www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

«ERRIA TXIKOTA!»

 

        Poli bigarren txarkeria egiteko gai zegoan, zer egin asmatuta zeukan. Oraingoan ez zan txalupa bakarrik uretan sartuko. Oraingoan itsas-beerako lana izango zan. Oraingoan, noski, min artu min eman, gaizkitu gaitz egin, bear eta kendu. Juanbeltzen atsekabeengatik ez zion deus ajolik. Poliri lengo arenganako grin txarra zebilkion orain ere. Izan ere, ostera gorriz jantzita ikusi txalupa. Bai-ba, illezko oial ura jaso egiten zuan txalupa utzi-bakoitzean ta berriro azaldu zan lengo joritasunez. Berriz ere judu-alaba iruditu zitzaion Poliri.

        Arratsalde artan amorro bizian zegoan Poli. Oi zuan armiarma-tokira joan zan, an Jaranako auzko muturreko txoko batean. Maiz bota oi zizkan egoak kendutako euliak armiarma buru-aundiari. Ta nik uste Polik ematen zion janarekin zegoala aundituta. Baño arratsalde artan,z egoan amorratuta zegoala, ateraldi batean zapaldu egin zuan mamorro iguingarria.

        Polik bi gauza bear eta ala gertatu: Juanbeltzek urrengo eguna arrantza-eguna izatea ta arratsean itsas-beera izatea. Erremientak eskuratu zituan. Oraingo lana ez zan lengoa bezelako lan arin ta errexa izango, baña ondorenak ere ez ziran izango nolanaikoak, nai bezela ateratzen ba-zitzaion beintzat.

        Zazpietan zan itsas-aundia. Bederatzietarako, noski, txalupa burni-barraren azpian jartzeko ainbeste beeratuko zan. Uraxe garai ederra zan, ez zan oso berandu etzatokira joateko ta ordu artan ezta iñor ibilliko kaieko baztarretan.

        Ez, ordea, nolanai etortzen arratseko bederatziak. Poli, batez ere, erriko kaleetan ibilli zan, kaiekoek gutxiena ikusi zezaten. Kaleetan jendea urritzen asi zan, ordea, ta Polik bakarregi ikusten bere burua. Batera jo ta bestera jo, ezin ba iñon susmo txarreko begiraturik gabe ibilli. Orrek eta egin bear zuanak larrituta zeukaten. Joan zan Gaztelumendi-beko zulora. Mamelena lantegitik arrapatutako tresnak antxen zeuden. Ta zai, bertan.

        Azkenik atera zan. Aalik-eta ixillena uretara jetxi ta, arinka, Poli bai zan mutil bizkorra, gure txaluparen gañean jarri zan, zankoaren azpian etsaiaren lepoa artu balu bezela. Argiek txirrist egiten zuten uretan eta, urak mugitzen zituala-ta, alako murmurra egiten zuten txalupak alkarrekin jotzean. Arrauna uretara erorita, argiak dantzan.

        Polik, urkamendira bezela, lengo tokira eraman zuan txalupa. Jarri zuan burni-barraen azpian. Muturreko sokarekin, lenbizi bira bat emanez, burni bateri lotu zion estu-estuan.

Illunpeko lan artan ixil-ixilik ari zan. Ez al zitzaion bururatuko Juanbeltzeri, lengoak ikusita, txalupari gauez ikustaldi bat egitea? Izkutu artan, zegoan bakarrik zegoala, arrapatzen ba-zuan! Poli pixka bat bildurtu ez ote zan. Ta santsorik nabari ote adi-adi gelditu zan Poli. Ain ixilik ere, euri-tantoak, asiberriak, banakakoak, garbi nabari, obe, are gutxiago etorriko zan Juanbeltz.

        Ta euriari sendo erasota, ondoko txalupa aundiari bilduta zegoan aize-oial zaarra kenduta, aterpeko lana izan zuan Polik oiala bi burnieri lotuta. Astiroko lana, noski, itsasoa ondotxo beeratu arte ez bai-zuan osoroko lana. Ala ere, tostak kendu ta lasaiki aztertuaz, zuloa non egin erabaki zuan. Asi zan ba erdi-aldean.

