www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMOARRAIAK ETA SUKAR USTELA

 

        Balentinek ala zion:.

        Gañeko larrua makillakin jotzen danean, azpikoa dardar jartzen du bien tarteko aizea dala-ta, ta erditik dijoazen listari abek ikututa, len alako bi egiten du dardar ta gañekoari eragin egiten dio. Listari abek ez balira soñu gutxi aterako luke atabalak. Nik erakutsiko diat iri zeri esaten zaion ta, pla, tra, rra-rra, atabala jotzen danean. Ik beste zerbait jotzen ere ikasi bear ukek.

        Nagusiak bere aldikoz:.

        Ezerk ez nau geiago amorratzen emen edozeinek nai duana egiteak baño, ni iñor ez banintz bezela; baño aitu zaizute nai duanak nai duana egite ori.

        Andreak esan zuan:.

        Nola biziko ziñateke nik bear bezela gobernatu ez ba-zinduzketet? Zer jango zenuteke?

Berriz ere saiatu bearko det jana ekartzen goseak ilko ez bazaituzte.

        Benturak:.

        Eskuko miñak oraindik ere oñazea egiten dit.

        Poli ixillik zegoan Balentineri adi-adi.

        Ta bat-batean gogoratu ainbeste orduan jan gabe zegoala mandoa. Baño aurki Lesakan ziran eta gelditzean emango zioten, lertuta gelditzen ez ba-zan beintzat.

        Errian sartu ziran. Igandea zan. Ta emen ere oi bezelako saioak egin zituzten. Txerpolarien lana obetu zan ta iñoren aurrean aritzeko ederki gaituta zeuden, Poliri eskerrak. Euskalerrian asi ziranetik zer-jana errez bereganatzen zuten andrearen marmarizaren gora-beeragatik. Edo guk uste, geiago izan eta purrustaka gogorrago, alegia pozari itxura kentzeagatik aritzen zala erritalari.

        Ostera asi zan mandoa etxea karraio: txerpolariek lan egiten zutenean, mandoa geldik; aiek geratzen ziranean, mandoa lanean. Ala, iritxi ziran Lesakako zubira eta bertan bide zabala.

        Poli atze-aldean zetorren exerita zankoak zintzilik. Non salto egin ta ba-dijoa ibaira. Arrantzalea prantzesa zan, lo-kuluxka egiten.Artzen dio Polik bañabela ta saski txikia eta ba-dijoa korrika gurdira.

        Nagusiak oartuta ala dio asarre bizian:.

        Zer dakark or?

        Arrantzan egiteko.

        Ba-al dakik arrantzan?

        Baai.

        Andrea tartetu zan:.

        Lagaiozu, ez degu kalterik izango.

        Donesteben ikusiz geroztik areri egin zitzaion gogoarekin.

        Ta ala gertatu. Egun aietan Bera-aldean ibilli ziran, erri onetan ere erakustaldi bat egin bai zuten. Ta erriaren izena entzun ez eta Pinisterre gizajoaz ezta batere gogoratu gure arrantzalea.

        Egun aietan amoarraitan erruz atera zuan Polik eta ez zan nagusia gutxiena janda zegoana. Bentura arriturik zeukan eta Balentin bera ere, zeñen ondo arrapatu ta amua nola kentzen zion arraiari. Ta arraitan ia etxeko guztiak aspertu aña ateratzen zuala, beñere ez geiegi etxekoandrearentzat.

        Endarlatzko ondoan bein ari zala, ikaragarrizko pilla atera zuan Polik. Baño batean karabineroak kañabela ederregia oartu Poliren eskuetan. Arrantzarako paperak? Polik kañabela billatu zuala. Kendu ta pakean.

        Gurdian zirala, ordea, amoarrai prexkua ain ederki jandako nagusia bat-batean sumindu zitzaion Poliri: oneraño zegoala, aren nai duana egitearekin eta istillu berririk ekartzen ba-zion etxetik kanpora bidaliko zuala.

