www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

EKAITZA

 

        Poli azi egin zan. Oraintxe gizon-itxura pixka bat artzen asia zegoan. Gizonen lanak egiteak eta gizonen artean bizitzeak asko egin zuten mutilla. Denbora ere aurrera zijoan. Lengo zakar ta bigurri izatea ba-zeukan oraindik ere, baño lanera ta gizartera jarri zan.

        Egia jaioterri maitea gogoratzen zitzaiola, batez ere bakar xamar edo aspertuta egoten zanean, ta, alakotan, erri-miña ta naigabea etorri oi zitzaizkan, naiz-eta iges egitean gozagarri aundirik utzi ez.

        Lur eta erri berri asko ikusi zituan. Legortarrek ez dakizkite itsastarren erdiak ere. Antzik ere. Itsastarrek asko ikusten dute mundua legortarrek ez dakiten aldetik. Poli gauza asko ikusia zegoan. Arrigarriak eta parragarriak. Ezerk ez zion parra geiago eginerazi Noruegako erriska batean gizonak kaniketan ikusteak baño.

        Ta Lostramori gertatua? Ba-dijoa bein bakar-bakarrik elizara, Inglaterrako erri txiki batean elizan, biotza ikututa nonbait.

Sartzen da otoi egitera. Andik pixka batera, santu guztieri agur esanda atea artzeko asmotan asten danean, non illunpean, eliz-zaiak nonbait, makilla batekin jotzen du Lostramo. Biurtzen da bat-batean Lostramo ta jotzen du ukabillez ta an ziak eliz-zaia ankaz gora makilla ta guzti. Eliz-atarian jende puska bat bildu zitzaion Lostramori. Lostramok guztiak jo nai ordea.

        Kapitana jakiñan gañean jarri zutenean etorri zan eta egiñalak eginda arazo ura azkenean kito. Eliza protestantia nonbait eta an eliztarrek kanpora atera bear dutenean atzeraka ibiltzeko oitura izaki, ateari bizkarra emanez. Ta gure mariñelak aurreraka ibiltzeko beste oiturarik ez eta orra non istillua sortu eliz-zaiak etxeko oiturak erakusteko bide egokiagorik ez zekialako.

        Sukaldariari maiz asko egiten zioten odol txarra. Bein ostu ziotenarekin baldea bete txokolate egin zuten eta galletak zukutu ainbeste.

        Baño oriek guztiak alde batera utzita, ikaragarria izan zan Milfordetik aterata itsas zabalean arrapatu zituan ekaitz gogorra.

        Goiz-aldean bestetan baño beranduago argitu, ura argitzea esatekoa ba-zan. Aize-txistua asi zuan bizi-bizia ta bereala ontzia balantzaka aundiakin asi. Barrengo guztiak ikaratu ziran. Asi zan kapitana egiteko asko agintzen: onelako kentzeko, alako estutzeko, ateak itxitzeko, ea arrikatz asko al zegoan.

        Olio-ontzi guztiak uretara, oju-egin zuan batean. Ta bereala lagun gutiak asi ziran olio ederra ontzi ta guzti aidean botatzen. Alako itsasoarekin arrisku aundia zegoala ta karga guztia uretara bota. Ontziak bota ta bota an zijoan dantzan diruak balio zituan olioa. Olatuak pillan arrapatzen zituanean itsasontziaren kontra jo ta lertzen ziran asko.

        Ortzia beltzagotu zan eta ea ostera gabean sartu bear ote zuten. Aize-txistua biztu ta itsasoa txoil nastu zan.Ekaitzak bete-betean artuta zeuden. Ontziak ezin zezakean gorabeera aundiagorik egin ondoratu gabe. Zoritxarra gañean zeukaten.

        Akulamendi gaxoak aurrez-aurre arrapatzen zituan olatu aundiak. Nai ta nai-ezko borroka! Artzen zituan erditik eta bi puska eginda, etxea baño aundiago, rraast! ontzi-gañera urerz baztar guztiak betetzen. Urrena, beste olatua arrapatu arte, asten zan beera inpernuraño jetxi bear balu bezela. Barrengoek zutik ezin egonik dantza ikaragarria zerabilkiten.

        Itsasoa arras erotu zan; odeiakin kopeta ilundu zuan ekaitzak, aize-txistuarekin zemai ta irañak bota eta olatuekin ukabillez ontziari dunbateko errukarriak eman. Jo ta jo aspertzeko itxurarik gabe. Eguardia zanik ez zuan batere ezagun.

        Ekaitzak, itsasoa irakiten, sendo irauten zuan asi bezin gaiztoa. Arratsaldean eromena berbera. Olatuek erruki gabe astintzen zuten ontzi-gaña. Leiarrak txiki-txiki egiñak zeuden. Barandaua, autsita. Zintzilik egoten zan txalupa, itsasoak eraman.

