www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

ISKANBILLA

 

        Kaiean izugarrizko iskanbilla zuten. Juanbeltzek, okerreko ustean, Bonbollo jo ta tiñako baten barruan exeriazi zion. Gizajoa, ateratzeko larri ba-zegoan, ez zioten askorik laguntzen Juanbeltzengandik zetozkion muturrekoak. Ta arras zanpatuko zuan tartetu ez balitz beste itsastar jendea. Baño alako batean bere burua libratuta, nos asten da Bonbollo Juanbeltzeri ordañak ematen.

        Oraintxe berriz borrokari lotu zaizkio ta biak ere artu-eman pizkorra darabilkite. Bonbollo gizajoa, txaluparen ondoratzearekin zer ikusirik ez zeukana, egiñalean ari da lengo bildurrak aztuta. Bonbollo zan len ere Juanbeltzekin asarretuta aurrea eman zion kaietar bakarra. Ta orretxengatik uste bera zala txalupari egiteko txarra egin ziona. Amorru guztiarekin ekiten zion Juanbeltzek.

        Orra ba, tartekoeri aldegin-bearra etorri zitzaiela, bi gizonak zartakoka bizi-bizirik. Biek arpegia odoltzen asia zeukaten. Juanbeltzek ortz zuriak agiri zeuzkan, Bonbollo menderatzeko bidean zijoan.

Non etortzen zaion Bonbolloren emaztea, emakume lodia, atzetik. Areri berriz bultzatu ta uratik urruti ari ez zirala, orra Bonbolloren andrea, zanaren gizena zala, putzura erori. Ordea, bultzatzerakoan atzera biurtu zala-ta, zartako ederra eman zion Bonbollok Juanbeltzeri arpegian.

        Orduan, bai, orduan! Goian gizonak borrokan, beean emakumea uretan igari egin eziñik. Kaieko emakumeen karraxi ikaragarria! Errizaia laisterka etorri zan. Batzuek ondoko txalupa artu ta Bonbolloren andrearen arrantzan asi ziran. Besteak errizaiari lagundurik borrokalarien artean pakea egin nai zuten. Andrea, naiko ur gazia edanda ba-zan ere, azkenik ito gabe igo zuten txalupara. Juanbeltz, ordea, ezin guztien artean baretu. Errizaiari asi zitzaion joka. Eskumakilla altxa zuan. Nekez ba-zan ere, besteak asko zirala-ta, menderatu zuten. An eraman zuten errizaia ta beste iru lagunen artean giltzapera. Andrea bi besotik elduta eskalleretan gora zekartela, orduantxe gogoratu Bonbollori. Ta senarrari otzak ondo kendu ba-zizkioten, emazteak ez zuan ezagun arpegian gorritasun aundirik. Ura itxura! Aiek gonak.

        Juanbeltz gizajoa, Bonbollok txarkeria egiña uste bai zuan, giltzapean sartu zuten,b eraz. Donostiko kaiak atseden-aldi polit artu zuan. Zenbait kaietar, aren bildur ziranak, ederki lasaitu ziran ta sekulan Juanbeltz aterako ez ba-zuten ere, naiago. Juanbeltzen itzala kenduarekin baztarrak alaitu ez ote ziran. Ala ere, txalupa ur-azalean jarri zioten barrengo urak ondo ustuta ta bear bezelako tokian lotu.

Ba-zirudian jabea giltzaperatu izateak min aundia eman ziola txalupari.

        Iñork ez zuan txalupa ikutu, ezta bein ere, Juanbeltz ateak itxita zegoan bitartean. An egon zitzaion zai iru egunean. Jabea zanaren erretxiña zala ere, ez zuan iñorekin joan nai izan. Senargaia kanpora joan-bearra izan eta beste iñorekin ibilli nai ez duan andregaia zitzaion.

        Poliri eskerrak, bada orduantxe iru eguneko jabetza izan ba-zezakean ere, ezta txalupa ikutu. Errezegia zitzaion Juanbeltz kaiean ez zala. Beste edozein mukizuk ori bera egin zezakean, non-eta gertatutakoaren bildurrez, beste edozeñek jostatzeko gogoa kentzen ez ba-zion. Poliri ez zitzaion oraindik joan lengo amorrua. Beste egiteko txarren bat egingo zion, baño ez Juanbeltz giltzapean egon bitartean; bieri adarra jo, alegia. Txalupak ernegazi egiten ba-zion ere, bere jabe ta guzti ekingo zion, ez bakarrik. Ez uste zenbait kaietarrek bezela bildurra zeukakionik. Bera ez zan koldarra.

        Kaieko gizonek ez zioten antzik ematen ere gaiztakeriaren egillea nor ote zan. Ba-zekiten Bonbollo ez ala, Juanbeltzek ba-zala bezin seguru. Naiago zuten azalduko ba-zan, danak istillu gorrian jarri gabe. Bonbollorengana bezela beste edozeñengana berdin jo zezakean. Besteen egitekoekin, zer zeuden ikusteko?

        Gaiztoa nor zan? Kaieko mutileri galde. Aiek ez ziran illunduz geroztik kanpoan egoten eta are gutxiago jakin bear. Baño usaia, usaia, danak susmo batean egon, uste berberekoak izaki. Poli?

Noski! Artean, nor ausartu itzik ateratzen, larrua kenduko ba-zieten ere. Ez Juanbeltzenganako bildurrak. Ez al zan Poli bildurgarriagoa? Bein arrapatuz geroz, baño nork arrapatu zitzakean ondoen? Ezta tutik ere, ez zuten aipatuko.

        Juanbeltz gizajoak, batere itzik egin gabe, ia jateko gogorik ez, igaro zituan esi-peko iru egunak. Len beraganako uste txarra zutela sinistuta ba-zegoan, orain guztiek bere lepotik parra egiten zutela jarri buruan. Ezin ba baretu, iñolaz ere, kaieko guztientzako gorrotoa. Ematu bearrean, txartu zitzaion barrua. Juanbeltz gizajoa bakarrik munduan. Gaiztoa ba-zan ere, baldin alakorik, a zer laguntza bere urkoengandik! Zearo gaiztotuko zan.

        Atera zan, utzi zuten; bizitza larriegia zitzaion. Kartzela batetik atera, bestean sartu. Ala ere, ezin utzi kaieko kaiola. Bertan bizi ezin ba-zan ere, beste non bizi? Gorrotoa, nai-ta-naiezko bizilaguna al zitzaion? Txalupa ur-azalean naiko garbi ikusi zuanean, ostera amorratu zan. Ez nai bere txalupa iñork ikutzea, ezta sutatik ateratzeko ere; baldin alakotan, erre zedilla. Nornaik ibilli al zezakean bere-berea zuan txalupa? Ez al zan berbera ikutzea baño geiago edo ainbeste baintzat? Zergatik bere aurrean ori egiten ausartu ez ta giltzapean zegoala aritu?

 

aurrekoa hurrengoa