www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

TXALUPA MADARIKATUA

 

        Txalupa zuria izana zan, baño oraindik osoro itsusitu gabea. Jabeak illezko oial gorria ipiñi zion atzean ta bi aldeetara, kanpotarrak exeritzeko tokian. Kai guztian iñortxok ez zuan alako apaingarririk bere txxalupan. Egia da bein aren antzeko oiala aiuntamentuko balkoitik ezkutatu zala.

        Txalupa liraña zan ta ondo txukundua. Kaieko txaluparik onena zan. Onen politasunari eskerrak ez ziran ainbeste ikaratzen jabearekin. Jabeak izutzen ba-zituan, txalupak etorriazi. Polik gorrotoa zeukakion txalupa areri. Oialez estalitako txakur polita emakume itsusi baten besoetan iruditzen zitzaion.

        Nola izan zitekean Juanbeltzek aren txalupa polita izatea? Polik ezin zuan iñola ere biak alkartu. Alaba liraiñ polit baten aita zala esatea bezela. Juanbeltzeri ez zegokion alako txalupa politarik! Zergatik kanpotarreri bere atsegiña balu bezela txalupa ura erakutsi? Kaieko guztiek ba-zekiten jabearen biotz beltza.

Juanbeltz besteen janzkiekin jantzita zebillen. Juanbeltz txalupa arekin ez zan Juanbeltz ta Polik ezin eraman beste itxuran azaltzea. Jakin zezatela nor nor zan.

        Ta txalupa, zertarako Juanbeltzekin alkar-adituta ibilli? Orra nondik zetorren Poliren txalupaganako gorrotoa. Polik edozein kristauari izan zezaiokean bezelako gorrotoa zeukakion txalupari. Txakurra izatekotan akabatuko zuan. Txalupa madarikatua! Aiek ez ziran alkarrekiko jabe ta jabedunak! Juanbeltz ijitoa zan ta txalupa etxe on batetik arrapatutako alabatxoa. Orain Juanbeltz zan madarikatua.

        Poli begira zegokion txalupari moallatik. Txalupa neska lirain baten antzeko igidura zerabilkian ezker-eskubi izena busti ez busti. Juanbeltz moalla-arriaren gañean exerita zegoan. Poliri judua iruditu zitzaion Juanbeltz orduan, alabari iñoren galbidean ibiltzen uzten diotenetakoa.

        Polik amorruz begiratzen zion txalupari. Ai, bere eskuan baleuka! Zenbat-eta txalupa ariñago ibilli uretan, asarrea areago. Juanbeltzek begiratzen ez zionean, besterik eziñean, txistua botatzen zion goitik beera gorrizkako oialari. Txalupa iseka, alegia. Ta ondotxo zikinduko zion oial gorria, baldin Juanbeltz egon luzearekin kezkatzen asi ez balitz.

        Polik igarri zion, baño ezta mugitu ere. Alako batean jaikita ba-dator Juanbeltz Poligana. Gizonak ikusi zezakean egiteko txar ura, baño mutilla bertan bildurrik gabe. Polik ederki eraman gizonaren aurrez-aurreko begiratzea.

Poli uretara botatzen, ausartuko al zan? Ez bi duro irabazteko asmotan, noski. Irabazi, irabazi, nork irabazi zitzakean ondoen? Juanbeltzeri ez zitzaion orrelakorik bururatu, amorratutako arpegiarekin begiratzeagatik.

        Zer bear dek emen? ta legorrera bultzatu zion.

        Polik atzera egin zuan erori gabe. Berdin begiratzen zion Juanbeltzeri:.

        Aldegintzak emendik.

        Ta nekez bazan ere, abiatu zan mutilla asko larritu gabe. Poli nekez, Juanbeltz geldik areri begira. Gizona exeri moalla-arrian; mutilla, aldegiña.

