www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

EZKONTZA-JAIA

 

        Igandeak eta errietako jaiaz kanpora gutxitan airtu zitezkean gure txerpolariak, naiko jende biltzen ez zitzaielako. Ta erritik errirako,jaietik jairako tarte orietan, zer-egiñik gabe egon bear izaten zuten. Ta, okerragoa dana, irabazi ez eta jan egin bear. Tarte orietan gorriak ikusten zituzten irabazi urria izaten zanean. Azkeneko bi errietan, orregatik, elizondon batez ere, txanponak parra-parra eskuratu zituzten. Gauza ikusia zan, bizitzak alderdi ederra ba-daukala dirua danean. Atsegiña bizitza, iltzea eriotza.

        Ta, nagusiari, Poliri opiziyua erakusten astea otu zitzaion. Eldu ziran belardi batean eta antxen egin zituzten lenengo saioak. Aurreneko egin zezala berak zekiana. Errota ederki zekian, ordea alde batera bezela bestera ere bearrezkoa zuan ikastea. Errota da albo batean buruz beera ta gora egiten dan bira osoa, eskuak lurrean banaka ta segidan, oñak banaka ere.

        Urrena jarri zan arbol zabal baten aurrean. Eskual lurrera bota ta ankaz gora, gerritik okertuta, ipiñi zizkion oñak arbolari. Gisa onetara, gerria gero-ta okertuaz, oñak arbolan beera jetxi zituan lurreraño zubia egiñik; ostera igo ta asierako tankeran erori zan. Ura zan zekian guztia.

        Baño ongi zegoan. Batez ere gerriko biguntasuna bear izaten da ta ortik aurrera ez da alako lan zalla izaten. Nagusiaren iritziz aguro ikasiko zuan bear zan guztia.

        Lenbizi jarri zuan eskuen gañean ankaz gora ibiltzen ikasten. Nagusiak berak eltzen zion zankoetatik ez erortzeko. Lenbiziko saioan ondo xamar egin zuan, lendik ere zerbait saiatua ez ote zan.

        Gelditu ziran pixka batean atseden artzeko. Nagusia ta Balentin, auxe zan beste gizonaren izena, alkarren ondoan exeri ziran. Poli ta Bentura, berriz, alkarrekin; ez urruti. Andrea gurdiaren barrenen gelditu zan jana maniatzen.

        Aizak, Poli, asi zitzaion Bentura, ta pastelerian nai aña pastel ta goxo jaten al itukan?

        Noski, Polik.

        Zenbat bezela?

        Aspertu arte.

        Baño zenbat bezela?

        Ezin sinisturik gelditzen zan mutil potoloa, batez ere janaren janaz azkenean gogait egiñik miliskatzen ez zuala esan zionean. Ai, tontua, berriz ere.

Goxoekin ametsetan utzi zuan nagusiak berriz deitu zionean.

        Oraingo nagusiak eta Balentinek makil lodi bat artu zuten mutur banatik. Polik egin bear zuan eskuen gañean jarri, gerria makillari erantzi ta zankoak beste aldera bota, urrena burua jasota zutik gelditzeko. Lan onetan bai nagusiak eta bai Balentinek lagundu egiten zioten. Ondo ikastean makillarik gabe. Baita ere ariketa ori bera atzekaldera.

        Ta oriek ikastean, arrisku-saltua; baño ortarako lenbizi gomazko zintzilikai bat konpondu bear zuan nagusiak.

        Etorri ziran gurdiaren ondora bazkaritarako. Senar-emazteak barrenen sartu ziran. Balentin, Poli ta Bentura alkarren ondoan jarri ziran bide-ertzean. Burnizko plater bana artu ta andreak bota-ala jan zuten ogi-zuku beltza ta babarrun gorria urdagi-izpi batekin. Potoa, urez betea, iru lagunentzako edan-ontzia zuten. Ez zan txarra aldameneko errekan beera zetorren ur prexkua. Ogia, gogor xamara; biguna jan-errexa izaten da. urrena, azken-maiez, udare bat eta bina galleta, Balentineri iru, apaizaren etxekoak.

        Bentura, galletak jan bitartean, ixilik zegoan. Alako batean galdetzen dio Poliri:.

        Ta zer egin bear izaten da pastelerian lanean asteko?

        Galde akiok nagusiari, Polik parrez.

        Abiatu baño len, euskeraz itzegiteko nagusiak esanda, galdetuzion Polik an zijoan bordari bati ea Etxalar zein aldetara zegoan ta noiz zira erriko jaiak.

Erantzunarekin etorri zan eta guztiak gurdian sartuta artu zuten bidea.

        Onela ibilli ziran egun batzuetan. Arraiotzen barrena igaro ziran. Baño alako erri koxkorretan jende gutxi biltzen zitzaien igandea izanagatik eta aste-egunetan ez zan iñor askorik ikusten. Orretara, obe zuten igandez beste aundiagoko errian sartu. Gañera, azken-aldian itxurak ziranez, edozein baezpako errietan aritzeko txerpolariak ez ziran, edo ala iruditu nagusiari.

        Oronotz, Mugaire ta Oieregi, alkarrengandik ez urruti, ezere gabe gelditu ziran orobat.

