www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

III
IRU ERESI

 

        Askotan esan oi da, eta egia anditzat daukat, lurrean izaten diran gertaera bakotxaren gaiñean bere iritxia ez daukan gizon bat bakarra ez dagola, batzuetan emon, erakutsi edo agertu gura ez badau bere. Baiña ez da izaten bakotxak bere adimeneko argi erraiñoaren indarrez asmau edo billatua. Gizonik geienak beren zentzun guztiak ugarturik legez, eta adimendua lotan edo lizuntzen euki oi daroe, bapere lanik eraginte ez deutselako. Orregaitik euren egikizun guztietarako besteen argibidea eta esana bear izaten dabe geienetan edo beti eta iñok zirikatu ezik ezleukee oinkada bat bakarra egingo.

        Zeintzuk dira, gaur dan egunean bertan, gure Euskal-Erri errukarriaren samiñak gozatuteko lanean diarduen gizon berezkor argitsuak? Euskal izkuntza ederraren gaiñean bear dan era eta zakontasunbagaz lan egiten daben gizonak zenbat dira? Iru edo lau, edo bost edo sei: edozetara bere gitxi: beste guztiok bataren edo bestearen eritxikoak gara; baiña geure aldetik ondar ale bat ez dogu ipinten...

        Iñoiz bere siñistu bagako gauzarik ez eban esango; baiña bai agintarien esana errez siñistu, ume batek gurasoarena legez. Eta bein siñistu ezkero, olango gizonak siñismenaren alde ipinten dabe laster adimen ugartua, euren biotz andia... eta ukabill gogorra.

        Gudari nagusien artean iritxi bi egozan: batzuk guda zorrotz eta ikaragarrizko bat gura eben; beste batzuk (ez geienak, baiña onenak bai), Arnoldok itz egin eban ezkeroztik, barriro gudetan asteko magonean egozala ez eritxoen. Lenengo esan dodan ustekoak ziran Diego Etxalarrek ekarri zituen morrosko gazteak, eta euren guraria ez eben ukatuten. Su andi baten inguruan egozan aldra batean Etxalarren mutillok, beste erri batzuetakoakaz batera, Otxoaren upalategiko sagardauak edaten, eta olango babaguneetan oi dan legez, piska bat birbisturik, batzuk asi ziran eresietan. Orduan, Ustaritsko gizon batek deitu eban: «Non da Peru padar koblakaria? Datorrela ona, eta esan daigula eresi gozo bat».

        —Emen al da Peru padarra? —itandu eben besteak. Peruk, alargundu zan ezkero, ez dau bere Txoldogaingo txabolatik lagun artera urteten, gertaldi andi batean ez bada.

        —Bai, emen da, —erantzun eban Ustarits-koak.

        —Datorrela bada, datorrela, —deadar egin eben guztiak.

        Eta esan eta egiñ, bere eske ioan ziran norbaitzuk, eta ekarri eben laster, beste lagun batzuen artetik, gizon andi, gurgarri, urteakaz makurturiko bat. Txaloka artu eben upalategiko ienteak. —Ea zarra, ziñoen, euskal koblakari maitea, esan eiguzu gauza gozo bat. —«Gazte egunetakoa» —deadar egin eban batek. —«Gudarakoa» —beste batek. —Nai dabena, nai dabena —ziarduen geienak.

        Koblakaririk onenetakoa zan Peru. Bekian biotz samur eta bero bategaz itz egiten, etorkizunaren barriak ezagutuko balitu legez. Igarle baten antzera itz egiten bekian; iñoiz bere aotik urtendako itz gorituak euskaldun gudarienak berotu oi zituan: baiña egun guztietan ez da gizona tentun batean egoten, eta egun atan ez egoan Peru gizonen biotzak ausardituteko tentun, gogo edo indarrean.

        Koblakaria, inguruko gizonak aora begira iarri iakozala ikusirik, gogamena bere lenagoko egunetara iazoaz, bakartadean itz egingo baleu legez, epel-epel, bigun-bigun, samurtasunik andienagaz, asi zan negarrezko soiñuan eresi au esaten.

 

                «Neure emazte

                Manu Mari,

                Zeiñek ein nau ni

                Koblakari?».

 

                Zugaz bizi nintzanean

                Baserri zar txukunean,

                Gorputz sendoa neukan, da

                Maitasuna biotzean!

 

                Maite neban emaztea,

                Zar zanean naiz gaztea.

                Maite neban! Eta nintzan

                Era berean maitea.

 

                Gorputzean odolak otz,

                Buru zuri eta azur zorrotza,

                Gaur... bakarrik bizi naz ni

                Neure errian bertan arrotz!

 

                «Neure emazte

                Manu Mari,

                Zugaitik naz ni

                Koblakari».

 

        Peruk, biotzak bear eban antsikaitza legez, bere lenengo eresi edo kantua amaitu ebanerako, entzule asko batu iakozan, eta norbaitzuk samurturik gelditu ziran. Gizon gazte batek ipiñi eban koblakariaren eskuetan sagardaoz beterikako olezko ontzi bat, Peruri esanaz:

        —Iazu eta edaizu, lagun zaarra, eta zeure naigabeok alde batera itxizuz. sarrera ona egin dozu, beti legez, baiña bigunegi edo, samurregi edo, ez dakit nik zer esan bere. Ezgaikezuz geiegi oillotu, biar edo etzi iñoiz baiño gogorragoak izan bearko dogu eta. ea, esaiguzu gudarako eresi bat. —Peruk, zurezko ontzia eskuetan ebala, ezpanetara eroan barik, zeruruntz begira, danon erdian, suaren garrak eta biotzeko mugidaldeak gorri-gorri eukala, asi eban bigarre eresia:

 

                «Neure emazte

                Manu Mari,

                Zugaitik naz ni

                Koblakari».

