www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

ITSASOKO KONTUAK «ETA ONDO LO'IN»

 

        Poli etxeko langille gazte bizkor ta txukuna zan. Orduari begiratu gabe ekiten zion lanari ta, ain denbora luzean zegoanez, nagusiak aña ba-zekian lanean. Etxeko oitura guztiak iñork bezin obeto zekizkian. Egia ikasi-errexak zirala ango gauzak: etxekoek danetara jartzen zuten bertako semea balitz bezela. Ta ez zan arritzekoa bein edo bein mezetatik ateratzean topo egiten ba-zuan, Poli ta bi neskak alkarrekin etortzea. Orrengatik, beratzaz itzegiten zutenean ustegabean bein baño geiagotan pasteleriko semea dietzen zioten. Poli mutil apaña ibiltzen zan.

        Polik lagun askoen ezaguera egin zuan errian, baño ez zan lagun tartean ibiltzen zalea. Guztiok izaten ditugu egun batzuk besteak baño alaiagoak eta baita jostatzeko gogoa bakoitzak geren modura. Ez da arritzekoa, bada, alako sasoieko gaztea batzuetan jostatzeko gogoa izatea. Alakotan Gexina izaten zuan jostagarri! Arekin egiten zituan parrak!

Katinekin ordea, adiskide mamiak izanagatik, gero ta geiago, tarte aundia uzten zuan. Ba-dakizute? urteak geiago. Askotan alkarri zerbait emateko, dar-dar egiten zien eskuek. Katin arpegi zuria zan; Gexina, beltzarana.

        Etxeko semea bezela bizi zala esandegu ta ala zan. Etxekoekin batean exeritzen zan otorduetan, mai berean. Ta len itz gutxiko mutilla ba-zan, denboraz gogoa etorri zitzaion, tarteka ba-zan ere. Ta ala, batez ere apalondotan, zer-esana izaten zuan. Ta berari gogoz entzun ere bai, txikiek eta aundiek. Itsaso-kontuz aritzen zanean, batez ere, guztiak adi-adi. Ez zeukan txerpolariarentzako gogorik; ez dakigu baldearen barrenean osorik gelditu ote zitzaion.

        Maiz eskatzen zioten itsasoko gauzak esatea, Gexinak geiena. Ta orain ere an ari zan esaten bein txikitan arrantza-ontzian ikusia. Arraitzar bat, ikaragarrizko aundia, sarean nola arrapatu zuten. Gora igota su-egilleak burni goria sartu omen zion begietatik. Guztiak ikaratu ziran. Bai, uretara erortzen ba-zerate ikusiko dezute zer diran oriek.

        Ta zer geiago? Gexinak.

        Uretara bota zutenean, ikusten ez zuala-ta, ontzia jotzen zuan buruarekin. Denbora guztian ez ordea, ur-azpiko lagunek odol-kutsua nabaritu orduko, pusketan jan zuten.

        Ondo egia da arrai aundiak txikia jaten duala; askotan ikusten da arrai aundi baten barrenean arrai txikia ta txikiaren barrenean beste txikiagoa.

        Itsas-aingirak izugarrizko bizitasuna dauka. Erditik idiki, barrena kendu biotza ta guzti ta ala ere bizirik dago.

        Urrengo batean ala ari zitzaizun:.

        Bein gauza ikusgarria ikusi genuan; itsasoko ura argitan gabean. Urak berak argia. Bai omen dira, tira, esan dezagun mendian ipurtargiak izaten diran bezela, bai omen dira itsasoan alako mamorro tiki-tikiak argi egiten dutenak. Ba oriek dituzute pilla aundietan ura argitan jartzen dutenak. Ontziak ba-dirudi aidean dijoala argiaren gañean. Ura gauza arrigarria.

        Itsasoan ez da gau bat bestearen berdiña. Beste batean, Ejitoko bidean ginjoazela, itsasoko ura bare-barea, aize-arnasarik ere ez. Ura gau ederra! Zeruko izar guztien errañua ikusten zan argi ta garbi itsasoko uretan, izarrak argitutako gau artan.

        Etxeko jendea arriturik zeukan. Katin, berriz, arrituta baño geiago. Lendik iduri atsegiñeko mutilla zitzaiola-ta, orain berriz ez dakigu zerk geiago eldu zion. Polik itzegiten zuan bakoitzean adi-adi ta begira jartzen zitzaion. Eta nola gero?

        Polik aieri atsegiña emateagatik gogoz aritzen zan itsasoko gauzak esaten. Emen len aipatutakoak ere esan zituan Txo deitzen zioten denborakoak, arek ikusi zituan erri ta oiturak, aiek ibilli zituzten arriskoak.

        Baño emakumeeri arrisko aunditan ibillitako gizonak arrigarri ta atsegiñak zaizkie, maitegarriak ere esango nuke. Ez bai-dute atsegin gizon izuti ta koldarrik, kemeneko gizona baizik.

Ta Katineri egunean baño egunean gizaseme jatorragoa iruditzen Poli. Aitak berak gogokoa zuan mutil ura. Ene, bada.

        Orain esan nai degun apalondo artan, ekaitza izugarria aipatu zuan, Pinisterre giza-gizajoa il zanekoa.

        Esan zituan xeetasun guztiak, berak ikusi bezela. Nola ta zenbat denboran egon ziran. Aizearen txistua, itsasoaren marruak, Akulamendiren burrundara. Pinisterre nola il zan. Malluketak il-kutxa egiten. Bi kandelak kutxaren bi aldeetara. Kutxa irristaka itsasora nola joan zan. Itsasoak ekarrita nola lertu zan. Berriz nola bota zuten.

        orduan,bai, orduan larria sartu zala argiaren azpiko mai artan.

        Katinek galdetu zion:.

        Eta zuk errezatu al zenuan?

        Lenbizikoan, bai; baño bigarrenean nola ez bai zuten errezatzeko esan.

        Aitaren tokian gazta-azalak txiki-txiki egindn gelditu ziran; Polirenean, ogi-apurrez betea, ta besteenean mai-zapia ta ezpain-zapiak iñoiz bezela korapillotuak eta sakabanatuak.

        Aitak bere aldetik ere pixkatxo bat itzegin zuan itzaldiaren ondorengoari beltzura kentzeagatik eta ala olde onean jaiki ziran maietik oerako.

        Izan ere, lotarako abiatuta, biak bakarrik arkitu ziran artan, ala esan zion Katinek Poliri emeki, oso emeki:.

        Txo, ondo lo'in.

        Ondo lo'in, Katin.

        Irri gozoa biak, maite-begiak.

 

aurrekoa hurrengoa