        Tarteetan Polik saioak egiten zituan opiziyo berrian ta oso aurrerapen aundia egin.

        Bein, Narbartera zijoazela, algara nabaritu zuten bide-ondoan, jende askorena itxuraz. Mandoa gelditu zan. Bat-batean non azaltzen dira gazte batzuk zarata bizian txerpolariak! oju-egiñaz. Bereala lagun-pilla aundia bildu zan. Ea saio bat egin nai ote zuten ango barrunbean.

        Tokia qq deritzaiona zan, len jauregi bikaña ta orain arrotz-etxe ederra. Ba-ditu bi muturretan dorre aundi bana, biak berdiñak. Baita ere, mendi-aldera, ba-dago erromatarrek egindako zubi zaarra. qqn gain-gañeko jendea bizi izan da. Orain ezkontza-jaia zan atsaldean eta gizaseme ta neskatx billera ikaragarria zegoan, Iruñatik etorriak. Txerpolariekin sortu zan zalaparta!

        Gurdia bide zabalean utzi ta txerpolariak musika-tresnakin barrurako bidean ikusi zituztenean, oso alaitu ziran jolasa gogotik izango zutelakoan eta asieratik txalo beroak jo zizkieten etorriberrieri. Len nagusia arrotzen asia bazan, ederki lotsatuta agertu zan oraingoan.

        Atarian jarrita sendo jotzen zuten bostak-ala-bostak. A zer zanpatakoak andrearenak! Nagusia aspo egiñik aizea ematen zuan bete-betean. Balentinen eta Benturaren pirripi ta txirola! Poli atabalaria tente. Billerak atera zuan par gozoa musika arraio arekin! Ala ere, lenbiziko joaldia bukatuta, par egiñaz gañera esku-zarta polita egin zieten. Asi ziran ojuzaleak ardoa eskeintzen eta bost laguneri edan+azi zieten mama ederra.

        Urrena oi bezelako irabio ta saltuak. Ez zuten txintik ateratzen. Txerpolarien lana oso atsegin zuten. Poli bera ordurako ondotxo ikasia zegoan. Errota ezik, esku-gañean ederki zebilen ta aurre-alderako bira osoak, buruz beera ta gora, poliki zekizkian. Artaraño zegoan ikasia. Egiteko au bukatuzutenean, aien txalo-txaloak! Berriz ere txurrut eder bana nai ta nai-ez.

        Bentura azaldu zan olerkiak esaten. Aren bekain illunak, aren beso-ibiltzea, aren abotsa! Ez zuan beñere aria galdu; ez zan buru txarreko mutilla. Obe beretzat, bestela ez leukake alderdi txarra maisu aiekin. Ta bestetan ezer ulertzen ez ziotelako par egiten ba-zioten, orain berriz ulertzeagatik zetorkien egiñaldia. Alako jendea ain gañeko gauzak esaten! Ta nola. Zimaur tarteko lorea esateko. Baño aiek ez zeuden ez baterako ez besterako, ez loretako beintzat.

Ta bukatu baño len, luze xamar ari baizan, asi zitzaizkion alagaraka, txaloka ta ojuka nastuan ta berrenera sartzeko ta eldu besotik eta aria moztuta barruan sartu zituzten txerpolari ibiltariak.

        Noizbait pastelak jateko aukera etorri zitzaion Benturari. Bildurrez asi bazan ere, gero ta aundiagoak artzen zituan. I, Poli, ari zitzaion, onenbesteko pastelak izaten al itukan zuen etxean? Baita aundiagoak ere, Polik. Txautu zuan. Itza baño naiago zuten jatea, ordea. Ta jan ezik edan ere gogotik egin zuten bostak-ala-bostak.

        Poli zuten maiteena. Maiez-mai zerabilkiten. Baño ur-utsez oitua egoki. Ta arrapatu zuan.Asi zan txerpolari jendeari par-eragiten. Ematen dio gero lurrean irabioka ibiltzeari. Jendeak par gozoa zegian balantza bakoitzean. Gizajoa, ordea, buruz beera eskuen gañean zebillen batean jotzen du kopeteko bat lurrera erorita ta izugarrizko odol-ixuria asi.

        Izutu zan jendea, baño ez zan ajol aundiko miña. Nagusia, amorratuta. Miña garbitu ta lotu ta kanpoko gurdira eraman zuten norbaitek sakelean durua sartuta.

        qqko ezkontza-jaiak dantza nai zuan. Ta atabalaria ez beste asi ziran jo ta jo, ta illunduta ere an aritu ziran, ura musika ba-zan ez ba-zan.

        Aztu gabe andreak eskabidea egin zuan agur esaterakoan ta zillar pilla polita eskuratu. Polik zori ona ekarri lagungoari.

        Gurdirakoan, ordea, nagusiak durua kendu sakeletik Poliri ta ostikoz bultzatu. Asto jaio ta asto bizi. Poli gajoa lo zegoan. Ez zion begiratu txarrik gabe utzikoe rne egotekotan.

        Bentura sakelean bigarko utzitako pastel azkena asi zitzaizun jaten.

 

aurrekoa hurrengoa