www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

ELIZONDO-N

 

        Urrengo goizean Poli esnatu zanean gortu zala iruditu zitzaion, ez bai-zuan entzuten lengo gabero-gaberoko burrundara. Ixiltasunak min geiago ematen zion zalapartak baño. Otsa ta zaratakin oitu ta ezin ixillean etsi. Oeari astindu bat eman zion ta, noski, ez zegoan gortuta. Bide batez, itsasoko ibillera ez zalarik, gorputzari ibillialdia eman zion. Ixiltasunak eta geldi-egoteak kezkatuta zeukaten, beraz.

        Jeikita kapea egin bearko zuala, baño, ezta ura ere. Zer arranotara etorri ote zan? Etxekoek ez zioten deitu nai aña lo egin zezan. Ta Poli norengana joango zan? Nola ibilli bakarrik etxe-barrunbean? Ango garbitasun eta zuritasunak bildur ematen zioten. Gañera etxeko neska aiekin, egia esan, lotsak artuta zegoan.

        Poli etxeko mutil laztana zan. Nai bezelako semearen tokian etorri al zitzaien? Seme jatorra izanda ere ez lioteke obeto begiratuko beintzat.

Agian kaltegarri. Bizibide biguñegia zitzaion. Ez zioten lan aundirik ematen. Oporra, nai zuanean. Atzenean zer nai zuan ez zekiala gelditu zan: oporrean zegoanean lana nai, lanean ari zala oporra gogoan. A zer tamala! Mendiko motxala ezin gurdiari lotu, noski.

        Ba-zekian erri guztia: Merkatu estalia, arkupea, Arizkuneneko etxe ederra, Erri-etxea orobat ederra, Foruen plaza, eliza polita, Santiyo-kale txukuna, jauregi arteko Prantzirako bide zabala. Askotan egin izan zuan bide zabalez Elbeteara joan, zubia pasata, etxe-tartean ibilli ta beste zubitik etorrita, ganadu-periko belardiaren ondotik ostera plazara. Antxitonea trinketea berriz, Merkatu-ondoko zubiaren aurre-aurrean. Alde artatik ikusten zan ondoena Baztan-ibaiko zurrunbanoa, ur-jausia. Ai, itsasoko ura, egiten zion ibaira begiratuta. An ur gazia, emen garoa.

        Etxeko lana ariñegia zitzaion. Beti toki batean egoteak asko aspertzen zuan: ezin gora-beeera ibilli, ezin indarrik egin. Ortxe nonbait len ere sukalde-lanetan aritua zala, sukaldea ta lanak berberak ez izanarren. Emen gauza berri asko ikusi zituan, noski. Ez uste berak txotxoak orren errez egiten ziranik. Ezta mataxak ere. Bota ontzi batera azukre asko ta kapea ta esnea, sutan gal-gal egin arte jarri ta salda lodi beltz ura marmol-arri batean zabaltzen zuten. Urrena txotxoak markatu, asko batean, ta gogortzen ziranean, klask! guztiak batean atera. Orduan pusketan egin eta orra txokoak. Bestetan alako mataza zuriak egin eta guraizeakin kilx, klax, aidean joaten ziran txotxo zuriak.

Eta onela beste txotxo-motak ere. Ta nork esan Donostian jaten zituan «tetillak» zuringoa ta azukrea besterik ez zirala? Ai, pastelak! Eta tartak! Artan nagusia zan iaioa. Bear zanean paper biribil batean merengea bota ta beeko txulotik jario zeriola zirriborro politak egiten zituan orregoxoetan. Onelakoxea zan Poliren lanbidea. Askotan orrea bati-bati egin, bestetan sukaldetik dendara pastel karraioz. Arraultza ta guriña asko sartzen zan etxe artan.

        Poli itz gutxiko mutilla zan. Poli maite zuten etxean asko. Agian Polik ere maite zituan etxekoak, Ez jakin ordea, ez bai-zion iñori samurtasunik erakusten. Etxeko neskaekin oso-osoko adiskidea ez zala esango nuke, batez ere zarrenarekin. Aiek gogo onez egiñak zakarkeriz ordaintzen zizkien. nai zioten, baño ezin adiskidetu. Bein zerbait eskuetan dendara asten ba-zan, bidera etortzen zitzaion neska zarrena berak ekartzeagatik; ordea, erdeñu txarra egin eta ukalondoarekin bultzatzen zion mutillak. Neska gajoa ikaratuta ixil-ixillik gelditzen zan.

        Etxe artan izan zuan Polik lenengo gaxotasuna. Pastel-apurrak zirala, txotxo-puskak, osatu gabeak, zirala, «libre» zeukan nai aña jatea ta pastel ta txotxo osoak jan naita ere ez lioteke aitzaki aundirik jarriko. Polik bear baño geiago jan zuan asieratik. Jan-da-jan gaitz egin arte. Goxoekin aspertzen asia zaneko gaitzak jota zegoan. Gaztea ez zegoan ondo. Goxoz «atrakatu» zan ta aiek min egin. Buruko miña asten zitzaion, baño ez zion iñori ezertxo ere esaten. Egunak joan, mutilla okerrago.

