www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

JUANBELTZ

 

        Txapela aurreko aldera, kopetilluna, sudurra ta kokotza ausarki. Ez zan argala, lodia gutxiago: giar utsa zan. Begi txikiak zuri-zuri ikusten zitzaizkan barrengo begi-ondo beltz artan. Iñoiz irudiz ikusi izan degun Judas mutur-beltzaren begiratu zorrotzeko gizona. Ta Judas ere arrantzalea izana. Baño ezin izan aren gaiztoa. Bein urizaiari labana atera zion. Ta kaiean iñork beste orrenbeste iñoiz egin ez bazuan,e gia da ere ez ziola sartu ta lanerako labana zuala.

        Juanbeltzek ez zuan beñere parrik egiten. Itz gutxi ta geienean txarrak. Juanbeltzekin eez zan txantxetan ibiltzerik. Juanbeltzek ez zuan iñorekin itzegiten nai ez zualako; besteak ez zuten Juanbeltzekin itzegiten bildur ziralako. Ezta aldean irri-santsorik atera, Juanbeltzek beretzat ar zezakean, ta maizegi jartzen zitzaion buruan berarentzat ari ez ote ziran. Juanbeltzek gorrotoa zeukan kaieko guztientzat.

Kaiean bizi zan, baño ez zan iñorekin bizi.

        Zakarra gizona. Juanbeltz, erorian daukazu gerrikoa. Ta zuri zer? esango zizun. Ta alako grin gaiztoko gizona kanpotarrak txalupan egurasten ibiltzen zitzaizun. Kaieko jendearekin ezin aditu ta kanpotar eguraszaleak gozatu, alajaña. Bein arengana zana, noski, ez zegoan bere etxe-bidea jakiteko. Ta askotan urrutiragoko asmotan etorri zana Santa Klarara joan-etorriarekin naikotu egiten zala egingo nuke. Nor ausartu alako gizonarekin itsasoratzen! Lanaren saria eman bear ziotenean, txuxen ordaintzen zioten, noski. Bestela, bi lagunentzat amarna kuarto asko zala? Ea nai al zuten diru orrengatik etxeraño bizkarraren gañean eramatea.

        Moalla-arriaren gañean jartzen zitzaizun kanpotarren zai. Txapel-muturraren azpitik urrutira begiratzen zuten aren begi txikiek. Bakarrik egoten zan, xigarroa ezpañetan. Noizpeinka xigarroari tira ta zuk itzalita egotea usteagatik, alako surik gabeko paper beltzari kea ateratzen zion. Ezta itzegiteko ere abotik kendu. Tankera onetan, Juanbeltz itsaslpaur euskalduna esango zenuten. Ta ez dakigu lapurretara nola ez zion eman.

        Egun aietan ur-azpiko lanak ari ziran egiten kaiean. Urpekari edo buzoa igota, guztiek aldegiten zuten lergaiak lertu bear zuaneko. Alako batean, danbada batez, ura irakiten bezela jartzen zan eta arri batzuk azpitik azaleraño ezik uretatik kanpora ateratzen ziran. Orduan Juanbeltz laisterka asten zan eskalleretan. Arrai batzuk tripa zuria gora azaltzen ziran, illik;

besteak, zoratuta, irabioka joaten ziran eskalleretara beren gorputzak uztera. Ta antxen topatzen zituzten Juanbeltzen beatz arrapariak. Arrai gaxoak ematen zioten lan gozagarria! Ez zanb este iñorentzako tokirik an. Antxen egon bear zuten goien jeisten ausartu gabe. Arraitxo gaxoak zoratuta ikustean, arek artzen zuan atsegiña.

        Baño Juanbeltz ona al zan ala gaiztoa? Kaieko jende guztia aren bildur zan,egiteko txar aundirik egin ez bazuan ere. Biotz oneko gizona agian? Juanbeltz Onegintza-gurutzea irabazita zegoan uretatik bost mutil koskor, bost txandetan, bizirik ateratzeagatik.

        Juanbeltzeri kaietarrek abegi ona egingo balioteke, agian ez litzake orren zakarra izango, zioten batzuek. I ta ni orren bakarrik utziko ba-ginduzkete, ez al lizaiguke bekaña illunduko? Oakio ba, besteak. Baño egia esan, Juanbeltz utzi al zuten ala Juanbeltzek besteak utzi?

        Artean, bost mutil koskor uretatik atera. Alde batetatik gizon gaiztoaren itxura zeukan, iduri txarreko gizona. Ta izugarri izateagatik, ez al zitekean biotz-bera izan, edo-ta, ez al lirake zenbait gauza biotz aren beragarri?

        Auzi au erabaki dezagun mutil koskorren aldetik. Mutillek Juanbeltz kaiean ikusten zutenean, alkarri salbatzalea zetorrela esanaz, tximistaka abiatzen ziran begitaratu orduko.

        Juanbeltzek bi duro artzen zituan mutil bat uretatik atera-bakoitzean.

 

aurrekoa hurrengoa