www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XX
SAMIN GOZOA

 

        Suak eta iai entzungarriak egin zituen Auñemendin Adalbaldo il zanean.

        Zotiñ, zizpuru, illuntasun eta negar andiak eroan zituan Erbestera Adalbaldoren eriotzako albisteak.

        Gudako egunetan alan gertau oi da: batzuen garaia, bestien menpea: alde batekoen algaratzarra, bestekoen malko-iturria izaten da beti.

        Riktrudiseri gizon asko ioan iakozan dolamen eta errukia erakustera. Kurrukarako itzak esaten zituen danak: mendi guztiak erre eta kiskaldu, gaiztakerirako bakarrik bizi zan iente dongea bein betiko amaitu: aizkora bat iasoteko altasuna eukan guztia Auñemendira eruan, gizon basatiai euren leize zuloetaraiño iarraitu, eta ill danak antxe basurdeak ilten diran gisara: ori gura eben.

        —Ez olangorik, —ziñoan alargun gazteak—. Nire senarra bake zalea zan, bakeak egitera ioian: ez egizue, bada, bere gogoaz kontrako gauzarik egin; parkatu egiozue guztiai Adalbaldoren izenean. Orrezaz gaiñera, gogoan eduki egizue —eta au da niretzat gauzarik mingarriena—, dukea ill daben gizonak neure erritarrak eta neure aideak zirala, ni menditik ona beragaz etorri nintzalako, ezagututen ez ebelako, gizon gaiztotzat eta Euskal-Erriaren areriotzat eukelako. Bere odola gura eben; oraiñ bere odolez ase dira, eta bakerako iñoiz baiño bide obean billatuko dituzue. Iaungoikoaren izenean, bada, bakea egin eikezue, Adalbaldok zerutik lagunduko deutsueta.

        Riktrudisek, Adalbaldo ill ondorean, bere eskuaren eske etorri iakozenari iaramonik egin barik, bere burua bakartadean gordeteko asmoak artu zituan. Zer emon eikeon Lurrak? Gauza andirik ez: beste gizon andikiren baten eskua, eskintzen eutsan legez, erregeren iauregian bizi izatea, egun batzuetarako ondasunak, ames baten antzera iges egiten eben iolas-pozak, eriotzako ate ondoan bakarrik itxiko eben lagunak: utsa dana, arantzartean ezerez bat.

        Eta gaiñera Riktrudis ezin zeitekean Adalbaldogaz aztu. Beiñ emon eutsazan berari biotza, gogoa eta izatea, eta bereak bakarrik izan zeitekezan. Alperrik, bada, zaldunik ezagunenak bere esku eta ondasunak eskiñika ioango iakozan: ez eban geiago gizonakaz ezer gura: aurrerantzean, bere izate guztia senarraren gomuteari eta Iaun Egilleari emon bear eutsan. Gelditu zedilla Lurra bere itsura utseko gauzakaz. Riktrudis baoian Iaungoikoagana; bada bekian «gizonen iauregietan urte asko baiño, obeto zala Iaunaren aurrean egun bat igarotea». Lurrean eta lurtarrakaz naikoa egun igaro zituan.

        Amandoren esonde onak iarraiturik, bada, Mauronto seme nagusia ipiñi eban osaba lenapezpikoaren eskuetan, milla on gauza esanda gero, eta beste iru alabakaz Done Benitotarren bapilde batean sartu zan.

        Baiña an sartu baiño lenago Riktrudisi igaroriko gauza bat emen esatea ondo etorriko da. Adalbaldo il da gelditu zan tokia bere begiakaz ikusi gura izan eban, bere senarra lenengo lurpean sartu eben tokian arren eta agur batzuk egin gura izan zituan, eta orretarako Aitz-barreneruntz ioan zan: eta an, azken agurrak esaten ezin asperturik, egun batean, eta bian, eta iruan, kurutze baten onduan belauniko, ordu luzeak igaro ebazan. Begoan bein, bakarrik ain zuzen, negarrez, zotinga eta arrenetan, beti legez, eta sartu iakon bitartean ixill-ixillik illerrira euskaldun menditar bat, Portun berbera.

        Portun astiune andian egon zan Riktrudiseri begira, onek igarri barik. Negar egiteko gogoa etorkon euskaldun gogorrari ainbeste urtean ikusi bagako adiskide maitea aiñ negartsua billatu ebanean. Gizona barrurago sartzen asi zanean, begiratu eban emakumeak nor ete zan, eta begirada baten ezagutu eban bere arerio maitalea.

        —Zer dakarzu zuk ona? —itandu eutsan Riktrudisek bapere ikaratu barik.

        —Zeu ikustera etorri naz, Riktrudis, eta Auñemendiko bideak zabalik daukazuzala esatera.

        —Eskerrikasko, baiña ez daukat oraiñ Auñemendira ioan bearrik.

        —Zeure erria ez dozu maite?

        —Bai, baiña beste bat maiteago.

        —Prankotarrena?

        —Ez: zerua.

        —Eta or lurpean dagoan ori maite zenduan?

        —Biotz guztiagaz. Berari bizitzea emoteagaitik itxiko neuke neurea.

        —Orduan orri biztzea kendu dautsenak guztiz gorrotauko dituzu?

        —Ori ez: ez dot nik iñor gorrotau gura. Nire senarra ill dabenagaitik egunero arren egingo dot neugaz batera zeruan gertau daitezan.

        —Zeruan zeugaz batera? Eta nondik ioaten da zerura?

        —Kristiñau onak daroen bidetik.

        —Eta zeru orretan guztiak alkar maitetuten dabe?

        —Guztiak. Ara bazatoz, an maitetuko zaitut. Agur.

        Riktrudisek Portuni agindu eutsana bere bizitza guztian egiñ eban. Bakartadean igaro zituan bere azken ordurarteko egunak, bere senarra ill ebenagaitik eta Euskal-Erri maiteagaitik erregututen.

        Maillarik mailla gauza on guztietan goren-goreneraiño igon eban; bapildeko buru izan zan berrogei urtean, eta bere alaba eta mendeko guztiai milla onbide erakutsita gero, zeruetan sartzeko eukan gurari andi gozo gozo batek ill eban Auñemendiko Lorea, 687-garren urtean, 74 urte zituala.

        Bere bitartez Iaungoikoak egin zituan mirariakgaitik, Elizeak, Riktrudis il-tzanetik urte batzuetara, Altaretan ipiñi eban, eta euskaldun askok done Riktrudisen izena iakiñ ez arren, Prantzia eta Beljikatarrak ezagutu eben antxiñetatik zenbateraiño dakian zeruetatik lagunduten, eta bere izenaren onoregarritzat eliza bat eta beste baiño geiago iaso zituen.

 

aurrekoa hurrengoa