        Abiatu ziran Endarlatzako zubian barrena. Gipuzkoan sartzerakoan mikeletea ikusi zuten izkillua bizkarrean.

Aren gorri-urdiñak ikusgarri. Mikeletea gizaseme sendokote ta indartsua zan; txerpolarien gurdia errex irauli zezakean berak bakarrik. Ez ote zegoan parragarri ainindar aundiko gizona izkilli bearrez? Alegia, bien artean indar geiegi ez ote zeukaten. Edo gizona sobra, ala izkillua geiegi. Sabela beteta euki ta ogi aundia besoaren azpian, esate batera.

        Mikeleteak ezin ezere esan.

        Irungo bidea zeramaten. Alde batera ta bestera mendixka tenteak altxa ta bee-beerañoko irrikituak erakusten zituzten. Noizbait azkeneko mendi koskorra nekez alderatu ta Beobiko etxe-pilla agertu zan. Pixka bat aurrerago, ibaiko ur zabalaren gañean, Ondarribi-erria urrutira ikusi zuten.

        Irunen sartzerakoan, ordea, uste gabea gertatu. Errizaia azaldu zitzaien karraxika eskumakilla altxata gelditzeko ta gelditzeko. Zer gertatu? Sasoi artan Gipuzkoako alde onetan sukar ustela tifus) askotxo zegoan. Ta itxura zikiñeko jende ura ikustean, gaitzaren kutsua zekarkitelakoan, ez nai errian sartzen utzi. Jeisteko ta guztiak berarekin joateko. Barrengoak geldik. Tira zion errizaiak mandoari ta an eraman zuan gurdia ta gurdiko jendea baztar izkutu batera.

        Joan zan errizaia mikeletearengana ta andik pixka bateko mikelete bikoarekin azaldu zan.

        qq.

        Polik tiputs entzun zuanean, ala dio parrez:

        Tiputs ez dakit; baño triputs, errexago.

        Ia jo zuan errizaiak makillarekin. Nagusiaren begiratua.

        Ta errian sartu ezin zitezkeala ta aiuntamentuko bidean asi ziran gure bost lagunak eta errizaia eta mikeleteak, gurdia an bakarrik utzita.

        Jendea asi zan aien atzetik. Leio guztiak emakumez bete ziran. Urrengo izkiñan erriko atabalaria ari zan: Larretxipiko karrikan sagardua asi dala, ogeitabost xentimuan litrua. Ta litrua esatean izugarrizko ojua egiten zuan. Aren inguruko neska-mutillak ere lengoekin bateratu ziran ta jende mordo aundi xamarra zijoan txerpolariekin kaleetan.

        Nolabait tiputs itza zabaldu zan erritarren artean, ta ojuka asi ziran aiek andik bidaltzeko.

        Alkateak zer zan jakitean, ez sartzeko txerpolariak etxe artan, zijoazela sendalariarengana. Baño erritarrek gero ta oju aundiagoak, gero ta bildur geiago ematen. Ta oker gogorren bat gerta ez zedin, abiatu ziran gurdia zegoaneko tokira.

        Larri ibilli ziran bidean eta gurdiarekin larriago; bada ara orduko lastoa sutan asi zitzaizkion botatzen gurdiari erretzeko asmotan.

        Ala ere, ala ere, garaiz iritxi! Baño ajol aundiko erretzea egin ez bazuten, aidean joan bear erritik kanpora bizirik aterako baziran.

        Mikeleteak lagunduta Oyartzungo bidea artu zuten. Mando gizajoak ezin karriatu gurdia alako kale maldatsuan.

        Erritik atera ziranean txerpolariak pixka bat lasaitzena si ziran, beren buruak bakarrik ikusita. Ibilli ziran bidea aurrera, ibilli t'ibilli. Itzik esan gabe zijoazen. malda beera batean, bide zabalak bira egin eta azaltzen da bat-batean Oyartzun.

        Erria bideko beetik asi ta plazaraño igotzen da. Elizaren burua etxeen gañetik ageri. Plazatik beera asten da bidea Astigarragako aldera.

 

aurrekoa hurrengoa