Itxura txarra asi zitzaion. Etxeko nagusi ta andreak zerbait igarri zioten. Ezetz, ez zuala iñongo miñik. Sukarra gero ta geiago. Bein, aparitan, mutil gajoa burua atzera, besoak zintzilik, gelditu zan sillan. Artu zuan nagusiak aidea eta oeratu zuan. Sukar ikaragarria zeukan. Asi zitzaion burua erotzen. Neskak bere gelan ikusi zitualako ikaragarrizko karraxia atera zuan eta burua maindire-azpian gorde. Sendalaria ekarri zuten. Ezin ezere artuazi. Bear-bearrekoa zan, ordea. oso gaizki zegoan. Etxeko jendea ikaratuta. Katin ta Gexina negarrez. Alako batean lozorroak artu ta ametsak ojuka egiten zituan. Bein, geldiro, Gaztelu zaarreko lo-zulo maitea! Artuazi zioten atzenean, ojuak egiñagatik, eta galanki sartu ere. Noizbait barrena garbitu zitzaion, sendatuta zegoan.

        Egun batzuetan kontu aundia euki zuten mutillarekin bear bezelako jana ta bear zan garaian emanez. Etxeko semea izan balitz ez lioteke obeto begiratuko, diran laztan eta maite itzakin. Dendan askok galdetzen zuten mutillaren berri. Azkenik asi zan kalera ateratzen oraindik arpegian gaizki egondakoaren itxura txarra ezagun ba-zuan ere. Erriko jaiak ez ziran urruti ta, naiz egun aietan bestetan baño lan geiago izan, Polik ez zuan lanik egingo, ezertxo ere, ondo-ondo sendatu zedin. Bitartean jantzi berri bat egin zioten jaietarako.

        Jai-bezpera etorri zan eta asi ziran arratsean musikariak kalez-kale. Aidean, txibiriskoen zalaparta.

        Urrengo egunean, ni neroni Elizondon nintzala, etxeko berririk jakin ez edo nere gelako leiatilleri begiratzea aztuta, egunaren lenen argi-izpiek esnarazi ninduten bear baño goizago ta jaiki ta leioa itxitzeko nagikeriz, antxen egon bear izan nuan egonean erri aunditik erri txikira etorria. Ixiltasun aundia zalarik nere entzumena ere osorik esnatu zitzaidan ta ni zaratan oitua izan ez eta polliki-polliki goizeko kinkik txikiena belarriratu ta nabaritzen nuan.

        Artan nengoala txorrien pi-piak oso bertan nabaritzen nituan, araxeago igelen korroka ta ibaiaren eten gabeko zurrunba, urrutiago ollarren kukurrukuak.

        Etxe bateko ollarrak ots-egin eta beste etxekoak erantzun,noizpeinka urrutiagoko bat tartean. Asi nintzaion nere buruari, beste egitekorik ez bai-nuan, zer izketa-modua izan zezatekean txapel gorriko egazti oriek, baño utzi egin nion arloari buru-auste geiegirik ibilli gabe. Ollarrak bertsolari ari zirala elizako kanpaiak asi ziran berriz joka, urrena kristauen otsa kalean, gurdiak ere asi ziran eta egun berrian oso-osorik sartuta geunden. Santiyo-eguna! Lotienak atzean gelditu ez zitezen txibiriskoak igo ziran aidean ta ikaragarrizko zalaparta atera zuten. Musika ere atera zan eta arek alaituzituan erriko kaleak, txilborraren gisa etxeek arma-arria duten kaleak.

        Erri guztia jeikita zebillen. Baztarrak alaitu ziran. Merkatua ta arkupea jendez beteak. Atsegin ematen zuan gauzaren ekarriak. Baratz artan elizondotarrak ez lirake sabel-uts geldituak.

Ba-zebillen jendea gauzaren tartean ara-onera, gazta zarrari arra bezela, oi duan mar-mar luzearekin. Estalpe artan baserritarrak eta kaletarrak, goikoak eta beekoak, aza ba-zan ala egaztia, naspil gozoa zebillen mendiko usaiarekin.

        Mezatarako prestatu giñan. Zegoaneko eguzkiak sendo jotzen zuan. Elizondoko eliza ederra! Eliza euskalduna! An ikusi bear erri aunditik erri txikira etorriak itz-santua euskeraz meza nagusian entzuten. Elizondoko eliza maitea, Jainkoak gorde zaitzala beti euskaldun! Gu ere antxen giñan meza nagusian. Nik ezin ulertu dek federik ez dagoan errietan jaiak ondo jaitu nola dezateken, alegia mezarik gabe jaia nola izan diteken jai. Guk kristauok, bedeinkatua bedi Jainko ona, mesede aundi au ba-daukagu. Elizondoko meza nagusian kedatza ta kanta santuak nastu ziranean orduan zan benetan animaren jaia. Soñu ederra barren santu artan entzun genuana. Ondo biotz onarekin atera giñan.