        Euria gogotik ari zuan. Bizkar-gañeko oialean atabal-otsa polita. Bein baño geiagotan etorri zitzaion Poliri txistua jotzeko gogoa; baño Juanbeltz etorri-bildurrak ixilerazten zion. Uretan ere zipristiñak ugari. Ustegabean Poli alde batera irauli zan. Bai-ba, txalupa muturretik lotua zegoanez, itsasoa beeratuta, txalupa zintzilik asi zan ta Poli ta txalupa iraulka asi.

        lana bukatu-mugan zegoan, ordea. Barrikote kortxoarentzat añako zuloa zijoan. Kanpotik antzeman eta ez omen zana rtaz geroz zulotik ura sartuko. Txalupa naikoa altxata zegoala, alegia. Tresna zorrotz batekin azpiko alderañoko zulo txikia egin zion. Ezta ur-tantorik ere. Orduan lanari gogor ekin eta amen beteko osoro zuloa idekita zegoan.

Kortxoa seboaz igortzia sartu zuan, doi-doi; ez estuegi, berez askatzeko eran; ez lasaiegi, bereala joan ez zedin. Artan arkituko zuan ba lanaren saria, antxen oker ala zuzen, arekin bai ala ez, galdu ala irabazi, uts ala asma.

        Azkeneko ikutzeak eginda, tostak gañean jarri ta oial zarra kendu egin zuan. Urrena egitekorik arduratsuena egitera jarr4i zan: soka-muturraren korapilloa askatu ta poliki-poliki txalupa uraren gañean uztea. Ez, ordea, bat-batean, kortxoa atera ta ura sartzeko. Burniaren gañean zutik jarri zan ta, soka lenbizi bira eman bai zeukan, korapilloa askatu ta soka irristatuz, Polik beti apur bat gora tiraka, plaxt gelditu zan. Kortxoa ezta mugitu ere. Ordurarte, beintzat, Poli pozik. Txalupa lengo tokira eraman eta lotu, aize-oiala bere zuloan sartu, ari ez bai zun euririk, ta resnak berekin artuta, naiko berandu, abiatu zan. Mamelenako ate-aurrean utzi zituan erremientak. Ez omen zan lapurra. Juanbeltz ezere egitea ez zala txarkeria. Ta tresnak atzera biurtuta bere burua zintzo ikusi. Ai, kortxoak Juanbeltzek txalupa artu arte iraungo balu.

        Urrengo goizean, len txalupa itota ikusi nai bezela, tente ikustea nai. Ta ala egoki. Orduan kortxoa gogorregi sartutako kezka asi zitzaion. Ta onetan ari zala, kai-aurrean, goizeko eguzki epelean, ba-dakus Polik Juanbeltz datorrela. Mamelenako lantegia ideki gabea zegoan oraindik. Antxen zeuden, utzi bezela, Polik gauean lagatako tresnak. Iñor askorik ez zebillen.

Beste aldean, itsasontzi aundi bat itsasorako gertutzen ari ziran.

        Poli oso poztu zan Juanbeltz ikustean, poz eta bildur naste. Aretxek zeukan ezin-egona gertatu bear zuanarekin. Iraungo al zuan kortxoak itsasbarren erdira arte? Ez ote zan gogorregi egongo? Ta Juanbeltz zetorrela ikusi bezela, antzematen zion uretara joanda nola ibilliko ote zan.

        Baño, onetan, non ikusten du Juanbeltz makurtu ta Mamelena-aurreko tresnak jaso ta, eramaten. Aretxeri sartu zitzaion amorrua! Berak utzitakoak Juanbeltzek eraman. Bereak izan balitu ez zitzaion Juanbeltz geiago asarretuko. Ta Juanbeltz tresnak eskuan aidean zijoala ikarragarrizko begiratua egin zion txikiak gizonari. Baita gizonak mutillari. Baño Polik geiago. Orduantxe ez zegoan egiña damutan.

