www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

SUKALDARIAREN SAGARRAK

 

        Poli bizibide berrira ia jarrita zegoan. Iñoren esanak egiten pixka bat ikasi zuan. Etxeko alkartasunera doi-doi asi. Sukaldariari lapurretan egiten, ozta-ozta. Polik maite zuan bizibide ura beti arriskoan bizi izanagatik.

        Ur illunak ez zion len bezelako bildurrik ematen; odei beltzak ez zuten len ainbeste ikaratzen; aizearen txistuak ez zion lengo larririk ekartzen. Egia da ikusian-ikusiaz oitutzen zijoala, egonean-egonaz artara jartzen ari zala. Mariñelaren ogibide garratza.

        Azkeneko ekaitzarekin gaizkitxo ibilli zan gure mutilla. Bi eguneko, etengabeko, gau ta eguneko balantza ikaragarri aiek arras ondatu zuten mutilla, oso dantzatu-bearra izan zuan. Makinaren gau guztiko zuzmurra. Uz-azpitik lekorera aterata ontzi guztia dar-dar jartzen zuan errotaren burundara. Gaztelu zaarreko lo-zulo maitea gogoratu zitzaion, noski.

Oeratu zuten, argizaia baño zuriago, ta bota zituan sartu baño geiago.

        Diotenez, jaberik gabeko zaldiak pillan ibiltzen diran lurraldeetan, piztiren bat alderatzen bazaie, guztien buruak alkartu ta atzeko anakak erakusten dituztela ostikoka asten zaizkio.

        Alatsu, nik uste, arriskoak alkartzen dituala itsasgizonak; lagundu ezak lagundu dizaitekan. Bestetik, Polik nai ta nai-ezko lagunak zituan aiek.

        Kazuelak garbituz batera Poli erri berriak ikusten asi zitzaizun, ez asko oriandik. Eguzkia, euria ta aizea len baño askoz obeto ezagutzen zituan. Alako itsastar arpegi jatorra artzen asia zegoan. Urrutiko itsas-bazterretako goizeko lañoak.

        Ontziaren gaña miatzen ari zala, leio batetik beera kaleko jendea ikusi zuan jan-gela batean jaten: andre bat seme-alabakin ta bi gizon. Ara ta onera zebillen zerbitzaria. Zer jaten zuten begira zegoala, mariñel batek bizkarrean ikutua egin zion:.

        Kaxo motel, goazemak beera. Emen baño obeti egongo gaituk.

        Lenengo izutuagatik asi zan arekin batean. Jetxi ziran mariñela ta biak, oeak alkarren gainka, mariñelek lo egiten duteneko tokira. Exeri ziran aurrez-aurre beeko oietan. Mariñelak berrogei ta zortzi urte zituan.

        Nola dek izena, Txo? asi zitzaion.

        Poli.

        Gure itsas-errietako ontzietan ontzi-mutil guztieri Txo deitzen zioguk. Ez adi, bada, kezkatu. Nik Nikasio diat izena, Armintza errikoa. Asieran Pinisterre deitzen nindutekan; baño denboraz izena laburtu ta orain Pirriste ez beste ez natxiotek ezagutzen. Eta pozik, motel.

        Pirristek pipa piztuaz:.

        Nola konpontzen aiz sukaldariarekin?

        Polik erantzun ez.

        Ez akiok kasorik egin. Sukaldaria on utsa dek. Noski, berritsu galanta, sermolari bikaña ta zalapartazalea. Ez omen zion Akulamendiko sukaldaria baño obea. Pozik artuko omen litekek Ameriketara joan oi ditukan ontzi aundi orietako batean. Gau batean, iñork uste gabe, asi ukan karraxika: qq, argi-etxea aurrez-aurre geneukakelakoan ta illargi-punta izaki! Atzenean parra egin bear dik orrek esaten dizkiken gauzakin; baño ba-dakik, i baño zarragoa dek eta adiñeko gizonak errespetua bear dik. Zenbat eta zarrago begirune geiago. Gaurko gazteek ez ikasi edo aztuta zeukatek jakinbear ori.

        A! ta, ba-zeukat emen ogi puska tortillakin. Artzak, ik asko jan bear dek gizon indartsua egiteko.

        Gaur igandea ta ez diagu lanik. Adizak, joaten al aiz mezetara?

        Ez, Polik.

        Ba joan egin bear da. Emen ez diagu nai degunean joaterik; baño aal dan guztian joan bear da.

Nik lagunduko diat. Musika atsegin al dek?

        Polik buruarekin baietz.

        Ta mutillak jan bitartean Pirristek oe-azpitik pilarmonika atera ta asi zitzaion jotzen Ni naiz kapitan pillto.

        Atsegin al dek, berriro galdetu zion.

        Bai.

        Musika bukatu ondoren ostera igo ziran biak, len alkar ikusitako tokira. Gauza batek zeukan arriturik Poli. Pirristek bereala antzeman zion.

