www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

EGITEKO EDERRA!

 

        Ala ibilli ziran erriz-erri: Oyartzun, Astigarraga, Ernani, Urnieta, Andoain, Billabona, Tolosa, Berastegi, Leitza, Lekunberri, gurdia bideari lotzen zitzaion eta, zakur gosetuaren antzera, anima apartatuta, non jan-usaia nabaritzen zuten, bertan gelditu.

        Amaika istillu ta naigabe ibilli zituzten! Ezin esan igeska ote zijoazen ala ezin arrapatuaren atzetik ote zebiltzan. Txerpolariak, mando ta guzti, zori berari lotu zitzaizkion, on ala gaizto. Ba-ziruditen ibillian jaioak zirala.

        Nai bezelako egun onak ikusi zituzten, nai baño askoz txarragoak ere bai; gero ta txarragoak zenbat eta aurrerago. Zer-jana izaten zuten batzutan, bestetan edana bakarrik, goi-goitik eroria. Ai, onelako ta alako tokitan irabazitako txanpon ederrak! Beroa, aizea, euria, elurra, danak artu bear.

        Tolosan ia garbitu zan Poli. Oso tankera txarrean erorita denbora luzean egon zan korderik gabe.

Gaxotegira eraman zuten, gaxotegi ederra ala ere. Ta gogo onez ba-zan ala gogo txarrez ba-zan, an egon bear zai txerpolari jendea, ura gabe ez bai zan ikuskizunik.

        Poli nai bezin ondo sendatu zan.

        Berastegin erriko idazkaria sekretaiua) ibilli zuten musikaren aurretik. Leitzan, euri-jasa izugarria ari zuala-ta, eskolan egin zuten txerpolariek oi bezelako ariketa, neska-mutillen aulkiak aterata.

        Onela ibilli zituzten makiña bat erri Gipuzkoa ta Naparroakoak. Ultzama-aldera jo zuten. An, egun batez, Bentura gizajoak, egun itun batez, malkoak begietan, aiek ez zirala bere gurasoak, aitortu zion Poliri. Alegia noizbait ama maitea izana gogoratzen zala. Besterik ez zekian. A zer bi.

        Baño andik aurrera Polik iñoiz ez bezelako gogoetak izaten zituan. Bizi-modu arekin asper-asper eginda zegoan. Txerpolaritarako ariketak gogo txarrez egiten zituan. Bere larruan ez zeukan tokirik. Bentura erruki zuan. Lanean aritzeko bear aña indarra izatean, aldegintzak emendik, bein esan zion.

        Balentinek asko maite zuan Poli. Kornetiña jotzen erakutsi zion. Iñork baño obeto ezagutzen zuan Poli. Ik bizibide ona izango dek, esan zion batean, eta ongi biziko aiz.

        Ultzama-aldean denbora luze xamarrean ibilli ziran jo-ta-tira oi bezela. Baño Polik gero ta estuago zeukan barrena. Gaztelu zaarreko lo-zulo maiteak? Ez. Biotzeko leioak?

        Ta orra non lurralde artan batera ta bestera ibilli zebiltzala, non jotzen duten Iruritako aterabidea. Ta orduztik bi urte bete-beteak zirala Elizondon ziran berriz erriko jaietan.

        Poli erria ezagutu zuanean ez zan bere buruaren jabe. Bizibide arekin len aspertuta zegoala-ta, orain batean burura etorritako gogorapenekin oso nastu zala esan zitekean. Aspaldian aztuta ba-zegoan ere, eta arrunt aztuta, zer gogoratua etorri zitzaion ausarki. Ta orra zotza baño zuzenagoko mutilla makurtzen asi. Ordurarte ez zuan iñorenganako maite-samurtasunik nabaritu. Orain gaxotu ez ote zan esatekoa zan.

        Gurdiaren barrenen geldik zegoela, andreak eskuan baldea jarri ta ura ekartzeko.

        Abiatu zan ain ongi ezagutzen zuan erriaren barrena bakarrik egoteko atsegiñez. An zijoan mutil gazte lerdena, baldea eskuan, arabakiz ta zarpallaz jantzia. Noizpeinka lurrera begira gelditu ta urrena dingili-dangala asten zitzaion baldea.

        Baño Poli ez zijoan bakar-bakarrik. Iturriratu zanean, aren atzetik zijoana, ura gelditu ta au aurrera bidean, doi-doi bertaratu zan. Nor ote neskatx polit ura? Ederki jantzia, erretena buruko illearen erdian.

        Aurrez-aurre jarri zitzaiola, Polik begiratu zion, baño ez zuan ezagutu. Ordea arpegia lengo aldera biurtzen zuanean neska irriz iruditu. Zutitu ta berriz begiratu zion. Neskak oraingoan len baño irri gozoagoa.

        Bat-batean Poli zuri-zuri gelditu zan. Katin! Oso ikaratu zitzaion Poli. Batetik pasteleriko alaba, bestetik neska gaztearekin aurrez-aurre. Ala izan oi gera gizonak; iñoren bildur ez zana neskak izutu.

        Ixilune baten ondoren neskak itzegin bear, noski.

        Zer zabiltza aspaldi onetan? Etorriko al ziñake gure etxera?

        Poli dar-dar, ez ote? Joan-naia ta lotsa burruka zebilkioten. Bere jantziari ta neskarenari errepatuta atzerakoa egin zioten. Neskak oartu ta arpegi gozoaz mugitu zuan mutilla.

        Beatzak igurtzi zituan Polik jantzi zarrean eta oso lotsatuta arekin asi zan. Itsasoan ibillitako ekaitz beltzak ez zuan iñoiz orrenbesteraño baldartu. Nola mutilla ala neskatxa, baldeaz aztu ta an gelditu zan iturriko ura gañezka zijoakiola.

        Etxean sartu ziranean Gexina pozez zoraturik zebillen, ama malkoak begietan, aita, aitak bere bi besoak jarri zizkan Poliri bizkarraren gañean.

        Katinen egiteko ederra!

 

aurrekoa hurrengoa