www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

POLI

 

        Nagiak kendu ta errenka atera zan eguzkitara. Begiak igortzi, bi aldeetara so-egin, eskuak sakelean sartu ta ganoraz abiatu zan mendian beera Gaztelu zaarraren ondotik. Bizkarra belar-tximaz josia zeukan. Bide-baztarretan arbolak ugari. Arunzko muturrera iritxi zanean ortziko argiari ezkur-alea zitzaion. Orduan amabost urte zituan Polik.

        Poli umezurtza zan, oso pizkorra mutilla. Ba-zirudian —ezin ditekena— noizbait ogei urte izan ta, geitu bearrean, gutxitu egin zitzaizkala urteak. Batzueri arpegiko azala kendu ta bost urtez aurreragokoa agertuko balitzaie, Poliri bost urtez geroagokoa ageri. Biurria mutilla; zer galazi uratxe egin bear. Norbaitek, mendian beera, «agur, mutil» esaten ba-zion, ezta erantzun ere. Bera ez zan mutilla. Bere adiñeko mutillak, guztiak gutxiesten zituan eta utsagatik zartakoa eman. Bein mutil batek neska bateri taba ostu. Neska txikia negarrez. Polik mutillari zartako bat eman eta taba neskari biurtzea agindu. Aal izanez geroz, noiznai jaten zuan, ez zuan otorduetako garai jatorrik; lo, edozein baztar ezkutuan. Iñork begiak itxita ikustea nai ez. Lana, nai zuanean. Batzuetan, kaieko arrikatz puska aundiak zankoz bultzatuaz uretara bota, gauez; ta urrengo goizean larru-bizirik murgildu, arrikatza atera ta saldu egiten zuan. Bein suge bat arrapatu zuan, txapelan sartu, muturra lotu ta uretara jaurtikita bertan itoazi. Urrena beste mutil bateri txapela kendu.

        Goiz artan Poli itsas-bazterreko arrietara jetxi zan. Ura bare-bare zegoan. Poli aitz baten gañean jarri zan urari begira. Poli txikia ta bere errañua bi, esan zitekean. Eguzkiak ondo argitzen zuala-ta, beeraño ikusten ondoa muskar-margoan; barrenago ta illunago. Urpeko arriek ba-ziruditen palaxtaka uraren ibillerarekin. Uraren zola oso polita, itsas-belarra apaingarri. Txalburuak añako arraitxoak arri-azpitik atera ta egiñaletan biurtzen ziran. Beste buru aundi beltzak, bildurtiagoak, ba-ziruditen zearka begira ere ba-zekitela, karramarro bat ozta-ozta urpetik lekorera asi zan. Atzeko ankak atera zituanean bertan geldi eguzkitan arrian gora. Karramarroa busti-berria ta diz-diz egiten.

        Arri aiek Polirenak ziran. An lapa ugari izaten zan. Txoko artan ba-ziran zuloak, exeri ta etzatokiak. Poli itxuan ere ibilliko zan arritik arrira etxean bezela, baldin noizbait etxean ibillia zala esatekoa ba-da. Gorde-lekuak ere bai. Iñor arri aietara joaten ba-zan, antxe aldean egongo zitzaion aldegin arte. Arrantzaleren bat arrantzan asten bazan, arrantza luzea izanarren, ez zitzaion joango arek kanabelak-eta jaso arte. Ta onuntzean bere ondoan igarotzen bazan, begiratu zorrotza egingo zion gizona bazan ere. Ostutako kare ta arriekin egindako etxearen jabeari bezin berea zitzaion toki ura.

        Polik laban zaar kamotza sakeletik atera ta lapak biltzen asi zan. Labanari ortzak txarrak zitzaizkion; jabeari bereak, ez. Toki eroso batean exeri ta lapak ustu-ala jaten asi zan. Utsak, uretara. Batekin karramarroa izutu ta itzulipurdika sartu zan uretan. Bestetan aidean bota ta labanarekin jota tokitara bidaltzen zituan. Bat ur sakonean txirri-pilika nola ondoratzen zan begira zegoala, aldean atzaparrak mugitzen ikusi. Mulko illun bat zan. Buru aundia ta atzaparrak, besterik ez. Olagarroa zan.

        Polik labana utzi ta ondoko arrira joan zan. Oin bateko oñetakoak kendu, galtza iztarreraño ekarri ta zanko zuria zintzillik utzi zuan uretan sartuta. Olagarro beltzak zanko zuria ikusi. Olagarroa asi zan zankoagana. Gero-ta argiago ikusten olagarroa. Itsusia zan.Iguingarria. Buru-begi aundi ta ezurrik gabeko anka biguñak. Ez dakigu arrastaka ala igari ote zetorren. Olagarroa mutillari bertaratu zitzaion. Mutillak zankoa pixkanaka atzera ta olagarroa aurrera. Zankoa ur-azaleraño ekarri zuanean gelditu zan. Olagarroa aurrerago. Mutilla geldik. Olagarroa erro bat luzatzen asi zan. Mutilla geldik. Otza nabaritu zuan iztarrean. Erro nazkagarri bat itsasita zeukan zankoan. Erroak nonbait tira egin ta Poli irristatu. Eskerrak ipurdiak beerakoan arria topatu zuala, bestela uretan zan. Poli bildurtu zan. Labana beste arrian zegoan. Ezin araño joan. Baño Polik bazekian labana izan ez-izan berdin zuala, labanak ezin dezake errorik moztu. Polik izugarrizko oñazea nabaritzen zankoan. Negar egiteko gogoa etorri zitzaion. Poli bakar-bakarrik zegoan alde artan, olagarro ikaragarria ez beste.

        Une batean, amabost urteko mutillak, sakela arakatu ta poxpoloak atera, oso larrituta. Oñaze-karraxia atera zuan. Gero bi poxpolo batean piztu ta erroari alderatu zizkion. Erre-soñu garratza nabaritu. Larru zurian odol-orban ugariak azaldu. Olagarroak erroa askatu.

        Poli Donostian jaio bearrean, txinatarren artean jaio izan balitz, itsaslapurra. Oraindik pataria (kontrabadista) izan zitekean: Lizarraga apaiza ta Santa Cruz jenerala bezin zuzenki.

 

aurrekoa hurrengoa