        Ikusten al dituk mendi zuri aiek? galdetu zion. Oriekdituk Arcachongo ondarmendiak. Zuritasun ori ez dek elurra, ondarra baizik. Orain Burdeosera giatzik. Itsasoko naigabeen ordañez, mariñelek onelako ikusgarri asko ikusten diagu. Nik onuzkero munduaren erdia ikusi diat. Baño tristia dek Eguarriak etxetik kanpora pasatzea. Ba-al dek pamilirik?

        Ez daukat iñor, erantzun zion Polik.

        Gurasorik ez?

        Iñor ez.

        Ba, mutil ona izan bear da.

        Pirriste zalaren ona zan gizona, ez zitzaion oargarri Poliri. Guztietan giena arritzen zuana lenen-opiziala zan, Mundakako gizaseme sendo bat. Bekain aundiak, sudurra berriz mallatuta. Bein suezitar mariñel batek egin zion botillakin jota, bost lagun biren kontra ari zirala.

Ordea, zentzua etorrita, bestea igeska asi zanean, eltzen dio laban txiki batekin atze-aldetik eta arek atera omen zuan karraxi bizia! Labana, larrua zulatuta, errex sartzen omen da.

        Onelako kontuak oso atsegin zituan Polik.

        Beste batean, Malagan zirala, gabean ontziratu-bearra izan zuan opizialak. Txalupan zijoazela, Akulamendi ia bertan, pesetaren tokian bi peseta eskatu txalupariak. Txaluparia gaizto-arroa zan. Ezetz eta baietz. Jartzen zaio txaluparia ontzi-eskalleran igotzen ez uzteko tankeran. Ezetz eta baietz. Jotzen du opizialak eta uretara bota. Orrez gaiñera txalupari ostikoa eman eta urrutiena bidali zuan. Urrengo goizean, ez omen zan munduan opizialak bezela joko zuanik eta txikierdi bat artzea eskeñi zion kaieko goiarro nagusiak.

        Onelako edestiak oso gozatzen zuten donostiar mutilla ta bizibide berriko txakurkeri guztiak ontzat ematen zituan gizonkeri aien bidean bera ere jartzen zalako. Itsastar jendearekin onela gertatzen da, ontzian irabazi, legorrean eralgi. Askatasunaz gañera edariak bizkortu. Ez al diozute errepatu txakurrak etxe-barrunbean luzaro egonda, kanpora ateratzen uzten ba-zaie, nolako zaunkak ateratzen dituzten?

        Ori zan Poliren gizona, itsasertzeko argi biziak gabean diz-diz egiten zuten bitartean ontzi-gañean ara-onera ibiltzen zan gizona. Askotan bakarrizketan aritzen zan, Poli txokoan arrituta. Pistola ere ba-zeukan. Alako argi egiteko tramankulua ere bai sakelean.

Baño nik esango dizutet egia. Gure artean ibiltzen zanean, nik neronek ezagutu ba-nuan, biotz-bera ta on-utsa zan. Ollo bat iltzeak naigabea emango zion.

        Poli ez zan ain zulo txarrean erori, beraz. Ez zuan, oraindik, aspertzeko denborik izan. Ango lana ez zitzaion larriegia ta, sukaldeko nasteak maite zitualarik, ba-zuan beste atsegingarri bat.

        Gu au edesten ari geraneko sasoian sukaldariak sagarrak sukaldetik kanpora gordetzen zituan, lengo arrapariaz gañera oraingo berri onen saioak alerik gabe utzi ez zezaioten. Bere lo-gelako sofa batean eukitzen zituan.

        Gabero-gabero, Polik sortutako kizki batekin banaka batzuk ostutzen zizkion. Sukaldaria kezkatzen asiagatik ez zion antzik ematen. Polik sartzen zuan makilla, eztena muturrean, leio txiki batetik eta, illun artan, sofaren alderdira zulatzen zuan. Bestea lo bitartean, onela ostutzen zizkion ainbat sagar.

        Baño egun batean, sukaldariak oea pintatu-berria seukala, sofaren gañera etorri zan lo egitera, sagarren tartean. Non Polik, kizkiarekin, sendo zulatu sukaldaria. Onek atera zituan karraxiak! Ilko naute ta laguntza-eskeko itzak. Baño bat-batean egiazko antza emanda asten da bere aldiko lapur madarikatua! ta ba-dijoakio atea idikita, ume arraio orren egitekua, egintzak on, arrapatzen ba-aut itoko aut, ni bezelako aita onik ire bizi guztiyan, a ze bekañekua, zintzo-izateak zer baliyo dun lapurren tartian.

        Poli sartu zan sukaldean korrika, bai sukaldaria ere aren segika. Arrapatuko zuan bere esku zar arekin, baldin beste atetik ateratzerakoan Polik arrai-kaja aundi bat, azpikoa, artu ta erdiratu ez ba-zuan. Ai! Txo, gajo ori! ta kaja utzita alde egiñaz, bat-batean barkatu zizkan lapurreta guztiak.

        A zer lasaitua etorri zitzaion! Sukaldari gajoa, igari ez zekiala, iru aldiz atera zan bizirik olari elduta ontzia ondabidea eta, zer gerta ere, arrai-kaja eder maite ura beti aldamenean eukitzen zuan kutuna baño kutunago.

 

aurrekoa hurrengoa