        Zer egin erabaki zuen. Artu bear dezute, biok-ala-biok. Txalupari ez-egitekoren bat egiten ba-diot, ez du atsekabe txarra artuko! Gau artan bertan omen zeukan egitekoa. A zein bururapen ederra.

        Gaua etorri zan, ez Polik nai bezin aguro. Egun artan berandu zebillen Poli kaiean. Bestetan illundu orduko asten zan Gaztelumendian gora. An, Gaztelu zaarreko txoko batean egiten zuan lo, beste iñor askorik mendi guztian ez ba-zan ere. Zulo artan gordetzen zituzten lerga-aleak soldaru prantzesen danbagiñentzat, azkeneko jabeak; orain, berriz, Poli beste jaberik an ez zan. Lotarako belar legor pilla zuan oea, udara ta negu.

        An zebillen Poli, kaiean, berandu, abagunearen zai bere egitekoa egiteko.

Izugarrizko amorrua eragiten zion txalupak. Ta guk uste gaizkiñek norbait il bear dutenean, amorruz beteta egoten dirala il-aurrean, naiz-eta lapurreta egin nai.

        Azkenik Poli eskalleretan beera asi zan. Zerbait jetxia zala burua atera zuan lurraren parean ta bi aldeetara so-eginda txaluparatu zan. Bai bat-batean asi. Juanbeltzen txalupa zuria zala-ta beste edozein baño obeto ikusten. Illuntasunean batetik bestera saltoka azkarrik zebillen. Oraintxe lepotik, edo sokatik elduta moalla-aldera ekarri zuan. Moallan lanak egiten ari zirala, bi burni-puska zeuden parean arrian sartuta. Polik soka-muturra burni aietako bateri lotu zion. Txalupak ez zuan txintik ateratzen, noski; ba-zirudian bildurtuta zegoala. Polik, nekez bazan ere, moallatik ateratzen ziran bi burnien azpian jarri zuan txalupa, doi-doi. Txalupa loturik eta burni-besoak gañean gelditu zan, beraz. Orduan burniaren gañean oña jarri ta soka baten bidez kaieko argitara igo zan. Pixka bat etzanik, berealakoan egin zion aldez bestea kai-aurreari ta illunpean sartu zan.

        Gaztelurako bideak amalau aldiz bira eman-bearra zeukan. Polirentzat bederatzi, berak ainbeste joan-etorriz egindako bide txigorretik. Pixka bat gelditu zan, ez zan osoro lasaitu, nai zuana eginarren, amorru guztia ez zitzaiola ustu, alegia.

        Gaua ederra zan. Arbol luze aien buruak goi zeuden. Ostoek alkarrekin sortzen zuten soñu «epela» ixiltasunaren otsa esan zitekean. Polik goia arrapatu zuanean izarrak erruz ikusten. Egiteko ura egin ez balu, Poli begira egongo zitzaien zuloan sartu-aurrean.

        Urrengo goizean egun berriak argitzen zituan Gazteluaren orma zaarrak. Gaztelu-gaña aspaldian lurra jota zegoan. Ta eguzkitan leioetatik zeruko urdin puskak ikusten ziran, mukizuek galtza-zuloetatik ipurdia ageri duten bezela.

        Len ere ikusi genuen Poli belar-tximaz josia Gaztelumendian beera. Gaur goiztxo zebillelarik zuzen abiatu zan kaiera ots eta zaratak asi baño len. Orain lasaitu zan, an zegoan berak nai zuana, amorrua ustu zitzaion ta joan zan.

        Itsasoko ura aunditu zan gaua bitartean. Txalupa burnien azpian artu ta gero-ta aunditzen zijoan bidez sendoago eusten ziola, azkenik ura gañezka asi ta berealakoan beteta txalupa gaxoa ur-azpian zan. Lotuta zegoalarik, egaztia mokotik zintzilik ematen zuan, edo-ta, zakur illa, iges egin eziñik ilda ere kateari lotuta zegoana.

 

aurrekoa hurrengoa