www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

ETXALAR-KO BIDEAN

 

        Azkeneko ibilkuntza txarra izan zan. Lan eginda gero ez zuten dirurik bildu ta eskerrak bildutakoak ez ziela miñik eman, mandoari ez beste. Mando gizajoari zenbait arriek kosk egin zioten berak janari urriari egin lezaiokean baño obeto. Orrelako zauriak, ordea, ez dute aunditasun ortako abereak gaizkitzen, itsusitzen baizik, ta ura jende zakar xamarra zan gauzak itsusi ala ederraren aldetik erabakitzeko. Gurdiak berak urratu batzuk ba-zituan, baño gurdia gogorra izaki ta nonbaitsu josi-bearra besterik ez, gogoa izatean. Ori ez da okerrena, andreak zion, lanean alperrik aritzea. Aituko omen zitzaizkan lengo irabaziak. A zer makurra! Ezin ba aztu.

        Nagusia, ordea, lengoak aztuta, pozik zegoan Poliren aurrerapenari begira. Egun aietan maiz saiatzen ziran Polirekin ta oso txerpolari trebea egiñik zegoan. Jarri zion gomazko zintzilikallua gerrian arrisku-saltua ikasteko. Arrisku-saltua izaten da aidean bira osoa egin ta zutik erortzea ezeri ikutu gabe.

Gerrikoarekiin, noski, zintzilik zegoala-ta, uts edo gaizki egiten ba-zuan ez zan lurreraño erortzen. Goiko bi muturrak arbol egoki baten adarrari lotuta ere ibilli ziran. Ta uste baño askoz lenago bota bear izan zuan kalte besterik egiten ez zion zintzilikallua. Arrisku-saltua, beraz, ondotxo ikasita zegoan. Baita ere atzekaldera eskuen gañean bira ematen. Baño geien arritzen zuana zan aidean joateko tramankulu arekin. Len Balentin izaten zan saltalaria; baño andik aurrera, Poli ariñagoa zala-ta, Polik egin bear. Nagusia eskallera batean erdi-alderaño igota mutur batera salto eginda bestea altxatzean, arin joatzen zan aidean mutilla bira osoa emanez zutik erori baño lenago. Ta bere buruarekin onetan ari zala, Poli gero ta gorago bidaliko zuala-ta, lurrean bigungarriren bat jartzeko asmotan zebillen. Denboraz bi bira osoak egingo ditu saltu batean, zion berekiko. Lagungoak gero ta lan obea. Ez zuten kalterik izan Poliren etorrerakin.

        Benturari berriz lana gutxitu zitzaion. Ez zuten asmorik jendearen aurrean gauzak esaten jartzea. Orren truke, zeregiña ematearren, len mandazalea ba-zan orain edozertara bidaltzen zuten.

        Legasa-erria aurrean zegoala, Narbartekoa gogoan artuta, goizean emen lan egitea erabaki zuan nagusiak eta arratsaldean urrengo errian. Orrez gañera, Etxalar urrutitxo ta bidea laburtu. Legasa ez zitzaion iruditu erri aundia.

        Aritu ziran, bada, Legasan goizean; baño ez zan ikusle asko bildu. Dirua ere eskas artu zuten.

        Arratsaldean Doneztebe begitaratu zitzaienean, oso erri ederra iruditu nagusiari. Bai, Donestebe erri polita da, an Elgorriaga ta Donamaria ibaiak alkartzen diraneko artan. Errirako bidea zubian barrena dijoa, erriari bira eman eta ostera zubi beretik ateratzen da. Intzakardi-eguraztoki ederrean egin zuten ariketa. Musika joaz erritar eta udarazale asko ekarri zituzten. Poliri, ordea, arako arrantzaleari begia jarrita zegoan, presa-ondoan kanabelarekin amoarraiak nola arrapatzen zituan ikusten. Arrantzarako gogoak artuta zegoan. Lanean aritu bear, ordea, ta lan au ere gogozkoa zuala-ta, azkeneko egunetan ikasitakoak ederki erakutsi zituan. Jai polita Intzakardin. Poli asi zan berarentzat bakarrik jotako txaloak jasotzen.

        Baño urrengo egunean Etxalar-en egon nai ta Donestebeko jende txukuna utzita bideratu ziran illunabarra asten zan garaian. Ta zerbait ibilli zirala gauak Sunbillako aurrean arrapatu. An gelditzea erabaki. Apaldu zuten ta lotarako asi, baño bero aundia zala-ta, Balentinek eta Polik naiago izan zuten kanpoan lo egin. Ta mendian sartu ta an aldean arbolpeko toki egokia billatuta, antxen etzan. Burua lurrean, zeru izarratua begien aurrean. Arbolen ostoak bel-beltzak ageri; ordea, goian, izar dizdizaleak keñuka. Alako argitasun urdiñ-antxakoa zeru-zolan. Aize ariña ba-zebillen ostoak jostatzen. Ixiltasuna. Bi lagunek alkarren arnasa nabari. Belar-txima legorrak ots ikutzean. Bero zegoan. Langilleak atseden artzen.Gaztelu zaarreko lo-zulo maitea gogoratu Poliri. Arratsaldeko arrantzalea, mutil donostiarrari bere erria gogoratu. Begiak malkoz aunditzen asi zitzaizkion.

        Goizeko zortziak dira, irakurlea. Au egualdi ederra! Erri onetan ez dute txerpolariek lanean aritu bear ta aiek ikusten geiegi zaletu ez ba-zera, begiraiozu ezkerreko Sunbillari. Or, presaren ondoan dakuskizun zer ori, izokiak urean gora igotzeko malladia da, lendik ez bazeneki. Ikusten, zubi ederra. Toki au berdiña da, erria toki atsegiñean jaiota dago, mendiz inguratuta. Ez dio etxerik iges egingo; orra eliza nagusi. Orra bizitza ta eriotza elizaren ondoan: pelota-tokia ta illeria bata bestearen urre.

        Goazen orain txerpolariekin batean. Or beean dakuskizun ibai orrek oso urrutiraño laguntzen dio gure bideari. Bideak alde batera egiten badu, ibaiak ere bai; ibaia okertzen bada, orduan bideak jarrai. Mendi-tarteko alkar-laguntza dabilkite. Ibaia polita dago alako egunez. Ura gutxitu zaio. Bestetan ur-azpian egon oi diran ugarriak, orain zuri-zuri egiñik daude eguzkitan. Ur berdea geldik dago ta animarik ba-leuka ere ikusi lizaioketen, ain argi ta garbia dago. Putzu aundia dagoan tokian, berdeago ura. Arri borobillen tartetik, arbazta legorrak tximaz beteak.

        Sunbillatik urrengo erriraño alde artan erritik errira litekean biderik luzeena da. Mandoa gelditu bedi pixka batean. Orra Poli larrubizirik alako putzu ederrean murgiltzen, ain ur gozoa ere! Bentura parrez dagokio.

        Goazen aurrera: Igantziko Bentak. Lesakako zubia baño lentxeago artu bear omen da Etxalarko bidea, eskubitara.

Emendik bide luzea ta aldapatsua omen da. Alan esan diote Poliri.

        Eskubiko bidea artu ta gora aldera asi ziranean eguardia zan.

 

aurrekoa hurrengoa