ebanjelioaren gordetzalle guztiz leial bat, baña eziñ det eta ez det nai martiri izañ dediñ, eta bialdu dezala berorrek arategira larrutzera dijoan bildotsa bezela». «Oroitu zaitez, erantzun zion Obispoak, biok S. Franzisko Asiskoaren izena daukazutela, eta begira ez dezazun beartu zure semea bere patroi gloriatsuak egiñ zuena egitera, gure aurrean erantzi eta arropak zuri ematera, bilotstasun onetan jarraitzeko Jesus gurutziltzatuaren bandera».

        Orduan semea auzpeztu zan aitaren oñetan, erregutuaz, arren, bere baimena eman zeiola, baña etzuen iritsi. «Zaude seguru, esan zion, lanbide orretarako ez baimenik eta ez bendiziorik, egundaño emango ez dizudala». Eta penaz beterik erretiratu zan Salesko bere gaztelura. Baña gero, bere semeak misioetatik atera zituen frutu aundiak aditu zituenean, idiki zituen begiak ezagutzeko beraren bokazio egiazkoa, eta alabatu zuen beste guziak bezela; eta uste degu ori bera gertatuko zizaiola Bernardoni, kondairak gai onetan ezer esaten ezpadigute ere.

        Bernardonek eta Boisy jaunak beren semeakiñ egiñ zutena, da guraso geienak beren semeakiñ egiñ oi dutena. Ez dute ontzat ematen aen bokazioa, nun eta aengan artu dituzten asmoai, edo aekgandik atera uste dituzten irabaziai ez dien erantzuten, berak nai bezela; Jaungoikoa baztertzen dute, berazaz oroitzen ere ez dira.

 

aurrekoa hurrengoa