        Itsasontziek gañean izaten dute sukaldea ta opizialaren gela ontzia gidatzeko. Sukaldean ez zegoan iñor. Opiziala, bigarrena, txanda zuala arrapatu zuan ekaitzak eta antxe ezin aterarik egon denbora gutian. Ontzigizonak beean zeuden. Kapitana ezik, beste guztiak aurreko aldean, ta kapitana, bakar-bakarrik, atzeko aldean. Akulamendi bezelako ontzietan ezin izaten da pasa aurreko aldetik atzeko aldera gañetik ez bada, tartean galdarak eta makinak egon oi diralako. Ez zan iñor mugitzerik, beraz. Eta guztietan okerrena bigarren opiziala, gelako leiarrak txikituta bakarrik gelditu zana.

        Arratsa gañean zalarik iñork ez zuan jatekorik artu. Kapitana deika aritu zan su-egilleri kape eske bekoekin itzegiteko izan oi duten tutu baten bidez. Baño iñor mugitu ez. Sukalderaño joaterik ez zan, ezta opiziala zegoan tokiraño. Ta antxen egon bear guztiak, ez jan ez lo, kape pitin bat bederik, ontzietan artzeko oitura aundia dutelarik.

        Ekaitza, berean. Aize-txistu zorrotzak dardarka jartzen zuan jendea. Olatuen enbata indartsuek barrengo gauza guztiak lurrera botatzen zituzten. Ontziak atzea goraño altxatzen zuanean azpiko errotak aidean burrundara sendoa ateratzen. Tarteka euri-zaparrada galantak. Akulamendi gizaxoak gau beltzean olatu madarikatuak beste lagunik ez. A zer lagunak.

        Kapitanak ots egin zuan:.

        Olio guztia uretara bota! Ondo itxi dana! Ikatz asko gelditzen al da? Itsasoak txalupa eraman du.

        Ontzigizonak bildurtuta zeuden. Sugiñak eta makinistak sendo lan egiten zuten, bear zan guztian beintzat. Ontziak sua bear barrenen indarra izango ba-zuan. Eta ala ere! Ontzilagunak gau guztian alkarrekin egon ziran, Pinisterre ezik, oeratu bakarra. Ia alkarri itzik egin gabe. Lostramo, eskuan miñ-artua olioa botatzen. Beste bat ere bai, Erroke zeritzana, miñ-artua. Lenengo opiziala aruntz eta onuntz zebillen, barren artan ibilli zitekean moduan. Aien arpegiak! Poli gazteak umeago ematen zuan itxura artan. Gaztelu zaarreko lo-zulo maitea! Batez ere opizialari begiratzen zion, arengandik zetorkion iraupena. Ez sukaldariarengandik. Ura zebillen berritsu bakarra. Ai, Txo, toki onera etorri aiz bizitzera, au bizitza ba-da! Eta ala ba-da ere, ez denbora luzerako, eta denbora gutxirako ba-da ere, ez nolanai itota! Eta ori esanda, sukaldariak, noski, aai! bizia atera zuan balantzaka batez arrai-kaja aundiak, elduta zeukanak, galtzarbetik iges egin ziolako. Ostera sendo elduta Lezoko Gurutze Santuari egin zion gogorapena. Meza bat eskeñi zion. Dirua da gutxiyena, zion, ortatik sobra ez izanagatik, bizitza, bizitza! Ez gaude orren zartuak ajolik ez izateko. Damutan niok, i, Lostramo, kaja zijoakion, ik bezela erriyan urte guztirako argiya ez jarriya. Baño eztakit oraingo txanda ontan, argi edo ez argi, danak berdin il biar ote degun. Jainkuak Guarda! Goizeko argiya beintzat, eguna zabalduko balu. Ai, Txo gaju ori, gazterik asi aiz gorriyak ikusten, au gorriya baño beltza obeto ez ba-da.

        Zagoz ixillik, barritxu ori! ekin zion opizialak.

        Ta sukaldaria ixildu zan. Ala ere ortz-tartean il-bear au gogorra da, zion begiak bustita. Egiazki, parragarria izango zan sukaldaria ontzia orren gaizki ez balebil.

        Mariñel batek:.

        Mutillak, ez degu orren itxura txarrekoak jarri bear! Par egin dezagun. Esan ezak, Lostramo, zer pasa zitzaikan Noruega eliza protestante artan.

        Lostramok:.

