www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
MENDITAR BATEN ZANZOA

 

        Bitartean, Adalbaldo, bere emzteak buruan ipiñi eutsazan arretak ezin kendurik, baoian Euskal-Erriruntz.

        —Emazte maitalearen irudipen eta bidebagako ustea baiño ez da: —ziñuan beretzat— ez diran gauzak ikusi eragin deutsaz bildurrak. Zeiñen bildur izan neiteke ni? Prankotar gudarien bildur? Ez, zerren guztiak ezagututen ditudan eta euren artean askok maite nauen. Erregeren izenean noa gaiñera, eta erregeren izenari betuste eta menegindea zor deutse guztiak. Menditarren bildur izango naz? Ez, zerren ni bake soiñuan noa, eta nai izan ezkero, mendira zetan ioanik ez daukat: norbait Amandogana bialduagaz eginda daukat angoa.

        Zer pozik egongo dan Amando nire albiste ona artzen dabenean! Bene benetan nik eginkizun ederra daroat. Dierri bi bataren eta bestearen garaipen eta illunketa barik baketu eta adiskidetasuneko bidean ipiñi, kurruka eta gorrotoak kendu, batak bestea ilten diarduen besoak soloetako lanetara eroan, etxadietan upakea sartu, Iaungoikoaren legearentzat arimak irabazi. Eginkizun onetan arriskurik ez dot izango, baiña banituke, geidearen onerako eta Iaun Egillearen doakundeagaitik poz-pozik igaro leitekez.

        Eta onetara ill bear baneu, euskaldun fedegaiztokoak Iesusi deutsen gorrotoagaitik illgo banindue, ainbat obeto! Olango eriotzeagaz bai irabaziko neukeala betikotasuneko sari neurribagea. A! Olango amaiera doakundez betea zeiñek emon lekidan! Egia da, orretarako neure emazte maitea Lurbira onetan naigabez beterik itxi bearko neuke; itxi bearko nituke neure ume kutunak; baiña noiz arte? Bitarte andian ez, emengo egunak laburrak dira eta. Orain bere, Lurreko erregeagaitik an itxi ditut. Gauza andia litzateke Zerukoagaitik egun batzuk geiagoan iztea? Orrez gaiñera, Riktrudis emakume iaungoikozkoa da, eta Iaungoikoaren legeagaitik ill nazala iakingo baleu, laster poztuko litzateke, eta nik zerutik lagunduko neuskeo. A! Gura baleu Iaungoikoak!

        Bere gogoketa guztiak Adalbaldori, Lopek, berarizko beste gogoketa bategaz kendu eta zerutik Lurrera erakarri eutsazan.

        —Ugazaba —esan eutsan— ixillik zoazala eta nago.

        —Bai ete? Miña ixillik daroat, baiña neure adimena eta biotza berbetan doaz. Berbetea gura al zenduke?

        —Berbetea ainbeste bere ez baiña...

        —Zer bada?

        —Etxetik ezer artu barik usten dogu eta, urdailla gur-gur darabilt eta.

        —Iatea gura zenduke. Bai al daroazue zer ianik?

        —Iaki pixka bat badaukagu. Atsedentxu bat egin ezkero...

        —Tira, bada: zaldietatik iatzi gaitezan, eta bide ondoan iarrita, artu daigun zerbait. Eta olango gauzetarako aukerako zarean ezkero, ostatuetan danontzat iatekoa eta edatekoa billatzeko eskubidea emoten deutsut, Lope.

        —Ori, iauna, ederto esana da. Zure izenean eskatuta iñon bere ez dabe ukatuko, baiña, ukatu arren e, Lurrean dagon iateko gauzea billatuko neuke nik, usaiñean bere.

        Iarri ziran danak bide ertzeko zelaitxo batean, Adalbaldok zer-edo-zer aoan sartu eban, beste morroiak gosaldu eben ederto, Lopek, berak bakarrik, danak aiña eta geiago gauza iruntzi zituan, eta iarraitu eutsen euren bideari bidaztiok.