 

                Baiña zu baizen obeto

                Maite dot neure mendia,

                Euskaldunen iaioleku

                Eta aitona zarren obia.

 

                Arrotza emen ikustean

                Zaunkaz oi da zakurdia,

                Perill ordu estuetan

                Erestun koblakaria.

 

                Ta eresiak berotzen dau

                Euskal baso-gudaria,

                Ta zaukatik ez dago urriñ

                Zakurraren ainkadia...

 

                Zenbat bidar urratu dot

                Oiuka neure eztarria!...

                Ozinbeltzek, zenbat bidar

                Entzun dau nire irrintzia!

 

                Zenbat aldiz berotu dot

                Euskal gizonen biotza!

                zenbat bidar ikusi dot

                Nire ondoren eriotza!

 

                Zenbat aldiz odoldu dot,

                Neure aizkora zorrotza!

                Zenbat aldiz amaitu dot

                Bizar gorridun arrotza!

 

 

                Zenbat bidar ikusi dot,

                Gure mutill menditarra,

                Besoetan ipiñiaz

                Ekaitz guztien indarra!

 

                Begietan tximistea,

                eta infernuko su eta garra,

                Eta aren aurretik igesi

                Mendiz beera prankotarra.

 

        Ori, ori, koblakaria —ziñoen Otxoaren mendekoak eta Portunen adiskideak— ainka eta zaunka, ikaratu eta zatitu eta ian eginb ear ditugu prankotarrak ostera bere. Aurrera, Peru! Aurrera, zarra!

 

                Gaur naz zarra, eta atzo gazte!

                Zein arin doian guztia!

                Bitartean idoro dot

                Urtien erakutsia.

 

                Gaur badakit ez dala ondo

                Zentzun baga zaunka eitea

                Eta bakean doianari

                Ortz azurrak ezartea.

 

                Geldi oraino, menditarrak,

                Bakotxa geure lekuan:

                Elduko da ereti ona,

                Eta aupa mutillak orduan!

 

        «Ori, ori!» «Ederto!» «Txarto!» «Kanpora agurea!» «Aurrera Peru!» Iaungoikoak daki zer zarata eta nasteak atera zituen Peruren jiran, azkenengo eresia amaitu ebanean. Bakotxak bere nagusiak eukan iritxiaren alde egiten eban oiu. Milla bat keiña, betzigo eta irain alkarri esaten nekatu ziranean, oraindik askoren orruak entzuten ziran: «Aurrera, aurrera, Peru!» Padarrak, oso beregandurik, eta bapere aserre baga, beti zerura begira, iarraitu eban erestun:

 

                «Neure emazte

                Manu Mari,

                Iaunak ein nau ni

                Koblakari».

 

                Illargi eta eguzki eder,

                Zeru goietako izarrak;

                Baso, txara, zugaztiak;

                Be-aldeetako ibarrak.

 

                Mendi tantai, errekondo,

                Ibai zabal da itxasoak,

                Gizonentzat sortu ditu

                Gure Egille Iaungoikoak.

 

                Beragaitik bizi naz ni,

                Beragaitik gara euskaldun...

                gauza guztien gaiñetik

                Euskaldunok maite daigun.

 

                Maite dot nik sorterria!

                Maite neban emaztea!

                Baiña bien gaiñ gaiñetik

                Maite dot neure Egilea!

 

                «Neure emazte

                Manu Mari,

                Iaunak ein nau ni

                Koblakari».

 

        Peruk bere eresiak amaitu zituan, eta eskuetan eukan ontzi sagardaoz betea lurean itxi eta aldendu zan gizakumen artetik. Ez ziran gizonak berealakoan sakabanatu. Andik eta ordu betera entzuten ziran ondiño alkarri esaten eutsezan sapokeriak, urriñeko aldetik, bata batera eta bestea bestera zioazala:

        —Uutik, sazkel ipurdi arraiuori!

        —I, badakit nik ze aizan i, ganbelua galanta.

        —Baita i astaputz zantarra.

        Baiña ez zan ukabilkadarik izan, eta esanak aizeak eroan zituan laster, mendi egaletako oiarzunetan atseden mailla batzuk eginda gero.

        Gaberdi alderako dana egoan ixil ixillik. Goi aldean zeru garbi, urdiñ, odei bagea, izarrezko begiakaz lurrera begira; eta beian barriz errekatxoa menditik berako arkaitz artean zolitasun eta zarata andiakaz, eta Ozinbeltz ondoko landa lau louzean geldi geldi, iñor esnatu gura ez baleu legez; ariztiak iguiñ eta zabunik baga beso orritsuak zerurontz iasoaz; eta erretxiñol bat makal gaiñean ereslari. Gizon guztiak lotan egozan, gau ederraren apainduriak ikusteko adore barik.

 

aurrekoa hurrengoa