        Ezerez, an oitura dute elizatik atzeraka ibiltzen ateratzea. Ta ni, non sartu nintzan ez nekiala, aurreraka atera nintzan, nere bizi guztian ibilli naizen modura. Ori ikusita, etorri zitzaidan eliz-zaia ta, esku-makillaz ez ninduan ba jo? Jotzen det ukabillaz ta ankaz gora bota nuan lurrera. An sortu zan istillua.

        Sukaldariak:.

        Bai, bai, par egintzazute; zuetakoren batek aitortu biarko diyo Jainkuari neri lengo egunian txokolatia ta galletakin egindako lapurreta.

        Tutuak txistu egin zuan ta opizialak dio kapitanari:.

        Ez dago sukaldera joaterik. Eraneunez geroztik ez degu jan. Kapia bederik ez da posible eramatea. Lostramo zerbait min-artua olio-latak botatzean. Pirriste da bakarra oeratu ta lo egiten duana.

        Polik berekikoz: Gaztelu zaarreko lo-zulo maitea.

        Gaua luzea zan. Ekaitza luzeago. Eguna nekez zabaldu zuan.Ontzigizoneri nekea etorri. Nekearen ondoan, otza. Zuri-zuri eginda, larria biotzean, zai zeuden ekaitzaren azkena ikusteko. Aizea gutxitu zan, baña olatuak lengo tankeran jo ta lertu, bata bestearen ondotik.

        Eguardi-aldera argitu zuan. Aizea, gutxiago. Akulamendi ez ain dantzari. Bigarren opiziala bere bakar-tokitik atera zanean, arratsaldean, ogei ta amazazpi orduko egona eginda atera zan.

        Sukaldaria beartu zuten sukaldera joaten, ezezka asi ba-zan ere. Ta Poliren laguntzarekin andik pixka batera ontziko gzutiek kape beroa nai aña artu zuten.

        Kapitanaren aginduz, aparia gertu bitartean, ekaitzak ontzian egindako ondamen eta okerrak antolatzen asi zan jendea. Itsasoa oraindik ere txar xamarra zegoan. Ekin zioten bada lanari urdalleko beroarekin lasaitzen asiak. Egiteko asko zegoan. Itzegiteko gogoa etorri zitzaien bildurra zijoakien era berean. Non, irria ere ezpañetan zai zegokiela, non usterik gutxienean negargarria gertatu. Pinisterre maitea! Gañean aal bezela ari zirala, jausten zaio goiko muturretik burni astun bat eta burua jota zerraldo erori lurrera. Kaskezurra autsi. Bereala illa zan.

        Iñork ez jakin, ez ikustekotan, ezta antzik eman ere, alako eriotzak nolako biotz-zulatua egiten duan.

Eraman zuten oe-gañera. Bi kandela jarri zituzten, ontziaren balantzakin ez erortzeko tankeran. An ikusi bear gizon aundi aiek malkoak begietan. Sukaldariak, dakigunez oso biotz-bera, bi besoen artean artu ta mun eman zion, berarentzat itz eztitsuak esan bitartean: zoritxarrak onena jotzen du beti, zion. Poli ere negarrez, ordurarte maitasuan ainbesteraño nabaritu ez zuana. Pinisterre guztietan onenetakoa zan.

        Bi orduan lagun egin zioten gorputzari, kandelen argitan. Ta bi orduak pasata an asi zan malluketak anima berbera ikutzen zuan.Egur zan bartzuk artuta nola-ala iltzez josten asi ziran. Lenbaitlen jostea obe, malluarenots ura gogorregia zan. Bai, alako lanak errezegiak dira itsasontzietan eta denbora gutxiko guztiak ontzi-gañean zeuden buru-utsik gorputza aldean.

        Jarri zuten, oi bezela, atzeko muturrean ola luzea irristagarri. Eraman zuten gañera. Une onetan guztiak zutik zeudela, kapitana ta opizialak eskua kopetaren ondoan, ala esan zuan kapitanak:.

        Errezatzen dakianak erreza beza Aita gure bat.

        Ta pixka bateko irristaka asi ta olatu tartera erori zan.

        Itsaso madarikatua! Gorputz bakarrarekin ezin asetu. Gorroto zikiña! Geiago eziñaren amorruz, ontzi-lagunak doi-doi biurtu zirala, olatu aundi batek jotzen du ontzia ta gorputza berriz ontzi-gañera kaja lertuaz olatuak botata. Gosea barruan ta estarri-zuloko biotza balitzaio bezela indarrez biurtu kanpora.

        Ostera kaja osatu len baño aulago, malluak nekatu-urren, ta lengo bidetik bigarren irteera. Itsasoak iretsi zuan.

        Onela ordaindu zion Akulamendik itsasoari beñere artu ez zion zorra.

 

aurrekoa hurrengoa