        Eguerdira artean ez zan beste iaterik izan; baiña, edo ardao-ontziak eriona eukan, edo edatea izan zan, bada Loperen zaldiko iarrilekutik dindilizka eroien, eta lenengo ostatuan sartu ziranean, tanta bat baga agertu zan.

        Asko ibilli ziran gero, eta bere ipur zabalak Loperi ondo maillatu iakozan, ziñuanez.

        Aurrenengo ibilli zituen egunetan ez eban gudari asko billatu, baiña geroago eta geiago, geroagao eta ugariago aurkitu zituen, eta etxetik urten eta bigarren egunerako, Erbesteko gure gizonak Burgaiñ deritxon erritxu baten ondoan egozan.

        Burgaiñen sartu baiño lenago, «Mutillak —esan eban dukeak— oraintxe da garaia, eta euetako batek Euskal-Errira barrura Amandoagana ioan bear iok».

        —Neu ioango nintzateke pozarren, iauna, aspaldian neure erritarrak ikusteko gogoagaz nago eta, erantzun eban Lopek.

        —Eu? Aiñ nekatua euala eta? Ia ba, onezkero ostatuetan idoro bear andirik ez dogu izango eta, ioari eu. Baiña ondo egin gero agindua.

        —Bai, iauna, bai.

        —Ardi-narru au kolkoan sartuik. Apezpiko iaunari eroaiok: irakurri daiala, eta ononzkoan albiste onak ekarri.

        —Bai, iauna, bai.

        —Iakirik badaukak?

        —Aor aurreko ostatu baten gauza batzuk danontzako ustean artu dodaz.

        —Guztiak eroiazak, bide luzea daukak eta. Guk zer iana billatuko dogu emen. Agur, eta ondo egin agindua.

        —Bai, iauna, bai.

        Gont-hram izeneko prankotarren nagusi andienetako bat Burgaiñen egoan. Adalbaldo nagusi orregana ioan zan, eta erregeren izenean eroian agindua agertu eutsanean, «Alde onetako gudari guztien burua ni naz, duke iauna; —erantzun eban nagusi orrek— naikoa izango litzateke, bada, erregeren izenean zer dakarzun nik esatea; baiña, alan bere, inguruetako beste agintari nire mendiekoak etxe onetara ekarrita, guztiai zeuk itz egitea gurako neuke. Txarto ez baderitzazu, emendik ordu bi barru geienak emen egongo dira; eta dakarzuzan agindu, eskubide eta egin-bear guztiak euren aurrean agertu zeinkez. Orretara, gudariak zer diñoen zeure belarriakaz entzungo dozu».

        Nagusi orren esanari Adalbaldok ondo eritxi eutsan. gizonik ospetsuenak bereala batu zituen, erregearen gurari eta agindua zer zan esan iakuen garbiro, eta guztiak gelditu ziran burua makurturik eta berbarik esan nai ezta.

        —Ixillik zakustaz danok. Ez daukazue iñork bere zer esanik? itandu eutsen Adalbaldok.

        —Zer esanak bai, baiña alperrikakoak —erantzun eban Robertok—. Menditarrakaz erabilli ditugun ainbeste lan eta ekiñaldi gogorrak, eurakgandik artu ditugun ainbeste iraiñ, eraso eta destaiñak, zer erantzun andiak dakarkuz aora; baiña errege errege da; gure Dierriko lenengo gizon, gudari eta zalduntzat daukagu; eta berak gura badau gure franziska edo aizkorea zeiñ zorrotza dan euskaldunai ondo erakutsi baiño len, Auñemendiko gudari basatiak edo gu, zeintzuk garan andiagoak ondo ikusi barik, ainbeste nekaldi artuta gero, arerioai kendu geinkeon sari on baten itxaropenak galduta, emen alperrerian gelditutea, erregeren guraria bete bedi.

