www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Poli
Augustin Anabitarte
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

aurrekoa hurrengoa

ARRIKA

 

        Udara-egun artan Narbarteko bidean zijoakean nornaik ikusi zezakean, bide-baztarrean, mando bat gurditzar bateri lotua. Euri-izpiz josita zegoan belarri-puntetaraño. Burua makurtuta antxe geldik iñoiz geiago ibilli bear ez balu bezela. Gurdia ere, ala bear-ta, ura ere egon, ain ongi elkartuta biak! Ez jakin gurdia mandoari lotuta ote zegokion ala mandoa gurdiari.

        Euri memel, txirtxilla ari zuan ta euria ari zualako ala beste iñor an aldean ez zebillelako, ala guk ez dakigun beste zerbait zalako edo ez zalako, gurdi-barrengo atabal-otsa garbi ta gozo.

        Aire guztiek ez dute atabal-jotze berbera izaten eta ba-dira deus ere jotzea bear ez dutenak, ari zitzaion Balentin Poliri erakusletzat jarrita.

        Polik atsegin zuan atabala, orobat buruz beera ibilli-bearra, baita ere Benturaren laguntza ordurarte par aundiak egiña ez ba-zan ere. Naiago zuan txikien aundia izatea, ez aundien txikia.

Baño ala uste ba-zuan ere, kopeteko lotallua ezta gogoratu, nagusiaren erritak entzun bear izan zituan atabala ixilduta.

        Ikastea ondo ziok, baño nik erakutsiko diat iri bear ez dan tokian sartzen. Nork esan zikan apaizari atsegin emateagatik kantari astea? Ta txerpolari moskorrik ikusi al dek iñoiz? Erakutsiko diat nik iri neurriz edatea ezik ire buruz aritzea. Emen nik agindutako besterik ez da egiten! Ta iñoiz bear ez danarekin asten ba-aiz, ez zaik orren errex sendatuko nik emandako ostikoa. Andreak: Ta oraindik opiziyua ez dakielarik. Emen ik asmatutako opiziyorik ez diagu bear. Andreak: Ikasi bitartean mantentzen ari gatzaizkiolarik. Uste al dek edozein etorri ditekela nere tegira? Ikusten dek nola jaten dan emen. Andreak: Aben tripak betetzen ez degu lan txarra. Begirok, bada, bestela aguro joango aiz etorritako bidetik.

        Ango egonaldia eginda gero, gure txerpolariak Narbarteko bidean abiatu ziran urrengo egunean. Nagusiaren erritak ez zioten ezertan txartu Poliri bere olde ona. Ibillian-ibillian goizeko amarrak aldean eldu ziran errian. joan zan nagusia, oi bezela, bere zeregiñetara; baño oso gogaituta biurtu. Ez omen zieten uzten goizean aritzea, arratsaldean bakarrik, eta ez enparantzan, pelota-tokian baizik, bide zabaletik ikusten zan pelota-toki artan; ez txarra. Orrez gañera ez zitezkeala musika jotzen errian ibilli.

        Artaz geroz egon egin bear arratsalde arte. Ta arratsaldean pelota-tokian entzun zan lenengo musika-otsa, oso gogoz ari ez ba-ziran ere.

        Asi ziran, bada, gauzak gertuta, beren lanean. Jendea poliki bildu zan. Buruz beera ta gora ta aidean ibiltzeak, ederki. Geiago ibilli balira ere ez zan jendea aspertuko. Ordurarte ederki zijoan jaia. Baita geroago parragarriren bat egin zutenean. Baño Bentura iñork ulertzen ez zituan gauzak esaten asi zanean, ain benetan ere, narbartetarrak adarra jotzen asi zitzaizkion. Gero-ta iseka ta par-algara aundiagoak egiten zioten. Uju batetik eta iji bestetik. Norbaitek zerbait esan eta guztiak parrez. Bentura bildurtzen asi zan. Nagusia oso kezkatuta. Alakobatean botatzen diote Benturari merenge dalako bat egin begian bete-betean jo. Jendea asi zan parrez lertzeko zorian, Bentura negarrez, begi bakarrarekin, noski, ta nagusia irakiten. Poli, berriz, ezin egonik, iñork ikusteko bildurrez.

.

        Joan zan nagusia jendeagana. Bentura ta Poli alkarrekin atze-aldera. Asi zitzaion Poli parrezka jateko pastel ura. Egia esan, ezertxo galdu gabe oso-osorik zeukan arpegian.Benturak ezetz, erdi negarrez. Polik jateko. Ezetz. Non asten zaion benetako itxuran:.

        Au dek gure etxean izaten zan bezelako pastel ederra.

        Bai? besteak begi bakarra borobilduta.

        Bai.

        Ta zuri artatik beatz-muturrarekin pixka bat abora ekarrita parrez asi ziran biak-ala-biak.

        Artean kanpoan sekulako iskanbilla sortu zan.Nagusia len ez osopozik eta joan zan amorratuta jende-tartera ta jo zuan mutil bat berak botatakoa zalakoan. Min aundia ez egiñagatik ura ere negarrez asi zan, batez ere okerreko itxura eman eta aitzakirik ez izanda jo zualako. Asi zitzaizkion orduan gizonak kontra. Ta nagusia sendoa zalarik gaizki ibilliko zan erritarrekin bero-bero zeudenez geroz. Balentin ere joan zan bere alde. Emaztea orobat alderatu zitzaion arpegia emanik eta ez makalena. Izketa bizian zeudela, asmoak gogorragoak, erri-zaia azaldu zan aien tartera. Ta ura ere suminduta, zijoazela lenbailen erri artatik, esan zion nagusiari.

        Joan bearko. Erri-zaiari eskerrak ez zan gogorragorik gertatu. Ta oraindik ere aren bearra ba-zan. Erriko jendeak ez zuan nai toki artatik aldegin. Larri baño larri asi ziran txerpolariak beren tramankuluak biltzen. Eraman zituzten gurdira. Sartu ziran barrenean, Bentura begia gorri ta mingaña zuri. Ta erri-zaia atzetik abiatu ziran kanpora jendea ojuka.

        Bein erri-kanpoan errizaia atzera asi zanean, andik pixka batera asi ziran bere aldiko erritarrak arrika gurdiari lurra arriz garbitzen. Ikaragarrizko zaparrada bota zioten. Gurdiaren gañera ale ederrak erori.Ta gurdia ezik mando gizajoa makiña batek jotzen zuten. Ta barrengo zigorraz gañera arriek bear baño geiago zirikatuta, korri egiten zuan mandoak egiñalean, iñoiz gelditu bear ez balu bezela.

 

aurrekoa hurrengoa