        Kanpoan eguzkiak kixkaldu bear. Mezatarrak zabaldu ziran. Eguardia ez urruti ta jendea asi zan berriz Merkatu estalirako. Ta an, itzalpe gozo artan, len ainbeste gauzez ikusia, orain itxuraz arras aldatuta, musikari pilla bat mutur batean ta Elizondoko neska poxpoliñak egurasten joan-etorrian. Ba-zan nori begiratua.

        Onela izan zan bazkari artekoa. Ni ostatura biurtu nintzanean bazkaldarrak oso ugarituta arkitu nituan. Bazkaltzen batez ere auek oartu nituan:

pillota ta partida maiz aipatzen zuten gazte zintzo batzuk, aldameneko ingeles emakumezko bi ta arago ego-aldeko ume zikin batzuk emakumeak beren izkeran ari ziralako iseka ta parrez ari zitzaizkienak.

        Arratsaldean jende asko zan Elizondon inguruko errietatik etorria; baita urrutiagotik ere, Iruñatik batez ere. Kale ta edaritegietan tokia aña sartzen zan jendea. Tarteka kantariak ba-zebiltzan. Jai-tokia, ordea, Foruenplazan zan. Ura lekune zabala bai dan, jostagarri guztiak aratu zituzten. Gañera musika-tokia enparantzaren erdi-erdian dago. Ta mutil ta nexka koxkorrak goxoak saltzen zituzteneko maieri pega-pega eginda egon bitartean, gaztetxoek dantzari eman zioten, arri zabalak dauden tokian. Beste asko errenkadan jarrita, bi aldeetan, exerita zeuden begira. Arizkun-eneko aurrean ba-zan «tiobibo» deritzan tramankulu orietako bat, eskuz naiko izardia aterata erabiltzen zutena ta aren parean gora ta beera ibiltzeko beste baezpako bat. Ura ere eskuz ibiltzen zana ta ez zan arritzekoa ume-toki aietan ezin kabiturik baserritar sendokote batzuk binaka ikustea. Gurdiak itzaia eramango balu bezela. Arizkun-enea ta Erri-etxeko tartean, berriz, beste gorabelaria.

        Tramankulu aiek zeuden aldean, ordea, ba-zan toki askorik belarraren gañean. Ta an ari ziran txerpolari batzuk indar eta par eginerazteko lanetan. Bi gizonezko, bat nagusia, ta mutil koskor tripa aundia. Emaztea, ura ere gizen xamarra, itsusia, beltza, zikiña, txima-jario aritzen zan uskeriak saltzen, orraziak-eta, jendearen tartean bein gizonezkoak egiteko bat bukatzen zutenean, lenbizi eskabidea egiñaz gañera.

        Tarteka, erriko musikariak ixilik zeudenean, txerpolariak asten ziran bere aldiko. Mutil potoloak klarineta jotzen zuan, tonto-papera egiten zuanak giltzakiko kornetiña, nagusiak tronboia ta emakumeak saltzeko ugala lepo atzetik kendu ta zanpa ta txintxinak jotzekoa jarri egitn zuan. Ta musika baña zalaparta geiago ateratzen zutela-ta, jende asko biltzen zitzaien inguruan.

        Txerpolari auekin zerbait geldituak gera, irakurlea, ta ba-da zertaz oar-egin. Nik neronek ikusi nuan Poli, oraindik zuri antxa arpegia, jantzi berriarekin, besoak arri zabal baten gañean, arpegia eskuen tartean, arriturik txerpolari aien irabio, ikotika ta tentelkeriak ikusten. Arratsalde guztian ez zan andik atera. Pixkana-pixkana bertago jartzen zan eta azkenik bertaraño iritxita nagusiari begiratzen zion aurrean zeukan guztian.

        Onela joan zan egun artako arratsaldea. Gabez jende geiago zan dantzarako, gaztetxoak baño zaarragoak ere bai. Dantzari amorratuak arratseko ordu biak arte egongo ziran alde-alde. Aientzat uraxen zan jairik onena.

        Baño gai au utzita gatozen Poliren arira. Urrengo arratsaldean ere txerpolarien tokira joan zan. Berriz ere geldi. Poli nagusiari itzegiten? Ta alaxe zan, aiekin batean bizitzea eskatu zion, berak ere ba-omen zekizkian zenbait gauza egiten.Nagusiak erdeñuz begiratu zion eta ezta jaramonik egin.

Poli lengo tankera jarri zan eta berriz ere egon. Nagusiak noizbait begiratu zion eta berekiko ez lizaiokela gaizki beste lagun bat izatea ta batez ere arek zirudian bezelako mutil gazte ta ariña.

        Egun ura ala joan zan.

        Irugarren egunean Poli azaldu zanean nagusiak eta andreak alkar-izketa izan zuten. Polik lengo egiteko berbera egin zuan orain ere. Ta alderatu zitzaionean ala erantzun zion nagusiak:.

        Gu biak goizeko zazpietan ba-giatzik erri ontatik eta nai badek, etorri adi, baño ez adi jantzi orrekin etorri.

        Irakurlea, izazu kupida Akulamendin ezagututako Elizondoko bidaztiaz eta baita ere bere emazte ta alabaetzaz.

 

aurrekoa hurrengoa