        —Antxinetako adiskide Roberto; —asi zan dukea esaten— orrenbeste nekaldi eta epetasun artu ondorean, ospill eta onore baga gelditutea mingarria dana ezagututen dot; zu berbetan zagozan bitartean besteok egin deutsuezan ziñuak, euren barru-barruko guraria ikusi eragin deuste; baiña badakizue guztiok, eta zuk ederto ulertarazo dozu, gure nai izatearen gaiñean erregearena daukagula, eta erregenaren gaiñean, diñot nik Iaungoiko Egillearena. Klobis II-garrenaren gudarik, erregeren mendekoak: erregeren izenean eskatzen deutsuet, bada, gure eta euskaldunen artean darabilguzan eztabaida eta esetsaldi guztiak alde batera itxi daizuezala; egun batzuetan beintzat zeuen tokietan geldi-geldirik eta bakezko arpegiakaz egon zaitezala. Neure adiskideak, neure lagun prankotarrak, neure anai maiteak, Iaungoikoaren izenean arrenez naukazue: arerioakandik aspaldietan arturiko destaiña eta urruiñ guztiak gaurtik aurrerantzean aztu egizuez, bada Dierririk andiena eta leiñargiena parkatuten dakiena da. Zuen Lurreko erregeak bere izen onagaitik zenbat lan eta io eta-auste erabilli dozuen badaki, eta bakotxari berea emoteko gogoan eukiko ditu: zuen eta nire zeruetako Errege maitegarriak oraiñ egiten deutsazuen doskaiñi apurra betiko zoriontasun ugari neurribagakoakaz sarituko deutsue. Gogoratu zaiteze, gaiñera, luzaroko gizaldietan menditarrakaz darabilgun gudea, trema eta lelo zar bat baizen besterik ez dala gaur: eurak eta geuk danok erruak ditugula, geuk geiago eurak baiño, bada gutarrak ziran Euskal-Errira ioan eta lurrak ostu, gizonak ill, etxeak erre eta beste oben negargarri asko egin zituen gudarik. Bakotxari berea emon bear iako, eta bakotxari berea emotearren esaten ditut olango gauzak, ez zueri min geiago emoteagaitik. Entzu-idazue, siñistu-idazue, zuen biotzetan benetako leiñargitasunari toki emon eiozue, eta iñoiz bere etxatzue damutuko.

        Adalbaldoren esanak ez eben biotz guztietara bake eta beregandetasun osoa eruan; baiña erregeren guraria zalako, dukeak beste gauza bat esan artean, geldi-geldirik egongo zirala agindu eutsen.

        Adalbaldo poztu zan onenbestegaz, eta urrengo goizean, eiz antzean, Aitz-barreneruntz landetatik zear ioatekotan oeratu zan.

        —Biderako laguntasunik gura zenduke? —itandu eutsan lenago Gont-hramek.

        —Bai zera; zetarako gero? —esan eban gure dukeak—. Ez da onetan euskaldun gudalaririk izango. Eta gaiñera ni bake soiñuan nabill eta euskaldun baketsuak daroadaz neugaz.

        —Aspaldian, egunaz, Ustarits-tik ona ez dira ikusi menditarrok. Goialdean izaten dira izatekoak. Baiña badaezpada bere.

        —Ez, ez, eskerrikasko, eta agur.

        —Agur, bada.

        Bigaramonean ez egoan eizerako girorik. Seireun eta berrogeta amabigarreneko Otsaillaren bigarren eguna zan. Laiño lodi zabal batek gauza guztiak bere estalpean gorde zituan. Zerurik ez zan agiri, ibarrak eta mendiak ez ziran ikusten. Illunpetan egoan Lurra. Bidezkuok sartu ziran laster Aitz-barrengo landetara, ketan sartzen diran gizon batzuen gisan. Pinariko zugatzak bana banaka iarten iokoezan aurreko aldean, euren tartetik zeintzuk eioazan ikustera urtengo baleuke legez.