        Moalla-koxkan jarri ta begira gelditu zitzaion Juanbeltz arrantzarako gertu bitartean. Sartu zituan tresnak, arri aundi bat ere bai, soka batekin lotuta putzura bota oi da arrantza bitartean txalupa joan ez dedin. Bera ere sartu zan.Orduan Poli korrika asi zan kaiari aldez beste egiten, kanpoko muturrean jarri ta zer gertaren zai, alegia. Pixka bat bildurtu zan ainbeste gauza txalupan sartu ta ondoratu ez zanean.

        Ba-zetorren Juanbeltz arraunean arrantzarako. Poliren tokitik ikusita ura berdea zegoan. Parean jarri ziranean biek alkar ikusi zuten: batek beetik, besteak goitik. Polik batere bildurtu gabe begiratzen zion, iñoiz geiago etorri bear ez balu bezela.

Zijoala Prantzira nai ba-zuan arrantzan, beretzat kalte! Ta artan zeudela, arraunlaria urrutiratzen asia, txalupa berriz nagitzen asia, non ikusten duan Juanbeltzek ura erruz zetorrela txaluparen barrenean. Ta lenbizikoz zuloa billatzea bururatu bai zitzaion, etorria ain aundia zala-ta, betarik ez eta itxi-eziñean, aalik-eta legor-aldera azkarrena arraunean egitea otu zitzaion. Baño txalupa uraren bidez gero ta aztunago, ezin ba aguro ibilli. Ta txalupa beera bezela ura gora zetorkion Juanbeltzeri. Azkenean, barrengo ta kanpoko urak bat egin zuten, arraunak uraren gañean gelditu ta Juanbeltz, etsita, Poliri besoa altxata, igari asi zan. Areri jarritako gorroto ikaragarria oztuko al zitzaion! Poli aal guztian begira zegokion gozatuaz. Ta nekez, biraoka, zetorrela, bere burua baño mutillak errexago salbatzen zituala esateko gogoa etorri zitzaion.

        Juanbeltzek arrizko eskallerak arrapatu zituanean Poli aldegiña zan. Igo zan, igarilari gajoa, blei-blei egiñik, jantziak ura txirrioka zeriola, sakela bat kanpoan. Ta urruti xamarrera Poli oarturik asi zaio ara aldera. Pixka bateko an zan. Ta Poli ordurarte korrikarik egin gabe ibillia, asi zan bere aldiko, batez ere Juanbeltzeri barrenen gelditu zitzaion sakeletik labana ateratzen ikusi zuanean.

        Ta an zijoazen biak korrika Juanbeltz atzetik labana eskuan. Jendea begiak zabalik gelditzen zan. Urizaia ezta mugitu ere. Juanbeltzek arrapatzen ba-zuan bi puska egingo zuan. Arrikatz pilla aundi bateri biraka asi zitzaizkion batak besteari segika. Jaranko emakumeak, oartuta, guztiak batean karraxika asi ziran.

Jendea asi zan biltzen. Poli bizkorra ba-zan Juanbeltz ez zan askoz txarragoa, edo amorruak egingo zion bestela.

        Arrikatz-pilla utzi ta ateetara abiatu zan Poli. Baita Juanbeltz ere, ta ez urruti. Ta orra, Polik bere burua oso larri ikusita, ateetan zijoan itsas-ontzi aundira, len ikusitakoa, ikaragarrizko salto aundia egin zuan. Poli ertzean erori ez-erori gelditu zan; Juanbeltz, berriz, moallako ertzean berdin, tartea orain naikoa zabalduta. Poli atetxo batean burua sartuta korrika ezkutatu zan ontzi-barrenean. Juanbeltz, labana eskuan, aren irabio ta biraoak.

        Ontzi ederra ganoraz abian. Atze-aldetik ura arrotuta, apar zuria gañezka. Makinaren burrundara. Ontzi sabel aundia. Gizonak gañean korrika. Erria txikota! Zabalera atera da. Eskubi-aldera bira eman. Itsaso aundiari begira dagokio. Kea. Txistua. Atzeko aldea jetxi ta aurrekoa altxata ba-dijoa. Izena ederki agiri du: Akulamendi.

 

aurrekoa hurrengoa