        Pinari andi zabalaren erdian ioiazanean, Adalbaldori, nondik eta nora ez ekiala, biotza illunduten asi iakon. Ariman, zergaitik iakin baga, larritasun andi bat eukan, bere gaiñera etorkon gertaldi txarren baten pekua legez. Eriotzea pinadian ostenduta egoala ia siñistu eban.

        Ba! Bere epeltasuna izango zan: begitanduerea, emetasunezko bildurra.

        Baiña zergaitik bildurtu bear eban berak orduan, egundo bildurtu ez zan gizona izan da? Biotzari, berak erabilli oi dituan ipuiñ, ames eta gora-berak, itandutea baizen ez dago.

        Ez ekian Adalbaldok zegaitik, baina bene-benetan ikaraz egoan. Iaungoikoaren deiren bat eta zan?

        Irudimenak iges egin eutsan Erbestera. Riktrudisek arduratan ibilli zeiteala esan eutsan, arerioak eukazala eta. Arerioak zugazti atan bertan egon zeitekezan! Ez eban ondo egin, Gont-hramek eskiñtzean, laguntasuna ez artzea...

        Umeak eta Riktrudis, an etxadi aldean egongo ziran, aita Adalbaldogaitik arrenetan eta arrenetan, ainbat lasterren osasunagaz eurakana biurtu zedin...

        Bai! Arrena zan gauzarik onena: arren egin bear eban berak bere, eta gero etorkizuna betorrela...

        Adalbaldo asi zan «Nire Iaun Iesukristo»... esaten...

        Amaitu ebanean, beste gizon bat zan Adalbaldo.

        Zer gertauko iakon geienez bere? Iltea? Eta iltea Iaungoikoagana ioatea baiño beste gauzarik zer zan? O! Gura baleu Berak nire bizitzea neure gaiztakeri guztien orderako eta Bere donearen omenerako artu!

        —Iauna, esan eutsan morroi batek onetan —ientea dago.

        —Non?

        —Ementxe aurreko aldean, izketea dantsut.

        —Ez da ardura: bakezko ientea izango da.

        —Ez da obea, iauna, ixill-ixillik neu ionda, zeintzuk diran ikustea?

        —Itxi eiozu, eta goazen aurrera. Iaungoikoak...

        Adalbaldok azkenengo itzak ez zituan ondo amaitu. «Bera da! Bera da! Dukea! Prankotarra! Kristiñaua! Lapurra! Gure alaben ostutzaillea!» Oneek eta beste olango estarri askotatik batera urtendako oin eta deadarrak entzun ziran trumoi garratz, gogor eta ikaragarri baten antzera, inpernuko gaizkiñ zarrak arima bat galtzean, egingo dituen garraxiren irudira, eta Adalbaldoren gorputza ingur guztietatik iaurtiriko eun gezi eta geiagok iosi-iosi eginda itxi eben. Adalbaldo erruki garrizko «Iesus» bat esanda zalditik bera iausi zaneko, gaiñean eban Portun, begi bietatik otsoen txingarrezko begiradea boteaz, aotik amorroaren bitza eta lerdea eriola. Dukea ordurako ondo ilda egoan, baiña ondo ill bagako aberea eiztariak amaituten daben legez, Portunek aizkoarakada batean dukeari burua erdibitu eutsan, eta «beiñ edo beiñ tximista orrek nire eskuetan iausi bear zenduan» esanaz, gorpuaren gaiñean bere oin batg ipiñirik, Ozinbelzkoak deadar egin eban menditarren zanzoa.

        Adalbaldoren morroiei ez eutsen ezer egin, baina ikaratuta egozan danak. Portunek lagunak Riktrudisen aideak ziran, eta euren artean egoan Lope ondo ardaoz betea, barrez barrez...

 

aurrekoa hurrengoa